2026-01-10
Blog Page 930

Armagabetzea garrantzitsua da fase berri bat irekitzeko urrats gisa

0

ETAren berehalako armagabetzeak irekiko duen egoera dela eta, gaur, hilak 5, komunikabideen aurrera agertu gara alderdi politiko eta sindikatuok iritzi publikoari geure analisia eta balorazioa jakinarazteko. Gure iritziz helburu hau betetzea oso lagungarri litzateke euskal gizarte eta politikan iraganarekin lotutako epealdi bat ixteko eta aukera emango luke, biktima guztiak gogoan izanik, orainaldi eta etorkizun fase berri batean aurrera egiteko, zeinak oinarritzat bizikidetza izango duen.

Armagabetzea bakerako beharrezko urrats bat da; ezinbesteko urratsa, izan ere. Horregatik, gure organizazioek eta herritarrek aspaldidanik nahi genuen gertatzea. Armagabetze atzeraezina, erabatekoa, aldebakarrekoa eta baldintza politikorik gabea funtsezko mugarria da bortizkeriaren amaiera prozesu ordenatu eta behin betikoaren baitan. Beraz, albiste ona dugu hau, eta sinesgarritasuna eman nahi diogu, baldintza hauetan adierazita dagoen heinean; espero dugu arrakastaz betetzea.

Horregatik, beste ezer baino lehenago aintzat hartu nahi dugu urrats hau posible izan zedin bertoko eta nazioarteko hainbat pertsona, organizazio eta erakundek egin duten lana. Hemendik aurrera, gure erantzukizuna da, organizazio politiko eta sindikalak garen aldetik, hainbeste hamarkadak utzitako ondorioak gainditzea. Besteak beste, geure organizazioentzako ere erronkak dira honakoak: hitza armagabetzea; zilegizko gure gorabeherak demokratikoki eta gizalegez bideratzea, eta tirabirak kudeatzeko elkarrizketa eta negoziazioari balioa ematea. Ziur gaude, lehenago esan dugun bezala, armagabetze prozesu hau arrakastaz amai dadin lagungarria izan daitekeela instituzio errepresentatiboak, egiaztatze erakundeak eta gizarte zibila ordezkatzen duten organizazioak behar bezala artikulatzea. Gure organizazioek bakearekiko duten konpromisoa berresten dugularik, honako gogoeta eta eskariak adierazi nahi ditugu:

  • ETAri galdegiten diogu lehenbailehen egin dezala armagabetze ekitaldi bakarra, aldebakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua.
  • Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari eskatzen diogu helburu hau gauzatze aldera garatzen ari den lan onarekin jarrai dezala.
  • Ondo deritzogu helburu hau lortzeko gizarte zibileko pertsona eta erakundea inplikatzeari.
  • Gure Instituzioei dei egiten diegu jarrai dezaten gestioak egiten legezko eta segurtasun bermeak izango dituen azken armagabetze ekitaldia babesteko, eta honen jarraipena egin dezaten.
  • Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu ETAren armagabetzea burutzen lagun dezatela.

Azkenik, jakinarazten dugu gure organizazioak ordezkatuta egon daitezkeela, erabakitzen duten eran, Baionan apirilaren 8an deituta dagoen ekitaldian, Frantziako eta Iparraldeko ordezkaritza politiko eta sindikal anitz eta zabal baten ondoan.

Sinatzaileak: PNV, EH Bildu, PSE, Podemos Euskadi, Ezker Anitza, Equo Euskadi, Geroa Bai, Podemos Nafarroa, Izquierda Ezkerra, ELA, LAB, CCOO, UGT,, STEE EILAS, ESK, Etxalde Mugimendua, HIRU.

Indesaren izaera publikoa aldarrikatu dugu

Apirilaren 3an, LABeko ordezkaritza Arabako Batzarretan egon zen, INDESA 2010 S.L. enpresaren ponentzian gure hausnarketa plazaratzeko. Enpresak juridikoki duen definizio eza, sortu zen xedearen ez-betetze sistematikoak, langileen lan baldintza txarrak eta enplegua prekarizatzeko erabili izana, izan ziren ponentzia aurkezteko arrazoiak. EH Bilduk aurkeztutako ponentzian enpresaren izaera juridikoa, lan soziala eta langileen baldintzak tratatzen dira eragile eta ikuspuntu desberdinetatik.

INDESA 2010. urtean Sozietate Publiko batean bihurtu zen Enplegu Zentro Berezi bat da, 750 langile baino gehiago dituena. Bere helburua ez litzateke negozio ekonomikoa egitea izan behar, baizik eta, helburua soziala izan beharko zen: aniztasun funtzionaleko pertsonak lan munduan integratzea. Baina gaur egun, publikoak diren zerbitzuak pribatizatzeko erabiltzen da INDESA, beraien zerbitzuak merke saltzen dituztelako kontratatzen ditu Administrazioak. Enpresak urtero jasotzen ditu diru laguntzak edota lan berriak Administrazioaren partetik, baina horrek ez ditu langileen baldintzak hobetzen. Enpresak aniztasun funtzionaleko pertsonak erabiltzen ditu eskulan merkea bezala, eta hori onartezina da.

LABetik argi daukagu INDESA enpresa publikoa izan behar dela bere osotasunean, diru publikoa jasotzeaz gain, bertako langileek administrazioan lan egiten dutenenen baldintza berberak izan behar dituztela. Salatu egin dugu INDESA Enplegu Zentro Berezia izanik, aniztasun funtzionaleko langileen baldintzak hobetzea ez litzatekeela gastu ekonomikoa bezala kontsideratu behar, inbertsio soziala baizik, horretarako sortua izan baitzen enpresa.

 

 

 

Osakidetzaren pribatizazioen aurka egin dugu protesta

0

Elkarretaratzeak egin ditugu gaur Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Hain zuzen ere, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak Osakidetzan ematen ari diren pribatizazioen kontrako kanpainan bete-betean gaude, osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen ari direla salatzeko helburuarekin.

Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugikaren hitzak dira erakundearen negozioa osasuna dela. Hitz horiek bete-betean azaltzen dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia, osasuna negozio iturri nahi dute. Iturri emankorra, baita bertan aritzen diren enpresentzat. Hona hemen hiru adibide:

-Garbialdi: azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.

-IMQ Zorrozaurre: azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.

-Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute gizartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa narriatzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eta, gainera, jendaurrean pribatizaziorik egiten ez dutela diote. Sindikatuokin sinaturik dute ez dutela zerbitzu berririk pribatizatuko, baina, Urdulizko Ospitalearen ondoren, Lezako garbitegiaren pribatizazioa dator.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.

 

 

 

Aurreakordioa lortu da Arabako ardogintzako hitzarmenean

2012-2015 Arabako ardogintzako hitzarmenaren indarraldia pasa den martxoaren 31an amaitzen zen. Data hori iritsi aurretik, martxoaren 9, 20, 28 eta 30ean, akordio bat lortzeko hainbat saiakera egin baziren ere ezinezkoa izan zen adostasun batera iristea. Azken minuturarte ahaleginetan ibili ostean, pasa den ostiralean, martxoaren 31an, hitzarmenaren indarraldia amaitzeko ordu gutxi falta zirela, LAB eta ELAk aurreakordioa sinatu zuten, horrela langileen lan baldintzak hobetzen dituen hitzarmena berriztuz.

LAB eta ELA, Mahai Negoziatzailean gehiengo dugun sindikatuok, izan gara azken ordura arte ahaleginetan ibili garenak akordioa posible egiteko. Aipatu beharra dago martxoaren 31an bertan UGT gehitu zela sinadurara. Ordura arte, sindikatu honek ez zuen argi izan.

Gehiengo sindikalak “koma sakonean” zegoen Hitzarmena biziberritu du.

Azken lau urteak iraun zituen aurreko Hitzarmenean (2012-2015), UGT eta CCOOek sinatu egin zuten aintzinatasuna murriztu, malgutasuna handitu eta %1eko soldata igoerarekin, hitzarmena “klinikoki hilda” utziz.

2016-2018 Hitzarmenaren sinadurak, %2ko soldata igoerak bermatzen ditu 2016rako; %2koak 2017rako eta %2,25ekoak 2018rako. Hitzarmena amaitzerakoan, 2017 eta 2018ko benetako KPIaren igoera zein den begiratuko da eta soldaten igoera baino handiagoa da, taulen bidez arautuko da 2019 hasieran, hitzarmen berria negoziatzen hasi aurretik.

Gainera, berraztertu egingo da eros ahalmenaren galerarik egon ez dadin. Benetako igoerak dira, tauletan ezarriko litzaizkiekenak sektoreko langile guztiei. 2017tik aurrera, 1.000 eurotako gutxieneko soldata adostu da 15 pagatan (12 hilabetetakoak eta 3 paga), gogoratuz orain arte, lau kategoria ez zirela kopuru honetara heltzen (3. mailako ofiziala, 2. mailako ofiziala, especialista eta peoia).

Hitzarmenak aurrera egiten du lizentzia eta baimenetan, aurrejubilazioentzako kalteordainetan, enpresen barruan euskara kontuan hartzen hasten da (iragarkiak, komunikazioak, etab) eta beste zenbait puntutan. Hitzarmena bete eta ezarri egingo dela ere bermatzen da, berau ez ezartzea mugatzen duen klausula baten bidez.

Garrantzitsuena da hitzarmen honen aurrekoaren lerroarekin apurtzen duela eta ez duela
ezertan atzera egiten. Gehiengo sindikal berria batu da sektorean eta erakutsi da bestelako baldintzak eta hitzarmena ezberdina direla.

Sektoreko langileak zoriondu behar ditugu hitzarmena dutelako. Modu berezian zoriondu nahi ditugu Mahai Negoziatzailean parte hartu duten LAB eta ELAko delegatuak eta asanbladetan parte hartu duten langileak ere, euren inplikazio, konpromiso eta lanarekin, guztion artean lortu dugulako aurrekordioa.
 

 

 

Mendaroko ospitalean elkartu gara, gaixo dauden presoen eskubideen alde

LABek elkarretaratze bat egin du Mendaroko ospitalearen aurrealdean, larri gaixo dauden hamahiru euskal presoek kalean egon beharko luketela aldarrikatzeko. "Muturreko egoeran daude, eta espetxean ezin dute jaso behar duten zaintza", ohartarazi dugu, eta Espainiako eta Frantziako estatuak giza eskubideak nabarmen urratzen ari direla salatu dugu.
 

 

 

Propaganda gutxiago eta benetako industria politika bat egiteko eskatu dugu

0

LABek manifestazio bat egin du gaur Bilbon “Prekarietatearekin industria 4.0rik ez dago. Aberastasuna banatu” leloarekin. Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitzan hasi eta Confebasken egoitzaren amaitu da. Industriaren etorkizuna kolokan dagoela adierazi dugu, eta arduradun politikoek eta patronaleko buruek propaganda baino ez dutela egiten salatu.

Gaurko mobilizazioan esan nahi dugu argi eta garbi, gure industriaren etorkizuna kolokan dagoela, eta gure agintari eta patronaleko buruek propaganda besterik ez dutela egiten. Nahi dituzten kongresu guztiak egin ditzakete, baina ez dute aldatuko errealitate hau: Prekarietatearekin industria 4.0.rik ez dago!

Hitzez beste eredu baten alde eginagatik, Espainiako ereduaren aldeko apustua egin ari dira praktikan: lan kosteak murrizten dira balio erantsia dituen produktuen aldeko inbertsioa bultzatu beharrean. Industriak, teknologikoki aurreratua izateaz gain, aurreratuak izan behar du gizartearen ikuspegitik, baina baita lan baldintzen ikuspegitik ere. Tamalez, bai Confebask bai Eusko Jaurlaritzaren apustua guztiz kontrakoa da, prekarietatea hedatzearen aldeko apustua. Industria 4.0. bultzatzen ari dela diozuen bitartean, egiten ari zaretena PREKARIETATEA 4 INDUSTRIA POLITIKA 0 eredua da:

1. LAN ERREFORMA APLIKATZEN DUZUE
Kaleratze merkea, azpikontratazioa, behin behinekotasuna, ABLEak, zergak ordaintzen ez dituzten enpresak, espekulazioa eta pelotazoan oinarritutako industria sustatzen dute. Pertsonen gaitasunean lehiatu beharrean, pertsonak murriztu beharrezko gastutzat hartzen dituzue. Espainiako ereduarekin ez dago berrikuntzarik, ez dago balio erantsirik, ez dago etorkizuneko industriarik.

2. NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEAREKIN AMAITU NAHI DUZUE
Langileek baldintza okerragoetan zeinek lana egin lehiatzea nahi dute. Hazkunde ekonomiko garaian gauden honetan, nola baimendu liteke sortzen den aberastasuna ez banatzea langileei, patronalak hitzarmen kolektiboak negoziatzeari uko eginez? Inoiz baino aberastasun gehiago sortzen ari den honetan lapurreta erraldoi bat egiten ari dira, denon aurrean.

3. KONTRATAZIO BERRIAK DISKRIMINATZEN DITUZUE
Kontratazio berriei baldintza okerragoak ezartzen dizkiezue, lan merkatua prekarioagoa ezarriz. Emakumeek jasaten duten diskriminazioa betikotzen ari zarete. Gazteentzat hiru alternatiba aurkezten dituzue: kanpora joatea erbesteratze ekonomikora, langabezia edo prekarietatea.

4. POBREZI HANDITZEN DUZUE
Pobrezia eta desberdintasuna handitzen ari zarete. Enplegua jadanik ez da pobreziatik ihes egiteko bermea, ezta industrian ere. Prekarietatea, gelditzeko etorri da industriara.

Horregatik, gure industriaren defentsan, propaganda gutxiago eta benetako industria politika bat egitea eskatzen dizuegu. Eta horretarako, ezinbesteko urratsa, burujabetzaren aldeko urrats eraginkorrak ematea da. Espainiako eredua ezartzen jarraitzen badugu, gure industria etorkizunik gabeko industria izango da, langileen bizi baldintzen kontura arrakasta gabe lehiatu nahiko duen industria.
 

 

 

Pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari dira jendartean eta ezinbestekoa da neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko

Hego Euskal Herrian erregistraturiko langabeziak behera egin du martxoan, baina 2016 urte amaieran baino altuagoa izaten jarraitzen du. Sortzen den enplegua oso prekarioa da; sinatzen diren kontratuen %90 baino gehiago aldi baterakoak dira eta %40 lanaldi partzialekoak.

Martxoan Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak behera egin du. Datu ofizialen arabera 178.510 pertsona daude langabezian, 2016ko abenduan baino 2.292 gehiago. Hauetatik %44,17 gizonezkoak dira eta %55,83, aldiz, emakumeak.

Hala ere bilakaera desberdina izan da Nafarroan eta EAEn; Nafarroan langabezia 308 pertsonatan handitu den bitartean EAEko hazkundea 1.984koa izan da.

Urte arteko bilakaera aztertzen badugu, hau da, 2016ko martxoko datuekin alderatuz, 19.545 langabe gutxiago daude erregistraturik Hego Euskal Herrian (15.779 gutxiago EAEn eta 3.766 gutxiago Nafarroan).

Hala ere, aurreko hilabeteetan salatzen genuen moduan, aipatu beharra dago sortzen diren enpleguak oso prekarioak eta epe motzekoak direla; sinatzen diren kontratuen %90 baino gehiago aldi baterakoak dira eta %40 lanaldi partzialekoak.

Gainera, epe luzeko langabeen kopurua ere izugarria da eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa oso ahula da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla jendartean, landun eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko.
 

 

 

Bizkaiko garraio publikoko tarifen igoera bertan behera utz dezatela eskatu dugu

0

Garraio publikoan ordezkatuta dauden sindikatu guztiok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, sistema bateratu justuago bat eskatzeko. Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diegu Bidai txartel berrietan 10 eurotik gora izandako igoera baliogabetzeko, eta garraio-sistema bateratu justuagoa, kalitatezkoa eta Bizkaia osoaren beharretara egokitutakoa exijitu dugu. Era berean, ostiralean egingo dugun elkarretaratzean parte hartzeko dei egin dugu. Protesta 11:30ean izango da, 3 linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plaza), "Txartel bakarra bai, garraio publiko bateratu eta kalitatezkoa gehiago ordaindu barik" lelopean.

Duela hiru urte ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok bat egin genuen Bizkaian txartel bakarra izateko adierazpenean, Bizkairako tarifa-sistemak behar zituen 6 oinarriak bilduz.

Kolektibo sozial eta alderdi politikoei aurkeztu genien adierazpena, eta babes handia jaso genuen, oro har, eta txartel bakarraren eta tarifa-sistema bateratuaren alde etengabe lan egiteko konpromisoa ere bai.

Hiru urteren ondoren, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezusteko desatsegina eman digute garraio-txartel sorta eta tarifa-sistema berriak sortu dituztenean garraio- alorrean ordezkatuta gauden 6 sindikatuok 2014an eskatu genizkien baldintzak eta irizpideak inola ere bete gabe.
Jarraian bi ereduen arteko aldeak azalduko ditugu, labur eta xehe, baita Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Saileko Foru Diputatuak “Bizkaia zuretzat konektatzen dugu” kanpainarekin saldu gura dizkigun gezur eta zentzugabekeriak ere ”:

-PREZIO BERA, TARIFA BERA, EDOZEIN GARRAIOBIDE ERABILTZEKO BGPk eta BFAk asmatutako sisteman metroko bidaiak saritu eta beste operatzaileetan egiten direnak zigortzen dira.

-ZENBAT ETA GEHIAGO ERABILI, HAINBAT ETA MERKEAGO. Hileko txartelen erabiltzaileak dira bidaia gehien egiten dituztenak, eta fideltasunik handiena diotenak garraio publikoari. BIDAI txartel berriekin, ordea, metroan % 30 eta Euskotrenen % 50 garestitze neurrigabea jasango dute.

-TXARTELAREN PREZIOA PERTSONEN ERRENTAREN ARABERAKOA IZATEA. Diru sarrera txikienak dituztenek garraio publikoa erabiltzea errazteko urratsak eskatzen ditugu, adinarengatik eta egoera bereziengatik soilik merkatzearen sistema gaindituz.

-ZERBITZU PUBLIKOA ETA KALITATEZKOA BERMATZEA. Herritarrei ahalik eta garraiobiderik onena bermatzeko eskatzen dugu ea, ondorioz, dauden lanpostuak ere ziurtatzea. “Metro” sistema lehenetsi eta gainerako operatzaileak baztertzen dituen eredua alboratu behar da.

-ERAKUNDE BAKARRA GARRAIO PUBLIKOAREN OPERATZAILE GUZTIAK KOORDINATZEKO. Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza sortzean operatzaileak elkarren osagarri izatea sustatu behar du, bikoizteak eta elkarren arteko lehiak saihestu eta, hartara, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Eragile sozialen eta erabiltzaileen iritziak eta parte-hartzeak ere lekua izan behar du erakunde horretan.

-BIZKAIA OSOA ERABILGARRIA. Bizkaiko Garraio Partzuergoak proposatzen duen gune-sistemak hiriburutik urrunen dauden udalerriak zigortzen ditu, metroaren sistema bateratutik kanpo ere utziz. Guk Bizkaia osoarentzat justuagoa izango den sistema proposatzen dugu.

Horregatik guztiarengatik, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diegu, batetik, bertan behera uzteko berehala BIDAI 50, 70 eta ORO txartelen tarifa-igoera neurrigabea eta, bestetik, Bizkaiko tarifa- bateratzearen sistema berriro pentsatu eta eredu berriak gure idatzi honetan eta 2014ko adierazpenean esandako irizpideak kontuan hartzeko.

Horrela baino ez dugu lortuko garraio publikoaren zerbitzua benetan hobetzea, orokorrean, erakundeen, operatzaileen, langileen eta gizartearen ikuspegietatik.

Era berean, jakinarazi nahi dizuegu hainbat eragile sozialekin hitz egiten hasiko garela Txartel Bakarraren aldeko lan egonkor eta iraunkorra egingo duen Foroa antolatzeko, aldarrikapen hori gizarteratu eta esparru ezberdinetatik eskatuko bada, gizarteak mugikortasunarekin eta garraioekin loturik dauden erabakietan parte hartzea bermatuko bada.

Azkenik, dei egin dugu hau salaketarako eta aldarrikapenerako elkarretaratzera “TXARTEL BAKARRA BAI, GARRAIO PUBLIKO BATERATU ETA KALITATEZKOA GEHIAGO ORDAINDU BARIK” lelopean ostiralean, apirilak 7, 11:30ean 3 linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plaza).
 

 

 

SATek Jaenen lursail bat okupatu du Andr茅s B贸daloren askatasuna eskatzeko

0

SATeko 200 jornalari inguruk “El aguardientero” izeneko kortijoaren lursail bat okupatu dute, SAT-eko militantea den Andrés Bódaloren askatasuna exijitzeko, Jaeneko kartzelan dagoena hiru urtetako kartzela zigorra betetzen dagoena.

Konkretuki Sindicato Andaluz de Trabajadores/as-ek BBVA-rena zen lursail bat okupatu du, espekulaziorako erabiltzen zen lursaila bat, urtean mila lanpostu sortu zitzakeen lursail bat hain zuzen ere, eta gaur egunean inolako produktibitaterik ematen ari ez dena. 

Euskal Herriko LAB sindikatutik Andaluziako SAT-eko gure lagunei gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu justizia sozialaren printzipioen gainean eraikitako Andaluzia aske baten aldeko borroka justu honetan. 

Gaurko egunean, Andaluzia bezalako nazio batean, langabezia tasa izugarri altuak dituena, eta desberdintasun sozial ikaragarriak dituena, lurraren okupazioa bezalako borroka desobedienteak ez da legitimoa bakarrik, beharrezkoa baizik. 

Lurra berau lantzen duenarentzat izan behar duela dioen leloa gurea egiten dugu, eta kasu honetan lurra lantzen dutenak Andaluziako nekazariak dira eta ez bankuak eta ez gizartearen zati handi bat langabezian dagoen bitartean lurrarekin espekulatzen dutenak. 

Bukatzen joateko, ezin dugu idatzi hau bukatu Andrés Bódaloren askatasuna exijitu gabe. Andaluziako nekazarien eta orokorrean langile klase guztiaren eskubideen aldeko borrokalari nekaezin hau, justiziaren eta Andaluziako langile klasearentzako etorkizun duin baten alde borrokatzeagatik dagoelako kartzelan.

Sindikalgintzaren aurkako errepresio gehiagorik ez! 
Andrés Bódalo Askatu!