2026-07-10
Blog Page 896

EHUko behin behineko irakasleei aitortu zaizkien bosturtekoak ordain dakizkien eskatzeko elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean

0

Aitortuta eduki arren, EHUko irakasle ez-iraunkorrak ez daude bosturtekoak kobratzen ari. Behin behiniko irakasleen urtetako erreibindikazioa izan da bosturteak aitortu eta kobratzearena. Izan ere, irakaskuntzari dagokion osagarri hau irakasle iraunkorrei soilik onartzeak diskriminazioa ezartzen baitu irakasleen artean. Izan ere, 2015ean berrehun irakasle ez-iraunkor inguruk osaturiko kolektibo batek mobilizazio ezberdinak antolatu zituen beren eskubideen defentsan, EHUren erantzuna, ordea, entzungorrarena izan zen.

Diskriminaziohorrenaurka,berriz, 2016ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiaren gizarte arloko epaimahaiak EHUko behin behineko irakasle bati bost urtekoen deialdian parte hartzeko eskubidea aitortu zion. Orduan, deialdi berezia zabaldu zen behin behiniko irakasleek bosturtekoak eska zitzaten. Batzuek aitorpena lortu arren, kobratu barik jarraitu zuten, irakasleen soldatak ezartzen dituen 41/2008 dekretuan ordaindu beharrekoa jasotzen ez dela aitzakiatuz.

Jaurlaritzak, berealdetik, epaiaren kontrako helegitea jarri zuen. 2017ko urriaren 18an, berriz, Gorenak langileoi arrazoia emanez, sententzia irmo bihurtu zuen.

Beste aldetik, 2017ko martxoan, beste epaia batek EHU kondenatu zuen irakasle atxiki bati aitortutako 5 urtekoak ordaintzera, baita ordaindu beharreko kantitatea ezarri ere. Epaileak zehazten du ez dela beharrezkoa 41/2008 aldatzea bost urtekoa ordaintzeko, ordura arte erabilitako argudioa bertan behera utziaz. EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententzia horri. Baina, 2017ko irailean helegitea bertan behera utzi eta irakasleari ordaintzera behartu zuen beste epai batek. Hala ere, ordainketa ez da orokortu, eta horretarako aipaturiko 41/2008 dekretuaren aldaketaren beharrean justifikatzen du EHUk ordaindu ezina.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari 41/2008 dekretaua aldatzeko eskatzen diogu, behin behiniko irakasle guztiei aitorturiko bosturtekoak ordain dakizkien ahalbidera dezan, gaur unibertsitatean ematen den diskriminazioarekin amaituta. Era berean, EHUko zuzendaritzari eskatzen diogu, irakasleon eskubideak epaitegietan banan banan onartu arte itxaron beharrean, langileon alde egin dezan eta behin behiniko irakasleen eta iraunkorren arteko diskriminazioaz amai dezan.
Eusko Jaurlaritza eta UPV/EHUko zuzendaritzari ez ikusiarenea ez egiteko eskatzen diegu eta langileon arteko diskriminazioarik ez egiteko.
 

 

 

Lan berdinagatik baldintza berdinak eskatuz mobilizatu dira Enplegu Zentro Berezietako langileak Gipuzkoako Aldundian

Gaur abenduaren 4an, aniztasun funtzionala duten pertsonen egunaren testuinguruan, Gipuzkoako enplegu zentro berezietako langileok Gipuzkoako Foru Aldundira eraman dituzte euren aldarrikapenak, “Lan berdina, baldintza berdinak, aniztasun funtzionaleko langileen kontrako diskriminaziorik ez” lemapean.

Pertsona guztiak bere bizitza libre bizitzeko eskubidea izan beharko lukete, baina aniztasun funtzionala dutenen kasuan hau ez da gertatzen. Nahiz eta azkenengo urteetan aurrerapausu asko eman diren, gaur egun oztopo asko dituzte hezkuntzan, enpleguan, aisian edo beste eremu askotan parte hartzeko. Eremu hauetan irisgarritasun egokirik ez izateak jendartetik baztertzen ditu eta eskubideak kentzen dizkie.

Enplegu bat izatea ezinbestekoa da jendartean integratzeko eta bizi duin bat bizi ahal izateko. Baina enplegu hau duina izan behar eta lan baldintza onetan eman behar da.

Enplegu bat duten aniztasun funtzionala duten langile gehienak Enplegu Zentro Berezietan egiten du lan. Zentro hauek, aniztasun funtzionala duten langileka lantoki arruntetan integratzeko trantsizio moduan diseinatu ziren, baina praktikan ez da ia trantsitziorik egiten, eta zentro hauetan lan egitera kondenatzen dituzte. Honela, lan esku merkea lortzeko enpresak bilakatu eta administrazio publikoen azpikontrata merkeak bihurtu dituzte. Beste kasu batzuetan, lantoki arruntetan aritzen dira “enklabe” direlakoetan, bertakoen lan antzekoa merkeago egiten.

Langile hauek askatasunez lana aukeratzeko eskubidea dute, eta horretarako ezinbestekoa da instituzioen inplikazioa lan merkatuaren egokitzapena egiteko eta lan mundua ingurune ireki, inklusibo eta irisgarria bihurtzeko.

Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileak enplegu arruntean sartzeko neurriak sustatuko ditugu, negoziazio kolektiboan ere haien integrazioa lortzeko neurrien alde borrokatuko gara eta instituzioei langile hauen diskriminazioari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatuko diegu.
  

 

 

Prekarietatearen kronifikazioa ematen ari da erregistratutako langabeziaren jaitsierarekin batera

Azaroan enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1.861 pertsonetan egin zuen behera aurreko hilearekiko, hau da, %1,1 gutxiago. Hortaz, 163.514 pertsonetan kokatzen da langabezia zifra ofiziala. Hauetattik, %56,8 emakumezkoak dira.

Jaitsiera hau, mugatua izan arre, nahiko orokortua izan da lurralde eta sektoreetan. Nafarroako industrian eman da salbuespena, 210 langabetu gehigorekin, igoera nabarmena dena hilabete baterako.
Bestalde, probestu nahi dugu atzo Aniztasun Funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela, kolektibo honetako kideek jasan behar dituzten lan-bazterkeriako baldintza jasanezinak ikustarazten ahalegintzeko.

Kontratazioari orokorrean begiratzen badiogu, derrigorrezoa da prekarietatearen kronifikazioa salatzea, sinatutako kontratuen %93a baita aldi baterakoa. Gainera, oso laburra da aipatu kontratuen iraupena. Sinatutako aldi-baterako kontratuen ia erdia hilabetetik beherakoa da, eta beste heren batek zehaztu gabeko iraupena dauka sinatzen denean.

Datu hotzak direla eman dezaken, baina enpleguan dagoen itzelezko desegonkortasunaz ohartarazten digute.

Kezkarareko beste elementu bat langabeziagatiko babes sistema espainiarrak ematen duen estaldura mugatua da. Egun, Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian dauden guztien %30ak soilik jasotzen du langabeziagatiko edozelango prestazioren bat.

Kasu honetan ere emakumeen egoera okerragoa da. %27,4raino murriztu da estaldura tasa emakumeen artean. Gizonezkoen artean aldiz, %33,4an dago.
 

 

 

Hezkuntzan jauzia eman beharra aldarrikatu dugu Kontseiluarekin batera sindikatu zein hezkuntzako eragileok

0

EAEn Hezkuntzaren aldeko Akordioa delako prozesua zabaldu den honetan, Kontseiluak sustatuta, hizkuntzaren eremuan jauzia eman beharra aldarrikatu dugu gaur hezkuntza zein sindikatuetako eragileok: Euskal Herriko Ikastolak (Koldo Tellitu), HEIZE (Iñigo Salaberria), Hik Hasi (Joxe Mari Auzmendi), Kristau Eskolak (Mikel Ormazabal), Sortzen (Olatz Egiguren), UEU (Iñaki Gonzalez-Murua), ELA (Miren Zubizarreta), LAB (Ibai Redondo) eta STEILAS (Xabin Arrizabalaga).

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu duenez, “agerraldian gaudenok biltzen gaituena euskararen normalizazioaren aldeko jarrera eta jarduna dira. Horrexegatik, eskaera bateratua egin nahi dugu: Bada garaia ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikasteredu orokortua abian jartzeko”. Horretarako baldintza errealak ikusten dituzte aipatutako eragileek, “irakasleria alde dago, horren aldeko gehiengo soziala eta sindikala ere badago”, gaineratu du Bilbaok.

Halaber, azaldu du, hainbat azterketek agerian utzi duten moduan, euskararen gaitasun egokia eskuratzeari dagokionez, egungo ereduek goia jo dutela. Ildo horretan, Bilbaoren hitzetan aldarrikatu dute, “ikasle guztiei eskubide berdinak bermatu behar zaizkie, ezin dira lehen mailako eta bigarren mailako ikasleak bereizi”.

Ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan izan beharko lituzketen gaitasunak ere zehaztu dituzte: “euskaraz eta gaztelaniaz, gutxienez, B2 mailaren gaitasunak eta ingelesez B1 mailaren gaitasunak eskuratzeko beharrezkoak diren tresna guztiak jarri eta inbertsio guztiak jarri behar dira. Iraulketa egiteko garaia da”.

Bilbaok, halaber, azaldu du ez garela hutsetik abiatzen eta iraulketa egiteko bitartekoez hitz egin du. “Proposamen zehatzak badaude horri buelta emateko: Ikasle Euskaldun Eleaniztunak eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa”, eta horien inguruan esna du: “Hezkuntza komunitatearen eta gizartearen babes handiagoko proposamenik ez dago gaur egun”.

Egin beharreko bidea zein den badakigula ere esan du Kontseiluko eledunak, “urteetako eskarmentuak erakutsi digu posible dela belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izatea. Ezin dugu onartu ikastereduak mantentzea, eta, ondorioz, urte luzez sistema horren ondorioz belaunaldi berrien euskalduntzea hipotekatzea. Ezin dugu onartu ikasleei berezko hizkuntza ikasteko eskubidea urratzea. Hezkuntzaren alorrean bidegurutzean gaude eta guztiok batera norabide egokia hartu behar dugu”.

Tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatu behar zaiola ere esan du Bilbaok, “bai, hain zuzen ere, soziolinguistikoki zailagoak diren guneetan inbertsio gehiago eginez, ez, ordea, lortu beharreko gaitasunak jaitsiz. Ikasle guztiek gaitasun berdinak lortzeko eskubidea dute, eta hori begirako inbertsioak egin behar dira”.

Eskaera zuzena eginez amaitu da Bilboko agerraldia eta horrela laburbildu du Kontseiluko idazkari nagusiak: “nahi dugu, Akordio honek lege berri bat ekarriko balu, bertan jasota egotea ikasteredu orokortu bat egongo dela Ikasle Euskaldun Eleaniztunak edota Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak jasotzen dituen baldintzetan. Halaber, hizkuntza-gaitasun horiek lortzeko beharrezko inbertsioak ere bermatu beharra eskatzen dugu”.
 

 

 

APDEMAn ordainsariak eta lanaldian hobekuntzak jasotzen dituen aurreakordioa lortu da

APDEMAko ENPRESA BATZORDEAren OHARRA

"Sinatutako aurrekordioa azken lau urteetako lehenbizikoa da eta amaiera jartzen dio 8 urtez ordainsaria igoerarik gabeko egoerari, ondorioz, erosmen galera handia izan dute APDEMAko ia berrehun langileek. Aldi berean, 2020rako lanaldiaren murrizketa adostu dute 2020rako.

Bi aldeek aurreakordio hau garatzeko konpromisua hartu dute, beste gaiak APDEMAko hitzarmena kolektiboaren bitartez negoziatuz.

Aurrekordio honen edukiari, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Administrazio Kontseiluak bere oniritzia eman behar dio. APDEMAko Enpresa hitzarmenaren menpean dauden zerbitzuak, GOFEko kudeaketa itunduko zentroak baitira.

APDEMAko Enpresa Batzordeak ondo deritzo aurrekordio hau izenpetzeari, elkarrizketa, negoziazioa eta elkarlanari berriro ekiteko eta azken urteetan galdutako lan baldintzak berreskuratzeko, eta aldi berean, Elkarteak famili eta adimen urritasuna duten pertsonei emandako zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko ere. Aurrekordio hau, bi aldeetako borondate eta arduragatik sinatu ahal izan da eta APDEMAko Enpresa Batzordeak espero du Gizarte Ongizaterako Foru Erankudearen partetik jarrera bera izatea."
 

 

 

Igor Urrutikoetxearen laugarren urteurrenean, Kataluniaz berbetan Lezaman

Azaroaren 28an lau urte bete ziren Igor Urrutikoetxea LABeko Nazioarteko arduraduna hil zela. Urtero egiten duten antzera, omenaldia egin zioten Lezama bere jaioterrian, , sindikatuko kide askoren presentziarekin, besteak beste, Dabid Lizarralde Exekutiboko kidea.

Urtero, herri baten inguruan antolatzen dute omenaldia. Iaz Kurdistanen inguruan, Txente Rekondo eta Irantzu Pastorrek egin zuten bazkalosteko solasaldia, aurten, Kataluniaren txanda izan da, Marta Rovira Bartzelonako CUPeko zinegotziarekin.

Abenduaren 2an, larunbatez, 50 pertsona inguru elkartu ziren Lezamakao Oxangoiti herriko tabernaren atarian. Hotza, euririk ez. Aurkezpen laburrarekin eman zitzaion hasiera egunerokoa. Eguneko plana azaldu zuten. Paseo laburra Urrutikoetxearen familiaren etxe aurreraino, eta han ekitaldi laburra bere omenez landatutako arbolaren inguruan. Lezamako auzokide baten hartu zuen hitza, biribilean bere inguruan zeuden guztien aurrean, eta Igor Urrutikoetxeak lau urte hauetan utzitako hutsunea aipatu zuen, eta bere izaera borrokalaria nabarmendu. Beste kide batek poema sentikor bat irakurri zuen eta kanturako tartea ere izan zen, “Loretxoa”-rekin. Kataluniatik zetorren gonbidatuak, Marta Rovirak, estelada bat jarri zuen arbolan eta elkartasun hitzak izan zituen Igor eta Euskal Herriko borrokarentzat.

Ondoren, bazkaria Oxangoitin eta solasaldia Kataluniako egoeraren inguruan. 2000. urtetik hona gertatutakoaren errepaso polita egin zuen Marta Rovira CUPeko kideak. Oinarriak udalgintzak zituen CUPen hazkundea, lehenengo 3 diputatu lortuz, gero 10, erabakiorrak izateraino… Azken hilabeteotako zurrunbiloa aletuz; erreferenduma. Errepublikaren aldarrikapena, preso politikoak… Konfidantzako giroan joan zen solasaldia eta galderantzako tartea ere egon zen.

ELKARTASUN MEZUAK NAZIOARTETIK
4. Urteurrenean ere nazioartetik elkartasun mezu ugari jaso ditugu Igor Urrutikoetxeak langileen eskubideen defentsan egindako lana goraipatuz. Besteak beste, Kubako CTC sindikatutik (Central de Trabajadores de Cuba) jasotakoa.

 

 

 

“Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” mahai inguruan izan gara

0

Abenduaren 1aren eta 2an, #EHTourist “Tourist, are you welcome?” jardunaldiak izan dira Bilbon. LAB bertan izan da turismoak merkataritzan eta bertako langileengan duen eragina azaltzen Merkataritza sektoreko Agurne Gaubekaren eskutik.

Ostiralean, Lehenengo eta begirada eta aurkezpena egin zuten, Bartzelonako Assemblea de barris per un turisme sostenible taldeko kidearekin. Ondoren, “Turismoaren ondorioak Euskal Herrian” landu zituzten mahai-inguruan, Igor Ahedo, Markel Ormazabal eta Amets Jauregizarrekin. Begirada hirukoitza, unibertsitatetik, herri mugimendutik eta instituzioetatik.

Larunbatean, hiru mahai inguru izan ziren. Turismoaren ondorioak eta honen bilakaera Bilbon, lehenengoa. Instituzioak eta turismoa bigarrena, alderdi politikoetako ordezkariekin. Hirugarrena izan zen “Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” izenburua zuena. Bertan, Agurne Gaubeka LABeko kideak parte hartu zuen, Ernai, SOS Alde Zaharra, Deustuko Zirikatzen, Tourcert eta Baskale elkartearekin.

Gaubekak azalduko turismoa eta merkataritzaren harremanaren inguruan jardun zuen, enpleguan dakarren eraginean zehaztuz. Merkataritza-sektoreko kide da Agurne Gaubeka.

Merkataritza-sektoreko kide den Agurne Gaubekaren interbentzioa

"1 – Turismoa eta merkataritza, loturarik al da?
Turismoak merkataritzan duen eraginari buruzko gogoeta egiteko eskatu zidaten eta nik argi esango dut egun Bilbon turismoak ez duela eraginik merkataritzan. Hau ez da Magalluf ezta Bakio (eta honetan noski ez dut ezer justifikatu nahi) non neguan ia inor gelditzen ez den eta udan hilabete batzuetako biztanleria gehitzen den. Hiri eta herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bakoitza kontuan izanda gestionatu behar dira bai merkataritza eredua zein turismo eredua.

Hau da, zertaz ari gara hitz egiten…

– Toki zehatz batzuetan biztanleria hilabete batzuetan normalean baino gehiago hazteaz eta honek sortzen dituen beharrez (adibidez Euskal Herrian herri turistiko batzuetan neguan dendek ez dute ia ezer saltzen beraz ixten dute eta udan irekitzen dituzte ordu gehiago urte osoan bizi-irauteko)

edo…

– Merkataritza kate eta multinazionalak merkataritza osoa jateko sustatu nahi duten kontsumo turismoaz?

Gauza da, eragina izatea nahiko luketela eta aitzakia bezala erabiltzen dutela turismoa, merkataritza eta kontsumo molde kapitalista are gehiago bultzatzeko. Beraz, ez ez dago eta ez litzateke egon beharko, merkataritza beharrak asetzeko tresna izan behar da eta ez kontsumismo mugagabe eta kalitate gabekoa eta moden araberakoa.

2- ZGAT zonaldeak: Bilboko merkataritza, kontsumo eredu eta langileengan duen eragina.
Horretan aritu dira Bilbon ere azken urte hauetan PNV-ren eskutik. Izan ere, 2014tik ZGAT (Emari Handiko Zonalde Turistikoen legea) Espainiako estatuan ezarri zenetik, Bilbo izan zen lehena EAEn legedi hau aplikatzea eskatzen. Legearekin, 100.000 biztanle baino gehiago dituzten hiriek eta 600.000 gau-igarotze baino gehiago dituztenek, gutxienez ZGAT zonalde bat ezarri behar zuten.

Bilbok, 5 ezarri ditu eta kate-komertzial handiak ezartzen diren zonaldeetan jartzen ditu urtero. Abando, Indautxu, Garellano, Alde Zaharra eta Deustu. Zonalde hauek dira, hain zuzen ere, kate-handiak ezarrita edo ezartzeko proiektuan daudenak.

Eusko Jaurlaritzak, era berean, Espainiako Legedia bere egiterakoan (konpetentzien inbasioaren diskurtsoarekin ez zuten jarraitu), horren kopia hutsa garatu zuen, merkatari elkarte batzuk, kontsumitzaileak, eta langileak kontuan hartu barik. Beraz, kate handien neurrirako legedia onartu zuten, eta honela, edozein aitzakia jarrita Turismo Ugariko Zonalde deklaratu ahal den edozein herri edo hiri.

Gainera, Zonalde turistiko deklaratzean Bilboko Hirigintza-plana ere moldatu da, merkataritza marka handiak Bilboko erdialdera etortzea ahalbidetzeko (Zara, Primark, Mercadona…) eta beraien zerbitzura jartzen dute inguruko hirigintza osoa osoa, Bilboko merkataritza planetik ateraz, inolako arazorik eduki ez dezaten aparkaleku, zarata, zaborrak etab-ekin. Nola ez hirigintza-negozioak ere hor daude.

Ze eragin du legedi honek Bilboko merkataritzan orokorrean?
Batetik, Zonalde horietako komertzioek irekitzen badute, inguruko zein gainontzeko auzoetako merkataritza kaltetzen ari dira. 

Bestetik, nola ez merkatari txikiak kaltetzen ditu. Orain arte 300 metro karratu baino gutxiagoko zentroek askatasun osoa dute irekitzeko, baina askok ez dute egiten handiek irekitzen ez dutelako. Zer gertatuko litzateke turismoaren aitzakian handiek, frankiziek barne, irekiko balute? Autonomo eta denda txiki askok ez dutela gaitasunik horrenbeste egun irekitzeko. Gainera, turismoa gehitu arren, gurera datorrena ez dator erosketak egitera, beraz kontsumoa dibertsifikatzera baino ez gintuen eramango, hau da, igande eta jai-egun baten Turismo Ugariko Zonalde baten erositakoa, astelehenean auzoko dendan erosiko ez duguna izango da.

Ze eragin langileengan?
Zer esanik ez, langileen lan-baldintzak kaltetuak izango liratekeela, izan ere, aisia zein bizitza familiarrarekin denbora uztartzeko arazoez gain, beste hainbat arazo sortzen dira. Malgutasuna (adib. MTVengatik edo BBK-Liverengatik turista gehiago datozelako), lanaldiak luzatzea, lan-kargak handitzea… Gezurra da turismo gehiago egoteak lan postuak sortzen dituela. Kontrakoa, lan-postuak suntsitzen egiten ditu (batik bat merkataritza-txikiarenak) eta merkataritza handian ia ez da lanposturik sortzen. Lan-karga handitzen da eta beste toki batzuetan ere hasieran ordu horiek gehiago ordaintzen zizkieten boluntarioei konfliktibitatea gainetik kentzeko, baina liberalizazio osoa eman den tokietan, ordu horiek ohiko lan-ordu edo egun bezala ordaintzen amaitu dute.

Bestalde, lan-baldintzen inguruan, turismoaren aitzakian, sustatzen duten zentro eta multinazional handietariko askok hitzarmen estatal propioak dituzte eta hor borroka erronka handiak sortzen zaizkigu. Kontuan hartu behar da lan-erreformak beraien aldeko mekanismo asko sortu dituela.

Ze eragin kontsumo ereduan?
Batetik, kontsumo eta erosketei zuzendutako turismoa bultzatu nahi dute Bilbon eta hau, erabat lotua dago sustatu nahi den turismo modeloarekin.

Bestetik, Bilbotarren kontsumo ereduan turismoa sustatzeko neurriek izan dezaketen eragina dago: kontsumo masibora zuzenduta, gure beharretatik harago doana eta produktuen kalitatea, hurbiltasuna eta produktu horren salmentan zein produkzioan lan egiten duten langileen lan-baldintzak axola ez zaizkigularik.

3- Nora eraman nahi gaituzte eta zeintzuk izango dira hurrengo urteetako erronkak?
Turismoa gure hiriko sektore guztientzat salbatzailea dela sinestarazi digute, salmentak eta kontsumoa igoko dituen eta etorkizuneko diru-sarrera iturri jarri nahi dute. Guztiontzako onura izango dela esaten digute, baina benetan gure hiria sektore honetan oinarritzea bideragarria da, ezaugarriak ditu bai gure gizarteak, zein gure lurraldeak sektore hori bultzatzeko? Ezezkoa bada, aztertu behar da zergatik eta zein edo zeintzuk sektoretan eta nola biziko diren bilbotarrak (Euskal Herriko eredu ekonomiko baten barruan), hiria herritarrentzat eta herritarrek eraikia izan behar duelako. 

Baiezkoa bada, sakondu behar dugu eta eztabaidatu behar dugu sektore horretan oinarritutako hiriak zein eredu sustatu behar duen eta sektore guztien arteko kohesioa eraman. Horretarako beharrezkoa da “tarta” beraien eskuetan ez uztea. Egun behintzat eraso puntualen aurrean babesten gaude, sektore batzuk ez dute nahi eztabaida errotik hartu beraiei kapitalismoaren tarta pusketak eroriko zaizkielakoan.

Guzti honen aurrean beharrezkoa ikusten dugu langileen artean Turismoa eta inposatu nahi diguten eredu zein baldintzez eztabaida sakona eman eta aliantzak sortzea. Legediak eta arauak hor daude kapitalismoaren zerbitzura, ez dugu ezer egin behar legedi eta arau horiek herritarron zerbitzura jartzeko?"
 

 

 


Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio LABi eta Siemens-Gamesari eta Mutualiari agindu die lan-istripuak eta euren larritasuna izkutatzeari uztea

0

Pasa den maiatzean LABek salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan Siemens-Gamesa enpresaren kontra, enpresa horretan ilegalak eta ohikoak ziren jarduerak salatuz, lan-istripuak izkutatu eta ukatzeko helburuaz egiten zituenak. Ikuskaritzak ikusi du salatutakoak egiazkoak direla eta horrelako jarduera ilegalak bertan behera uzteko eskatu dio.

Salatzen genuena zen, enpresak, osasuna kaltetzen zuen edozein lan-istripuren aurrean, bajak eurak eta hauek aitortu eta jaso daitezen ekiditeko asmoz, jarduera ilegalak egiten dituela Mutualia mutualitatearen lankidetzarekin.

Istripu baten ondoren enpresak Mutualiara deitzen du honi eskatzen dio istripua izan duten langileari baja edo aldi baterako ezintasuna ez aitortzea. Eurenak ez diren zereginak ezartzen zaizkie langile horiei edota ataza zentzugabeak.

Beste behin ikusten da erraza dela izkutatzea, gezurretan ibiltzea eta ez betetzea, eta mutualitateen konplizitatea lanean ematen diren osasunaren kalteak izkutatzeko. Erakusten da mutualitateek kontu ekonomiko eta enpresen interesei ematen dietela lehentasuna langilen osasun eta eskubideen gainetik.

Era berean Eusko Jaurlaritzari eta Osalaneko zuzendariari zuzenketa publikoa eskatzen diegu, prentsara pasa den uztailaren 3an egindako adierazpenetan esaten baitzuen “badira Gamesa eta Sidenor bezalako, enpresak, prebentzio arloan oso ondo egiten ari direnak”. Enpresa bi hauek salatuak eta zigortu egin ditu ikuskaritzak istripuak izkutatzeagatik. Eusko Jaurlaritzak eredu moduan jartzen ditu eta jardunaldietara gonbidatzen ditu propaganda egiteko.

Hau da prebentzio arloan bilatzen dugun enpresa eredua? Ia zeinek istripu gehiago izkutatzean oinarritzen den eredua?

Enpresa hauek ez dira istripuak izkutatzen dituzten bakarrak. Enpresa handiak izan ohi dira, presiorako gaitasuna eta botere politiko eta ekonomikoa dutenak. Ikuskaritara eramango ditugu guk dakigula praktika ilegal hauen ezagutza dugun enpresa guztiak.

Guzti horrengatik, berriro ere aldaketa eskatzen dugu prebentzio politiketan. Osasuna lehentasun izango duen eredu berria, mutualitateen gaineko kontrol handiagoa euren desagertze eta sistema publikora bideratzean, kalitatezko osasun eredu publikoa sortzeko.
 

 

 

Lan berdinagatik baldintza berdinak, aniztasun funtzionala duten langileentzat ere

Igandean da abenduak 3, Aniztasun funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Eguna. LABek kolektibo honek pairatzen duen prekarietatea salatu eta instituzioei egoera honi aurre egiteko inplikazioa eskatuko die. Bide honetan, Gipuzkoako Enplegu Zentro Berezietako langileek kontzentrazioa egingo dute astelehenean, abenduak 4, “Lan berdina, baldintza berdinak, aniztasun funtzionaleko langileen kontrako diskriminaziorik ez” lemarekin, 12:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Aniztasun Funtzionala duten pertsonek lan merkatu arruntean integratzea eta inkorporatzea instituzioen helburua izan beharko litzateke baina langile hauek honetarako dituzten zailtasunak argiak dira.

Langile hauen erdiak bakarrik enplegu bat du eta gainera gehienak Enplegu Zentro Berezietan lan egiten dute lan baldintza oso prekarioetan.

Enplegu zentro berezietako langileak juridikoki soldatapekoak badira ere, lan baldintza espezifikoak dituen sektorea da. Berez, zentro horiek, aniztasun funtzionala duten langileek lantoki arruntetan integratzeko trantsizio moduan diseinatu ziren, baina praktikan, kasu gehienetan ez da trantsiziorik egiten eta zentro horietan lan egitera kondenatzen dituzte. Honela, lan esku merkea lortzeko enpresak bilakatu eta administrazioen azpikontrata merkeak bihurtu dituzte. Beste kasu batzuetan lantoki arruntetan aritzen dira “enklabe” direlakoetan, bertakoen lan antzekoa merkeago egiten.

Langile hauek askatasunez lana aukeratzeko eskubidea dute, eta horretarako ezinbestekoa da instituzioen inplikazioa lan merkatuaren egokitzapena egiteko eta lan mundua ingurune ireki, inklusibo eta irisgarria bihurtzeko.

Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileak enplegu arruntean sartzeko neurriak sustatuko ditugu eta Instituzioei langile hauen diskriminazioari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatuko diogu.