2026-07-09
Blog Page 905

Zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko gaitasun legegile osoa garatu beharko du Eusko Legebiltzarrak, Espainiatik datozen irizpide murritzaile eta merkantilisten aurrean

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Enplegu Publikoaren Legearen zirriborroa aztertuta, garbi gelditzen da, LAB Sindikatuaren ustez, zerbitzu publikoen ahultze eta garapen ezaren estrategiak bere horretan mantentzen dela. Negoziazio mahai ezberdinetan edo aurrekontuak aurkezterako garaian ikusten den bezala, ez dugu ikusten EAJren aldetik zerbitzu publikoak defendatzeko inongo borondaterik.

Lege aurreproiektu hau jarrera horren adierazgarri bada ere:

• Lehenik eta behin, Legea ez da Espainiako EBEP delakoaren esparrutik batere aldentzen; esan dezakegu Espainiako legediaren garapen hutsa dela. Eusko Legebiltzarrak izan dezakeen legeztatzeko gaitasuna baliatzea, administrazio publikoen Euskal Esparruen garapena alegia, ez da lege honen helburua.

• Lege guztian zehar Alderdi Popularraren eskutik estatuan gailentzen ari den ikuspegi merkantilista barneratu nahi du euskal administrazioetan. Zerbitzu publikoen kudeaketa ezin da irabazi asmoa daukaten enpresen ikuspegi berdinarekin egin. Lege proiektuaren arabera, administrazioetan mugarik gabeko malgutasuna eta kaleratzeak ere aurreikusten dira. Pribatizazioekin bukatu edo ateak ixteko neurririk ez du planteatzen, bai ordea kontrako bidean hainbat neurri planteatzen ditu.

• Hori guztia gutxi ez bada, euskal administrazioak behin-behinekotasunera kondenatzen dituen legea izango da. Kontsolidaziorako irizpideak ez ditu argitzen eta ez ditu beharrezkoak diren lanpostuetarako finkatze prozesuak aurreikusten. Europako epaitegietatik langileen alde etorritako epaiak eta zuzentarauak saihestuz, Eusko Jaurlaritzak gaur egun dagoen behin-behinekotasun egoera betikotzea oso larria da. Euskal zerbitzu publikoen etorkizuna estatuko birjartze tasen aginduetara geldituko dira. Gai estrategiko honetan Jaurlaritzak orain egiten ari dena egiten jarraitzera mugatuko dela argi utzi du.

Gure ustez Lege egitasmo batek ematen dituen aukera guztiak baliatu beharko genituzke oraingoan ere. Argi eta garbi esan nahi diogu gobernuari ez dugula espainiar lege murriztaileen garapen soil bat onartuko. Zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko Eusko Legebiltzarrak gaitasun legegile osoa garatu beharko du, Espainiatik datozen irizpide murriztaile eta merkantilisten aurrean.

LAB sindikatuak oso garbi dauka zerbitzu publikoen kalitatea eta zerbitzu publikoetan enpleguaren kalitatea erabat lotuta daudela. Horrela defendatuko dugu lege honen eztabaidan zehar eta horretarako proposamen zehatzek egingo ditugu. Oso argi gelditu da ere Jaurlaritza aurreko legegintzaldian onartu ezin izan zuen proiektu berbera berriro parlamentura eramateko asmoa duela. LABek zerbitzu publikoentzat eta langileentzat kaltegarri den egitasmo hau aurrera atera ez dadin borrokatuko du oraingoan ere.
 

 

 

Porth jaunari eta Daimler Taldearen Zuzendaritzari eskatzen diegu amai dezatela Mercedesen kontratazioan egiten ari diren iruzurrarekin

0
Wilfried Porthek bisita egin du Gasteizko Mercedeseko lantokira. Daimler AGko Administrazio Kontseiluko kide da eta Giza Baliabideetako eta Mercedes-Benz Vans Dibisioko arduradun nagusia.

Bisita honen aurrean, Mercedeseko ELA, LAB eta ESKko atal sindikalek adierazi nahi dugu ez dugula harrera ofizialean parterik hartu jarraian azaltzen ditugun arrazoiengatik:

– Gaitzetsi egiten dugu nola egin zaio harrera ofizialeko gonbidapena alde sozialari. Ez dira gonbidatu Enpresa-Batzordeko ordezkari ofizialak, lehendakaria eta idazkaria. Atal sindikalak baino ez dituzte gonbidatu, eta ulertzen dugu, horrela jokatuta, gutxietsi egiten dela Enpresa-batzordearen ordezkari nagusia.

– Bisita hau testuinguru berezian emanten da. Hiru sindikatuok ari gara salatzen Mercedesen egiten ari den iruzurrezko kontratazioa. Kontratazerakoan irizpide garden eta objektiboak falta direla eta baita kontratuak mugagabeko bihurtzerako orduan ere. Hori dela eta, lantegiko Zuzendaritzaren jarrera ez babestea erabaki du, normala ez den egoera baten aurrean normaltasunez jokatzea saihestuz.

Edozein kasutan, Arabako Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean eta laster, Gasteizko Udalean adieraziko dugunaren harira, ELA, LAB eta ESKk Porth jaunari eta Daimler Taldearen Zuzendaritzari ere adierazi nahi diegu amai dezatela kontratazioan egiten ari diren iruzurrarekin, garden izango den eta diskriminatorioa izango ez den kontratazioari begirako irizpideei ekinez.
 

 

 

Emakumeok etxean, kalean eta lantokian libre izan nahi dugula aldarrikatuko dugu azaroaren 25ean

“Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltariak lehen lerrora eramango ditu emakumeak, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Hala, solasaldi bat egingo dugu Bilbon, etxeko langileen egoerari buruz hitz egiteko, “Inork ikusi nahi ez duen zapalkuntza hirukoitza” leloarekin.

Azaroaren 25eko solasaldia Bilbon izango da, 11:00etan, Biba Kultura espazioan (Erronda kalea, 2). Ekimen Ibiltaria azaroaren 22an iritsiko da Bizkaiko hiriburura, lau egunez bertan egoteko. Horietatik azken egunean egingo dugu solasaldia, larunbatarekin, hain zuzen ere.

 

 

 

Produkzio postuetan emakumeen presentzia areagotzea izango da gure helburuetako bat CAFen

CAF enpresako 2015-2017 Berdintasun Plana osatuta, LABeko ordezkariek hurrengo erronken berri eman dute, 2018-2020 Berdintasun Planari begira. Lanketa Berdintasun Batzordean egingo dutela adierazi dute.

CAFen, bi arlori emango diogu garrantzi berezia LABetik:

-Lantokietan diskriminazioaren eta jazarpen homofoboaren aurkako protokoloa sortzeari. Horretarako, LAB sindikatuak dagoeneko sortua duena hartuko da oinarri gisa eta CAFeko errealitatera egokituko da.

-Emakumezkoen presentzia areagotzea produkzio postuetan. Horretarako, gaur egun ematen ari diren kontratazioen %25 emakumezkoak izatea bultzatuko dugu eta horrekin batera aukera hori ahalbidetzeko inguruko lanbide heziketako ikastetxeekin elkarlanean, produkziora bideratutako ikasketetan emakumeen presentzia areagotzeko aukerak landuko ditugu.
 

 

 

Lan baldintza duinak aldarrikatu ditugu merkataritzako langileentzat

Arrasatera iritsi da Ekimen Ibiltaria, eta “Lan duina, bizi duina” aldarriak bere bidea egiten jarraitu du. Hain zuzen ere, pekarietatearen aurkako tailerra egin dugu goizean delegatuentzat, Kultur-Ate aretoan. Eguerdian, berriz, giza kate bat egin dugu merkataritza sektoreko langileen lan baldintzen defentsan.

Eguerdian abiatutako giza katea Arrasateko Eroskin hasi da, eta LIDL eta BM supermerkatuetara iritsi da.

Ekimen Ibiltariak Arrasaten jarraituko du arratsaldean. Gune Antiprekarioaren irekiera egingo dugu, 17:00etan. Hala, Sebero Altube plazan, prekarietatearen aurkako materiala banatuko dugu eta EDESA Industrialeko langileek azken berriak azalduko dituzte. Ondoren, 18:00etan, hitzaldi bat egingo dugu bertan, “Hezkuntzan, kalitatezko zerbitzua orain” leloarekin.
 

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitako zerbitzuen murrizketak salatu dituzte autobus gidariek

0

Hainbat autobus gidarik eta erabiltzailek elkarretaratze zaratatsu bat egin dute Donostian, Antiguako Trafiko Delegaritzaren aurrean. Hain zuzen ere, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu bat aldarrikatu dute.
 
"Lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde, Murrizketarik ez!” lema zuen pankartarekin, autobusetako gidariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Trafiko delegaritza aurrean protesta zaratatsua egin dute: alde batetik, hauek planteaturiko murrizketen aurrean salakera egiteko eta planteamendua bertan behera uzteko eskaera egiteko; eta, beste aldetik, langile, erabiltzaile zein sindikatuekin planteaturiko neurrien inguruko negoziazio bilera bat eskatzeko.

Tentsioa handitzen doa kalean eta autobus enpresetan, eta eragile ezberdinen bitartez alegazioak entregatu zaizkien arren, aldundiak ez du langileekin edo erabiltzaileekin biltzeko asmorik erakutsi inongo momentuan.

Autobus gidariek esan dutenez, aldundiak murrizketen inguruan eurekin biltzeko eta bereziki lanpostuen zein zerbitzuen mantentzearen inguruan negoziatzeko asmoa erakusten duen arte, mobilizatzen jarraituko dute.
 

 

 

Donostiako Udalak eskubideak deuseztatzen jarraitzen duela salatu dugu

LABek salatzen du udal gobernu talde neo-liberalak eta eskuindar honek (PNV-PSE), alkatea buruan eta Viles jauna ariete gisa, Zerbitzu Publikoen kudeaketan agindu behar duten berdintasun eta inpartzialtasun oinarrizko printzipioak desegiten ari dela.

Langileen ordezkaritzarekin dituen harremanetan dinamika inposatzailea eta despotikoa erakusten du. Etengabe eta akordiorik gabe legealdi osoan zehar burutzen ari diren erabaki arbitrarioek argi eta garbi uzten dute eskuineko gobernu honekin ez dagoela edukizko akordiorik hartzeko aukerarik.

Lanpostuen baloraziorako araudiaren inposaketa, lan poltsen kudeaketan araudiaren aldaketak, horren aplikazioan erabaki arbitrarioak (orain irizpide hau, orain kontrakoa), probisiotan inpartzialtasun kontzeptoen desegitea, diru-osagarrien banaketa “graziosoa”, negoziatu gabe eta sozioa duten Madrilgo PParen esanetara gure ordainsari igoeren inposaketa, eta abar, zerbitzu publikoaren kudeaketarako duten ereduaren adibide batzuk dira. Eta eredu horrek antz handia du edozein enpresa pribatuarekin, non adiskidekeria eta entxufea ohizkoak baitiren. Gobernu honek administrazio publikora ekartzen ditu kudeaketa pribatu neoliberaleko enpresen eredu merkantilistak.

Hau guztia diskurtso “modernista” batez mozorrotzen dute, kalitate eta bikaintasun bezalako kontzeptu subetiboak eta Trumpen molde amerikarraren tankerako “bla, bla, bla” luze bat erabiliz. Hau ez da batere modernoa, jauntxoen praktika zaharra besterik ez baita: “nik nahi dudana egiten dut”.

Dinamika honen azken adibidea Lehendakaritza Zuzendaritzari laguntzeko Unitatearen Buru lanpostua zerbitzu eginkizunetan betetzeko egingo dutena da. Berriro ere, Viles jaunak sustatzen du zuzendari batek, kasu honetan Lehendakaritzakoa, lanpostua beteko duen pertsona lotsagabeki aukeratu ahal izatea.

Igaro den azaroaren 8an aurreratu zigutenez, zerbitzu eginkizunetan hautaketa prozesua irabaziko duen langilea “probetxugarriena” izatea “ziurtatu” nahi dute eta, horretarako, langile horrek beteko ez balitu dituzten itxaropenak aldatzeko aukera izatearen bermeak nahi dituzte. Adierazpen hau ohizko hitzontzikeriaz janzten dute: eraginkortasun handiena bilatu nahi dutela… eta abar. Funtsean oso sinplea da: lanpostua betetzen duena nire gustokoa ez balitz, nik agindutara ez balego… alde!

LABen denbora asko daramagu politika inposatzaile hau salatzen eta haren aurka mobilizatzen, eta horrelako mugimendurik dagoeneko ez gaitu eskandalizatzen. Egoera hau ez da apartekoa, legealdi hasieratik aplikatzen ari dira.

Behin eta berriro, eta elkarrizketaren bitartez, saiatu gara edukizko akordioetara iristen, baina ezinezkoa da. Horregatik, azken hilabetetan mobilizatzen aritu izan gara.

LABek iragartzen du, gobernu talde honek negoziatzeko eta akordioa lortzeko asmorik ez duenez, gure konfrontazio neurriak areagotuko ditugula.
 

 

 

Bizkaiko hirugarren adineko egoitzetan klausula sozialak ezartzeko eskatu dugu

LABek elkarretaratze bat egin du gaur du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, hirugarren adineko egoitzen harira. Hain zuzen ere, hainbat langilek idatzi bat erregistratu dute sindikatuaren ekimenez, gutxienekoak jasotzen dituena administrazioak azpikontratatutako zerbitzuen baldintza agirietarako. Hirugarren adineko egoitzetarako pleguak ateratzear daude, eta, hori dela eta, LABek plegu hauetan klausula sozialak eta ratio nahikoak egon behar dutela aldarrikatu du gaurko mobilizazioan.

Kalitatezko eta publiko diren zerbitzuak behar ditugula argi eta ozen esan nahi dugu, denontzako onuragarriak diren zerbitzuak izan daitezen bermatzeko modu bakarra baita.

Behin eta berriz, ostera, zerbitzuak pribatizatzen ari dira. Hau da adinekoentzako egoitzen kasua, ia guztiak pribatizatuak daudenak. Bizkaiko erresidentzien mapan agerikoa da: Foru Aldundiaren kudeaketaren menpean dauden egoitzak urri-urriak dira, Aldundiaren utzikeriaren gerizpetan, pribatuak onddoen antzera sortzen diren bitartean.

Hau guztiarengatik, errealitate gordin honen ardura har dezan eskatzen diogu Aldundiari, gure erresidentziak publifikatuz, horrelaxe prestazioen zerbitzuak bere gain hartuz eta pertsonen ongi izateaz arduratuz eta horixe gauzatzen ez den bitartean honakoa exigitzen diogu aldundeari: sektorearen kalitatearen berme diren klausula sozialak kontzertazio pleguetan sartzea. Eta pleguek erantzun behar diote pertsonal faltari, lan gainzamari, diru publikoaren kontrola bermatzeari, zerbitzuaren enpresa kudeatzaileen mozkinei muga jartzeari eta erresidentzietan lan eta bizi duten pertsonen bizitza kalitatea lehenetsiz.

Horretarako sektorearen errealiatearekin bat egiten duten ratioak ezarri behar dira. Erabiltzaileen bizitzaren duintasuna eta kalitatea helburu duten ratioez ari gara. Horrela pertsonal gehiago lortuko genuke beren funtzio sozialak betetzen duten ardurarekin arrazoizko lan zama orekatuz.

Hala, gaurko mobilizazioaren bitartez, baldintza pleguetan agertu beharko liratekeen ezinbesteko gutxienekoak jasotzen dituen agiria erregistratu dute hainbat langilek. LABetik argi daukagu erresidentzien kudeaketa eredua aldatu behar dela, ezinbestekoa den zerbitzuak gure gizartearen aitortza jaso behar du.
 

 

 

Inplikazioa exijitzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Arcelor Mittalen desindustrializazioaren aurrean

0

Gaur, azaroak 15, Euskal Herriko Arcelor Mittaleko lantoki guztietako ELA eta LABen ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratu gara Gasteizen. Elkarretaratze honekin, batetik, lantoki guztien etorkizuna defendatu dugu eta, bestetik, Arcelor Mittal Euskal Herriko lantokiekiko burutzen ari den desindustrializazio prozesuaren aurrean, inplikazioa ere exijitu diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Arcelor Mittaleko lantoki guztietan inbertsiorik zein kontrataziorik eza orokorra da. Azpikontratazioa eta prekarietatea, aldiz, gero eta handiagoa da. Egunotan, multinazionalak Bergarako lantokian 41 langileak kaleratzeko EEEa aurkeztu berri du. Egoera bera iraganean ere jasan zuten Sestao eta Zumarragako langileek. Etorkizunean edozein lantokiak jasan dezake. Ez dugu antzematen multinazionala ezer egiten ari den Euskal Herriko lantokien alde. Bien bitartean, aurten multinazionalak 3 mila milioi €-tako etekinak izan dituela iragarri du, iaz baino %156 gehiago.

Eta, hau guztia, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren isiltasun eta konplizidadearekin egin du. Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat erakunde hauen jarrerarekin. Noiz arte jarraituko du ixilik Arantxa Tapiak garapen sailburuak? Zer gehiago gertatu behar da Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua erreakzionatzeko? Ez badute esku hartzen, langileek jasoko dutenaren erantzule ere izango dira. Gure iritziz, isiltasun honek agerian uzten ditu bere menpekotasuna multinazionalekiko eta benetako industria politikarik eza. Ez dugu antzematen Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat altzairuaren sektorea babestu eta bultzatu beharreko sektore estrategikoa denik.