2026-10-07
HomeIndustriaMetalgintzaJaso Industrialeko enpresa batzordeak langileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko...

Jaso Industrialeko enpresa batzordeak langileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko ditu

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileak Enpresa Hitzarmenik gabe daude 2015eko amaiera geroztik. Abenduaren 1ean hasi ziren Greba Mugagabe Partzialean, eta, gaur, 21.en greba eguna izan da. Goizean, laugarren manifestazioa egin dute Ordiziako azokan. Enpresa hitzarmenaren inguruan, enpresa-batzordea, berriro, zuzendaritzarengana gerturatu da egoerari irtenbide bat emate aldera. Bilera horretan, zuzendaritza ez da sartzen langileek egiten dituzten eskaeretan (gaixotasun bajak hobetzea eta nominaren homogeneizazioa) eta beraiek eskaini beharreko guztia, greba hasi aurretik eskaini zutela adierazi dute. Jasoko enpresa batzordearen iritziz, zuzendaritzaren jarrera ulergaitza eta onartezina da.

Hau da Jaso Industrialeko enpresa-batzordeak dioena, aipatutakoaz gain:

Hitzarmenaren negoziaketaren bilera honetan, beste gai garrantzitsu bat ere landu zela aipatu behar dugu. Enpresak premia handia du Iranerako bi garabi handi ateratzeko eta hauetako bat, Itsasondon Greba Mugagabe Partzialean gaudela eta ez duela denborarik ematen biak amaitzeko ikusirik, Palentzian duen beste enpresa batean egiten saiatu dela. Abokatuekin egon ondoren, esan genien hori kanpo eskirolajea dela eta langileen oinarrizko eskubideak hausten dituela, ezin baitute gure grebarako eskubidea oztopatu, ondorioz, garabi hori Itsasondon egiten ez bada, epaitegietan eta ikuskaritzan salaketak sartuko genituela. Hau ikusirik, nagusiak bere hitza eman zigun, garabi hau gelditu egiten dela. Ondorioz, enpresa batzordeak ez dugu salaketarik sartuko gai honetan.

Bestalde, aurreko astean, lantegi barruan ibiltzen dugun kamioi zaharrarekin istripu larri bat pairatzeko zorian izan zen langile bat eta enpresa batzordeak zuzendaritzari urgentziaz kamioia prezintatzeko eta segurtasun mahaia konbokatzeko eskatu zion. Zuzendaritzak, kostata baina azkenean, kamioia erabileratik kanpo uztea onartu zuen baina mobilizazioekin amaitu bitartean, segurtasun mahaia konbokatuko ez zutela esan ziguten. Adierazi behar dugu Jaso Itsasondon langileok segurtasuna bermatua izango dugula eta horretarako, aste honetan ikuskaritzara joko dugula. Hemendik aurrera eta enpresak bere jarrera aldatu bitartean, ikuskariek gure enpresan segurtasuna bermatuko dute.

Hau ez da inondik inora enpresa barruan nahi genukeen funtzionamendua, gure helburua errespetuzko giro batean eta segurtasun mahai eraginkor batekin lan egitea da. Baina hau betetzen ez den bitartean, langileen segurtasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartuko ditugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hobekuntza gehiago lortzeko aukerak egon arren, Arabako kirol jardueretan deitutako lanuzteak desaktibatu dira

LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.

LABen greba orokorrerako prest gaude, eta deialdia adosteko lanean ari gara beste sindikatuekin

Langileen aldeko politika birbanatzaileen alde presioa areagotzeko momentua da: errentismoaren eta espekulazioaren kontra eta soldata duinen alde.

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.