2026-07-07
Blog Page 944

Mobilizazioa egin dugu Azken Ikutun, langileei egiten ari zaien lapurreta salatzeko

LABek Lea Artibain kimikako sektorean gertatzen ari diren irregulartasunen salaketa publikoa egin du gaur. Hain zuzen ere, Berriatuakoa Azken Ikutu enpresaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu, enpresa hori ez baitago kimikako hitzarmen kolektiboa betetzen ari. Langileak hitzarmenak esaten duena baino 600 euro gutxiagoko soldatak jasotzera iristen dira.

Langileei lapurreta egiten zaie modu lotsagabean.

Jai egun bezperetan, zubietan, etab. kaleratu egiten dituzte langileak, hurrengo lan egunean berriz altan emateko, ABLEek duten prekarietate mailara helduz.

Gainera orain, LABen presioaren ondorioz, soldatetan irregulartasunak onartzen ditu zuzendaritzak, baina hurrengo urtera arte erregularizatuko ez dituela esanez. Hau da, lapurretan ari direla onartzen dute, baina hurrengo urtera arte lapurtzen jarraituko dutela. Enpresari hauen lotsagabekeriak ez du mugarik, langileoi soldatak eta eskubideak lapurtzea da hauen funtzionatzeko modua.

Jakin badakigu, gaur egun, Azken Ikutu ez dela hitzarmena betetzen ez duen enpresa bakarra. Ibai Aurrez enpresari ere salaketa jarri diogu. Argi utzi nahi dugu, ez dugula inola ere, gure eskualdean esklabutza egoerarik onartuko. Enpresariek jakin dezatela, LABek dituen baliabide eta energia guztiak erabiliko dituela horretarako.

Dagoeneko, zenbait salaketa jarriak ditugu epaitegian, eta enpresa hauetan dagoen arazoen berri eman diogu, azpikontrata guzti hauen arduradun den Cikautxo S. Coop enpresari ere. Hala ere, arazo honekin jarraitzen badugu, prest gaude harago joateko, eta ez dugu baztertzen mota ezberdinetako salaketa judizial edo sozial gehiago egitea, edo beharrezko ikusten dugun ekintza sindikalaa egitea.

Beste enpresa batzuetan aurrera pausu handiak eta egoera hauekin bukatzea lortu da. Gogoratu nahi dugu pasa den urteko udan ROAL enpresako langileek lorturiko garaipena, langileen antolakuntza eta borrokarekin lortu al diren eskubideen eredu. Baina badakigu bide luzea dugula egiteko oraindik.

Cikautxo S. Coop-i eskakizun publikoa egin nahi diogu, mota honetako enpresetan gertatzen ari dena ez bultzatzeko eta hitzarmena betetzen duten enpresekin lan egiteko. Honela, denon artean, azpikontratetako langileen eskubideak errespetatzen dituen kalitatezko kimikako sektorea lortuz, azpikontrata, haundiago, indartsuago eta espezializatuagoak izateko. Jarraitu beharreko bidea hori dela uste dugu.
 

 

 

Karitateen Alabak, Miranda Fundazioa, Kristau Eskola, Hezkuntza Saila, Barakaldoko alkatea, PNV, PP eta PSEk itxi dute La Milagrosa Ikastetxea

LABek gogor kritikatu nahi du aipatutako guztien arduragabekeria. Barakaldoko herriak ikastetxe bat eta 40 lanpostu gutxiago izango baititu. XXI. mendean onartezina da matrikula eta proiektu soziala zeukan ikastetxe baten itxiera. Baina zoritxarrez, hau da itxiera baimendu dutenen eredua, espekulazioa bultzatzen duen eta pertsonak ahazten dituen gizarte sistemaren eredua.

Matrikula beteta eta proiektua zeukan La Milagrosako ikastetxea itxi egin dute. Karitateen Alabak, Miranda Fundazioa, Kristau Eskola, Hezkuntza Saila, Barakaldoko Alkatea eta PNV, PSE eta PP alderdi politikoak dira itxieraren arduradunak. Bakoitzak bere harri koskorra jarri du 350 familia, Barakaldo eta inguruko herrietan sakabanatuz eta 40 lanpostu suntsituz.

Kristau Eskolaren parte diren Karitateko Alabek ez zeukaten interes handia La Milagrosako Proiektuagatik eta hiltzen utzi zuten astiro astiro. Horretan, bide lagun izan dute Miranda Fundazioa, alokairuaren prezioa itogarria jarriz, Barakaldoko Alkatea eta Hezkuntza Saila zabalik mantentzeko kudeaketa zailduz eta alternatibak oztopatuz, eta PNV, PP eta PSE, La Milagrosari legebiltzarrean azkenengo kolpea eman ziotenak onartu zen legez besteko proposamenarekin.

LABek familiak eta langileak zoriondu nahi ditu. 6 hilabete hauetan, 200 mobilizazio baino gehiago egin dituzte Barakaldon beharrezkoa den eta maite duten proiektuaren alde eta alternatibak ere mahaiaren gainean jarri dituzte. Azkenean ez da izan posible, baina borroka ereduan maisu-maistrak izan zarete 350 ikasle eta Barakaldoko herritarren aurrean. Duintasunean irabazi duzue. Gure zorionik beroenak zuentzat. Animo eta aurrera!
 

 

 

Mugak Zabalduz Karabanarekin egin dugu bat

Euskal Herriko Eskubideen Karta sinatu dugun erakunde sozial eta sindikalok babesa agertu diogu Mugak Zabalduz Karabanari. Uztailaren 14an, Melillarantz abiatuko da, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Xede dugun jendarte-ereduaren erdigunean, bizitza dago, eta bizitza jokatzen dute, hain zuzen ere, gerratik eta miseriatik ihesi dabiltzanek. Hala adierazi dugu Bilbon, gaur egindako agerraldian.

Salatzen dugu etorkinek eta errefuxiatuek jasaten duten egoera egungo migrazio-politika hiltzaile eta antisozialen ondorio dela; halako politiken ondorio dira, halaber, biztanleriaren pobretze orokortua eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa. Borrokatu beharra dugu, eta eskubide politiko, zibil eta ekonomikoak pertsona guztiei hedatu.

Gobernuek barnerarazi nahi dizkiguten arrazismoaren eta xenofobiaren muina honelako baieztapen faltsuak dira: “Lana kentzen digute”, “Gaizkileak eta terroristak dira”, “Gure gizarte-laguntzez aprobetxatzen dira”, “Inbaditu egiten gaituzte”, etab. Halako adierazpenek ez dituzte kontuan hartzen neokolonialismo-formak, alegia, egungo eredua herrialde aberastuek Munduko Hegoaldeko herrialdeak mendean izateko.
Europako Batasunean, 119 milioi pertsona baino gehiago pobrezia-arriskuan daude; ondorioz, barne-migrazioak izaten dira herrialde kideen artean. Lan-prekarietatea enpresen eta herrialdeen arteko lehiaren funtsezko osagaia da, orokortua sektore jakin batzuetan (eraikuntza, garraioak, haragi-industria, gizarte-arreta eta etxeko lana), eta EBko langileen arteko barne-migrazioen esplotazioa legeztatzen du.

Nekropolitika da sistema ekonomiko kapitalista eta patriarkalak bultzatzen dituen bideetako beste bat: pertsonak esplotatzeaz eta kanporatzean gain, hiltzen uzten ditu. Nazioarteko krimen hutsak dira. Erailtzen dira mugimendu ekologista, feminista eta LGTBko buruzagiak, nekazariak eta indigenak, beren lurra proiektu hidroelektriko erraldoien kontra babesteagatik, baina sistema kapitalistak sobera dituen pertsonak ere ezabatzen dira: kontsumitu edo ekoiztu ezin dutenek enbarazu egiten dute, eta giza hondakin bihurtzen dira (Bauman).

Sistema kapitalistak jendea behar du oraindik, eta eskulan migratzailea izaten jarraituko du. Baina eskulan horrek ez du eskubiderik izango, eta lan egingo du eraikuntzan, ostalaritzan edo zaintzan, eskulan merke eta prekarizatua bihurtua. Hala, soldatak jaitsi eta lan-baldintzak eskastu egingo dira, jende esplotatuaren eta jende pobrearen arteko gatazka-prozesu batean -kapitalak eta gobernu konplizeek bultzatuta-, nazional pobreen eta atzerritar pobreen artekoan. “Gerra” horrek kapitalismoari egiten dio mesede, eta arrazismoaren eta xenofobiaren euskarri da.

Errefuxiatuak eta migratzaileak pobreen arteko gerra islatzen eta are sakonagoa egiten duen ikurra dira. Oso funtzionalak dira sistema kapitalistarako, eta bere urrezko arauetako bat: eskulan, formal edo informal, merkea eta prekarioa, langileen eskubideen murrizketarako bidea formalizatzen duena.

Gure mespretxu osoa Europako erakunde eta gobernuentzat, kapitalaren eskubideak babesten eta pertsonen eskubideak urratzen ari direlako. Proiektu neoliberal, patriarkal, militarizatu, baztertzaile eta erregresiboa defendatzen dutenen aurrean, guk elkartasun internazionalistaren alde egiten dugu, pertsonon eta herrien arteko topaketan oinarritua.
 

 

 

Irurako istripua saihesteko neurriei azken ezetza otsailean eman zioten, langileek salatutakoaren arabera

0

Ostiralean, uztailaren 7an, istripua egon zen Iruran autobus eta kamioi baten artean, N1ean dagoen autobus geltokiaren inguruan. TSST enpresako autobus gidari bat zauritu zen istripuan, beste pertsona batzurekin batera. TSSTko delegatuek behin baino gehiagotan ohartarazi dute autobus geltoki horren arriskuaz, eta atzo elkarretaratze bat egin zuten Lasarten, enpresa atarian, honen guztiaren berri emateko.

Ostiral ilunabarrean Iruran gertaturiko istripuaren aurrean honakoa adierazi dute TSST-ko Enpresa Batzordetik, langile guztien izenean:

-Ez dela kasualitatea Uztailaren 7an jazotako ezbeharra. Urteak, eta berriz diogu, URTEAK direla aldundiari eta beste arduradun batzuei, hainbat geldialdiren arriskuez ohartarazi eta neurriak har zitzatela galdegin genuela. Eta ez behin. Askotan baizik. Azkena, urrutira joan gabe, pasa den Otsailean. Zer egin da? Ezertxo ere ez. Horrelako istripuak gertatu behar al dute behar bezalako neurriak hartzeko?

-Gezurra dela hainbat komunikabideetan hainbat agintari eta arduradunek esandakoa. Hemen ez da elkarrizketarik egon. Hemen, TSST-ko langileon partetik (gidarion eta bidaiarion osasunaren gainetik ezertxo ere ez dagoela pentsatzen baitugu) eskaerak eta ohartarazpenak egon dira eta Aldundiak zein bestelako arduradunek ENTZUNGOR egin diete modu errepikatuan egindako eskaerei. Orain, aurpegi zuritze eta esku garbiketa egiten dabiltzan berberek, 2017ko Otsailean esan zioten azkenekoz ezezkoa, istripu hau eragotziko zukeen neurriak hartzeari. Egia esan dezatela exigitzen dugu.

-Bestalde ozenki salatu nahi dugu ere, istripu hau pasatu ondoren hartu diren neurri eta erabakietan ez dela TSSTko langileokin ezertarako kontatu. Gu geu garenean, egunerokoan autobusak gidatzen ibiltzen garenak. Hemendik aurrerako ikerketa, neurri eta erabakietan TSSTko langileokin kontatzen ezpada, jakin dezatela bidaiari eta herritarrek antzuak izanen direla erabaki horietan oinarrituriko neurriak.

-Marisol Garmendiak esan bezala (prentsan azaldu denez), lehentasuna segurtasuna da autobusak 5 edo 10 minutuko atzerapena badu ere; guk ere berdina pentsatzen dugu bai. Baina ditugun ordutegiek ahalbidetzen ote dute halakorik? Ditugun markatutako denborek posible egiten ote dute hau? Denontzako lehentasunak berdinak ahal dira? Egokitu daitezela ordutegiak eta denborak. Konponbidea eman behar zaio geldialdi arriskutsuen aferari, baina ez horri bakarrik. Ikerketa integral baten beharra agerikoa da eta ditugun arazo ezberdinei konponbidea jarri behar zaie, kalitatezko eta segurua izango den zerbitzua eskaini nahi badugu behintzat.

Guk, orain arte bezala jarraituko dugu, gidarion eta bidaiarion ongizatea lehenetsiz.
Horretarako ondoko erabakiak hartu ditugula jakinarazi nahi dugu:

1)-Aldundiak eta bestelako arduradunek egindako eskaera eta protestei behin eta berriz emandako ezekoen aurrean (ardurak hirugarrenei pasatuz, egin beharreko lanen kostea ekidin nahian), langileok bidaiarientzako arriskua eragin lezakeen edozein geldialditan ez geldialdirik egiteko erabakia hartzen dugu. Behinik behin, behar bezalako segurtasun neurriak hartu arte eta inoren bizia arriskuan izango ez dela bermatu arte.

2)-Jarrera eta erabaki hauekin aurrera jarraituko dugula, benetan eta egiazki, egin beharreko moldaketa eta lanak egin arte. Eta era berean ez dugula onartuko ibilbidean egon daitezkeen bestelako aldaerarik, arazoari benetako konponbidea ekiditen baldin badute eta dirua aurrezteko interesa baldin bada lehentasuna.
 

 

 

Negoziazio mahaia uztea erabaki du Edesa Industrial Garagartzako enpresa batzordeak

0
Gaur, uztailak 10, Enpresa Zuzendaritzak lehen bilerarako hitzordua jarri du, garbiketa jarduerarekin lotutako langileen itxiera Enplegu Erregulazio Espedienteari buruz. Lehen ezustea izan da enpresaren aldetik, Edesa Industrialeko Giza Baliabideetako Zuzendaria agertu dela soilik.

Honako balorazioa egiten du Batzordeak:

Ez dugu onartzen extintzioko EEE bat abiatzea, urriaren 25era arte baliagarria den suspentsioko EEEa bat egonda; garbiketa ekoizpenaren lerroa ixtea ez da nahikoa azaldu. Ez dugu ezagutzen enpresa egiten ari den bideragarritasun plana, eta ez dakigu zeinek hartuko duen Zuzendari Nagusiaren figura.

Isolatutako erabaki bat onartzea nahi da, argi dagoenean zerbait sakonagoaren baitan txertatuta dagoela.

Horregatik erabaki dugu negoziazio mahaia uztea.

Gure irakurketa da CNAk ezin duela enpresa hau aurrera atera orain osatuta dagoen moduan, eta litekeena eta honi bideragarritasuna emango dion inbertsore bat sartzeko asmoa izatea, nabarmena izanik EEE hau plan horren zati bat dela.

Zentzu honetan eta tokiren baten gure etorkizuna erabakitzen ari dira. Onartezinak dira método ilun eta nahasgarri horiek, hortaz, eta egia esaten ez diguten bitartean, CNA enpresarekin konfrontazio osoan gaudela adierazten dugu.
 

 

 

Estatus politiko berri bat aldarrikatu dugu, enplegu eta babes sozial gaietan ahalmen legegile osoa izateko

Garbiñe Aranburuk eta Bea Martxuetak, LABeko idazkari nagusiak eta Politika Sozialeko arduradunak, hurrenez hurren, agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) erreformatzeko asmoen inguruan sindikatuak duen jarrera zehazteko. Sindikatuko ordezkariek DSBEren erreforma bertan behera uztea eskatu dute, baita patronalaren aldeko erabakiak albo batera uztea ere.

"Aldarrikapen oso argiak ditugu babes sozialean ditugun hutsuneei buelta emateko". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaurko agerraldian egindakoak. Hala, DSBEren erreformare proposamenaren azterketa egiteaz gain, LABen aldarriak nabarmendu ditu: Soldata eta lan baldintzak duintzea eta kalitatezko emplegu berria sortzea. Horretarako 1.200 euroko soldata et 35 orduko asteko lanaldia; eta babes sozial eta pentsio duinak".

Sindikatuko idazkari nagusiak jakinarazi du datorren kurtsoan mobilizazio soziala indartuko dugula: Jaurlaritzak erreforma honetan atzera egitea da gure helburua. "Gogoratu behar dugu 1996-2000 urteetan mobilizazio dinamika itzela eraman genuela aurrera. 1999an greba orokorra ere egin genuen, eta horrela pobreziaren kontrako borroka agenda politikoan kokatzea lortu genuen. Mobilizazio horrek behartuta arautu zen DSBE, nahiz eta ez zen iritsi sindikatu eta mugimendu sozialetatik egiten genuen eskaerara. Hori da berriro ere aurrean dugun erronka, politika publikoak baldintzatzea, politika publikoak herritarren gehiengoaren mesedetan izan daitezen borrokatzea", azaldu du Aranburuk.
 

 

Irunen gertatutako lan heriotza salatu dute

Irungo Plasticos Alai enpresaren atarian egin dute protesta, 50 urteko bertako langile bat hil baitzen ostiralean lan istripuz. 700 kiloko zama bat erori zitzaion gainera. Hala, enpresa komiteak 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu gaurko.

Dagoeneko 2017an gutxienez 35 langile hil dira Euskal Herrian euren lanpostuetan edo horien ondorioz, 3 Araban, 12 Bizkaian, 14 Gipuzkoan eta 6 Nafarroan. Joan den astean, hiru langile hil ziren lanean zirela: Irunen, Azpeitian eta Bedian, hain zuzen ere.
 

 

 

Arantza Tapiaren adierazpenak Eusko Jaurlaritzak Industria politikarik ez duenaren aitortza publikoa dira

0

LABek Arantxa Tapiaren adierazpenak duintasunik gabekoak direla deritzo, zehazki, Eusko Jaurlaritza laguntzeko dagoela, baina ez ekimen pribatua ordezkatzeko, dioenean. Hain zuzen ere, EAEn azken astean enpresa ezberdinetan lehertu den egoera zailekiko duen erantzunkizuna zuritu nahian. Sindikatuaren iritziz Eusko Jaurlaritzaren industria politika ezaren errekonozimendua dira. Beraz langileok pairatzen dugun egoerekin amaitzeko instituzioek neurriak hartzea ezinbestekoa dela exijitzen jarraituko dugu, baita jendarte gehiengo batentzat gobernatzeari uko egin dion Eusko Jaurlaritzaren kontra mobilizatzen ere.

Adierazpen honen aurrean, LAB sindikatuak honako hau adierazi nahi du:

– Eusko Jaurlaritzaren industria politika ezaren errekonozimendua da, Eusko Jaurlaritzaren ezintasuna agerian uzten baitu. Lantegi hauen artean, gehienen egoera zaila jakina zen, ez da berria, nahiz eta egun hauetan publikoki jakinarazi. Haietako askotan gainera Eusko Jaurlaritzak partehartzea dauka akzioak baitzituen edo baititu (CEL, XEY, La Naval…). Agerian geratu ondoren, harridura adieraztea, ezjakinarena egitea, Eusko Jaurlaritzaren ihesbidea izan da, ez baitu politika industrial zehatzik.

– Eusko Jaurlaritzak ardura handia du, Euskadin itxi diren lantegi hauen eta beste hainbaten kasuan. 2008. urtetik zerrenda amaigabea da. Bere politika industriala zehaztu gabekoa izatearen ondorio dira: Industrian, aurreikusitako aurrekontuak baino gastu murritzakoa, esaterako, TAVerako, I+D dagokionez EBko bataz bestekoa baino gutxiago, aurrezkikutxen pribatizazioa, Pymeen bazterketa gure industria ehunaren %90 izanik, irizpiderik gabe lantegi handiei diru publiko handia oparituz, politika fiscal aurrerakoiagoei bidea ukatuz… Eusko Jaurlaritzak ez du politika industrialik, are gehiago, edukitzeari uko egiten dio. Industriari buruz ikuspegi oso neoliberala du, Eusko Jaurlaritzarentzat politika industrial hoberena, ez dagoena da. 

– Eusko Jaurlaritzak maiz, euren akzioak kendu eta esku pribatuetan lantegi asko utzi ditu, haietako asko egoera oso larrian geratuz (Cel, ACB Sestao, Vicrila, Aernnova…). Sektore pribatuari orain ardura egoztea ez da zilegi, hain zuzen ere beraien eredua lantegiak pribatizatzea denean, enpresariei boterea osoa emanez nahi dutena egiteko.

– Adierazpen hauekin, langileak bakarrik gaudela ondorioztatzen dugu. Lantegien kudeaketa txarra eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunkizun eta konponbide eza ere langileok sufritzen ditugu. LAB sindikatuak, egoera hauekin amaitzeko instituzioek neurriak hartzea ezinbestekoa dela exijitzen jarraituko du, baita jendarte gehiengo batentzat gobernatzeari uko egin dion Eusko Jaurlaritzaren kontra mobilizatzen ere.
 

 

 

Kalitatezko enpleguaren alde eta kontratazio irizurraren aurka egingo dute Mercedesen

0

Gaur egin duten agerraldiaren bidez Mercedeseko Enpresa Batzordeak aldi baterako kontratuen arazoa azpimarratu nahi izan du. Aspalditik ari dira egoera salatzen. Egoera honen harira pasa den hilabetean lan ikuskaritzak enpresari 550 aldi baterako kontratu kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu zuen. Enpresa batzordearen iritziz egoera oso larria da eta langile guztiei egoera honen aurka borrokatzea deia luzatzen die.

Enpresa batzordearen oharra:

Mercedeseko Enpresa Batzordetik aldi baterako kontratuen arazoa azpimarratu nahi izan dugu. Duela asko salatzen ari garen arazoa da, eta hori dela eta pasa den hilabetean lan ikuskaritzak enpresari 550 aldi baterako kontratu kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu zion, 101.000 unitateko produkzio zifra batean oinarrituta.

Batzordeak alde batetik ulertzen du bihurtze horiek ez direla nahikoak, eskaria ez baitoa 2016ko produkzio kopuruekin bat (135.000), ezta 2017koekin ere (144.000) ezta 2018rako aurreikusten direnekin ere (2017ko zifrak gainditzen dituztenak). Ulertzen dugu egitura enplegu argia dagoela, existitzen direnen gainetik kontratu mugagabeak sortu beharko lituzkeena.

Bestalde, egitura enplegua alde batera utzita, ageria da enpresak ez duela Legea bete eta ez duela betetzen duen kontratazio politikarekin. Asko dira enpresak kaleratutako pertsonak, egiten zuten lanak jarraitzen zuen bitartean, eta pertsona berriekin ordezkatu ditu, eta hori legez kanpokoa da.

Hori dela eta, Enpresa Batzordetik egoera hau ekiditeko eta publikoki salatzeko ekintza desberdinak adostu ditugu:
_ INSTITUZIOAK.- Lan Ikuskaritzak, Lan Sailak eta Delegazioak kontratazioan iruzurra ematen ari dela dakiten arren eta ahal dutena egin dutela esan diguten arren, Batzordetik bide hau azpimarratuko
dugu, administrazioak Legea betetzen dela bermatu behar duela ulertzen dugulako.
_ ENPRESA.- Batzordeak enpresarekin gai hau jorratzeko prest dago, eta horrela adierazi diogu.Legea
errespetatzen duen konponbide bat bilatzeko, justua, gardena, guztientzako berdina dena, irizpide
objektiboak dituena eta enpresan kalitatezko enplegu egonkorra bermatzeko oinarri izateko balio
duena.
_ GIZARTEAN.- Argi dago Mercedes Arabako eta EAEko ekonomian aktibo garrantzitsua dela, baina horrek ez dio Legea ez betetzeko baimena ematen.Ulertzen dugu gizarteak “enpresa motor” honen
errealitatea ezagutu behar duela, beste gauza askotan eredu bada ere, gai honetan ez dena. Horregatik,
gizarteak egoera hau ezagutzeko kanpaina bat abiaraziko dugu, ostiralean, hilaren 7an, 11etan Lan
Delegazioan prentsaurrekoa eginez abiaraziko dena, eta bertaratzeko deialdia luzatzen dizuegu.
_ BANAKA.- Batzordeak iruzur egoeran daudela uste duten eta aholkua edo informazioa eskatu nahi
duten pertsonekiko konpromisoa indartzen du.Eta euren egoera salatu nahi dutenei laguntza emango
diegu.

Enpresak erakundeen ez egitea edo baliabide falta eta kolektibo honen ahulgarritasun egoera aprobetxatzen du iruzurraren politika honekin jarraitzeko.

Enpresa Batzordetik eszenatoki hau oso larria dela uste dugu, eta ezin gara geldirik geratu.Tamalez, eta horrela izatea gustuko ez badugu ere, Enpresa Batzordeko sindikatu guztiek ez dugu ikuspuntu bera, eta batzuk kontratazioa denok ezagutzen ditugun beste parametroetan oinarritu nahi dute.

Langile guztiei ere deialdia luzatu nahi diegu, aldi baterako langileen kolektiboko pertsona askok pairatzen ari duten egoera ezagutzeko. Gaur beraiek dira, baina bihar beste batzuk izan daitezke.

Gai honekin lotutako guztiaren eta arazo honi konponbide bat bilatzeko sortzen diren ekimenen berri emango dizuegu.