2026-01-02
Blog Page 932

Estatu palestinar libre eta independente bat aldarrikatu dugu

0

LABeko Nazio Komiteko ordezkariak kalera irten dira gaur Palestinari elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, martxoaren 30a Palestinarekiko elkartasun eguna da, Munduko Federazio Sindikalak deituta. Hori dela eta, federazioan afiliaturiko sindikatuei eta lagun guztiei mundu osoan borrokaren lehen lerroan egoteko deialdia luzatu diete, eta LABek bat egin du deialdiarekin. "Ezetz esaten diogu Israelek daraman okupazioari, eta baietz esaten diogu estatu palestinar libre eta independente bati", adierazi dugu Bilbon egindako elkarretaratzean.

Martxoaren 30erako Munduko Federazio Sindikalak (MFS) deituriko Palestinarekiko elkartasun eguna dela eta, LABeko Nazio Komiteko kideek elkarretratze bat egin dute Bilbon. Hala, MFS-k egindako deialdiarekin bat egin dugu.
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean bildu gara, zerbitzu publikoen defentsan

Aurrekontuen eztabaida honetan, zerbitzu publikoen defentsarako izpirik sumatzen ez dugula salatu dugu gaur Gasteizen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du zerbitzu publikoen aldeko inbertsiorik egiten, ez dio zerbitzu publikoen ahultze zikloari amaiera eman. Guretzat oso kezkagarria da gobernuak erakutsi duen jarrera.

Urtarrilaren 19ean izandako Mahai Orokorraren saioan, LABek eskaera zuzenak luzatu zizkion gobernuari, batez ere murrizketen garaia amaitu eta kendutako eskubideak berreskuratzearekin zerikusia dutena, eta nola ez enpleguaren gaiarekin negoziazio dinamika abiaraztea, Europako epaiek ezartzen dituzten irizpideak kontutan hartuta. Gure ustez ezinbestekoa da zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonen lan baldintzak kontutan hartzea, zerbitzuaren kalitatearen aldeko apustua egin nahi bada.

Eusko Jaurlaritzak kontrako bidean aurkeztu ditu aurrekontuak. Zerbitzu publikoetan dagoen benetako egoera ez du ikusi nahi:

-Zerbitzu publikoetako langileak lanera gaixo doaz
-Langileen herena baino gehiago behin-behinekotasunean dago
-Kontratazio sistema iruzurrean egiten da
-Zerbitzu publikoetako langileak ez dira ordezkatzen
-Zerbitzu publikoen eros ahalmenaren galeraren kontura ordaintzen du bankuekin daukan zorra
-Zerbitzuak pribatizatzen jarraitzen dira, diru publikoa esku pribatuetan utziz 

Gobernuaren apustua beste bat da; Espainiar estatuak ezartzen duen joko arauen araberako aurrekontu bat osatu, gutxi batzuen interes ekonomikoak kontutan hartzen dituena eta zerbitzu publikoen garapena alboratzen duena.

Aurrekontuetan ikusi ahal izan dugu zein den gobernuaren jarrera, hortik aurrera dena propaganda hutsa da. Ezin diogu onartu Urkullu lehendakariari azken egunetan bota dituenak botatzea. Non daude 9000 lanpostu horiek gaur eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan? LABk zuzenean esan dio Jaurlaritzari enplegu plan bat adostu behar dugula, ez du inongo borondaterik izan negoziaziorako, ez enplegu gaietarako ezta murrizketak bertan behera uzteko ere. Eusko Jaurlaritza antzerkigintzan jarraitzen du, eta Lehendakaria eszenatokira jauzi egitea erabaki du.

Lotsagarria da pasa den astean greba egin zuten langile guztiei prentsaren bidez haizeak eramango dituen hitzen bidez erantzutea. Iritzi publikora bideratutako hitzak baino gehiago behar dira zerbitzu publikoak defendatzeko; diru gehiago lanpostuak egonkortu eta sortzeko eta lan baldintzak hobetzeko eta gutxiago banketxe eta enpresa kuttunei banatzeko.

Lehendakariari beraz dei egiten diogu Mahai Orokorraren bilera deitu dezan, langile publikoen egoeraz hitz egin nahi badu hori baita hitz goxoak botatzeko foroa. Dei egiten diogu aurrekontuan behar diren aldaketak egin ditzan, esan duen guztiaren izpirik jasotzen ez dituelako alegia.
 

 

 

Eskubide sozialen aldeko manifestaziora joateko deia luzatu du euskal gehiengo sindikalak

Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak larunbaterako antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek ohartarazi du pobrezia arriskuak eta pobreziak berak gora egin dutela, eta neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari: “Bitarteko ekonomiko nahikoak daude Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta indartzeko”.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako manifestazioa larunbatean izango da Bilbon, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Deialdiak hainbat eragileren babesa jaso du, euskal gehiengo sindikalarena barne. Hain zuzen ere, sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur eskubide sozialen aldeko mobilizaziora joateko deia luzatzeko. 

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du: “Egiten den aurrekontu politikarekin, eta Diru-sarrerak Bermatzekio Errentaren kontrako politika iraunkorra kontutan hartuta, argi eta garbi esan behar dugu babes sistema suntsitzen ari direla, likidatzen ari direla. Emaitza: pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari dira, neurririk gabe”.

Etxaidek adierazi du Eusko Jaurlaritzak “gezurra” esan zuela murrizketarik gabeko aurrekontuak iragarri zituenean: “Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan egin dituzten murrizketak bistakoak dira: %8, PSEeren garaian; %7, orain. 2009. urteaz geroztik, ez dute inoiz Lanbide arteko gutxieneko soldataren bilakaerarekin parekatu”. LABeko ordezkariaren hitzetan, “jendea pobreziaren arriskutik ateratzeko bi tresna daude: prestazioak eta zerbitzu publikoak. Bietan atzera egiten ari dira, Jaurlaritzaren ekimenez”.

Etxaidek gogora ekarri du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta mobilizazio eta borroka sozialaren emaitza dela: “Bere garaian Euskal Herriak nuklearrik gabe bizi nahi genuela erabaki zuen bezala, pobreziarik gabeko lurraldea izan nahi dugula erabaki genuen. Urratsa babes sistema indartzea izan zen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez”.

Honela gauzak, larunbateko manifestaziora joateko deia egin du LABeko ordezkariak, agerraldian izan diren beste sindikatuetako kideek bezala.
 

 

 

Urkullu jauna, prekarietatearekin ez dago Industria 4.0rik

0

IRITZIA
Zorion Ortigosa eta Jonan Goñi
LABeko Industria Federazioko kideak

Teknologia berrien bilakaerarekin gero eta gehiago ari gara ohitzen mezu labur eta sendoetara, azalekorarekin geratuz eta azterketa sakonagoak albo batera utziz.

Badirudi Eusko Jaurlaritzak teoría honen arabera funtzionatzen duela, eta ematen du Arantxa Tapiak zuzentzen duen Garapen Ekonomikoko Saila Jaurlaritzaren Marketing Saila dela. Horrela, “Industria 4.0” bezalako kontzeptu berritzaile bat fusionatuz, teknologikoki puntakoak diren herrialdeetan erabiltzen dena industriaren digitalizazio prozesua definitzeko, ustezko profil propio batekin “Basque Industry 4.0”-ra iritsi gara. Ekuazio perfektua, eta honi publizitate instituzionaleko dosi handiak, zenbait biltzar eta enpresetatik zehar egindako aurkezpen birak gehitzen badizkiogu, berrikuntza eta industriaren egokitzapena garai berrietara honezkero iritsi dela sinestarazi nahi digute.

Baina benetan, zer dago guzti honen atzean? Datuek erakusten dute ez dagoela ustezko industria aurreratuaren aldeko apusturik: Euskal industrial jarraitzen du nagusiki ertain-baxua den maila teknologikoarekin. Ikerketa eta Garapenean egindako inbertsioa europar batazbestekoaren azpitik dago, Ikerketa eta Garapenean egindako inbertsioa Europako batazbestekoaren azpitik dago, eta bere gobernuak ezarritako krisiaren kontrako errezeta gero eta gutxiago inbertitzea izan da. Hurbildu ere ez gara egiten Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Teknologia Planek zehazten dituzten helburuetara. Berrikuntzan, ezaugarri antzerakoak dituzten europar herrialdeen artean azken lekuan gaude Europako Eskualdeko Berrikuntza indizearen (RIS) arabera.

Honek ia ez du kritika publikorik sortarazten, jakina baita mugitzen dena ez dela argazkian ateratzen. Eta argazkian ateratzen ez dena dirulaguntzen jasotzaileen taldetik kanporatua izatera arriskatzen da. Titular handiak ikusten ditugu, 2017rako aurrekontuan aurkeztu dituztenean bezala, “industriari bultzada emateko aurrekontuak”, esaten ziguten. Euren neurrian baloratzen ditugu: 131 milioi euro industriara. Erabilera sozial eta ekonomikorik ez duen eta beharrezkoa ez den AHT bezalako azpiegitura batean 350 milioi, %267 gehiago. Hori da industriaren aldeko euren apustua.

Egoera Espainiakoa baino zerbait hobea izateak soilik balio du Espainiarekiko konparazioak ezartzearen akatsa argitzeko: ustezko “Basque Industry 4.0” “Spanish” da eta gutxi dauka “Industry”-tik. 4.0rena onartzen dugu: 4 dira prekarietatea lehiarako estrategia bezala apustu egitearen ezaugarri nagusiak (lan-erreforma, negoziazio kolektiboa ukatzea, diskriminazioa kontratazio berrietan eta pobreziaren gorakada) eta 0 da euren politika industriala. Hau da benetan ezartzen ari diren 4.0.

Ehuna babestu eta industriaren eraldaketarako estrategia publiko propioaren aldeko apusturik egiten ez den bitartean, kontrako zentzuan aurrera egiten ari dira abiadura handian. Lan-merkatuaren prekarizazioa eta negoziazio kolektiboa ezabatzea aurrera doaz konplizitate instituzionalarekin, antolaketak eustorma lana egitea lortzea duen lan-zentroetan kenduta.

Europarekiko prestakuntza maila altua dugu, abiadura bizian hezkuntza sistemaren bidez lortutako kualifikazioa galtzen duena lan merkatura egoera prekarioan sartzen denean. Alternatiba, gazteriaren zati handi bat kondenatzen jarraitzen duen erbeste ekonomikoa da.

Ezagutza eta pertsonetan lehiatzen bagara, jarraitu beharreko estrategia baldintza duinak bermatzetik pasatzen da, eta horrek lan harremanen eredu berria izatea eskatzen du. Industriak teknologikoki aurreratua izan behar du, baina horretarako aurreratua izan behar duen alde sozial eta lan arlokotik. Pertsonen alde apustu egitea ez da bateragarria negoziazio kolektiboa amaitzeko gogoarekin, lan harreman indibidualekin, hau da, inposizio indibidualekin. Ezin da XXI. mendeko industria eraiki XIX. mendeko lan-baldintzekin. Ez du ezertarako balio partehartzeaz hitz egiteak, traineretan batera arraun egiteaz Confebaskeko arduradunei gustatzen zaien moduan, batzuk lehen klasean joatea eta beste batzuk (nagusiki gizonak izan behar dutenak) girgiluak erabiltzen dituzten bitartean. Berriak (gutxi batzuk dira emakumeak) pikutara bidaltzen dituzte ordezkatuak izateko. Prekarietatea lehen mailako arazo sozial eta politikoa da eta konponbide politikoa izan behar du.

Digitalizazioak eta teknologia berriek ez diote ezinbestez jendarteari ongizate handiagoa emango. Ikusterik baino ez dugu, zu buru zaituen Eusko Jaurlaritzaren isiltasun eta konplizitatearen aurrean, hiru urtez jarraian %3tik gorako hazkunde tasa izan ondoren, patronalak uko egiten diola hitzarmen kolektiboak negoziatzeari, langileok sortzen dugun aberastasuna banatzea ekidinez. Diruzalekeria puntu gorenera eramana, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako historian aberastasunik gehien sortu den momentuan.

Propaganda da zuek egiten duzuena, ez politika industriala. Eta uko egiten ari zarete egungo esparru juridiko politikoak markatzen dizkigun loturei eta politika industrialaren esparruan bide propioa egiteari, ez dezagun ahaztu, ekonomiaren oinarria dena. Maila globalean langile eta lan-baldintzen kontura lehiatzeko duzun estrategiak porrot egingo du.

 

 

 

Palestinari elkartasuna adierazteko eguna izango da bihar

0
Munduko Federazio Sindikalak 2017ko Martxoaren 30erako Palestinarekiko elkartasun eguna antolatu du eta bere baitan afiliaturiko sindikatuei eta lagun guztiei mundu osoan borrokaren lehen lerroan egoteko deialdia luzatzen die, ekintza konkretuak garatuz.

Martxoaren 30erako MFS-ak deituriko Palestinarekiko elkartasun eguna dela eta, langileak eta langile klasea osatzen dugun mundu osoko jende xumeak, Palestinar herriarekiko elkartasuna adieraztera deituak daude, eta aldi berean Israelen okupazioa eta oldarkortasuna salatzera, Estatu Batuetako hauteskundeetan Trumpen aukeraketarekin areagotu egin dena, Mendebaldeko Erriberako 3000 kolono judutarren etxebizitza berriren eraikuntzaren iragarpenarekin ikusten dena, eta eskualde berdinean propietate Palestinarra desjabetzeko ahalmena ematen duen Knessett lege proiektu Israeldarrarekin ikusten den bezala.

Palestinar herriak urte asko daramatza Israelen Israelen oldarkortasuna, bere errekurtso naturalen arpilatzea, eta blokeoa pairatzen. Palestinako haurrak kalean erailtzen dituzte. Langileak egunero kartzelatuak izaten dira. Gaur egun 300 haur Israelgo kartzeletan preso daude!

Oldarkortasun honen eta asentamenduen bukaeraren aldeko borroka; hala nola, 1967ko mugak errespetatuko lituzkeen Palestinar estatu libre eta independientearen errekonozimendua, Jerusalen bere hiriburu izanen duena herrien borrokaren eta antolaturiko langile klasearen borrokaren ondorio izanen da, langileek aski ongi dakitelako interbentzio inperialista eta basakeria hauek sortarazten dituena langileen esplotazio etengabearen ondorioz kapitalistek lortzen duten errentagarritasun etengabea delako.

Gauzak horrela, langileak dira egoera honetan eutsi dezaketenak, Palestinar herriaren eta lurraren suntsiketaren bukaera exijitu dezaketenak eta honen aurkako defentsa egin dezaketenak langile klasearen sindikatuen ekimen ezberdinen bitartez. Langileek beraien borroken bitartez gehiengo baten aldeko eta gutxiengo baten aldeko bere aldarrikapen justuak lortu ditzake. MFS-a Palestinar herriaren alde egon zen, dago eta egonen da.

Martxoaren 30ean MFSaren afiliatu eta lagunen ekimenetan modu dinamikoan munduko txoko guztietan parte hartuko dugu, Palestinar herriari gure elkartasuna adieraziz. Hiri, sektore, herrialde bakoitzean Israel babesten duten herrien enbaxaden aurrean, eta gure anai-arreba Palestinarren aurkako bidegabekerien aurrean pena adierazten duten nazioarteko organismoen protestak antolatu.

 

 

Langile ez irakasleen problematika jasotzen ari gara Nafarroan, inkesta baten bidez

Horrelako langileok zenbait urte daramagu gure aldarrikapenak ez direla aintzat hartzen, atezaintzako D eta E mailetako langileen parekatzea dela, D eta C mailetako langile administrarien parekatzea dela, lan funtzioen zehaztapena dela edo langile hauek guztiak egitan hezkuntza komunitatean sartzea edo kontutan hartzea.

LAB sindikatuko delegatu batzuk, ikastetxeetako administrazio eta zerbitzuetakoak, lanean jarri gara langile ez irakasleen lan baldintzak hobetzeko.

Kolektibo honen egoeraren berri izateko prestatu ditugu inkesta batzuk eta guztieei banatzen ari gara jakiteko zein den benetako egoera. Inkestak jaso eta ondorioak aterako ditugu. Informazio horrekin Administrazioari programa egokiak eta irtenbideak ematea eskatuko diogu.
 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Jaurlaritzak badu aukera babes soziala indartzeko eta prestatzio sozialak hobetzeko”


Martxoaren 24an, “A25 Emakumeen plaza”-n DsBE-etan ematen ari diren murrizketen aurka mugarik gabeko greba hasi zuten pertsonei bisita egin diete LAB eta ELA sindikatuek. Gose greban direnei babesa emateaz gain Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiaren hitzetan, “bestelako politikak egitea borondate kontua da, beraz egoera aldatzeko herritarrok kalera irten behar dugu”.

Herri honetan badago nahiko baliabide ekonomiko pobrezia guztiz baztertu eta guztiok ongi bizi ahal izateko. Beraz gaur egun pairatzen dugu egoera —pobrezia zabaltzea, jendea geroz eta okerrago bizitzea, krisi soziala indartzea—politiko batzuen ondorio da.

Egoera honetan elite ekonomiko zein politikoek erantzunkizun zuzena dute. Elite ekonomikoa inposatzen duen ereduak pobreziara kondenatzen gaituela salatzen dugu. Bestalde Etxaidek adierazi du, nahi izanez gero “Jaurlaritzak, baduela aukera babes soziala indartzeko, prestatzio sozialak hobetzeko, RGIaren aldeko apustua egiteko”.

Guztioi dagokigu politiko horien norabidea aldatzea eta hala luzatu die deialdia Etxaidek herritar guztiei. “Gure esku dagoe gertatzen dena ez onartzea, gertatzen ari denaren kontra kalera ateratzea, plazak betetzea ozen esateko beharra duen inoir ezin dela bakarrik utzi, ezin dela inor pobreziara kondenatu. Premiazkoa da bestelako politka batzuk aplikatzea eta hala aldarrikatuko dugu datorren larunbatean Bilboko kaleetan Karta Sozialak deituta 17.30etan Jesusen bihotzetik aterako den manifestazioan.
 

 

 

Gizarte zerbitzuen ratio dekretu berriaren prestatze lanetan LABen parte hartzea eskatu dugu

Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean parte hartu berri du LABek, gizarte zerbitzuen ratio dekretu berriaren inguruan konpromisoak eskatzeko. Hain zuzen ere LABek argi du ez duela inposatutako dekreturik onartuko eta honen zirriborroa egiteko lan taldea lehenbailehen deitzeko eskatzen dugu.

2017ko otsailaren 9an, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran eta gehiengo osoz, gizarte zerbitzuak arautuko dituen ratio dekretu berri bat egiteko erdibideko zuzenketa bat onartu zen.

Dekretu honen prestatze lanetan, hiru maila instituzionaletako parte hartze teknikoa, sektoreko entitate sozialen, erabiltzaileen eta langileen ordezkarien parte hartzea ere onartu zen. Eta hiru hilabeteko epean dekretu horien zirriborroak Legebiltzarrean aurkeztea ere jasotzen zen.

Ia bi hilabeteren ondoren LABen ez dugu lantalde horren berririk izan ezta dekretuen zirriborroarena ere ez. Horregatik Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean agerraldia eskatu eta egin dugu.

Honetan, gaur egungo egoeraren diagnostiko azkar bat egin ondoren, hainbat galdera egin dizkiegu parlamentariei. Lehenik, lan taldea martxan noiz jarriko duten galdetu diegu. Bigarrenik, parte hartzearen inguruan eta azkenik, zirriborro hori egiteko gizarte zerbitzuen egoeraren inguruan diagnostikoren bat egin duten ere galdetu diegu.

Honen erantzun argirik jaso ez dugunez, LABek argi du ez duela inposatutako dekreturik onartuko eta honen zirriborroa egiteko lan taldea lehenbailehen deitzeko eskatzen dugu.

Horregatik, LABek borrokatzen jarraituko du, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin bilera eskatuko du eta Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du gizarte zerbitzuetako profesionalen kopurua handitu eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen ratio dekretu berri bat egin arte.
 

 

 

Emakumeen prekarietatea da nagusi, Nafarroako Genero Biolentziarako Arreta Zerbitzuan


LAB sindikatuak urtebete darama lanean Genero Biolentziaren Biktimen Arreta Zerbitzuaren egoera hobetzeko. Zerbitzu hau Nafarroako Gobernuak Fundacion Xilemari azpikontratatua dio. Agerraldia egin dugu gaur hau guztia salatzeko.

Pasa den urteko martxoan, aurten lizitazio berria prestatu behar zela jakinda, LABeko enpresako ordezkariek bilera burutu zuten Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin zerbitzuaren egoera kaxkarraren berri emateko asmoz. Bilera horretan, pertsonal gehiago kontratatzearen beharra azpimarratu zen, zerbitzuaren talde teknikoak 2011.urtetik eskatzen zuen bezala. Profesional bakar batek 14/19 erabiltzaile batera artatzen ditu, baita ere telefonoa hartu, zentroaren atea ireki, behar diren tramite administratiboak egin… Pertsonal gutxi egoteak, akonpainamenduak egiten direnean, bai arreta etxeak eta urgentziazko zerbitzuak harrerarik gabe geratzea dakar. LABek administrazioari ez dio bakarrik baldintza teknikoen salaketa egin, instalazioen urritasunak ere gaitzetsi dizkio: urteetan konpondu gabeko goterak, segurtasun falta, erreformak gaizki planifikatuak…

Administrazioak egindako eskaerei kasurik ez egin ziola ikusita eta zerbitzu duin bat lortze aldera, otsailean, LABek INAIri hurrengoa eskatu zion:

-Lizitazio prozesua bertan behera gelditzea eta hurrengo baldintza minimoak bermatzea (lau hezitzaile gehiago kontratatzea, psikologaren jardunaldia %100ra igotzea, garbitzailearenjardunaldia %100ra igotzea, haur hezitzaile baten kontratazioa eta administratzaile jardunaldi erdiarekin kontratatzea).

-Administrazioak konpromezua hartzea, kontratu administratiboaren lehenengo urtearen ostean bertan behara gelditzeko eta urte honen epean eragile sozial zein sindikalez osaturiko komisio bat eratzea nafarroak behar duen kalitatezko zerbitzu bat lortze aldera.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako eskaerei ez diela jaramonik egin salatu dute. Nafarroan dugun genero indarkeriaren arreta zerbitzu bakarra emakumeen prekarietatean oinarrituta dagoela ere salatu dute. Egoera hau onartezina iruditzen zaie. Berriro ere administrazioari dei egiten diote nafarroak behar duen kalitatezko zerbitzu bat lortzeko, elkarlanean. Biolentzia matxista jasaten dituzten pertsonek behar duten kalitatezko arreta zerbitzu bat izateko. Lan baldintza duinak bermatzen duen modelo baten alde elkarlanean aritzeko. Urte guzti hauetan, azpikontratazio administratiboak prekarietate laboralaren eta zerbitzu txarraren sinonimoa dela agerian izan da. LABetik zuzenezko kudeaketaren alde daude, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzuaren berme bakarra baita.

Berezko garrantzia duen zerbitzu honen prekarietatearekin administrazioak deus eginez gero, beste eragile sozial batzuekin hitz egingo dute mobilizatzeko asmoz.