2025-12-28
Blog Page 996

Azken lan istripua salatuz kalera irten gara

Irailaren 29an, 33 urtetako langile bat hil zen laneko istripuz Erandion. Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan enpresako langile zen. Heriotz hau salatuz, gaur, urriak 3, Bizkaiko Foru Aldundiako langileek kontzentrazioa egin dute “lan istripu gehiagorik ez” lemapean. Gertatutakoan Bizkaiko Foru Aldundiak ardura zuzena duela deritzogu eta beraz egoerak eskatzen dituen neurriak hartzeko exigitu diogu.

Lan istripuak ez dira kasualitatearen ondorio. Gertakari hauen atzean, lan munduan zabaltzen ari den prekarietatea eta langileon segurtasuna bermatuko duten neurri falta daude. Horregatik, behingoz arduraz jokatu eta heriotz hauen atzean dagoen prekarietatearekin amaitu eta prebentzio neurriak ezartzea exigitu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari.

 

 

 

Euskal Preso eta Iheslarien aldeko borroka lehentasuneko gaia da sindikatuarentzat


Garai berri bat ireki ahal izateko gatazkaren konponbide demokratikoaren alde lanean jarraitu behar dugu eta horretan jarriko ditugu indarrak. Konponbidea lortzeko bidean presoen eta iheslarien aferari heltzea ezinbestekoa dela uste dugu, horregatik LABek Euskal preso eta iheslarien aldeko borrokan urrats berriak emango ditu. Gaur argi utzi dugu hau lehentasunezko gaia dela sindikatuarentzat.


Herri bezala, zein sindikatuetatik, baita langile bakoitzak ere zer egin eta zer esan handia du afera honetan. Denok urratsak emanez etxeranzko bidean jartzea lortuko dugu. Ainhoa Etxaidek azaldu bezala “sindikatuak ekimen berriak jarriko ditu martxan, garai delako, gure artean nahi ditugulako, ahalegin guztiak egitea zor diegulako”.
 

 

 

Borroka sindikala indartuko dugu langileok burujabetza prozesu baten aldeko palanka izateko


Gipuzkoako herrialdeko delegatuen batzarra burutu dugu gaur Donostian. Bertan, sindikatuak egiten duen egoeraren irakurketa azaldu eta urteko erronkak aurkeztu dira. Ainhoa Etxaide, LAB eko Idazkari Nagusiak azpimarratu du “langileak antolatzen jarraituko dugula eskubide sozial, laboral eta politikoen defentsan”. Norabide horretan aurrera egin ahal izateko “euskal langileok gure interesak eta eskubideak defendatuko dituzten ordezkariak behar ditugula” deritzo Etxaidek. Horrez gain borroka sindikala indartuko dugu lantoki-hiri-herrietan langileok burujabetza prozesuaren aldeko palanka izateko. 

KURTSO AURKEZPENA ETA DELEGATUEN ASANBLADA DONOSTIAN
Euskal Herrian, 2016ko irailaren 30ean


AINHOA ETXAIDE, LABeko Idazkari Nagusia

"Egun on guztioi,

Iraila bukatzearekin batera amaitzen dugu guk ere sindikatua martxan jartzeko hartu dugun kurtso hasiera. Ez ohiko hasiera izan da, hauteskundeak izan ditugulako. Arretaz jarraitu ditugu, noski. Baina gure agendari eutsiz: 20an Gasteizen mobilizatu gara Jaurlaritzak langileen oinarrizko eskubideak erasotzen dituela salatzeko. 23, 24 eta 25ean Bilbon izan gara III Nazioarteko Topaketa Ekosozialistetan parte hartzen, alternatibaren esparrua sendotzen jarraitzeko. Han eta hemen gabiltza lan eskubideak borrokatzen lan gatazka desberdinetan. Aste honetan delegatuekin bilkurak egin ditugu, egoeraz eta LABen erronkaz egiten dugun irakurketa konpartizeko.

Kurtso hau garrantzitsua izango da guretzat, Kongresu urtea delako. Eta ez edozein Kongresu. Garai berriak bizi ditugu eta sindikatuok ataka batean gaude: gure burua gaurko egoeran kokatu eta emankorrak izateko bidea aurkitu, edo atzean utzi ditugun garaian geratu, etorkizunerako ibilbiderik gabe.

Egoera guztiz aldatu da. Botere ekonomikoak ez ditu akordioak behar bere politikak ezartzeko, gobernuak eta estatu egiturak ditu bere zerbitzura. Zertarako hitzegin langileokin? Eta ez du onartzen inolako oztoporik bere bidea egiteko garaian. Confebasken azken erasoak ikustea besterik ez dago.

Nola babestu eta defendatu langileen interesak baldintza hauetan? Nola lortu pobreziara kondenatu dituzten langileei oinarrizko eskubideak aitortzea? Nola lortu politika feministak egitea berdintasun politiken mugak hain bistakoak direnean? Nola egin sindikatuak, langileen artean klase elkartasuna eta batasuna suspertzeko tresnak izatea berriro?

Galdera asko egin dizkiogu gure buruari eta erantzunak eraiki nahi ditugu, udaberrian burutuko dugun kongresura eramango gaituen eztabaida prozesuan.

Ez da hori izango aurtengo LABen erronka eta eginkizun bakarra. Ekainean egin genuen Nazio Biltzarrean kurtso berrirako plangintzaren helburua finkatu genuen. Oso zehatza eta argia da: Euskal Herriak eta euskal langileok behar ditugun aldaketak lortzeko burujabetza prozesu bat jarri behar dugu martxan.

Hori da LABen iritziz Herri, langile eta sindikatu bezala dugun erronka nagusia momentu honetan. Hori da gaurko erregimen ekonomiko eta sozial honetan guztia galdu dutenei zor dieguna. Eta hori da bestelako Euskal Herri bat posiblea dela pentsatzen duten euskal langileei proposatzen dieguna.

Zergatik burujabetza prozesua: Euskal Herriaren orainari eta etorkizunari buruzko erabakiak herriaren esku egotea delako egoera iraultzeko bide bakarra. Burujabetza prozesua hori lortzeko egin behar dugun bidea da, gure ustez.

Botere ekonomikoak erabakitzen badu zer den Euskal Herrian egin eta gertatu behar dena, prekarietatea eta menpekotasuna ikusten ditugu, besterik ez. Egia da hazkunde ekonomikoa egongo dela, baina gutxi batzuen mesedetan, gehien gehienon miseriaren kontura.

Eta zera azpimarratu nahi dugu: botere ekonomikoa ez da ente abstrakto bat. Botere ekonomikoa Nafarroako eta EAEko patronalak dira. Politika fiskala erabakitzen duten multinazional basatiak dira. Herriak behar ez dituen proiektu erraldoiak inposatzen dituzten enpresariak dira.

Merkatua sakratua eta ukiezina bihurtu dute, baina merkatu pribatu eta “librean”, euren negozioek ez dute inolako ibilbiderik administrazio guztiek diru publikoekin zer egin ziurtatzen ez badiete. Esku mhartze publikoaren kontrako eraso politiko eta ideologiko basatia bizi dugu, baina inoiz ez dira izan hain agerikoak diru publikoa esku pribatuetara desbideratzeko helburu duten politikak eta egitasmo publikoak. AHTari eta Gipuzkoako errauskailuari begiratzea besterik ez da behar.

Botere ekonomikoa bertan dago, oso ongi ordezkatua instituzioetan. Ulertzekoa da Confebasken poza PNVren garaipenaren aurrean. Eta eurek diren bitartean egin behar diren politika sozial, laboral eta ekonomikoak erabakitzen dituztenak, Euskal Herrira hondamendirako bidean jarraituko du. Horren aurrean, burujabetza soziala aldarrikatzen dugu LABetik, herriak erabaki ditzala gaur botere ekonomikoak erabakitzen dituztenak. Hori izango da gure borrokarako erreferentzia datozen urteetan.

Nola lortu burujabe izatea? Azken zortzi urteak gertakariz josiak izan dira. Ez dugu kontakizunik egingo. Baina atera ditugun hiru konklusio azpimarratu nahi ditugu:

1. Ezinezkoa izan da gatazkaren konponbide demokratikoan oinarritutako aldaketa prozesu bat burutzea Euskal Herrian. Estatuak ezezkoa eman zion hasiera hasieratik; eta bertako eragile nagusiek atzera egin zuten konponbide demokratiko batek Euskal Herriaren egoera aldatzeko eskaintzen zituenak ikustean. Tamalgarria, berriro ere norberaren proiektuak eta interesak herriaren behar, asmo eta borondatearen gainetik.

Porrot egin du ere Estatu Espainola Madrildik aldatzeko bideak. Inoiz ez bezala ikusten dugu Espainia bere barne krisietan zangotrabatua, baina ez dago 78ko erabakiekin apurtzeko inolako asmorik.

2. Euskal Herriak bere prozesu propioa egin behar du. Egingo dugu, egoera berrietarako bidea gure kabuz egitea erabakitzen badugu. Lortuko dugu, bidea gure ekimenetan oinarritzen badugu. Posiblea da, burujabetzaren alde gaudela esaten dugunok iniziatibak hartzen baditugu, baimenik eskatu gabe eta inori itxaron gabe. Errealitate bat izango da herri hau martxan jartzen badugu. Euskal Herria martxan jartzean dago giltza.

Burujabetza prozesua bizitzaren eta politikaren eremu guzti guztietatik bultzatu behar dela uste dugu. Asko egin daiteke eta egin behar da instituzioetatik: erabakitzeko eskubidea aitortuko diguten estatus berriak lortzea eta herritarren bizi baldintzak benetan duintzeko politikak egitea, batez ere.

Baina guk sindikalismotik egin dezakegunari begiratu nahi diogu. LABen argi dugu, gure ekarpenik garrantzitsuena, borroka sindikal eta soziala indartzea dela: elite ekonomikoari aurre eginez bere boterea mugatzeko. Langileak antolatuz eskubide sozial, laboral eta politikoen defentsan. Gauzak aldatu behar direla pentsatzen duten langileak burujabetza prozesura ekarriz, izan abertzaleak edo ez. Alternatibak proposatuz eta hauen aldeko indarrak burujabetzaren aldeko indarrak izatea lortuz.

Egoera politikoaz egiten dugun irakurketa. Esan bezala, Confebaskek arrazoi asko ditu pozik egoteko; izatez, bera da EAEko hauteskundeak benetan irabazi dituena. Bere interesak, posizioak eta bere politikak agendaren erdi-erdian egon dira kanpainaren zehar, eta agendaren erdian jarraituko dute datozen lau urteetan PNVren eskutik.

PNVk egonkortasuna jarri du guztiaren gainetik. Zer da egonkortasuna? Azken urteetako agenda neoliberala garatzen jarraitzeko lasaitasuna. Besterik ez. Agenda horretan ez dira egon ez gure erabakitzeko eskubidea, ezta EAEko herritarren bizibaldintzak hobetzeko aberastasunaren banaketa. Are gutxiago Euskal Herri berri bat eraikitzeko prozesu politiko demokratiko bat irekitzearen aukera.

Gure ustez ezinezkoa da esku batekin agenda neoliberal bortitz bat inposatzea eta bestearekin Herri Akordioak egitea. Noski, herri akordio hauen helburua herriari hitza ematea bada, Euskal Herriaren egoera ekonomiko eta soziala aldatzeko.

LABek bereak egingo ditu gatazka modu demokratikoan konpontzeko baliagarriak diren akordio politikoak Hauek lehen bailehen irits daitezen laguntzeko prest ere bagaude. Baina hori ezin da izan EAEko elite ekonomikoaren agenda neoliberala arazorik gabe ezartzeko aitzakia.

Euskal langileok Gasteizen gure interesak eta eskubideak defendatuko dituzten ordezkariak behar ditugu. Parlamentu berrian hori egiteko prest agertu diren alderdiak daude, eta azken lau urteotan baino indar gehiagorekin gainera. Ezker-eskuin espazioen arabera aztertzen badugu osaketa berria, eskuinak ordezkariak galdu ditu eta ezkerrak gora egin du.

Okertzeko beldurrik gabe esaten dugu Madrilen PPk gobernatuko dukela eta erreforma-murrizketaren bidean sakontzeko erabiliko duela gobernua. Troikak hori agindu du eta Rajoyk, egingo duela agindu die.

Okertzeko gogoz esaten dugu ere, ziur gaudela Urkulluk bide berdina hartuko duela.

Gure galdera da ia zein bide hartuko duen Nafarroako gobernuak: trantsiziorako jarrera eta agenda indartzen badu hor egongo da LAB, noski. Estatuaren eginduei men egiten dien bidea hartuz gero ibilbide iluna ikusten diogu egia esan.

Hauek izango dira gure lan lerro nagusiak beraz: borroka sindikala indartzea lantokietan, hirietan eta herrietan langileok burujabetza prozesu baten aldeko palanka izan gaitezen. Agenda neoliberalen kontra borrokatzen jarraitzea, gobernuan dagoena dagoela ere.

Eta gatazkaren konponbide demokratikoaren alde lanean jarraitzea garai berri bat ireki dezagun behingoz. Euskal Preso eta Iheslarien aldeko borrokan urrats berriak eman behar ditugula uste dugu. Bai herri bezala, bai sindikatuetatik, baita langile bakoitzak ere. Ekimen berriak jarriko ditugu martxan, garaia delako, gure artean ikusi nahi ditugulako, ahalegin guztiak egitea zor diegulako.

Besterik gabe, mila esker etorri zaretenoi."

INTERVENCIÓN DE AINHOA ETXAIDE EN CASTELLANO

 

 

Ikerketa exijitzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko Basalan enpresan langile baten heriotza eragin duen istripuaren aurrean

Gaurkoan 33 urteko langile bat hilda suertatu da Basalan foru-enpresan lan istripu baten ondorioz. 2016an zehar Bizkaian gertatutako 23. heriotza da eta Euskal Herrian kontuan izanda, 40.a.

Lehen lehenik, LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diogu familia, senide eta adiskideei.

Istripuak ez dira halabeharrezkoak, lan baldintza eta eredu produktiboaren ondoriozkoak dira, langileen osasunaren gainetik irabazi asmoa nagusitzen baita. Kasu honetan gainera, Basalan enpresa Bizkaiko Foru Aldundiaren menpekoa dela azpimarratu nahi dugu, zerbitzu publiko azpikontratatua, eta ohi denez, azpikontratetako prekarietatea eta lan segurtasun eza aldagai determinante bilakatzen dira honelako istripuak gertatu ahal izateko.

Beharrezko ikerketa burutzea eta enpresetan benetako prebentzioa gauzatzea exijitzen dugu. Bizkaiko Foru Aldundiari ere ikerketa honetan esku hartu dezan eskatu nahi diogu, eta berriro horrelakorik gertatu ez dadin beharrezko neurriak planteatu ditzan.

Guzti honek aldaketaren beharra agerian uzten du, hemendik egin beharreko aldaketaren beharra. Ezinbestekoa da botere publiko eta elite politikoek urteetan elikatu eta gizendutako patronalari aurre egingo dion, eta langile klasearen interesak eta eskubideak lehenetsiko dituen marko propioa eraikitzea.

Horregatik, LAB sindikatutik heriotza berri hau salatu eta datozen orduetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko dituen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

 

 

 

Iruñeko Udala: LAB nagusi + 1

Berriz ere sindikatu bozkatuena izan gara eta LAB sindikatuak atzoko hauteskundeetan jaso dituen 237 botoetako bakoitzak balio izan digu baieztatzeko orain dela urte batzuk gure lan sindikala aurrera eramateko aukeratutako bidea egokia zela.

Bide horretan informazioa eta langileon parte hartzea, arloz arloko asanbladak, pribatizazioen kontrako borroka, gure eskubideen defentsa, hurbiltasuna eta zintzotasuna mugarritzat hartuta gabiltza , bide zuzena delakoan eta gure helburuak lortzeko asmotan: gure lan baldintzak hobetzea eta zerbitzu publikoen defentsa. Bide batez, gure harri-koskorra ekarri nahi dugu sindikalismoa berriro eraldaketa sozialerako tresna eraginkorra izan dadin eta  galdu duen zilegitasuna berreskuratu dezan.

Horregatik, atzo eskuratu genuen emaitzak akuilatuta, sail sindikal hau langile guztion defentsan lanean segitzeko prest dago, are eta indartsuago.

Gure ibilbidean zehar beti izan gara oso argiak gure lan sindikalak ardatz duen filosofia azaltzeko orduan: aitzinean daukagun mintzaidearengan elkarrizketarako jarrera irekia eta eraikitzailea ikusiz gero guk aukera probestuko dugu eta elkarrizketarako irekiak eta eraikitzaileak izanen gara. Jarrera horiek ikusi ezean, aitzitik, beligeranteak eta gogorrak. Baten batek ez du hau ulertu nahi eta hiz egiten du “administrazioarekiko afinitateaz”. Are gehiago, beste batzuek beren burua aurkezten dute “independientetzat” edo “apolitikotzat” ( Jakina,“LABekoak ez bezala”, adierazi nahi dute). Baina gibel-asmoz betetako diskurtso hutsaletatik haratago, esaten duguna egia dela frogatzen duten hamaika adibide aurki daitezke azken urte hauetako gure eguneroko lanean. Ez dugu gustuko langile edo borrokalari plantak egitea hauteskundeak hurbiltzen direnean, ardura gaituena baita gure lan hobetzea eta ahalik eta eraginkorrena izatea , makina bat gauza lortzeke daude eta.

Hauteskunde-prozesu amaiezin honek dezente higatu gaitu. Sindikatu batzuk beren saltsan daude politikakerian eta azpijokoetan, baina azken hilabeteetan gertatu dena sindikalismoak izan behar ez duenaren adibide ezinhobea izan da, gure ustez. Gainera, behin baino gehiagotan zapore garratza utzi digu, langileon lan baldintzetan isladarik izango ez zuten orduak eta orduak kontu hauetan ematen ari ginela ikusita. Makurrena zera da; badirudi zentzugabekeria etengabe hau ez dela oraindik amaitu. CSIF sindikatuak hauteskundeen aurkako helegitea jarri du, hauteskunde egutegiaren publizitate nahikorik egin ez dela argudiatuta. Publizitate falta horren ondorioz ez omen dute hauteskundeen berririk izan…Hurrengo asteetan jakingo dugu ea ikuskizun negargarri honi bukaera ematen zaion ala ez…

Honen guztiaren aurrean mezu positibo bat zabaldu nahi dugu eta aldarrikatu nahi dugu beste sindikalismo batek urteak daramatzala lanean alternatibak eraikitzen, gure lan baldintzak hobetzen eta zerbitzu publikoen defentsan. Eta orain gainera , hautetsontzietan adierazitako zuen sostenguak lan egiten jarraitzeko bihotz ematen digu, gure printzipioetan inoiz baino sendoago. Eskerrik asko.

 
SINDIKATUA
2008
2012
2016
LAB
110
220
237
ELA
113
70
62
UGT
105
56
34
AFAPNA
105
58
85
CCOO
84
53
72
SPMP
155
156
137
APM
153
131
SIPNA
55
CSIF
121

 

 

 

Hamar neurri Nafarroan aldaketa gauzatzeko


Lab denuncia un estancamiento en el proceso de cambio en Nafarroa (AHOTSA.INFO)

LABek gaur delegatu batzarra egin du. Bertan Ainhoa Etxaide eta Igor Arroyok parte hartu dute. Batzarra bukatutakoan, Nafar Gobernuari, bere egoitzan bukatu duen mobilizazioan, Nafarroak behar duen aldaketa soziala bultzatzeko premiazko hamar neurri abian jartzeko eskatu zaio.

Nafarroako aldaketa prozesua suspertzeko premiazko neurrien Dekalogoa

Legegintzaldiko lehen urtearen balorazioa egin ostean, eta UPNren politikak aldatzeko denbora behar dela onartuta ere, Nafarroako aldaketa prozesua ez aurrera ez atzera dago LABen ustez.
Demokratizazioan aurrera egin da, baina politika ekonomiko eta laboralean lehengo lepotik burua eta Administrazioa ez aurrera ez atzera. Bigarren urte honetan zirt edo zart egin beharra dago. LABen ustez, honako hamar neurri hauek behintzat premiazkoak dira.  

Demokratizazioa
1  Nafar enpresa orotan diskriminazioarekin amaitu. Aukera berdintasuna kontratazioan. Askatasun Sindikalen Behatokia sortu, Akordio Programatikoan ezarri bezala.
2  Lanean nahiz lanetik kanpo nafar ororen hizkuntza eskubideak aitortu eta bermatuko dituen Euskararen Lege Berria.
Politika ekonomikoa
3  Kapitalaren errentei Lanaren errentek dituzten zerga berak ezartzea. Elkarteen Zerga nabarmen igo. Iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko baliabideak gehitu. Zorraren auditoria.
4  Ris3 delakoan finkatutako Europar Batzordeko irizpideetatik harago, Nafarroako garapen ereduaren inguruko eztabaida soziala ireki.
Lan harremanak
5  Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bertan behera utzi eta lan harremanetarako esparru propioa ezarri.
6  Langileen osasuna aintzat hartuko duen kalitateko enplegua:  lan istripuen hazkundea gerarazi (9 hildako Nafarroan urte honetan) eta lan osasuna publificatu; asteko 35 orduen eta hileko 1200 euroko gutxieneko soldaterantz urratsak eman; igande eta jai egunetan, 0 irekiera.
Politika sozialak
7  Gizarte Segurantzako eskumenak aldarrikatu eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa ezarri.
Zerbitzu publikoak
8  Hezkuntzan, Osasunean eta Zerbitzu Sozialetan inbertsioa handitu, europar herrialdeetan inbertitzen den Barne Produktu Gordinaren portzentaira hurbiltzeko. Ratioen murrizketa, koberturaren zabalpena, zerbitzuaren hobekuntza.
9  Administrazioaren erreforma demokratikoa.  Burutza kopuruaren murrizketa nabarmena. Administrazioko negoziazio kolektiboa desblokeatu.
10 Azken hamarkadetan pribatizatutako zerbitzuen publifikazio progresiboa. Azpikontratuta jarraitzen duten horien pliegoetan, klausula sozialen %100 ezarri.

 

 

 

Pertsona helduen beharrei erantzun eta bizitza duina bermatzea exijitu diegu Instituzioei

Urriaren 1a Pertsona Helduen Nazioarteko eguna da eta LAB sindikatuko Pertsona Heldu eta Pentsionisten Arlotik egun hau baliatu nahi dugu Instituzioei eskatzeko pertsona hauen beharrei erantzun diezaietela. Premiazkoa da 1.080 euroko pentsio minimo duin bat eta Euskal Herrirako Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa nola bermatu aztertzea.

Munduko Sindikatuen Federazioko pentsionidunen eta jubilatuen Nazioarteko Sindikatuen Batasuneko kide garen heinean, Nazioarteko egun honen harira egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Zehazki, Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak (Nafarroako Pentsionistak Martxan, Gipuzkoako Duintasuna, Arabako Pentsionistak Lanean eta Bizkaiko Pentsionistak Martxan) datorren urriaren 1ean herrialde bakoitzeko hiriburuetan eta ondoko astean herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Egun hain berezi honetan lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu pertsona helduen eta pentsiodunen eskubideen kartan azaltzen diren aldarrikapenak errealitate bihurtu daitezen. Besteak beste ondoko aspektu hauek azpimarratuko genituzke:

  • Bizitza duina izateko eskubidea: independentzia pertsonala, diru sarrera nahikoa, gure egoera fisikoarekin bat datorren etxebizitza, elikadura bermea, jantziak… baita gure kultura eta hizkuntza eskura izatea.
  • Eskubide eta betebehar berdintasuna gizon eta emakumeen artean: atsedenerako eskubidea bera, etxeko lanak berdintasunez banatzea, eta pertsona helduen kontrako indarkeriarekin amaitzeko borrokatzea.
  • Babes eta Gizarte Segurantzarako euskal sistema izateko eskubidea, doakoa, publikoa eta kalitatezko osasungintza.
  • Gure egoera fisikoari egokitutako etxebizitza; irisgarritasun eta mugikortasuna etxebizitzan eta bere inguruetan.
  • Gure pentsioak Euskal Herrian arautu, ordenatu eta kudeatzeko beharra. Lan egin, kotizatu eta bizi garen lekuan gure pentsioen ingurukoak erabaki daitezen nahi dugu.
  • Zerga sistema progresiboa: gehien irabazi eta dutenek gehien ordain dezatela. Justizia sozialean oinarritutako sistema aldarrikatzen dugu.
  • Parte hartzeko eskubidea: eragiten diguten gai guztien inguruan parte hartzeko eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu eta bermatu behar da. Gure arazoak, gabeziak eta beharrak ezagutzen ditugunok parte hartu eta kontsultatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Gaur egun, aldarrikapen garrantzitsuenen artean aurkitzen dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta Euskal Herrirako Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa sortzea. Aldarrikapen hauek Gasteizko Parlamentuan aurkeztu genituen (71.724 sinadurarekin batera) eta Nafarroan sinadurak biltzen ari gara, modu legal batean, bertan Herri Ekimen Legegilea onartu baitzen. Era berean, berrordainketa desagerraztea eta menpekotasunaren arreta egokia aldarrikatzen ditugu.

Guzti hau dela eta, LABek, gaurko egunez, pertsona helduek duintasunez bizitzeko duten eskubidea eta beharrak beteak izan daitezen aldarrikatzen dugu eta, guzti hau exijitzeko, kalera ateratzeko deia luzatzen dugu.

 

 

 

Guggenheimeko gida eta hezitzaileen aldeko atxikimendu kanpaina martxan da

0


48 orduren buruan Bilboko Guggenheim Museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dituen 18 gida eta hezitzaileak kaleratuak izango dira. Egoera hau oztopatu asmoz irailaren 5ean greba mugagabea hasi zuten. Gaur, hilak 29, paiaratzen duten egoera salatzeaz gain euren eskubideen aldeko manifestu bat eta honen inguruan antolatu duten atxikimendu dinamika aurkeztu dituzte. 

Gaur, Guggenheim Bilbao Museoko 18 hezitzaileak, azken urte honetan beren lantoki izan denaren aurrean bildu dira. Bertan abuztuaren 30etik mendeku instituzional honen erantzule diren Marta Arzak Hezkuntza Departamentuko Zuzendariak, Garbiñe Urrutikoetxea Giza Baliabideetako zuzendariak, Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko Zuzendariak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aurpegia ematen ez dutela salatu dute.

18 langile hauen kaleratzea, Museoak bertako beste azpikontratei egindako abisua dela deritzote. Horrez gain, hezitzaileek daramaten borrokari babesa azaldu dieten eta Guggenheim Museoko beste zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen kontrako errepresaliak egon direla salatu dute.

Amaitzeko arte eta kultur arloko pertsonen babesa jaso dutela adierazi dute. Jada 225 artistek museoko langileen eskubideen aldeko manifestua izenpetu dute. Gainera, gaurtik aurrera manifestuarekin bat egiten duen orok langileek prestatu duten blogean izenpetzeko aukera izango dute.

 

 

 

 

Berako Zalainen izandako azken lan istripuaren aurrean beharrezko ikerketa burutzea eta enpresetan benetako prebentzioa gauzatzea exijitzen dugu

Atzo lan istripu baten berri jaso genuen. Berako Zalain enpresan 64 urteko langile bat hil zen lanean ari zela, altueratik erorita, goizaldean. LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diogu familia, senide eta adiskideei. Istripu berri honekin 10 dira gutxienez Nafarroan hildako langileak, 39 berriz, Euskal Herria osoan. Aste batean nafarroan izandako hirugarren hildakoa dela azpimarratu nahi dugu. Onartezina da.

Istripuak ez dira halabeharrezkoak, lan baldintza eta eredu produktiboaren ondoriozkoak dira, langileen osasunaren gainetik irabazi asmoa nagusitzen baita. Errelitate hau guztiz nabarmena da Berako Zalainen. Prebentzioa eta langileen osasunaren babesa, zuzendaritzarentzat, lehentasunen azken lekuan aurkitzen da. Langileen osasunaren alorrari dagokionean utzikeria da enpresaren jarrera deskribatzen duen hitzik zuzenena.

Beharrezko ikerketa burutzea eta enpresetan benetako prebentzioa gauzatzea exijitzen dugu. Bizi- eta lan-baldintzak gero eta kaxkarragoak diren garai honetan, langileok gure osasunarekin ordaintzen dugu.

Guzti honek aldaketaren beharra agerian uzten du, hemendik egin beharreko aldaketaren beharra. Ezinbestekoa da botere publiko eta elite politikoek urteetan elikatu eta gizendutako patronalari aurre egingo dion, eta langile klasearen interesak lehenetsiko dituen marko propio bat eraikitzea.

Horregatik, LAB sindikatutik heriotza berri hau salatu eta datozen orduetan istripu berri honen aurrean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko dituen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.