2025-12-31
Blog Page 972

“Langile migranteak euskal langileak dira”

Igandean, abenduak 18, Migrantearen Nazioarteko Eguna da. LABek adierazpen bat kaleratu du horren harira, migranteen eskubideak aldarrikatzeko eta sistema kapitalistaren politika bidegabeak salatzeko.

LABen aldarrikapenak, Migranteen Nazioarteko Egunaren harira.

Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalistarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako.

Sistema kapitalistaren amaiera. Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizaki mailan. Gerrak, desertifikazioa, oker izendatutako errefuxiatuen krisia, natur baliabideen agortzea, herrien burujabetza Tratatu berrietara oinperatzeko estrategia, desberdintasunak, mobilizazio sozialen kriminalizazioa, migranteen heriotz zenbaezinak Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan… hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa bere ikur bilakatu baitu.

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko euren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala. Europak eta sistema kapitalistaren erdigunean dauden herrialdeek esfortzu bat egin beharko lukete behartutako migrazioa eragiten dituzten arrazoiei aurre egiteko eta duina eta iraunkorra den giza garapen bat sortzeko herrialde guztietan. Oraindik egiten duten espoliazioaren itzultzea izango litzateke.

Migranteak eta errefuxiatuak kriminalitzatzen dituzten politikak desegitea. Kapitalaren banaketaren eta orden berriaren politika ekonomiko, politiko, kultural eta militar bidegabeen ondorio zuzena da migrazioa. Pertsonek eta herriek ez dute aukerarik euren baliabideak kudeatzeko, ezta euren indarguneak garatzeko ere, munduko orden berriaren interesen mesederako. Egoera hauek ezinezko bihurtzen dute milioika pertsonek euren herrialdean bizitzea. Herrialdea, etxea, lana eta familia uztera behartuak daude.

Migranteei eskubideak ukatzen zaizkie; giza eskubide eta eskubide sozial eta ekonomikoak. Milaka pertsona Europako hainbat herrialdetako atarietan pilatzen dira, bizitza aukera baten bila. Europak, berriz, ez du eskuzabaltasun eta elkartasun keinurik. Harresiak eta alanbre-hesiak altxatzen dituzte segurtasunaren izenean, polizia eta militar kontrol zorrotzez gain. Transnazionalek euren interesen arabera mugitzeko erraztasun guztiak dituzten bitartean, espoliatutako herrialdeetako herritarrek ez dituzte giza eskubideak bermatuak, basakeria juridikoa ere pairatzen dutelako bizi duten dramaren baitan.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu euskal administrazioei, emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazioa eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak kaltetuenak dira. Lan prekarietatearen biktima nagusiak dira. Hauetako emakume asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko eta zaintza zerbitzuan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezela tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Langile migranteak euskal langileak dira. Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontratua badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Harrerarako euskal sistema. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.
 

 

 

Bizkaiko egoitzetako langileek konponbidea eskatu diote Foru Aldundiari


Bizkaiko Hirugarren Adineko egoitzetako langileak kalera irten dira sektorerako eredu aldaketa aldarrikatuz. Hain zuzen ere Bizkaizko egoitzen auzia ez da gatazka hutsa, gaur egun inposatzen zaigun eredu kapitalistak inposatzen duen sexuen araberako lan banaketaren isla baizik. Eusko Jaurlaritzan hasi eta Bizkaiko Foru Aldundiaraino joan den manifestazioan konponbidea eskatu diete instituzioei, hau da langile gehiago eta baldintza hobeak, zerbitzua hobetu ahal izateko.

Historikoki emakumeengan erori da zaintzaren ardura eta zama, beraz ez da kasualitatea inposatzen zaigun ereduan lan baldintza prekarioenak zaintzarekin lotutako enpleguek izatea. Borroka andana egin da egoera hau aldatzeko, baina bide luzea dugu oraindik aurretik. Bizkaiko Hirugarren adinekoen egoitzetan ikusten ari garen bezala, zaintza lanen aitortzan lan asko dugu egiteko. Zaintzarako eskubidea oraindik ez da eskubide unibertsaltzat jotzen edo aitortzen, eta zaintzaren alorrean sortu diren enpleguak enplegu duinak izatetik urrun daude.

Bizkaiko egoitzetako auzia auzi politikoa da eta beraz erantzun politikoa eman behar zaio. Bestelako eredu baten aldeko apustua eginda soilik lortuko dugu gatazka hau konponbidean jartzea. Adineko jendea modu egokian, kalitatezko zerbitzu batekin, zainduak eta langileen lan baldintzak bermatuak egongo diren eredu bat garatzeko ordua da. LABek langile eta erabiltzaileekin batera borrokan jarraituko du.

 

 

 

Etxaidek “ausardi politikoa” eskatu du Nafarroako aurrekontuak osatzeko eta burujabetzaren bidea egiteko


Ehundaka pertsonek parte hartu dute gaur Iruñeko Labriten egindako ekitaldian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta. Bildutakoek manifestazioa egin dute geroago, “aldaketa gehiago” eta “aldaketa sozialagoa” izan dadila eskatzeko, ‘+Cambio, +Social. Aurrekontu sozial, parte-hartzaile eta burujabeen alde’ leloarekin. LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza ekitaldi nagusian.

“Urte eta erdi pasa da 2015eko martxoan koloreen martxa egin genuenetik. 55 eragile baino gehiago batu ginen deialdian eta milaka herritar mobilizazioan. Kolore ezberdinekin irudikatu genituen bultzatu eta ikusi nahi ditugun aldaketak. Gaur, berriro irten gara kalera. Edozeinek pentsa dezake ez dela ezer aldatu orduz geroztik, gauzek bere horretan jarraitzen dutela eta horregatik jarraitu behar dugula mobilizatzen. Bada, guk ez dugu horrela ikusten. Zorionez, krisi ekonomikoaren aitzakian eskubideen sarraskia egin zuten horiek oposizioan daude. Hori bai, ezin dugu berdina esan Gasteizera edo Madrilera begiratzen badugu”.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira hauek, Labriteko ekitaldian egindakoak. Etxaideren hitzetan “Nafarroan ikusi dugu nola erortzen diren betirako atzean utzi nahi dugun erregimen zaharraren ikur batzuk, frankismoari gorazarre egiten zioten armarriak edota euskararen kontrako jazarpen politiko eta ideologikoa babesten zuten Gobernuak. Euskararen aldeko politikak eta inbertsioak indartu egin dira. Gureari begiratzen badiogu, desegiten ari da CCOO, UGT eta CENek osatutako holding baztertzailea. Aldaketak bultzatzen ditugunok balio handia ematen diegu halako gauzei”.

Hala ere, egoera sozial eta ekonomikoari dagokionez, LABeko idazkari nagusia kezkatuta azaldu da: “Guk egoera sozialari begiratu behar diogu derrigorrez, egoera soziala aldatzea delako gure helburua. Horretarako giltza aurrekontuetan dago, aurrekontuetan gauzatu behar dira asmo eta borondateak. Aurrerapausuak eman direla begibistakoa da; hazi egin da sektore publikoan eta politika sozialetan egindako inbertsioa, eta balioa ematen diegu egondako aldaketei. Baina, ez gara aldaketa horiekin konformatzen, harago joan behar dela uste dugu, bai formari, bai edukiari dagokionez. Formari dagokionez, aurrekontu parte hartzaileak garatzea eskatzen dugu. Edukiari dagokionez, politika soziolaboralak aldatuko dituzten aurrekontuak aldarrikatzen ditugu”.

Etxaidek partaidetza soziala aldarrikatu du aurrekontuak eta politika publikoak osatzeko orduan: “Aldaketa prozesuaren muina Herriaren egoera aldatzea bada, ez da posible izango eragile sozial eta sindikalak prozesuan parte hartzen ez badugu. Gu prest gaude politikak aldatzeko bidean inplikatzera, badakigulako ez dela erraza izango, ez dela baketsua izango, baina horretarako bidea egon behar du. Gatazkatsua izango den bidea saihesteko orekak egiten aritzea erabakitzen bada, ez dago biderik”.

LABeko ordezkariak nabarmendu du Nafarroako aurrekontuak ez direla nahikoak egoera sozial eta ekonomikoari buelta emateko, eta datorren urteko kontuak osatzeko ez dela parte hartze sozialik egon kritikatu du. Adierazi du, Erregimenak sortutako zorraren pisuaren ondorioz, Gizarte Eskubideen Departamenduak diru gutxiago izango duela eta zerga bilketa ez dela egokia izango.

Era berean, Etxaidek azpimarratu du Nafarroako erakundeek burujabetza politikorik ez dutela, eta "errealitate bat" dela Nafarroako elite ekonomikoak duen boterea erabaki politikoak baldintzatzeko. Zentzu honetan, ausardia eskatu du: “Gobernuari ausardi politikoa eskatzen diogu zor bidegabeak sortutako zama gainetik kentzeko, zerga bilketa handitzeko enpresarien artean eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko”. Hala, norabide horretan mobilizazio sozial eta sindikala bultzatzeko LABen konpromisoa berretsi du. “Azken finean, Erregimenaren eredua desegitean datza irtenbidea, berri bat egiteko. Erregimena erakundeetatik botatzeko gai izan baginen, kapazak izan behar dugu eredu ekonomiko eta sozial berri hori Nafarroan, Euskal Herrian, eraikitzeko, Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak defendatu bezala”, erantsi du.
 

 

 

PRIMARKeko bi langile kaleratuak izan dira gaixotasun baja hartzeagatik

0


PRIMARK-en gaixotasun baja hartzeagatik bi langile kaleratu dituztela salatuz mobilizatu gara. Dirudienez, PRIMARK-eko langileek ez dute gaixotzeko eskubiderik eta kaleratuak izateko arrisku bizia pairatzen dute baja hartzen badute. Are gehiago enpresako zuzendaritzak langile sumisoak nahi ditu, haien eskubideak aldarrikatzen ez dituztenak, protestatu gabe men egiten dutenak. Profil hau betetzen ez duten langileentzat, PRIMARK-ek posturik txarrenak gordetzen ditu, behin eta berriro trabak jartzen dizkie opor egunak aukeratzeko orduan, ordutegi txarrenak jartzen dizkiete eta egun libreak langileei interesatzen ez zaizkien datetan ematen dizkiete.

Baldintza kaxkar hauei, Madrilen CCOO, UGT eta FETICO sindikatuek negoziatutako eta sinatutako hitzarmen bat aplikatzeak ekartzen dituen ondorioak gehitu behar dizkiegu. Arabako Ehungintzaren Merkataritzako Hitzarmen Kolektiboa baino kaxkarragoa den hitzarmen bat aplikatzen zaie PRIMARK-eko langileei, Enpresa mailako hitzarmen estatala hain zuzen. Hau da, hitzarmenaren aldetik ere, Arabako beste dendetan lan egiten dutenen lan baldintzekin konparatuz, PRIMARK-eko langileen baldintzak txarragoak dira.

Bestaldetik, uste dugu ez dela kasualitate hutsa langile hauen kaleratzea izatea justu oraingo Komiteko mandatuaren azken txanpan sartuta gaudenean. Kaleratutako langileek aurreko hauteskundetan LABeko hautagaitza bultzatu zuten eta argi dago hurrengo hauteskundetan LAB bezalako konfrontazioko eta sindikatu borrokalaria Komitean sartzeko arriskua ez duela hartu nahi izan enpresak. Baina hala ere ez gaituzte geldituko, borrokan jarraituko dugu eta PRIMARK bezalako gune prekarioak beti izango dira LABeko jomuga.
 

 

 

Positiboki baloratzen dugu Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmenaren aurreakordioaren sinaketa

0

Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmenaren aurreakordioa (2015-2018) sinatu berri da, sektoreko gehiengo sindikalaren babesarekin. LABentzat borroka luzea izan da. Batzuen pasibitateari eta beste batzuen aurrera ez jarraitzeko aitzakiei aurre egin behar izan diegu. Baina borroka honi esker, 24 eta 31ko itxiera ordutegiak ikutu gabe mantentzea lortu dugu, hain garrantzitsua zena gure hitzarmena negoziatzen ari diren enpresentzat.

Erantzunkizunez jokatu dugu, sindikatu bakoitzak dituen desberdintasunen gainetik, gure lehentasun osoa dad Bizkaiko elikagaien merkataritzako hitzarmena eta gure lan baldintza oinarrizkoak blindatzea, baina era berean oroitu nahi dugu borroka ez dela hemen amaitzen, egunero borrokan jarraituko dugula langile guztion lan eskubideak hobetu eta blindatzeko, ordezkatzen ditugunak zein ez.

LABen ustez, negoziaketa honek erakusten du hitzarmenen estatalizazioari aurre egiteko modua hitzarmenok hemen negoziatzea dela, gure eremuan negoziaketa efektiboa eginez.

Onartutakoaren laburpena:

2015 eta 2018ko indarraldia (indarraldia mantentzen den 30 hilabete gehiagorekin. %0,25eko soldata-igoera 2015ean, %1ekoa 2016an, %1ekoa 2017rako (KPIaren %80aren gutxieneko bermearekin) eta %1ekoa %80rako (KPIaren %80aren bermearekin). Gainontzeko baldintzak mantendu egiten dira eta aintzanatasunaren kasuan,
izozterik ez egotea lortu dugu.

 

 

 

Beste urrats bat Osakidetzako buruzagi “toxikoen” salaketan

0

LABek aurrera daraman buruzagitza “toxikoak” seinalatzeko kanpainarekin beste urrats bat emango dugu abenduan. Zentro bakoitzeko jefatura toxikoak salatzeaz gain, Osakidetza osoan hilabete hauetan gehien nabarmendu diren hiru buruzagitzak aukeratuko ditugu, herrialde bakoitzeko bana. Aukeraketa ez da batere erraza izango, izangai asko eta asko baititugu zoritxarrez.

Beste ekinbide batzuen artean, kartelen bidez salatuko dugu hiru jefatura hauen jokabide penagarria. Agerikoa da azken urteotan Osakidetzako langileon lan-eskubideen urraketak biderkatu egin direla. Gero eta maizago gertatzen dira eta gero eta langile gehiagori. Esan dezakegu nagusien aldetik, zigorgabetasuna erabatekoa dela.

Krisi ekonomikoaren aitzakiapean azken urteotan ezarritako murrizketek halabeharrez lan-eskubideen murrizketak ekarri dituzte. Eskubide batzuk legez kendu dizkigute eta beste batzuk murriztu nahi dizkigute egunerokoan, gurea dena ezeztatuz,beste barik,defacto, murrizketa horiek “lege” bihurtunahian.

Aurreko batean, Osasun Sailburutik gogor kritikatu zuten LABen kanpaina, “profesionalak desprestigiatzeko helburu zuela” eta “gaindituta dagoen beste garai bateko jarrerak zirela” argudiaturik. Beste garai bateko kontua Osakidetzako hainbat jefaturen inpunitatea da, kortijo batean baleude bezala aritzen direnak. Salatzen ditugun egoera guztiak behin eta berriro beste modu batzuen bitartez saiatu gara konpontzen, baina ez digute inolako kasurik egin. Beraz, gelditzen zaigun bide bakarra mobilizazio eta salaketa publikoarena da.
Izan ere, kalitatezko Osakidetza publikoa dugulako helburu egiten ditugu salaketa hauek. Jefatura hauen jarrerek ez diete inolako onik egiten gure osasun zerbitzuari. Lan-eskubideak eta errespetua babesten ez dituen Osakidetza ezin da izan Osakidetza osasuntsu bat.
 

 

 

Abenduaren 17ko manifestazioan kurdistanekin bat egingo dugu

0


LABek Euskal Herriko bertze hainbat eragilerekin batera heldu den Abenduaren 17an Kurdistanekiko elkartasuna adierazteko eginen den manifestazioan parte hartzera deitzen du Euskal jendartea. Bertan
azarotik aurrera Turkiako Erdoganen gobernuak estatu kolpe saiakera bat aitzakia bezala hartuta martxan jarritako errepresioa salatuko da. Manifestazioa, «Faxismoaren aurrean, Gora Kurdistan» lemapean 12:30etan abiatuko da.


 

 

 

Euskal preso politikoen aldeko borroka laguntzeko eta zabaltzeko konpromisoa berretsi dugu

Euskal presoen kaleratzea eskatzeko ekimenekin aurrera darrai LABek. Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek Usurbilera egin du bisita, preso ohiekin egoteko. Zenbait eskualdetik, berriz, elkartasun keinu gehiago etorri dira; Urola Kostatik eta Hego Uribe Arratiatik, kasu.

Euskal preso politiko ohiek ‘Kalera Kalera’ ekimena jarri dute abian, eta, dinamika horren baita, Usurbilgo plaza bilgune bilakatu dute joan den larunbataz geroztik, datorren urtarrilaren 8a arte bertan egoteko. Bada, LABeko Nazio Komitearen ordezkaritza zabal batek elkargunera egin du gaur bisita, presoen aldeko ekimenari babesa eskaintzeko.

Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzetan, “bisita honekin gure elkartasuna luzatu nahi diegu euskal preso politiko guztiei. Era berean, presoak etxean izan arte, lanean jarraitzeko eta borroka lantokietara zabaltzeko konpromisoa berretsi nahi dugu”.

Etxaidek Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kaleratutako adierazpenari buruz hitz egin du, eta LAB eztabaida horretan laguntzeko prest dagoela nabarmendu du: “LAB prest dago eztabaida horrek eskatzen dituen giroa eta baldintzak sortzeko ekimenetan parte hartzeko. Babes osoa emango diegu presoek hartzen dituzten erabakiei, eta, erabaki horiek euskal eragile eta langileen artean zabaldu behar izanez gero, hemen dute horretan lagunduko duen sindikatu bat”.

Bestalde, euskal presoekiko elkartasun keinuak hainbat eskualdetik iristen ari dira egunotan, LABeko delegatuen eskutik. Durangaldetik iritsi ziren atzo, eta azken orduetan Urola Kostatik eta Hego Uribe Arratiatik ere heldu dira, datozen asteetan egingo dituzten mobilizazioen iragarpenarekin batera


  
 

 

 

Manifestazioa egingo dugu ostiralean, Bizkaiko Adinekoen egoitzetan benetako aldaketa aldarrikatzeko

Bizkaiko Adinekoen Egoitzetako gatazka ez da soilik lan gatazka bat. LABen ustez, gaur egun dagoen lan hitzarmenak ez die langileek benetan dituzten arazoei heltzen eta sistema hau mantentzeko baino ez du balio. Argi dugu sistema honek langileen lan baldintzak geroz eta gogorragoak egiteko baino ez duela balio. Egoera iraultzeko LABek mobilizatzea ezinbesteko ikusten du eta beraz abenduaren 16an egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen du.

Arazoa eta gatazka hau aspalditik dator, baina orain da hau konpontzeko garaia. Langileok argi dugu hitzarmen honetatik ezin dela pasatu 1.592 orduko gehienezko lanaldia ezarri gabe, aldi baterako desgaitasunak %100ean konpentsatzeko konpromisoa hartu gabe, ratio egoki batzuk ezarri edota patronalari, diru publikotik gehienezko irabazien muga %2an ezarri arte.

Orain da gure garaia, eta pausu sendo eta gogorrak ematea dagokigu denoi eta denon mesedetan. LABek argi du arazoa erabaki politikoetan datzala, zerbitzu hauen pribatizazioan eta merkantilizazioan. Arazoa, instituzioek enpresa pribatuen mesetan aritzea lehenesten dutenean dator, eta ez pertsonen mesedetan. Enpresek gero eta etekin handiagoak atera nahi dituzte diru publikotik eta, hau, langileak estutuz baino ez dute lortzen.

Arazoa eta irtenbidea, beraz, politikoak dira eta Bizkaiko Foru Aldundiko talde politiko guztiei dagokie hau konpontzea.

Hau esanda, LABeko Adinekoen Egoitzetako langileok, abenduaren 16an, goizeko 11:00tan Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko den mobilizaziorako deialdia egiten dugu.

Mobilizaziorako atxikimendu ugari jaso ditu LABek, bakoitzak bere ikuspuntutik ere ekarpena egiteko asmoz, Bilbon elkartzeko konpromisoa erakutsi duelarik (Pentsionistak Martxan, Babestu, EH Bildu, Podemos, FeministAlde, Marimatraka Santurtziko Talde Feminista, Gafas Moradas, Antikapitalistak eta Bilgune feminista).