2026-01-01
Blog Page 950

Eragile sozial eta sindikalek elkarretaratzea burutu dugu murrizketen aurka

Gizarte-kolektiboek, sindikatuek eta gizarte-inklusiorako sareek Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea burutu dugu Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoeraren arabera igo dezala Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eskatuz. Krisi egoera honetan ez da bidezkoa eta solidarioa erem gure gizarteko pertsona pobretuen eskubideak eta bizi baldintzak murriztea.

Eusko jaurlaritzak jakinarazi du Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera gaurkotuko duela Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), eta ez Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoeraren arabera. Horren aurrean, sindikatuek, Gizarte kolektiboek eta Ekain gizarteratzearen aldeko sareak eskatu diote erabaki hori bertan behera uzteko eta DSBEari dagozkion kopuruak LGSaren egoeraren arabera egotzeko.

Eusko Jaurlaritzak berak egindako ikerketa batzuk diotenez, pobrezia bazterketa eta hilabete amanerara heltzeko zailtasunak handitu egin dira krisia hasi zenetik, lanean ari direnentzat zein langabezian daudenentzat; besteak bestem gizarte prestazioak murrizteko politikaren ondorioz. Erabaki politiko horrek ondorio larria Dakar pertsonentzat: ez zaizkie gutxieneko diru sarrerak bermatzen, eta ez zaie aukerarik ematen bizitza apur bat duinagoo izateko.

Gaur egun lana edukitzeak ez du diru-sarrerarik ziurtatzen; horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte babesa indartzea, diru sarrerarik ez duten pertsonek gutxieneko soldata bat izan dezaten eta gizarteak nolabaiteko kohesioa izaten jarrai dezan.

Ez da biezkoa, ez da etikoa ere, gehien pobretu diren pertsonen eskubideak murriztea eta haien bizi-baldintzak okertzea bizi dugun egoera honetan.

Horregatik, gaur kalean batu garen eragile sozial eta sindikalek eskatzen dugu Euskadiko gizarte babesa indartzeko, eta hortaz lanbide arteko gutxieneko soldata igo den ehuneko berean igo dadila DSBEa ere 2017an. Horrez gain, Lanbidek kudeatutako prestazioetako ditu kopuruetan azken bost urtean izan den murrizketa (%7) desagerrarazteko eskatzen dugu, besteak beste, prestazio hauetan: enplegu-pizgarriak, diru sarrerak bermatzeko errenta, pentsio osagarria eta etxebizitzarako prestazio osagarria.

 

 

 

Lau Caprabo denden itxiera eta 18 langileren kaleratzea salatzeko kalera irten dira langileak

0


Caprabo-Eroskiko langileak aste honetarako antolatutako lehen elkarretaratzea burutu dute, 4 Caprabo denda itxiera eta 18 langileen kaleratzea salatzeko. Eroski taldeak urtez-urte irabaziak izanda eta bestelako konponbiderik planteatu gabe, 18 langile kaleratu ditu. Argi dago, Eroskik lanpostu nahikoak dituela, eta Nafarroan dituen hamaika dendetan langileak birkolokatzeko aukera duela. Egoera honen aurrean langileak bestelako neurriak exigitu eta kaleratuak berronartzea exigitu dute.

Enpresa komiteak aspalditik salatu du dendetan dagoen lan-esku falta eta orain Eroski taldea salatzen dugu Capraboko langileen kaleratzeagatik ikusita dendetako egoera. Era berean 18 kaleratzeak komunikatzeko modua lotsagabea izan da,zenbait langile banketxeko notifikazioa jaso zuten, komitea enpresarekin bilduta zegoen momentu berean.

18 kaleratzeak birkolokatzea exijitzen diogu Eroski taldeari, hau burutzeko aukerak dituela badakigulako eta oraingoz borondatea da falta zaion gauza bakarra.

 

 

 

Jasoko zuzendaritzak Adegik markatutako bide berriei ere uko egin die

0

"Zuzendaritzak ez badu ez langileek eskatutakoa, ez bitartekariek proposatutakoa eta ezta bere "nagusiek" diotena aintzat hartzen, nola desblokeatu egoera? Nola iritsi konponbide batetara?". Galdera hauek egin dituzte Itsasondoko enpresako langileek. Hain zuzen ere, enpresa batzordeak onartu du egoera erabat kezkagarria dela hitzarmen honetarako, eta, batez ere, enpresaren etorkizunerako. Gaur, bi hilabete eta erdi bete dituzte greba mugagabe partziala abiatu zutenetik, eta bederatzigarren aldiz hartu dituzte Ordiziako kaleak, manifestazio baten bitartez.

Hauxe da Itsasondoko Jasoko enpresa batzordeak gaur kaleratu duen oharra:

Itsasondoko JASO INDUSTRIAL enpresako langileok, gaur 2 hilabete eta erdi betetzen ditugu Greba Mugagabe Partzialean. Greban, 46 egun daramatzagu eta gaurkoan, 9. manifestazioa egin dugu Ordiziako azokan. Aipatu behar dugu baita ere, 2015 amaieratik ez dugula hitzarmenik eta negoziaketa hasi genuenetik 16 hilabete pasa direla eta oraindik ez dugula akordiorik.

Lehenengo eta behin, argi eta garbi utzi nahi dugu, JASOn dugun gatazkan, arazoa ez dela ekonomikoa, baldintza sozialena baizik. JASOn langileon artean ezberdintasun sozial handiak daude eta gure helburua, hitzarmenez hitzarmez, ezberdintasun hauek murrizten joatea da eta urte batzuetan, JASO enpresa justu eta demokratiko bat izatea.

Hitzarmenean momentu honetan, bi puntuk dute negoziaketa blokeatua, nominaren homogeneizazioak eta gaixotasun bajak. Enpresaren jarrera immobilista ikusirik, langileok mugimendu garrantzitsuak egin ditugu egoerari irtenbidea emateko baina enpresak sistematikoki, proposamen guztiak atzera botatzen dizkigu eta ez dute proposamen berririk luzatzen. Ikusirik Itsasondon akordio bat lortzea ezinezkoa zaigula, PRECOra ere jo genuen, hauek bitartekaritza lanak egiteko eta egoera behingoz desblokeatzeko. Zuzendaritza ez zen Precora aurkeztu eta egoerak enkistatua darrai.

JASO Itsasondoko zuzendaritzaren jarrera erabat kezkagarria da. Gipuzkoako enpresarien patronaletik, hau da, ADEGItik, hitz politak entzuten ditugu, "enpresa barruan, bai zuzendaritzak eta bai langileek elkarrekin bat eginda lan egin behar dugula", "enpresak, konfidantzazko guneak bihurtu behar direla", "Sokatiratik trainerara pasa behar dugula"… Argi dago, Itsasondoko zuzendaritza, aho handiarekin esaten dituzten hitz hauetatik ere oso urrun dagoela eta funtzionamenduan aurrerapausoak eman beharrean, atzeraka doala. Zuzendaritzak ez badu ez langileek eskatutakoa, ez bitartekariek proposatutakoa eta ezta bere "nagusiek" diotena aintzat
hartzen, nola desblokeatu egoera? Nola iritsi konponbide batetara? Egoera erabat kezkagarria da hitzarmen honetarako, eta batez ere, gure enpresaren etorkizunerako.
 

 

 

Zestoako T.S. Fundicioneseko langile ohi batek diskriminazio sindikala jasan du

Urteak dira T.S. Fundiciones enpresa itxi zela. Bada, jakin dugu TS Fundicioneseko jabeetako bat azpijokoan dabilela, tailer txiki batzuen gain presioa egiten, TS Fundicioneseko langileak ez kontratatzeko. Azken adibidea, duela aste batzuk gertatutakoa da: bere enpresa bateko hornitzaile bati, TS Fundicioneseko langile ohi bat kaleratzeko exijitu dio, hornitzailearekin lana egiteari uztearen mehatxupean.

Hauxe da T. S. Fundicioneseko LABeko langile ohiek argitaratu duten oharra, azken gertaeraren harira:

Urteak dira T.S. Fundiciones enpresa itxi zela. Itxiera horren aurrean langileok gure etorkizuna eta lanpostuak bermatzeko bideari ekin beste erremediorik ez genuen izan. Bakarren batek itxieraren erantzukizuna langileon bizkar utzi nahi izan zuen arren.

Garai luze, zail eta gogorrak izan ziren haiek, oraingoak xamurragoak ez direlarik. Baina argi geratu dira borroka haren helburu duinak. Gaur egun, gutariko batzuk GRI Castings enpresan gaude lanean, eta beste batzuk bertako parte izateko zain gaude. Langileok genion bezala, T.S. Fundiciones etorkizuna zuen proiektua zela argi geratu da.

Hori bai, gogoratu nahi dugu, kalera bota gintuzten jabeek, hornitzaileekin, udalekin eta langileekin zorrak utzi zituzten arren, ez dutela inolako erantzunkizunik edo ondoriorik jasan. Horrela dago legedia.

Oraindik kanpoan zai gaudenok ordea, edonoren gisa, aurrera ateratzeko lan bila gabiltza han eta hemen. Guztiok jakitun garen zailtasunekin, gaurko merkatuan tokitxo duin bat egitea zer den jakinik.

Jakin dugu TS Fundicioneseko jabeetako bat azpijokoan dabilela, tailer txiki batzuen gain presioa egiten, TS Fundicioneseko langileak ez kontratatzeko. Azken adibidea, duela aste batzuk gertatutakoa da: bere enpresa bateko hornitzaile bati, TS Fundicioneseko langile ohi bat kaleratzeko exijitu dio, hornitzailearekin lana egiteari uztearen mehatxupean.

TS Fundicioneseko langileok aurrera egin nahi dugu, eta lanpostu bat lortu duintasunez bizitzeko. Baina ez dugu ahazten sufritu genuen guztia. Bada, enpresaren itxieraren eta zorrak uztearen erantzule direnen partetik ez dugu horrelako mehatxu eta diskriminazioak onartuko. Hurrengo asteetan, mehatxu eta diskriminazioarekin amaitzeko kanpaina bat jarriko dugu abian.

Lehen eta orain duintasunez lan egiteko eskubidearen alde borrokatuko dugu. Eta ez dugu kazikerik onartuko gure eskualdean.

Gora langile borroka! 

 

 

KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak eta pentsioak birbaloratzerakoan honen hazkundea kontutan hartzea exigituko ditugu

0

Igaro berri dugun urtarrilean Kontsumorako Prezioen Indizea %0,9 gutxitu da Nafarroan urte arteko tasa %2,9an utziz. EAEn jaitsiera %0,6koa izan da %2,9ko urte arteko tasarekin. Inflazio baxuko eta negatiboko urte batzuren ondoren, badirudi beste espiral inflazionista batean sartzen ari garela, eta horrela bada oso eragin larriak eragin ditzake pentsiodunen eta langilegoaren eros ahalmenean. Testuinguru honetan, eta kontutan edukiz soldaten eros ahalmena etengabe txikitzen ari dela eta pentsioak %0,25 birbaloratzen direla, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak eta pentsioak birbaloratzerakoan KPIaren hazkundea kontutan hartzea exigituko ditu.

Inflazioak urtarrilean jasan duen desazelerazioa, merkealdi denboraldiaren hasierak “jantziak eta oinetakoak” taldearen prezioaren jaitsiera garrantzitsuan izan duen eraginaren ondorioz gertatu da. Eta era berean, KPIaren beherakadan eragina izan duen beste faktorea, gabonetako oporraldiaren bukaerak bultzatu duen pakete turistikoen prezioen txikitzea izan da.

Aitzitik, gorantz gehien bultza duten errubrikak “etxebizitza” (elektrizitateak jasan duen prezio igoeraren ondorioz), “elikagaiak eta edari ez alkoholdunak” eta “garraioa” (erregaien prezioaren bilakaeraren ondorioz) izan dira.

Hasiera batean KPIaren urtarrileko datuak ez dirudi txarra, baina kontutan eduki behar da neguko merkealdiek emaitza honetan izan duten eragina; adibide moduan, eta jakinik “jantziak eta oinetakoak” taldearen pisua %6,73 ingurukoa dela, ondorio honetara irits daiteke: Estatu mailan KPIa %0,5 gutxitu da, baina “jantziak eta oinetakoak” errubrika kontutan hartu izan ez bagenu, kontsumorako prezioen indizea %0,5 inguru igoko zatekeen. Beste hainbeste gertatzen da EAE eta Nafarroako datuekin.

KPIaren urte arteko datua da kezkagarria; hilabete bakar batean 1,5 puntutako hazkundea jasan du %2,9ra iritsiz, eta azken aldian elektrizitateak eta erregaiek izan duten bilakaera ikusirik, itxura guztien arabera beste espiral inflazionista baten hasieran egon gaitezke.

Testuinguru honetan, eta kontutan edukiz soldaten eros ahalmena etengabe txikitzen ari dela eta pentsioak %0,25 birbaloratzen direla, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontutan hartzea exigituko ditu, langileen eta pentsiodunen eros ahalmena mantendu ahal izateko.

Euskal jendarteak diru nahikoa sortzen du hau horrela izan dadin. Badago diru nahikoa jendarte aberats, solidario eta berdintasunezkoa sortzeko. Hau helburu izanik, LABek propaganda eguna egingo du hilaren 17an, ostiralez, jendarte bidezkoagoa sortzeko proposamenekin.
 

 

 

Irmoki salatu dugu Agurainen gertatutako azken heriotz istripua

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lelopean. Bertan atzo goizaldean Agurain inguruan gertatutako heriotz istripua salatu dugu. Bestaldetik, kasu honetan ematen den inplikazio politikoa ere mahaigaineratu nahi dugu. Izan ere, mantentze lanak Arabako Foru Aldundiak egin ditu eta bere momentuan pribatizatu egin zuen.

LAB sindikatuak irmoki salatzen ditu lanean ari zirela hildako azken langileen heriotzak. Hildako azken langilea, COPALSA enpresakoa, mantentze lanak egiten ari zen Agurain inguruko errepide batean eta ibilgailu batek harrapatu zuen eta horren ondorioz, hil egin da. LAB sindikatuak salatu nahi du hau ez dela trafiko istripua soila izan. Batetik, kontuan hartu behar dugu azpikontrata bateko langilea zela eta beraz berriro ere argi gelditu da prekarietatea eta lan istripuak lotuta daudela, kasu honetan ondorio latzenak edukita. Hortaz, salagarria da oso, zein baldintzatan gertatu zen istripua, gaueko ordu txikietan eta prebentziorako eta babeserako neurri nahikorik gabe.

Bestaldetik, kasu honetan ematen den inplikazio politikoa ere mahaigaineratu nahi dugu. Izan ere, mantentze lanak Arabako Foru Aldundiak egin ditu eta bere momentuan pribatizatu egin zuen. Gauzak horrela, pribatizazioak, beti bezala, prekarizazioa ekarri du non enpresak kontratatzen eta azpikontratatzen
dira eta hori guztia langileen eskubideen eta osasunaren kaltetan.

 

 

 

Lanuzteak Iruñeako Caprabo supermerkatuan kaleratutako 18 langileren berronartzea eskatuz

0


Iruñeako Bernardino Tirapu kalean den Caprabo supermerkatuko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo kaleratutako 18 langileen lanpostuen defentsan. Modu honetan 18 langileak berronartuak izan daitezen mobilizazio dinamikari hasiera eman diote. Otsailaren 23, 24 eta 25ean lanuzteak egingo dituzte eta otsailaren 27rako erantzunik jasotzen ez badute enpresaren aldetik greba mugagabe bati hasiera emango diote..

Komiteak Capraboko langile guztien etorkizuna kolokan jartzen duen erabaki baten aurrean direla uste du eta horregatik bilera bat eskatu dio enpresari kaleratutako 18 langileren berronartzea eskatzeko eta bide batez, langile guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die.
 

 

 

LABek sustatuta, gizarte zerbitzuetako ratioak eta lan baldintzak hobetzeko erdibideko zuzenketa onartu da Legebiltzarrean

LAB sindikatuak aspaldi “Zaintza zaindu” lemapean azpikontratatutako gizarte zerbitzuetako langile falta eta lan kargak salatzeko kanpaina abiarazi zuen. Ekimen horrekin mahai gainean jarri genituen aldarrikapenei eusten diegu eta uste dugu egindako lanari esker urrats sendoak ematen ari gara, gaur egun gizarte zerbitzu askotan ematen den pertsonal faltak suposatzen duen arazoari heltzeko. Baina Eusko Legebiltzarrean otsailaren 9an onartutakoa gauzatzen dela ziurtatzeko, Enplegu eta Gizarte batzordean agerraldia eskatu dugu berriro ere.

LAB sindikatuak aspaldi “Zaintza zaindu” lemapean azpikontratatutako gizarte zerbitzuetako langile falta eta lan kargak salatzeko kanpaina abiarazi zuen. Kanpainaren inflexio puntua otsailean Hego Euskal Herrian burututako sinadura bilketa izan zen. Honetan, 27.000 sinadura baino gehiago jaso eta Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genituen.

Gure aldarrikapenak, langile kopuruaren handitzea, profilen eta funtzioen hedapena, erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igotzea eta langileen, erakunde sozialen eta zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan erabiltzaileen
parte hartzea izan ziren.

Ondoren, bi parlamentuetako Enplegu eta Gizarte batzordeetan agerraldia egin eta gizarte zerbitzu guztietan, arreta duintasunez emateko langile gehiago aldarrikatu genituen. Honi helduta, Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk honen inguruan aurkeztutako legez besteko proposamen bati esker, EH Bildu, EAJ eta PSEren artean gure aldarrikapenak jasotzen zituen erdibideko zuzenketa bat onartu zuten.

Eusko Jaurlaritzaren utzikeria ikusita, EH Bilduk, berriro ere, Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du eta gehiengo osoarekin Erdibideko Zuzenketa bat onartu zen 2017ko otsailaren 9an. Hau da onartutakoa:

• “Eguneratu ditzala prestazio eta zerbitzu sozialak arautzen dituzten dekretuak, non arautuko baitira, ratioak eta pertsonalari dagozkion beste kontu batzuez gain, zerbitzu eta zentro horiek bete behar dituzten baldintza funtzional eta materialak, eta hiru hilabeteko epean ekar ditzala Legebiltzar honetara dekretu horien zirriborroak. Eguneratze prozesu horretan, zerbitzuaren kalitatean eta, horrenbestez, zentro horietan artatzen diren pertsonen bizi-baldintzatan duten eragina ikusita, lehentasuna izango du mendekotasuna duten pertsonentzako zentro eta zerbitzuen ratioak arautzen dituen dekretuaren zirriborroak, egungo errealitatera egokitu dadin.”

• “Egon dadila, dekretu horien prestatze lanetan, hiru maila instituzionaletako parte hartze teknikoa, bai eta sektoreko entitate sozialen, erabiltzaileen eta langileen ordezkarien parte hartzea ere”.

• “Jaurlaritza eta beste erakunde publikoak arduratu eta inplikatu daitezela kontratazio publikoaren eremuan, kalitatezko zerbitzu publikoak eta zerbitzu horietan lan egiten duten pertsonen lan baldintza duinak bermatze aldera”.

Egindako lanari esker urrats sendoak ematen ari gara, gaur egun gizarte zerbitzu askotan ematen den pertsonal faltak suposatzen duen arazoari heltzeko. Baina Eusko Legebiltzarrean otsailaren 9an onartutakoa gauzatzen dela ziurtatzeko, Enplegu eta Gizarte batzordean agerraldia eskatu dugu berriro ere. Aldi berean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egingo dugu eta Eusko Jaurlaritzari bilera eskaera egingo diogu.

Onartutako Erdibideko Zuzenketa hau LABen lanari esker eta “Zaintza zaindu” kanpainari atxikitutako langile eta erabiltzaileei esker lortutako helburu eta aurrerapauso garrantzitsu bat izan da. Horregatik, LABek borrokatzen jarraituko du gizarte zerbitzuetako profesionalen kopurua handitu eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen ratio dekretu berri bat egin arte.

 

 

 

Zamaketarien gatazkarekin lotutako lanuzte eta mobilizazioak babesten ditugu

0

Datorren ostiralean, otsailaren 17an, Espainiako gobernuak Errege Dekretu bat erregistratuko du. Honek, erregistratu eta egungo zirriborroaren terminoetan onartzen bada, milaka enpleguren suntsiketa eta sortzen ziren enplegu berrien prekarizazio osoa ekarriko du berarekin. Jarduera mantentzea ez da eztabaidatzen, euren jarduera portuetan garatzen duten enpresen irabazi itzalak ez dira eztabaidatzen, ez du krisiarekin zerikusirik, portuetan ez baita beste sektore batzuetan bezala pairatu.

Errege Dekretu honek, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epai batean babestuz, zamaketarien sektoreko milaka langileren kaleratze masiboa baino ez du bilatzen, jarduera beste langile batzuekin jarraitzeko, eta kasu batzutan, egun zerbitzu hori eskaintzen duten langile berdinekin, baina baldintza prekarioagoetan.

Asko hitz egiten da zamaketarien baldintza ekonomikoen inguruan baina inongo momentutan ez da planteatzen enpresen egoera ekonomikoa lege aldaketa hau arrazoitzen duen eragozpen bezala. Honek suposatzen du, neurri handi batean, langileen egungo kudeaketa sistema ezabatzea.

Langile guztiok pobreagoak izatea nahi dute eta orain, langile hauen txanda iritsi da. Erreformaz erreforma, bilatzen den bakarra esku gutxitan irabazi gehiago pilatzea da eta aberastasuna hobeto banatzen den lekuetan, legeak egin beharrezko bada hau suntsitzeko.

PPren gobernuak sektore oso baten kaleratzea legeztatzea bilatzen du, EEErik gabe, kontsulten aldirik gabe eta kalte-ordainak funts publikoekin ordainduz, portuetan jarduten duten enpresak kalte-ordainak ordaintzetik ere salbuetsiz. Hortaz, diru publikoei egiten zaien lapurreta berri baten aurrean gaude.

2008an amaitu zen estiben pribatizazio prozesua, oso produktiboa den sektore berri bat pribatizatuta. Egungo egoera finkatzeko ibilbide osoa.

LABetik Errege Dekretu hau gaitzesten dugu eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei berau baztertzea eskatzen diegu. Santurtzi eta Pasaiako portuetako langileei sortzen dien eragina itzela da, eta Ezkerraldea eta Oarsoaldeko ekonomiei sortzen diena ere bai.

Horregatik guztiagatik, LABetik “hemen lan egin, hemen erabaki” goiburuari jarraiki, beharrezkoa da Gernikako Estatutua sinatu baino 38 urte beranduago, beharrezkoa da euskal portuen kudeaketa transferitua izatea, lan-baldintzak Euskal Herrian erabakiz, berriki sinatutako Sindikatu arteko Akordioaren babesean. Azkenik, aipatu LABek gatazka honetatik eratorritako lanuzte eta mobilizazioak babestuko ditu eta langile guztiak animatzen ditu, euren lanpostuen alde borrokan egin dezaten.