2025-12-31
Blog Page 971

Borrokari esker, oso aurreakordio ona lortu dugu Gipuzkoako grafikagintzan

0

Sektoreko langileek egindako borrokari esker Adegik hitzarmenaren negoziaketan mantentzen zuen jarrera immobilistarekin bukatzea lortu dugu. Hiru greba egunen ostean, Adegik negoziazio mahaia deitu eta proposamen berri bat aurkeztu du, 2016rako soldata igoera eskainiz (2016rako soldata izoztu nahi zuen). Adegiren jarrera aldaketa honek ahalbidetu du, gaur, sektoreko hitzarmena berritzeko aurreakordioa adostu izana.

Aurreakordioaren edukia:

-Indarraldia: 3 urte (2016, 2017 eta 2018).
-Soldataigoera: -2016:KPI+0’8.
-2017: KPI. – 2018: KPI.
-Soldata eta lanaldia arautzen dituen eranskinen ultraktibitatea 3 urtez (36 hilabete) luzatuko dira. Hori dela eta, sektoreko lan baldintza guztiak, baita soldata eta lanaldia ere, 2021era arte bermatuak daude.
-Gainerako lan eskubideak bere horretan mantenduko dira.

Aurreakordio honekin, LABek negoziazio honi jarritako helburuak bete ditu:

1. Langileen eros-ahalmena bermatzen da, bere osotasunean KPIaren gaineko soldata igoerak bermatzen direlako.
2. Prekarietateari atea ixten zaio. Espainiako Grafikagintzako hitzarmena kanpoan utzi dugu. Eranskinen ultraktibitatearen luzapenarekin, lan erreformari aurre egin diogu sektoreko hitzarmena blindatuz estatuko hitzarmenaren aurrean. Aurrerantzean Adegik ezingo du estatuko hitzarmena ezartzearekin mehatxatu akordio kaskarra lortzeko asmoz. Lorpen honekin, langile guztien lan eskubideak blindatu ditugu, baita kontratazio berrienak ere.
3. Murrizketarik gabeko hitzarmena lortu dugu, egun dauden eskubide guztiak mantentzen baitira.

LABek sektoreko langileak zoriondu nahi ditu egindako borrokagatik eta erakutsitako adoreagatik. Adegiren jarrera oso gogorra izan den arren, hitzarmena defendatzeko langileek erakutsitako jarrera erabakigarria izan da. Borrokak merezi du!

Delegatuen batzarrak aurreakordioa babestuz gero, ostegunean behin betiko akordioa sinatuko genuke Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK).

 

 

 

“Ez dugu, ez TVA Ermuan ezta beste inon ere, gutxiengo eskubideak bermatzen ez dituen hitzarmenik onartuko”

0


LABek eta ELAk deituta, greba egunak dituzte abenduaren 20 eta 21ean Ermuako ZF Lemförder TVA enpresan. Sindikatuek zuzendaritzaren eta UGTren jarrera salatu dute, langileen gehiengoaren borondateari muzin egiteagatik.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du enpresaren jarrera eta UGT sindikatuak duen erantzukizuna. Denbora daramagu enpresa hitzarmena negoziatzen, eta uda-aldian, gehiengoa duen UGT sindikatuak eta enpresak, aurre akordio bat adostu zuten. Langileen asanbladak, ordea, ez zuen akordio hori babestu, eta gehiengoak ezezkoa bozkatu zuen. Orduz geroztik, enpresak eta UGT sindikatuak akordioarekin aurrera egin eta abenduaren 5ean sinatu egin zuten; langileen borondatearen aurka, langileekin kontraste berririk egin gabe (ez zuten asanblada berririk deitu) eta, gainera, gutxiengoan (UGTko delegatu batek ez baitu sinatu). Horrela, langileak banan bana akordio horretara gehitzera behartu nahi dituzte.

Egoera horren aurrean, LABek honako hau adierazi nahi du:

1. Ez dugu langileen gehiengoaren borondatearen aurka eta ezkutuan sinatutako akordiorik onartuko, ezta eragin mugatuko hitzarmenik ere, langile batzuei aplikatu eta beste batzuei ez aplikatzeko aukera ematen duenik.

2. Ez dugu, ez TVA Ermuan ezta beste inon ere, gutxiengo eskubide laboral eta sozialak bermatzen ez dituen hitzarmenik onartuko. Ezin dugu, hitzarmen honek aitortzen duen bezala, kaleratze kolektiborik eta absentismoagatik kaleratzerik onartu; eta dena enpresak “bake soziala” lor dezan.

3. Gure babes eta aitortza osoa TVA Ermuan greban eta borrokan dauden langileei; beraiek direlako duintasunaren eredu. Eta, inguruko langile eta Ermuako herritarrei, bihar 13:30etatik 14:30etara enpresaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte har dezaten gonbidatzen ditugu. Baita, urtarrilaren 2tik aurrera hasiko den greba mugagabean beraien elkartasuna adieraz dezatela.
 

 

 

Turkiako KESK sindikatuari elkartasuna adierazi nahi diogu

0

Turkian bizi dituzten momentu zail hauetan, LABek elkartasuna adierazi nahi dio Turkiako KESK sindikatuari. Horrekin batera, gaur egun gertatzen den eskubide zibilen urraketa salatu beharrean gaude. Hain zuzen ere 2016eko uztailaren 15eko estatu kolpe saiakeraren ondoren, emergentzia dekretuaren eta dekretu estatutarioen aitzakian milaka langile publiko kaleratu dituzte, beraien aurkako inolako froga eta ikerketarik egin gabe. Langile publiko horietatik 2000 baino gehiago KESK sindikatuko kideak dira.

Langile hauen aldarrikapenak azaleratzeko eta kaleratutako langileak berriro ere beraien lanpostuetara itzularazteko, eta dekretu hauek bertan behera gelditzeko eta salbuespen egoeraren praktika bidegabeak salatzeko, KESK bezala martxa bat eginen da oinez, Istanbuletik Ankarara (gutxi gora behera 450 km) kotxeen laguntzarekin. Kaleratutako KESK-eko kideak, afiliatu eta exekutiboko kideek martxan parte hartuko dute. Martxak 8-10 egun irautea espero da eta erran bezala bukaera Ankaran izanen da. Bertan martxari bukaera emateko manifestazio jendetsu bat eginen da.

Gaur egun Turkian gertatzen ari dena salatu beharrean gaude. Bertan oinarri-oinarrizko eskubide zibilak urratzen ari dira eta KESK-eko kideekin gertatzen ari dena horietako bat da. Ezin gara geldirik eta isilik gelditu oinarrizko giza eskubideak urratzen ari diren bitartean.

Aldi berean munduan zehar Turkian estatu kolpearen ondotik gertatzen ari dena ezagutu arazi behar dugu, eta horregatik gure klase eta internazionalista ikuspegitik elkartasun mezu hau bidaltzen diogu KESK sindikatuari, klase batasuna beharrezkoa delako gobernuaren eraso hauen aurrean.

Mobilizazioak jendetsuak eta masiboak izatea espero dugu, eta KESK-ek mobilizazio hauekin dituen helburuak lortzea espero dugu.
 

 

 

Uriarte sailburuak guztion iritzia biltzeari muzin egin dio berriro

0

Prentsaren bidez jaso dugu Cristina Uriarte Sailburuan hainbat eragilerekin egindako lan-bileraren berri eta azkenaldian maiz errepikatzen den bezala hezkuntza eragile guztiok ez gara deituak izan. Berriro ere ,Uriarte sailburuak, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion iritzia biltzeari muzin egin dio.

Baina ez da lehenengo aldia halakoa gertatzen denik, gertakizun puntuala baino jarrera kontu bat izaten ari da. Guretzako jarrera hau guztiz kontrako norabidean doa, Hezkuntza gaietan hezkuntza komunitate eta herritar oro parte hartzeko bideak iraunkorki irekiak egon behar dira, denon arteko parte hartze eta adostasunek ekarriko baitute Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua. Izan ere, norbaitek pentsatzen du hezkuntza eragile guztien partehartzea bermatu gabe egin daitezkeen irakurketak edo proposamenak eraginkorrak izango direnik? Norbaitek pentsatzen du Hezkuntza Saileko lau pareten artean egin daitezkeen analisi, elkarlan edota adostasunak eramango gaituela hezkuntza sistema propioruntz? Hezkuntza ez al da ba gizarte osoaren zeregina?

Euskal Herrirako hezkuntza eredua eraiki nahi bada, ezinbestean, guztion parte hartzearekin egin behar da .Hezkuntza plazara eraman, herritarron artean eztabaida sustatu eta herri akordioa erdietsi.

 

 

 

Etxaide: “Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean”

Euskal gehiengo sindikalak lan istripuak salatzeko manifestazio bat egin du gaur Bilbon. Neurri zehatzak har ditzatela eskatu diete erakundeei, eta lan heriotzen atzean prekarietatea dagoela salatu dute. LABeko idazkari nagusiak aurten Hego Euskal Herrian hil diren 53 langileak gogora ekarri ditu Confebasken egoitzaren aurrean.

Prekarietateak hil egiten duela ukaezina da. Datuak ikusi besterik ez dago: aurten 53 pertsona hil dira lan istripuen ondorioz, Hego Euskal Herrian. Gainera, azpimarratu behar dugu izan diren istripu hilgarrien herena azpikontratetan izan direla. Arazo larri baten aurrean gaude. Izan ere, prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak. Beraz, egoera irauliko duten neurriak har daitezen aldarrikatuz, euskal gehiengo sindikalak deituta, kalera irten gara gaur, Bilbon, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lemapean.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du Confebasken egoitzaren aurrean, eta borondatea eskatu die instituzioei lan heriotzak saihesteko. "Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean", salatu du. "Ekidin zitezkeen heriotz asko gertatu dira lan munduan. Hauxe da sindikalismoak, edozein langilek, egin dezakeen salaketarik bortitzena", azpimarratu du. Lan baldintzak hobetu, segurtasun neurri egokiak hartu eta prebentziorako behar beste inbertsioa egin. Hauxek dira Etxaidek egindako aldarrietako batzuk lan istripuak saihesteko, eta instituzioei ekimena har dezatela eskatu die: "Ez dago aitzakiarik lan istripuen aurrean ekimen instituzionala ez indartzeko. Kontua da ez diotela behar adina garrantziarik ematen, eta, horrela izan bitartean, mobilizatzen jarraituko dugu", adierazi du.

Bilboko manifestazioan aldarrikapenak nagusi izan dira, lanean hildako pertsonak gogoan. Egoera aldatzeak neurri zehatzak hartzea eskatzen du. Hala nola, enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar dela deritzogu; lan osasun politikak errotik aldatzeko eskatzen dugu, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz; enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarria areagotzea exigitzen dugu eta lan osasun politiketan lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea beharrezko ikusten dugu.

Eskandalagarria da oraindik ere lan egiteagatik langileak hitzea. Errealitate honen aurrean, Confebaskek ez du arrazoi honi buruz ezer jakin nahi, euskal erakundeen ahotan ere ez dugu egoera irauli dezaken aldaketarako neurririk entzuten. Ardura zuzena dute, beraz. Bada garaia gaiari heldu eta langileak erdigunean jarriko dituen eredu baten alde urratsak emateko.
 

 

 

Ostalaritzako akordio markoaren mahaia osatu da, gure parte hartzearekin

Ostalaritzako akordio markoaren mahaia osatu da. Akordio honen helburua izango litzateke hitzarmenak babestea CCOO, UGT eta patronalaren eskutik, estatu mailako esparrutik datozen erasoen aurrean.

LABek, gure hitzarmenei lehentasuna emateko testu bat planteatzeaz gain, eta honakoa ostaralitzaren esparruan egingo den egituraren inguruko akordioa izanik, honako alderdiok ere planteatu ditu. Batetik, Gipuzkoa eta Arabako ostalaritzako hitzarmenen negoziazioari aurre egiteko neurri eranginkorrak. Bigarrenik, EAEn kolektibitateentzako (prestatutako janarien enpresak) negoziazio esparru bat sortzea adostea.

Hain zuzen ere, ostalaritzako akordio markoaren mahaia atzo osatu zen. Hurrengo bilera urtarrilaren 9an izango da.
 

 

 

Arabako Foru Aldundiko EPEa

2016ko Arabako Foru Aldundiko EPEari erantzunez, hau da gaitegi orokorrari buruz prestatu dugun materiala:

1.- A1 eta A2 taldeetako gaitegi orokorra. Lege batzuk ez daude euskaraz.

2.- Europar Batasuneko gaiak jorratzeko bi dokumentu.

a. Batetik, gazteleraz ikasteko zuzenketak eta iradokizunak agertzen diren dokumentua PDFan
b. Bestetik, euskaraz ikasteko interneten aurkitu dugun dokumentu bakarra , 2010ekoa IVAPekoa, zeinean 59.orrialdean europar batasuneko hainbat gai agertzen diren. Hala ere, kontuz ibili dokumentu honekin, 2010eko izanda, guztiz gaurkotuta ez egotea gerta daiteke. Dokumentua ikusteko: http://www.izenpe.com/s154812/es/contenidos/informacion/bibl_digital/es_documen/adjuntos/administrazio_kidegoa.pdf

3.- Plaza ezberdinetara aurkezteko beharrezkoak diren titulazioen taula bat.

4.- Gaztelaniaz bildu dugun gaitegi orokorra:

Azkenik, GOGORATU izena emateko epea a zabalik dagoela eta ABENDUAREN 27AN BUKATZEN dela.

Informazio osoa eskuratzeko eta izena emateko (interneten bidez bakarrik egin daiteke) orrialdea hauxe da:
http://www.araba.eus/PortalEmpleo/inicio/FPEP0001principal_eu.asp

Edozein zalantzarako:

AFAko LABeko Atal Sindikala
Jesusen Zerbitzarien Kalea 3- 2.
Vitoria-Gasteiz, 01003
Tlfnoa: 945181818 Luz. 52312
sindicatolab@araba.eus

Oreretako egoitza berriaren ateak zabalik dira

0

Pasadan ostiralean, hilak 16, Oreretako egoitza berriaren ateak zabaldu genituen (Ikutza Korsarioa,11). Festa giroan, delegatu eta afiliatuok, egoitza zaharretik berrira kalejiran joan ginen gaurdaino gure egoitza izan denari agur esanez eta etorkizuneko erronkak aurrera eramateko aukeratu dugun egoitza berriari ongi etorria emanez.

Baionan gaur egingo den mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu, bakean bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko

0

LABetik gogor salatu nahi dugu operazio politiko, polizial eta mediatiko berria burutu dutela Estatu frantses eta espainolak armagabetze prozesuaren kontra, bakea behingoz eta betirako eraikitzeko prozesuaren kontra. Atxilotuak berehala askatzeko eskatzen dugu. Gaixo dagoen estatu batean bakarrik ikusi daiteke armak deuseztatzeko prozesu batean laguntzeko prest dauden herritarrak atxilotzea.

Hilabete eskas da hainbat eragile bakea eraikitzeko bidean laguntzeko prest agertu ginela. EPPKak eztabaida prozesua jarri du martxan presoak erabaki berriak hartzeko bakean bizitzeko behar beharrezkoa delako presoak etxerako bidea hartzea. Herritarrak askotan eta ozen esan dute badela gatazkaren ondorioak gainditzeko garaia. Euskal Herria erantzukizunez jokatzen ari da, ezin berdina esan Estatu frantsesaz eta espainolaz.

LABetik berriro esan nahi dugu konponbideak geuk eraiki behar ditugula, Euskal Herriak eraiki behar dituela, euskal eragileen ekimenez eta euskal herritarren babesarekin. Foro Sozialak euskal alderdi eta instituzioei egindako eskakizuna indartu behar dela uste dugu, eremu politiko eta instituzionalaren esku dagoelako bakearen bidean urrats sendoak emateko aukera.

Konponbidearen kontrako jarrerak erditik kentzeko modurik hoberena euskal Herriko kaleak konponbidearen aldeko jardueraz betetzea da. Gaur aukera izango dugu horrela egiteko Baionan deitu duten mobilizazioan. LABetik dei egiten dugu euskal langileei bertan parte hartzeko eta operazio berri hau salatzeko lantokietan.