2026-07-10
Blog Page 904

Eibarko ospitale berrian azpikontrataziorik ez dugula onartuko ohartarazi dugu

Ekimen Ibiltaria Eibarren izan da gaur, hainbat aldarrikapen zabaltzeko, beti ere “Lan duina, bizi duina” leloarekin. Hala, Untzaga plazan, elkarretaratze bat egin dugu azpikontratazioa salatzeko. Hain zuzen ere, Eibarko ospitalean zerbitzuen azpikontrataziorik ez dugula onartuko jakinarazi dugu.

Gaurko protesta eta aldarrikapenei ekin aurretik, LABeko hainbat delegatuk ekintza sindikaleko tailer bat egin dute goizean, Ekimen Ibiltariak bisitatu dituen gainontzeko herrietan egin bezala. Prekarietatearen aurkako borrokari buruz aritu dira gogoetan, lan taldeka. Hainbat ekarpen jaso ditugu horrela.

Etorkin langileei, ongi etorria
Ondarroara iritsiko da "Lan duina, bizi duina" dinamika, astelehenean. Hauxe da aurreikusitako egitaraua:

-10:30ean, Itsas Aurren, ongi etorria egingo zaie etorkin langileei. Ondoren, bideoak eta argazkiak egongo dira ikusgai, gaurko eta atzoko arrantzari buruz.

-12:30ean, kalejira ibiltaria portuan zehar.

-17:00etatik 19:00ak bitartean, prekarietatea borrokatzeko gunea eta tailerra, Alamedan.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lanuzteak egingo dituzte abenduan

Lanuzte partzialak izango dira, abenduaren 1, 15 eta 22an; 2, 3 eta 4 ordukoak izango dira, hurrenez hurren. LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok gaur bertan egin dugu lanuzteen erregistroa.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lan baldintza duinen defentsan egingo dituzte abenduko lanuzteak, sindikatuok gaur azaldutakoaren arabera. Sektoreak bizi duen egoera larria salatu dute, eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko lan baldintzak duinak ezinbestekoak direla aldarrikatu dute.
 

 

 

Rafa Diezek hitzaldi bat emango du, bihar, Iruñean

0

LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diezek solasaldi bat eskainiko du bihar, azaroak 18, 12:00etan, Iruñeko Katakrak liburudendan. Ipar Hegoak antolatutako jarduera honen izenburua "Askapen borrokaren ibilbidea sindikalista baten bizipenetik" izango da, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatuko du.

 

 

 

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde mobilizatuko gara, asteartean, Gasteizen

Politikaren lehentasunak aldatzeko mobilizazioa ezinbestekoa da. Horregatik, azaroaren 21ean, Gasteizen bilduko gara berriro Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartan gauden eragileak, “Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde!” leloarekin. Ekitaldia Mendizorrotzako kiroldegian izango da, 10.00etan, eta ondoren manifestazio bat egingo dugu. Honen guztiaren berri emateko agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, eta LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu du hitza bertan, sindikatuaren izenean.

Eusko Jaurlaritzak 2018ko aurrekontu proiektua aurkeztu du. Euskal instituzioek Rajoyren gobernuarekin “gastu araua” errespetatzea hitzartu zuten; hots, 2018ko aurrekontuetan gastuaren igoera %2,4 baino gehiago ez izatea, eta, diru sarrera gehiago balego. Zorra ordaintzea lehenesten da, eta zerbitzu publiko eta prestazio sozialetan murrizketak mantendu edo areagotzen dira.

Karta Sozialak beste eredu sozial bat aldarrikatzen du. Pertsonak zein natura erdigunean jarri behar dira, ez kapitalaren interesak. Politika publikoak, aurrekontuak eta zerga politika, politika publikoen norabidea markatzeko tresna nagusiak dira.

Bada, Bea Martxuetan adierazi du 2018ko aurrekontu proiektuan ez dutela hau guztia babesten: “Sindikatu eta eragilek anitzok Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sortzea erabaki genuenean, pertsona guztiek duten babes sozialerako eskubidea kokatu genuen. Eskubide hau, esaten genuen eta berresten dugu, bizitza duin eta aktiborako beharrezkoa da. Esaten dugu ere, noski, botere publikoei dagokiela eskubide horren erabilera ahalbidetzea, diru-sarrerak bermatzearen bidez, kalitatezko zerbitzu sozial eta zaintzen sare publiko eta unibertsalaren bidez, kalitatezko enplegu baten bidez edo eta etxebizitzarako eskubidea bermatuz. Hau guztia, euskal instituzio publikoek bermatu behar dute. Eta horretarako, baliabide ekonomikoa nahikoak beharrezkoak dira. 2018ko aurrekontuei begiratuta ez dugu hau ikusten”.

Martxuetaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren titularretatik harago, zenbaki ez nahikoak dira dauden beharrei aurre egiteko: lehenik eta behin, azken urteotako murrizketei ez zaielako buelta ematen; eta bigarrenik, zor publikoa amortizatzeko erabiliko dutena kenduz, oso gutxi geratzen delako politika publikoak bermatzeko.

Hau horrela izanik, beste gauza batzuen artean, hurrengoak aldarrikatzen ditugu:

-Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioa %8ko igoera aplikatu, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) 2017an izan duen igoera.

-Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.

-Pentsio sistema publikoaren bidean urratsak ematea.

-Alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu eta etxebizitza hutsen gaineko zerga ezarri.

-0-3 urte artean eta gainerako hezkuntza etapetan, goi mailako irakaskuntzan barne, dauden plaza eskaera guztiak sare publikoan estaltzea, doan.

LABeko ordezkariaren esanetan, “Eusko Jaurlaritzak ez du hau egiten, zorra lehenesten duelako. Hau da bere hautu politikoa eta horregatik, alde bozkatzen du. Zor hau ez dugu guk sortu, horregatik ilegala deritzogu eta horregatik eskatzen dugu zorraren auditoria”.

Amaitzeko, LABek aurrekontu parte hartzaileak aldarrikatzen dituela nabarmendu du Martxuetak, baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren eskubidea erabaki ekonomikoak era soberanoan hartzeko.
 

 

 

Eudel Madrilen agindupean dagoela salatu dugu

Gaur bildu da Udalhitzeko mahaia, berriz ere hitzarmen honen inguruan hamaikagarren buelta emateko eta 2008. urtean sinatu zena oraindik ere bete gabe dagoenean, beste bat negoziatzeko. Zertarako? Gerora ere beteko ez bada? Eta zergatik ez da beteko? Bilera egiten zuten bitartean, elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, Eudelen egoitzaren aurrean, gure haserrea adierazteko.

Aipatutako galderei erantzuteko pasa den irailean LABek eta ELAk publiko egin zuten adierazpenaren pasarte bat ekarri nahi dugu gogora: “(…) Aldebikotasunetik urrun, argi dago Espainiako Estatuak erabakitzen duenarekiko menpekotasuna uneoro dagoela.(…)”

Salatu behar dugu EUDEL zuzentzen duen EAJ alderdiak inoiz ez duela kudeatzen dituen udaletan hemen sinatu duena bete. Salatu nahi dugu azken urteotan hipokresia osoz aipatu dituela maiz Espainiako legeak hori ez betetzeko, eta gogorrago salatu nahi dugu aurten murrizpenak bermatzen dituen legea ere sinatu egin duela, babesa eman diola.

Salatu nahi dugu hemen aspaldi aplikatzen dela 155. artikulua, gastua eta zerbitzu publikoen kudeaketa de facto Madrilek erabakitzen eta mugatzen duela, eta PNVk babesa ematen diola.

Herritar guztiek hurbiletik jasotzen ditugun Zerbitzu Publikoak bermatu behar dira eta horretarako lan baldintza onak egon behar dira. Ezin da kalitatezko zerbitzu publikorik eman ia langile erdiak prekarietatean daudenean, hau da, behin behinean beren lana noiz bukatuko den ez dakitelarik.

Eta udal eta aldundietako langileek, behin-behinekotasunean egoteaz gain, %12 eta %20 arteko galera izan dugu gure ordainsarietan. Azken urteotan urte beteko soldata galdu dugu. Zerbitzu Publikoak garatu eta indartu behar dira eta aldi berean gure lan baldintzak hobetu. Egunero borondatea dutela esaten dute, baina gero sinatutakoa ez dute betetzen eta gainera lekuz leku negoziazio guztiak blokeatzen dituzte eta haiek sinatutako mugetan gatibu izaten dituzte.

Baina EUDELen ez dago bakarrik PNV, alderdi gehienak daude bigarren maila batean eta beraiei ere eskatu nahi diegu beren jarrera argitu dezaten. Esan dezatela PNVk EUDELen duen jarrerarekin ados dauden edo aurre egingo dioten, zerbitzu publikoak eta langileen eskubideak bermatuko dituzten edo murrizpenak bermatuko dituzten.

LABen Zerbitzu Publikoak eta Langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu.
 

 

 

Lanean jarraituko dugu gaixorik dauden presoak etxeratzeko adostutako bide orria lortzeko

LABek doluminak eskaini nahi dizkie Belen Gonzalezen senideei, lagunei, ingurukoei eta ezker abertzalearen familia osoari. Esan nahi diegu ez dugula etsiko euskal preso politiko guztiak kalera atera arte, eta ez dugula etsiko herri honen askatasuna eta bakea lortu arte.

Gaixorik hil da Belen Gonzalez, ospitalean, urteak zeramatzan gaixorik. Heriotza honen atzean, beraz, salbuespen legedia dago, egun indarrean dagoen espetxe politika. Urrunketa, dispertsioa, gaixorik dauden presoak kartzelan mantentzea… Eta legedi horrekin amaitu beharra dago. Beranduegi da dagoeneko, beranduegi legedia horrek konfrontazio eta gerra logika bati erantzuten diolako, eta herri honek, euskal gizarteak, aspaldidanik bakea nahi duelako, konponbidea nahi duelako.

Gaixorik dauden presoen gaia bere gordintasun osoan erakusten digu atzoko gertakariak. Oroitu nahiko genuke Ibon Iparragirre hil ala biziko egoeran dagoen preso ondarrutarra, eta bere antzera gaixorik dauden guztiak.

Behin baino gehiagotan esan dugu eta ez gara behin eta berriz esateaz nekatuko. Bake justu eta iraunkor batek eskatzen du dispertsioaren amaiera, bake justu eta iraunkor batek eskatzen du gaixorik diren preso guztien berehalako askatasuna eta bake justu eta iraunkor batek eskatzen du euskal preso politiko guztiak kalera ateratzea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea. Ez dagoelako normaltasun politikorik, ez dago elkarbizitza eraikitzerik espetxeetan ehunka preso politiko diren artean, erbestean errefuxiatuak eta deportatuak diren artean.

Egoera honekin amaitu beharra dago, esan bezala, beranduegi delako. Ezin zaio guztiok dugun ardurari izkin egin, ez da zilegia. Galdera da, norbaitek uste du Euskal Herrian bertako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek gure esku dagoen guztia egingo bagenu, espainiar estatua gai litzatekeela, minutu bakar batez ere, egoera honi eusten jarraitzeko? Norbaitek pentsatzen du?

Garaia da mahai baten bueltan eseri eta bide orri bat adosteko, esan bezala, eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak. Bide orri bat dispertsioarekin amaitzeko, bide orri bat gaixorik diren presoak berehala askatzeko eta bide orri bat, berandu baino lehen, preso politiko guztiak kalera ateratzeko.

Esperantza mezu bat ere igorri nahi dugu gaurkoan. Estatuak boteretsuak dira bai, behin baino gehiagotan frogatu dute hori, eta zoritxarrez gaurkoan berriro ere konstatatzen ari gara. Baina, ez dira garaiezinak, ziur gaude herri honetako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek eskuz-esku jarduten badugu, gai izango garela gai honetan ere estatuen borondatea behartzeko behingoz afera honi ere irtenbide justu eta iraunkor bat emateko. LABetik bide honetan ari gara lanean, nabarmentzekoa da sindikatuen artean lortu diren adostasunak gaixorik dauden presoen etxeratzearen inguruan.

LABek dei egiten die euskal langileei heriotza salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

Pribatizazioaren aurka mobilizatu gara Zestoan

Ekimen Ibiltaria Zestoan izan da goizean, “Lan duina, bizi duina” aldarria zabaltzeko. Jardueren artean, elkarretaratze bat egin dugu udalaren pribatizazio politikaren aurka. Hain zuzen ere, bi langile jubilatuko dira, biak funtzionario, eta postu horiek amortizatu eta azpikontrata bat jarriko dute mantenu lanak egiteko.

Lan handia egiten ari gara Zestoan pribatizazioaren aurka eta lanpostu duinen defentsan. Lanketa honen barruan kokatzen dugu gaurko protesta. Elkarretaratzea egin aurretik, Ekimen Ibiltariaren baitan ere, prekarietatearen aurkako tailerra egin dugu, dinamika ibiltariak bisitatu dituen beste herrietan egin bezala. Sindikatuko 33 delegatuk hartu dute parte tailerrean, 18 enpresa desberdinetakoak.

Eibarren, bihar
Azkoitian eta Azpeitian egongo gara bihar Ekimen Ibiltariarekin, baina, aldi berean, Deba-behea eskualdera iristiko gara; Eibarrera, hain justu. Hauxe da Eibarreko biharko egitaraua:

-9:30ean, prekarietatearen aurkako tailerra, Eibarko Kultun, LABeko delegatuei zuzendua.

-12:30ean, elkarretaratzea Untzaga plazan, "Eibarko ospitale berrian, zerbitzuen subkontrataziorik ez!" leloarekin.

-17:00etan, Gune Antiprekarioaren irekiera, Untzaga plazan.

-18:00etan, hitzaldia Gune Antiprekarioan, "Pentsioak eta emakumea: duintasunez bizi ala biziraun" izenburupean.
 

 

 

Mont-de-Marsanen izan gara, Espetxeetako Birari babesa emateko

Bagoaz, Sare eta Etxerat elkarteek sustatutako Espetxeetako Birari hasiera eman diote goizean, Mont-de-Marsango espetxean. Agerraldi bat egin dute, kartzela atarian, eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo eta Ipar Euskal Herriko bokalia Eñaut Aramendi bertan izan dira, dinamikari babesa emateko.

Espetxeetako Birak hainbat etapa izango ditu, eta agerraldi, bilera eta elkarretaratzeak aurreikusita ditu hemendik abendua bitartean. 24 egun iraungo ditu martxak, 4.000 kilometro beteko ditu eta 20 espetxe eta 8 hiri bisitatuko ditu; hau guztia, euskal presoen eskubideen defentsan.

Hala, Parisen izango du helmuga, eta abenduaren 9rako mobilizazio handi baterako deia egina dago Frantziako hiriburuan, Bakearen Artisauen eskutik.

Lehen egunean, biraren aurkezpen agerraldiaz gain, Euskal Herriko sindikatuetako ordezkari LAB, CGT eta CFDT MOnt-de Marsan presondegiko sindikatuekin bildu dira.
 

 

 

Jarraipen zabala izan du hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako grebak

0

Langileen gehiengo zabalak egin du bat lanuzteekin, eta ehunka pertsonek hartu dute parte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan egin diren mobilizazioetan, Bilbon, Donostian zein Gasteizen, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituta.

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunetan bezala, oso jarraipen zabala izan du Hezkuntza Publikoko Sukalde eta Garbiketako grebak. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 470 sukaldarietatik %83k eta 330 garbitzaileetatik %65ak egin du bat deialdiarekin eta irten da kalera administrazioaren ardura zuzenaren pean dauden Sukalde eta Garbiketan egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

2009tik hitzarmenik gabe dagoen eta gobernuak pribatizatzeko nahia duen kolektibo honetan, hauek dira, azken urteetan mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

-Plantillen egonkortzea. Momentu honetan, kontratu guztien %63 behin-behinekoak dira (400 langiletik gora).Sukaldarien artean %62 eta garbitzaileen artean %61.

-Egiturazko lanpostu guztiak Lanpostu Zerrendan sartu eta jardunaldi osokoak izatea.

-Egiturazko lanpostu ugarik ez dutela %100eko jarduna eta aldiz asteko 2.420 ordu inguru kasu gehienetan iruzurrezkoak diren “laguntza kontratu” bidez betetzen direla.

-Sukaldetako ratioak eta garbitzeko metrajeak gutxitu eta egokitu. Azken urteetan lan-kargak eta ardurak asko handitu dira eta kasu batzuetan ratioak eta metrajeak ere ez dira betetzen, ez dira egungo errealitateari egokitzen.

-Ordezkapenak lehen egunetik bete. Ez dira betetzen edo oso berandu betetzen dira.

-Langileek bete beharreko funtzioak zehaztu eta lan kategoriak aitortu behar dira. Kategoriak eta soldatak azken mailetakoak dira eta kasu batzuetan ardura handiko funtzioak betez.

-Eroste ahalmena berreskuratu. 2010 geroztik %11tik gorako eros-ahalmen galera pairatu dugu, 16.000 eurotik gorako galera metatua (urteko soldata osoaren %73tik gorakoa).

-Langileen prestakuntza eta euskalduntze planak gauzatu. Euskalduntzeko plana eta baliabiderik ez da ezarri. Eta prestakuntza planik eta ekintzarik ere ez dago.

-Azpiegituretan inbertsioak egin, berritu edota sortu. Azken urteetan, azpiegiturak zahartzen utzi dira, ez da inbertsio eta berrikuntzarik egin eta eskola berrietan ez dago sukalderik.

-Erretiroa errazteko neurri eta pizgarria ezarri. Izan ere, erretiroa errazteko neurriak bertan bera utzi dizkigute.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez Sukalde eta Garbiketan ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk ez da jasotzen.

Hezkuntza Sailari Sukalde eta Garbiketako egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute utziko.