2025-12-31
Blog Page 977

Egin dezagun Hezkuntzako beharrei begirako Lan Eskaintza Publikoa

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ikasturte honen hasieran Nafarroako Irakaskuntzako Mahai Sektorialean Administrazioak Bigarren Hezkuntzako oposizioak deitzeko egitasmoaren aurrean gure kezka eta kontrako iritzia adierazi nahi dugu. Hiru sindikatuok garbi adierazi dugu ganoraz aztertu behar dela zein den oraingo irakaskuntzako errealitatearen abiapuntua. 

Lehenik eta behin, egoeraren diagnosi sakon bat egin behar dela uste dugu, etorkizuneko beharrak identifikatzeko, eta, ondoren, ahalik eta oposaketa prozesu aberatsena aurkeztu (ahalik eta plaza gehien behar gehien duten espezialitateetarako…), ikasleek eta ikastetxeek ahalik eta lan talderik egonkorrenak eduki ahal izateko eta ehundaka langile prekarietate egoeratik atera ahal izateko, Hezkuntza publikoaren kalitatea bermatuz.

Ezin dugu ahaztu, alde batetik, murrizketak bertan behera geratuko balira irakasle kopurua handituko litzatekeela; eta bestetik, Europatik etorritako epaiaren aplikazioaren ondorioak plantiletan eraldaketa handia ekar dezakeela, besteak beste. Laburbilduz, lan taldeen osaketarako irizpideek hezkuntzako planifikazio orokorrari lotuak egon behar dutela.

Hezkuntza Departamentuak oraindik ez digu aurkeztu zein espezialitate deituko duen oposaketarako, zenbat plaza espezialitateko, nolakoa izanen den deialdia, gutxieneko berme juridikoak egonen diren aurkezten diren irakasleen eskubideak babestuak izan daitezen.

Iaz bezala azkar eta presaka egindako deialdia ez ote den izanen aurten ere sumatzen dugu, berriro irakasleen artean etsipena sortuko duena denboraz berandu ateratzen delako, behar den prestaketa baldintzatzen baitu.

Honela izanda, garbi esan nahi dugu ez dugula onartuko berriz arduragabekeriaz kudeatutako prozesua berriro eta hau ekiditeko lan egiteko konpromisoa berresten dugu. Gure ustez, jadanik epeak eta baldintzak Lan Eskaintza Publikoa (LEP) era egokian garatzeko ez dira betetzen: ahalik eta zabalena plaza kopuruari dagokionez eta kalitatezko irakaskuntzari erantzunen diona, hizkuntza eta lan eskubideak bermatzen dituena eta kontrako edozein estrategia juridikoa saihesteko modukoa.

LEP honen kudeaketa ezin da denboran gehiago luzatu inolako justifikaziorik gabe; ondorioz, goazen baldintza egokiak sortzera LEPa deialdia egin baino lehen: atera dadila LEPa ikasturte honetan baldintza egokietan eta datorren ikasturtean izan daitezela Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak.

Beraz, ez dugu ikusten ikasturte honetan Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak egiteko, ez baldintzarik ezta aukerarik ere.

Gobernuari berari gure eskua luzatu nahi diogu elkarrekin lan egiteko eta LEP honen ezaugarriak guztion artean lantzeko. Hau da, hemen dagoen gehiengo sindikalarekin batera legealdi honetarako Hezkuntzan egon daitezkeen erronka nagusien inguruan eztabaidatzeko aldebiko prozesua irekitzea eskatzen diogu. Horretarako gure prestutasun osoa eskaintzen diogu.

Hezkuntza Departamentuak aurreko prozesutik ikasgaia ikasita badu, aldi berean Nafarroako jendartearekin hartutako aldaketarako konpromisoa betetzeko asmorik badu, gure prestutasuna luzatu nahi diogu bidea elkarrekin egiteko.
 

 

 

Akordioa lortu dute Usurbilgo Ingemar enpresan, bost hilabeteko greba eta gero

0

Ingemar enpresako langileek Usurbilgo marmol lantegiaren iraunkortasuna bermatzea lortu dute, borrokaren bitartez. Lortutako akordioaren arabera, 51 langilek jarraituko dute lanean, bideragarritasun plan bat gauzatuko dute, akziodunen batzarrak kapital gehikuntza bat onartuko du eta erakundeek esku hartuko dute proiektuan.


Hauxe da langileen enpresa batzordeak argitaratutako agiria:

Lorturiko akordioaren arabera, lan taldean 51 langilek jarraituko dute lanean, bideragarritasunplan bat gauzatuko da -Usurbilgo ekoizpenjarduera ziurtatzeko-, akziodunen batzak kapital gehikuntza bat onartuko du, eta herri erakundeek esku hartuko dute proiektuan.

Langileok bagenekien egoera oso zaila zela (2015eko abenduan enpresaren itxiera prestatzen ari ziren), baina ez genuen horregatik etsi. Gu sinetsita geunden INGEMAR, S.A. bideragarria zela ekoizpenaren aldetik, arazoak kudeaketaren eta antolaketaren arlokoak zirela. Ez genuen onartu, inoiz ere, enpresaren itxiera, ezta industria jarduera bukatzea ere. Horregatik, ekainaren 6an greba mugagabe bati ekin genion, eta azaroaren 18ra arte luzatu da, helburu bakar bat genuen gogoan: bideragarritasunplan bat adostea, Usurbilgo lantegiari egonkortasuna ematearren.

Ia lan talde osoak eutsi dio grebari, horrek airean eduki du taldearen jarduera, eta enpresak azkenean proposamenen bat jarri behar izan du mahai gainean. Emaitza akordio on bat izan da, lan taldeak ontzat hartu duena. Orain lasai egon gaitezke berriz ere.

Enpresa batzordeak borrokari eta irmotasunari esker jarraitzen duela INGEMAR Usurbilen. Izan ere, industria jarduera bertan behera uzteko mehatxuaren aurrean, lozorroan eta egonean geratu beharrean, etorkizunaren aldeko borroka egiteko erabakia hartu zen.

Usurbilgo INGEMAR, S.A.ko langileen borrokak erakutsi digu non dagoen giltzarria enpresen deslokalizazio saiakerak geldiarazteko, enpresarien erabakiak aldatzeko eta gure industriasarea mantentzeko.

Hala eta guztiz ere, ibili beharreko bidean geratzen zaigun tartea luzea da oraindik. Hori dela eta, enpresa batzordea adi egongo da, eta jarraipen estua egingo du, eraginpeko alderdi guztiek itundutako baldintzak bete ditzaten.

 

 

 

Lasarteko Michelinen ere lan istripu larriak gertatzeko baldintzak betetzen direla ohartarazi dugu

Lasarteko Michelin lantegiko enpresa batzordeak, LABen ekimenez, lantokian aritzen diren Ferrovial Servicios-eko langileek jasaten duten prekarietate egoera agerian utzi du, Michelin multinazionalaren zuzendaritzari eman zaion txosten baten bitartez.

Enpresa batzordeak indarrean den lan legediaren hainbat arau hauste orokortuak egiaztatu ditu txostenari esker, baita enpresa ekimenaren erruz sortzen diren lan istripu larrien arriskuak egiaztatu ere. Honez gain, enpresak indarrean den lan hitzarmena era orokorrean ez duela betetzen egiaztatu du..

Aldi berean, enpresa batzordeak gogorarazi du bi hilabeteren buruan Gasteizko lantokian azpikontratatutako enpresatan aritzen ziren bi lankide lan istripuen ondorioz hil direla, eta, Lasarten, lan istripu larriak izateko baldintzak sortzen ari direla.

Enpresa zuzendaritzari eman zaion txostenaren bitartez, enpresa batzordeak zuzendaritzari egoeraren erantzukizuna bere gain har dezala eta lan istripu larrien eragileak diren egoerak eta ekintzak ekidin ditzala exijitu dio, lantokian gertatzen denaren erantzule den heinean.

Kontratazioen baldintzak hobetzeko borondate eskasa azaldu dute berriro EAJk eta PSEk

Azaroaren 24an, Arrigorriagako udalbatzarrak ateak itxi zizkion klausula sozialen aplikazioari. EAJk eta PSEk bozkak batu zituzten EH Bilduk aurkeztatutako mozioaren kontra, eta ez zen onartu, Arrigorriaga Gara-ren babesa izan arren. Mozio horrek LABen aldarrikapen nagusiak jasotzen zituen, baita gehiengo sindikalarenak eta eragile sozialenak ere; beraz, EAJren eta PSOEren jarrerak kontratazio publikoekiko duten borondate politiko eskasa erakusten du.

Lan eta zerbitzuen azpikontratazioa Euskal Herriko instituzioak gobernatu dituzten alderdien erabakia izan da; bereziki EAJ, PSE eta UPN-rena. Langileontzat ondorio larriak ekarri ditu erabaki politiko horrek. Azpikontratazioen bidez, lan baldintzek txarrera egin dute orokorrean, eta, gainera, krisiaren ondorioz, enplegua suntsitu eta lanpostuak galdu dira azpikontratazioetan.

LABek argi dauka herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak langile publikoek eskaini behar dituztela. Gure helburua horixe izan arren, jakitun gara asko direla azpikontratatzen diren zerbitzuak, eta, beraz, azpikontratazioa burutzeko bideak arautu eta prekarietatea ezabatu behar dugu.

Gauzak horrela, administrazio publikoaren kontratazio irizpideetan klausula sozialak sartzearen aldeko apustu garbia egin nahi dugu. Klausula sozial hauen bidez, kalitateko enplegua sortu nahi dugu, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu, hizkuntza eskubideak bermatu, ingurumena babesteko irizpideak sartu eta oinarrizko eskubide sozialak bermatu nahi ditugu. Hau guztia derrigorrez bete beharreko arau batek jasotzea nahi dugu.

LABen proposamenak, mozioan jasotan zeudenak, legezkoak dira eta ezartzea alderdi politikoen esku dago; baina, dirudienez, Arrigorriagako gobernuko taldeek, EAJ eta PSE alderdiek, ez dute honetarako borondaterik.
 

 

 

Langileen gaixotasunak eta lan instripuak kudeatzeko zerbitzua pribatizatu nahi du Basurtuko Ospitaleak

0

Basurtuko Ospitaleko langileak ospitalean bertan artatu ohi dituzte lan istripuak edo lan gaixotasun kasuak gertatzen direnean. 50 urte eman dituzte horrela, Prebentzio arloko lankideen lanari esker. Bada, Basurtuko zuzendaritzak zerbitzua pribatizatzea erabaki du orain, lankideak eta sindikatuak kontuan hartu gabe gainera, eta kudeaketa Mutualiaren eskuetan utzi nahi du.

Basurtuko langileek aintzat hartzen dute Prebentzio arloko lankideek eskainitako zerbitzua. Pribatizazioarekin, ordea, Basurtuko ospitaleko enpresa batzordeak eta gainontzeko ordezkari sindikalek ohartarazi dute langileen osasunarekin
lotutako eskubideak galduko lituzketela. Langileen adina, gainera, 54 urtetik gorakoa da, lan kargak oso handiak dira eta osasuna eta gorputza nahiko hondatuta dituzte, haien lanagatik, hain zuzen ere.

Bestalde, enpresa batzordeak jakinarazitakoaren arabera, erabaki hau hartzeak langileengan zuzendaritzaren konfiantza eza adierazten du eta ekonomikoki eta organizatiboki ez du zentzurik. "Basurtun badago langileen osasuna zaintzen duten pertsonak, eta burugabea da enpresa pribatu bati ordaintzea lan osasuna bera zaintzeko. Basurtuko sindikatuek ez dute zerbitzu honen desegitea eta langileak ordezkatzeko asmoa onartuko, eta bide guztiak, juridikoak zein sindikalak, erabiliko dituzte aurka egiteko", erantsi du enpresa batzordeak.
 

 

 

Euskal markoa blindatzeko proposamenak jarriko ditugu mahai gainean

Gaur, hilak 30, Confebaskek deituta lau sindikatuak batu gara negoziazio kolektiborako akordio intersektorial bat negoziatzeko mahaia irekitzeko. LABek negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzeko apustu argia egiten. Horregatik, hurrengo bilerari begira, langileen eskubideen defentsa eta euskal markoa blindatzea ardatz hartuta, Confebaskek egindako proposamena aztertu eta beharrezko ikusten ditugun ekarpen eta proposamenak helaraziko ditugu.

LAB beti egon da negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzearen alde eta akordio intersektorial bat erdiesteko egondako bi negoziazioetan parte hartu du. Orain arte CONFEBASK izan da horrelako akordio bat ekidin duena. Gogoratu behar da 2013an ezezkoa eman ziola horrelako egitura akordio bati.

Gaurko batzarrean, beste behin, agerian geratu da mekanismo bat beharrezkoa dela patronal bakoitzaren ordezkaritza zehatza ezagutzeko. Hain zuzen ere, Garen eta Confebasken artean lehia egon da mahaian esertzeko eskubidea nork zuen jakiteko eta bakoitzak izan beharreko ordezkaritzaren inguruan. Bada garaia, hauteskunde sindikaletan sindikatuen ordezkaritza neurtzen den moduan, patronalaren ordezkaritza neurtzeko mekanismoak sortzea honelako arazoak ekiditeko.

LABek bere aldetik, mahaia osatu ostean, honelako akordio batek kontuan hartu beharko lituzkeen puntuak azaladu ditu. Hala nola estatuko hitzarmenen aurrean bertako hitzarmenak babestea izan behar du helburu, negoziazio kolektiboa blokeo egoeragatik atera eta ultraktibitatea galdu ostean indarrean ez dauden hitzarmenen egoerari heldu behar dio, etorkizunean ultraktibitatea galduko duten hitzarmenak nola babestu aztertu beharko da eta negoziazio kolektiboaren desblokeoa erdigunera ekarri behar du. Hau horrela izan dadin proposamen zehatzak jarriko ditugu mahai gainean.

 

 

 

Hitzarmenaren aldeko greba arrakastatsua izan da gaur Gipuzkoako grafikagintzan

0

Gaur, azaroak 30, Gipuzkoako Grafikagintzaren sektoreak hitzarmenaren aldeko bigarren greba eguna egin du. Gaurkoan, berriro ere, greba arrakastatsua izan da, lantokien %80ak jarraitu du. Datu hau oso esanguratsua, izan ere, sektoreko ia enpresa guztiak enpresa txikiak edota oso txikiak direla gogoratu nahi dugu. Beraz, sektoreko langileek ozen eta argi hitz egin dute: sektoreko hitzarmena duina nahi dute eta ez dute ADEGIren jarrera immobilista eta arduragabea onartzen.

 

 

 

2.000 litro olio eskuratu ditugu, SAT sindikatuari elkartasuna adierazteko

0

LABek #ResisteSAT kanpainarekin egin du bat, eta sindikatuko kideok 2.000 litro oliotik gora erosi ditugu Sindicato Andaluz de Trabajadores (SAT) sindikatuari elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, olioaren salmentarekin ateratako dirua Estatu espainolak sindikatu horretako kideei ezarritako isunak ordaintzeko bideratuko da. Izan ere, SATen lan sindikal eta soziala indargabetu nahi izan dute, errepresioaren bitartez.

Isunekin ez ezik, kartzelarekin ere zigortu du Estatuak SAT sindikatuaren ekinbidea. Estrategia errepresiboa sindikatuko zenbait kideren atxiloketekin biribildu du; hori dela eta, Andrés Bódalo ekintzailea espetxean dago gaur egun. Haren askatasuna eskatzeko mobilizazioetan parte hartu du LABek; Jaengo espetxearen aurrean azaroan egindako agerraldian, kasu.

#ResisteSAT kanpaina dela eta, LABek 400 olio garrafoitik gora erosi ditu; 2.000 litro inguru. Hauek guztiak Sevillako Moron de la Fronterako kooperatiban ekoitzi dituzte, SATeko militante eta ekintzaileen eskutik. LABek irailean egin zuen bat kanpainarekin. Orduan ere elkartasuna adierazi zien SATeko kideei.

 

 

 

TRW enpresako zuzendaritzak iragarritako kontratazioek frogatu dute espedientea iruzurra dela

0

ZF-TRW enpresako zuzendaritzak behin behineko beste 57 langile kontratatuko dituela jakinarazi du, 22 langile kaleratzea aurreikusten duen espedientea bere horretan mantendu arren. Hain zuzen ere, Iruñeko Landabenen egoitza duen multinazionalak 123 langile kaleratzeko espediente bat aurkeztu zuen otsailean, eta 101 langile bota zituen apirilean. Gainontzeko 22 langileak urtea amaitu aurretik botatzea aurreikusi du. Hala ere, kontratazio berriak iragarri ditu.

Kontratazioen berri azaroaren 24an eman zion zuzendaritzak langileen enpresa batzordeari. Hala, enpresako LABeko sail sindikalak nabarmendutakoaren arabera, behin behinean kontratatuko dituzten 57 langileak urria bukaeran kontratatutako beste 18 langileei batuko zaizkie. Udan, bere aldetik, beste 200 kontratatu zituzten. “Egoerak frogatzen du espedientea iruzurra besterik ez dela; hots, epaileek eurek aitortu duten bezala, ez dagoela arrazoirik langileak kaleratzeko. Gezurtia, ankerra eta gaitasunik gabeko zuzendaritza baten esku gaude, multinazional zein bertakoei dagokienez”, salatu du sindikatuak, eta 22 langileen kaleratzea bertan behera uzteko eskaera berretsi du.

Neurri gisa, LABek lan poltsa bat eratzeko eskatu zuen, beti ere, kontratazio berriak bidegabe kaleratutako langileen bitartez egin ahal izateko: “Proposamenak langileen batzarraren oniritzia behar zuen ezinbestean, zuzendaritzari aurkeztu ahal izateko, langileek argi berdea emanez gero. Langileen enpresa batzordearen gehiengoak (CCOO eta UGT), ordea, uko egin zion batzar horretan egoteari. Ez zuten parte hartu, erabakiak lantegia arriskuan jarriko lukeela argudiatuta ”.