2026-09-10
Blog Page 982

Prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela salatu dugu Gasteizen, SEA patronalaren aurrean

0

Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta, horren harira, prekarietatea lan merkatuaren gaixotasun larriena dela salatu dugu gaur Gasteizen. Osasuna babesteko sistema alternatibo bat garatzeko borondate politikoa besterik ez dela behar adierazi dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuei hainbat erabaki har ditzatela eskatu diegu, enplegu osasuntsu, kalitatezkoa eta segurua sortu ahal izateko.

Hain zuzen ere, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei honako erabakiak har ditzatela eskatu diegu:

-Enplegu osasuntsu, kalitatezko eta segurua sortzea.
-Baliabide gehiago gaixotasun profesionalak ikertzeko; arreta berezia eman behar zaie emakumeek jasaten dituzten gaitz eta patologiei.
-Osasuna politika guztietan babestu. Politika publikoek osasunean eta osasunaren berdintasunean duen eraginen ebaluazioa sustztea, osasun sektorean zein beste sentoreetan.
-Lan istripuetan eta gaixotasun profesionaletan gertatzen den azpierregistroari jazartzeko neurriak. Erregistro propioa sortzea.
-Lan osasuneko sistema publikoa, sistema publiko osoaren atal gisa.
-Gizarte-Segurantzako sistema propioa sortzea.
-Araudia urratzen duten enpresen gaineko ikuskatze, kontrol eta zigor ugariagoa.
-Egungo egoeran, euskal herri-erakundeek mutualitateen jarduera zaindu eta kontrolatzea.
-Prebentzio sistema publikoa, zeinaren lehentasuna pertsonen osasuna izango den.
-Enpresen prebentzio integral eta integratua, baliabide propioekin garatua.

Bilbo, Iruñea eta Baionan, bihar
Gasteizen izan dira mobilizatzen lehenak. Bihar, manifestazioak egingo ditugu Bilbon eta Iruñean, euskal gehiengo sindikalak deituta ere. Bilbon 11:00etan izango da, Confebasken egoitzatik abiatuta. Iruñean 12:00etan izango da, Fremap mutuatik irtenda.

Bestalde, Baionan ere irtengo gara kalera. Herriko etxearen aurrean elkartuko gara 12:30ean, eta lan istripu bat irudikatuko dugu.
 

 

 

Burujabetza osoa aldarrikatu dugu Iruñeko Gizarte Segurantzaren aurrean

Ekimen berezi bat egin dugu Iruñean, burujabetza osoa aldarrikatzeko. Zehazki, Gizarte Segurantza eta Lan Ikuskaritzako bulegoen plakak kendu ditugu eta bi plaka alternatiboak jarri ditugu. Alde batetik, nafar orori gutxieneko pentsioa bermatzeko eta dagozkigun prestazioak izateko, Nafarroan Gizarte Segurantzako kutxa propioa kudeatzeko eskumena aldarrikatuz. Eta beste aldetik, Nafarroak lan arloko eskumenak izatea eta zehazki, Lan Ikuskaritza propioa izateko eskumena aldarrikatuz.

Nafarroak ez du lanbidearteko gutxieneko soldata finkatzeko edota eskubide laboralak bermatzeko eskumenik. Izan ere, azken hamarkadan hartutako erabakiek agerian utzi dute Nafarroaren ustezko autogobernua erabat mugatua dagoela. Sektore publikoaren garapena oztopatzen duten hamaika arau ezarri dizkigu Espainiako Gobernuak.

Honen aurrean LABen proposamena garbia da: estatu propio bat eratzea nafar langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntzarako biderik emankorrena da. Menpekotasunak sozialki kaltetzen gaitulako.
Murrizketa, prekarietate eta inposaketen garaia gainditu eta berri baten bila goaz: langileon garaia, burujabetzaren garaia, aldaketa sozialaren garaia.
 

 

 

Sindikatu nazional moduan jorratu beharreko bidea izan dugu aztergai hendaian


Datozen urteetan sindikatuaren lerroan zentralitatea izango duten gaiak landuz hainbat solasaldi egin ditu LABek azken hilabeteetan. Ziklo honen baitan gaurkoan Lurralde Batasunaren Garaia, Sindikalgintza mugaz gaindi izenburupean hendaian antolatutako mintegian hartu dugu parte. Bertan LABek, sindikatu nazional moduan jorratu beharreko bidea izan dugu aztergai.

Hamarkada bat baino gehiago da LABek muga pasa eta sindikatu nazionala izateko jauzia egin zuenetik. LAB da Euskal Herriko hiru errealitate administratiboatean lanean ari den sindikatu bakarra, sindikatu nazional bakarra alegia. Eta honek berarekin erantzunkizunez jokatzea eskatzen du.

Urteak pasa dira, eta asko aurreratu dugun arren eguneroko praktikan zailtasun ugarirekin egiten dugu topo. Muga horiek gainditzeko asmoz egitasmo bat martxan jartzea erabaki da. Eremu politiko, sindikal eta sozialean zatiketa administratiboa gainditu eta eraiki nahi dugun estatuaren bidean eman beharreko urratsen inguruan eztabaidatzeko parada izan dugu.
 

 

 

Azken lan heriotza salatu dute Zornotzan

0

Impactoko enpresa batzordeak eta Zornotzako Udaleko enpresa batzordeak elkarretaratze batera deitu dute gaurko, Zornotzako udal kiroldegian astelehenean zendutako langilearen lan heriotza salatzeko. Aldi berean, lan uzteak egin dituzte.

Impacto enpresako langilea zen hildakoa. Bertako enpresa batzordeak ikerketa bat exijitu du gertatutakoa argitzeko, eta Zornotzako Udalari eskatu dio azpikontratatutako langileen segurtasuna eta lan osasuna zaindu ditzala, "ardura zuzena" duelako langile horiekiko.

LABek ere lan heriotza ikertzeko exijitu du, eta instituzioetako arduradunei eskatu die azpikontratazioekin bukatzu eta kalitatezko enplegu eta lan-baldintza duinen aldeko apustua egin dezatela. Era berean, Lan Segurtasunaren eta Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean egingo diren mobilizazioetarako deia luzatu du sindikatuak.

Hain zuzen ere, kalera irtengo gara apirilaren 28an, lan heriotzak salatzeko eta istripu gehiagorik gerta ez daitezen neurriak aldarrikatzeko. 

Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Baionan
Gasteizen izango dira mobilizatzen lehenak. Ostegunean, apirilaren 27an, elkarretaratzea egingo dugu SEA patronalaren egoitzaren aurrean, 11:00etan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Bilboko eta Iruñeko manifestazioak ostiralean izango dira, euskal gehiengo sindikalak deituta ere. Bilbon 11:00etan izango da, Confebasken egoitzatik abiatuta. Iruñean 12:00etan izango da, Fremap mutuatik irtenda.

Bestalde, Baionan ere irtengo gara kalera. Herriko etxearen aurrean elkartuko gara 12:30ean, eta lan istripu bat irudikatuko dugu.

Iruñean, euskal gehiengo sindikalak deitutako manifestazioaz gain, Arrotxapeako elkarte batek beste mobilizazio bat antolatu du ostiral arratsalderako. Lanean hildako hainbat senide biltzen ditu elkarteak, eta martxa bat egingo dute udaletxeraino. Hain zuzen ere, 3.000 sinadura bildu dituzte eskaera bat egiteko: langile klasearen omenez monolito bat ezar dezan eskatuko diote udalari. Martxa 19:00etan irtengo da Arrotxapeatik, Matesa lantegia zegoen lekutik.
 

 

 

Michelin langile ebentualak masiboki kaleratzen ari dela salatu dugu

Lan Ikuskaritzak 137 kontratu, iruzurrezkoak direlakoan, mugagabe bihurtzeko ebatzi ondoren, Michelinek erabaki du kontratu ebentuala bukatzen duten pertsonak kalean uztea. LABek exijitzen du kaleratzeak etetea, kaleratutako langileak berronartzea eta mobilizazioak eta kontratazio eredu berri bat proposatuko ditu, iruzurra ekiditeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko.

Duela egun batzuetatik, Michein beraien kontratu ebentuala bukatzen duten langileak kalean uzten ari da eta hurrengo asteotan, hamarnaka pertsona kaleratuak izan daitezke. LABen ustez, iruzurraren bigarren botea da, beraien lanpostuak estrukturalak baitira, ez produkzioaren igoera puntualari lotutakoak, eta beraien ordez lanpostu berean aritzeko pertsonak kontratatzen ari baitira. Hori dela eta, kaleratzeak eten egin behar dira eta enpresak langileok berronartu behar ditu. Horregatik, pertsona hauek animatzen ditugu beraien kaleratzeak salatzera, beraien lan harremana mugagabea delako eta ez ebentuala.

Beraz, badirudi Michelinek, iruzurrarekin amaitu beharrean, bere horretan sakontzen duela eta prekarietatea areagotzea erabaki duela, kontratazio berriei, soldataren diskriminazioaz gain, ziurgabetasun handiagoa eskainiz.

Honen aurrean, LABek kaleratzeak bertan behera uztea eta kaleratutako langileak berrartzea exijitzearekin batera, Michelinen kontratazio eredu berri bati ekitea proposatzen du honako oinarriak aintzat hartuz: irizpide objektiboak izatea, iruzurra ezabatzea, lanpostu estrukturaletan kontratazio mugagabea bultzatzea, Langileen Batzordeari kontratu ebentualen eta obrakoen bermeak eskaintzea eta kalitatezko enplegua bermatzea.

Aldi berean, Lan Ikuskaritzari dei egiten diogu esku hartzeko eta Michelinen iruzurrezko ekinbideari behingoz amaiera emateko, hamarnaka langile ebentual kalean utz baititzake. Horrekin batera, gai honetan gainontzeko erakundeek esku hartu behar lukete ere; hortaz, gogorarazi nahi dugu duela urtebete bat hain justu Arabako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman ziola Michelini, zeini eta kontratazioan iruzurra egiten duenari, ebentualak masiboki kaleratzen dituenari eta ordutik hona bere lantegian 3 langileren heriotza izan duenari. Beraz, erakunde berberek parte hartu behar dute iruzurrari bukaera emateko eta, enpresaren jokabideak babestu beharrean, langileak defendatu behar dituzte.

Azkenik, LABek mobilizazioak proposatuko ditu ebentualen kaleratze masiboaren kontra eta Michelinen enplegua duina eta kalitatezkoa izatearen defentsan.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak enplegu plan moduan aurkeztu duena ez da enplegu plan bat

Ehun produktiboaren garapenenean dauden inbertsio beharrizanei erantzuten ez dien aurrekontu batzutatik, eta bizi-baldintza duinak izatea ahalbidetuko duen kalitatezko enplegua eta zerbitzu eta prestazio sozial duinak bermatzea ahalbidetzen ez duten aurrekontu batzutatik; ekitate fiskalean oinarritutako diru-sarreren politika faltak mugatutako aurrekontu batzutatik modu bakarra dago salmenta positiboa egiteko. Plan ugariren burbuila espekulatiboa sortuz, itxura baten desberdinak baina denak aurrekontu partida berdinetan oinarritutakoak.

Duela egun batzuk Enplegua eta Suspertze Ekonomikorako Esparru Programa (2017-2020) izan zen.

Hasteko, egoera ekonomiko eta sozio-laboralaren inguruan egiten den diagnostikoan, EAErekin zerikusirik ez duten testuinguruetan erantzukizunak kanporatzeaz gain, “Euskadirentzar espezifikoak” diren faktoreak planteatzen direnean honetan zentratzen dira:

• Zahartzea
• BPGaren hazkunde erritmoa
• Brexitaren ondorioak

EAJk asmatutako herri honetan ez dago:

– Gero eta desberdintasun handiagoa, aberatsak gero eta aberatsago eta pobreak gero eta pobreagoak
izatea ekarriko duena.
– Enpleguaren prekarizazioa gero eta handiagoa da eta gero eta desberdintasun handiagoak daude
gizon eta emakumeen artean.
– Prestazio sozialen eta sektore publikoaren murrizketa.
– Austeritatean oinarritutako aurrekontuak eta ez barruko eskarian, aberastasunaren banaketan eta ehun
produktiboaren inbertsio publikoan.
– Politika fiskal injustua.
– Euskal ekonomiarentzat oso garrantzitsuak diren faktoreak, hala nola dirua eta energiaren prezioa.

Aurrekari hauekin Esparru Programa honek nabarmentzen du 8.800 milioi bideratuko direla lau urtetan enpleguaren sorrera eta suspertze ekonomikorako. Urteroko baliabideetan 2013-2016 aurreko planari bideratutako kopuru berdina da.

Urtean 2.000 miloi euro baino piskat gehiago da eta horietatik 288 soilik daude bideratuta honelako programetara: enplegu sorrera etxebizitzen birgaitzeko programetara lotuta, 5.000 enpresa berri eta autonomoren sorrera (honezkero mikroenpresa gehiegi izango ez bagenu bezala), autoenplegu-ekintzailetzara;

100 ikerketa egitasmo berri, enpresentzako pizgarriak kontratazioa eta babeseko egitasmoetarako eta Enpresa Txiki eta Ertainen modernizaziorako. Hauxe da euren enplegu sorreraren proposamenaren erdigunea.

Lehengo lepotik burua, 2003-2006ko enplegu planetatik, hain emaitza “bikainak” dituztenak laneko prekarietatearen gorakadan, lan-baldintzen okertzean, langabeziagatiko prestazioaren eznahikotasunean, gazteen langabeziaren igoeran edo langabezia tasaren murriztean orokorrean eta epe luzeko langabetuen artean zehazki.

Urteroko 2.000 milioi horietatik, 1.269 dagozkio 4i deitzen duten estrategiari. Inbertsiorako egitasmoak (650 milioi) erdiak baino gehiago AHTra bideratutakoak, berrikuntza 410 milioi (guztiz askiezak Europar Batasuneko batazbestekora gerturatzeko), azken urteotan arrakala ez da txikitzen handitu biano; 31 milioi nazioartekotzarako eta 778 milioi industrializaziorako hauetatik 600 abalak izanik. Plan berri hauek euskal industriak maila teknologikoa galdu du Balio Erantsi Gordinarekiko, 2010eko %84,9tik 2014ko %84,1era pasatuz.

Programa guzti hauek modu egokian salduak izan dira martxan jartzen diren bakoitzean edo lehendakaria presente izango duen ekimen enpresarialen bat baldin bada. Partida berdinak, programa berdinak modu ezberdinetara salduak.

Lehen irakurketa batean ez daukagu zeresan gehiagorik:
Gehiengo sindikalarekiko edozein kontsulta eta ezabaidatik aparte egin den plan bat da hau, sindikatuak ordezkaezinak diren gai batean.

Hau ez da enplegu plan bat, inolako kontrol sindikalik gabe enpresak diruz laguntzeko programen bilduma soila da.

Kalitatezko enplegua sortzeko tresna funtsezkorik ez duen plan da. Hau da, laneko indarraren debaluazioren alde apustu egiten duen politika ekonomiko batean eta exportazioetan dago oinarrituta euskal ekonomiaren lehiakortasunerako estrategia bakar bezala.

Plan honek ez dio langabeziaren arazoari aurre egiten lanaren banaketa planteatuz aberastasunaren banaketarako eta barneko eskaria indartzeko estrategia bezala.

Plan honek ez du planteatzen langabeziagatiko prestazioak eta oinarrizko errenta hobetzerik. Honela, langabezian dauden pertsonek bizi-baldintza duinak izan ahalko lituzkete.

Plan honek ez du euskal araudira enplegu politika pasiboak eramateko asmorik, hauetan barneratuz etengabeko prestakuntza, okupazionala eta arautua, “Lanbide” “txiringito” mailan utziz.

Beste atzerapauso bat da Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eraikitzeko apustuan EAJ eta PSEren eskutik; ezinbestekoa den euskal esparrua krisiaren irteerarako koherentea izango den politika ekonomikoa sortzeko.

EAJ eta PSEk ez dute honekin beste helbururik aberatsak gero eta aberatsago eta pobreak gero eta gehiago eta gero eta pobreagoak bihurtzen dituen politika ekonomikoaren inertzia laguntzea baino.
 

 

 

Euskararen ezagutza ez dute derrigorrezkotzat jo Pediatriako burua izateko deialdi batean

Euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa, meritutxoa besterik ez (6 puntutxo), Osakidetzako Bilbo-Basurtu ESIan pediatriako atalburu medikoa izateko deialdian. Hau erabat lotsagarria da. Osakidetzako atalburu eta arduradunei ez zaie euskararen ezagutza eskatzen, ezta Pediatriako kasuan bezala euskararen normalkuntza lehentasunezkoa den zerbitzuetan ere.

 

 

 

“Langileon mobilizazioa izango da Euskal Estatuari benetako bultzada emango diona”

LAB sindikatuak ekitaldi bat egin du gaur Zamudioko Teknologia Parkean. Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egin du bertan Ainhoa Etxaidek, sindikatuko beste ordezkari batzuekin batera: “LABen aldarrikapen historiko batekin aterako gara kalera, langileok estatu propioa nahi eta behar dugula”. Etxaideren esanetan, “konbentzituta egingo dugu, gero eta arrazoi gehiago dagoelako horretarako eta, gainera, egoera berri batean gaudelako. Estatus politikoari buruzko eztabaida irekita dago ia 40 urte pasa ondoren, eta euskal instituzioei eta EAJri bereziki eskatuko diegu ez dezatela eztabaida hori bahitu, Gobernura eta Eusko Legebiltzarrera mugatuta. Euskal jendarteak erabaki dezala estatusari buruz”.

LABek hiru mobilizazio egingo ditu Maiatzaren Lehenean: Baionan, Bilbon eta Iruñean. Bilbokoa, 12:00etan hasiko da Zabalburu plazatik, eta Sabin Etxearen aurrean amaituko da.

Etxaideren arabera, burujabetza da gakoa. “Burujabetza, errealitatea eraldatzeko; eta mobilizazioa, 78ko iruzurra errepikatzea eragozteko. Langileon mobilizazioa izango da Euskal Estatuari benetako bultzada emango diona".

Zamudioko ekitaldian, delegatu batek eta Iratxe Azkue LABeko Eskumaldeko arduradunak ere hartu dute hitza, eta gogor kritikatu dute patronala eta EAJren politika ekonomikoa.

Teknologia Parkearen ekitaldiaren aurretik, hitzaldia egin dute duela urte batzuk itxitako Troquenor enpresan, Sondikan. Eusko Jaurlaritzaren aldetik dagoen industria politika falta salatu dute, honen “Industria 4.0” ereduak prekarietatean sakondu baino ez duela egiten nabarmentzeaz gain.

Urdulizko ospitalean ere egon dira LABeko kideak, Osakidetzaren aldetik ematen ari diren pribatizazio ahaleginak salatzeko.


 

 

 

Babes sozialerako sistema propioa da pobrezia eta bizimodu prekarioari aurre egiteko alternatiba


Babes sozialerako euskal sistema publikoaren aldeko kanpainaren baitan, Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean izan dira Bea Martxueta, Joxean Urkiola eta Ohian Ostolaza, LABeko Batzorde Sozioekonomikoko kideak. Bertan,“kapitalak inposatu nahi duen ereduari aurre egiteko modu bakarra babes sozialerako sistema propioren alde egitea” dela azaldu du Martxuetak.

“Euskal Herrian eskubide ekonomiko eta sozialak etengabe urratzen” direla salatu du Batzorde Soziekonomikoko kideak. Eta zehaztu du langileria zigortzea eta pobretzea dakarten hiru politika nagusi daudela eskubide urraketa honen atzean: euskal enpresetan lan-erreformak aplikatzea, emakumeak diskriminatzea eta babes-sistema eraistea. Hauen ondorioz, geroz eta gehiago dira pobrezia egoeran dauden pertsonak, ongizate maila bati eusteko adina baliabide ekonomikorik ez daukatenak.

LABek baditu alternatibak pobrezia eta bizimodu prekarioari aurre egiteko: babes sozialerako sistema propioa. Eta pentsio-sistema publiko bat litzateke sistema horren abiapuntua, pentsioak bermatu eta bizi-baldintza duinak eta autonomoak izateko moduko pentsioak eskainiko dituena.

Martxuetaren esanetan, babes sozialeko euskal sistema publikoak oinarri zehatz batzuk izan behar ditu, besteak beste,“kalitatezko enplegua sortzeko politika erreal eta eraginkorra egitea, lan-denborak murrizteko eta banatzeko politikak sortzea, laneko bizitza eta bizitza soziala bateragarri egiteko benetako politikak aplikatzea, gizarte-zerbitzu publikoak garatzea pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko eta kalitatezko enplegu publikoa sortzeko eta pentsioetara bideratutako gastu publikoa nabarmen handitzea”.

Jendarteak pairatzen duen pobreziaren atzean politika jakin batzuk dauden heinean, egoera hau iraultzeko bestelako politika batzuk ezartzea beste biderik ez da. Aipatu neurriak aplikatuz soilik lortuko da bizitza duina bermatzea pertsona ororentzat. Diskurtsoak alde batera utzi eta pobrezia gainditzea ahalbidetuko duten neurriak hartzeko unea da, eta erakundeek zeregin handia dute norabide horretan.