2025-12-29
Blog Page 981

Ez zaituztegu bakarrik utziko. Geuk ere, berriro egingo genuke

Borroka sozialetan errepresaliatutako kideek agerraldia egin dute gaur, Bilboko EAEko Auzitegi Nagusian. Bertan, datozen egunotan epaituko dituzten Iñaki Montes, Alexis Rodríguez eta David González langileei euren babesa helarazi diete. Kartzela zigorrei egin behar diete aurre hirurek.

Borroka sozialetan errepresaliatutako kideen adierazpena

"Gaur, hemen, batu gara gure elkartasuna eta besarkadarik beroena eskaintzeko azaroaren 24an eta 29an epaituak izango diren herrritarrei. Batzuk (Iñaki Montes) Troikako ordezkariek Bilbora etorri zirenean egindako protestengatik epaituak; besteak (Alexis Rodriguez eta David Gonzalez), beraien lanpostuen defentsan egindako borrokaren ondoren, enpresariaren mendeku gogoagatik auziperatuak.

Berton gaudenok, gure bizitzako momenturen batean borroka sozialen batean parte hartzeagatik errepresioa pairatu dugu: kartzela, epaiketak, isunak… Errepresioaren aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu, grebako piketeetan egoteagatik; eredu jasangarri baten alde borroka egiteatik; gure lanpostuen defentsan aritzeagatik; langile, gazte eta ikasleon eskubideen alde altxatzeagatik. Eta gaur bertora hurbildu gara mezu argi batekin: geuk ere, berriro egingo genuke!

Hori da batzen gaituena, eta ondorengo hau da egin nahi dugun ADIERAZPENA:

Neoliberalismoak agintzen du. Krisi ekonomikoaren aitzakiarekin inoiz ezagutu dugun eraldaketa sozial atzerakoienaren erdian gaude. Elite ekonomiko eta politikoen batasunak erreforma ziklo oso bat martxan jarri du, langileok, gazteok eta emakumeok berriro ere jarriz beraien aberasteko anbizioaren jopuntuan.

Erreformek prekarietate eredu berri bati ireki nahi diote atea. Eredu horretan hazkunde ekonomikoaren ardatza ez da eredu ekonomiko jasangarri bat, aberastasuna banatzen duen eredu bat; alderantziz, ekonomiaren ardatza langileon prekarietatean kokatzen dute. Langileok, pertsonak izatetik aldagai ekonomiko bihurtu nahi gaituzte. Eredu honetan lan erreproduktiboak ez dauka lekurik, ezta ingurumenak ere, eredu honetan ez dago gerorik, ez dago hurrengo belaunaldientzako lekurik.

Badakite eraldaketa hori ezin daitekeela egin jendartearen babesarekin, badakite jendarteak ez duela babestuko beraien seme-alabak prekarietatera kondenatzen dituen eredua. Horregatik, errepresioa da elite ekonomiko eta politiko horrek duen bitartekoa erresistentzia guneen aurrean. Horren adibide, horren tresna nagusi Mozal legea, bertoko instituzioak ere gogo onez ezartzen ari direna.

Hemen kokatu behar ditugu 24ko eta 29rako auziperatuen kontrako kartzela zigor eskaerak. Gaur egun, eta ez soilik Euskal Herrian, langileen eta aktibista sozialen kontrako kartzela zigorrak biderkatu egin dira, eta jada zoritxarrez lehenengo presoak ere ezagunak dira. Norabide errepresibo horretan elite ekonomiko eta politikoek berriro ere elkarrekin lanean daude: patronalak eskatu, politikariek onartu eta fiskalek gauzatu.
Euskal Herriak ez du agintzen erreforma ziklo horretan. Dena, kanpotik eratorria eta inposatua izan da, hemengo langile eta jendarteak ez dugu eredu ekonomikoaren inguruan erabakitzeko eskubiderik.

Erreforma ziklo hau ez da krisi bat gainditzeko ezarri, inposatu dituzten aldaketak estrukturalak dira eta luzerako geratzeko jarri dituzte martxan. Krisia aitzakia izan da, elite ekonomiko horren araberako eredu antisoziala erabat eraikitzeko.

Euskal Herrian denontzako aberastasun nahikoa sortzen da. Jatorri industrialak eta kokapen geografiakoak aukerak ematen dizkigu eredu ekonomiko jasangarri bat eraikitzeko, non aberastasuna sortzen eta banatzen den, gazteei lekua egiten diena eta aukera berdintasuna bermatu dezakeena. Ez dago diru faltarik, arazoa da eredu ekonomikoa erabakitzeko eskubiderik ez edukitzea. Hemen bizi eta lan egiten dugunok erabaki behar dugu zein den gure lan harreman eredua. Eta gainera, Euskal Herrian badago gure eredua erabaki nahi duen gehiengo argia.

Euskal Herriak berriro ere borrokatu behar du bere geroagatik, gure geroa erabakitzeko. Ezin dugu onartu inposatzen digutena, ezin dugu onartu lanpostuak eta eskubideak lapurtzea inpunitate osoz. Soilik antolatzen den herriak lortuko ditu bere helburuak.

Guzti horregatik behin eta berriro esango dugu: geuk ere, berriro egingo genuke borrokan!

Gure babes osoa erakusten diegu auziperatu hauei zein etorkizunean antzerako gaiengatik egon daitezkeenei. Eta dei egiten diegu herritarrei errepresioaren aurrean deitutako mobilizazio ezberdinetan parte hartzeari. "

PARTE-HARTZAILEAK

-JEZeko langilea eta Troika Bilbon egon zeneko auziperatua, Iñaki Montes, azaroaren 24an epaituko dutena.

-TMAko auziperatuak diren Alexis Rodríguez eta David González, azaroaren 29an epaituko dituztenak

-Troika Bilbora etorri zenenko inputatuak oraintsu arte

-Deustoko grebalarien ordezkaritza

-Greba orokor batean Gernikako piketean parte hartu zuten kideen ordezkaritza

-Sar Quavitae enpresako langileak

-Iberdrolako Dorrera sartu zirenen ordezkaritza

-AHTko proiektua salatzeagatik errepresaliatua

-INCOESA enpresako langileen ordezkaritza

-Tubos Reunidos enpresako langileak

-IKEAn egindako ekimen batengatik errepresaliatuen ordezkaritza

-Confebasken egindako ekimen bategatik auziperatuak

 

 

 


Pentsionistak Martxanek Herri Ekimen Legegilerako beharrezkoak diren sinadurak bildu ditu

Nafarroako Pentsionistak Martxan plataformak 6.500 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko, publikoki adierazi duenez. "Horri esker", esan dute, "aurkez dezakegu Herri Ekimen Legegilea Nafarroako Parlamentuan. Hartan eskatzen dugu, bertzeak bertze, lege bat eratu behar dela, non haren bidez, pentsio osagarri txikiagoa eta hileko 1080 €tako gutxiengo pentsio ezarriko liratekeen. Kopuru horri, gaur gaurkoz, duintasuneko gutxiengo sarreratzat irizten diogu".

Honekin batera "Sarrerok bat datoz Europako irizpideekin, horien baitan, gutxieneko diru-sarrera hori mantenurako, elikatzeak, janzteak, etxebizitzak, medikazioak, energiek,… eragindako gastuei aurre egiteko, behar diren gutxiengo oinarrizko premiak asebetetzeko adina den. Horrez gain, Herri Ekimen Legegileak proposatzen du Pentsio. Babes eta Gizarte Segurantzaren Erakunde Publikoa sortu behar dela, ahalmen arautzaile osoa izanen duena, non hiritarren pentsioak eta Babes Sozialaren diru sarrerak eta gastuak antolatu eta kudeatuko diren" adierazi dute.

"Gure poza eta esker ona adierazi nahi diogu Nafarroako gizateari ekimen honek jaso duen onespen handiagatik. Horren haritik, erabaki dugu sinadurak biltzeko epea luzatuko dugula; horrela, kalean iraunen dugu sostengu gehiago biltzen, eta aldaketa soziala sustatu nahi izanen duen pertsona ororen artean behar adinako indarra pilatzeko proposamenari estaldura emanen diogu. Honela, Nafarroan, Babes eta Gizarte Segurantzako berezko sistemaz hornitzeko helburura hurbilduko gara, eta bertan sortzen diren baliabideak eta aberastasuna ukan eta kontrolatu ahal izanen ditugu".

"Erran, Espainiako estatuaren pentsio sistemak ez dituela bermatzen pentsiodunen eskubideak, pentsio duinak eskuratu ahal izatea eragozten duela, erakunde pribatuen pentsioak sustatu eta garatzen dituela. Egungo legeriak eta honen joera murriztaileak dira, etorkizun hurbilean, pentsioa eskuratu ahal izateko, haren haszkundea mugatzen du, eta epe labur batean, txirotze handiago batera eramaten gaitu. Gure oinarrizko eskubide sozialen defentsan, herri aktibazio indartsuaren beharra dugu".

"Nafarroan, non eta pentsiodunok dagoeneko biztanleriaren %25 osatzen dugun, ez daukagu gaitasunik gure pentsioak kudeatzeko sistemarik egokiena erabakitzeko".
 

 

 

“Biolentzia matxistari aurre egitea denon ardura da”

Ostirala, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, mugimendu feministak hainbat mobilizazio egingo ditu, eta LABek hauekin guztiekin bat egin eta langileria deialdietan parte hartzera deitu du, “biolentzia matxistari aurre egitea denon ardura delako”.

Irtenbidea feminismoan sakontzetik etorriko dela nabarmendu du sindikatuak, eta instituzioak interpelatu ditu, “gai honetan behingoz anbizioz joka dezaten eta politika feminista ausart eta eraginkorrak abian jar ditzaten”.

Era berean, LABek bere borroka eta ildo feminista indartzeko apustua berretsi du, “feminismoa delako sexuaren araberako bereizketa gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko berme bakarra".

Hauek dira azaroaren 25erako aurreikusitako mobilizazioak: Baionan, 18:30ean, herriko etxetik; Bilbon, 20:00etan, Arriaga plazatik; Donostian, 19:00etan, Bulebarretik; Iruñean, 20:00etan, Gaztelu plazatik; eta Gasteizen, 19:00etan, Andra Mari Zuritik.

Hauxe da LABek, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, egindako adierazpena:

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA, URRATS FEMINISTA

Biolentzia matxistak gure biziak baldintzatzen ditu. Beldurraren bitartez, emakumeon eskubideak zapaldu eta bigarren mailako hiritarrak bilakatzea du helburu. 

Biolentziaren espresio gorena fisikoa bada ere, milaka espresio eta aurpegi ditu biolentzia matxistak. Etxean, kalean, lanean, eskolan, jaietan… matxismoaren adierazpenak pairatzen ditugu, egungo  jendartean oso errotuak daudelako eta onartu egiten direlako. Honen ondorioz, egoera hauek “normaltasunez” bizitzera behartzen gaituzte, arazo indibidual gisara salduz. 

Biolentzia matxista ez da modu isolatuan edo arlo pribatuan gertatzen den egoera bat, baizik eta egungo eredua kapitalista heteropatriarkala sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa. Emakumeok menpeko behar gaituzte ereduak aurrera egin dezan. 

Hortaz, biolentzia matxistari aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa da Euskal Herriko egungo sistema aldatu eta eredu berria eraikitze. 

Agerikoa da, arlo ezberdinetatik orain arte harturiko neurriak ez direla nahikoa izan. Ez dute inongo momentuan eredua bera zalantzan ipini eta, hortaz, adabakiak besterik ez dira izan. Egoera benetan konpondu nahi badugu, muineko arazoa, hau da, kapitalismo heteropatriarkala da aldatu beharrekoa. Hau gainditu ezean, nekez lortuko dugu libre izatea. 

Eta bide honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu irtenbidea soilik FEMINISMOAN SAKONTZETIK etorriko dela. Estrategia feminista indartsu baten bitartez soilik lortuko dugu, egiten ditugun borrokak jendartearen erdia baino gehiagok  pairatzen ditugun zapalkuntzei aurre egitea.  

Hau guztiagatik, LABen, gure borroka feminista indartuko dugu, feminismoa delako berme bakarra egingo ditugun aldaketak sexuaren araberako bereizkeriak gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko garaian. 

Bide honetan, ezinbestekoa da Euskal Herriko mugimendu feminista indartsua. Horregatik, datorren azaroaren 25ean mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Denon ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. 

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA, FEMINISMO GEHIAGO!
 

 

Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkezteko asmoa bertan behera utz dezala eskatu diogu Sidenorri

0

Sidenorreko zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkezteko asmoa azaldu du, bere lantoki guztietan gauzatzeko xedearekin. LABek enpresaren jarrera salatu eta ideia hori bazter dezala eskatu du. Sindikatuak uste du negoziazio kolektiboa baldintzatzeko helburua duela mugimenduak.

Sidenorreko zuzendaritzak lantoki guztietarako Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) aurkezteko azaldutako asmoaren aurrean, LABek ondorengoa adierazten du:

Lantoki guztietarako EEEa aurkezteko erabakia baztertzen dugu, uste baitugu ez dagoela horretarako arrazoirik. Zuzendaritzak, lantoki guztietarako erabateko malgutasuna lortzea du helburu neurri honen aurkezpenarekin.

Gainera uste dugu EEE honen aurkezpenarekin zuzendaritzak hurrengo hilabeteetan garatu beharreko negoziazio kolektiboa baldintzatu nahi duela.

Beraz, EEEaren aurkezpena bertan behera uzteko eskatzen dugu, eta zuzendaritzaren etorkizuneko asmoei buruzko informazioa eta argitasun gehiago eskatzen diogu zuzendaritza berari. 
 

 

 

Mobilizazioekin jarraituko dute Inauxa-Mubean, zuzendaritzaren xantaiari aurre egiteko

0

Inauxa-Mubeako langileen enpresa batzordeak jakinarazi du mobilizazioekin aurrera jarraituko duela, zuzendaritzaren “xantaiari” aurre egiteko. Joan den astean, ordu erdiko elkarretaratzeak egin zituzten egunero, hitzarmen duin bat eskatzeko eta erretiratzeko asmoa duten bi lankidek enpresaren ezetza jaso zutela salatzeko. Egoerak bere horretan jarraitzen duenez, langileek ohartarazi dute mobilizazioak gogortzeko prest daudela, “gure bi lankideak jubilatzeari eta langileontzako hitzarmen duin bat negoziatzeari uko eginez gero”.

LAB, UGT eta ELA sindikatuek osatzen dute enpresa batzordea Amurrioko lantegian. Langileen iritziz, jubilatzeko prest dauden langileak erabili ditu zuzendaritzak, bere aldeko hitzarmen bat lortzeko. “Kontua da bi langileok jubilatuta egon beharko luketeela, batak irailean eta besteak hilabete honetan, baina zuzendaritzak horri uko egin dio, hitzarmen kolektibo berria sinatu arte bederen. Eta hitzarmenean atzerapausoak proposatzen dizkigu; lan jardunaldia luzatzea, murrizketak desgaitasun iragankorren kasuan eta egutegi prekarioak aldi baterako langileentzat, besteak beste”, azaldu dute.

Urte hasieran ekin zioten hitzarmena negoziatzeari, egin ohi duten bezala. Lankide batek erretiro partziala lortu zuen urtarrilean bertan, akordio-markoan oinarrituta. Bada, oraingoan jubilazioa eskuratu behar dutenekin presionatzen dabil zuzendaritza: “Ez genuen espero, duela hiru hilabete eskas pasatu direlako Mubea multinazional alemanak lantegia erosi zuenetik, eta logikoena integrazio ordenatu eta lasai bat izango litzateke, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin”.

Zuzendaritza konbentzitzen saiatu dira zenbait hilabetez, jubilazioek alde guztiei egin ohi dielako mesedez: “Langilearen eskubidea da, 30 urte baino gehiagoz lanean aritu ondoren; erreleboa ematen duenari egonkortasun handiagoa ematen zaio; lan taldearen berritze egokia eta beharrezkoa gauzatzen da; enpresarentzat errentagarria da ekonomikoki; eta barruko laneko giroari ere mesede egiten dio, gauzak modu logiko batean gertatzen direlako”.

Enpresa batzordeak nabarmendu du ez duela “xantaia” onartuko, eta mobilizazioekin jarraituko duela, langileek eurek aho batez erabaki hori hartu eta gero.

 

 

 
 

Mercedes Gasteizeko aurreakordioak prekarietatea gehiago dakar langileentzat, enpresaren irabaziak handitzeko

0

LABek oso negatiboki baloratzen du Mercedes Benzeko zuzendaritzak eta gutxiengoa diren UGT, PYM eta Ekintza sindikatuek erdietsitako aurreakordioa. Langileen bizkar negoziatua izan den, eta hortaz antidemokratikoa izan den aurreakordio honek Zuzendaritzaren aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu, prekarietatea areagotuz.

– 5 urteko iraupen oso luzea, enpresak nahi zuen moduan bake soziala bermatzeko.
– Soldata igoera txikiak (%1,8), KPIarekin inolako loturarik gabe. Gogoratu behar dugu 2015an 77 miloi euroko irabaziak izan zituela Mercedes Benz España enpresak, inoizko hoberenak.
– Kontratazio berrientzat soldata eskala bikoitza bikoizten du: diskriminazio egoera hau urtebetetik bi urteraino luzatuz.
– Malgutasuna areagotzen da langileentzat.
– Lan erreformaren kontrako klausularik ez da jasotzen, hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko.

Horren truke, enpresak soilik bermatzen du 500 lanpostu finko sortuko dituela eta, beste hainbeste ekoizpenaren arabera. Gogoratu behar dugu horietako 300 aurreko hitzarmenean adostu zituztela. Gainontzekoen kasuan, legeak berak behartzen du Mercedes horretara, iruzurrean aldi baterako kontratatutakoak baitziren, 8 urte baino gehiago baitaramatzate lanean. Beraz, finkoak izan beharko luketen beste hainbeste langilek (ia 1.000) aldi baterako kontratuarekin jarraituko luke.

Hortaz, enpresaren neurrira egindako aurreakordioa da sinatu dutena, Mercedesek emaitzarik onenak izan dituen urte honetan, bai maila lokalean zein mundu mailan. Fakturazioa %25 igo da, eta irabaziak %30 igo dira. Zuzendaritzari soilik on egiten dion aurreakordioa, alegia.

 

 

 

Bizkaiko Batzar Nagusietara eramango dugu zaharren egoitzetako gatazka

Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak borrokan daude, zerbitzuen kalitatea geroz eta okerragoa delako eta, pribatizazioaren ondorioz, lan baldintzak oso prekarioak direlako. Hori dela eta, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta zaharren egoitzetako hainbat delegatuk agerraldia egin dute Bilbon, gaur goizean, irtenbide bat proposatzeko asmoz. Hain zuzen ere, sindikatuko ordezkariek aurreratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politikoekin bilerak eskatuko dituztela, gatazkaren benetako dimentsioari heldu eta modu aktibo batean parte har dezaten.

LABek bi eskaera egingo dizkie alderdiei: batetik, Kontzertazio Pliegoak aldatzeko eskatuko die, plaza bakoitzeko prezioa nahikoa izan dadin; bestetik, eskatuko die pliegoetan klausula sozialak barneratu eta zerbitzuaren ebaluazio neurriak har ditzatela. “Langileen lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak eman behar direla pentsatzen dugu, gaur egungo lan hitzarmenaren mugetatik harago. Arrazoi hauek direla medio, gatazkak dimentsio eta intentsitate handiagoa hartu behar duela uste dugu, langile guztien parte hartzearekin, baita esparru politikoan ere”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.

Hala, abenduaren 16rako Bilbon deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute, sektoreko langile zein erabiltzaileen artean. Gizarte eragileei ere dei egin diete, gatazkak benetako dimentsio politikoa duen neurrian.

LABen iritziz, Bizkaiko zaharren egoitzen gatazka ez da soilik lan gatazka bat, lan hitzarmenak ez baitie langileen arazoei heltzen. Arazoa erabaki politikoetan datza, pribatizazioan eta merkantilizazioan. Erakundeak enpresa pribatuen mesedetan aritzen dira, zainduak izan behar duten pertsonen kalterako. “Horretarako, langileen lan baldintzetan iraultza bat eman behar da ezinbestean, eta gizarte zerbitzuen alorrean erabaki politiko berriak hartu”, nabarmendu dute.

Horrenbestez, aldundiak ezin dio bere ardurari muzin egin, aldundiak berak hartutako erabakiak baitira gatazkaren iturri. Zerbitzuen kalitatea eta langileen lan baldintzak eskutik helduta doaz. Arazoa, beraz, politikoa da. Hori da LABek behin eta berriz planteatu duena, Bizkaiko zaharren egoitzen lan hitzarmenaren negoziazioari begira ere. Honen harira, Eusko Jaurlaritzaren aurrean 27.000 sinadura aurkeztu zituen sindikatuak, 1998. urteko gizarte zerbitzuen dekretua bertan behera uzteko eskatzeko.

Bizkaiko aldundiaren kasuan, egoitzen titulartasun publikoa mantendu arren, gestio pribaturako apustu garbia egin zuen legea aplikatzerakoan. Helburua argia da: diru publikoa esku pribatuetan jarri, zerbitzu publikoen merkantilizazioari bide emateko. Gainera, zaharren egoitzetan gestioa egiten duten enpresak irabazi asmoa daukaten enpresak dira, ez dira sektorean lan egiten duten elkarteekin itunduta dauden zerbitzuak. Honek zerbitzuaren kalitatean galera handiak ekarri ditu, langileen lan baldintzak are eta gehiago prekarizatzeaz gain.

“Argi esan dezakegu Bizkaiko zaharren egoitzetan alarma guztiak piztuak daudela, ematen den zerbitzuaren gainbehera ikusita. Egoera hori maila asistentzialean nabaritzen da, baita lan baldintzetan ere. Bata zein bestea, egoitzen langileen bizkarrean erortzen den zama da”, erantsi dute sindikatuko kideek.
 

 

 

Lanuzteak CAFen azpikontratazioen kontra

0

Lan produktiboen azpikontratazioak eteteko eta tailerreko langileen zein enplegatuen kontratazioak burutzen hasteko Komiteak eta langile batzarrak Zuzendaritzari egindako eskaerari, azken honek emandako erantzun ez nahikoaren aurrean, mobilizazioak onartu dituzte Beasain eta Iruneko langileak lantokiko batzarretan. Ordu estrarik ez dituzte egingo eta lanuzteak egingo dituzte azaroaren 29an, abenduaren 1, 5 eta 7an.

MOBILIZAZIOEN DEIALDIAK
4 orduko lan-uztea, azaroaren 29an eta manifestazioa Beasainen (azoka eguna)
2 orduko lan-uzteak abenduaren 1 eta 5ean
4 ordukolan uztea abenduaren 7an, eta manifestazioa Ordizian (azoka eguna)

LANTOKIKO BATZARREN EMAITZAK

 

 

 

Azaroaren 25ean Sakanako langileak mobilizatzera deitzen ditugu Altsasuko herriarekin elkartasunez

0

LAB eta ELA sindikatuek Altsasuko herriaren aurka eramaten ari den kanpaina salatu nahi dugu. Ohar honen bitartez bat egiten dugu Altsasuko Udalak onartutako agiriarekin eta ondorioz Altsasuko Udalak, atxilotuen senitartekoek eta Altsasuko herritarrek deitutako manifestazioarekin bat egin nahi dugu, bertan parte hartzera dei eginez.

Modu berean Sakanako langileei dei egiten diegu datorren azaroaren 25ean lan zentro guztietan, gosari edo deskantsu denboretan, atxilotutako senitartekoei eta Altsasuko herriari elkartasuna adierazteko ekimenak bultza ditzaten honako adierazpenean oinarrituz:

1.- Gure egin nahi dugu urriak 14 astelehenean atxilotutako senitartekoen sentipena, babesik gabe eta euren seme alaben etorkizunagatik arduratuta. Gertakizunen sobredimentsioak eta jaso ditzaketen zigorren desproportzioak terrorismo ekintza balitz bezala Audientzia Nazionalean epaituz, egoera hori jasan ezina egiten du.

2.- Horregatik Nafarroako instituzio guztiei, gertakizun horiek Nafarroako 3. instrukzio epaitegietan tramitatu daitezen eskatzen dugu. Han hasi baitziren tramite guztiak, han baitaude Polizia Foraleren informeak, epaitegi hau izan baitzen bere garaian kasua bere gain hartu zuena eta gai honetan konpetentea delako.

3.-Gure desadostasuna agertu nahi dugu gertakizun hauen izaera penalagatik, terrorismo izaera eman izana. Gure desadostasuna adierazi nahi dugu ere, atxiloketengatik eta aurreikusi behar ez ziren neurriengatik.

4.- Gure herrian bakearen eta elkarbizitzaren aldeko hautua egiten dugu, elkarrizketa indartuz eta arduraz jokatuz guztion artean aurrera egingo dugu.

5.- Altsasu herriaz eman den irudia erabat errefusatzen dugu (ez baitu zerikusirik errealitatearekin), baita medio ezberdinetan agertu diren gazte eta adin txikien informazio pribatua.

6.- Altsasuko Udalak, senitartekoek eta herritarrek datorren urriaren 26ean deitutako manifestazioan parte hartzera deitzen dugu.

Aipatutako deskantsu eta gosari denboratan, kontzentrazioak eta argazkiak egingo dira #Altsasu lelopean lan zentro guztietan. Argazkiak #Altsasu hastagh-a erabiliz sare sozialetara igoko dira. Era berean altsasuelkartasuna@gmail.com korreora ere bidali ahalko dira argazkiak.

LAB – ELA
Altsasun, 2016ko azaroaren 18an