2026-10-20
Blog Page 977

Akordio duina nahi dute AZTIko langileek

0
AZTIko langileek errespetu gehiago eskatu dute, eta euren gaitasuna eta ahaleginak aintzat hartzea, erosteko ahalmena eta lan-baldintza duinak ziurtatuko dizkieten hitzarmen baten sinaketaren bidez, soldata apalak, prekarizazioa, behin-behinekotasuna eta bermerik ezean oinarritutako zientzia eta ikerketa sistema gainditzeko.

Hauxe da AZTIko enpresa batzordeak kaleratu duen oharra:

Fundación AZTI – AZTI Fundazioa Euskadin erreferentziazko erakundea da ozeanografiaren, arrantzaren eta elikagaien ikerketan. AZTI-SIO izenarekin, eta izaera publikoa gordez, “Servicio de Investigación Oceanográfica”ren (SIO) eta “Arrantzarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea”ren (AZTI) bat-egitearen ondorioz sortu zen. 1994.ean AZTI izena hartu zuen.

Eusko Jaurlaritzak erakundea pribatizatzea erabaki zuen 1997. urtean, Fundación AZTI – AZTI Fundazioa sortuz, itsasoaren eta elikagaien ikerketari bideratutako irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua. Fundazio hau Eusko Jaurlaritza kide nagusi zen patronatu batek zuzentzen zuen. Hala, kontrola eta boterea mantentzen zituen, baina administrazioa konprometitu gabe. Gaur egun, arrantza-sektoreari patronatuko bi leku utzi ondoren eta kide berrien sarrerarekin, erakundearen kontrol publikoa lausotu egin da, nahiz eta egoitza nagusia eraikuntza publiko batean dagoen eta sorreran kide pribatuek 10 milioi pezeta bakarrik eman zituzten, Eusko Jaurlaritzak 270 eta AZTIk 384 jarri zituztenean.

2011az gero langileen soldatak izozturik daude, nahiz eta urtero, urte batean izan ezik, Fundazioaren emaitza ekonomikoak positiboak izan diren. Zuzendaritzak erakundearen jasangarritasuna erabili du neurria justifikatzeko arrazoitzat, eta hala onartu dute langileek krisiaren urteetan indarrean egon den hitzarmen kolektiboan. Gaur egun, enpresaren emaitzek eta aurreikuspen makroekonomikoek susperraldi bat erakusten dute. Hala ere, Zuzendaritzak ez du hori langileen baldintzen hobetzean isladatu nahi.

Urtebete luzez hitzarmen berria negoziatzen aritu ondoren, orain etenik dago negoziazioa Zuzendaritzak ez duelako onartzen soldatak KPIaren arabera eguneratzea. Aldi berean, erakunde txiki/ertain honetan dagoen goi-karguen ratioak (10 goi-kargudun 230 langilerentzat) ez du parekorik EAEko erakundeen artean. Gainera, azken urteotan, Fundazioak hainbat enpresatan inbertitu du, horietako batzuk zalantzazko errentagarritasuna zutenak edo zuzenean defizitarioak. Beraz, AZTI Fundazioko langileek sortzen dituzten irabazien xedea eztabaidagarria behintzat bada. Ez da dirurik egon gure erosteko ahalmena mantentzeko, baina bai zalantzazko enpresa-abenturetarako eta neurriz gaindiko goi-kargudun kopurua mantentzeko.

Konpromiso, motibazio, parte-hartze, bikaintasun eta ardura bezalako hitzek betetzen dituzte Zuzendaritzaren aurkezpen eta hitzaldiak, baina bere erabakietan ez dira agertzen esker on eta sustapen ekintzak. Izan ere, AZTIra sartu zenetik inolako sustapenik izan ez duen hainbat langile dago, askok 10 urte baino gehiago daramatelarik lanean, nahiz eta beraien lanbide-kategoriarekin bat ez datozen lanak egin eta ardurak hartzen dituzten. Askotan, lan bajak beteko dituen ordezkorik ez da hartzen eta, zoritxarrez, lan-gainkargak ohikoegiak dira.

AZTIko langileok errespetu gehiago eskatzen dugu, eta gure gaitasuna eta ahaleginak aintzat hartzea, erosteko ahalmena eta lan-baldintza duinak ziurtatuko dizkigun hitzarmen baten sinaketaren bidez. Ikerketa-zentro honetan akordio bat eskatzen dugu, soldata apalak, prekarizazioa, behin-behinekotasuna eta bermerik eza oinarri dituen zientzia eta ikerketa sistema bat iraunaraziko ez duena.
 

 

 

Eraldaketa feminista gauzatzera goaz

Eraldaketa feminista premiazkoa dugu. Aldaketa hau gauzatzeak, Euskal Herri feminista eraikitzea eta LAB sindikatu feminista izateak gure teoria eta praktikan erabateko iraulketa ekarriko du. Erronka honi heldu nahi diogu eta aintzindari izateko borondatea dugu. Zentzu honetan aldaketak etxe barrutik hastea erabaki dugu eta urrats berri bat eman dugu gaur Gasteizen, eta bihar Iruñean, burutuko ditugun batzarretan.

LABek bere sorreratik erabaki hausartak hartu zituen eta sindikatua erreferente bilakatu zen. Emaiatzak agerikoak izan arren ibilbide luzea dugu aurretik. Egungo sistemaren erdigunean kapitala eta merkatuak daude eta bizitza erasotzen du. Honen aurrean eredu berria aldarrikatu eta eraikitzera egin behar dugu jauzi. Bizitzaren sostengarritasuna izan behar da gure helburua.

Bestelako eredu bat eraikitzeaz ari garenean, bestela bizi, ekoiztu, kontsumitu eta inguruarekin zein beste prestonekin harremanak izateko bestelako era batez ari gara. Bizi baldintza duinen aldeko borroka erdigunean kokatuko duen sindikatua izatera pasa behar dugu. Honek eragin zuzena izango du gure funtzionatzeko eta lan egiteko moduetan, egungo lan egiteko erak zalatzan jartzeraino.

Norabide honetan hainbat erabaki hartu ziren amaitu berri dugun Biltzar Nagusian. Hala nola kapital-bizitza konfliktoa eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jartzea eta horien arabera antolatzeko egitura berriak sortzea. Erronka mardula da eta ezinbestez sindikatu guztia bustiko duena. Guztiok izan behar dugu prozesu horren protagonista eta subjektu aktibo. Horregatik lehenbiziko urratsa sindikatua osatzen duten emakume eta gizonekin datozen urteei begira hartuko dugun norabidea konpartitzea izan da.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu dugu AHTri buruzko txostena

0

EKOPOLek, EHUko Ekonomia Ekologiko eta Ekologia Politikorako Ikerketa taldeak, AHTri buruzko lan bat egin du, LABek eta ELAk eskatuta. “Euskal Y-a: irtenbide gabeko atakan” da txostenaren izenburua, eta gaur jarri dugu Legebiltzarreko taldeen eskura, LABeko Urtzi Ostolozagak eta ELAko Nora Onaindiak Gasteizen erregistratu eta gero.

EKOPOLek egindako txostena joan den otsailean aurkeztu genuen komunikabideen aurrean. Orduan esandakoa berretsi du gaur Urtzi Ostolozagak.

Hain zuzen ere, gogoratu du langileok hasieratik egon garela Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurka, langileon eta euskal jendartearen interesen aurkakoa delako. "Lan hau jasota, urteetan zehar esaten egon garenean berresten gara, proiektuaren alde daudenen aurrean. AHTk ez ditu euskal herritarron mobilizazio arazoak konpontzen, eta beraz, ez da beharrezkoa", adierazi du. "Izugarrizko kalte ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak eragin ditu AHTren proiektuak, eta aurrerantzean eragiten jarraitzea ekidin behar dugu. Langileontzat onura sozial bakarra ez du ekarriko, bai irabazi itzelak enpresa gutxi batzuentzat, hori da justifikazio bakarra", erantsi du.

Txosten honekin diskurtso ofiziala desmuntatu eta borrokarako tresna berriak sortu nahi izan ditugula jakinarazi du, alternatibak badaudelako; "merkeagoak dira gainera, gaur egun martxan dagoenaren gainean inbertsioa egitea delako", berretsi du.
 

 

[BIDEOA] Kutxabank publikoa, iruzurrik ez!

Cabieces auzian gertatutakoa eta herri akusazioak egindako lana azaltzen duen bideoa. Kutxabank publikoa, iruzurrik ez herritarroi!
 

 

 

“Asteburuan arriskuak hartzera behartuak egongo gara berriro”

Etxeratek agerraldi bat egin du goizean Antiguako frontoian, sakabanaketak aurten eragindako seigarren errepide istripuaren harira. Hain zuzen ere, Asier Ormazabalen bi lagun, LABeko kideak biak, istripu berri baten biktima izan ziren larunbatean. Teruelgo espetxetik zetozen, eta Zaragoza inguruan izan zuten ezbeharra. Gaur arratsaldean, 19:00etan, elkarretaratze batera deitu dute Donostian, Antiguako Benta Berri plazan.

Sakabanaketa politikarekin amaitzeko exijitu dute gaurko agerraldian. "Asteburuan arriskuak hartzera behartuak egongo gara berriro", ohartarazi dute. "Etxean eta bizirik nahi ditugu", adierazi dute, eta sakabanaketarekin amaitzeko erabakiak ezin duela "gehiago itxaron" nabarmendu dute. "Sakabanaketa biktima berrien zain dago", deitoratu dute.
 

 

 

Prekarietateak hiltzen du, itsasoan ere

Euskal gehiengo sindikaletik berriro exijitu nahi dugu arrantzale eta itsasgizonen osasuna gauza guztien gainetik bermatzea. Itsasontziak edozer istripu ekiditzeko prestatuak dauden pertsonak kontratatu ditzala, eta administrazioek eta armadoreek inbertitu dezatela dagokien diruak itsasgizonen osasuna bermatzeko. Elkarretaratze bat egin dugu gaur, Lekeition, ostiralean Nigeriako uretan gertatutako lan heriotza salatzeko.

Lehenego eta behin gure samiñik eta elkartasunik haundiena eman nahi diegu joan zen ostiralean Nigeriako uretan hil zen itsasgizonaren familiari. Baina zoritxarrez ezin dugu ahaztu joan zen astean beste bi langile ere hil zirela lan istripuetan. Eta jada 27 langile dira urte hasieratik lan istripuz hil diren langileak. 

Gaur egungo krisi ekonomikoak lanpostuak inoiz baino gehiago prekarizatu ditu, itsasoko lanetan diharduten pertsonei dagozkienak ere. Beraien lan baldintzak, istripu bat gertatu ez gero ezer ezin egina, ez medikurik, ez soroslerik, urruntasuna…
Batzuen aberasteko goseak langileen bizitzen kontura izaten dira. Eta ezin da onartu.
 

 

 

Lanuzteak EAEko Telelaguntza Zerbitzuan, kalitatezko zerbitzu eta lan-baldintzen alde

Telelaguntzako zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak alegia, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea jaisten ari da, beti ere, haren irabaziak handitzeko helburuan. Honez gain, azpimarratu behar da, 2011ko uztailaz geroztik, 85 langile izatetik 105 langile izatera igaro dela, baina zerbitzuaren erabiltzaile kopurua 21.000 izatetik 45.000 izatera igaro da. Elkarretaratze bat egin dugu goizean egoera salatzeko, eta, era berean, lanuzteei ekin diegu gaur bertan.

EAEko Telelaguntzako Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da; hark erabaki zuen azpikontratatuko egin zuela zerbitzu publikoa, lehiaketara atereaz.

Hau guztia are larriagoa da, kontutan hartzen badugu zerbitzua Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteari esleitu ziotela duela 9 hilabete, gutxi gorabehera, 15.000.000 euroren truke, aurreko esleipean baino miloi bat euro gehiagorekin. Horrela, ia 5 milioi eurotako izan da enpresa horrek diru publikotik lortu duen irabazi-marjina.

Ahalik eta mozkin gehien lortzeko, zerbitzua kudeatzen duen Aldi Baterako Enpresa-elkartea, lehenengo eta behin, aldatu egin du erabiltzaileen lesiorik eragin gabeko erorketen protokoloa, enpresako langileak bidali baino (urte askoan halaxe egin zen, eta hura erabiltzaileek eta senideek ondo baloratu dutena) nahiago dute senideei deitzea erabiltzaileak jasotzeko, eta ondorioz, atzeratu egiten da maiz laguntza. Jokabide berri horrek senideen eta erabiltzaileen hamaika kexu ekarri du; kexuok ez dira administraziora iristen. Honela, enpresak bere langileen parte hartze kopurua murriztu nahi izan du, eta laneko txandak ezabatu eta azpikontratazioaren bidez ordezkatu izana justifikatu.

Hau guztia gutxi balitz ere, eta ekipamenduak instalatzeko epe berriak bete daitezen, alta berriak eman direlako, eta era berean, erabiltzaile berrien balorazioa egiten duten langileek bisitak egin behar dituztenez, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak langile kopurua handitzearen hautua egin baino, zerbitzu beraren muina erabat aldatu nahi du, egun arte eskaintzen zen zerbitzu teknikoari dagokionez. Horretarako, erabiltzaileen etxebizitzetara ekipamendua bidaltzea azpikontratatu du, eta bide batez, teknikariek instalatu beharrean, haiei dagokielako aipatu eginkizuna urte askotan egin den antzera, gizarte lanak betetzen dituzten langileek egin ohi dute. Enpresak jarduteko modu berriaz diharduenez, telelaguntzako zerbitzuaren kalitatea urrituko dela igarriko da: beranduago, behin baino gehiagotan joan beharko dutelako teknikariek, gizarte lanetaz arduratzen direnak gauza izango ez direlako tresneriaren instalazio zuzena egiteko. Horrek eragingo du senideek beste egun bat bertan egon behar izango dutela, zegokion unean ezin izan delako ekipamendua instalatu.

Eusko Jaurlaritza da honen konplizea, gaur gaurkoz ez duelako ezer egiten egoera zuzen dadin, are gehiago, haren esku dagoenean egoera zuzentzeko eskumena zerbitzuaren titularra izanik.

Honengatik guztiarengatik, zerbitzuan dihardugun langileok erabaki dugu mobilizazioei ekingo diegula egoera hau salatzeko. Era berean, jasotzen den zerbitzuaren kalitatea urritu izanak eragin senideak eta erabiltzaileak animatzen ditugu kexuak luza ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako zerbitzura deituz (012) edo bestela, Eusko Jaurlaritzara joz.

Hauek dira aurreikusitako lanuzteak:

-Ekainak 6, 10, 12, 17, 19 eta 24. 11etatik a 13etara eta 18etatik 20etara

-Ekainak 30: 10etatik 20etara.

-Uztailak 1: 11etatik 13etara eta 18etatik 20etara.
 

 

 

BEC-ek emakumeak diskriminatzen dituela salatu dugu

Orain dela urtebete inguru, jubilatu ziren hiru langileren ordezkapenak egiteko kontratazio berriak egin zituzten BECen. Aurretik zeuden langileak, hiru gizon, lehen mailako ofizial administratibo kategoria zuten. Ordezkapena egiteko kontratatu zituzten langile berriak, hiru emakume, nahiz eta funtzio eta ardura berdinak bete eta prestakuntza maila altuagoa izan, bigarren mailako ofizial administratibo kategoriarekin kontratatu zituzten. Egoera hau slatzeko elkarretaratze bat egin dugu BEC-en aurrean, Barakaldon.

Enpresa komitean, egoeraren berri jakin zutenean, honen zergatiaren inguruan galdetzeko Giza Baliabideetako Departamentuarekin harremanetan ipini ziren. Hasiera batean “froga” aldian soilik izango zela aipatu bazieten ere, nahiko susmo txarra hartu zioten egoerari, oinarrian sexuaren araberako diskriminazio kutsua ikusten baitzuten. Ondorioz, honen jarraipena egiteko ardura hartu zuten.

Dagoeneko ia urtebete pasatu denean ez diete kategoria aldaketarik egin. Gainera, orain enpresa-komitetik giza baliabideetako arduradunarekin gaiaren inguruan berriro hitz egin dutenean, zeuzkaten susmo txarrak baieztatu dizkiete eta aipatu die ez dituztela dagokien kategoriara aldatuko, bestelako azalpenik gabe.

Hau dela eta, sexuaren araberako diskriminazio zuzenaren aurrean aurkitzen garela argi dugu. Izan ere, jarduera hau generoagatiko diskriminazio zuzenaren adibidea da eta modu argian urratzen du Eusko Jaurlaritzaren 2005eko Emakume eta Gizonen arteko berdintasun Legea. Honen arabera:

“Zuzeneko bereizkeria dago pertsona bat sexuaren zioz edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta –haurdun egonda edo ama izanda, esaterako– beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen denean. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, laneko sexu-jazarpena sexuaren ziozko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da.”

Gainera, ezin dugu ahaztu enpresa publiko bati buruz hitz egiten ari garela, egoera hau oraindik eta larriagoa egiten duena. Hau da, praktika matxista hauek diru publikoz laguntzen dituzte berdintasun legea urratzen ari duten bitartean. Hortaz, ulertzen dugu ikerketa ireki behar dela bide administratibo eta penaletik, eta praktika diskriminatzaile hauekin jarraituz gero, diru publikoz laguntzeari utzi eta dagozkion neurriak hartzea exijitzen dugu.

Argi dugu BECen, emakumeon diskriminazioan oinarritutako prekarizazio prozesua martxan jarri nahi dutela eta emakumeak erabiltzen gaituztela helburu honetarako. Alegia, egungo jendarte kapitalista heteropatriarkalaren logikan, horrelako jarduera matxistek lekua daukate eta inpunitatez praktikatzen jarraitzen da, lan-baldintzak kaskartzeko helburuarekin.

LABek ez ditu onartzen eta ez ditu inoiz onartuko matxistak eta emakumeekiko diskriminatzaileak diren jarrera hauek, emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunari mesede eskasa egiten diotenak. Lanean jarraituko dugu eta mota honetako diskriminazioa jasaten dutenak defendatzera animatuko ditugu, Euskal Herritik erauzi arte. Era berean, instituzioei exijitzen diegu behingoagatik Berdintasun Legea ezarri dezatela eta berau benetan bete dadin beharrizko dituzten mekanismoak jar ditzatela.
 

 

 

LABek eta ELAk, Nafarroako lan hitzarmenei lehentasuna emateko helburuarekin, bilera egin dugu CEN patronalarekin

0

ELAk eta LABek azken boladan salatu izan dutenez, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak eragin kaltegarriak ditu, hauen ondorioz okerrera egiten baititu milaka langile nafarren baldintzek. Horregatik, asteleheneko bileraren helburua bertako hitzarmenei —eta ez Madrildik inposatutakoei— lehentasuna emango dien akordio bat lortzea zen. Helburu berarekin datozen asteetan UGT eta CCOOekin bilduko gara.

Zapateroren gobernuak 2011n bultzatu zuen lan-erreformaren ondorioz estatu mailako lan-hitzarmenek eremu hartarako, eta soilik harako, gordetzen dituzte negoziatzeko gai jakin batzuk; horrenbestez, indargabetu egiten dituzte sektoreko hitzarmen probintzialak, osorik edo zatiren batean. Esaterako, UGT eta CCOO Madrildik inposatzen ari diren hitzarmen estatalekin (eraikuntza, ostalaritza, metalgintza, sukaldaritza kolektiboa…) zenbait kasutan soldatak erdira ere jaitsiarazten ari dira.
Beraz, agerikoa da Nafarroan ezinbestekoa dela horrelako akordio bat. Negoziazio horri ekiteko ELAk eta LABek dei egiten die beste sindikatuei eta CEN patronalari. Izan ere, EAEn ELA, LAB, UGT, CCOO eta Confesbask-ek ezaugarri horietako akordioa sinatu zuten 2017ko urtarrilean.

Asteleheneko bileran sindikatuetatik parte hartu dute Imanol Pascualek, ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna eta Imanol Karrerak, LABeko bozeramailea Nafarroan.

Hurrengo egunotan ELA eta LABeko arduradunek UGT eta CCOO sindikatuekin elkartuko dira Nafarroako Lan hitzarmenei lehentasuna emango dien akordioa proposatzeko.