2026-01-25
HomeJai inposaturik ez!Urriaren 12an Kataluniaren eta demokraziaren alde mobilizatzeko deia egiten diegu langileei

Urriaren 12an Kataluniaren eta demokraziaren alde mobilizatzeko deia egiten diegu langileei

Bihar, urriak 12, beste urte batez “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigularik, lan egutegi propioa aldarrikatuko dugu. LAB sindikatuak aurtengoan ere planto egingo du inposatutako jai egunen aurrean. Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egun horretan zer ospaturik ez dugu. Hala, LAB sindikatua lanean izango da bihar ere, egoitzak zabalik izango dituelarik.

Testuinguru berezian datorkigu urriaren 12a, Kataluniako egoera puri-purian dagoenean eta Kataluniako Parlamentak, erreferendumean jasotako herri-mandatua bete ondoren. 78ko errejimena inoiz baino ahulago utzi du herri katalanak erakutsitako determinazio eta bideak, aldebakarreko prozesu herritar eta demokratikoak.

Atzo Kataluniako independentistek, parlamentuan estatu independientea sortzeko eginiko adierazpenarekin, nahiz momentuz etenaldian geratu den, eta ondoren sinaturiko akordioarekin, independentziarako bidean urrats bat gehiago eman zuten, aldebakarreko bidean sakonduz. Urriaren 1ean erreferenduma, ondoren emaitzen argitarapena eta atzo, parlamentuaren gehiengoak onartutako adierazpena. Kataluniak badu independentziarako adierazpena, etenaldian geratu dena bide negoziatu eta adostuari aukera eman nahian, hau da, Negoziaziorako ate bat zabalik utzi dute gainera.

Nazioarteko eragile desberdinek kontuan hartuko duten negoziaziorako borondatea izango da ziurrenik. Ez horrela estatu espainiarrak. Ez du ematen Estatuak eskaintza onartuko duenik. Ukazioa eta errepresioa erabili du orain arte, debekua eta mehatxua eta bortizkeriaz erantzun dio prozesuari, enpresen ihesaren edo atxiloketa berrien mamuak hauspotuz. Orain urrats bat harago joan eta konstituzioaren 155.en artikuloa ezartzeko prozedura abiatu du.

Orain arte bezala, Euskal Herritik gure babes osoa erakutsi nahi diogu Kataluniak abiatutako bide demokratikoari eta konpromisoa adierazi Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko. Eragileen arteko adostasunak lantzen jarraituko dugu honetarako.

Bihar, urriaren 12an, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta inposizioaren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei. Bereziki Iruñeko Gaztelu Plazatik 17:00etan abiatuko den manifestaziora, "Demokrazia eta erabakia" lemapean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

1.500 ordezkari baino gehiago elkartu ditu LABek egunotan, martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko

Greba orokorrerako deia herriz herri, auzoz auzo eta lantegiz lantegi ari da zabaltzen LAB. Egunotan, eskualdez eskualde batzarrak egin ditu, eta ehunka ordezkari elkartu ditu.

Arabako ardogintzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da

Gaur, Urtarrilak 23, negoziazio berria martxan jarri da, LAB-ek gehiengoa duen sektorean. Bilera honetan, aurreko hitzarmenak jasotzen zuen KPI berrikuspen klausula dela eta, %2ko igoera...

Martxoak 3: langile memoria zaindu eta sindikalismo soziopolitikoari eusteko deia egin du LABek

Martxoaren 3aren urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du LABek, hitzordu nagusia martxoaren 3ko ekitaldi nazionala eta mobilizazioa izango dituena. Duela 50 urte nola, sindikalismoak...