2025-12-31
Blog Page 964

Portugaleteko erailketa matxista salatuz kalera irtengo gara

Indarkeria matxistak biktima berri bat egin du. Gertakari hauen aurrean ezingara ixilik geratu, salaketa kalera atera behar dugu. Horregatik, Portugaleteko erailketa matxista salatzeko emakumeen mundu martxak antolatutako mobilizazioaetan parte hartzeko deia luzatzen du LABek. Emakumeonganako indarkeriak ez du etenik eta beraz, egoeraren larritasunaren aurrean erantzun irmoa ematen jarraitu behar dugu.


 

 

 

Herri maputxearen aurkako azken erasoa salatu dugu

0

Argentinako Gendarmeriak hiru ekintzaile maputxe atxilotu ditu, enpresa transnazional baten lurrak okupatzeagatik. LABetik indarrak batzeko deia egiten dugu, esplotatu eta esplotatzailerik gabeko mundu jasangarri baten alde. Pertsonek eta amalurraren defentsak interesa ekonomikoen gainetik egon behar dute.

Argentinako Nazio Gendarmeriak Chubut probintziako 40. errepideko mugimendua eten zuen herenegun, orain bi urtetatik hona aktibista maputxeek enpresa transnazional baten lurrak okupatuta dituzten tokian. 30 gendarmek osatutako operatiboa pasa den urtetik zonaldea zaintzen duten gainontzeko indarrei gehitu zitzaien, erasoa egiteko.

Polizia operazio honetan hiru aktibista maputxe atxilotu zituzten desjabetze honen kontrako protestan. Eragile ezberdinen arabera, operazio hau printzipioz tren turistiko baten igarobidea bermatzeko egiten zen, baino jakin badakigu gutxienez hiru atxilotu daudela, bortizki kolpatuak, beharko luketen asistentzia medikurik gabe zaurituak, eta operazioa orain bi urtetatik hona maputxeen esku dauden lur hauek errekuperatzeko aprobetxatzen ari direla. Eta nola ez jokaldi honetan irabazle dena enpresa transnazional bat da, Patagonian ia milioi bat hektarea dituena.

Iritsi zaigun informazioaren arabera, erresistentzia maputxearen kontrako errepresioa oso bortitza izan da; kolpeekin, dronekin, gas jaurtiketekin eta haur eta emakumeen kontrako tiroekin. Eta hau guztia legitimoki bereak diren lurrak defendatzen dituen herri maputxea kanporatzeko eta enpresa transnazional baten interesak defendatzeko, Patagoniako lur hauetatik tren turistiko bat igarotzea nahi baitu.

Hau da, inolaz ere justifika ezin daitekeen proportzioz kanpoko eraso bati buruz hitz egiten ari gara, beraien lurra eta askatasuna defendatu besterik egiten ez duen herri baten kontra. Lur bat transnazionalek beraien interes korporatiboentzako erreklamatzen dutena, pentsatuz lur horietan dagoen guztia beraien jabetza dela; pertsonak barne, noski. Gogoratu behar da, 2000. urtean, Argentinak OIT-ko 169. hitzarmena onartu zuela, non herri indigenen interes kolektiboak errespetatzeko konpromisoa hartzen zuen.
Gutxi ez balitz, Gobernuak eta kasu honetan Argentinakoa transnazionalen interesen aurrean makurtuta daude erabat. Bada garaia enpresa transnazional hauek daukaten inpunitate guzti honekin eta diseinatuta dagoen arkitektura juridiko eta politiko honekin bukatzeko.

LABetik herri maputxearen kontrako eraso bortitz hau salatu nahi dugu. Batu ditzagun indarrak esplotatu eta esplotatzaile gabeko mundu jasangarri baten alde, non pertsonak eta ama lurraren defentsa interes ekonomikoen gainetik egongo diren.
 

 

 

Emakume pentsionistek zigor bikoitz onartezina jasaten dute

Larria da pentsionisten kolektiboak bizi duen egoera. EAJ, PSE eta PPk lepoa ematen jarraitzen dute eta 1.080 eurotako gutxienezko pentsio duina izateko aukera ukatzen diete. Horixe da Gasteizko parlamentuan aurkeztutako 71.724 sinadurek iaz eskatu zutena, hain zuzen ere. Orain, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE) zigortu nahi dituzte berriro, legez dagokien igoera ekidin nahian. Igoerak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak izandakoaren bestekoa izan beharko luke.

EAJ eta PSEren Eusko Jaurlaritzak euskal jendarteko pertsona babesgabeenak zigortu nahi ditu berriro, emakumeak, eta are gehiago pentsionistak badira. Guztiz onartezina da.

Gogoratu behar dugu, EAEn euren miseriazko pentsioengatik DSBE eskatu behar duten 15.817 pentsionistetatik %67,88a (10.737) emakumeak direla. Hauek oso pentsio baxuak jasotzen dituzte eta DBSEa eskatu beharrean aurkitzen gara. Guzti hori estatistika hauetan sartzen diren emakumeen kolektibo handia kontatu barik, urte luzetan familien zaintzan lanean ibili arren kotizatu ez zutenak eta pentsiorik izateko aukera izan ez dutenak. Gogoratu behar da DSBE jasotzen duten 63.797 pertsonetatik, gehiengoa (35.951) emakumezkoa direla.

Eusko Jaurlaritza eta honi babesa ematen dioten alderdiek oso ondo dakite, DSBE Lanbidearteko Gutxieneko Soldata beste ez igotzeko euren proposamena (biak neurri berean igo behar direla dago zehaztuta legean), zigor gehiagarria dela pertsonarik zaurgarrienentzat, baina axola ez diela ematen du. Ez dugu ahaztu nahi aurretik DSBEak egin zen murrizketa, Patxi Lopez EAEko lehendakari izan zenean egin zuen %7ko. Hau beharrizanik larrienak dituzten pertsonak jasaten ari diren murrizketei gehitzen zaie. Hauen erantzule diren gobernu eta alderdiek interes gehiago duten aberatsak eta proiektu handiak babesten, hilabete amaierara iritsi ahal izateko zailtasunak dituzten eta duintasunez bizi nahi dute pertsonak baino.

Emakumeok, are gehiago pentsionistak eta pobreak bagara, ez diegu axola eta euren itxurakeriazko diskurtsoen gainetik, egunerokotasunean konprobatzen dugu errealitatea bestekoa dela. Euren ekintzek kontrakoa adierazten dute eta guk, ez diegu axola.

LABen Pentsionisten Arlotik dei egiten diogu jendarteari, bereziki emakumeei, Eusko Jaurlaritzaren eraso berri hau eragozteko mobilizatzera. Patxi Lopezen garaiko murrizketa indargabetzea eskatzen dugu eta DSBE %8 igotzea Lanbidearteko Gutxieneko Soldata beste. Ez dugu onartuko politika neoliberal eta antisozialek beharrizan larrienak dituztenak zigortzen jarrai dezaten, bereziki emakumeak. Mobilizazio kolektiboa, eskubideak aldarrikatzera kalera ateratzea, horixe da bide bakarra hau lortzeko.
 

 

 

Jaso Industrialeko enpresa batzordeak langileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko ditu

0

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileak Enpresa Hitzarmenik gabe daude 2015eko amaiera geroztik. Abenduaren 1ean hasi ziren Greba Mugagabe Partzialean, eta, gaur, 21.en greba eguna izan da. Goizean, laugarren manifestazioa egin dute Ordiziako azokan. Enpresa hitzarmenaren inguruan, enpresa-batzordea, berriro, zuzendaritzarengana gerturatu da egoerari irtenbide bat emate aldera. Bilera horretan, zuzendaritza ez da sartzen langileek egiten dituzten eskaeretan (gaixotasun bajak hobetzea eta nominaren homogeneizazioa) eta beraiek eskaini beharreko guztia, greba hasi aurretik eskaini zutela adierazi dute. Jasoko enpresa batzordearen iritziz, zuzendaritzaren jarrera ulergaitza eta onartezina da.

Hau da Jaso Industrialeko enpresa-batzordeak dioena, aipatutakoaz gain:

Hitzarmenaren negoziaketaren bilera honetan, beste gai garrantzitsu bat ere landu zela aipatu behar dugu. Enpresak premia handia du Iranerako bi garabi handi ateratzeko eta hauetako bat, Itsasondon Greba Mugagabe Partzialean gaudela eta ez duela denborarik ematen biak amaitzeko ikusirik, Palentzian duen beste enpresa batean egiten saiatu dela. Abokatuekin egon ondoren, esan genien hori kanpo eskirolajea dela eta langileen oinarrizko eskubideak hausten dituela, ezin baitute gure grebarako eskubidea oztopatu, ondorioz, garabi hori Itsasondon egiten ez bada, epaitegietan eta ikuskaritzan salaketak sartuko genituela. Hau ikusirik, nagusiak bere hitza eman zigun, garabi hau gelditu egiten dela. Ondorioz, enpresa batzordeak ez dugu salaketarik sartuko gai honetan.

Bestalde, aurreko astean, lantegi barruan ibiltzen dugun kamioi zaharrarekin istripu larri bat pairatzeko zorian izan zen langile bat eta enpresa batzordeak zuzendaritzari urgentziaz kamioia prezintatzeko eta segurtasun mahaia konbokatzeko eskatu zion. Zuzendaritzak, kostata baina azkenean, kamioia erabileratik kanpo uztea onartu zuen baina mobilizazioekin amaitu bitartean, segurtasun mahaia konbokatuko ez zutela esan ziguten. Adierazi behar dugu Jaso Itsasondon langileok segurtasuna bermatua izango dugula eta horretarako, aste honetan ikuskaritzara joko dugula. Hemendik aurrera eta enpresak bere jarrera aldatu bitartean, ikuskariek gure enpresan segurtasuna bermatuko dute.

Hau ez da inondik inora enpresa barruan nahi genukeen funtzionamendua, gure helburua errespetuzko giro batean eta segurtasun mahai eraginkor batekin lan egitea da. Baina hau betetzen ez den bitartean, langileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko ditugu.
 

 

 

Antolakuntza eta borrokari esker, 58 kontratu finko gehiago egin dira Nemaken

0

Nemak-ek, Etxebarriako aluminiozko fundizioa, aste honetan bertan 58 langile finko egin behar izan ditu enpresako itunak hala behartuta. Enpresako itun honek iaz enpresak beste 46 kontratu finko egitera behartu zuen, guztira, 104 langile. Azken 5 urteetan ia 200 langile mugagabe bihurtu dira, langileen %35a. LABentzat oso albiste ona da eta erakusten du, antolakuntza eta borrokari esker, prekarietateari aurre egin ahal zaiola kalitatezko enplegua sortuz.


 

 

 

Sareren manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu


Larunbaterako, urtarrilaren 14rako, Sarek manifestaziora deitu du Bilbon, “Salatzen dut. Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak, konponbidea eta bakea” lemapean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da La Casillatik. LABek protestan parte hartuko du, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru duen ordezkaritza batekin, eta bertan parte hartzera deitu ditu euskal langileak.

Euskal gatazkaren ondorio eta konponbidearen parte diren presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko egoera eta neurriekin amaitzea exijitzen du LABek. Giza eskubideen ikuspegitik ere konpondu beharreko kontua da presoena; gaixorik daudenen egoera, batez ere.

Euskal presoen eskubideen aitortza euskal jendartearen gehiengoaren nahia da; presoen afera konpontzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herrian bake eta konponbide prozesuan aurrera egiteko. Eta egoera honekin amaitzeko, euskal presoak etxera ekar ditzagun, mobilizazioa ezinbestekoa dugu. Mobilizazioa da elkartasunetik konpromisoetara pasatzeko modurik eraginkorrena.

Horren erakusgarri, urtarrilaren 13rako giza-kate batera deitu du LABek Iruñean, “Euskal presoak kalera ekarri behar ditugu” lemapean. 11etatik aurrera izango da, Sarasate Pasialekuan.
 

 

 

24 urteko gazte bat hil da Bizkaian, lan istripu baten eraginez

Atzo, A.R.J. 24 urteko langilea laneko istripuz hil zen. Istripua pasa den abenduaren 30ean izan zen, eta ordutik hona oso larria egon da. Gorlizeko Pizzeria Mec Mec enpresako langilea zen, eta abenduaren 30ean, istripua pairatu zuen azken banaketan. Gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egingo du ostiralean, Sopelan, enpresaren egoitza nagusiaren aurrean.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Istripu gehienen atzean lan baldintzen prekarietatea dago: formakuntza falta, lan erritmo bortitzak, azpikontratak, lan gainkargak,… Istripuak saihesteko neurri egokiak behar dira, legeak azpimarratzen duen bezala. Baina legea ez da oraindik goitik behera betetzen, horregatik betearaztea da exijitu behar duguna, enpresek eta erakundeek ez baitute horretarako borondaterik erakusten.

Langileok ezin dugu onartu urtero istripu kopurua igotzea. Krisiaren aitzakiarekin prekaritatea areagotu egin da eta neurri zuzentzaileak hartzea alde batera utzi dute, eta hortik dator istripuen gorakada. Hau dela eta, enpresei eta administrazioei lan baldintza egoki eta seguruetan lan egiteko eskubidea exijitu behar diegu.

Beti bezala, lan ikuskaritzari eta Osalani ikerketa egitea exijitzen diegu. Haien ustez, ez daukate konpetentziarik ikerketa egiteko, errepidean gertatu delako, baina, gure ustez, benetako ikerketa egin dezan eta faktore guztiak jakin ditzagun haien ardura hartu behar dute, eta argitu egin behar dute zer gertatu den eta zer egin behar den berriro antzeko istripu bat gerta ez dadin. 

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen (gaur, Donostian, urrutira joan gabe), enpresa eta erakundeei hobekuntzak exijitzen diegun bitartean. Horretarako hurrengo ostiralean, hilak 13, eguerdiko 12:30ean, Sopelako Pizzeria Mec Mec aurrean (enpresaren egoitza nagusia), elkarretaratzera deituko dugu.
 

 

 

Akordio Interprofesionala bide egokian koka liteke, baina beharrezkotzat jotzen dugu negoziazio kolektiboaren blokeo egoera konpontzea

Akordio Interprofesionalaren mahaiaren bilera egin da gaur goizean. Gaurkoan sindikatuok eginiko ekarpenak aztertu dira mahaian. Ekarpen batzuetan adostasuna lortu da, beste batzuetan ez, besteak beste, negoziazio kolektiboaren blokeoa gainditzeko patronalak konpromisorik ez baitu hartu nahi akordioaren baitan. Urtarrilaren 17an bilduko da berriro mahaia.

Negoziazio kolektiboa kinka larrian dago. Patronalak lan erreformek emandako abantailak erabiltzen ari da hitzarmenak berritu gabe uzteko. Jarrera honek negoziaketa kolektiboaren estatalizazioa ekarri du. Milaka eta milaka dira estatuko hitzarmenen menpe dauden langileak. Hitzarmenek indarraldia galtzean estatuko hitzarmena aplikatu daiteke eta, gainera, Madrilen gero eta gehiago mugatzen ari da gure esparruetan negozia daitekeena, zentralizazioaren aldeko apustua eginez.

Honen erantzukizuna ez da CEOE patronalarena soilik. CCOO eta UGT sindikatuek ere zentralizazioaren aldeko apustu argia egiten dute. Paradoxikoa da, esku batekin ari dira Madrilen zentralizazio bultzatzen, eta beste eskuarekin, hemen, ustez, bertoko hitzarmenak Madrilgoetatik blindatzeko asmotan.

Negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzea eta euskal langileon negoziazio kolektiborako eskubidea gure eremuan mantentzea, lehentasunezko borroka da guretzat. Helburu horrekin parte hartu izan dugu orain baino lehen ere Akordio Interprofesionalari begira egindako bi saiakeretan. Zentzu honetan, positiboa litzateke eta aurrerapausotzat joko genuke bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik babesteko egitura akordioa jasoko lukeen Akordio Interprofesional bat lortzea.

Hala ere, Confebasken proposamenak baditu bere mugapenak, agerikoak, indarrean eta ultraktiboan dauden hitzarmenak bakarrik babesten ditu, momentu honetan hitzarmenen gehiengoa kanpoan geratuko litzatekeelarik.

Beraz, Akordio Interprofesional hau bide egokian kokatu liteke, baina beharrezkotzat jotzen dugu egun negoziazio kolektiboak duen blokeo egoera konponbidean jartzea, hitzarmenak berritu eta akordio honen eraginpean kokatuz. Gure hitzarmenak bizirik eta indarrean nahi ditugu.

Urtarrilaren 17an bilduko da berriro mahaia. Datozen egunetan, proposamena gure egituretan aztertu eta Akordio Interprofesionalarekiko gure jarrera finkatuko dugu.

 

 

“Urtea ez da guk nahi moduan hasi”


LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratze bat egin dute gaur, Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, joan den astean Oñatin hildako garraiolaria gogoan izateko. Garraiolariek pairatzen dituzten lan baldintza txarrak salatu dituzte.

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egin du Donostian, "Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea" leloarekin. HIRUko ordezkari Jaione Ugaldek hartu du hitza, sindikatuen izenean, eta urtea ez dutela ondo hasi nabarmendu du: "Duela hilabete Bilbon elkartu ginen manifestazio bat egiteko, 2016ko egoera latza salatzeko, eta gaur hemen elkartu gara berriz. Urtea ez da guk nahi moduan hasi".

Garraiolarien lan baldintza txarrak ekarri ditu gogora: "Kasu honetan, autonomo bat da hildakoa, eta, zentzu horretan, kooperatiba faltsuak eta beste hainbat egoera latza pairatu behar izaten dituzte: estresa, porte gero eta baxuagoak… Ez da errepide istripu bat izan, baina lan gaixotasunak eta beste hainbat kontu ere nabarmentzea beharrezkoa da, lan osasunarekin lotura dutelako".