2026-06-18
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako itxaron-zerrendak murriztea ezin da aitzakia izan negozio pribatuak eta eskandaluzko aparteko...

Osakidetzako itxaron-zerrendak murriztea ezin da aitzakia izan negozio pribatuak eta eskandaluzko aparteko orduak justifikatzeko

Osasun Batzordean izan da Darpon kontseilaria “Itxaron zerrendak murrizteko Plana” aurkezteko. LABetik salatu nahi dugu Plan honek jasotzen dituen neurriak eta suposatzen dutena. Darpon jaunak, hain sentibera den itxaron zerrenden gaia erabili du osasun pribatura diru gehiago desbideratzeko eta aparteko orduak gehitzeko. Hau da, Osasun Sailak bultzada berria eman nahi dio osasun publikoaren pribatizazioari.

Alde batetik, Darponek azaldu digu Osakidetza oso ondo dagoela Espainiako datuekin alderatzen badugu (zergatik ez konparatu Europako herrialdeekin?). Hala ere, dirutza gastatu behar dela itxaron zerrenda “on” horiek murrizteko, zelan eta osasun pribatua eta kategoria batzuen gain-soldatak bultzatuz.

Darpon jaunak kontatzen ez diguna da gaur egungo itxaron zerrenden atzean beste zergati batzuk ere badaudela: urte hauetan guztietan ezarritako murrizketak, kontratazio falta eta arlo batzuetan errotuta dauden praktika okerrak, inertziak eta antolakuntza arazoak.

Itxaron zerrendak arintzeko ahalegina nahitaezkoa da, baina ezin da aitzakiatzat hartu batzuen poltsikoak betetzeko. Beraz, guk proposatzen ditugun neurriak honakoak dira:

• Kirurgia eta bestelako probak ere arratsaldez egitea, baina ez aparteko orduekin, baizik eta lan txanda arruntetan eta soldataren barruan. Horretarako guardien sistema bertan behera utzi beharko genuke eta medikuentzat ere hiru txandako lana ezartzea, gainontzeko langileok bezala.

• Klinika eta ospitale pribatuei egiten diren deribazioetan gastaturiko dirutza Osakidetzaren azpiegitura eta pertsonal propioetan inbertitu. Adibide bat: Osakidetzak urtero IMQri 700.000 euro ordaintzen dizkio bertara desbideratzen PET probengatik (medikuntza Nuklearra). Osakidetzan bertan beste PET aparatua ipintzeko hasierako 2.500.000 euroko inbertsio beharko genuke gehi 120.000 urtean mantentzeko. Hau da, 4 urtean amortizaturik egongo litzateke inbertsioa, eta urteko gastua, soilik mantentzekoa izango litzateke, hau da 120.000 euro, oraingo 700.000 horien ordez. Zergatik xahutzen dugu orduan diru publikoa? Nork ateratzen du etekina?

• Zerbitzu batzuen antolakuntza aldatu eta okerreko praktiken kontrako kontrola areagotu: ordutegiak errespetatu, kirurgiaren programazioa, goizeko eta arratsaldeko ebakuntza-gelen erritmoa ezberdinak bateratzea eta protokoloak egokitzea…

• Lehen Arretako zerbitzu kartera, eskumenak eta inbertsioak handitu.

• Fakultatiboen kontratuen egonkortasuna sustatu, Osakidetzan bertan geldi daitezen.

Ezin dugu onartu erabiltzaileon aldetik dagoen itxaron zerrenden inguruko kezka negozio pribatuak eta aparteko ordu eskandalagarriak hauspotzeko.

Gainera, Darponek proposaturiko neurriak martxan egon dira aspalditik eta, hala ere, itxaron zerrendak bere horretan daude. Zergatik? Egoera mantentzeko interesik ba al dago? Darponek proposatzen duen bide horretatik ez dugu itxaron zerrendekin amaituko, eta ahuldu baino ez dugu egingo gure osasun publikoa.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.