2026-06-09
Blog Page 905

Konponbide globalak aldarrikatu ditugu, Bergarako Arcelor Mittaleko enplegu suntsiketaren aurrean

0

Bergarako Arcelor Mittaleko lantokian 350 langile zeuden 2007an, eta 153 langile daude 2017an. Multinazionalak beste 41 lanpostu suntsitzea planteatzen du orain. Enpresaren asmoa aurrera ateraz gero, 10 urtetan Bergarako lanpostuen %68 desagertuko liratezke., hau da, 2007an zeuden 10 lanpostuko egun 3 bakarrik geldituko lirateke.

Egoera hau ez da soilik ematen Bergarako lantokian, Euskal Herriko Arcelor Mittalen lantoki guztietan baizik. LABek jakinarazi zuenez, 2007an Arcelorrek zituen 3.408 lanpostutatik, egun 1.755 lanpostu geratzen dira. Arcelor Mittalek azken 10 urtetan lanpostuen %51 desagerrarazi ditu.

Egoera hau, gainera, Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin ematen ari da. Oso larria da. Onartezina da! Noiz arte egongo da Tapia sailburua isilik? Arcelorrek jasotzen duen diru publikoa enplegu suntsiketa finantziatzeko erabiltzen du.

Bergarako kasuan, egoera are larriagoa da, enpresak egun egiten den tona kopuruari eutsi nahi baitio. Horrek esan nahi du, espedientea inondik inora justifikatuta ez egoteaz gain, multinazionalak kaleratutako langileak beste azpikontratatutako langileekin ordezkatu nahi dituela. Beraz, multinazionalak iragarritako plana iruzurra izateaz gain, enpleguaren prekarizazio gehiago ekarriko du.

LABek enplegu suntsiketari argi eta ozen esaten dio ezetz. LAB prest dago aurrejubilazioetaz hitz egiteko, horregatik exijitzen diogu multinazionalari errespeta dezala Bergaran indarrean dagoen enpresa hitzarmena eta errelebo kontratua aplika dezala. Txantai eta mehatxu gehiagorik ez! Multinazionalak langileekin hitzartutako konpromisoak betetzea exijitzen dugu.

Egun Bergarako langileak pairatzen ari diren txantaia, atzo Sestao eta Zumarragako langileek pairatu zuten, bihar Olaberria, Lesaka edota beste lantokietako langileak izango dira.

Arazo globalen aurrean, konponbide globalak. LABek Euskal Herriko lantokiak batzeko garaia dela uste du, honakoa defendatzeko:

1.- Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu.
2.- Enplegu berria sortu. Errelebo kontratu guztiak Euskal Herriko lantokietan egingo dira.
3.- Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!
 

 

 

Bost greba egun egingo ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok azaroan eta abenduan egingo ditugun greba deialdien erregistroa egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Ekimena hiru sindikatuok elkarlanean kalitatezko hezkuntzaren alde adostutako mobilizazio egutegiaren baitan kokatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan hainbat mobilizazio egiten ari gara ikasturte hasieratik, eta hurrengo asteetarako deitutako grebek osatuko dute protesten dinamika. Kolektibo desberdinetan egingo ditugu lan uzteak azaroan, ostegunez, astean zehar hainbat jarduera egin eta gero; abenduan, berriz, kolektibo guztiek egingo dute bat protesta egiteko garaian, abenduaren 12rako iragarritako greban. Hauxe da greben egutegia:

-Azaroak 9, Haurreskolak
-Azaroak 16, garbitzaileak eta sukaldariak
-Azaroak 23, heziketa bereziko langileak
-Azaroak 30, irakaskuntza
-Abenduak 12, kolektibo guztiak

Mobilizazioek jarraipena izango dute datozen egunetan. Hain zuzen ere, manifestazioak egingo ditugu larunbata honetan Bilbon (Gran Via, 17:30), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plaza, 17:00) eta Donostian (Alderdi Eder, 17:00). Hezkuntza arloko langileak, ikasleak eta familiak daude deituak.

 

 

 

Miserikordian izan gara Ekimen Ibiltariarekin, “prekarietatearen mekan”

Iruñera itzuli da gaur Ekimen Ibiltaria, duela bederatzi egun bertatik abiatu eta gero. "Lan duina, bizi duina" dinamikaren bitartez, prekarietateak kutsatutako eremuak ari gara identifikatzen, eskualdez eskualde. Bada, Iruñeko Miserikordia zaharren egoitzan izan gara eguerdian, bertan lan egiten duten langileen lan eskubideak urratzen direla salatzeko. Hain zuzen ere, Miserikordiak egindako kontratuen %40,2 behin behinekoak dira eta 26 emakume daude lanean duela zortzi urtez geroztik, behin behineko kontratupean. La Meca bezala da ezaguna Miserikordia, bertako kudeatzaileek hala izendatuta. Eta izen aproposa dela iruditzen zaigu, "prekarietatearen meka" baita. Hau guztiagatik, Pikete Feministak hartu du parte Miserikordia etxeko prekarietatea salatzeko mobilizazioan.

Miserikordian egindako protestaz gain, delegatuen batzarra eta ekintza sindikaleko tailerra izan ditugu goizean Iruñean. Ekimen Ibiltariak jarraipena izango du arratsaldean. Hain zuzen ere, Nabarreria plazan Infogunea ezarriko dugu, 18:00etan, eta, ordu bat geroago, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen hitzaldia gauzatuko dugu, Iruñeko gaztetxean, Nabarreria plazan bertan dagoena.

"Lan duina, bizi duina" dinamika Zangotzara eta Irunberrira abiatuko da bihar, urriak 26. Delegatuen batzarra egingo dugu 10:00etan, Zangotzako kultur etxean; prekarietatearen aurkako mobilizazio bat egingo dugu 12:30ean, Kale Nagusian dagoen ETT Manpower aurrean; eta arratsaldean, Infogunea jarriko dugu Zangotzan eta Irunberrin, 17:00etan eta 18:30ean, hurrenez hurren.


 

 

 

Euskal gehiengo sindikalak babesa eman dio azaroaren 5ean Galdakaon Gure Esku Dagok deitutako herri-kontsultari

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu gaur, kontsultekin bat gatozela adierazteko: "Hitz egin, eztabaidatu, konfrontatu, erabaki… eta ondoren, herritarrei kontsulta egitea zeharo normaltzat jotzen dugu", esan dugu.

Hauxe da kaleratu dugun oharra:

Zalantza izpirik gabe, Euskal Herriko herritarrei dagokie beren etorkizun politikoa askatasunez erabakitzea. Ez dago gizarte eskubiderik herritartasun demokratikorik gabe, eta era berean, ez dago demokrazia herritarrik erabakitzeko ahalmenik gabe, gehiengoaren borondate demokratikoaren errespetuan oinarrituta, alegia.

Langile guztiak bultzatu nahi ditugu parte hartzera, guztiz islatuta sentitzen baikara ariketa demokratiko berarekin. Gure esparruan ere ukatzen digute gurekin zerikusia daukaten erabaki guztietan parte hartzea, eta horixe, hain zuzen ere, aldatu nahi dugu gurean. Langileok erabaki nahi dugu nolakoak izan behar duen lan esparruak, eta egunerokoan ahalegintzen gara hala izan dadin, ahalduntze prozesuaren eragile nagusia langileok izan behar dugularik.

Lan esparruan gure erabakien jabe izateko bitartekoak eskuratzea ezinbestekoa bazaigu, bestelako arloetan ere premia berdina agerian dago. Hala, nola hezkuntzan, zerbitzu publikoetan, pentsio sisteman edo gizarte babesaren arloetan.

Beraz, Galdakaoko kontsultan parte hartzera gonbidatzeaz gain, udalerri honetan ere, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauza dezan lanean jarrai dezazuen animatu nahi zaituztegu.
 

 

 

Langileen murrizketen eta ohe-itxieraren aurkako elkarretaratze bat egin dugu Barakaldoko San Eloyko ospitalean

0

Barakaldo Sestao ESI‐ko Zuzendaritzak, “aurrekontu eza” dagoela argudiatuz, paziente eta langileei ondorio kaltegarriak ekarriko dizkien aldaketa garrantzitsuak ezarriko ditu. LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok ez diogu inolako justifikaziorik ikusten aldaketa hauek egiteari. Lanpostuak kendu, gure eskubide gehienak urratu eta kalitatezko zerbitzua hondatuko dituzten murrizketen aurrean, gure ezinegona adierazi dugu.

Hauek dira aurreikusitako aldaketak:

-Urte honen bukaerara arte, bertan behera utziko dituzte arratsaldeko kirofanoaren jarduerak (peonadak), ospitaleko solairuetako oheak itxiz.

-San Eloyko ospitalean kanpoko kontsultaren lanak berrantolatu eta Zaballako anbulategian espezializatutako kontsultetan lanaren edukiak aldatuko dituzte.

LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok murrizketa horiek salatzen ditugu, hurrengo arrazoiengatik:

-Kontratazio ugari ezabatuko dira (medikuak, erizainak, erizain-laguntzaileak, zaindariak eta administrari laguntzaileak), jardueraren murrizketa, ohe‐itxiera eta kontsulten berrantolaketaren eraginez.

-Pertsonalaren murrizketa eta gehiegizko lan zama kontsultetako osasun langileentzat.
Zuzendaritzak pertsona batek bere txanda bakarrean bizpahiruren lan egitea nahi du.

-Langileen lan‐baldintzak hondatzea, soberazko pertsonalari nahitaez beste unitate batzuetara mugitzera behartuz, lan gainkarga eta estresa sortuz, langileen akatsen arriskua gehituz eta kalitatea hondatuz.
 

 

 

Bilboko lorezaintza zerbitzuan ematen ari den diskriminazioan oinarritutako kontratazioa gainditzeko deia egin diogu Udalari

Espacios Verdes Bilbao URBASER-CYCASA Aldi Baterako Enpresa Elkartea da Bilboko parke eta lorategien mantenu-zerbitzua kudeatzen duen enpresa. LABeko atal sindikalak salatu nahi du enpresa udatik hona egiten ari den kontratazioetan ematen ari den prekarizazio kezkagarria.

Indarrean dagoen hitzarmenaren negoziazioetan, hilabetez luzatu zirenak pasa den ekainera arte, enpresa- batzordeko kideek ikusi ahal izan zuten enpresak zeukan asmoa, kontratazio berriekin langileen kalse prekarioa sortzeko. Horrela, gainontzeko langileen lan berdina eginda, langile hauek ez ziren negoziazio horretan onartuko liratekeen soldata-tauletara lotuta geratuko.

Behin hitzarmena sinatuta, zeinean ez zen enpresaren asmo hori jaso, Estatuko legeriak ahalbidetu ditzakeen baldintza diskriminatorioei heldu die enpresak helburu horrekin jarraitzeko. Honela, irailetik hona 10 langile kontratatu dituzte, usteko “praktiketan”, lan berdina egiten duten lankideen soldataren %60a ordaintzeko helburuarekin.

Hau are larriagoa da kontuan hartzeko badugu, langileen baja edo/eta oporrak estaltzen egon izan diren aldi baterako langileak berritu ez direnean. Hauek bai kobratzen zituztela soldatak berdintasun baldintzetan, hitzarmenean jasotako soldaten-taulen arabera.

Hortaz, bilbotarrentzat zerbitzu publikoa egiten duen kontrata honetan langile berriak argiki diskriminatzen ari direla ikusten ari gara, berdintasun printzipio inolako lotsarik gabe urratuz eta prekarietate baldintza argietan dagoen lankideen talde berria sortuz.

Gainera, gehiegikerian sakonduz, enpresak langile prekarizatu hauen Gizarte Segurantzaren %50arekin gelditzen da, hau diru-kutxa publikora bideratu beharko zenean. Horrela, kontua askoz garesti eta kaltegarriagoa da interes publiko eta sozialetarako.

Iñaki Aretxaga Bilboko Udalaren lorezaintza kontrata honetako LABeko delegatuaren arabera: “Zalantzan jartzen dugu Bilboko Udalak kontratazio hauen xehetasunak ezagutzen dituenik. Inork ezin dezake onartu, eskuin neoliberalenak kenduta, ezin du utzi prekarioen dagoen langileen klase baten sorrera. Honek dakarrena da, gure begien aurrean eta diru-kutxa publikoak kaltetuz, pobreziaren mugan dagoen langileria deitu izan dena. Hitzarmenetik kanpo dauden langileak, baina lan berdina eginez eta ordutegi berean. Garbiki diskriminatuak, inolako lotsarik gabe. Horrelako da enpresarioen klase hau, kontratatzen dituzten langileen duintasun eta lan- baldintzekiko inolako begirunerik gabe. Eurentzat, zenbakiak baino ez dira, hauek ordezkatzeko kontratatzen jarraitu ez dituzten langileak zenbaki hutsak izan diren bezala.

LABetik, dei egiten diegu botere publikoei eta Bilboko Udala bezalako instituzioei, “langile guztien duintasun eta berdintasun baldintzak berma ditzaten, orain arte izan den bezala”. Guztion arte zuzen dezakegu enpresarioen joera hau “gure begien aurrean prekarietaterik lotsagarria sortzen ari dena”. Era berean, adierazi nahi dugu daukagun asmoa “gure esku dagoen guztia egingo dugu kontratu hauek kontrata honetatik desager daitezen eta hitzarmenari osoki lotutako kontratuekin eta berdintasunean egindakoekin ordezka daitezen”, pasa den irailera arte gertatu den bezala.
 

 

 

Modu positiboan baloratzen dugu INDESA 2010 SLko hitzarmena sinatu izana

Hitzarmenaren sinaketarekin ez da gure lana amaitu, hemendik aurrera hitzarmenaren aplikazioa langileengana iritsi dadin lan egin behako dugulako. Eta langile publikoen zenbait baldintza aplikatzen bazaizkie, borrokan jarraituko dugu lan baldintzak hobetzeko ere izan daitezen, ez murrizketak ezartzeko soilik.

INDESA 2010 SL aniztasun funtzionala duten langileak dituen Enplegu Zentro Berezia da. 20 hilabete baino gehiagoko negoziaketa eta gero, pasa den ostiralean, urriaren 20an INDESAko hitzarmena sinatu zen. Negoziaketa luze eta gatazkatsua izan da, mobilizazioak, prentsaurrekoak, salaketak, PRECOra joan eta abarren ostean lortu dena. 2017ko uztailean aurre akordioa sinatu eta gero, urrian komiteko kideek batzarrak burutu zituzten Araba osoan zehar (Gasteiz, Laudio, Amurrio, Oion…) sakabanatuta dauden INDESAko zentroetan, langileek aurreakordioaren inguruko informazioa jaso eta onartzen zen edo ez bozkatzeko. Bozketaren zenbaketa ostean baiezkoa eman zitzaion hitzarmenaren sinatzeari.

Hitzarmenak 2019ko abendura arteko iraunaldia du eta ultraaktibitatea jasotzen du. Tarte horretan hobekuntzak egongo dira lanaldian baina ez soldatan, enpresak Foru Aldundiko langileei aplikatzen zaien igoera berbera aplikatzen dielako INDESAko langileei, hau da, 2017an %1eko igoera. Hala ere, hitzarmenean hobekuntza sozialak egon direlakoan gaude LABen. Lanaldia 1.676 ordutatik 1.633ra jaitsiko da datozen urteetan, ordaindutako lizentziak hobetu dira eta kontziliaziotarako neurriak islatu dira.
 

 

 

Decathlonen prekarietatea nagusi dela salatu dugu

Zortzigarren eguna bete du gaur Ekimen Ibiltariak. Iruñean hasi genuen "Lan duina, bizi duina" dinamika, eta Iruñerrira itzuli gara gaur. Hain zuzen ere, zerbitzu pribatuetako delegatuekin batzarra izan dugu, eta, ondoren, Berriozarreko Decathlonen aurrean protesta egin dugu, bertako langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko. Era berean, Decathloneko biltegia ez ixteko eskatu dugu, eta 140 lanpostu arriskuan daudela ohartarazi.

LABen Zerbitzuen federazioko hamarnaka ordezkarik elkarretaratzea egin dute gaur Decathlonek Berriozarren duen saltokiaren aitzinean, kirol produktuen enpresak biltegia Imarkoaindik kendu eta Leonera (Espainia) eramateko erabakia hartu duela salatzeko, Ekimen Ibiltariaren harira. Biltegiaren lekualdatze horrek 140 lanpostu suntsituko ditu Nafarroan.

“Biltegian lan egiten duten langileak oso gazteak dira”, azaldu du LABen Zerbitzuen federazioko merkataritza arduradun Nahikari Arduyak. “Haiendako, hau lehenbiziko lanpostua da eta prekarietatea bere gordinean ezagutu dute Decathlonen eskutik. Hala ere, beren lanpostua defendatu dute hauteskundeak bultzatuz eta langileen ahotsa enpresara eramanez”.

Decathlonen biltegiko lanpostuak Nafarroan nahi ditu LABek, eta ez Leonen. “Zentzu horretan Nafarroako Gobernuarekin kontaktuan egon gara langile hauen egoera salatzeko eta ikusarazteko gobernuak ere baduela ardurarik deslokalizazio honetan”.

“Decathloneko langileak ez daude bakarrik”, gaineratu du Arduyak. “Ehunka langile ordezkatzen dituzten hainbat enpresatako ordezkariak Decathlonen elkartu gara bertako langileei adierazteko laguntzeko prest gaudela, Nafarroan lan baldintza duinak lortze aldera”.

Gaurko jarduerek arratsaldean izango dute segida; Barañainen, hain justu. ATHri buruzko hitzaldi bat egingo dugu, 19:00etan, Barañaingo Akelamendin; eta 18:00etan, Infogunea muntatuko dugu Barañaingo udal plazan.

Iruñean izango gara bihar, urriak 25. Zerbitzu publikoetako delegatuen batzarra egingo dugu goizean, eta, ondoren, prekarietatearen aurkako mobilizazio bat egingo dugu, 12:00etan, Misericordiatik abiatuta. Nabarreria plazan Infogunea ezarriko dugu, 18:00etan, eta, ordu bat geroago, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen hitzaldia gauzatuko dugu, Iruñeko gaztetxean, Nabarreria plazan bertan dagoena.
 

 

 

Ostalaritzako Akordio Markoaren inpugnazioa “antidemokratikoa” eta “prekarizatzailea” dela salatu dugu

LAB eta ELA sindikatuok manifestazio bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiraino, CCOO eta UGT sindikatuek Ostalaritzako Akordio Markoaren aurka aurkeztutako demandaren epaiketaren hasiera dela-eta. Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko LABeko idazkari Xabier Ugartemendiak adierazpenak egin ditu protestaren amaieran, eta, CCOO eta UGT sindikatuen “estatalizazio estrategia” salatzeaz gain, Iñigo Urkullu lehendakariari gogoratu dio “negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dagoela autogobernuaz hitz egiterik”.

LABek eta ELAk agerraldi bat egin genuen joan den astean, Ostalaritzako Akordio Markoa indargabetzeak izango lituzkeen ondorioen berri emateko. Bada, bi sindikatuok protestara deitu dugu gaur. Xabier Ugartemendiak hitz egin du LABen izenean, manifestazioaren amaieran: “Inpugnazio honek Euskal Herriko Ostalaritzako langileen lan baldintzak okertzea du helburu, Estatu mailako langileekin parekatu nahi dituelako lan baldintzak. Inpugnazio hau antidemokratikoa da, bertako patronalak eta sindikatuen gehiengoak lortutako akordioaren kontra doalako; eta prekarizatzailea ere bada, bertako langileen lan baldintzak okertzen dituelako”.

CCOO eta UGT sindikatuei euskal langileak “bost axola” zaiela kritikatu du Ugartemendiak, eta gai honetan “mutu” dagoen Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere izan ditu hitzak: “Argi esaten diogu negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dagoela autogobernuaz hitz egiterik. Hala, inpugnazio honen aurka modu argian azal dadila exijitzen diogu, eta pausoak eman ditzala Lan Harremanetarako Euskal Esparrua lortzeko, hori baita euskal langileek eskatzen dutena”.