2026-09-25
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar NagusiaKapitalismoaren aurrean alternatibak badaudela erakutsi dute Nazioarteko Mintegian

Kapitalismoaren aurrean alternatibak badaudela erakutsi dute Nazioarteko Mintegian


Nazioarteko Mintegi bat antolatu du gaur LABek, Gasteizko Europa jauregian, sindikatuaren 9. Biltzar Nagusiaren bezperan. Goizean, kapitalismoari aurre egiteko alternatibak izan dituzte hizpide; arratsaldean, berriz, sindikalgintzak transnazionalen aurrean zein paper jokatu behar duen zehaztu dute.

Sortuko kide Jone Etxeberria (Euskal Herria), Mandate sindikatuko idazkari nagusi John Douglas (Irlanda) eta Central de Trabajadores de Cubako kide Milagro de la Caridad Pérez Caballero (Kuba) izan dira goizeko hizlariak. EH Bilduko eurolegebiltzarkide Josu Juaristik (Euskal Herria), nazioarteko ekonomia harremanetan aditu Alejandro Teitelbaumek (Argentina) eta Transnational Institute erakundeko Mónica Vargasek (Bolivia) hartu dute hitza arratsaldean.

Hizlariek bat egin dute elkarlanaren beharrean. Etxeberriaren hitzetan, indar politikoak, sindikatuak eta jendarte antolatua elkartuz gero, alternatibak eraiki daitezke. Hori bai, bere hitzetan, “alternatiban sinetsi behar da, baina, sinetsi aurretik, alternatiba horrek sendoa behar du izan”.
Milagro de la Caridad Pérez Caballerok garbi du: “Batzen gaituena indartu behar dugu, desberdintzen gaituena alde batera utzita”.

John Douglasek Irlandako datuak eman ditu adibide gisa, egoeraren larritasunaren jabe izateko. Esan du 16.000 aberats zeudela herrialdean 2008. urtean eta 92.000 aberats, 2016an: “Sistema euren zerbitzura dagoela islatzen du honek”.

Mónica Vargas Herrien Nazioarteko Itunaz aritu da, eta transnazionalen gaineko kontrola egiteko neurri lotesleak ari direla proposatzen eta jasotzen jakinarazi du: “Gure eskubideak jaso behar ditugu, herriei dagozkien eskubideak”.
Josu Juaristik TTIP eta CETA gisako itunen arriskuaz ohartarazi du, datozen urteetako bizitzaren estandarrak finkatuko dituztelakoan: “Orain da momentua itun hauen aurka egiteko, eta elkarlana ezinbestekoa da bide horretan”.

Alejandro Teitelbaumek transnazionalen definizioa egin du: “Egungo sistema kapitalista inperialista eta esplotatzailearen muina dira transnazionalak”. Horren aurrean, ezinbestekotzak jo du borrokari ikuspegi sozialista bat ematea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.