2024-05-01
HomeEkintza SindikalaPolitika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Politika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Euskal Herriko zerbitzu publikoen egoera onartezina dela eta, Bilbon mobilizatu gara gaur, azken hilabeteotan eginiko grebei eta borrokari segida emanez.

Eliptika plazatik abiatu eta Arriaga plazaraino joan gara manifestazioan, zerbitzu publikoetan diharduten langileekin nahiz hainbat herritar erabiltzailerekin batera. Udazkenean abiatu genuen borrokaldia beste sindikatuekin bat eginda, eta bitarte horretan hiru greba egun eta hainbat mobilizazio egin izan ditugu EAEn, Greba Feminista Orokorraz gain. Bada, aldarrikapenen funtsak bere horretan dirauela eta, gaurkoan ere kalera ateratzeko hautua egin dugu LABen.

Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok gogorarazi du aipaturiko grebak dietu zirenean Eusko Jaurlaritzako arduradunak deialdia indargabetzen saiatu zirela, mobilizazioetarako arrazoi nahikorik ez omen zegoela argudiatuta. Aldiz, oraingo hauteskunde kanpainan gai nagusietakoa da Osakidetzako eta, oro har, zerbitzu publikoetako egoera. Orain alderdi politiko guztiek adierazten dute euren kezka, EAJ eta PSE barne.

Bada, horren aurrean, Arroyok bi gauza eskatu dizkie hautagaiei: batetik, aitortzea langile publikoek nahiz zerbitzu publikoak ematen dituzten gainerako langileek arrazoiak sobera dituztela mobilizatzeko, eta bestetik, dagozkien erantzukizun politikoei behingoz heldu diezaietela. Izan ere, pribatizazio eta murrizketa politikek eragin dute zerbitzu publikoen gainbehera.

Hala, hurrengo legegintzaldia mugarri izan behar da, eta orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu eta zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikoa egin beharra dago.

Bada, apustu horrek hiru ardatz izan behar ditu: lehena, zerbitzuen antolaketari eta lan baldintzei dagokienez Euskal Herrian erabakitzea, inposaketarik gabe; bigarrena, zerbitzu publiko indartsuak izatea eta pribatizatuta dauden eremuak (zaintza, kasurako), publifikatzea; azkenik, langile publikoekin eta zerbitzu publikoak ematen dituzten azpikontratatutako langileekin elkarrizketa eta akordioak bilatzea, aldebakartasuna alboratuta.

Euskal Herrian badira baldintzak gure zerbitzu publikoak eta bertako langileon baldintzak guk geuk erabakitzeko, eta horren alde gogor borrokatu beharra dago, eredu neoliberalari aurre egin eta politika publikoak eraldatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.