2026-01-05
Blog Page 916

Enpresak ez duela benetako negoziazio bat abiatu nahi salatu dute Carrefour Oiartzungo langileek

0

Grebak iragarri dituzte maiatzaren 27 eta 29 eta ekainaren 3 eta 5erako, "hemen lan egiten dugunez, hemen negoziatzeko gure aldarrikapena bete dadin".

Hauxe da Oiartzungo Carrefourreko Langileen Asanbladaren adierazpena:

Pasa den apirila hasieran, Carrefour Oiartzungo langileok langile asanbladan erabakitako 9 aldarrikapenez osaturiko negoziazio proposamena entregatu genion enpresari eta, saltoki handietako hitzarmen estatala negoziatzen ari zen bitartean, hemen ez negoziatzeko bere erabakia helarazi zigun. Etorkizunari begira ere, ez zuen inolako negoziazio konpromisorik hartzen enpresako zuzendaritzak. Hau horrela greba egutegi bat aurrera eramatea erabaki zuen Oiartzungo Carrefoureko langile asanbladak.. Hemen lan egiten dugunez; hemen negoziatzeko gure aldarrikapena bete dadin.

Asteburu honetarako ere (maiatzaren 12, 13 eta 15rako) greba deialdiak burutuak genituen, baina enpresaren ostiralerako bilera deialdia dela eta, hauek bertan behera uztea erabaki genuen negoziazioa irekiko zelakoan. Baina ez. Enpresaren asmoa ez da benetako negoziazioa abiatzea, eta mahai gaineratutako bere jarrera, ezin liteke gure proposamenetik hurrunago egon.

Hori dela eta, eta orain arte erabakiak hartzeko erabilitako bideari jarraituz, langile asabladak egin genituen atzo goizean goiz eta gauean, Carrefour Oiartzunen lan egiten dugu langileon gehiengoaren parte hartzea ziurtatzeko. Bertan hartutako erabakia gure borrokarekin aurrera jarraitzea izan zen, maiatzaren 27 eta 29 eta ekainaren 3 eta 5erako greba deialdiak eginez.

Gure helburuak argi ditugu, 9 puntuz osatutako gure proposamena negoziatu nahi dugu eta tinko segituko dugu horretan.
 

 

 

Pineko langileek kalera eraman dute euren kezka

0

Pineko langileek jarraipena eman diete gaur protestei, beste greba egun batekin. Jakin berri dute Ingeteam taldeak Pine marka saldu duela, eta kezkatuta daude enpresaren etorkizunarekin, zalantza asko baitituzte eroslearekiko. Ingeteam enpresari konpromisoak eskatu dizkiote, bermeak izateko etorkizunik gabeko salerosketa bat suertatuz gero. Beste greba egun batera deitu dute datorren ostiralerako, eta joan den astean ere lan uzteak egin zituzten.

Pasa den astean saldu zuten PINE Instalaciones y Montajes. Enpresa batzordeak deituta, gaur egin dute bigarren greba eguna, joan den ostiralekoan egindakoaren ostean. Lehenik, elkarretaratzeak egin dituzte, PINEko instalazioen aurrean. Ondoren, Bilboko kaleetara eraman dute protesta.

Pineko salmentak 400 langile ingururen enpleguak eta lan-baldintzak arriskuan jartzen ditu. Horixe jakinarazi dute gaurkoan, eta horixe bera salatuko dute datorren ostiralean, beste greba egun bat iragarri baitute maiatzaren 19rako.

 

 

 

Bea Martxueta: “Sistema propio bat beharrezkoa eta bideragarria da”

Hitz & Hitz, Manu Robles Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek jardunaldi bat antolatu dute gaur pentsioen gaiaren inguruan hausnartzeko eta alternatibak proposatzeko. LABeko ordezkari Bea Martxueta izan da bertan, eta pentsioen sistema propio bat defendatu du, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baten baitan.

Martxuetak nabarmendu du politika neoliberalek arriskuan jartzen dutela pentsioen sistema; pobrezia eta prekarietatea areagotzen duten politikek, alegia. Lan erreformek, emakumearen diskriminazioak eta babes sistemaren eraisteak ondorio kaltegarriak ekartzen dituztela berretsi du.

Hala, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propio bat garatzeko beharraz aritu da: “Sistema propio bat beharrezkoa eta bideragarria da Euskal Herrian”. Sistema horrek izan beharko lituzkeen oinarriak zerrendatu ditu: besteak beste, Kalitatezko enplegua sortzeko benetako politika eraginkorrak sustatu; lan jardunaldia murrizteko eta banatzeko politikak bultzatu; lana eta bizitzaren arteko kontziliazioa bermatzeko benetako politikak egin; zerbitzu publikoak garatu; eta gastu publikoa handitu, pentsioak osatzeko.
 

 

 

“Hezkuntza sailak entzungor egin die gure aldarrikapenei”

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Lakuan, “Haurreskolak Partzuergoa, Heziketa Berezia, Irakasleak, Sukaldari eta Garbitzaileak benetako negoziazio bidean borrokan” leloarekin. Martxoaren 22an burututako grebaren jarraipen arrakastatsuak bultzatuta bertaratu ginen iragan maiatzaren 4ko irakasleen mahai sektorialera, baina Hezkuntza Sailak ez zituen gure aldarrikapenak kontutan hartui. Gaurko protestan, bilera hartako irakurketa plazaratzeaz gain, maiatzaren 16, 20 eta 23rako iragarritako greba eta mobilizazioekin bat egiteko deia luzatu dugu berriro, "iragarritako bidearekin jarraitzeko aukera besterik ez baitigu uzten gobernuak".

Hauxe da sindikatuok gaur egin dugun irakurketa:

Martxoaren 22an burututako grebaren jarraipen arrakastatsuak bultzatuta bertaratu ginen iragan maiatzaren 4ko irakasleen mahai sektorialera. Bertan, Hezkuntza Sailarekin gaur egungo egoeraren inguruan egiten dugun hausnarketa partekatzeko aukera eduki genuen; eta horrela, gure aldarrikapenak plazaratu genizkion, hauen inguruan behar bezalako negoziazio serio bat garatzeko asmoarekin.

Mahai gaineratu genizkion aldarrikapenak honakoak izan ziren:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).

-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.

-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Ikasle-ratioak %10 murriztea.

-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.

-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.

-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Zerrendatutako aldarrikapen guzti hauek ordea, irakasleetaz gain, grebara deitu ditugun gainerako kolektiboentzat ere aldarrikatu genizkion, Haurreskolak Partzuergoa, Heziketa Berezia eta Sukaldari eta Garbitzaileak, alegia.

Hezkuntza Sailak ordea entzungor egin zien gure aldarrikapenei. Hezkuntza inbertsioa edo kostu ekonomikoa suposatzen duen edozein aldarrikapen negoziatzeari uko egin zion eta, ondorioz, ez du sindikatuok mahai gainean jarritako gai nagusienak negoziaziatzeko asmorik agertu.

Aipatu kolektiboen behin behinekotasunaren aurkako behar bezalako neurririk ez mahaigaineratzeaz gain, egin zuen proposamenak (legealdi honetan 3.000 plaza oposizioetara ateratzeak), justu-justu gauzatuko diren erretiroak asetzera mugatuko da. Hortaz, behin behinekotasun tasak bere horretan jarraituko du.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak negoziatzeko borondate osoa dugula adierazi nahi dugu. Baina momentuz ez dugu gure aldarrikapenei erantzunez negoziatzeko aukera emango digun inolako proposamen zehatzik jaso Hezkuntza Sailaren eskutik. Are gehiago, administrazioak deitu ere ez ditu egin oraindik greban dauden sektore ezberdinetako negoziazio mahaiak.

Iragan maiatzaren 4ko irakasleen mahai sektorial etsigarriaren ondoren iragarritako bidearekin jarraitzeko aukera besterik ez digu uzten gobernuak. Bide horretan, dei egiten diegu langile, familia eta herritarrei bat egin dezaten maiatzaren 16, 20 eta 23rako deituta ditugun mobilizazioakin.
 

 

 

Manifestazio Nazionala Oreretan, Amnistiaren Aldeko Aste odoltsuenaren 40. urteurrenean

Bihar Oreretan Manifestazio Nazionala izango da Amnistiaren Aldeko Aste odoltsuenaren 40. urteurrenean hildakoak omentzeko. Mobilizazioa 17:30etan hasiko da Herriko Plazan "Agur eta ohore" lemapean eta LABek Euskal Herriko langile guztiei dei egiten die bertan parte hartzeko. Omenaldirik onena, bakea eta askatasunean irabaztea delako, denok Oreretara!

Aldi berean gogoratu maiatzaren 20an sakabanaketa salatzeko martxan antolatu direla.
 

 

 

Kalitatezko enplegu eta zerbitzu publikoa bermatzeko exijitu dugu, Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeetan ere

0

Sukalde zerbitzua publiko izatea albiste ona dela deritzogu, baina kudeaketa kaskarra dela ahaztu gabe. Hain zuzen ere, Nafarroako Ospitale Gunearen sukalde zerbitzua bere gain hartuko du osorik Nafarroako Gobernuak, janaria banatzeko zerbitzua emateko eskaintza hutsik geratu eta gero, enpresarik ez delako aurkeztu. LABek Lan Eskaintza Publiko bat egin dezala eskatu dio gobernuari, publikotasuna sendotzeko eta Osasunbidean dagoen behin-behinekotasun "eskandalagarria" murrizteko.

LABek ohar bat kaleratu du sukalde zerbitzuaren aferan duen iritzia emateko, eta Nafarroako Gobernuari eskakizun zehatzak helarazteko.
 

 

 

Biriatun elkartuko gara larunbatean, aste honetan hildako garraiolariaren heriotza salatzeko

LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuok elkarretaratze batera deitu dugu larunbaterako, 12:00etan, Biriatuko autobidearen zubian. Hain zuzen ere, Bordele inguruan asteartean zendutako garraiolariaren lan heriotza salatzeko egingo dugu protesta. Euskal gehiengo sindikalaren hitzetan, garraiolarien lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira eta sektorea ez dago batere arautua. Ondorioz, garraiolariek eurek pairatzen dituzten lan istripuek lotura zuzena dute euren eskubide faltarekin.
 

 

 

Etxeko langileen eskubideak aldarrikatu ditugu Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean

Eusko Jaurlaritzako Dekretuek etxeko langileak kanpoan uzten dituztela salatu dute gaur, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen. Hain zuzen ere, gaur eztabaidatu dute ea etxeko langileek ere jaso beharko lituzketen zaintzarako Jaurlaritzak gainontzeko langileei ematen dizkien prestazio ekonomikoak, seme-alabak edo beste senideak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murriztuetan dauden bitartean.
 

 

 

Lan mundua euskalduntzeko proba pilotu bat egingo dugu Urola-Kostako hainbat enpresatan

Argazkia: Kontseilua

Kontseiluak, LABek eta ELAk bultzatutako egitasmoa gaur aurkeztu dugu Zarautzen. Enpresaren funtzionamendua euskalduntzea, langileak euskaraz lan egiteko eskubidearen alde ahalduntzea eta euskararen gaia ekintza sindikalean txertatzea izango dira helburuan. “Honetarako guztirako, beharrezkoa izango zaigu langileen parte hartzea ahalik eta zabalena sustatzea. Langileok eragile aktiboak izan behar dugu prozesu honetan”, adierazi dugu sindikatuetako ordezkariok.

Lan munduaren euskalduntzea ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako. Herri honetako gehiengo sindikala garen heinean, badugu erantzukizunik lan munduaren euskalduntzean. Euskararen egoera minorizatua kapitalismoak bultzatutako homogeneizazio kulturalaren ondorio ere bada. Izan ere, balio ekonomikoa ez duen guztia suntsitu nahi da. Hortaz, hizkuntza eskubideen aldeko borroka eskubide sozialen aldeko borroka ere bada; klase borrokaren beste dimentsio bat da guretzat.

Proba pilotua egiteko Urola-Kosta aukeratu dugu eskualde euskalduna delako, LABek eta ELAk gehiengo zabala dutelako, baina, era berean, oso gutxi direlako euskara plana duten enpresak. Langileek enpresan euskaraz egitea natural ikusten dute, baina, aldi berean, lana bera erdaraz egiten dute; lan prozedurak, hizkuntza paisaia… Egitasmoaren berri joan den azaroa bukaeran eman genuen lehen aldiz, Euskararen Egunaren atarian. 

Honako enpresa hauek aukeratu ditugu proba pilotua gauzatzeko:

Biele S.A., GKN Zumaia S.A., Sammic S.L., OBE Hettich, Hettich Iberia S.L., KSB ITur S.A., Industrias Auxiliares S.A.U., Panificadora Artadi S.A., Indaux, Azpeitiko eta Azkoitiko zaharren egoitzak eta Astigarraga Kit Line (JJ Producciones).

Urola-Kosta eskualdea hartu dugu abiapuntu, baina asmoa litzateke, gauza ondo joanez gero, beste eskualde batzuetara ere zabaltzea.