2026-03-20
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakPatronalak, CCOOk, UGTk eta Madrilek plataforma digitalen banatzaileen inguruan lortutako akordioa ez...

Patronalak, CCOOk, UGTk eta Madrilek plataforma digitalen banatzaileen inguruan lortutako akordioa ez da nahikoa, eta prekaritateari ateak zabalik uzten dizkio

LABek Estatuko Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lortutako akordioa ez dela nahikoa eta ez dituela plataforma digitaletako langileen lan eskubideak bermatzen berresten du. Aitzitik, ateak zabalik uzten ditu etxez etxeko banaketa-enpresa digitalek beste bide batzuk bila ditzaten riderrak esplotatzen eta prekarizatzen jarraitzeko.

Ez dugu ahaztu behar plataforma digitalek etxez etxeko banaketarako ezarri duten eredua kapitalaren estrategia oso baten izozmendiaren punta dela. Estrategia horrek, behin eta berriz salatu dugun bezala, lana merketzen duen eta milaka langileri erabateko prekarietatea ezartzen dien lan harremanen eredu bat bultzatu nahi du. Horregatik, ezaugarri horiek dituen erregulazio bat ezin da riderretara mugatu, baizik eta ustezko autonomo guztiak hartu behar ditu, eta azpikontratazioaren gaitza errotik konpondu. Ad hoc salbuespenak edo erregulazioak ezartzeak lan eskubideen aplikazio orokorra ahuldu besterik ez du egiten.

Bestalde, lortutako akordioak ez du errotik bukatzen mota honetako enpresen ereduaren muinarekin: algoritmoa eta haren aplikazioa produkzio prozesuan. Egia da langileek algoritmoek lan baldintzen gaineko eraginari dagokionez ezartzen dituzten arauei buruzko informazioa izan beharko dutela, baina ez da ezartzen horien gaineko kontrol publikorako mekanismorik. Algoritmoen ezagutza eta erregistro publikoa ezinbestekoa da enpresa horien jarduera kontrolatzeko

Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, bai eta Lan Ikuskaritzaren txostenen eta, batez ere, langileen borroken ondoren, onartezina da borroka prozesu osoa faltsuan ixtea. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea borroka prozesu guztia langileen antolaketari esker izan dela, estatu osoko sindikatu alternatiboekin batera, non LAB presente egon den.

Ildo horretan, premiazkoa da ustezko autonomoen iruzurra eta azpikontratazioa bere osotasunean bukatzearen alde egitea, tresna digitalen kontrol publikoa duen erregistro bat sortzea eta lan harremanen esparru eta kode propio bat ezartzea ildo horretan aurrera egiteko. Antolaketaren, borroka kolektiboaren eta sektorearen batasunaren bidez, riderren lan baldintzak hobetu daitezke. LABek ildo horretan lanean jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...