2024-04-26
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaEskubide zibil eta politiko guztiak defendatzeko konpromisoa hartu dugu Bilbon

Eskubide zibil eta politiko guztiak defendatzeko konpromisoa hartu dugu Bilbon

Milaka pertsona bildu dira gaur Bilbon, Kataluniari elkartasuna adierazteko eta atxilotuen askatasuna eskatzeko. Hainbat eragilek deitu dugu manifestazioa, Katalunian bizi den egoera larriak eskatuta. LABeko idazkari nagusia Bilbon izan da. Bere hitzetan, "Katalunian gertatzen ari dena guri ere eragingo digu". Sindikatuko ordezkariak EAJ kritikatu du, gaurko protesta ez babesteagatik: "PP, PSOE, Ciudadanos bloke antidemokratiko horren aurrean, guztioi zegokigun gaur mobilizatzea. EAJ hemen ez egoteak zer pentsatu ematen digu".

Hauxe da gaurko manifestazioaren bukaeran irakurritako manifestua, Zuriñe Hidalgo abeslaria eta Ramon Zallo katedradunaren eskutik:

Kataluniako gertakari larriek Estatu guztiari eragiten diotenez, eta, beraz, baita Euskal Herriari ere, gaur deialdi honekin bat egin dugun indar politiko, sozial eta sindikalok jakinarazi nahi dugu honako konpromisoak hartu ditugula:

1) Estatua herri katalanaren eta bere erakunde demokratikoen aurka agertzen ari den jarrera autoritario eta errepresiboari erantzunez, gure elkartasuna adierazten diegu Kataluniako herritarrei; hitz ematen dugu PP-PSOE-Ciudadanos ententearen joera autoritario eta antidemokratikoari aurre egingo diogula; 155. artikuluaren aplikazioa mugarri historiko bat izan da. Geure gain hartzen dugu herritarren erantzun bakezko eta demokratikoa bultzatzeko ardura, Katalunian Estatuak egiten dituen urrats errepresiboen aurka.

Aipatutako hiru alderdi politikoek, PP, PSOE eta Ciudadanosek alegia, Estatu-fronte zeharo autoritarioa osatu dute, eta demokrazia arrasto oro suntsitzeko prest daude, hasteko Katalunian eta gero beste edozein lurraldetan, edozein herriren aurka, baldin eta ez bazaie men egiten eurek ezartzen dituzten printzipioei: monarkia, inboluzioa eta Estatuaren batasun banaezina. Horregatik ari dira PPko buru batzuk mehatxua botatzen, 155. artikulua beste nonbait ere aplikatzeko prest daudela esanez.

155. artikulua aplikatuta Kataluniako gobernua kargutik kendu dute, era ez legitimoan, eta haren eginkizunak Espainiako Gobernuak usurpatu ditu. Gainera, Rajoyk parlamentua desegin du, hau da, herritar katalanen subirania demokratikoaren gordailua. Bestalde, arrazoi politiko hutsak medio espetxeratu egin dituzte Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez aktibista sozialak eta Kataluniako Governeko zortzi kontseilari. Giltzapean sartzeko mehatxua bota dute, era berean, herri katalanak demokratikoki hautatu dituen arduradun politikoren aurka, eta horien artean daude Governeko beste kideak eta Parlamenteko Mahaiko ordezkariak; hauen artean, Generalitateko eta parlamentuko presidenteak. Erabakiok gauzatzen dituzten fiskaltzak eta epaileek botere politikoaren luzapen soil gisa jokatzen dute, aldarri batek eraginda: “A por ellos”.

Noski, eskalada errepresibo hau ez da Kataluniara mugatzen; aitzitik, askatasun demokratikoak Estatu guztian zehar murriztuko ditu, eta Euskal Herriari ere eraso egingo diote. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek erabaki dute Estatuan politikak aintzat hartu beharreko mugak gero eta estuagoak izango direla. Honek eragin zuzena du estatus politikoa berritzeko eztabaidan. Autogobernua hobetzeko aukera Estatuak markatzen duena da.

Horregatik, estatu antidemokratiko baten erabakiak ikusirik, ezin da onartu Euskal Herrian PP, PSOE eta Ciudadanosekin normaltasun instituzionala edota lehen mailako akordio politikoak mantentzerik. 155. artikuluko salbuespenezko neurriak demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoa dira bete-betean, eta hori ezin da geratu euskal politikaren eremuan tamainako erantzunik gabe.

2) Bigarrenik, aske utzi behar dituzte Kataluniako jendartearen ordezkari diren Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, ANCko eta Omnium Culturaleko buruak. Prozesu sozialek, baita aldarrikapen nazionala aurrera daramatenek ere, egituratze soziala behar dute, eta demokrazia batean onartu ezinekoa da egitura horietako militante direnak kriminalizatzea.

Era berean, aske utzi behar dituzte aste honetan espetxeratu dituzten Governeko zortzi ordezkariak. Gure elkartasuna eta babesa dute. Eta espetxeratzeko arriskuan dauden Governeko beste kideak eta Parlamenteko Mahaiko ordezkariek ere bai. Espetxean sartu dituzte eta espetxean sartu nahi dituzte herritarren agindu demokratikoa gauzatzeko ekintza politikoa garatzen ari direlako. Hain zuzen, Kataluniako prozesu demokratikoari emandako babesa berretsi nahi dugu; hango instituzioen gehiengoek hartutako erabakiei errespetua zor zaie. Kataluniak bere bideari jarraitu behar dio.

3) Hitz ematen dugu gabeziaz jositako demokrazia honi aurre egingo diogula, eta eskubide zibil eta politiko guztiak defendituko ditugula. Zehatzago, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu Kataluniarentzat eta Euskal Herriko lurraldeentzat. Arazoaren gakoa horixe da hain zuzen: Estatuak erreibindikazio horri ez dio bide demokratikorik eman nahi. Ez dute onartzen: Ez espainiar Estatuak, ezta PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ere. Gu subjektu politiko legitimatu bat gara, eta muga bakarra euskal herritarren ariketa demokratikoa izan behar da. Demokrazia erabakitzeko eskubidea da, Katalunian nahiz Euskal Herrian.

Visca Catalunya!
Gora Demokrazia!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.