2025-12-30
Blog Page 983

Otsailaren 1ean hasiko da Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesen aurkako ahozko epaiketa

Kutxabank auziko delituak direla eta, otsailaren 1ean hasiko da Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesen kontrako ahozko epaiketa. LAB akusazio partikularra osatzen duten eragileen artean dago, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV eta Pensionistak Martxan taldearekin batera.

Epaiketa Bizkaiko Auzitegi probintzialean egingo da, 6. Atalean. Otsailaren 1ean, aurreko gaiak landuko dira, eta otsailaren 14, 15 eta 16ean izango dira epaiketa sesioak.

Epaiketaren hasieran, akusazio partikularra osatzen dugun eragileok erakutsi nahi dugu Kutxabanken pribatizazioa eta Euskal Kutxen likidazioa norbere interesetarako erabiltzearen aurka gaudela. Gainera, errudun materialek, eta baita bultzatzaile politikoek ere (EAJ, PP eta PSE-EE), ardura politiko eta penalak onar ditzatela exijitzen dugu.

Prozesu judiziala hasi eta hilabetetara, berretsi egiten gara, enpresa eta politikari batzuen arteko ate birakarien atzean ezkutatzen diren praktika iruzurtien salaketan. Beraien kudeaketa ere salatzen dugu, maila politiko zein kudeaketari dagokionean ere, gaur banku publikoa edo euskal kutxarik ez izatea ahalbideratu zuena.

Likidazio eta pribatizazio prozesu hauek orain akusatuak inputaturik dauzkaten delituak egin ahal izatea ahalbideratu zuten.

Ez da zentzuzkoa aurrezkien depositoen kontrola inbertsore eta espekulatzaileen eskuetan uztea, euskal ekonomiaren, euskal herritarron eta euskal ehun produktiboaren mesedetan erabili beharrean.

Urgentziazko erabakiak hartzea exijitzen dugu, bai pribatizazioaren ibilbidean atzera egiteko, baita euskal sistema finantziero publikoa sortzeko ere.
 

 

 

KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko

0

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera esanguratsua jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan eta aurreikus dezakegu 2016ko KPIa %1 baino handiagoa izango dela. Honela azken urteetako beheranzko joerarekin amaituko litzateke. Honek ondorioak izango ditu, pentsionisten (%0,25eko birbalorazioa) eta langile askoren eros ahalmena murriztuko da. Horregatik, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontuan hartzeko.

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera esanguratsua jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan; hilabete honetan EAEn izan dira prezioen hazkunde handienak eta Nafarroa da erkidego inflazionistena urte arteko %1eko tasarekin.

Urrian Kontsumorako Prezioen Indizea %1,3 igo zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan urte arteko tasa %0,7an utziz. Nafarroan hazkundea %0,9koa izan zen %1eko urte arteko tasarekin.

Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: “jantziak eta oinetakoak” beherapenen garaia bukatu eta denboraldi berri baten hasierak eraginda, “etxebizitza” elektrizitatearen eta berogailuetako gas eta gasolioaren prezio hazkundearen ondorioz eta “garraioa” erregaiek izan duten prezio igoeraren ondorioz batez ere.

Urtea amaitzeko 2 hilabete falta direnean, badirudi 2016ko KPIa %1 baino handiagoa izango dela, azken urteetako beheranzko joerarekin amaituz. Eta horren ondorioz, pentsionisten (%0,25eko birbalorazioa) eta langile askoren eros ahalmena murriztuko da. Beraz, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontuan hartzeko.

 

 

 

Prekarietatea salatu dute Michelinen egindako grebarekin

Greba egin dute gaur Gasteizko Michelin enpresan, Ferrovialeko langileen batzordeek eta LAB eta ELA sindikatuek deituta. Lan uzteek prekarietatea borrokatzeko abiapuntua izan behar dutela adierazi du LABek, eta grebak Ferroser enpresako (Ferrovial Servicios) langileen artean ia erabateko jarraipena izan duela adierazi du. Deialdia azken lan istripuen harira proposatu dute. Izan ere, hiru hilabete eskasetan, bi langile hil dira Michelinen, kontratetako langileak biak.

Greba dela eta, Michelin enpresako zenbait lekutan produkzioa gelditu egin behar izan dute. “Nabarmendu behar dugu soilik bi sindikatuk, LABek eta ELAk, gure hitza bete dugula eta Ferroser enpresako langileen ekimena Michelineko langileen batzordetik babestu dugula. Beste batzuek, ordea, beste alde batera begiratu dute eta bi sindikatu, CGT eta ESK, prekarietatea aho handiz salatu arren, grebaren kontra agertu dira zuzenean. Gure aldetik, pozik gaude LABeko kideek grebari eman dioten erantzunarekin”, azaldu du LABek berak.

Sindikatuak adierazi du oso garrantzitsua dela langileak prekarietatearen aurka aktibatzea. Hala, grebak horretarako abiapuntua izan behar duela azpimarratu du, “kontratetan bizi den prekarietatea garaitzeko, batez ere”.

LABek ezinbestekotzat jo du instituzioen esku hartzea egoera hauekin guztiekin amaitzeko: “Askotan, enpresa handiak eta multinazionalak saritzen ari dira, diru laguntzak eskaini, mota guztietako aitortzak eman, diskurtso hutsalak zabaldu, baina tutik ere ez dute esaten lantegi barruan gertatzen ari denari buruz, ezer ere ez langileek bizi duten prekarietateaz; aurpegi txarrak bakarrik langileak hiltzen direnean, Michelin enpresako kasuan bezala”.

Jarrera hau onartezina dela berretsi du sindikatuak. Instituzio eta alderdi batzuk prekarietatea babesten ari dira, eta LABek horiek interpelatu ditu. “Noiz pentsatuko duzue langileengan?”, galdegin die.

 

 

 

Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute


Sindikatuek eta patronalak Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute. Azaroaren 8an adostu zuten, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuen eta Zeharka patronalaren eskutik. Lehen hitzarmen honen bitartez, sektoreko ia 400 langileren lan baldintzak eta soldatak duinagoak izango dira, eta enpresen arteko aldeak berdintzea lortu dute.

Sindikatuek jakinarazitakoaren arabera, “ezin izan ditugu negoziatu hitzarmenaren artikulu guztiak, guk nahiko genukeen bezala, Estatuko hitzarmenean zenbait gai erreserbatuta daudelako; probaldia, lanbide taldeak, kontratazio motak, diziplina araubidea, lan osasuneko gutxieneko arauak eta mugikortasun geografikoa, besteak beste”

Hala ere, Estatuko hitzarmenaren artikulu asko hobetzea lortu dituzte, hauek bereziki: soldata taula; lanaldiaren mailaz mailako murrizketa (72 ordura arteko laburketa); opor egunak ugaltzea, 31 egunetik 34 egunera (2018an); antzinatasun eta igande eta jai egunetako plusak; gaueko eta prestutasun plusak; aldi baterako baliaezintasunaren aldian lehen egunetik kobratzea; lizentzia ordainduetan hobekuntzak; eta udalekuei buruzko arauak nabarmen hobetzea.

Sindikatuen hitzetan, “hitzarmen hau oso tresna egokia izango da sektorea batera biltzeko, orain dauden desorekak berdintzeko, eta jarduera hau gero eta arautuagoa uzteko”.

Hori bai, herri-erakundeei gogorazi diete zerbitzu hauek azpikontratatuak direla, ehuneko ehunean Administrazio Publikoaren menpekoak direla, “eta horregatik zerbitzua esleitzeko baldintza-orrietan hitzarmen hau aplikatzea galdatu behar zaiela enpresa jasotzaileei, eta, horretarako, behar bezala diruz hornitu behar direla, sektorean gatazkarik sor ez dadin”.

Sindikatuek sektoreko langileak zoriondu dituzte, haiek izan direlako akordioa lortzeko eragile nagusiak. “Haien mobilizaziorik gabe, orain ez genuke akordiorik”, erantsi dute.
 

 

 

Gasteizko udalaren erasoak salatu dituzte gizarte langileek

Hainbat gizarte langilek elkarretaratzea egin dute Gasteizko udaletxearen aurrean, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta. Hain zuzen ere, Arabako hiriburuko udalaren erasoak salatu dituzte, azpikontratatutako langileak prekarizatu eta kaleratzeagatik. “Guk geuk pairatu behar izan dugu berriro udalaren estrategia, bere kontratetako langileok lan baldintza duinik merezi ez dugulakoan. Gizarte Politiken Sailak apustu egin du berriro bakan batzuen irabazien alde, gizarte zerbitzuetan benetan diharduten langileen eskubideen kontra”, adierazi dute, astelehenean egindako protestan.

 

Gasteizko udalak sektoreko langileen eginkizunei begirunea galdu diela nabarmendu dute, soldata duinik ez jasotzeko helburuarekin, langile ez kualifikatu gisa izendatzeagatik; “lan horietan ibiltzen garenok gizarte langileak, psikologoak, hezitzaileak edo integratzaile sozialak garenean”, esan dute. “Oraingo honetan ez dute onartu nahi gizarte langilearen kategoria, diru arrazoi hutsengatik, baina figura hori ezinbestekoa da zerbitzuaren jardute onerako”, ohartarazi dute.

Bat bateko erabakiak hartu ohi dituztela kritikatu dute, plangintzarik jarraitu gabe: “Neguko ostatu emateko bitartekoa ez dute aurreikusi, plangintzarik eza denon begien aurrera atera arte; horrek erakusten digu beren gaitasun gabezia, baita gizarte bazterketaren egoera latzetan bizi direnekiko begiramen eskasa ere”.

Azpimarratu dute zerbitzuak emateko lehiaketa-enkante baten deialdia egin dutela berriro, eta hutsik geratu dela, “ez baitago inor zerbitzu hori hartzeko prest, aurrekontuan ezarritako kostu eta lan taldearekin”. Jakinarazi dute kale gorrian utzi dituztela zerbitzu hori hiru urtez ematen ari diren pertsonak, subrogazio eskubidea errespetatu gabe, Gizartegintzaren Hitzarmenean eskubide hori jasota egon arren.

Hau guztia salatzeko egin dute elkarretaratzea, eta Gasteizko udalari gizarte zerbitzuetan inbertitu eta plangintza egiteko exijitu diote.

 

 

 

Etxaide: “LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda”

“LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu lan eta gizarte egoera guztiz aldatu delako… LAB berritu batekin iritsiko gara biltzarrera, etxeko lanak eginda”. 

 
Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira horiek, LABen 9. Biltzar Nagusiaren aurkezpenean egindakoak. Batzorde Exekutiboko kideek agerraldia egin dute gaur goizean, Bilboko egoitzan, eta Biltzar Nagusiaren irudia aurkeztu dute bertan, baita leloaren berri eman ere: ‘LAB 4.0 Gure Garaia’. Era berean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko gisa proposatu dituztela jakinarazi dute, Ainhoa Etxaidek eta Jabi Garnikak lekukoa utziko dutela iragarri eta gero.

Maiatzaren 25 eta 26an izango da 9. Biltzar Nagusia, Gasteizen. LABek argi du Kapitalismoan ez dagoela ondo bizitzerik, eta proposamenak eta alternatibak eramango ditu biltzarrera egoerari buelta emateko. Sindikatuarentzat sozialismoan dago bizitza on bat edukitzea ziurtatuko duen sistema. Espazio ezkertiar soberanista sendo bat behar dugu, eta euskal sindikalgintzaren ekarpenak erabakigarria izan behar du espazio horren eraikuntzan. Hain zuzen ere, Euskal Herri Sozialista eraikitzeko feminismoa, ekosozialismoa eta independentismoa dira gakoak. Feminismoa, ideologia transformatzailea delako eta bakarrik horrela ziurtatuko dugulako eraikitzen dugun sistema guzti guztientzat izatea, gizonentzat zein emakumeentzat; ekosozialismoa, ezin dugulako bizitza duina eta ona kontsumoan eta neurririk gabeko produkzioan oinarritu; eta independentismoa, sistema berri bat eraikitzeko behar beharrezkoa delako Estatu burujabe bat izatea, Herriaren esku egoteko sistemaren gaineko boterea, Herria bere erabakiak hartzeko aske izateko.

 
Ildo honetan, LABek iritzi du hau dela garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen burujabetza prozesua abian jartzeko, aukerak ere badaudelako. Badago gehiengoa eta baditugu prozesua martxan jartzeko balio estrategikoa duen tresna: Karta Soziala. “Falta zaiguna aliantzak eta akordioak dira. Eremuz eremu lehenik, eta eremuen artean ondoren; eremu bakoitzaren errealitatea, eginkizuna eta autonomia aitortuz eta balioan jarriz guztien aldetik”, laburtu du Etxaidek.
 
Garai berrian, LABen lehentasuna prekarietateari aurre egitea eta langileriaren errealitatea aldatzea izango da. Gauzak horrela, borrokatzen ditugun irtenbideek ez dute lekurik bi estatuek inposatutako eredu politiko, ekonomiko eta sozialean. Izan ere, egoera sozioekonomikoa aldatzeko borrokak derrigor eramaten gaitu gaurko Estatu markoaren aldaketa borrokatzera. Erabakitzeko eskubideak lan mundura eta gai sozioekonomikoetara iritsi behar du horregatik, estatus politiko berria iruzurra ez izateko langileentzat.
 
Etxaideren arabera, “langileen egoera aldatu nahi badugu, sindikatuen arteko aliantzak behar ditugu. Ziur gaude aliantza ahalbidetuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela kongresuari begira. Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, LAB eta ELAren erronka nagusietako bat, euskal sindikalismoan ireki behar den garai berrian”.
 
Zuzendaritza berria, garai berrirako

Urte hauetan guztietan egindako lanak ekarri du LAB garai berrira. Kopuru historikoetan dago ordezkaritza eta afiliazioa, inoiz baino jende gehiago dago sindikatuko egituretan modu egonkorrean lanean, sektore publikoko eremu askotan lehen indarra da LAB… emaitzak begibistakoak dira. Sindikatuko zuzendaritzak baztertu egin zuen LAB berri bat arduradun nagusien kasara marraztea, bideak sindikatuak berak egitea baitzen asmoa, eta hala izan da. LAB osatzen duten kide guztiek marraztu dute.

Etxaidek adierazitakoaren arabera, “2008tik gaur arte, Jabi Garnika eta biok zuzendutako taldearen eginkizuna sindikatua eraberritzea zen, eta agindua bete dugu. Biltzarrera etxeko lanak eginda iritsiko gara, eta, gure arduren inguruko erabakia gure eskuetan dagoenez, lekukoa hurrengoei ematea erabaki dugu”.
 
Biltzar Nagusiak erabakiko du, baina “gaurtik esan dezakegu buruak nortzuk izango diren, ziur gaudelako sindikatuan aho batez babestuko duten proposamena dela”, erantsi du Etxaidek. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu proposatu dute idazkari nagusi izateko eta Igor Arroyo, idazkari nagusi ondokoaren lekukoa hartzeko. “Ezagunak dira gainontzeko sindikatuentzat, baita komunikabide, patronal eta erakundeentzat ere. Talde berria izango da, baina ez dira berriak izango zuzendaritzan. Eskarmentua eta gaitasuna behar beste erakutsi dute”.

 
Azkenik, Jabi Garnikak eta Ainhoa Etxaidek berak LABeko kide guztiak eskertzeko baliatu dute agerraldia, “urte luze hauetan guztietan eman diguzuen babes guztiagatik”.

 

 


9. BILTZAR NAGUSIA
Maiatzak 25 eta 26
Gasteiz

 

 

Jardunaldiak azaroaren 18eta 19an Emakumeen Mundu Martxak antolatuta

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Indarkeria Matxista birpentsatzen: feminismotik erantzunak martxan izenburupean jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 18 eta 19an Donostiako Unibertsitatera gerturatuko direnetzat egitarau mardulda prestatu dute. Hain zuzen ere, bi egun horietan mahai inguru ezberdinen bidez —sistemarteko indarkeria, ekintza zuzenak, jaiak eta indarkeria matxista eta indarkeria martxista transbertsalizatzen— gai honen inguruan gehiago sakontzeko aukera izango da.
 

Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika erreleboa emateko prest

LAB sindikatua 9. Biltzar Nagusiaren prestaketa lanetan bete-betean sartu da. 2017ko maiatzaren 25 eta 26an izango da Kongresua, Gasteizen. Hitzordu garrantzitsu honen berri emateko agerraldia egingo dugu datorren asteartean, azaroak 15, Bilboko egoitzan. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua hitzordu garrantzitsu honetara. Besteak beste, azken urteotan sindikatuak bere idazkaritza nagusian izandako gure bi lemazain bikain hauei esker.

Goizeko 11.00etan, LABeko exekutiboa hedabideen aurrean agertuko da, Biltzar Nagusiaren nondik norakoak aurkezteko. 

Emankorra izan da LABentzat azken bost urteotan eginiko bidea. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua maiatzeko hitzordura. Euskal Herrian behar duen sindikalismo eredua Birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin dugu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gara.

Biltzar Nagusia berritasunez beteta dator. Aldaketak ekarriko ditu idazkaritza nagusiari begira ere; Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute. Lekuko aldaketaren xehetasunak eta Kongresuari lotutako zehaztapenak astearteko agerraldian argituko ditugu.
 

 

 

Grafikagintzako hitzarmena lortzeko mobilizazioa beste biderik ez dago

0

Grafikagintzako hitzarmenaren negoziaketan dagoen blokeoaren aurrean mobilizatzeko beharra ikusi dute langileek. Arrazoi ezberdinek eraman dituzte Grafikagintzako Negoziazio Mahaian dauden sindikatuak guztiak gaur Adegiren egoitzaren aurrean elkarretaratzea burutzera. Hain zuzen ere, hitzarmen berriaren negoziazioan Adegik izan duen immobilismoa eta abenduak 31an herrialdeko hitzarmena bertan behera geratu eta hitzarmen estatala ezartzearen mehatxuaren aurrean mobilizazioa beste biderik ez da geratu.