2026-04-10
Blog Page 895

Katalunia presente, urriaren 12ko mobilizazioetan

LAB sindikatuak aurtengoan ere planto egingo dio delako "Hispanitate Egunari", inposatutako jai egun bat izanik. Ez dugu ezer ospatzeko. Lanean gaude gaur, bulegoak ireki ditugu eta, aldi berean, kalean egon gara mobilizatzen. Hain zuzen ere, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta inposizioaren aurka goizean egin diren mobilizazioetan izan gara, Bilbon zein Gasteizen. Testuinguru berezian etorri da aurtengo urriaren 12a, Kataluniako egoera puri-purian dagoenean.



Iruñeko Gaztelu Plazatik 17:00etan abiatuko den manifestaziorako deia ere egiten dugu, "Demokrazia eta erabakia" lemapean.
 

 

 

Oreretako lau gazteak libre uzteko exijitu dugu hainbat sindikatuk

0

Oarso-Bidasoako LAB, ELA, CCOO, ESK, CGT eta STEILAS sindikatuok elkarretaratze bat egin genuen atzo Oreretan, Iruñean atxilotutako herriko gazteei babesa emateko. Zazpi hilabete bete dira herriko lau gazte horien etorkizuna eten zutenetik, espetxeratu zituztenetik, mobilizazio liskartsu batean parte hartzeagatik. Guztiz bidegabea eta desproportzionala den egoera hau salatu dugu protestarekin.

Gazte hauek, martxoan izan ziren atxilotuak eta errugabetasun presuntziorik gabe espetxeratuak. Hori gutxi ez, eta Auzitegi Gorenak, terrorismo kalifikazioa eman die gertakarioi. Horrek dakarren guztiarekin, Audientzia Nazionalak epaitzea, dispertsioaren aplikazio arriskua, euren etorkizuna moztea…

Argi dugu, gertakari hauek, espainiar estatuko beste edozein lurraldeetan ez zirela terrorismo bezala kalifikatuko. Berdintasun printzipio hori aldarrikatzen dugu. Gazte hauek ez dira terroristak.

Ezinbestean, Sindikatuok, gure erantzukizunari heldu behar genion, ezberdintasun sindikalen gainetik, koherentzia politikoari helduz eta ondorengoa adierazi:

1.- Gazte hauei eta euren hurbilekoei gure babes osoa.

2.- Eskualdeko herritarrak, eta bereziki langileak, urriaren 11ean, 7 hilabete espetxean bete dituzten egunean hain zuzen ere, mobilizatzeko deia luzatu, ondorengo aldarrikapenen bueltan: atxilotuen berehalako askatzea, terrorismo kalifikazioa ezabatzea eta gertaerak auzitegi arruntean, hau da, Nafarroan epai daitezela.

3.- Gure konpromiso publikoa eskualdeko ahalik eta enpresa gehienen atxikimendua jasotzeko.
 

 

 

Kalera irten dira Gipuzkoako ostatuen sektoreko langileak

0

Elkarretaratze bat egin dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok gaur, Donostian, Hotel Londresen aurrean. Hain zuzen ere, hitzarmen duin bat eskatu dugu Gipuzkoako ostatuen sektoreko langileentzat, eta ez dugula azpikontratazioa arautzen ez duen hitzarmenik sinatuko nabarmendu dugu.
 

 

 

Torraspapelek Kataluniako prozesuaren aurka egin izana salatu dugu

0
Leitzako Torrespapeleko LABen atal sindikalak salatu nahi du enpresak Kataluniako prozesuaren kontrako estrategiarekin bat egin duela. Torraspapel taldeak egoitza soziala Bartzelonatik Madrilera eramatea erabaki du. Enpresak aitzakia bezala erabili du Katalunian sortutako ziurgabetasun egoera.

Argi eta garbi utzi nahi dugu, TorrasPapel taldea, LECTA taldearen parte dela, eta azken hau CVC holdingaren parte dela. Arrisku-kapital funts honek Luxenburgon du egoitza soziala, paradisu fiskal batean.

LABetik, gure elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herri langileari, egun hauetan jasan duen eta jasaten ari den errepresioarengatik eta xantaia ekonomikoagatik.

Onartezina deritzogu botere ekonomikoak Kataluniako prozesuan eragin nahi izatea, prozesu demokratiko baten aurka egitea eta prozesua bera baldintzatu nahi izatea, herritarren erabakitze eskubidea ez errespetatuz. Onartezina da Torraspapel estrategia honetan kokatzea, are gehiago, arrisku-kapital funts baten parte denean eta bere egoitza soziala paradisu fiskal batean duenean. Luxenburgon egoitza soziala izatearen helburu bakarra da, Katalunian edo Espainiako estatuan ahalik eta zerga gutxien ordaintzea denean.
 

 

 

Eskola feminista aurkeztu dugu, sindikatuaren praktika feminista gaurkotu eta egokitzeko tresna bezala

Prestakuntza saioak Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feministak eskainiko ditu. Horretarako, lankideta hitzarmena sinatu dute gaur LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idoia Arraiza Emagineko idazkariak Donostian. Prestakuntzaren ildoak, ikusmira aldatu, feminismoa, ahalduntzea eta estrategia sindikal-feminista izango dira. Irailetik abendura, 90 militante baino gehiago ari dira parte hartzen prestakuntza saio hauetan, emakumez osatutako 3 taldetan eta gizonek osatutako 2tan.

Azken urteetan urrats ugari egin ditu LAB sindikatuak feminismorantz. Gasteizen maiatzean egindako 9. Biltzar Nagusian bere praktika feminista gaurkotzeko erabakia hartu zuen. Prozesu honek sindikatuaren ekintza sindikalean, diskurtsoetan, aldarrikapenetan, praktikan ere… isla izatea garrantzitsutzat jo zen onartutako ponentzietan.

LAB aldatu egin da; emakumeok gero eta presentzia handiagoa dugu, eta gainera, sindikatuaren feminismoarekiko konpromisoa gero eta indartsuagoa da. Feminismoak berak bilakaera nabaria izan du; proposamen eta alternatibetan asko aurreratu da, batetik, eta, bestetik, Euskal Herrian feminismoaren baitan izandako aliantza estrategikoek feminismoak agenda politiko-sindikalean leku bat izatea lortu dute. Bilakaera ezberdinek beharrezkoa egiten dute sindikatuaren praktika feminista gaurkotu eta egokitzea, lortu nahi dituen erronka berriei erantzuteko prestatzea.

Horretarako, ezinbestekoa ikusi zen ordura arteko Emakume Idazkaritza gaindituko zuen “Politika Feministako Idazkaritza” osatzea eta martxan jartzea. Sindikatuaren diskurtso politiko-sindikal feminista garatzea, praktika feminista egokitu eta erronka berriak zehaztea, praktika feminista egokitu eta erronka berriak zehaztea, praktika feminista ekintza sindikalean txertatzea eta mugimendu feministarekin dauden aliantzetan sakontzea dira, besteak beste, Idazkaritza sortu berriaren egitekoak. Horretarako, funtsezkoa ikusi zen Idazkaritzaren aliatuak izango diren emakume militanteak saretzea, izan soldatapekoak, pentsiodunak edo bere etxean ari diren etxeko langileak.

Zentzu honetan, gizon eta emakumeen arteko Aukera Berdintasun Plana, feminismoan aurrera egiteko urrats berriak egitea ahalbideratuko duen Plan Feminista bilakatu du LABek.

Prozesuan laguntzeko, sindikatuko emakumeak ahaldundu eta gizon eta emakume militanteak feminismoan janzteko, Eskola Feminista jarri du martxan LABek.

Eskolaren helburua, sindikatua osatzen duten orori praktika feminista bere jardueran txertatzeko bitartekoak eskaintzea da, formatibo zein analitikoak, eta feminismoa ardatz hartuta, eztabaida eta prestakuntzarako espazio bat sortu.

Bitarteko ezberdinak eskainiko ditu Eskola Feministak, batetik prestakuntza saioak eta hausnarketarako espazio presentzialak jarriko dira martxan. Bigarrenik, mintegiak, eskualdeko markoetan gai espezifikoei buruz lanketa egiteko (delegatu eta militanteek parte hartuko dute hasieratik). Hirugarrenik, eskolak espazio on-line bat eskainiko du, intereseko materiala konpartitzeko.
 

 

 

Simplyn prekarietatea areagotu egin dela salatu dugu Bilbon

0

Bizkaiko Simplyko enpresa-batzorde guztiek deituta (LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK), elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilboko Gordoniz kaleko Simply saltokietan, prekarietatea areagotu delako lan-baldintzetan. Barakaldon egindako mobilizaziotik bost egun igaro eta gero egin dugu protesta.

Azken urteotan murriztu egin dute langile-taldea. Uda honetan larritu egin da egoera garbiketa-zerbitzua barruko langileekin egiteko erabakiaren ondoren. Honek, kontratako 31 langile kaleratzea ekarri zuen.

Langile hauen kaleratzeak eta urte betetik hona kaleratze gehiago egitearen mehatxuz enpresa egiten ari den presioak, bere ustezko egoera ekonomiko txarra dela eta, ohiko langile-taldetik 50 pertsona murriztea ekarri du.

Langile-murrizketa honen ondorioak honezkero nabaritzen ari dira, eta lan-kargek gora egin dute. Honezkero ondorio negatiboak izaten ari dira langileen osasun eta bizitza pertsonalaren uztarketan.

Bizkaiko Simplyko enpresa batzordeek mobilizazioei ekin diete, lan taldean gertatzen ari diren murrizketak eta lan baldintzak okertu direla salatzeko. Enpresa batzordeetan gauden sindikatuok adierazi dugu Simplyk horrela jarraitzen badu, hau da, errentagarritasuna handitzen langileen lan baldintzen kalterako, aurrean izango gaituztela.
 

 

 

Urriaren 12an Kataluniaren eta demokraziaren alde mobilizatzeko deia egiten diegu langileei

Bihar, urriak 12, beste urte batez “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigularik, lan egutegi propioa aldarrikatuko dugu. LAB sindikatuak aurtengoan ere planto egingo du inposatutako jai egunen aurrean. Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egun horretan zer ospaturik ez dugu. Hala, LAB sindikatua lanean izango da bihar ere, egoitzak zabalik izango dituelarik.

Testuinguru berezian datorkigu urriaren 12a, Kataluniako egoera puri-purian dagoenean eta Kataluniako Parlamentak, erreferendumean jasotako herri-mandatua bete ondoren. 78ko errejimena inoiz baino ahulago utzi du herri katalanak erakutsitako determinazio eta bideak, aldebakarreko prozesu herritar eta demokratikoak.

Atzo Kataluniako independentistek, parlamentuan estatu independientea sortzeko eginiko adierazpenarekin, nahiz momentuz etenaldian geratu den, eta ondoren sinaturiko akordioarekin, independentziarako bidean urrats bat gehiago eman zuten, aldebakarreko bidean sakonduz. Urriaren 1ean erreferenduma, ondoren emaitzen argitarapena eta atzo, parlamentuaren gehiengoak onartutako adierazpena. Kataluniak badu independentziarako adierazpena, etenaldian geratu dena bide negoziatu eta adostuari aukera eman nahian, hau da, Negoziaziorako ate bat zabalik utzi dute gainera.

Nazioarteko eragile desberdinek kontuan hartuko duten negoziaziorako borondatea izango da ziurrenik. Ez horrela estatu espainiarrak. Ez du ematen Estatuak eskaintza onartuko duenik. Ukazioa eta errepresioa erabili du orain arte, debekua eta mehatxua eta bortizkeriaz erantzun dio prozesuari, enpresen ihesaren edo atxiloketa berrien mamuak hauspotuz. Orain urrats bat harago joan eta konstituzioaren 155.en artikuloa ezartzeko prozedura abiatu du.

Orain arte bezala, Euskal Herritik gure babes osoa erakutsi nahi diogu Kataluniak abiatutako bide demokratikoari eta konpromisoa adierazi Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko. Eragileen arteko adostasunak lantzen jarraituko dugu honetarako.

Bihar, urriaren 12an, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta inposizioaren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei. Bereziki Iruñeko Gaztelu Plazatik 17:00etan abiatuko den manifestaziora, "Demokrazia eta erabakia" lemapean.
 

 

 

Langileek kalean jarraitzen dute Macronen erreformaren aurka


Iraila beroa izan zen, 12 eta 21 ean langileak kalera irten ziren Macronen erreformaren aurka. Mugimendu horri jarraituz gaur, hilak 10, zerbitzu publikoetako langileek greba egin dute eta kalean atera dira. Hain zuzen ere Makronen erreformak eragin zuzena izango du funtzio publikoko langileen lan baldintzetan, hala nola indizi puntuak ez da aldatuko eta postuak murriztuko dituzte.

Erabaki guzti horiek Ipar Euskal Herriko funzionario guztientzat kaltegarriak dira eta hara zergatik mobilizatuak egon behar garen diogun. Badakigu jendartearen zatiketa gainditu eta elkartasun osoz batu behar garela eraso hauen aurka. Horregatik gaur kanpoan egon gara.

LABen iritziz alternatiba bertako negozazio eremu batean datza pribatu zein publikoan. Honek ahalbidetuko du Euskal Herriko langileak ahal bezain bat babestea. Helburu horrekin, heldu den urriaren 27an tresna berri bat sortuko dugu Euskal Herria Macron legearen erremutik kanpo uzteko.

 

 

 

Indarrak metatzeko deia egin dute etxez etxeko laguntza eskaintzen duten langileek

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok mobilizazioak egingo ditugu datozen asteetan, udalen arduragabekeriei aurre egiteko eta gizarte-zerbitzu hau kudeatzen dutenek agertzen duten enpresa-grinari aurre egiteko. Agerraldi bat egin dugu gaur aurreikusitako protestak iragartzeko.

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua, izatez, gizarte zerbitzu publikoa dugu, Menpekotasun legeak nahiz Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legeak lehentasun zerbitzutzat jotzen dutena. Hala ere, erakundeek egiten duten garapenak eta erabilpenak zerbitzu hau hondar-egoera batera, kanpoko eragileek eta enpresa pribatuek kudeatutako zerbitzua izatera baztertu dute, non zerbitzuaren kalitatea eta helburua eta lan eskubideen bermea baino, enpresen irabaziak lehenesten diren.

Horrek hainbat ondorio kaltegarriak ekarri ditu berekin:

-Sorospenari dagokionez: ez da zerbitzua bermatzen, ez eta haren beharra duten pertsonek behar duten estaldura ere; zerbitzuaren intentsitatea eznahikoa da erabiltzaileen premiei dagokienez. Ordu kopurua %30ean murriztu da, gutxi gorabehera, Bizkaia osoan; eguneko zerbitzua 30 minututakoa izateraino iritsi da ere. Bestalde, erakunde beraiek “aholkatzen diete” erabiltzaileei bestelako prestazio moten aldeko hautua egin dezatela, ekonomikoen alde alegia, haien erabilera kontrolatu barik ematen direlako. Horrela, ez da inondik inora bermatzen menpekotasunen bat duten pertsonen zaintza profesionalizatua, eta horrela, bide ematen zaio ekonomia ezkutuari, ez kontrolatuari.

-Lan arloari dagokionez: ez zaigu enplegua bermatzen, hamarkadetan, zerbitzu hau egin dugunoi. Lanorduak urritu izanak iraizpen askoren, lanaldien murrizpen askoren eta lanorduen malgutasun handiagoren artean kamuflatu den Enplegua Erregulatzeko Espedientea ekarri du. Azken hitzarmen kolektiboak araupetu zituen lanorduen eta tarifen murrizketak, egokitu zituen udalek eta Aldundiak egin murrizketak lan-araudiari. Horren ondorioz, eros-ahalmenak galera jasan zuen, eta laneko eskubideak ostu ziren, horrela, udalek eta zerbitzuaren enpresa kudeatzaileek, eskariaren arabera, beharginak eskuragarri izan ditzaten.

-Azpimarratu, gure sektorea, ia osotasunean, emakumez osatua dagoela; gehienak adin ertainekoak. Bakarka aritzen ohi gara lanean, bizitzari lotu oinarrizko premietan laguntzeko, etxez etxe ibili ohi gara, adibidez, garbitasuna, mobilizazioak, jatorduak, jendearen jagoletza, erosketak,… eta menpekotasun egoeran daudenei, laguntza fisikoa eta emozionala ematen diegu. Hori guztia egin ohi dugu, zereginak gure osasunari kalteak ekar ez dakizkion egokiak izan daitezkeen baliabide eta laguntza mekaniko barik. Behargin gutxik irits gaitezke erretiro arruntera; erretiro aurreratua maiztasun handiz ematen da beharginen artean: lan hau egitea ezinezkoa suertatzen delako adin jakin batetik aurrera, eta lan-zamak eta enpresek prebentzio neurririk ezartzen ez dutenez, gure narriatze fisikoa oso handia delako.

Argi eta garbi salatu gura ditugu kudeatzen duten eta gure ahaleginaren izerdiari esker eta finantziazio publikoko zerbitzua erabiliz aberasten direnak, patronalak alegia. Enplegua eta lan baldintzak kaskartu izanaren gaizkide zuzenak dira, lizitazioetan, ahalik eta merkeen egin enkanteetan parte hartzen dutelako. Horrek, lehentxeago, diagnostikoan aipatutako ondorio latzak dakartza berekin. Horiek lan baldintzak pitinka-pitinka okerrera egin izanaren eragileak dira, lanaldiak handitzearen eta lanaldiak zehaztasun barik banatzearen eragileak dira, urte osoan zehar lan egutegi gorabeheratsua edukitzeaz, eskaerak aginduta lan egiten duten langileak izatearen sortzaileak dira.
Jagoletzaren krisialdia egunez egun areagotzen ari den errealitatea da. Krisialdiak zerbitzu honen beharra duten eta hartan lan egiten duten gero eta pertsona gehiagok jasaten dute.

Horrengatik, ondorengo neurriak bidera ditzaten eskatzen diegu Erakunde titularrei, Udalei eta/edo Mankomunitateei:

-Abenduaren 5eko Zerbitzu Sozialetako 12/2008 Legearen 60.1 artikuluaren arabera, Udalek eta/edo Mankomunitateek aukera dezatela zerbitzuaren kudeaketa zuzena egitea, zerbitzu bera osoki lehengoratzeari ekinez, horrela, guztiz berma daitezen gaur egun zerbitzua betetzen ari garen langileon Eskubidea, erabiltzaileok kalitateko eta behar beste intentsitateko zerbitzua jasotzeko Eskubidea eta etxez etxeko zereginetan dihardugun langileoi gure eginkizunaren onarpena. Erakunde Publikoei zuzenki lotuak dauden pertsonei egokitzen zaizkien lan baldintzak arautzeko akordioa ezarriko da.

-Aurreko puntuan aipatutako iragatean eta haren eginkizunen jardunean, bere gain har dezala zerbitzu honen prestazioan dagokion erantzukizuna eta agindu dezala ondoren adierazten den konpromisoa:

Baldintza pleguetan jaso dadila langileen eta haren laneko baldintzen subrogazioa, kontratuaren baitan bete beharreko lanaldiak bermatuz.

Lan poltsa arautuak landu, behin-behineko langileei egonkortasunaz hornituz, Administrazio berean egiten den antzera.

Lan Eskubideak bermatuko dituzten klausula sozialak sustatu.

Behar besteko aurrekontu batez hornitu.

Gure lanak, lan egindako ordu bakoitzeko lan zama handiegiak, eta bakarka egindako lanak eta beren etxetan menpekotasun mailaren bat duten pertsonekin lan egiteak eragin arriskuei aurre egiteko neurri egokiez hornitu.

Zuzenean nahasi Sektoreko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioan.

Erreferentziako hitzarmena ezarri, berau Bizkaian Sektoreari dagokion Hitzarmen Kolektiboa izanik; dena den, bermatuko dira, gutxienez, hitzarmen berean ezarri lan baldintzak eta behar besteko prezioak ezarriko dira, osoki lan baldintzetara esleituko direnak.

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok, Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak bizi duen errealitate gordinari buruzko diagnostikoan, beharginokin batera egin duguna, berresten gara, baita erreibindikazio-plataforma bateratuan jasotzen diren edukietan ere.

Horrengatik, behargin oro deitzen dugu indarrak metatzera eta Udalen arduragabekeriei aurre egiteko eta gizarte-zerbitzu hau kudeatzen dutenek agertzen duten enpresa-grinari aurre egiteko mugimendu handia artikula dezaten.

Honekin batera aditzera ematen ditugu beharginen batzarrean onartu diren ekimenak:

-Urriak 10, asteartea: Bilboko udaletxe aurrean elkarretaratzea, 17:30ean.
-Urriak 17, asteartea: Santurtziko udaletxe aurrean elkarretaratzea, 17:30ean.
-Azaroak 7, asteartea: Getxoko udaletxe aurrean elkarretaratzea, 17:30ean.
-Azaroak 14, asteartea: Bilbon manifestazioa, 17:30ean.

Interpelazio politikoa
Urrian, erakundetan ordezkatuak dauden alderdi politikoei elkartzeko hitzordua eskatuko zaie, gure egoeraren eta eskarien berri izan dezaten, eta bide batez, eskatuko zaie lot ditzatela konpromisoak Udaletan.

Honez gain, adierazten dugu, mobilizazio hauek egin ostean, beste fase batera igaroko ginatekeela, abenduan, lanuzte batzuk eginez, indar handiagoa emanez aldarrikapenari.