2025-12-18
HomeEkintza PolitikoaPentsioen erreforma: egiteko moduak kritikatzeaz gain, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea eskatu eta...

Pentsioen erreforma: egiteko moduak kritikatzeaz gain, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea eskatu eta euskal erakundeen utzikeria salatzen dugu

Espainiako Gobernuak Estatuko elkarrizketa sozialeko mahaian aurkeztutako pentsioen erreformaren xehetasunak ezagutu eta baloratu bitartean, LABen lehenengo balorazioa honako hau da:

Lehenik eta behin, kritika egiten diegu Espainiako Gobernuak erabilitako moduei. Europako Batzordearekin aldez aurretik adostutako erreforma da, eta horrek erakusten du zer nolako tutoretza daukan. Eta erreforma hori Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala ordezkatzen ez duen mahai batean aurkezten da: euskal langileen pentsioei eragiten dieten erabakiak haien parte-hartzerik gabe eztabaidatzen dira.

Erreformaren edukiari dagokionez, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzea eskatzen dugu, besteak beste, erretiro-adina 67 urtera atzeratzea, kotizaziopeko pentsioa eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia handitzea, eta pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea handitzea. Era berean, genero-arrakalarekin eta miseria-pentsioekin amaitzeko neurriak eskatzen ditugu, hala nola lan egin duten baina kotizatu ez duten emakumeei zor patriarkala aitortzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzea, progresiboki 1.260 euroraino igotzeko. Hobekuntza partzial batzuk gorabehera (errenta altuenei kotizazioak areagotzea, kasurako), Espainiako Gobernuak aurkeztutako erreformak ez ditu gai horiek modu estrukturalean jorratzen.

Bestalde, hainbat komunikabidetan argitaratu denez, Espainiako Gobernuaren asmoa kotizazio-aldia 25 urtetik 27ra luzatzea litzateke (29, bi txarrenak kenduta), pixkanaka. Alde horretatik, lehengo lepotik burua: kalkulua egiteko epea luzatzen joan da, 2 urtetik 8ra (1985), 8 urtetik 15era (1997) eta 15 urtetik 25era (2011), betiere pentsioen zenbatekoa murrizteko helburuarekin.

Azkenik, kritikatu egiten dugu euskal erakundeek pentsioen gaiarekiko erakusten duten utzikeria. LABen ustez, EAEko eta Nafarroako Gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu beharko lukete, eta transferentzia hori egiten ez den bitartean, euskal pentsiodunen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu beharko lukete, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua aste honetan baraualdi baten bidez aldarrikatzen ari den bezala. Bihar, asteartea, LABeko ordezkaritza bat joango zaie bisitan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru izango dutela, babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz. Horri dagokionez, Pentsiodunen Mugimenduak martxoaren 18rako Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu euskal langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Euskarari pizkunde berri bat emateko, LABek ere abenduaren 27an Miribilla betetzera dei egiten du

Euskara larrialdi linguistikoan dagoela gero eta nabarmenagoa da. Gero eta ikerketa gehiagok agerian uzten dute euskarak ez duela etorkizuna ziurtatuta. Hau da, aldaketa sakonik...

LABek langileen etorkizuna argitzeko eskatu die Arcelor AMDS eta enpresa batzordeari

LAB sindikatuak salatu du langileen etorkizunari buruzko informazio falta nabarmena dagoela Arcelor AMDSek Legasako lantokiaren itxiera-prozedura abiatu zuenetik, eta UGTk —langileei inolako kontsultarik egin...

Ekintza sindikal antirrazistaren aldeko apustua berresten du LABek Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean

Gaur, Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunean, eta egunero, lankide hauei aitortza egin nahi diegu LABen, euskal ekonomiaren funtsezko sektoreei oso lan-baldintza txarretan eusteagatik, eta, batez ere, Euskal Herriko herri, auzo eta lantokietan egindako ekarpen sozial, kultural eta politikoari balioa eman nahi die.