Epai finko hau LAB sindikatuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan Correosen aurkeztutako 94 demandetatik irabazi duen lehena da. Demanda hauek sartu zituztenek ez zuten aipatu kalteordaina jaso kontratua amaitu zutenean. Hauek, interiniteateagatik edo ekoizpenaren baldintzengatik aldi baterako kontratatuak ziren. Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren doktrina ezartzeak eskatzen du langile finko zein aldi baterako edo bitartekoen kaleratzeagatiko kalteordainak berdintzea. Prekarietatea eta aldi baterakotasuna oso errotutako gaitzak dira egungo lab merkatuan, eta batez ere Correosen hilabetero egiten den kontratazioan. Aldi baterako 850 langile inguruk egiten dute hilero lan Correosen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.
20 egunetako kalteordaina onartu diote Correoseko bitarteko langile bati
Igor Arroyo: “Ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan hemen eta hitzarmenen negoziazioa debekatu Madrilen”
LABek eta ELAk agerraldi bat egin dugu astelehenean CCOOek, UGTk eta CEOE patronalak Ostalaritza Sektorearen Esparru Akordioa inpugnatzeko hartutako erabakiaren inguruan. Akordio hori LABek eta ELAk sinatu genuen Ostalaritzaren Federazioarekin eta Confebaskekin, bi helbururekin: lehentasuna emateko euskal hitzarmenei estatu hitzarmenen aurretik, nabarmen hobeak direlako; eta EAEko Kolektibitateetako langileei euskal hitzarmen probintzialak aplikatzeko, eta ez Sukaldaritzaren Estatu Hitzarmena, soldatetan %50eko murrizketa ekarriko bailuke horrek (urtean 8.200 euro gutxiago eta 50 lanordu gehiago). Bada, CCOOek, UGTk eta patronalak euskal akordioa inpugnatu dute Madrilen, indargabetzeko asmoz.
LABen izenean, sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok hartu du hitza agerraldian, eta nabarmendu du Ostalaritza Sektorearen Esparru Akordioa ordezkaritza sindikalaren %77,48ko babesarekin adostu zutela. Bere hitzetan, bi helburu dituzte inpugnazioa bultzatu dutenek: Espainiako lan baldintzak bertan aplikatzea, hau da, lan baldintzak kaxkartzea, prekarizazioaren aldeko apustu garbia eginez; eta bertako langileei eta hauen ordezkariak diren sindikatuei bertan negoziatzeko aukera kentzea, hau da, Euskal Herriko langileak gure lan baldintzak erabakitzeko ahalmena bertan behara uztea.
Arroyoren arabera, “CCOO eta UGTren jarrera lotsagarria da. EAE mailako akordio interprofesionala sinatu zuten bertako lan hitzarmenak estatu mailakoekiko lehentasuna izateko, baina beraiek dira horren kontrako neurriak hartzen dituztenak Madrilen, Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzea baino ez duen helburua lortzeko. Hau hipokresia hutsa da, ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan Euskal Herrian eta hitzarmenen negoziazioa debekatzea Madrilen”.
Espainiako patronalari dagokionez, LABeko ordezkariak argi du Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertu nahi dituela. Ildo honetan, Confesbaskentzat ere izan ditu hitzak: “Confebask Madriletik inpugnatu nahi duten akordio honen sinatzailea ere bada, eta, beraz, bertako ostalaritzako hitzarmenak babestearen aldeko jarrera eduki zuen sinatzerakoan. Ondorioz, Madriletik patronalak akordioa inpugnatzeko erabakia publikoki salatzeko exigitzen diegu. Berdina eskatzen diogu ostalaritza elkarteari”.
Bestalde, Arroyok adierazi du Jaurlaritzak ez duela ezer esan langileen lan baldintzak okertzea ekarri dezakeen erabakiaz. “Seguru hainbeste babestu duen Confebasken adierazpenen zain dagoela, zer jarrera hartu behar duen erabakitzeko. Confebaskek ezartzen du EAJ-PNVren ildo politikoa lan harremanei dagokionez. Espainako lan erreforma errefusatu, bai, baino gero erreforma aplikatzen dutenei babesa ematen die EAJk. Soldaten igoeraz hitz egin, bai, baino gero prekarizatzen dutenekin argazkiak behin eta berriz ateratzen ditu EAJk”, salatu du.
Ondorioz, lan harremanetarako esparru propioaren bidean urratsak eman behar direla berretsi du: “Burujabetza behar dugu lan harremanak defendatzeko, lan duina bermatzeko”.
EAJk zabor lana eta zabor jana sustatzen dituela salatu dugu Berangon
Burger King Berangon ezarriko dute, obrak martxan dira. "Burger King bezalako enpresek urtero milioika eurotako irabazi izaten dituzte, besteak beste, gazteon izerdi eta esplotazioaz baliatuz. Euren aberastasuna, gazteon prekarietatearen eta miseriaren truke lortzen dute", salatu dugu LABek eta Ernaik, gaur, Berangon bertan.
Hauxe da Berangon irakurri dugun adierazpen bateratua:
Gaur hemen batu gara LAB sindikatua eta ERNAI gazte erakundea Berangoko Udalak eta zehazki PNVk gazteon miseriaren aurrean duen mespretxu eta gutxiespena salatzeko.
Ez da lehenengo aldia (ez azkenengoa, tamalez) euskal burgesia ordezkatzen duen PNVk gazteari salgai jartzen duela. Oraingoan, Anabel Landa Berangoko alkatea izan da multinazionalei herriko ateak parez pare ireki eta euskal gazteria kapitalaren beharren zerbitzura jarri duena. Ez du inolako lotsarik izan herrian eraikiko den Burger King-eko lanpostu prekarioak gazteoi opari gisa saltzeko.
Burger King Berangon ezarriko dute, obrak martxan dira. Burger King bezalako enpresek urtero milioika eurotako irabazi izaten dituzte, besteak beste, gazteon izerdi eta esplotazioaz baliatuz. Euren aberastasuna, gazteon prekarietatearen eta miseriaren truke lortzen dute.
Euren etekinak, larrutik ordaintzen ari gara euskal gazteak. Lanaldi partzialak, kaleratze eta argudiorik gabeko zigorrak, erabateko eskubideen urraketa, hitzarmen kolektiboa nahi bezala aplikatzea, miseriazko soldatak, behin-behinekotasuna… Hori da Burger King-aren eguneroko menua: aro berriko esklabotza. Burger King-ekoak esplotatzaile hutsak dira.
Eta horren aurrean “Jeltzale King menua” eskaintzen digute: multinazionalari alfonbra gorria jarri, Udala Burger King-en zerbitzura kokatu, enpresaren promozio lana garatu eta are larriagoa dena: bertako gazteria merke saldu dio multinazionalari. Inoizko gazte belaunaldi prestatuenari eskaintza argia egiten dio PNV-k: lan baldintza prekarioak opari lazoarekin apainduta, “onartu ezazue miseria eta berorren zerbitzura jarri”; “izan zaitezte esklabo zintzoak, ez duzue beste alternatibarik”. PNV, zu bai zarela esplotazioaren KING! Hori da PNVren eskaintza: miseria eta prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, betikoak are gehiago aberastearen kontura.
Ez ditugu ogi apurrak onartzen. Derrigortu nahi diguten prekarietatea eta miseriaz nazkatuta gaude, esplotazioari inpunitaterik ez! Oraina eta etorkizuna jokoan daukagulako, irentsi arazi nahi diguten zabor lana eta janaren aurrean, guk gure errezetak eta gure menua daukagu.
LABek eta ERNAIk bide bat ireki dugu elkarrekin, aliantzan, esplotaziorik gabeko espazioak irabazteko. Argi dugu ez digutela ezer oparituko eta soilik borrokaz eta gure arteko elkartasunez lortuko dugula lapurtu nahi digutena geure egitea: etorkizun duina langile eta gazteontzat. Gazteon, langileon eta bestelako herri eredu baten kontrako eraso hauen aurrean, parez pare izango gaituztela argi eta garbi erakutsiko dugu.
ERNAI eta LABek euskal gazteon borroka tresna izan nahi dugu: badugu aldarrikapen taula bat, gure eskubideak ezagutzen ditugu, eta antolakuntza eta borrokaren bidez prekarietaterik gabeko Euskal Herria lortzeko erabaki irmoa hartu dugu. Enplegu duina, beharturiko emigraziorik ez, gure osasuna jokoan jarriko ez duten lan baldintzak; bizitza posible egingo digun lana, hain zuzen ere.
Langileon borroka antolatuaz, prekarietateari hortzak erakutsiko dizkiogu! Egoera iraultzera goaz! Euskal gazteria ez dago salgai! Euskal Herria ez dago salgai! Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugulako, etorkizuna irabazteko dugulako, batu borrokara! Denok gara beharrezko!
Kubari elkartasuna adierazi diogu Bruselan
Ekainaren 7 eta 8an, Munduko Federazio Sindikalak (MFS) Kubarekiko elkartasun ekimen bat antolatu du Bruselan, eta, MFS erakundeko kide den neurrian, LABek bertan parte hartu du. Ekimenak helburu bikoitza izan du: alde batetik, Kubako herriak azken 60 urtetan pairatzen duen blokeo ekonomiko kriminala salatzea; eta beste aldetik, Guantanamoko lurrak ehun urte beranduago Kubako herriari itzultzea eskatzea.
Topaketa honetan nazioarte mailako 16 sindikatuk hartu dute parte, eta horien artean LAB izan da. Bertan aipatu bezala, Kubako herriari eta iraultzari elkartasuna adierazteaz gain, etorkizunari begira MFSk Kubarekiko elkartasunez burutuko dituen ekimenen inguruan eztabaidatu da.
Aurreratu dezakegunez, hurrengo hilabeteetan Munduko Federazio Sindikalak Kubaren aldeko ekimen ezberdinak martxan jarriko ditu.
Pentsiodunen eskubideen aldeko borroka indartuko dugu
LABeko Helduak eta Pentsiodunen arloak biltzar nazionala egin du gaur Oreretan. Urteko balantzea egiteaz gain, hurrengo hilabeteetarako erronkak hizpide izan dituzte. Ekintza Sozileko idazkari Bea Martxuetak eta sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok hartu dute hitza, eta LABek 9. Biltzar Nagusian hartutako erabakien berri eman diete bertaratutakoei; pentsiodunei eurei eragiten dieten erabakiak, tartean.
Igor Arroyok adierazi du klase subjektua berrosatzeko lerro bat irekitzea erabaki duela sindikatuak: “Sindikalismoak langileriaren parte diren langile guztien beharrei erantzun behar die, ez bakarrik soldatapean daudenen beharrei, eta hor ditugu pentsiodunak. Helduak eta Pentsiodunen arloak hamar urte eman ditu sindikatuan, baina indartzeko unea iritsi da”.
Kapitalaren erasoaren aurrean, bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten alde lan egingo du sindikatuak, pentsiodunen mesedetan ere: “Sistemarentzat populazio aktiboa da garrantzitsuena. Populazio pasiboaren baitan sartzen dituzte ekoizteari uzten dioten pertsonak, eta guretzako bereizketa hori onartezina da, ez da batere duina. Izan ere, pertsona guztientzat aldarrikatzen dugu duintasuna. Lanean egon edo erretiratua egon, pertsonek eskubideak dituzte eta arreta bera jaso beharko lukete guztiek. Borroka handia dugu egiteko zentzu honetan, sistemak ez baitie eskaintza txukunik egiten pentsiodunei: zerbitzu sozialak murrizten ari dira, eremu honetan ez da inbertitzen, pentsiodunak ez daude politika publikoen erdigunean. Hau guztia zuzentzeko egingo dugu borroka”.
Hain zuzen ere, sindikatuak ekintza sozialeko egitura bat sortu du, eta bertatik indartuko du heldu eta pentsiodunen arloa: “Bizitza eta kapitalaren arteko borroka garatu nahi badugu, lantokietan ez ezik, herrietan ere eragin nahi badugu, egitura oso bat behar dugu izan, maila lokaletik maila nazionalera. Egitura honek pentsiodunen arloa dinamizatu eta sustatuko du, besteak beste”.
Arroyoren hitzetan, “pentsiodunen burujabetzaren aldeko borroka egin behar dugu, bizitza duin bat izateko baliabideak bermatu behar zaizkie. Murrizketen aurrean planto egin behar dugu, menpekotasunera zigortzen baitituzte. Borroka hau indartu behar dugu”, berretsi du.
Informática de Euskadiko enpresa-batzordeak Kutxabank eta BBK Fundazioaren artean dauden kontraesanak salatu nahi ditu
Ulertu ahal da Kutxabankek langileon enplegua eta lan-baldintzak arriskuan jartzea, gehiengoa duen bere bazkideak, BBK Fundazioak Bizkaiko bertoko enpresa-ehuna bultzatzea nahi duenean?
Informática de Euskadiko enpresa-batzordea maiatzetik ari da kontzentrazioak egiten astearte eta ostegunero Kutxabanken Bilboko egoitzaren aurrean salmenta hau salatu eta operazioa eta bere arriskuak konpontzeko, baina Kutxabankek ez dio eskari honi inolako erantzun positiborik eman gaur arte.
Enpresa-batzordea osatzen dugun sindikatuok (CCOO, SIIE eta LAB) BBK Fundazioari eskatuko diogu bitartekari lana egin dezan egoera honen aurrean, entitate honen kapital soziala eta irabaziak ez daitezen gure lurraldetik atera ez EEBBetako multinazinal bati merkeegi saldu.
Langileok ere erabakitzeko prest gaude
Gure etorkizuna erabakitzearen alde gaude, erabakitzeko eskubidea behar dugulako egoera laboral eta soziala iraultzeko. Nola ziurtatu bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea, geuri dagozkigun gaietan erabakiak hartzeko aukerarik ez badugu? Herri aske eta burujabe bat behar dugu izan, gure etorkizunaren jabe, erabakitzeko eskubidea oinarri. Honengatik guztiagatik, Gure Esku Dago dinamikak larunbatean Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalarekin bat egin dugu, ekimenaren leloak dioen bezala, gu ere “erabakitzeko prest” gaudelako.
Gure Esku Dagok mobilizazio nazionala eta itun herritarraren aurkezpena egingo du larunbatean Bilbon, 17:30etik aurrera, Euskadi plazatik eta Plaza Eliptikoraino galdera ikur erraldoi bat irudikatuko dute “Erabakitzeko prest” lemarekin. Udalerri ugaritan egindako galdeketek ardaztu duten ikasturtea borobilduko duen ekimena izango da larunbatekoa.
LABentzat oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea behar dugu egoera laboral eta soziala errotik aldatzeko. Langileok erabaki, herriak erabaki, gure etorkizunaren jabe izateko.
Erabaki, bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea bermatzeko, langileoi dagozkigun gaietan parte hartu eta erabakitzeko aukera izan behar dugu. Herri aske eta burujabe bat behar dugu izan, gure etorkizunaren jabe, erabakitzeko eskubidea oinarri. Horrela bada, oinarri berriak dituen jendarte eredua eta herri askea nahi ditugu, erabakitzeko eskubidea abiapuntu hartuta eta, itun herritarraren bidetik, herritarren gehiengoaren nahia oinarri izanik. Munduan beste hainbat herrik egin duten moduan, hurbilagokoenetan, Kataluniak. LABetik erabakitzeko eskubidearen alde Kataluniako herria egiten ari den bidea txalotzen dugu. Erreferendumaren data eta galdera iragartzear dauden honetan, LABetik gure babesa eta indarra bidali nahi diogu.
Katalunian bezala Euskal Herrian ere urratsez urrats jarrai dezagun erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu gero eta handiagoa astintzen. Honengatik guztiagatik, Gure Esku Dago dinamikak larunbatean Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalarekin bat egin du LABek, ekimenaren leloak dioen bezala, gu ere “erabakitzeko prest” gaudelako.
Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa bertan izango da, sindikatuaren ordezkaritzaren buru. Era berean, LABek dei egiten die langileei ekimenean parte eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan inplikatzeko.
EAJ enplegua prekarizatzen ari da Aguraingo Udalean
Hitzarmen honek modu esanguratsuan hobetzen ditu langileen lan-baldintzak soldata igoera, lanaldi-murrizketa, oporrak eta lehen egunetik bajak kobratzea bezalako gaietan.
Larria iruditzen zaigu hitzarmena ez aplikatzea, baina are larriagoa da gure ustez Udalak darabilen izkutukeria eta prepotentzia politika. Instituzio honek adierazi zigun ez ziotela exijituko Gaztelekuaren kudeaketa luzatu zioten enpresari hitzarmen berria aplikatzea, nahiago zutelarik estatu mailakoarekin jarraitzea hau “merkeagoa irtetzen zitzaielako”.
Langileok etengabe egin behar diegu aurre gure eskubideekin modu sistematikoan jolasten duten enpresarioei, eta orain, instituzioetatik bultzatutako murrizketa politikak gehitu behar dizkiogu honi, kasu honetan, Aguraingo Udaletik. Beraza alkatea erratuta dago uste badu eskubideak gutxietsi ditzakeeela, nahi duena egin dezakeela bere alkate aulkitik Aguraingo herritarrei konturik eman gabe.
LABetik baliabide guztiak jarriko ditugu mota honetako jarduerekin amaitzeko, bai laneko organoetan bai langileak mobilizatuz. EAJri eta kasu honetan Aguraingo Udalari exijitzen diegu patronalak horrenbeste eskertu eta langileak horrenbeste kaltetzen dituen honelako politikarik ez egiteko.
Bizitza duina izateko fiskalitate justu bat behar dugula aldarrikatu dugu Bilbon
Giza kate bat egin dugu gaur Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, fiskalitate justu baten alde. Hainbat eragile sozial eta sindikalek Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean ekin diogu protestari, eta, Confesbask patronalaren aurretik igaro ostean, Bizkaiko Foru Aldundian amaitu dugu ibilbidea.
Gaurko protestarekin, bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredua eraiki nahi dugula aldarrikatzeaz gain, eragileok erreforma fiskalaren eztabaidan parte hartzea eskatu dugu, proposamen zehatzak ditugulako. “Bukatu behar da patronalaren neurrira egindako zerga politikarekin”, berretsi dugu.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldi bat egin genuen joan den astean, fiskalitate justuaren aldarrikapenaren nondik norakoak azaltzeko.

