2026-03-20
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakPertsona helduen beharrei erantzun eta bizitza duina bermatzea exijitu diegu Instituzioei

Pertsona helduen beharrei erantzun eta bizitza duina bermatzea exijitu diegu Instituzioei

Urriaren 1a Pertsona Helduen Nazioarteko eguna da eta LAB sindikatuko Pertsona Heldu eta Pentsionisten Arlotik egun hau baliatu nahi dugu Instituzioei eskatzeko pertsona hauen beharrei erantzun diezaietela. Premiazkoa da 1.080 euroko pentsio minimo duin bat eta Euskal Herrirako Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa nola bermatu aztertzea.

Munduko Sindikatuen Federazioko pentsionidunen eta jubilatuen Nazioarteko Sindikatuen Batasuneko kide garen heinean, Nazioarteko egun honen harira egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Zehazki, Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak (Nafarroako Pentsionistak Martxan, Gipuzkoako Duintasuna, Arabako Pentsionistak Lanean eta Bizkaiko Pentsionistak Martxan) datorren urriaren 1ean herrialde bakoitzeko hiriburuetan eta ondoko astean herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Egun hain berezi honetan lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu pertsona helduen eta pentsiodunen eskubideen kartan azaltzen diren aldarrikapenak errealitate bihurtu daitezen. Besteak beste ondoko aspektu hauek azpimarratuko genituzke:

  • Bizitza duina izateko eskubidea: independentzia pertsonala, diru sarrera nahikoa, gure egoera fisikoarekin bat datorren etxebizitza, elikadura bermea, jantziak… baita gure kultura eta hizkuntza eskura izatea.
  • Eskubide eta betebehar berdintasuna gizon eta emakumeen artean: atsedenerako eskubidea bera, etxeko lanak berdintasunez banatzea, eta pertsona helduen kontrako indarkeriarekin amaitzeko borrokatzea.
  • Babes eta Gizarte Segurantzarako euskal sistema izateko eskubidea, doakoa, publikoa eta kalitatezko osasungintza.
  • Gure egoera fisikoari egokitutako etxebizitza; irisgarritasun eta mugikortasuna etxebizitzan eta bere inguruetan.
  • Gure pentsioak Euskal Herrian arautu, ordenatu eta kudeatzeko beharra. Lan egin, kotizatu eta bizi garen lekuan gure pentsioen ingurukoak erabaki daitezen nahi dugu.
  • Zerga sistema progresiboa: gehien irabazi eta dutenek gehien ordain dezatela. Justizia sozialean oinarritutako sistema aldarrikatzen dugu.
  • Parte hartzeko eskubidea: eragiten diguten gai guztien inguruan parte hartzeko eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu eta bermatu behar da. Gure arazoak, gabeziak eta beharrak ezagutzen ditugunok parte hartu eta kontsultatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Gaur egun, aldarrikapen garrantzitsuenen artean aurkitzen dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta Euskal Herrirako Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa sortzea. Aldarrikapen hauek Gasteizko Parlamentuan aurkeztu genituen (71.724 sinadurarekin batera) eta Nafarroan sinadurak biltzen ari gara, modu legal batean, bertan Herri Ekimen Legegilea onartu baitzen. Era berean, berrordainketa desagerraztea eta menpekotasunaren arreta egokia aldarrikatzen ditugu.

Guzti hau dela eta, LABek, gaurko egunez, pertsona helduek duintasunez bizitzeko duten eskubidea eta beharrak beteak izan daitezen aldarrikatzen dugu eta, guzti hau exijitzeko, kalera ateratzeko deia luzatzen dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.