2026-06-18
Blog Page 913

Txartel bakarraren aldeko manifestu bat aurkeztu dugu Bilbon

0

Bizkaiko Garraio-sistema Publikoa Bateratu eta Txartel Bakarraren aldeko Foroak aurkezpen agerraldi bat egin du Bilbon. Hain zuzen ere, Foroa LAB, ELA, CCOO, UGT ESK eta LSB/USO sindikatuok eta hainbat gizarte eragilek osatzen dugu; Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Eguzki, Ekologistak Martxan, Ernai, Gazte Komunistak, Ikasle Abertzaleak eta Ikasle Ekintzak, kasu. Gaurko prentsaurrekoan, Garraio publikorako txartel bakarraren aldeko manifestua aurkeztu dugu.

Hauxe da manifestua:

Garraio publikoa herritar guztien mugikortasuna bermatu behar duen motor nagusietako bat da, funtsezko elementua hiri eta udalerrien funtzionamendu egokirako.

Garraio publikoko sistema on batek eskualde guztien mugikortasun eraginkorragoa eta garapen ekonomiko hobea ekarri behar du. Ekitate soziala bermatu behar du, joan-etorriak askatasunez eta baldintza berdinetan egiteko eskubidea, erabiltzaileen inguruabarrak kontuan hartuz. Elkartasun-irizpideetan oinarritu behar du, izaera soziala lehenetsiz ordutegi, tarifa, ibilbide eta abarretan, errentagarritasun ekonomikoko parametrotan ezarri gabe.

Garraio publikoa pribatua baino lau bider merkeagoa da eta, gainera, mugikortasun iraunkorragoaren funtsezko zutabeetako bat da: auzo, herri eta hiri garbiagoak, seguruagoak, sozialagoak eta kutsadura gutxiagokoak ematen dizkigu, efizientzia energetikoa eta kutsadura-mailak gutxitzea dakarrenez gero.

Orain arte, erakundeek kezkatzeko moduko ikusmira eta etorkizun-ikuspegirik gabe aplikatzen dituzte mugikortasun-politikak, garraio pribatuaren nagusitasuna eta ondoriozko mendetasuna sustatuz, eta gaitasun handiko bide-azpiegiturak eraikitzea lehenetsiz, gizartean, ekonomian eta ingurumenean duten oihartzuna eta eragina aztertu gabe. Horrela, garraio publikoa eta ibilgailu pribatua berdintasunean garatzea eragozten da.

Azpiegitura erraldoi horien ordez (autobideak, erdiguneko aparkaleku handiak) garraio publikoa sustatzeko ekintzak egin beharko lirateke, hots, bizikleta-erreiak, garraio publikorako errei esklusiboak, disuasio- aparkalekuak, intermodalitaterako pizgarriak, eta abar.

Gainera, garraio-alorreko politika publikoek beste gabezia handi bat ere badute, plangintzarik ez dutela, alegia. Sarritan sumatzen dugu erabakiak unean-unean hartzen direla, edo hauteskunde-interesek eraginda, gizarte osoaren ongia kontuan izan gabe. Horregatik, jarduera guztiak eskualde ezberdinen gabeziak kontuan hartu eta denen mugikortasun-beharrak asetzeko azterlan eta planen eskutik etorri behar dira, herritarren eskatzen duten informazioa eta parte hartzea, eta ingurumena errespetatuz beti.

Horregatik guztiarengatik, guk jarraibide hauek planteatzen ditugu Bizkaiko garraio publikoaren etorkizun hurbila markatuko duten politika eta jardueren oinarri modura:

• IBILBIDE BERA, TARIFA BERA, BERDIN DA ZEIN GARRAIOBIDE ERABILTZEN DEN.
Metroko joan-etorriak soilik saritu eta merkatzen dituen eta gainerako operatzailetan egiten direnak garestitzen dituen oraingo ereduaren aldean. Ez dugu ulertzen zergatik ordaintzen diren tarifa ezberdinak bidaia bera egiteko zein garraiobide erabiltzen den arabera. Bidaia bera, zenbateko bera.

• ZENBAT ETA GARRAIO PUBLIKOA GEHIAGO ERABILI HAINBAT ETA MERKEAGOA TXARTELA
Epe-txartelen erabiltzaileek egiten dituzte bidaia gehien, eta garraio publikoaren bezerorik fidelenak dira. Partzuergoaren txartel berriek, ordea, beraiei garestitu diete gehien bidaia. Garraio publikoa erabiltzea sustatu behar badugu, zerbitzu hori gehien erabiltzen dutenak saritu beharko ditugu. Arian-arian, zenbat eta bidaia gehiago hainbat eta merkeagoa prezioa.

• TXARTELAREN PREZIOA PERTSONAREN ERRENTAREN ARABERA
Diru-sarrera gutxien duten pertsonek garraio publikoa eskura izateko urratsak egin behar dira, adinaren araberako tarifa-sistema gaindituz. Baliabiderik gabeko pertsonek, gazteek eta ikasleek, langabeek eta diru gutxi dutenek ezin dute errenta altuko edo ondare oparoko jendeak beste ordaindu. Bizitza-maila eta baldintzen erreferentziak ere mantendu beharko dira, tarifak neurri gabe ez garestitzeko. Zenbat eta txikiagoa errenta, hainbat eta merkeagoa txartela.

• ZERBITZU PUBLIKOA ETA KALITATEZKOA BERMATZEA
Herritarrek garraio zerbitzurik onena izatea nahi dugu, dauden lanpostuak bermatuz. Saihestu behar da “metro- sistema” erdigunean jartzen duen eredua sortzea, gainerako operatzaileak baztertuz. Kalitatezko zerbitzua erakunde, herritar eta langileentzat.

• ERAKUNDE BAKARRA GARRAIO PUBLIKOAREN OPERATZAILE GUZTIAK KOORDINATZEKO
Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza sortzeak operatzaileak elkarren osagarri izatea sustatu behar du, bikoizketak eragotzi eta lehiarik ez pizteko, zerbitzuaren kalitatea hobetuko bada. Eragile sozialen eta erabiltzaileen iritziak eta parte hartzeak ere izan behar dute tokia. Koordinazioa, bateratzea eta herritarren parte hartzea.

• BIZKAIA OSOAN ERABILGARRIA
Bizkaiko Garraio Partzuergoak proposatzen duen sistemak hiriburutik urrunen dauden eta, aldi berean, metro- sistema bateraturik eskura ez duten udalerriak zigortzen ditu. Guk, ordea, Bizkaia osorako sistema justuagoa proposatzen dugu. Bizkaiko eskualde guztien lurralde-kohesioa bermatuko duen sistema, muga-gune eta alboko herrialdeetan ere erabilgarria. Euskarri bakarra garraio publiko guztirako.

Manifestu honen xedea Bizkaiko Garraio Publikoaren zerbitzua hobetzea da, erakundeen, gizarte osoaren eta sektoreko langileen onerako.

Mugikortasuna hobetuko bada, garraio publikoa hobetu, sustatu eta erabiltzea saritu behar da, bestela jai dugu.
 

 

 

Mobilizatzera deitu ditugu langileak, Sanchez eta Cuixarten atxiloketen aurrean

0
Kataluniako parlamentuak independentziarako adierazpena onartu zuen pasa den astean, etenaldian geratu zena bide negoziatu eta adostuari aukera eman nahian, hau da, negoziaziorako ate bat zabalik utzita. Orduan esaten genuen Espainiako Estatuak ez zutela kontutan hartuko negoziaziorako eskaintza hau. Gure aurreikuspen ilunenak bete dira. Ukazioa eta errepresioa erabili du orain arte Estatuak, debekua eta mehatxua, eta bortizkeriaz erantzun dio prozesuari.

Koska bat estuago joan da orain, Jordi Sanchez ANCko burua eta Jordi Cuixart Omnium Cultural-ekoa baldintzarik gabe kartzeleratuta, delitu larriak egotzita. Oraingoan, Carmen Lamela epailearen eskutik etorri da erabakia, Altsasuko gazteak urtebete kartzelan edukitzeagatik ezaguna gurean.

Onartezina iruditzen zaizkigu atxiloketak, eta Sanchez eta Cuixart lehenbailehen askatzea eskatzen dugu. Gure babes osoa daukate, herriaren borondate demokratikoari bide ematea da euren delitu bakarra; aldebikotasuna ezinezkoa denean, bide demokratikoetatik aldebakartasuna lantzea, hain zuzen ere.

Orain arte bezala, Euskal Herritik gure babes osoa erakutsi nahi diogu Kataluniak abiatutako bide demokratikoari eta konpromisoa adierazi Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko. Eragileen arteko adostasunak lantzen jarraituko dugu horretarako.

Gaur, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta atxilotuak berehala askatzea eskatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi diegu langileei. Besteak beste, 19:00etan Gure Esku Dagok herri guztietako plazetan deituta dituen elkarretaratzeetan.

Mobilizazioa eta herritarren aktibazioa da Kataluniaren bidea hauspotzeko tresnarik eraginkorrenetakoa eta ezinbestekoa Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko.
 

 

 

Babes sozialerako sistema publiko propio bat aldarrikatu dugu, Pobreziaren Kontrako Egunean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, bertan gauden eragileon babesarekin, Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den poli-tika antisozialak salatu nahi ditu gaur, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Hain zuzen ere, politika hauek biztanleriaren gehiengoaren pobretzea dakarte, gutxiengo bat aberasten den bitartean, eta halaxe nabarmendu dugu gaur, Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako mobilizazioa Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik abiatu eta Gasteizko Legebiltzarrean amaitu da. Deitzaleon hitzetan, badira alternatibak murrizketek ekarrirako pobrezia igoera ekiditeko. Inposatu nahi zaigun bazterketa sozialaren eta bizitzaren prekarizazioaren aurrean gure apustua Babes Sozialerako Euskal Sistema publiko, duin eta kalitatezkoa da. Murrizten ez duen sistema bat. Kalitatezko prestazio eta zerbitzuak bermatzen dituen sistema bat, bizitza proiektu duin bat aurrera eramatea ahalbidetzen duena.
 

 

 

Lan baldintza duinak aldarrikatu ditugu autobus gidarientzat, aldundiaren aurrean

0

Denboratxo bat pasatu da uztailaren 7an, Iruran, TSSTko autobus bat tartean zegoen ezbehar larria gertatu zenetik. Garaian salatu genituen komunikabideetan azaldu ziren hainbat gezur bai eta langileon eskaerei entzungor egiten dion aldundiaren jarrera ere. Egun haietan zehar, gertaera ezberdinen artean, aldundiak hainbat konpromiso hartu zituela gogorarazi nahi dugu. Kurtso hasiera berrirako, hainbat neurri hartzeaz gain, hauek iada martxan izango zirela agindu baitziguten. Honen guztiaren aurrean, errepideko garraioko langileei ez zaigu kalera atera eta hau guztia ozen salatzea baizik geratzen, eta testuinguru honetan egin dugu gaurko elkarretaratzea, Donostiako Gipuzkoa plazan, aldundiko jauregiaren aurrean.

Gaur eta ozenki salatu nahi duguna, tamalez eta beste behin ere, Aldundiaren arduragabekeria da. Non geratu dira konpromiso haiek? Zer egin da ordutik hona?

Konpromisoen artean, konkretuki, geldialdi arriskutsuak kentzearen ondorioz, ibilbideak luzatu egingo zirela (poligonoetatik pasatuz), eta honenbestez, ibilbideen denbora tarteak handitu behar zirela aipatu zuten.

Onartezina da langile eta herritarrekin horrela jokatzen duten agintariak izatea.

Honez gain, aldundiak, konpromiso hauek hartu eta bete ez dituen berberak, Buruntzalderako emakida berriaren aurreproiektua aurkeztu zuen irailaren 8an. Gure iritziz onartezinak diren emakidak dira. Murrizketak hainbat zerbitzutan, ibilbideen denbora edo ratioak errealitatea kontutan hartu gabe eginak izatea, hainbat geldialdiren ezabatzea, langileon etorkizuna airean, balizko lanpostuen galera aurreikusten delarik, eta gure eta bidaiarien zerbitzuak eta segurtasuna arriskuan.

Guk, autobus gidariok, egiazki, herritarrei zerbitzu duin eta kalitatezkoa eman nahi diegu, baina hori langileok lan baldintza duinak izatetik igarotzen da. Eta horixe bera aldarrikatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.
 

 

 

Itxialdiak egingo ditugu “Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!” lelopean

0

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta haurreskoletan piztutako mobilizazioen dinamikak jarraipena izango du aste honetan, egunotan egingo ditugun itxialdiekin: gaur, Gasteizko Adurtza ikastolan; eta bihar, Hernaniko Atsegindegi plazan eta Santikurutze Kanpezuko Mendialdea ikastetxean.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin genuen irailean, ikasturte hasiera honetarako aurreikusitako mobilizazioen berri emateko. Urrian itxialdiak egingo genituela iragarri genuen, eta horietako batzuk aste honetan bertan izango dira: Gasteizen, Hernanin eta Santikurutze Kanpezun, hain zuzen ere.


 

 

 

Langileen batasuna eta antolaketa aldarrikatzen ditugu Kutxabanqueko kaleratzeen aurrean

0
23 langile kaleratuko dituzte Ipar Euskal Herrian irabaziak dituen enpresa batetik. 23 familia langabeziara joango dira arrazoi politikoengatik. Kaleratzeen arrazoia ez da ekonomikoa, enpresak irabaziak baititu, bezeroak ere bai, zerbitzu ona ematen du eta ez du inolako arazorik. Egoera honen aurrean edozein enpresak izango luke etorkizuna ziurtatuta, baina Kutxabanken administrazio kontseiluak, EAJrekin lotuta dagoenak, hiru bulego ixtea eta euretako langileak kaleratzea erabaki du.

Enpresak berak jakinarazi die albistea bezero guztiei gutun bidez. Hauek ere ez dute ezer ulertzen eta ugari dira egunotan bulegoetatik pasatzen ari diren bezeroak erabaki honen inguruko arrazoiez galdezka. Langileentzat ez da lehenengo albistea izan, are gehiago, urtebete baino gehiago zeramaten itxieraren ingurukoak entzuten, honek ekarri dien guztiarekin, nerbioak, antsietatea, ziurgabetasuna eta amorrua.

Orain, ez zaigu kaleratzeen erruduna zein izan den adieraztea baino geratzen. Eusko Alderdi Jeltzalea eta bete herri- estrategia edo apusturik eza. Ematen du Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Pako Arizmendirentzat folklorea baino ez dela Ipar Euskal Herria.

Amaitzeko, batasuna eta antolaketa aipatu beharrean gaude. Egia da ez dugula hain erraz amore emango. Ez gara heriotza gozoaren esperoan jokatzen duten muslariak. Gogorra izan da urtea, baina atsegingarria ere era berean.

Erakutsi dugu posible dela lanpostuei eustea. Borondate kontua baino ez da. Berriro sinetsi dugu langileen antolaketan eta emandako urrats guztiak eta emango dituztenak, asanbladak hartuak izango dira langile guztien eta LAB euren sindikatuaren artean.
 

 

 

Antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin diegu Ipar Euskal Herriko zerbitzu pribatuetako langileei

0

LABek agerraldi bat egin du, Ipar Euskal Herrian zerbitzu pribatuen arloan ditugun erronken berri emateko. Larrungo tren ttikiko langileen garaipena, Castoramako LABeko 4 kide biktima gisa deituak deklaratzera Baionako auzitegi korekzionalean, Kutxabanken erabakia (Frantzia eta Ipar Euskal herriko bulegoak hetsi eta 23 langileak kanporatu)… gai hauek aipatu ditugu. Era berean, bertako negoziazio eremu baten aldarrikapena ere aipatu dugu; kanpaina desberdinetan zabalduko dugun aldarrikapena, hain zuzen ere.

Ikasturte berriaren nondik norakoan joan den ostiralean azaldu genituen, Baionan egindako prentsaurreko batean, eta langileei antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin genien.
 

 

 

Kalera Kalerak Ibon Iparragirreren askatasuna exijituko du asteazkenean, epaitegien aurrean

Preso gaixo larrien askatasuna eskatuko du Hego Euskal Herriko eskualde buruko epaitegietan, elkarretaratzeen bitartez, Ibon etxera bizirik ekartzea guztion ardura delako. LABek bat egin du deialdiekin.

Hauxe da Kalera Kalera plataformaren oharra:

Espainiako espetxe politika kriminala Ibon Iparragirre preso politikoa hiltzen ari da. Ibonek hiesa dauka. Atxilotu eta Sevilla II espetxera urrundu zutenean bere karga birala zortzikoiztu egin zitzaion. 2011n, bere osasun egoera larriaren ondorioz, espetxe araudiko 100.2 artikulua ezarri zioten. Artikulu horren arabera espetxe arindua ezarri zioten eta horrek espetxealdia bere etxean betetzea ahalbidetu zion. 2014an, modu erabat bidegabea erabiliz, berriro espetxeratu zuten. Orduz geroztik, Ibonen egoera muturrekoaren ondorioz, behin baino gehiagotan piztu da alarma gorria; azkena, maiatzean urjentziaz Madrilen ospitaleratu zutenekoa.

Madrilgo ospitalean egindako azken analitikaren arabera, Ibonek 20 defentsa baino ez ditu (pertsona osasuntsu batek 723-1.124 artean dituenean). 2011n, espetxealdi arindua ezarri ziotenean, bere defentsen analitikak 51 adierazten zuen, hau da, Ibon edozein unetan hiltzeko arriskuan bizi zela. Beraz, agerikoa da Ibon tratu krudela pairatzen ari dela, krudela eta utzikeria handikoa. Egoera horren arduradunak espetxe, justizia eta osasun estamentu zehatzak dira; espetxe zaintzako epailea, Alcala-Meco espetxeko zuzendariorde medikua eta Alcala-Meco espetxeko zuzendaria.

Mediku forentseak jada azaldu dionez, Ibonek edozein infekzio harrapatuz gero, hilkutxan itzuliko da bere herrira. Edozein momentutan hil daitekeela, alegia.

Gaur egun, Ibon libre uzteko erabakia Castro epailearen eta Alcala Meco-ko espetxeko medikuaren esku dago. Biak ala biak, preso ondarrutarra lehenbailehen askatu ezean, iragarritako heriotza baten arduradunak izango dira.
Nahikoa da! Ezker abertzalearen KALERA KALERA dinamikak ozen salatzen du Iparragirreren aurkako tratu anker eta gizagabea; izan ere, bere bizitza arrisku larrian egonik, espetxean mantentzen duten bitartean heriotz-zigorrera kondenatzen ari dira.

Hori guztia salatzeko eta preso gaixo larrien askatasuna exijitzeko, datorren asteazkenean, urriaren 18an, arratsaldeko 19:00etan, kontzentrazioak burutuko ditugu Hego Euskal Herriko eskualde buruko epaitegietan. Ibon etxera bizirik ekartzea guztion ardura delako, mobiliza gaitezen denok.

-Bizkaian: Bilbon, Barakaldon, Getxon, Gernikan eta Durangon
-Gipuzkoan: Donostian, Tolosan, Azpeitian, Eibarrren, Irunen eta Bergaran
-Araban: Gasteizen
-Nafarroan: Iruñean, Tuteran, eta Tafallan

Herri honek bakea eta askatasuna nahi eta behar dituelako, euskal preso politikoak KALERA! Ibon Iparragirre KALERA!
 

 

 

Edesa eta Geyserreko langileek kaleratzeak eta enpresaren planik eza salatu dute

0

Gaur, urriaren 16an, Edesa Industrial eta Geyser Gastech eko zuzendaritzak bukatutzat eman du kontsulten aldia, eta beraz, 145 pertsonen kaleratzeari ekingo dio. Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko langileen komiteek agerraldi bat egin dute gaur, eta jakinarazi dute ez dituztela ontzat ematen kaleratzeak, ezta proiektuaren desagertzea ekarriko lukeen erabakiak. "Lanean jarraituko dugu kaleratze hauek balio gabe uzteko", adierazi dute.

Hauxe da Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko langileen komiteek argitaratutako oharra:

145 kaleratze hauen bitartez, zuzendaritzak esaten du ondorengo osagaiak behar dituen plan bat martxan jarri nahi duela:

• Oraindik beraien izenik ez dakigun bi inbertsore, oraindik ez dagoelarik aurreakordiorik.
• Ez dakigu zein den proposamen juridikoa. Sozietate bakarra, bi…? Ze konexio izango duten
beraien artean…
• Ez da fabrikazioaren aldeko apustua egiten, balio erantsi handiena ematen dioten produktuak
egiteari uzten baitzaio.
• Fagor markaren erabilpenerako bernegoziazio akordioa, oraindik ez daukatena.
• Oraindik lortu ez duten finantziazioa.

Azken finean, txeke zuri bat emanez kaleratzeak onartzeko eskatzen ziguten. Edesa eta Geyserreko proiektua arrisku larrian jarri dute.

CNAk hasieratik gezurrak eta konpromisoen ez betetzea ekarri digute. Gogoratu beharra dago adjudikazioa eman zenean, 700 lanpostu sortu behar zituela. 2016ko uztailean 19 kide kaleratu zituzten, negozioaren egonkortasuna ziurtatzeko. Ondoren, abenduan kaleratze gehiago etorri ziren.

Gaur egun sozietateak hartzekodunen aurrekonkurtsoan daude. Guk borondatezko irteerak sustatzea eta gainontzekoei suspentsiozko EEEa luzatzea eskatu dugu, etorriko omen den inbertsorearen proiektu definitiboa jakin arte.

Hiru aldeko akordio bat posible dela ikusten dugu (Fagor, Edesa eta alde soziala). Akordio horrek enpleguaren bermea izan beharko luke, prejubilazioak eta borondatezko irteerak sustatuz eta proiektu industrial bat zehaztuz. Baina ez da horretarako borondaterik.

Gainera, prozesua irregulartasunez beterikoa izan da. Sozietate hauek CNA taldearen parte direla ukatzen digute, eta ez digute aurkeztu taldearen dokumentazioa. Ziurtatuta daukagu Edesa Industrial Taldea beste talde handi baten parte dela, CNA taldearen parte hain zuzen. Eta horrela jakinarazio diogu Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzaren Zuzendaritzari. Gure aldetik, itxierako EEE hau inpugnatzeko aukera handiak ikusten ditugu.

Dokumentazio zati bat berandu banatu ziguten. Enpresako zuzendaritzak fede txarrez jokatu zuen, borondatezko irteerentzako proposamen bat luzatu zuenean kontsulta alditik kanpo. Duela 3 hilabete idatzitako bideragarritasun plan baten oinarritutako erabaki bat hartu dute, oraindik jakin gabe nor den plan hori mantendu behar duena.

Honetaz gain, Lan delegaritzak enpresako zuzendaritzari emandako laguntza “eskertu” beharrean gaude. Izan ere, dokumentazioa banatzean emandako irregulartasunen berri eman baitio enpresari, horrela, akatsa konpondu eta epaileak EEEa nulotzat ematea ekidinez.

Oraindik asko dago aurretik. Ez ditugu ontzat ematen kaleratze hauek eta ezta proiektuaren desagertzea ekarriko lukeen erabakirik. Lanean jarraituko dugu kaleratze hauek balio gabe uzteko. Enpresako zuzendaritzari, Fagor S. Coop-i eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu iniziatiba har dezaten, kaleratzeak ekiditeko eta etorkizuna izango duen proiektu baten alde lanean jar daitezen. Oraindik denboraz gaude.