2025-12-16
Blog Page 924

Gaur eman da demokraziaren historian izan den eskubide sozialen murrizketarik handiena

Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) burutzen ari den murrizketen aurkako hiru gose grebalariek hemeretzigarren eguna bete dute gaur gose greban. Hemeretzi egun ezer jan gabe eman ondoren, protesta eta aldarrikapen erradikal hau amaitutzat eman dute, bide berri bati ekiteko. Aldarrikapen-fronte bat sortzea izango da helburua orain, DSBEren legearen erreformaren aurrean.

Gaur, Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuen onarpenarekin, demokrazioaren historian eman den eskubide sozialen murrizketarik handiena eman da; DSBE eta EPOn, hain zuzen ere.

EAJ eta PSEren aldeko botoekin, eta PPren abstentzioarekin, 2017rako EAEko aurrekontuak onartzen ari dira. Alde batetik, 2012tik ezarri duten %7ko murrizketa DSBEren zenbatekoan, eta aurrekontuek 2017 honetarako mantentzen dutena; aurrekoari Eusko Legebiltzarraren ezezkoa, legez onartu beharko luketen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoerarekiko. Hau da, DSBEren zenbatekoa 726, 47 eurotatik 634,96 eurotara jaitsiko dute, 90 euro gutxiago hilabetea amaitzeko gorriak pairatzen dituzten ekonomientzat.

Aurrekontu hauekin EAJ, PSE eta PPk aberatsak defendatzea erabaki dute, AHT irrikatzen dutenak, Madrilera negozioak egitera joaten diren horiek defendatzea erabaki dute; eta bost axola zaie bizirauteko DSBEren beharra duten horiek. Gaur, Legebiltzarrean, ostiko galanta eman diete EAEn pobreziaren atarian diren 194.000 pertsonei.

Gaur ia 5.000 sinadura erregistratu digugu Legebiltzarrean eta pobretuenen hitza legebiltzarrera hel dadin ozen ohikatu dugu “Ez ditugula murrizketak irensten” osoko bilkuran zehar.

Baina gaur, aurrekontuen onarpenarekin eta gose grebaren amaierarekin, eskubide sozialen alde eta murrizketen aurkako borroka luzearen etapa bati baino ez zaio amaiera eman. Borroka honek, eskubide hauek arautzen dituen lege honen erreformarekin gertaera garrantzitsu berri bat izango du. Legegintza-prozesu honetan eskubide baten etorkizuna dugu jokoan. Ez ahaztu eskubide hau mobilizazioari esker irabazi genuela: Herri Ekimen Legegilea, greba orokorra, hamaika manifestaldi…

Esparru sozial, sindikal, pentsionistak eta hirugarren sektoreko erakunde guztiok bat egiten dugu diogunean murrizketen aurrez aurre izango gaituztela eta DSBEren legearen erreforman tinko jardungo dugula gobernua eta parlamentu-taldeak presionatzen honela, eskubideak hobetu eta murrizketak bertan behera utziz.

Prozesu honetan izan garen erakunde guztiok konprometituta gaude maiatzean ekingo diote lege erreforma honetatik azken bederatzi urteotan inposatutako murrizketak ken ditzaten, DsBEtara heltzeko baldintzak samurtu ditzaten eta honela pobreziaren amaieraren helburua lortu, legea benetan bete dadila eta sistema milaka familia sistematik bota ez ditzan. Hau da, gure jendea, langabetuak, miseriazko pentsioak kobratzen dituzten pentsionistak, kontratu prekariroak dituzten pertsonak defendatzeko.

Gobernuak gogoan har dezala. Murrizketengatik triste gaude, baina oso pozik azken hilabeteotan murrizketen aurka egin dugun borrokarengatik eta 19 eguneko gose greba honen ostean gehiago eta indartsuago garelako, eta hobeto gaudelako antolatuta. Maiatzeko lege erreformaren aurrean, berriro ahaleginduko gara gure indar guztiekin, ohi bezala, eskubide sozialen alde eta murrizketen aurka.
 

 

 

Jai egunetan irekierarik eta erosketarik ez egiteko eskatu dugu

Nafarroako merkataritzan lanean ari diren langileek agerraldi bat egin dute gaur, Iruñeko Decathlon dendaren aurrean, jai egunetan erosketak ez egiteko eskaera luzatzeko kontsumitzaileei. hain zuzen ere, jai eguna bada ere, zenbait merkataritza gune apirilaren 13an irekiko dutela iragarri dute egunotan. Horren aurrean, jai egun eta igandeetan 0 irekiera egoteko aldarrikatu dugu. Bestalde, Donostian ere ibili gara gure aldarria zabaltzen, Erdialdeko kaleetatik barrena, Aste Santuko oporren etorrerarekin dendek ireki ez dezaten eskatzeko.

Iruñean egindako agerraldian, LABek gai honen inguruan lanean jarraitzen duela nabarmendu dugu, jai egun eta igandeetan 0 irekiera egoteko. Merkatal guneei datorren apirilak 13 ez irekitzea exijitu diegu, eta erosketak egiteko asmoa duen jendeari ez erosteko eskatu ere. Hausnar dezaten ea beharrezkoa den jai egunetan erosketak egitea eta, modu honetan, nafar asko lan egitera behartzea.

Jai egunetan irekitzeak ez du enplegua sortzen, langileen lanaldia luzatu baino ez du egiten. Irekiera hauekin ezinezkoa da bizitza laborala familiarekin edo aisiarako denborarekin uztartzea.

Merkataritza gune handien onurako baino ez da. Merkataritza txikia kaltetu eta saltoki txikien itxieran eragiten du. Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko.

Honengatik guztiagatik, erosleei dei egin diegu jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egitera behartuak gauden langileen prekarietatean eragin zuzena baitu honek.

Bestetik, Nafar Gobernuari argi eta konplexu gabe jokatzea eskatu diogu, jai egunetan irekitzearen inposizioaren kontra kokatzea eta merkataritzako langileen alde egitea, aldaketaren lau alderdiek sinatutako akordio programatikoa islatzen duen moduan. Kontsumitzaile eta merkatariei zuzendutako kontzientziazio kanpaina bideratu dezala eskatu diogu, jai egun eta igandeen 0 irekierari bideratuta, denek gure aisialdia disfrutatzeko eskubidea izan dezagun.

Hau guztia gertatu arte, LABek langileen ondoan jarraituko du, kalean, jai egunetan lan ez egitea eta ez erostea eskatuz.
 

 

 

Gasteizko Vithas San Jose ospitaleak emakumeak diskriminatzen ditu

Gasteizko Vithas San Jose ospitaleak kirurgiarako bloke berri bat irekitzeko asmoa dauka. Giza baliabideen sailetik curriculumak jasotzen hasi dira langileen aukeraketarako. Jakin izan dugu sail honek emakumeentzako diskriminatzaileak diren irizpideak erabiliz aukeratzen dituela langileak. Vithas San Joserentzat, generoa hautagaien prestakuntza eta profesionaltasunaren gainetik dago eta emakumezkoak diren erizain laguntzaileak kirurgiako bloke honetako hauta-frogetatik kanpo uzten ari da. Honetarako erabiltzen dituen argudioak emakumeei esleitutako ezaugarri batzuk dira, hala nola, dorpezia eta trebetasun falta, diskriminatu eta emakume eta gizonei rol desberdinduak ematen dizkietenak sexu-genero sistema batean, horrela gizonek emakumeekiko duten menperakuntza betikotuz.

Agerraldia egin dugu gaur Gasteizen, komunikabideen aurrean Vithas San Jose ospitalearen jarrera salatzeko. Jarduera hau generoagatiko diskriminazio zuzenaren adibidea da eta modu argian urratzen du Eusko Jaurlaritzaren 2005/4 Legea, otsailaren 18koa, Emakume eta Gizonen Berdintasunekoa. Honen arabera:

"Zuzeneko bereizkeria dago pertsona bat sexuaren zioz edo sexuarekin zuzenean loturik dauden inguruabarrak direla-eta –haurdun egonda edo ama izanda, esaterako– beste pertsona bat baino modu txarragoan tratatzen denean. Delitu gisa izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, laneko sexu-jazarpena sexuaren ziozko zuzeneko bereizkeriatzat jotzen da"

Praktika matxista hauek diru publikoz laguntzen ari gara. Komodin bezala erabiltzen ditu sistema publikoak ospitale hauek muturrekoak diren egoeretan, pasa den neguko gripe pikoan bezala, zeinetan 30 lekualdatzetara iritsi zen asteburu bakarrean. Ez litzateke harritzekoa Darpon jaunak eskuhartze kirurgikoen itxarote zerrendak murrizteko erabili nahi duen diruaren zati bat ospitale hauetara bideratzea. 4/2005 Legearen arabera:
 
"Euskal aginte publikoek ezin izango dute inolako diru-laguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen edonolako jardueratarako. Se-xuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak ere egoera berean geratuko dira, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran"

Hortaz, ulertzen dugu ikerketa ireki behar dela bide administratibo eta penaletik, eta horrela ez bada, entitate mota hau diru publikoz laguntzeari utzi.

LABek ez ditu onartzen eta ez ditu inoiz onartuko matxistak eta emakumeekiko diskriminatzaileak diren jarrera hauek, mesede eskasa egiten diotenak soldaten parekatzeari. Lanean jarraituko dugu eta mota honetako diskriminazioak jasaten dituztenak defendatzera animatzen, Euskal Herritik aldendu arte. Era berean, instituzioei exijitzen diegu behingoagatik Berdintasun Legea ezarri dezaten eta benetan bete dadin beharrizko dituzten mekanismoak jar ditzaten.
 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Burujabetza prozesuaren alde iniziatiba berriak hartzeko unea da”

Maiatzaren Lehena iristear dugu. Hitzordu garrantzitsua sindikatuarentzat. Aurtengoan ere, Bilbo, Iruñea eta Baionan “Langileok Euskal Estatua. Burujabetza osoa aldaketa sozialerako” lemapean egingo ditugun mobilizazioaten gure aldarrikapenak plazaratuko ditugu. Guzti honen inguruan azalpenak emanez medioen aurrean izan dira Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, eta Garbiñe Aranburu, Idazkari Nagusi izateko hautagaia. LABek mobilizazioan kokatzen du burujabetza prozesurako giltza eta hala erakutsiko du Maiatzaren Lehenean. Erabakitzeko aukera berriro ere lapurtu nahi diguten momentu honetan, herri eta klase bezala borroka indartu behar dugu. PNV-PSE-PPk estatus politikoearen eztabaida proiektu ekonomikoaren interesen arabera kudeatu nahi dute. Beraz "78ko iruzurra berriro gerta ez dadin borrokatuko gara" azaldu du Etxaidek.

Testuinguru politiko berezian datorkigu aurtengo Maiatzaren Lehena, “garai berri bati ateak irekitzeko” baldintzak daudela argitu du Aranburuk. ETAren armagabetzea burutu den honetan euskal preso eta iheslarien etxeratzean urratsak emateko garaia da, elkarbizitzan aurrera egiteko momentua da, auzi politikoari benetako konponbidea emateko garaia da. Bide hau jorratzeko aukerak ematen dituen mapa instituzionala ere badaukagula azpimarratu du “Ipar Euskal Herrian Herri Elkargoa osatu da, Nafarroan Aldaketaren Gobernua hainbat urrats eman ditu eta EAEn erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo parlamentarioa dago”.

Esparru sindikalean ere, garai berri bat irekitzeko ahaleginetan gabiltza. Gure lehentasuna burujabetza prozesua martxan jartzea da. Hain zuzen ere, “eredu ekonomiko eta sozial bidegabe hau errotik aldatzeko eta euskal sozialismoa eraikitzeko euskal estatu behar dugu eta burujabetza prozesua da helmuga horretara eramango gaituen bidea”.

“Arlo instituzionalean, sozialean, zein sindikalean burujabetzaren alde iniziatiba berriak eta sendoak hartzeko momentua” dela deritzo LABeko Idazkari Nagusiak. Gaurko estatus politikoa gainditzeko bideak marraztea eta horiek jorratzeko urratsak emateko unea da. Norabide horretan lehen urratsa estatus berriei buruzko erabakiak herritarren esku egongo direla ziurtatzea izango da. Sozialean ere aurrera egin behar dugu, egoera politiko eta soziala aldatu nahi dutenen arteko adostasunak eraikitzen jarraituz. Zentzu horretan ezinbesteko tresna izango da Karta Soziala. Eta eremu sindikalari dagokionean, gure iritziz “geroz eta sendoago den gehiengo sindikal abertzaleak egoera sozioekonomikoa aldatzeko aukerak emango dizkigun prozesu politikoaren akuilu izan behar dugu”.

Burujabetzaren bidea nagusitzea da gure erronka. Erabakitzeko aukera berriro ere lapurtu nahi diguten momentu honetan, herri eta klase bezala borroka indartu behar dugu. PNV-PSE-PPk estatus politikoearen eztabaida proiektu ekonomikoaren interesen arabera kudeatu nahi dute. Beraz 78ko iruzurra berriro gerta ez dadin borrokatuko gara. Era berean Nafarroan sortu diren aldaketarako aukerak baliatu behar ditugu aldaketak politika errealetara itsi daitezen. Guzti hau lortzeko bide bat eta bakarra ikusten du LABek: mobilizatzea. Mobilizatzen jarraituko dugu instituzioak aldaketa prozesuaren zerbitzure jar daitezen, baita gure etorkizunaren jabe egingo gaituen marko politikoa lortzeko ere.

 

 

Greba eguna dute gaur Nafarroako Kirol Kudeaketako langileek, hitzarmen duin baten alde

0

Hainbat kiroldegi itxi dituzte goizean goizetik, hitzarmenaren defentsan. Pikete informatiboak egin dituzte, eta, arratsaldean, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Gaztelu plazan. 900 bat langile daude deituta lan uzteetara, eta udalek kudeatutako kiroldegiei ari zaie eragiten.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deitu dugu greba, hots, KIrol Kudeaketako arloan ordezkatuta gauden sindikatuok. Elkarretaratzeak egin ditugu azken asteotan, negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko, daukagun alternatiba bakarra mobilizazioa baita. 

Sektore honetan gure lan baldintzak bikainak izatetik urrun daude; soldata oso baxuak eta lanaldi partzialak eguneroko ogia dira guretzako.

Azkenengo urteetan gizarteak pairatu dituen murrizketen ondoriak ere sufritu egin ditugu; enpresek gure soldatak merketzeko arazorik ez zuten izan, jendea kaleratzeko edota lanaldiak murrizteko ere. Enpresa hauek bitartean haien mozkinak jasotzen jarraitzen duten bitartean.

Gure lan baldintzak duinak izatea nahi dugu. Bidezkoa dela uste dugu. Galdutako erosahalmenaren zati bat berreskuratzea eta horrenbeste urte atzeraka joan ondoren pixkat hobetzea da gure helburua. Baina ezinbestekotzat ikusten duguna gure hitzarmena defendatzea da eta gaur egun patronala hau negoziatzera ukatzen da.

Mobilizatzera behartuak gaude elkarrizketak ezinezkoak direlako. Negoziatzera ukatzearen bidetik gure lan baldintzak betirako izoztuak izatea lortzen dute. Haiei interesatzen zaien bakarra euren mozkinak jasotzea da. Beraz, lan baldintza duinak haientzat oztopoak besterik ez dira.

Mobilizazioei hasiera eman diegu beste bide bat utzi ez digutelako eta hauekin jarraitzea beharrezkoa ikusten dugu gure helburua lortu arte: Hitzarmen duin bat sinatzea.

Kalitatezko zerbitzu publiko bat ezin da baldintza prekarioetan eman, mobilizazio hauetan hori arriskuan baitago.

 

 

 

Irlandako Jobstowneko aktibistak askatu!

0

Apirilak 24ean Irlandako Jobstowneko 17 aktibisten aurkako epaiketa hasiko da. Denei bahiketa leporatzen diete, hagitz delitu larria dudarik gabe, eta horregatik zigor gogorrak jaso ditzakete. 2014eko Azaroan Joan Burtonek Jobstownera bisita bat egin zuen eta bertan ehun aktibista inguruk Uraren tasengatik protesta bat antolatuta zeukaten. Nahiz eta protesta baketsua izan, eta segurtasun indarren presentzia handia izan, Lehen Ministro ordea ez zen bere ibilgailutik atera. Hilabete batzuk beranduago 17 aktibista hauek atxilotuak izan ziren.

2016ko Urrian, Jobstowneko lehenengo akusatuak epaiketa izan zuen. Akusatu honek protestaren garaian 15 urte zituen eta gaur egun 17. Epaileak errudun jo zuen Bere aurkako zigorra hagitz gogorra izan ez bazen ere, zigor horrek orain epaiketa izanen dutenei zer etor dakieken erakusten du.

Euskal Herrian hagitz ongi dakigu errepresioa zer den bere zentzurik zabalenean. Adibide bat jartzearren, gure sindikatuko idazkari nagusi ohia den Rafa Diez oraindik preso dago Euskal Herrira justizia, bakea eta demokrazia ekartzearen alde lan egiteagatik. Bertze adibide bat jartzearren, orain hilabete batzuk langile batzuek epaiketa bat izan zuten greba bat egiteagatik eta fiskalak haientzat hainbat urteko kartzela zigorra eskatzen zuen. Azkenean borrokak emandako fruituei esker aske geratu ziren.

Azaldutako guztiarengatik LAB sindikatutik Jobstowneko 17 aktibistei bere elkartasuna adierazten die eta beraien berehalako askatasuna exijitzen du. Ezin dugu borroka sozialaren eta mundu hobeago baten aldeko aspirazioaren kriminalizaziorik onartu.

 

 

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du Larrialdi Planik

0

Pasa den martxoaren 10eko lurrikarak ez zuen soilik Iruñeko biztanlegoa aztoratu, oso agerian utzi zuen ere Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ez ohiko egoera hauei aurre egiteko duen planifikazio falta erabatekoa. Lurrikara gertatu bezain laster, unibertsitateko langile asko kontziente izan ziren NUPek hainbat eta hainbat eraikin husteko ez duela inongo larrialdi planik. Martxoaren 10ak agerian utzi zuen Campuseko eraikin gehienetan ez direla hustutze simulaziorik egin; horien artean ikastegia eta liburutegia, adibidez. Era berean, larrialdietarako seinaleztapen sistema eskasa edo zuzenean bere gabezia argi gelditu zen ere bai.

Irregulartasun hauen aurrean, LABek unibertsitateko arduradunei eskatu zien larrialdietarako planen inguruko informazio guztia helaraztea, gaurko egunez, hainbat alditan eskatu badugu ere, oraindik ere ez digute informazio hau eman.

Hala, adierazi nahi dugu egoera hau ilegalitate argia izateaz gain, arduragabekeria larria ere badela. Hau guztia dela eta, berriro ere eskatzen dugu sindikatu eta langileei informatzea NUPek larrialdietarako dituen neurrien inguruan, eta martxan jartzea legeak agintzen dituen plan eta simulazioak.

Martxoaren 10ean lurrikara bat izan zen, beste egun batean edozein motako ezbehar bat gerta daiteke, eraikin baten hustutzea beharrezkoa egingo duena, eta NUPek derrigorrez egon behar du prest horretarako.
 

 

 

Suhiltzaileak gerra kontuetatik kanpo nahi ditugu

Saudi Arabiarako arma-kargamentu batean, segurtasun-taldean parte hartzeari uko egiteagatik, Uriosteko suhiltzaile-etxeko lankide bati diziplina-espedientea zabaldu diote. LABek, gertatutakoa salatzeaz gain, Eusko Legebiltzarrari eta Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatzen diegu armen ekoizpen, salmenta eta bidalketaren inguruan Europak emandako ebazpenak betetzeko.

Saudi Arabiarako arma-kargamentu batean, segurtasun-taldean parte hartzeari uko egiteagatik, Uriosteko suhiltzaile-etxeko lankide bati diziplina-espedientea zabaldu diotela eta, Bizkaiko Aldundiko LAB sindikatuaren atal sindikalak hau adierazten du:

– Gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu lankideari, gure ustez, haren jarduna erabat zilegia izan baita. Hori dela eta, haren kontra zabaldutako espedientea ixteko eskatzen dugu.

– Bilboko portuan gauzatutako ekintza salatzen dugu, Europako Parlamentuak agindutakoaren ez-betetze nabarmena delako. Izan ere, Europar Batasuneko kide diren herrialdeei eskatu zien Saudi Arabiari armak saltzea debekatzeko, eta Espainiako Gobernuak ez du bete.

– Ez dugu ulertzen zergatik laguntzen duten arma-kargamentu horietan Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak; ez dugu ulertzen zergatik ez diren aldentzen oinarrizko giza eskubideen kontrakoak diren jarduera horietatik.

– Edo, agian bai, ulertzen dugu. Ziur aski, euskal enpresak inplikatuta daudelako arma eta lehergai horien ekoizpenean, eta horrek eragindako negozioan. Eta euskal erakundeek ez dute inolako konpromisorik halako “jarduera ekonomikoak” debekatzearen inguruan.

– Beraz, Eusko Legebiltzarrari eta Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatzen diegu armen ekoizpen, salmenta eta bidalketaren inguruan Europak emandako ebazpenak betetzeko eta, euskal portuak kargamentu horietarako erabiltzen direnean, salaketa egiteko.

– Halaber, eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari eska diezaietela bidalketa horiei dagokienez ematen duten laguntza bertan bera uzteko.

 

 

 

Guardia Zibilaren jazarpena salatu dugu Lekarozko institutuan

0
LABek irmoki salatu nahi du hondar aste hauetan Lekarozko institutuan eta haren inguruetan Guardia Zibilaren aldetik ematen ari den jazarpena eta ez ohiko portaera. Hezkuntza komunitate horretako hainbat lagunek salatu dutenez, institutuko kafetegian paisanoz zein uniformez jantzitako guardia zibilak sartu edota ingurumarietatik prismatikoz ikasleria zelatatzen ibili dira pasa den egunotan.

LABek gogorarazi nahi du, batetik, institutuak hezkuntza erakundeak direla, eta beraz, hezitzailetik batere ez luketen jarrera probokatzaileak soberan daudela. Bestalde, Euskal Herritar orori zor zaiola bere herri, auzo, lantoki edo ikastetxean libre, inolako kontrol eta mehatxu polizial mugatzailerik gabe, ibili eta aritzeko eskubidea eta inondik ere ez dugula gisako jarrerarik onartuko.

Bukatzeko, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari probokazio hauen aitzinean neurriak har ditzan eskatzen diogu bai eta gure elkartasuna eta babesa adierazi bertako ikasle, familia, irakasle eta bestzelako langileei.