2026-02-09
Blog Page 910

Ekainaren 20a Mundu mailako Errefuxiatuen egun bezala ezarri da

0



FSMren irakurketa

Ekainaren 20a Mundu mailako Errefuxiatuen egun bezala ezarri da


"
Inperialismoaren erasoen eta krisi kapitalistaren ondorioz Afrika eta Ekialde hurbileko milaka pertsona etorkin bilakatu ditu bizi hobe baten esperantzan.

Errefuxiatuen gaietako Nazio Batuen Erakundeko goi ordezkariak 2015ean errandakoaren arabera 300.000 errefuxiatu Mediterraneoan zehar Europa zeharkatzen saiatu ziren, eta 2500 pertsona itota hil ziren. Aurten lehenengo lau hilabeteetan bakarrik 1700 pertsona itota hil dira.

Etengabeko gerra inperialistak, pobrezia eta miseria atzean uzteko helburuarekin ihes egiten duten milaka eta milaka pertsona lan esku esklabo bihurtzen dira, eta kasu askotan Mediterraneoan hondoratzen diren itsasontzietan bizitza galtzen dute.

Haien herrialdeak kolpatu dituen hondamendi inperialisten ondorioz errefuxiatu bihurtzen diren milaka pertsona hauek ondoren Europar Batasunak inposatzen dituen politika sozio-ekonomikoak pairatu behar dituzte.

Europar Batasunak ardura handia dauka errefuxiatuen gai honetan, Estatu Batuak eta NATOrekin batera gerra interbentzioetan parte hartzen duelako edota babestu egiten dituelako, honen ondorioz Afrika iparraldea eta Ekialde Hurbila ezegonkortuz. Aldi berean ezin aipatu gabe utzi yihadistak finantzatzen Europar Batasunak izandako erantzukizuna. Gerraren hondamendia atzean uzteko haien herrialdea utzi behar izan dutenek gobernuek erakusten duten axolagabekeriari eta azpiegitura faltari aurre egin behar diote. Mekanismo errepresiboak, Frontexen eta NATOren patruilak, eta eraikitako harresiek oraindik eta ezbehar gehiago sortzen dute.

Europako klase sindikalgintzak errefuxiatu eta etorkienei bere babesa adierazteko eta hauek inbasore eta gaizkile bezala tratatzen dituen Europa kapitalista honen politika eta hipokresiaren kontra borrokatzeko betebeharra dauka. Errefuxiatu hauek behar duten azpiegitura lor dezaten eta gobernuak hauek eskubideak errespetatzeko borrokatu egin behar dugu.

Basakeria inperialistaren aurkako gure ekintzak areagotu behar ditugu, gerra inperialistak behin betiko bukatu daitezen eta NATO behin betirako desager dadin, herriaren sufrimenduaren arduradun den neurrian. Langileak zatitzen dituen arrazismo eta xenofobiaren kontra ere borrokatu behar dugu, honen bitartez kapitalak bere esplotazioa areagotu egiten duelako langilek klasearen interesen kaltetan.

Munduko Federazio Sindikalaren Europako bulegoak Ekainak 20ko data honi begira langileak gerra inperialisten biktimei elkartasuna adierazteko, herrien arteko elkartasuna indartzeko eta faxismoaren aurkako erresistentzia bat eraikitzeko deitzen ditu. "
 

 

 

Ekainak 20: Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna


Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur. Milioka pertsona euren herriak, bizilekuak, lana eta familiak uztera behartuta dago arrazoi ekonomiko, ekologiko, politiko edo gatazka belikoen ondorioz. Sistemaren diru-gosearen ondorio den guzti honen aurrean LABek 9. Biltzar Nagusian aho batez egoera honekin amaitzeko onartutako ebazpenan jasotako neurriak gogora ekarri nahi ditu. Inor ez delako ilegala, bortizkeriarik gabeko mundu baten alde lanean jarraitu behar dugu.

LABen 9. Biltzar Nagusian adostutako ebazpena
Munduan zapalduta eta esplotatuta gauden herrietako langile guztiok helburu bera dugu: sistema kapitalista, heteropatriarkala eta neokolonialarekin amaitzea, gure gorputz, herri, bizitza eta planeta kolpatzen dituelako


"
Krisi global bati aurre egiten ari gara, krisi sistemiko eta zibilizatzailea, aurrekaririk gabekoa gizateriarentzat. Sistema honen ezaugarri nagusien artean krisi ekologikoa daukagu, horren ondorioz, desertifikazioa, natur baliabideen agortzea, lur eta uren arpilatzea, eta komunitateen deserriratzea ematen dira.Inperialismoak herrien burujabetza merkataritza askeko tratatu berrietara oinperatzeko estrategiak topatzen ditugu. Horrez gain, gerrak eta gatazka anitzak bultzatzen ditu, eta ondorioz, oker izendatutako errefuxiatuen krisia sortu du, migranteen heriotz zenbaezinak sortuz Mediterraneoan eta munduko muga desberdinetan, eta aldi berean, emakumeen kontrako indarkeria eta emakume eta umeen trafikoa areagotuz. Honekin guztiarekin batera zaintza-lanen krisia ematen da, emakumeek egiten dituzten zaintza lanen mundu mailako kate globalak areagotuz, migrazioak bultzatuz eta gure herrietan sortzen diren lanpostu prekarioak —batzuetan semi-esklabuak— bultzatuz. Halaber, mobilizazio sozialak kriminalizatzen dira. Hauek guztiak sistemaren diru-gosearen ondorio dira, kapitalaren metaketa ikur bilakatu duen sistemaren ondorio.

Milioka pertsona daude behartuta euren herriak, bizilekuak, lana eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, ekologiko edo gatazka belikoen ondorioz. Kalkulatzen da azken garaiotan 65 milioi pertsona desplazatu egon dela. Bigarren Mundu Gerrak eragin zituen kopuruetatik gertu gaude. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak ezkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen horiek ezagutzea. Milaka heriotzaren atzean dauden lotsak, delituak eta negozioak, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke, eta hori ez da interesatzen. Informazioa manipulatuta heltzen zaigu, bloke ekonomikoen interesak oso handiak baitira. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da, armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza npresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzten), lobby ekonomiko eta finantzarioen esku utziz bizi ala hilko garen, eta nola egingo dugun erabakitzea.

Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat topatu nahian. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, pertsonak. Milaka ume Europan zehar galdurik daude, trata eta esplotazioaren mehatxupean. Europak oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek interes ekonomiko, finantzario eta beliko jakinei erantzuten diete, gurekin zerikusirik ez duten eta lotsarazten gaituzten interesei. Bestelako neurriak beharrezkoak ditugu, hala nola:

Produkzio eta kontsumo sistemaren eraldaketa. Produkzio eta kontsumo sistema gisa, Kapitalismoaren gehiegikeriak kalteak eragiten ditu ingurumenean, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak azkartzen ditu. Honek zigor erantsi bat ekartzen du: etorkizunean, gero eta pertsona gehiagok migratu beharko dute bizirauteko, euren jatorriko eremuetatik kanpo.

Emakumeen eta adingabeen trataren kontrako neurriak indarrean sartzea. Pertsonen trata, bereziki emakume eta adingabeek pairatzen dutena, saretua dago eta interes ekonomiko hutsak bultzatuta areagotzen ari da. Egoera horren kontra borroka zuzena egin behar dugu, etekin ekonomikoak ateratzeko trata bultzatu, babestu eta sustatu egiten duten taldeen kontra salaketa publikoa egin behar da, eta neurri eraginkorrak bermatu. Lan hau aurrera eramateko gizonezkoen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da.

Migrazio politikei buelta ematea, gerren eta multinazional eta estatu inperialisten baliabideen kontrolaren isla direlako. Pertsona guztiek eskubidea dute euren lanaren emaitzarekin duintasunez bizitzeko beren herrialdean; eskubide hori inork ez lieke ukatu beharko, gaur egun gertatzen den bezala.

Arrazakeria eta xenofobiarekin amaitzea eta migranteak eta errefuxiatuak kriminalizatzen dituzten politikak desegitea. Pertsona migranteak ez dira mehatxu bat. Gure benetako etsaiak austeritate politikak dira, segurtasunaren eta beldurraren izenean bultzatzen dituzten politikak, interes inperialisten neurrira egindako politikak. Ez gaitezen tranpan erori. Herrien eta pertsonen arteko elkartasuna bultza dezagun.

Lan arloan neurri eta politika publiko eraginkorrak bultza ditzaten eskatzen diegu Nafarroako eta EAEko instituzioei.
Esklabotza eta pobreziara eramaten gaitu bizitza eta lana prekarizatzen duen prozesuak. Erabateko erasoa pairatzen ari gara langileen bizi eta lan baldintzei dagokienez, eta, horretan, langile migranteak dira kaltetuenak: kontratu prekarioenak dituzte (kontraturik badute), soldata baxuenak ere, eta eskubide sozial eta sindikalak ukatu egiten zaizkie. Ulertu behar dugu gure borroka guztiak borroka bakar bat direla.

Politika publiko eraginkorrak emakume migranteek pairatu ohi duten diskriminazio eta kalteberetasunarekin amaitzeko. Emakume migranteak dira kaltetuenak. Laneko prekarietatearen biktima nagusiak dira. Emakume migrante asko eta asko diskriminazio eta kalteberetasun egoeran daude. Askok etxeko lanetan eta zaintza lanetan lan egiten dute, eta arazoak dituzte lan baldintza, lan jardunaldi, soldata edo kontratuarekin.

Harrerarako sistema propioa. Harrerarako baldintza propioak izateko, euren gain erabateko eskumena hartzeko eskatzen diegu euskal administrazioei, gure errealitate produktibo eta sozialaren araberakoa, nazioarte mailako elkartasun eta kooperazio gisa.

Langile guztiak eskubide berdinak eduki behar ditugu edonon. Jendarte berri bat denon arten eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitza eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi garenok, edonondik etorrita, paperekin edo paperik gabe, aukerak behar ditugu bizitzako esparru guztietan duintasunez aritzeko.

Inor ez da ilegala!

Bortizkeriarik gabeko mundu baten alde, bortizkeria matxistaren kontrako borroka erdigunean jarrin behar dugu

Eskubide guztiak munduko bizilagun guztiontzat!

Gasteiz, 2017ko maiatzak 25-26"

 

 

Telelaguntza zerbitzuko langileek Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta

Euskal Autonomia Erkidegoko telelaguntza zerbitzuko langileek lan uzteekin jarraitzen dute, kalitatezko zerbitzu baten eta lan baldintza duinen alde. Gaurko lan uztearekin batera, elkarretaratze bat egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Datozen egunetan protesta gehiago egingo dituztela iragarri dute.

Hain zuzen ere, lan uzte partzialak ondorengo egun eta orduetan egingo dituzte, orain arte egindakoez gain: 

-Ekainaren 24an, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

-Ekainaren 30ean, 10:00etatik 20:00etara.

-Uztailaren 1ean, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
 

 

 

Gipuzkoako ehunaren merkataritzako hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia osatu da

0
Gaur, ekainak 19, Gipuzkoako Ehunaren Merkataritzako Hitzarmenaren negoziazio mahaia osatu dugu ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuok eta Garen eta Dendartean patronalak. Mahai osatzeko hamaika bileraren ostean, azkenean nahi izan dutenekin osatzea erabaki dugu, negoziaketari behingoz ekiteko. Izan ere, prekarizazio prozesuari mugak jarri, eta langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko negoziazio kolketiboa tresna garrantzitsua da, eta beraz, Merkataritza Federazioari arduraz jokatu eta negoziazio mahaira batzeko deialdia egiten diogu. Zentzu berean, Ehuneko merkaritzarekin egin bezala gainontzeko merkataritzako hitzarmenak abian jar ditzala eskatzen diogu ELA sindikatuari.

LAB sindikatutik argi dugu gure apustua eta ehunaren mahaian bezala, Gipuzkoako gainontzeko merkataritzako hitzarmenen negoziaketan mahai gainena jarriko dugu (berriz ere) gure proposamena; Gipuzkoako Merkataritzako Hitzarmen Berria osatzea. Hau da, Gipuzkoan egun ditugun sektoreko hitzarmen guztiak berdindu eta batuko zituen hitzarmena.

Hitzarmen honen erreferentzia baldintzarik onena jasotzen duen merkataritzako hitzarmena izango da puntu bakoitzean. Adibidez, egungo metaleko merkataritzako hitzarmena izango litzateke, lanaldi eta soldatari dagokionean, baldintza hobeagoak dituelako, eta beste puntuetan, gainontzeko merkataritzako hitzarmen guztien artean aurkitzen diren baldintzarik onenak jasotzea da gure asmoa. Hau, bi urratsetan egitea proposatzen dugu. Lehenengo, lau hitzarmen hauek berdindu eta gerora, bigarren fase batean batzea.

Jakin badakigu helburua berdina izanik ere, egungo larrua eta zapata, altzari eta ehuneko merkataritza hitzarmenetatik abiatzen garela, hau da, abiapuntu ezberdinak. Beraz, egin beharreko bidea ezinbestean, ezberdina izango da.

LAB sindikatuko kideok ordea argi dugu zein den gure helburua, prekarizazio prozesuari mugak jarri,eta langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzea. Gipuzkoako Merkataritzako Hitzarmen Berriak sektoreko langileon arteko ezberdinatasunekin amaitu eta indarrak batzeko aukerak eskaintzen dizkigu bide horretan, balia ditzagun!
 

 

 

Protesta egin dugu Osakidetzan, kontziliaziorako eskubidearen alde

0

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeako ESIko zuzendaritzak, langile bati hiru urteko semea zaintzeko eszedentzia zatitzea ezeztatu dio. Tamalez, hau ez da kasu isolatua, egunero gertatzen da Osakidetza osoan, ESI guztietan. Osakidetzan ez dira berdintasunerako neurriak errespetatzen. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak egoera hau salatu du gaur, Gurutzetako Ospitaleko sarreran kontzentrazioa eginez.

Gizon eta emakumeen egiazko berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoan jasotzen denez, botere publikoek benetako berdintasuna lortzeko baliabideak eta legeak sortu behar dituzte. Irizpide orokorretan lan jardunaldia murriztua eskuratzea aipatzen da, eta baita ere semea edo alaba zaintzearen ondoriozko eszedentzia edo ahaideak zaintzearen ondoriozkoa zatika izateko aukera aitortzen da. Osakidetzak ez dio lege horri jaramonik egiten, langileria horrela kudeatzea errazago egiten zaiolako.

Lege horrek dio pertsona guztiek izango dituztela tratu-berdintasunaren printzipioak eta sexuan oinarritutako bereizkeriaren debekuak ondorioztatutako eskubideak, baina errealitatean ez da gauza bera Osakidetzan laborala edo estatutarioa bazara. Lan zentro berean, pertsona batek eskubidea du eta beste batek ez. Gure ustez, diskriminazio hori ez da onargarria. Eta ez da hori bakarrik, eszedentzia ez zatitzeak berdintasuna suntsitzen du, bikotekide batek hartzen badu ezin dio besteari zati bat pasa eta gero berriz berak hartu, ondorioz, egoerak bat etxean geratzera behartzen du eta bestea lan egitera. Estatistikoki, emakumea etxean geratuko da eta bikotekidea joango da lanera.

Salatzen dugu Osakidetzak ez dituela bermatzen, gure ustez, lana eta familia kontziliatzeko gutxieneko neurriak, hau da, hiru urte baino gutxiago daukan seme-alaba zaintzeko eszedentzia zatigarria eta hamabi urte baino gutxiagoko seme-alaba zaintzeko jardunaldia murrizteko eskubidea.

Gutxieneko neurri horiek, Espainiako estatuan 2007an onartu zen legean ezarrita daude eta Osakidetzak, gaur egun, edo ez ditu ondo ezarri edo oztopoak jartzen dizkie langileei. Beraz, Osakidetzako langileei dei egiten diegu kalera ateratzeko eta eskubideak babesteko borrokatzeko.
 

 

 

Errauste planta ez dela beharrezkoa berretsi du Garbiñe Aranburuk

0

Errauskailuaren aurkako mugimenduak “Erraustegiaren gezur handiaren aurkako gose greba” abiatu zuen ekainaren 14an. Ekimena ekainaren 21a arte luzatuko da Donostiako Easo plazan, eta egun bakoitzean ekimen desberdinak egingo dituzte. Gaur, LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburuk bisita egin die gose grebalariei, eta sindikatuaren babesa adierazi die.

Garbiñe Aranburuk azaldu ditu proiektuaren aurka egoteko arrazoiak, Easo plazan bertan egindako adierazpenetan: "Errauste planta ez da beharrezkoa eta, gainera, hondakinen gaiari beste irtenbide bat eman ahal zaio, bestelako politika batzuk sustatu; lehenik eta behin, hondakin gutxiago sortzeko eta, ondoren, sortzen diren hondakin horiek birziklatzeko". 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eztabaida soziala ezkutatzeko borondatea duela salatu du, proiektuaren kontra herritarren sektore zabal bat dagoenean: "Jarraituko dugu borrokatzen eta proiektuaren aurkako dinamikak laguntzen eta bultzatzen. Hainbat urtetarako hipotekatuko gaitu proiektuak, inbertituko duten dirutza herritarren kalterako izango baita; politika soziala edo ingurumenari dagokionez, esaterako". Azken finean, proiektuak elite ekonomikoei, eraikuntza enpresei eta finantza erakundeei mesede egingo diela berretsi du Aranburuk.
 

 

 

Pesalur-eko langileek protesta egin dute autobus gidariek pairatutako irain, mehatxu eta erasoak salatzeko

0

Bizkaibus-eko enpresetariko bat da Pesalur. Bada, bertako enpresa batzordeak elkarretaratze batera deitu du gaur goizean, Bizkaiko aldundiaren aurrean, lankide bateri bezero batek arma zuri batekin egindako mehatxua salatzeko. 

Hauxe da Pesalur-eko enpresa batzordeak kaleratu duen oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:

PESALUReko (Bizkaibus-eko enpresetariko bat) langileek, enpresa batzordearen eta prebentzio delegatuen bidez, gizarteari gure kezka eta gaitzespena transmititu nahi diogu, gure lankide bateri bezero batek arma txuri batekin egindako mehatxuari.

Erasoak, irainak eta mehatxuak era ziklikoan errepikatzen dira, baina ekainaren 12an 3923 linean gertatutakoak gizarteari salaketa zabaltzera eraman gaitu enpresa batzordea.

Enpresa-Batzordetik egoera hau salatu nahi dugu, eta dei egiten dugu, arazo larri honi, konponbideak bilatzeko, bai enpresako arduradunei baita erakunde publikoen arduradunei, egoera larri honi konponbidea lortzeko.

Uste dugu arazo hau estrukturala dela eta ez lantzean behin gertatzen dena, hori dela eta ezarritako protokolo eta ezarritako neurriekin jarraitu behar dugu, honelako gertaerak berriro gerta ez daitezen.

Langile guztiei profesionaltasuna eta lasaitasuna eskatzen dizuegu, eta ideiak eta aportazioak egitea ere, hauetatik irtengo dira neurri eta soluzioak, irain, mehatxu eta eraso hauek ekiditeko era.

Gizarteari, kolaborazioa eskatzen diogu eta errespetua erakusten jarrai dezatela gure lankideei, BizkaiBus erabiltzen duten %99ak egiten duen bezala. Ezin dugu baimendu gutxiengo batzuen jokaerak, gehiengo baten jokaera zuzena lausotzea.

Enpresa batzordetik lanean jardungo dugu honelako gertaerak berriro gerta ez dadin:

-Alde batetik, orain arte jasotako erasoak analizatu, honela neurriak hartzeko, neurri prebentiboak, giza baliabideak eta ekonomikoak, eta konponbide posibleak.

-Beste aldetik gizarteari salaketa publikoa egitea

-Eta azkenik, ahal dugun esparruetan gizalegetasuna zabalduz, badakigulako arazo hau estrukturala dela eta horregatik arazoaren muinera jo behar da, gizarte osoa sentsibilizatu eta heztetik

Irain, mehatxu eta erasoak ez dira konponbidea, errespetuko eta lankidetzako bide irmoa ezar dezagun guztien artean.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien afera konpontzeko”

Ireki dinamikak langile mugimenduak historikoki garatu duen martxa formatoan eskatu du gaur euskal preso eta iheslarien etxeratzea. Hain zuzen ere, Arangiz eta Otazutik bi zutabe irten dira goizean, eta Gasteizko hirigunean elkartu dira eguerdian, Posta plazan, bertatik abiatutako manifestazioarekin bat egiteko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu mobilizazioetan izan da, lan mundutik sustatutako dinamikari babesa emateko. Preso eta iheslarien askatasuna aldarrikatu du, gatazkaren benetako konponbidea lortzeko bidean.


Garbiñe Aranbururen hitzetan, "armagabetzeak ekarritako inflexio puntua eta gero, lehen aitzakiarik ez bazegoen, orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien aferari konponbidea emateko". Aranburuk adierazi du LABentzat lehentasun bat dela sakabanaketa politikarekin amaitzea eta preso gaixoak etxera ekartzea. Horregatik, esan du Ireki gisako dinamikak oso interesgarriak direla, "lan mundura aldarrikapen hau eramateko modua ere badelako".


Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak gogor kritikatu ditu LABeko idazkari nagusiak, "presoen gaiari konponbidea ematea ezin delako bestelako baldintzekin lotu. Ezin da baldintzarik ipini, justizia sozial kontu bat delako". Honelako adierazpenek Estatu espainolaren jarrerari zilegitasuna ematen diotela salatu du: "Presio etengabe bat dago alde baten gainean autokritika egiteko, eta esan behar dugu alde guztietan egon dela sufrimendua. Alde guztiek dute erantzukizuna. EAJri esan nahi diogu ea inoiz egin ote duen autokritikarik eurek bultzatutako sakabanaketaren inguruan. Ez dugu inoiz entzun".


Irekik, bestalde, hilabeteotan bildutako sinadura kopuruaren berri eman du gaurko manifestazioan. Hain justu, 78.956 lagunek sinatu dute preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde. Ireki dinamikako ordezkariek iragarri dute "altxor hau" Foro Sozialaren esku utziko dutela orain, preso, iheslari eta deportatuen itzulera ahalbidetuko duen bideorriaren egitasmoari ekarpena egiteko.
 

 

 

Garbiñe Aranburuk aliantzen beharra nabarmendu du ELAren Biltzar Nagusian

0

LABeko idazkari nagusiak hitza hartu du ELAren Biltzar Nagusian. Ardatz soziala oinarri izango duen aldebakarreko burujabetza prozesua abiatzeko, ezkerreko eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko aliantzatan sakontzea dela gure apustua berretsi du; "eta nola ez, LABentzat garrantzia berezia du ELArekin aliantzak", adierazi du. "Bi proiektu sindikal gara, estrategia sindikal desberdinak ditugu. Langileek eta Euskal Herriak behar dutelako, ez da bakoitza bere estrategian gotortzeko momentua. Ausardiaz jokatzeko momentua da eta LAB prest dago horretarako, gure indar guztia jarriko dugu horretan, berriki Kongresuan erabaki dugun moduan", azaldu du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Euskal Herrian badago gehiengoa den beste errealitate sindikal eta sozial bat. Eraldaketa sozialaren aldeko gehiengoa, eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde borroka egiteko prest, mobilizazio soziala suspertzeko prest dagoen gehiengoa". Hala, borrokarako deia egin du, "prekarietatea neurri gabe hedatzen ari den patronalari aurre egiteko, instituzioak gehiengoaren mesedetan izango diren politika publikoak egitera behartzeko eta langileoi dagozkigun gaietan erabaki ahalmen osoa emango digun aldaketa politikoak burutzeko".

LABeko idazkari nagusiak garbi utzi du ez dagoela eraldaketa sozialik erabakitzeko eskubiderik gabe, burujabetza prozesurik gabe. Eta ez dago burujabetza prozesurik, eraldaketa sozial prozesurik gabe. "Estatuaren itxikeriak argi utzi du ez dagoela adosturiko burujabetza prozesurik egiterik, ez dagoela aldebikotasunik. Estatuak nazioak ukatu eta erabakitzeko eskubidea ukatzeko erabaki argia du. Herri honetan, burujabetza prozesurik izango bada, aldebakarreko prozesua izan beharko dela eta herriaren gehiengoa oinarritu beharko dela", zehaztu du.

EAJ, prekarietatearen alde
Ildo honetan, EAJren jarrera salatu du: "EAJk aldebikotasunaren apología egiten jarraitzen du eta erabat korruptoa den gobernu bati estabilitatea oparitu dio aurrekontuei bide emanez. Eta hau ez da ausardia politiko falta, argi izan behar dugu, honen atzean dagoena da klase proiektu baten defentsa. EAJk patronala eta PPrekin proiektu ekonomiko eta sozial neoliberalaren alde egiten jarraitzen du, langileontzat prekarietatea eta pobrezia dakarren eredu ekonomikoaren alde. Errazagoa da eredu hori marko estatalean".