2026-10-26
HomeMaiatzaren Lehena 2017"Langileon mobilizazioa izango da Euskal Estatuari benetako bultzada emango diona"

“Langileon mobilizazioa izango da Euskal Estatuari benetako bultzada emango diona”

LAB sindikatuak ekitaldi bat egin du gaur Zamudioko Teknologia Parkean. Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egin du bertan Ainhoa Etxaidek, sindikatuko beste ordezkari batzuekin batera: “LABen aldarrikapen historiko batekin aterako gara kalera, langileok estatu propioa nahi eta behar dugula”. Etxaideren esanetan, “konbentzituta egingo dugu, gero eta arrazoi gehiago dagoelako horretarako eta, gainera, egoera berri batean gaudelako. Estatus politikoari buruzko eztabaida irekita dago ia 40 urte pasa ondoren, eta euskal instituzioei eta EAJri bereziki eskatuko diegu ez dezatela eztabaida hori bahitu, Gobernura eta Eusko Legebiltzarrera mugatuta. Euskal jendarteak erabaki dezala estatusari buruz”.

LABek hiru mobilizazio egingo ditu Maiatzaren Lehenean: Baionan, Bilbon eta Iruñean. Bilbokoa, 12:00etan hasiko da Zabalburu plazatik, eta Sabin Etxearen aurrean amaituko da.

Etxaideren arabera, burujabetza da gakoa. “Burujabetza, errealitatea eraldatzeko; eta mobilizazioa, 78ko iruzurra errepikatzea eragozteko. Langileon mobilizazioa izango da Euskal Estatuari benetako bultzada emango diona".

Zamudioko ekitaldian, delegatu batek eta Iratxe Azkue LABeko Eskumaldeko arduradunak ere hartu dute hitza, eta gogor kritikatu dute patronala eta EAJren politika ekonomikoa.

Teknologia Parkearen ekitaldiaren aurretik, hitzaldia egin dute duela urte batzuk itxitako Troquenor enpresan, Sondikan. Eusko Jaurlaritzaren aldetik dagoen industria politika falta salatu dute, honen “Industria 4.0” ereduak prekarietatean sakondu baino ez duela egiten nabarmentzeaz gain.

Urdulizko ospitalean ere egon dira LABeko kideak, Osakidetzaren aldetik ematen ari diren pribatizazio ahaleginak salatzeko.


 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.