2026-10-04
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaPoztekoa da Darponen dimisioa, baina berandu dator

Poztekoa da Darponen dimisioa, baina berandu dator

Darpon sailburuak ez zuen, gaur egun, inolako sinesgarritasunik, eta ustela izan den EPE prozesu baten azken arduraduna den heinean, ezin zen denbora luzeagoan geratu bere karguan. Horregatik poztekoa da bere dimisioaren berria, baina egia da, urrats hori aspaldi eman behar izan zela.

EPEen filtrazioen eskandalua azaleratu zenetik, Darponek jokaturiko papera onartezina izan da. Gertatzen ari zena bururaino ikertu beharrean, sailburua egoera estaltzen aritu da, irregulartasun larriei garrantzia kendu nahian, salaketak egiten genituenok irainduz eta behin eta berriro gezurrean arituz begi bistakoa zena ezeztatzeko asmoarekin.

LAB sindikatua ikerketa eta salaketa hauen motoreetako bat izan da, eta Darponek ez digu hori barkatu. Lehenengo momentuan gure txostenak eta salaketak ezeztatzen, eta gero, LAB sindikatuaren ordezkaritza bera ere zalantzan jartzen.

Esan behar dugu Darponen jarrera oldarkor hori ez dela atzo goizekoa. Kargua hartu zuenetik, jo eta ke aritu da konfrontaziozko sindikalismoaren kontra eta Osakidetzako langileon aldarrikapenen aurka, beti ere modu zakarrean. Eraso horien jomugan LAB egon da askotan.

Darpon negoziatzeko borondaterik ezaren eta inposaketaren ikurra izan da urte hauetan guztietan; murrizketaz beterik etorri diren urteak eta Osakidetzako langileon lan-baldintza guztiz kaskartu egin dituztenak. Negoziazio falta horrek mobilizatzera behartu gaitu, eta epaitegietara jotzera ere. Egunotan ikusi dugu epaitegiek, berriro ere jo dutela Osakidetzaren kontra eta langileoi arrazoia eman digutela garapen profesionalarekin.

Hala ere, Osakidetzan ikusi ahal izan dugu Darponek eta EAJ-k estali nahi duten egoera: EAE ez dela inondik inora ustelkeriarik gabeko “oasia”, kontrakoa baizik. Gero eta argiago dago gure lurretan ere ustelkeria sareak ondo errotuta daudela. Osakidetza, EAEko enpresarik handiena eta osasun zerbitzua eskaintzen duena, ez da salbuespena: EPE filtrazioak, Marguello auzia, eta etorriko diren beste batzuk…

Darponen dimisioaren berria ona bada ere, argi daukagu izenaren aldaketak ez duela norabide aldaketa bermatzen. Sailburua edozein izanda ere, errotik aldatu behar dena da politika eta arlo publikoaren kudeaketa egiteko moldeak. Osakidetza eta zerbitzu publikoa ez dira inoren kortijoa edo batzokia.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...