2026-04-21
Blog Page 95

Ondarroa, Lekeitio eta Markinako udalerriei Arkautek jarritako oztopoen aurrean, LAB sindikatuak berresten du Udaltzaingo prozesu propioen aldeko hautua

Ez da lehenengo aldia sindikatu hau Arkautetik bultzatzen diren udaltzaingoen deialdi bateratuen kontra agertzen dela.

Izan ere, Arkautetik bultzatzen diren planteamendu zentralizatzaileek gutxietsi egiten dute udal singularitatea, eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia-eredua inposatzen dute, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbiltasun-harremanaren kaltetan.

LABen oso argi dugu udal autonomiaren aldeko jarrera irmo eta aktiboa eskatu behar diegula euskal udalerriei, hau da, udal gobernuei egokitu behar zaie haien langileen prozesu selektiboen antolaketa eta erabakimena.

Horregatik, LABek bere gaitzespena adierazi nahi du Eusko Jaurlaritzatik jartzen ari diren oztopoak Ondarroa, Lekeitio eta Markinako udalerrien artean 2023ko urrian egindako lan eskaintza publikotik ateratako udaltzainen kontratazioan.

Udalez udal hautapen prozesu propioak martxan jartzearen aldeko apostua egiten du LABek, Udaltzaingo plantillen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak gain hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea handituz. Udaletako LPZren barruan dauden lanpostu guztiak eskaini daitezela, langileen ordezkariekin lehentasunak, prozesuak, profilak eta abar negoziatuz.

LABek herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen du.

Horregatik, LABek Urola Kostako Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalerrien artean iragarri berri duten Udaltzainen LEP propioa egoki ikusten dugu, hori baita, sindikatu honen ustez, jarraitu beharko litzatekeen bidea.

Azken finean, zerbitzu publikoen aldeko apostuaren bidean, sindikatu honentzako indartu behar den Udaltzaingo zerbitzua izaera komunitarioa, prebentiboa, euskalduna eta hurbilekoa eskaintzen duen eredua izan behar da.

Confebaskek gutxieneko soldata adosteko mahaiari jarritako betoa gainditzeko ekimen berria iragarri du euskal gehiengo sindikalak

Pasa den otsailaren 6an, Confebaskek ezezkoa eman zion gutxieneko soldata propioa adosteko mahaia eratzeari, sindikatu guzti-guztiek egindako eskariari muzin eginez. Patronalaren jarrera erabat onartezina da, bai forma aldetik baita funtsari dagokionez ere.

Formen aldetik, negoziazio kolektiboan dagokion funtzioari uko egin zion Confebaskek. Eztabaidari eta negoziazioari bide eman ordez, jarrera erabat autoritarioa hartu zuen. Berriro ere agerian geratu da, modu nabarmenenean, Patronalak ez duela elkarrizketarako eta akordioetarako inolako borondaterik. Bere jarrera autoritarioa da lan munduan gatazka areagotzen duena, lehendakariorde eta enplegu sailburu Torresek berak adierazi zuen bezala.

Funtsari dagokionez, tesi neoliberalak besarkatu egin ditu Confebaskek. Soldata baxuen eta lan harremanen desregularizazioaren alde egin du, horrek kalte bikoitza badakar ere. Kaltea, lehenik eta behin, soldata baxu horiekin bizimodua aurrera ateratzeko zailtasunak dituzten langileentzat eta bereziki generoaren, jatorriaren edota adinaren araberako arrakalak pairatzen dituztenentzat. Eta kaltea, bigarrenik, Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoarentzat, frogatua baitago lan baldintzen prekarizazioak jarduera ekonomikoa bera prekarizatu eta desbalorizatzen duela, jendartearen kohesioa kaltetzearekin batera. Horrelako politikak etxekalte dira Euskal Herriarentzat, herri bezala justu kontrako norabidean egin behar dugu aurrera: enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren bidez, jendarte eredu justuagoa eta bideragarriagoa eraikitzeko norabidean.

Gauzak horrela, ez dugu ontzat ematen Confebaskek mahaia eratzeari emandako ezezkoa. Eta ezezko hori gainditzeko asmoz, ekimen politiko berria iragarri nahi dugu. Orain arte sindikatu bakoitzak gutxieneko soldatari dagokionez bere erreferentzia propioa izan du eta orain negoziazio mahaian jarriko dugun proposamen bateratua adostu dugu. Egungo testuinguru sozioekonomikoa eta negoziazio kolektiboaren errealitatea aintzat hartzen duen proposamena da, erabat bideragarria eta gauzagarria. Ez diogu uko egiten norbere helburuei, eragile guztientzat onargarria izan daitekeen proposamena egin nahi dugu, gutxieneko soldata propio bat ezarri ondoren ondorioak aztertu eta etorkizunean eztabaidan sakondu ahal izateko.

Era berean, negoziazio mahaia eratzeko hitzordu berri baterako deia egitea erabaki dugu: martxoaren 20an, Bilbon Lan Harremanen Kontseiluak duen bulegoan. Hilabete honetan zehar harremanetan jarriko gara, batetik, Eusko Jaurlaritzarekin (bai Pradales lehendakariarekin baita Torres lehendakariorde eta enplegu sailburuarekin ere); eta, bestetik, Patronalarekin, proposamen bateratu horren berri zuzenean emateko eta mahaia eratu dadin galdegiteko.

Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dezala ontzat eman Confebasken jarrera. Eusko Jaurlaritza ezin da mugatu esatera Confebasken jarrerak gatazka areagotuko duela; Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen baliabide guztiak erabili behar ditu Confebaskek negoziazio mahaiari jarritako betoa altxa dezan. Eusko Jaurlaritzak noiznahi egiten ditu ekitaldiak Confebaskekin, babes politiko, mediatiko, logistiko eta ekonomikoa eskaintzen dio. Bada, baldintzatu dezala babes hori eta Confebaski exijitu diezaiola mahaia eratu eta gutxieneko soldata propio baten negoziazioari ekin diezaion, hots, bere funtzioari eta erantzunkizunari heldu diezaion.

Era berean, interpelazio zuzena egiten diegu Confebaski ez ezik Confebask osatzen duten herrialdeko patronalei, CEBEK, Adegi eta SEAri. Behin gure negoziaziorako proposamen bateratua ezagututa, CEBEK, Adegik eta SEAk duten jarrera argitu dezaten nahi dugu eta Confebaski negoziatzeko deia egin diezaioten eskatzen diegu.

Amaitzeko, gutxieneko soldata propioa eta duina lortzeko gure determinazioa berretsi nahi dugu. Iragarri dugun ekimen honekin batera, aktibazio sozialaren aldeko apustua egiten dugu. Lehenik, gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioak antolatzera goaz, dagokion unean iragarriko ditugunak. Bigarrenik, Confebaskek eman nahi ez duen eztabaida soziala sustatzera goaz, maiatzaren 16an gutxieneko soldataren inguruko jardunaldi zientifikoak antolatuz. Hirugarrenik, datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko milaka sinadura biltzera goaz, Confebask negoziazio mahaira eramateko nahiz, patronalak ezarri nahi duen betoa negoziazio mahaitik gainditzen ez balitz, legez gainditzeko.

Beraz, datozen hilabeteetan langile orok izango du aukera aldarrikapen estrategiko honi bultzada emateko. Eta langileon bultzadaz, bidean ager litezkeen oztopoak gaindituko ditugu.

Justiziak arrazoia eman dio LABi Amazoneko jazarpen sindikalaren inguruan

LAB sindikatutik pozez hartzen dugu Bilboko Lan Arloko 2. Epaitegiak emandako epaia, gure etengabeko salaketak baieztatzen dituena: Amazonek gure ordezkari sindikalak jazartzen ditu eta langileen askatasun sindikala urratzen du.

Epaiak bertan behera utzi du LABeko ordezkari eta Trapagarango Amazoneko enpresa-batzordeko kideari jarritako zigorra, eta enpresa zigortu du langileari 3.000 euroko kalte-ordaina eta LAB sindikatuari 2.000 eurokoa ordaintzera, askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea urraketagatik.

Epai honek baieztatzen du gure kideari ezarritako zigorra lan-zentroan egindako borroka sindikalaren ondoriozko errepresalia bat baino ez zela. Epaimahaiak aitortu duen moduan, LABek 2023ko abenduan eta 2024ko urtarrilean eta apirilean antolatutako greba eta lanuzteen eta 2024ko martxoan ezarritako zigorraren artean dagoen loturak Amazonek gure delegatu sindikalaren aurka egindako errepresalia ekintza zuzena agerian uzten du. Gainera, zigorraren neurriz kanpoko izaerak –lanaldia amaitu baino hamar minutu lehenago lantokia uztea leporatuta bi lanegunez enplegua eta soldata etetea– argiago erakusten du Amazonen helburua sindikalismoa jazartzea zela.

Gertatutakoa izan zen enpresak, egun horretan bertan, arriskuen prebentzioko batzordeko bilera batera deitu zuela langilea goizeko 9:30ean eta gure delegatuak ordu horretan bukatzen zuela bere lanaldia, hori dela eta, 10 minutu lehenago atera zen bilerara joateko, bestela ezinezkoa baitzen ordurako iristea.

LABetik berriro ere salatzen dugu Amazonen politika antisindikala. Epai honek erakusten du enpresak zehapena eta errepresioa erabiltzen dituela langileen antolaketa eragozteko eta haien eskubideak murrizteko. Hala ere, ez gaituzte geldiaraziko. Amazoneko langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu, eta ekintza sindikalaren kriminalizazioaren aurka borrokatuko dugu.

Amazoni exijitzen diogu bere jarrera antisindikala amaitzea eta langileen antolakuntza errespetatzea. Justiziak arrazoia eman digu, eta borrokan jarraituko dugu langileen lan-baldintza duinak bermatzeko eta haien eskubideak defendatzeko.

EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi du Revestimiento de Tubería y Accesorios-eko Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioa justifikatu gabea dela

Horrez gain, talde patologikotzat jo du Revestimiento de Tuberia y Accesorios (RTA), Soluciones Tubulares Sostenibles (STS), BAIKA Global, Baika Gestion, Steel Tubular Systems eta Tosyali Taldeak osatzen duten enpresa-taldea, lan-ondorioetarako.

Steel Tubular Systems-ek, 2022ko abenduan, idazki baten bidez jakinarazi zuen 2023ko urtarrilaren 1ean plantilla 2 enpresa desberdinetara subrogatuko zela, alde batetik Soluciones Tubulares Sostenibles (STS) eta bestetik Revestimiento de Tuberia y Accesorios (RTA), enpresa-proiektua sendotzen lagunduko zuen inbertitzaile bat lortzea errazagoa zela argudiatuta. Subrogazio hori Langileen Estatutuaren 64. artikulua bete gabe egin zen, eta LABek enpresa-talde bat zegoela salatu zuen.

Urtarrilaren 5ean, bi enpresek langileei jakinarazi zieten STS eta RTA enpresak, partizipazioen salerosketa baten bidez, Tosyali Turkiako Taldeak erosi zituela.

2023ko uztailaren 2023an, RTA enpresak, akordiorik gabeko negoziazioa amaitu ondoren, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) bat erregistratu zuen plantilla osoarentzat, LABetik ABEEEa salatu genuen enpresak hainbat kontu bete ez zituelako. Besteak beste, nahierara izateagatik, aurkeztu beharko luketen dokumentazioa (esaterako txosten teknikoa) ez entregatzeagatik eta RTA eta STS enpresa desberdinak izatearen itxura eman nahi zutelako, benetan enpresa egitura, lan egiteko modu eta zuzendaritza bateratuko lantoki bakarra denean, enpresa patologiko talde baten aurrean geundelako, eta abar.

Lehen auzialdian Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman ez bazigun ere, LABek jarritako helegitearen ondoren, joan den otsailaren 12an, EAEko Auzitegi Gorenak justifikatu gabekotzat jo zuen aldi baterako enplegu-erregulazioa. Enpresak Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera izan arren, LABek positibotzat jotzen epai hori, frogatuta geratzen baita, epaiak jasotzen duen bezala,enpresa-talde bat dela lan-ondorioetarako, eta ez subrogazioa, gure defentsari balioa emanez.

Espero dezagun enpresak bere akatsa onartzea eta helegiterik ez jartzea. Era berean, RTAri eskatzen diogu itzuli diezaiela kaltetutako langileei kontsumitutako prestazioa, baita ABEEE modu bidegabean aplikatzeagatik jaso gabe geratu zitzaizkien nominak ere.

Hitzarmen berria lortu du LABek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan

Hainbat hobekuntza lortu ditu sindikatuak; hala nola, 0 eta 1 urteko geletako hezitzaileen soldata 2 urteko geletakoenarekin parekatzea,%15,3ko soldata igoera eta urteko lan orduen jaitsiera. Langile guztientzat soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioa ditu jomugan orain sindikatuak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolen lan hitzarmena sinatu du LABek, eta, hala, amaiera eman dio 2022an EHI eta EIB patronalekin hasitako negoziazio bide luzeari.

Asko aldatu da EAEko hezkuntza testuingurua negoziazio urte hauetan. 2023ko abendutik Hezkuntza Lege berria dago indarrean EAEn. LABek, beste hainbat eragilek bezala, ez zuen legea onartu; legearen ingurumarian, ekarpen eta ahalegin ugari egin zituen sindikatuak. Horien artean, Hezkuntza Sailarekin 2023ko ekainean sinatu zuen akordio laborala. Akordio horretan, EAEko Hezkuntza sistema osoko langileentzat hainbat konpromiso hartu eta sinatu zituen LABek Hezkuntza Sailarekin, segidan negoziazio mahai bakoitzean forma eman eta gauzatu behar zirenak; segida eman zitzaien konpromiso horiei ikastoletako negoziazio mahaian, eta, hari horri tiraka, 2024ko urtarrilean aurreakordioa sinatu zuten EHI, EIB eta LABek. Aurreakordioan, beste hainbat hobekuntzekin batera, 2027rako ikastoletako langile guztiak sare publikoko langileekin parekatuko zituen parekatze-prozesu bat adostu eta parekatzea gauzatzeari ekin zitzaion.

Testuinguru horretan, negoziazioa ez da erraza izan. Ziurgabetasuna izan da nagusi, eta, hainbat unetan, denbora aurrera joan eta nahikoa edukirik ez zela ikusirik, batzarrak eta mobilizazioak egin behar izan ditu LAB sindikatuak; besteak beste, 2023ko otsailean ikastoletako langileek EHIri eta EIBri zuzendu zizkieten 5.000tik gora eskari gutunak, negoziazio mahaian edukiak jartzeko eskatuz; eta Lakua aurrean LABeko ordezkariek egin zuten kontzentrazioa eta protesta.

LAB sindikatua saiatu da ingurumari nahasi horretan erronka horiei guztiei aurre egiten langileak antolatuz, borroka eginez, irudimenez, negoziazio mahaira ekarpenak eta alternatibak eramanez, eta horren guztiaren emaitza da lan hitzarmenaren sinadura.

Aurreakordioa sinatu genuenean, hainbat hobekuntza jaso ziren bertan, dagoeneko 2024ko irailetik ikastola askotan aplikatzen direnak. Baziren, ordea, hitzarmenaren sinadurara lotuta zeuden hainbat hobekuntza ere: HHko Lehen Zikloko 0 eta 1 urteko geletako hezitzaileen soldata, esaterako. Izan ere, sinadura ondoren, 2 urteko hezitzaileek duten soldata bera izango dute hezitzaile guztiek.

Gainera, besteak beste, honoko hobekuntzak jasotzen dira:

– % 15,3ko soldata igoera langile guztientzat.

– Urteko lanorduen jaitsiera administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat eta 0-3 geletako hezitzaile eta jarduera osagarrietako langileentzat: 1.585etik 1.577ra, eta ordaindutako 2 lanegun.

– HHn eta LHn asteko 23 eskola-ordu, jolasaldiak barne.

– DBHn tutoretza partekatuak.

– Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat ordu osagarrien gehitzea.

– Hainbat baimenetan orduak gehitzea, eta baimen berriak.

– Eskualdeka ordezkoen lan-poltsak osatzea.

– Genero-identitate eta adierazpenaren eta sexu-orientazioaren gaineko jazarpen protokoloak.

– Lan Batzordeak osatzea administrarien, sukaldarien eta garbitzaileen lan baldintzak aztertzeko.

Egindako lanaren emaitza ospatzeko garaia da orain. Jomugan dugu, baina, akordio laboralean sinatu eta jaso zen bezala, soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioa langile guztientzat izatea. Hori izan zen LAB sindikatuak Hezkuntza Sailarekin sinatu zuena, eta horixe da exijitu eta borrokatuko duguna: parekatzea eta homologazioa ikastoletako langile guztientzat. Hori lortze bidean, orain arte parte hartu dugun negoziazio guztietan –izan ikastoletako negoziazio mahaian zein Hezkuntza Sailetakoan– erakutsi dugun indar, kemen eta determinazio bera erakutsiko dugu behar den lekuetan, baita kalean ere.

Horregatik, LAB sindikatutik lan hitzarmenaren sinadura ospatzera deitzen dugun indar berarekin deitzen ditugu ikastoletako langileak Hezkuntza Sailak LABekin sinatu zuen akordio laboralean jasotako konpromisoak bete ditzan mobilizatzera.

LAB sindikatuak eskerrik beroenak luzatu nahi dizkie ikastoletan dituen ordezkariei, afiliatuei, eta ikastoletako langileei, oro har. Bidean jarraituko dugu, bakoitzari tokatzen zaionaren defentsan. Aspalditik gatoz eta urrunera goaz.

Otsailak 22, soldata arrakalaren kontrako eguna. Zaintza arrakala eta soldata arrakala borrokatzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa hemen erabaki

Zaintza arrakala eta soldata arrakala elkarlotuta daude.

> Noizbait kalkulatu duzu soldatapeko lanaldiaz gain —enplegua deitzen diogun hori— zenbatekoa den emakumeen* lanaldia?

> Enplegutik kanpo zein zaintza ardura hartzen dituzte gizonek?

> Zaintza lanak lan bezala aitortzen baldin baditugu, zein arrakala dago emakumeen* zaintza lanaldiaren eta gizonen zaintza lanaldiaren artean?

> Pentsatu al duzu inoiz zenbateko lanaldia betetzen duten etxeko langileek, eta zein baldintzetan, gobernu eta administrazio publikoek zaintza sistema publikoa garatzeari uko egiten diotelako?

EUSTATen arabera (etxeko lanaren kontu satelitea, 2018) zaintza lanen %67,2 emakumeek* egiten dituzte, gizonek lanen %32,8 egiten dituzten bitartean.

Enpleguaren eremuan ere zaintzarako baimenak (ordainduak eta ez ordainduak) eta denborak hartzen dituztenen kopuruari begiratuta, jakina da emakumeak* direla gehiengo handi bat.

> Zenbat gizonek hartzen dituzte kontziliazio neurriak? Hego Euskal Herrian 2024. urtean seme alabak, harreran hartutako adingabeak edo senitartekoak zaintzeko eszedentziei erreparatzen badiegu, 10 zaintza baimenetik 8 baino gehiago emakumeek* hartu dituzte (Gizarte Segurantza, 2025).

> Zertarako erabiltzen dituzte gizonek halako baimenak?

Zaintza lanak aitortu eta baloratzetik urrun, lan horiek (emakumeek* egiten dituztelako eta emakumetasunaren rolean kokatzen direlako) egitea zigortzen du egungo eredu ekonomikoak. Izan ere, sistemak zaintza lanak ikusezin bihurtu eta musutruk egin daitezen behar-beharrezkoa du bere horretan mantendu ahal izateko.

Horregatik argi esaten dugu: zaintza arrakala eta soldata arrakala elkarlortuta dauden bi arrakala dira. Bada garaia gizonek ez-zaintzeko pribilegioari uko egin eta ardurak hartzeko.

Ordua da ere zor patriarkala aitortzeko, alegia, urteetan emakumeek* egindako zaintza lanak errekonozitzeko. Emakumeen* ardurapean geratu izan dira bizitza zaintzeko eta hari eusteko doan egindako lan guztiak, sistema kapitalistak eta, oro har, jendarte osoak baliatu dituenak. Ordua da zaintza lanen banaketa justu bat planteatzeko, hemen eta orain. Norabide horretan, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren bidean urratsak ematea ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugu.

Zentzu honetan, instituzioen ardura ere interpelatu nahi dugu: eredu pribatizatzaile eta familiarista elikatzeari utzi diezaioten eta eremu publikotik zaintza eskubide kolektiboa bermatuko duen sistema integral bat garatzeko ardura har dezaten. Hori izango da soldata arrakalarekin amaitzeko hartu daitekeen neurririk estrategikoena.

LAB sindikatutik bide horretan borrokan jarraituko dugu, lantokiz lantoki soldata arrakalaren kontrako neurriak borrokatzen, banaketa hirukoitzean (zaintza, enplegua eta aberastasuna) oinarrituko den sistema sozioekonomiko berri baten alde lanean. Bizitzak erdigunean kokatuko dituen eredu berri baterantz trantsizioa egiteko garaia da.

Eusko Jaurlaritza EHUn mugitzeko ordua da

2024. urtea hauteskunde urtea izan zen eremu batzuetan. Azaroan EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeak izan ziren, eta urtarrilaren amaieran lanean hasi zen Errektoretza talde berria. Guztiok dakigunez, ez dira gutxi EHUn konpontzeko arazoak eta aurrean dauzkagun erronkak.

Ikusiko dugu hurrengo hilabeteetan zein proposamen eta bide irekitzen diren hainbat egoerari aurre egiteko. LAB sindikatuak jarrera eraikitzailearekin ekingo dio garai berri honi, beti ere jarrera kritiko eta irmo batekin, bai langileen defentsan baita unibertsitate publikoaren defentsan ere. Irakasle eta ikertzaileen errektoreordeari zein gerenteari helarazi dizkiegu lantzeko gaien zerrenda eta egun hauetan lehenengo bilerak egiten ari gara. Gaien artean arduraldi partzialeko ordezko irakasleen egoera prekarioak lehentasuna dauka, besteak beste.

EHUn konpontzeko dauzkagun gai batzuk EHU barruan konpon daitezke. Izan ere, EHUko zuzendaritzaren esku dago egoera eta arazo batzuen aurrean jarrera bat edo beste izatea: jarrera itxia, parte-hartzea mugatzen duena, diskriminazio eta prekaritate egoerei ez ekiteko aitzakiak bilatzen dituena, edo arazoei aurre egiteko proposamenak egiten eta negoziatzen duena, langileak, ikasleak eta EHUko komunitateko eragileak entzuten eta kontuan hartzen dituena; sindikatuen bitartez langileek irabazitako sententziei helegiteak jartzen dituena, edo langileen eskubideak kolektibo guztietara zabaltzen saiatzen dena. Espero dugu bigarren jarrera horretara igarotzea EHUk eskumena daukan arlo guztietan.

2024an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere izan ziren, eta sortutako gobernu berriak Unibertsitate esparrua Hezkuntza sailetik ateratzea erabaki zuen, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako saila sortzeko. Zortzi hilabete igaro dira sailburu berriak, EHUko errektorea izandakoak, kargua hartu zuenetik. Erabaki batzuk EHUren autonomiaren barruan badaude ere, beste batzuk EHUtik kanpo erabakitzen dira. Horietako batzuk, unibertsitate-ereduaren oinarrizkoenak, Espainiako Estatuko legeen bitartez ezartzen zaizkigu. Euskal Herriko langileoi dagozkigun erabakiak eta araudiak Euskal Herrian erabaki behar ditugu. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu! Zentzu horretan, beste gai batzuen artean, irakasle-ikertzaile funtzionarioen transferentzia ezinbestekoa da. Unibertsitateko irakasle-ikertzaile zein TEKAZEL funtzionarioen oinarrizko soldatak Espainiako Estatutik ezartzen dira, eta horrek, neurri handi batean, IRI eta TEKAZEL laboralen soldatak ere baldintzatzen ditu.

Beste alderdi asko Eusko Jaurlaritzaren erabakien menpe daude: unibertsitate publiko zein pribatuei bideratutako finantziazioa, EHUko langileon soldatak, osagarriak eta beste lan-baldintza asko definitzen dituzten araudiak. Sailburu berriak mahai gainean dauzka aspaldidanik zaharkituta dauden araudi batzuk, pairatzen ditugun arazo batzuen iturria direnak. Bere esku dago 40/2008 eta 41/2008 dekretuen eguneratzea bultzatzea, non EHUko irakasle-ikertzailen figurak eta soldatak zehazten diren. 41/2008 Dekretuak, hain zuzen, lanaldi partzialeko ordezko irakasleen miseriazko soldatak ezartzen ditu, klase eta tutoretza orduez gain ezinbesteko aktibitateak gauzatzeko orduak kontuan hartu gabe. Gainerako irakasleen soldatak ere jasotzen ditu, unibertsitatean irakasteko eta ikertzeko beharrezko kualifikazio maila aintzat hartzen ez dutenak. Izan ere, EAEko bigarren hezkuntzako soldatak baino baxuagoak dira EHUko irakasle eta ikertzaileen oinarrizko soldatak. Ezinbestekoa da EHUko irakasle-ikertzaile eta TEKAZEL guztion oinarrizko soldatak igotzea, azken hamarkada eta erdian galdutako erosahalmena berreskuratzeaz gain. Horri lotuta, ezin da gehiago atzeratu irakasle-ikertzaileen osagarriak eguneratzea, 2006tik hona diru-kopuru berean mantentzen direnak, edo TEKAZELen lanpostuen birbalorazioak egitea. Horretarako, finantziazioarekin batera, borondate argia izan behar da. Orain arte Eusko Jaurlaritzatik erakutsitakoa kontrakoa izan da: osagarriak ez eguneratzeaz gain, azpijokoak erabili osagarrien deialdiak ekiditeko edota atzeratzeko. LABek behin eta berriro salatu ditu trikimailu horiek azken urteetan, komunikatu eta mobilizazioen bitartez zein gune instituzional ezberdinetan.

Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburu berriak Eusko Jaurlaritzaren ibilbideari beste norabide bat emateko aukera dauka. Hala ere, azken hilabeteetako bere adierazpen batzuk kezka handiz jaso ditugu. Abenduan Radio Euskadin egindako elkarrizketan kolokan jarri zuen USLOk 2030erako unibertsitate publikoetarako ezarritako BPGren % 1eko finantzaketa. Zifra horretara heltzea Espainiako Estatu mailako kontua dela adierazten zuen, EHUren finantzaketa nagusiko Eusko Jaurlaritzaren esku egongo ez balitz bezala. Gainera, gaur egun zein ehunekoa den galdetuta, euskal unibertsitate-sistemarako BPGren % 0,6 dela erantzun zuen. Kontua da, USLOk espresuki zehazten duela % 1 hori unibertsitate publikoetarako dela. Unibertsitate pribatuen finantzaketa publikoa ez da multzo horretan sartzen. Beste alde batetik, finantziazioaren igoera ikerketaren helburu zehatzak lortzearekin lotu zuen, EHUk dauzkan egiturazko behar nabariak alboratuta utzita. Izan ere, EHUko plantilla handitzea ezinbestekoa da (bereziki TEKAZEL/IRI ratioa handituz), bere potentziala areagotzeko eta euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua bermatzeko. Aipatu dugun moduan, soldatak ere igo behar dira, kolektibo prekarizatuetan arreta berezia jarrita. EHUko eraikin, azpiegitura eta zerbitzu batzuek ere finantziazio nahikoa behar dute. Alabaina, ez dugu sumatu borondate argirik zentzu horretan. Oraindik ez dakigu ezer aipatutako % 1era heltzeko USLOk jasotzen duen sortu beharreko batzordeari buruz, bereziki Eusko Jaurlaritzari dagokiona.

Gakoa finantzaketa da. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioek unibertsitate pribatu eta elitistei finantziazioa eta erraztasunak ematen dizkieten bitartean (Euneiz eta Gastronomy Open Ecosystem-i bidea eman ostean, EDA drinks & wine campus daukagu azken adibidea…), unibertsitate publikoa jaso beharreko finantzaketatik oso urrun dago.

Eredu elitista eta neoliberalen aurrean, EHU defendatzeko ordua da. Eusko Jaurlaritzaren esku dago azken hamarkadetako norabidea aldatzea. EHUko langile guztioi dagokigu aktibatzea eta borrokatzea gure lan-baldintzak hobetzeko eta euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa lortzeko.

Arabako adinduen egoitzetako langileok gaur ere greba egin dugu enpresei eta Aldundiari hitzarmen probintzial duin bat aldarrikatzeko

Egoitza pribatuetako langileen lan-baldintzak hobetzeko aurrekontu-sail bat bideratzeko baldintzarekin onartu ziren abenduan Arabako Aldundiaren foru-aurrekontuak. Diru-sail hau urte hauetan guztietan langileek mantendu duten borrokari esker lortu da, Aldundiaren borondate politiko eza gaindituz. Gu gara, egoitzetako langileok, geure irmotasunarekin erakundeek gatazka honetan duten erantzukizuna saihesten jarraitzea eragotzi dugunok.

Aurrekontu-sail hori ez dirudi Arabako adinduen egoitzen egungo egoerak eskatzen duen premiarekin gauzatuko denik, aipatutako borondate faltagatik.

Sektore feminizatu honetako langileok gizarte honetako zati handi baten zaintza beharrak eusten ari gara eta gure lanaren garrantzia aitortzea eskatzen dugu, lan-baldintza duinekin. Gure soldatek LGSa ozta-ozta gainditzen dute oraindik. Sektore honetan urteko lanaldia (1.772 ordu) basakeria bat da eta gehiegizko ratioekin eta enpresen lan-osasunaren prebentzio ezarekin batera, gure osasunarekin amaitzen ari dira.

Urtarrileko eta otsaileko EAEko hezkuntzako sukalde eta garbiketako grebek jarraipen oso zabala izan dute

Urtarrilerako eta otsailerako LAB, ELA eta CCOOek deitutako Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako lau greba egunek jarraipen zabala izan dute. Urtarrilekoek izan zuten jarraipena otsailekoetan gainditu ere egin da sukaldeetan.

Kolektibo hau feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua da eta lan baldintza prekarioenak dituena, baita pribatizazio prozesu handiena bizi duena ere. 1.000 langile izan dira grebara deituak.

Gogoratu behar dugu Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoen bitartez zein hauen aplikaziorako irizpide neurrigabeak ezarriz, kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela. Hala ere, mobilizazioetan ehunka sukaldari eta garbitzaile bildu gara eta jarraipena %70 ingurukoa izan da batez beste.

Esan beharra dago greba zikloan zehar negoziazio mahaiak deitu dituela Hezkuntza Sailak eta azken bilera otsailaren 11an izan zen. Bilera hauetan, grebek behartuta zenbait eduki mahai gainean jartzen hasi da, funtzioen gaia esaterako. Kategorien egokitzapenari buruz ere hitz egiten hasi da. Halere, lan hitzarmen berria sinatzeko proposamenak jorratzetik eta ekartzetik urrun dago.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; gazteberritze planak adostea; galdutako eros- ahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua bermatzea eta egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen araudia negoziatu eta adostea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.

Hurrengo bilera martxoaren 6rako dago aurreikusita. Grebetan aldarrikatzen ari garen edukiak ikasleen arreta egokia ere bermatzera bideratuak daude. Jaurlaritzari galdegiten diogu langileak entzun ditzala eta grebetan aldarrikatutako eskaerei erantzun diezaiola.

Gauzak horrela, dinamika honen balorazioa eta hurrengo pausuak zeintzuk izango diren baloratzen ari gara, greba dinamikarekin jarraitzea baztertu gabe.

Borrokak merezi duelako, zorionak sukaldari eta garbitzaileei!