2026-01-02
Blog Page 934

Lan heriotzak salatu dituzte Michelinen

Elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizen, Michelingo enpresa batzordeak deituta. Hain zuzen ere, joan den asteartean hildako langilea izan dute gogoan, eta lantegiko atarian bi orduz prortesta egiteko deia egin dute, 13:00etatik 15:00etara. Martxoak 30erako, berriz, bi orduko lan uztera deitu dugu LAB, ELA eta ESK sindikatuok, 13:00etatik 15:00etara ere.

Michelingo enpresa batzordeak Roberto Garcés lankidearen heriotza deitoratu du, aho batez, eta doluminak eta elkartasuna helarazi die hildako langilearen senitarteko, lagun eta lankideei.

Enpresa batzordeak jakinarazi du erabili ziren jarduera protokolak ikertuko dituela, eta beharreko zuzenketa edo hobekuntzak exijituko dituela antzerako egoerak errepika ez daitezen.

Aste honetan, bi langile hil dira Euskal Herrian.
 

 

 

Abiadura Handiko Trenari buruzko hitzaldia, Iruñean

0

Unibertsitate irakasle David Hoyosek "El proyecto de Red Ferroviaria de Alta Velocidad, un análisis transdisciplinar" txostena aurkeztuko du astelehenean, Iruñean. Hitzordua Civivox Condestable espazioan izango da (Kale Nagusia, 2), 19:00etan.

David Hoyosek, beste irakasle batzuekin batera, ATHari buruzko beste txosten bat aurkeztu zuen otsailaren hasieran, oinarri bera duena. LAB eta ELAren enkarguz egin zuten ikerketa lan hori.
 

 

 

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Korrikarekin

Korrikaren 20. ekitaldia aurkeztu zuten atzo, osteguna, Bilbon. LABeko ordezkariak bertan izan ginen, ELA eta STEILAS sindikatuko kideekin batera. Euskalgintzako, alderdi politikoetako eta beste hainbat arlotako ordezkariak ere bildu ziren ekitaldian. Datorren ostegunean ekingo dio ibilbideari Korrikak, Otxandiotik

Martxoaren 30etik apirilaren 9a bitartean ibiliko da Korrika Euskal Herrian zehar, "BatZuk" leloarekin. Otxandion hasi eta Iruñean bukatuko da.
 

 

 

2017ko EAEko aurrekontuek ez dituzte ezberdintasun sozialak zuzentzen

Datu makroekonomikoen arabera, hazkunde fasean sartu gara, eta, Barne Produktu Gordinari (BPG) begiratzen badiogu, hakunde hori % 3,1 izan dela konturatuko gara. Baina, tamalez, horrek ez du esan nahi hazkunde horrek egoera sozio-laboralean isla duenik; are gehiago, kapitalaren eta lanaren arteko erlazio produktibotik sorturiko errenten ikuspegitik, egoera okerragoa da orain, krisi urteetan baino.

Nahiz eta 2008 eta 2016 urteetan Hego Euskal Herriko ekonomiak aberastasun maila bera izan duen, aberastasun horren banaketan ezberdintasun nabarmenak daude:

  • 2008 urtean, BPGren % 50,8 soldaten ordainketara bideratzen zen; 2015 urtean, aldiz, portzentaia hori % 47,8 da, argitaratu diren azken datuen arabera.

SORTUTAKO ABERASTASUNETIK ZENBAT BIDERATZEN DA SOLDATETARA? (BPGren ehunekoa)


Iturria: LABek egina, Estatistikako Institutu Nazionaleko datuetan oinarrituta

Eusko Jaurlaritzak egoera hori zuzenduko ez duten aurrekontuak egitea erabaki du. Zergatik?

  • Zergen bilketari dagokionez, aldaketarik aurreikusten ez duelako.
  • Azken urteetako inbertsio sozialaren murrizketei dagokienez, murrizketa horiek indarrean dirautelako, eta horrek ondorio negatiboak izan dituetako politika birbanatzailean; gainera, murrizketek eta politika birbanatzaileak sektore ahulenak kolpatu ditu gogorren, prestazioei zein beharrezkoak diren zerbitzu publikoei dagokienez. Horren aurrean, 1.000 milioi euro gehiago beharrezkoak dira, murrizketei aurre egiteko (2009 urteko egoerara bueltatzeko, bederen).

 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Estatu bat nahi dugu, ahalik eta gaitasun gehien emango digun estatus politiko bat”

LABen hitzaldi zikloa Bilbora iritsi da ostegunean, Ainhoa Etxaideren solasaldiarekin. Burujabetza, aliantzak, langileen borroka, feminismoa… gai asko izan ditu hizpide sindikatuko idazkari nagusiak, Hika Ateneoan egindako ekitaldian. Elkarrizketa Ekhiñe Atorrasagsti eta Maite Asensio kazetariek gidatu dute, eta gogoeta mamitsuak utzi ditu. Biltzar Nagusiaren atarian gauden honetan, Etxaidek nabarmendu du LABen erronka nagusienetako bat burujabetza prozesuari bultzada ematea dela.

“LABek etorkizuna du, gure ibilbidea egiteko gaitasuna dugu elkarlanen beharrik gabe, baina benetan burujabetza prozesu bat abian jarri nahi badugu, patronalari gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea kendu nahi badiogu, herri berri bat eraikitzeko benetako eragilea izan nahi badugu, elkarlana beharrezkoa dugu. Aliantzarik gabe ez da egoera iraultzeko aukerarik egongo”.

Ainhoa Etxaideren hitzak dira hauek, aliantzei buruzko galderari erantzuteko unean esandakoak. Hain zuzen ere, burujabetza prozesua azkartzea da LABen erronketako bat, bizi eta lan baldintzak hobetzeko bidean, eta ELArekin eta helburu hori duten eragileen arteko elkarlana abian dela nabarmendu du; joan den ostiralean Gasteizen egindako ekitaldia adibide, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ardatz.

Estatus politikoaren eztabaida irekita dagoela berretsi du LABeko idazkari nagusiak: “Estatus politiko berri batera goazela begibistakoa da, hori ezin da ekidin. Momentu historiko honetan, subiranistek zer egingo duten da gakoa. Estatus politiko berri bat definituko da datozen hilabeteetan. EAJk zer egin nahi duen ikusten ari gara: eztabaida guztia Legebiltzarrera mugatzen ari da, bere neurrira egiteko, Euskal Herriaren neurrira egin beharrean. Guk gure helburuak finkatu ditugu: Estatu bat nahi dugu, ahalik eta gaitasun gehien emango digun estatus politiko bat. Horretara goaz. Nola lortuko dugu hori? Estatus hori EAJrekin adostuz? Ez. Horrek esan nahi du herri honetan ezin dela herri akordiorik egin? Lortu daiteke, baina behartu egiten badiegu”, azaldu du.

Confebaskek klase proiektu bat inposatu duela salatu du, herri proiektu bat edukitzea inoiz baino garrantzitsuagoa denean. “Confebaski herri proiektu indartsu batekin egin behar zaio aurre, eta herri proiektu hori ezin da oinarritu Confebaskek berak defendatzen dituen interesetan. Eta EAJk interes horiek berak defendatzen ditu”, zehaztu du.

Hainbat gai jorratu ditu Etxaidek, idazkari nagusi gisa ia hamarkada bat bete duenean. Urte horietan krisi ekonomikoak eta erreformek gogorki kolpatu dute euskal langileria, eta euskal sindikalgintzaren aurkako enbata ere ez da nolanahikoa izan. Etxaideren gidaritzapean, ekaitz horri aurre egin dio LABek, eta ez hori bakarrik, garai berri bat irekitzeko oinarriak ezarri ditu, datorrena gure garaia, langileon garaia, izan dadin. Etxaidek lekukoa pasako du 9. Biltzar Nagusian, etxeko lanak eginda. Bilboko solasaldiak agur kutsua izan du horrexegatik. Facebook-en ikus daiteke elkarrizketa bere osotasunean.

 

 

 

Aniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa salatzen dugu

Chrysallis erakundeak ume transexualek bizi duten errealitatea jendarteak ikustarazteko egindako kanpaina eta gero, Hazteoir Madrilgo eskuin muturreko erakunde ultrakatolikoak, gorrotoa bultzatzen duen kanpaina jarri zuen martxan. Ekimen honen gorroto mezua autobus laranja batean ibili da Estatuko hainbat lekutatik, eta Euskal Herrira ere heldu da. Iruñeako kaleetan egon zen eta eragile sozial eta sindikalek modu irmoan erantzun genuen; hurrengo egunean, Gasteizen egongo zela zabaldu arren, ez zen Arabako hiriburutik agertu. Hurrengo asteetan Euskal Herrian agertu daiteke berriro, eta beraz, prest egon behar gara erantzuteko.



LABek ozen salatu nahi du aniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa hau. Oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute eta gorrotoa bultzatzen dute. Hori dela eta, Euskal Herrian ez dugu onartzen horrelako mezurik gure kaleetan. Gorrotoa sustatzea zigortua egon behar da. Horrela bada, bi eskaera argi egiten dizkiegu dagokien administrazioei: alde batetik, ez dezatela baimendu autobus hori gure errepide eta kaleetan izaterik, ez autobus hori, ezta antzeko mezurik izan dezakeen beste ekimenik ere. Eta beste alde batetik, akusazio bezala ager dadila gorrotoa eragiten dutenen aurrean, horrelako mezuek indarkeria dakartelako. Kasu honetan, gainera, berez sistema heteropatriarkal honek zigortuta dauzkan haur transexualen aurka. 



Autobusak testu hau darama: “mutilek zakila daukate”, “neskek alua daukate” “ez zaitzatela engainatu”, “gizon jaiotzen bazara, gizona zara” edo “emakumea bazara, izaten jarraituko duzu”. Oso ondo zaindu dute beraien mezua teknikoki salagarria izan ez dadin, baina aurrekariak dituzte, gure ikastetxeetara aniztasun sexualaren aurkako mezu guztiz argiak zeuzkan gidak bidali zituzten, zabaldu zitezen. 



Erakunde honek egungo sistema ez aldatzea babesten du, aldaketari dio beldurra, eta horren aurrean, gure lana, diskurtso hori desmontatzea izan behar da. Oinarrizko eskubidea da generoa askatasunez aukeratzea, eta edozein adinetan horrela izan dadin bermatu behar dugu, bai ikastetxeetan, baita nagusiagoetan ere, lantokietan.
 

 

 

Bilboko manifestaziora deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Apirilaren 1erako deitutako manifestaziora joateko deia luzatu du gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, propaganda eguna antolatu baitu mobilizazio hori iragartzeko. Bilbon izango da hitzordua, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Deialdiak hainbat eragileren babesa jaso du, LABenarena barne.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok ekitaldi bat egin genuen ostiralean Gasteizen, Mendizorrotza pilotalekuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak salatzeko. Hurrengio hitzordua apirilaren 1a izango da. Egun horretan, Bilboko kaleak hartzera deitu dugu, eskubide sozialen defentsan eta babes sozialerako euskal sistema duin bat aldarrikatzeko. 
 

 

 

Kutxabankeko II. Hitzarmena, galbiderako trantsizioa

0
Teloia ireki da. Akordioa itxi da Kutxabankeko II Hitzarmen Kolektiborako Zuzendaritzaren, CCOOen eta Pixkanaka-Kaskariren artean. Nork irabazi du? Erantzuna, bukaeran. Gehien galduko dutenak langile gazteenak dira, sarrera maila berri eta merkeagoarekin. Zehazki, aurreko sarrera maila, lau urtekoa, bitan zatitu da. Adostu diren kontratu finko eskasei -2017rako 80 eta 2018rako negoziatzeke- soldata murriztuko zaie bi urtez. Behin-behineko langileei (300 inguru dira, batazbeste) antzera eragiten die, baina gehigarri batekin, eta honetan ez dute sinatzaileek arretarik jarri: pertsona hauen errotazio-denbora asko murriztuko da.

Orain arte Kutxabankek gehien jota lau bat urtez kontratatzen zuen pertsona bera jarraikako behin- behineko kontratuekin, antzinatasunagatiko diskriminazio-salaketak saihesteko. Hemendik aurrera, bi urtera inguratzen direnean emango die ostikada seguruenik. Ala inork uste al du Zuzendaritza honek mailaz igoko dituela behin-behinekoak izanik? Emaitza: langile gazteenen prekarizazioa, zerbitzuaren kalitate txarragoa eta laneko estres handiagoa.

Egoera honetan, eskarmentu handiagoko langileak ere ez dira onik aterako, desberdintasunek jomuga erraz bihurtzen dituztelako. Auzoko etxea sutan dago jada, eta haizea gogor dabil.

Kutxabankeko Zuzendaritzak irudimen gabezia larria erakusten du. Iragan hurbileko akatsei -batez ere CajaSurren zorigaiztoko erosketari- buelta emateko gai ez eta bankuaren aktibo guztiak likidatzen ari da, baita langileria ere.

Horretarako, CCOOen eta Pixkanaka-Kaskariren estatu-mailako gehiengoaz baliatzen ari da, gainbehera doazen bi sindikatu leial. 2017 eta 2018rako “trantsiziozko hitzarmen” bat saldu digute. Adierazgarria da 2018 bukaeran Kutxabankeko hauteskunde sindikalak ere izango direla. Hitzarmena garaiz salatuz gero, Kutxabankek bi sindikatu hauen ordezkaritza ziurtatuko du hurrengo hitzarmenari begira, hauteskundeetan gehiengoa galtzen badute ere. Hau guztia premia ekonomikoaren baitan (2020an bukatzen da Kutxabanken jabetza mantentzeko funtsak hornitzeko epea) eta konpondu gabeko arazo askorekin: batez ere, hiru euskal kutxen presazko bankarizazioak ekarri zituen desberdintasunak eta lekualdaketa behartuak.

Hau da, hitzarmen honekin langileak suzirian sartu gaituzte eta piroteknikaria kontratatu dute. Baina txistearen erantzuna agindu dugu. Nork irabazi du? Espainiako banka handiak, pozez zoratzen baitago euskal finantzetan geratuko den zuloarekin.
 

 

 

Sidenorreko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera uztea exijitzen dugu

0
Zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO barre egiten digute sindikatuek Sidenorreko langile guztioi. Sindikatu hauek enpresak nahi zuen Aldi Baterako Erregulazio Espedientea onartu ziotenetik, dagoeneko hiru hilabete igaro dira eta oraindik ez dute inon aplikatu.

Audientzia Nazionalean inork ulertzen ez duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea defendatzen dute eta judizialki atzera botatzea eragotzi dute beraien sinaduraz babestu dutelako, baina Sidenorreko lantokien egungo lan karga inoizko handiena da:

– Egungo langileekin ez da nahikoa lan karga aurrera ateratzeko.

– Basauriko lantokian egunero egiten da lan, hilabetean asteburu bakarra libratuz. Gainontzeko lantokietan larunbatetan ere lanean hasi dira dagoeneko.

– Iaz sartu ez zituzten lan orduak egun sartzen ari dira.

– Kontratazio berrientzat formaziorako orduak gutxitzen ari dira, hauetan lan egin dadin.

– Kontratazio berri gehiago ez egiteko, langileak etengabe aldatzen dituzte lanpostuz.

Hurrengo hilabeteetan egoera hau areagotuko da. Lan erritmo altuak eta lanaldi luzeak direla eta, laneko bajak izugarri hedatzen ari dira. Lan karga dela eta, Sidenorreko langileok gaixotzen ari gara. Presioak direla eta, langileen arteko giroa ere gaiztotzen ari da.

Egoera honen aurrean ezin dugu beste albo batera begiratu. Sidenorreko zuzendaritzari espedientea erretira dezala exijitzen diogu. Egungo egoeran, ez da onargarria honi eustea. Enpresari exijitzen diogu enpresa batzorde bakoitzarekin eser dadila hurrengo hilabeteetarako ditugun erronkei, era arrazionala eta arduratsuan erantzun ahal izateko. Halaber, UGT, CCOO eta USO sindikatuei ere exijitzen diegu enpresari babesa ematen iraun ez dezaten, langileen lan baldintzak zein osasuna okertzen diren bitartean.