2026-01-14
Blog Page 889

Garoña ixtea lortuta, lanean jarraituko dugu energia burujabetzaren bidean

0

Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalek gaur eguerdian adierazi duenez Garoña ez dute berriz zabalduko. Euskal Herriko eragile sozial zein sindikalek urte luzez egin dugu borroka zentral nuklearren eta egungo eredu energetikoaren aurka. Hala, Lemoizko zentrala ez irekitzea lortu genuen lehenik eta neurri handi batean Euskal Herriko eragile sindikal eta sozialek egindako borrokaren ondorio ere bada Garoña berriro ez irekitzeko erabaki hau.

Borrokak bere fruitua eman du, baina, ezin dugu ahaztu Espainiar Estatuko Energia ministro Alvaro Nadalek aipatu moduan, “nuklearren aurkako oposizio zabalaz” gain, “bideragarritasun ekonomiko eza” ere badagoela erabaki honen atzean. Beti bezala, elite ekonomikoen interesak.

Horrela bada, ozen diogu ezin dugula elite ekonomikoen interesen arabera antolatzen den Estatu baten menpe segi. LABek burujabetzaren bidea jorratu behar dugula dio berriro ere; burujabetza arlo guztietan eta nola ez, baita burujabetza energetikoa ere.

Garoñaren behin betiko itxiera aprobetxatu nahi dugu Euskal Herriak ere bere energia eredu propioa landu behar duela aldarrikatzeko. Energia nuklearrari ezezko irmoa eman diogu behin eta berriro, baina, energia burujabetzaren bidean, ezinbesteko dugu energia fosilen eredutik urrundu eta energia berriztagarriei bide ematea. Trantsizio ekosozialistaren logikan, energia berriztagarriei lehentasuna emanez, besteak beste instalazio sakabanatuak zabaldu eta eraginkortasun energetikoaren inguruko lanketak indartu behar dira.

LABn ustez eredu energetiko berriak garbia eta demokratikoa izan behar du. Pertsonok bizitzeko behar beharrezko dugu eta, arrazoia edozein dela ere, Euskal herritar bakarra ere ezin da energiarik gabe gelditu. Honenbestez, proposatzen dugun eredu berriaren zutabe, energiaren jabetza zein kontrolak publikoa izan behar dute.

Garoña ixtea lortuta urrats bat egin dugu aurrera eta aurrerantzean ere, gainerako eragile sozial zein sindikalekin batera, elkarlanean jarraituko dugu energia burujabetzaren bidean.
 

 

 

Langileen borrokari esker Indesa 2010 S.L. hitzarmenaren aurre akordioa lortu da

Hitzarmenaren negoziazioan 20 hilabete baino gehiago eman ostean, uztailaren 14an sinatu egin zen INDESAko hitzarmenerako aurre akordia. Negoziazio luze eta astuna izan da, eta LABeko delegatuek lan handia egin dute guzti hau lortzeko. Betaslade azpimarratu behar dugu akordio hau ez zela posible izango, negoziazioan zehar egin diren mobilizaziorik gabe.

Dagoeneko aplikazioan dagoena da 2017. urterako dagoen %1aren igoera, bai soldata zein osagarrietan, gainera 2017ko urtarrilaren 1etik aplikatzen denez, orain arteko hilabeteen igoera ere kobratuko da. Honetaz gain badaude beste hobekuntza batzuk: orain arteko evaluación de desempeño-ko tresna ordainsarietatik banatzen da, bajak hobetu egin dira, jardunaldia murriztu da eta langileek ordaindutako bi egun libre gehiago izango dituzte. Gainera, hobekuntza sozialak ere lortu egin dira batez ere, baimenetan, familiarrak laguntzeko lizentzietan eta kontziliazio familiarrerako neurrietan.

 

 

 

Arabako gizarte eskuhartzeko II hitzarmenaren aurrea-akordioa sinatu da

Arabako gizarte eskuhartzeko II hitzarmenaren aurrea-akordioa sinatu dugu. 2017ko urtarrilean hasi genuen Arabako Gizarte Eskuhartzeko II hitzarmenaren negoziaketa. Hasieratik sindikatu guztien artean eginiko plataforma aurkeztu genuen, anbizio handiko plataforma zen gurea, IFBS eta Gipuzkoako hitzarmenetan oinarrituta baitzegoen. Lortu den aurreakordioan iraunaldi, jardunaldi eta soldatetan hobekuntzak jasotzen dira, beste hainbat artikulu irailetik aurrera negoziatuko ditugu.

Uztailaren hasieran Patronalak aurre-akordio baten sinadura proposatu zuen, helburua, Administrazioan negoziatzen ari ziren aurrekontuetan gure hitzarmena kontuan izatea zen. Horregatik plataformaren artikulu ekonomiko garrantzitsuenetara mugatu da aurre akordioa: iraunaldia, jardunaldia eta soldata. Aurre akordio hau sinatzeko, eta Patronalak zuen interesa ikusita, sektoreko langileekin batzarrak egin ziren eta batzar horietan, gehiengoak, aurre-akordioa sinatzekoaren alde bozkatu zuen.

Aurreakordioa pasaden uztailaren 28an sinatu egin zen, esan bezala bertan hiru dira lotzen diren artikuluak; lehenengoa iraunaldia: 2017.urtetik 2020. urtera arte izango dela, nahiz eta guk hiru urteetakoa proposatu. Orduen jaitsierari dagokionez 2018 eta 2019. urteetan 8 orduko gutxitzea (1662 eta 1650), eta 2020. urtean 12 ordu jaitsiko dira 1638 orduetara iritsiz. Hau guztiaz gain, soldata eta osagarrietan igoera egongo da 2018an %2a, 2019an %2,5a eta 2020an % 3a.

Hitzarmenaren gainontzeko artikuluak irailetik aurrera negoziatzeko geratzen dira. Dena den, kontuan izan behar da aurre-akordio honen bideragarritasuna “Desindexazio” legearen aplikazioaren baitan izango dela. Duela gutxi izan dugu lege horren berri eta baliteke hitzarmen hau eta beste batzuk baldintzatzea, baina irailera arte ezingo da zehaztu.

 

 

 

Agur eta ohore Kepa!

Ezker Abertzaleak agerraldia egin du gaur Donostian Kepa del Hoyo Hernandez preso politikoaren heriotza salatu eta bere senide, lagun eta ezker abertzalearen familia osoari doluminak emateko. Kepa oroitu eta egungo espetxe politika salatzeko mobilizazio ezberdinak iragarri ditugu datozen egunetarako: bihar Euskal Herriko herri guztietan elkarretaratzeak arratsaldeko 19:00etan, iluntzean lehen harrera Galdakaon eta manifestazio eta ekitaldi nazionala abuztuaren 5ean, larunbata, Galdakaon arratsaldeko 18:00etan Udaletxeko plazatik.

AGERRALDIA
"Beste ezer baino lehen, doluminak eskaini nahi dizkiogu Kepa del Hoyoren senideei, lagunei, ingurukoei eta ezker abertzalearen familia osoari. Esan nahi diegu ez dugula etsiko euskal preso politiko guztiak kalera atera arte, eta ez dugula etsiko herri honen askatasuna eta bakea lortu arte. Agintzen dizuegu.

Kepa del Hoyo galdakaoztarra zen, 20 urte egin ditu dagoeneko espetxean eta 20 urte horietan urrunduta, dispertsioan eta isolatuta izan dute. Gauza jakina da egoera horrek ze ondorio dituen; estresa, gaixotasuna eta, zoritxarrez gaurkoan bezala, behin baino gehiagotan heriotza. Legedi arrunta aplikatu balitzaio, Kepa del Hoyo kalean egon zatekeen jadanik, honezkero bere kondenaren bi herenak beteta baitzituen. Baldintzapeko askatasunean izan beharko luke beraz eta hala izan balitz, akaso, une honetan ez ginatekeen bere heriotzaz hizketan arituko.

Heriotza honen atzean, beraz, salbuespen legedia dago, egun indarrean dagoen espetxe politika. Urrunketa, dispertsioa… Eta legedi horrekin amaitu beharra dago. Beranduegi da dagoeneko, beranduegi legedia horrek konfrontazio eta gerra logika bati erantzuten diolako, eta herri honek, euskal gizarteak, aspaldidanik bakea nahi duelako, konponbidea nahi duelako.

Behin baino gehiagotan esan dugu eta ez gara behin eta berriz esateaz nekatuko. Bake justu eta iraunkor batek eskatzen du dispertsioaren amaiera, bake justu eta iraunkor batek eskatzen du gaixorik diren preso guztien berehalako askatasuna eta bake justu eta iraunkor batek eskatzen du euskal preso politiko guztiak kalera ateratzea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea. Ez dagoelako normaltasun politikorik, ez dago elkarbizitza eraikitzerik espetxeetan ehunka preso politiko diren artean, erbestean errefuxiatuak eta deportatuak diren artean.

Egoera honekin amaitu beharra dago, esan bezala, beranduegi delako. Ezin zaio guztiok dugun ardurari izkin egin, ez da zilegia. Galdera da, norbaitek uste du Euskal Herrian bertako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek gure esku dagoen guztia egingo bagenu, espainiar estatua gai litzatekeela, minutu bakar batez ere, egoera honi eusten jarraitzeko? Norbaitek pentsatzen du?

Garaia da mahai baten bueltan eseri eta bide orri bat adosteko, esan bezala, eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak. Bide orri bat dispetsioarekin amaitzeko, bide orri bat gaixorik diren presoak berehala askatzeko eta bide orri bat, berandu baino lehen, preso politiko guztiak kalera ateratzeko.

Esperantza mezu bat ere igorri nahi dugu gaurkoan. Estatuak boteretsuak dira bai, behin baino gehiagotan frogatu dute hori, eta zoritxarrez gaurkoan berriro ere konstatatzen ari gara. Baina, ez dira garaiezinak, ziur gaude herri honetako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek eskuz-esku jarduten badugu, gai izango garela gai honetan ere estatuen borondatea behartzeko behingoz afera honi ere irtenbide justu eta iraunkor bat emateko.

Bukatzeko deialdi batzuk luzatu nahi ditugu. Bihar arratsaldeko 19:00etan herri guztietan konzentrazioak deitzen ditu ezker abertzaleak. Bestetik, bihar ere, iluntzean, lehen harrera egingo zaio Kepa del Hoyoren gorpuari Galdakaon. Azkenik, datorren larunbatean, hilak 5, manifestazio nazionala deitzen dugu arratsaldeko 18:00etan Galdakaoko udaletxeko plazatik hasita."
 

 

 

Arabako kirol jardueretako langileek amaitutzat eman dute greba, euren eskakizunak kontutan hartu eta gero

0

Bost egunez greban egon ondoren, Arabako kirol jardueretako langileek amaiera ipini diete lan uzteei helburua lortu dutelako. Hain zuzen ere, sindikatu, patronal eta udalaren arteko bilera egin zuten atzo, eta, lan baldintzen hobekuntza aurreikusten duen eskaintza bat mahai gainean jarri zutela ikusirik, protesta amaitutzat eman dute.

Greba uztailaren 31 arte zegoen deituta. Langileen eskakizunak kontutan hartu dituztela ikuista, kirol instalakuntza guztiak zabalik egongo dira, erabiltzaile guztien erabil ditzaten. “Herritarren aldetik jaso dugun babesa eta pazientzia eskertu nahi dugu”, adierazi dute grebalariek. Langileon borrokak merezi duela begibistan geratu da berriro.

Langileen lorpen nagusienen artean hiru urteko lan hitzarmen berria lortu izana dago. Era berean, talde guztiek soldata igoera izango dute, salbuespenik gabe; zaintza lanetan aritzen direnek, esaterako, %45eko soldata igoera izango dute 2017ko urritik hasita.

Ausardia, antolakuntza eta borrokari esker
Gasteizko Udaleko ordezkariek, enpresen ordezkariek, eta langileen ordezkariok batera atzo izan genuen bilera luze eta tirabiratsuaren ondoren akordio batera heldu ginen, Arabako hirugarrenentzat kirol jardueren sektoreko Hitzarmena berritzeko. Ondoren burutu zen langileen asanbladan, aho batez akordioa berritsi zen, eta hortaz igandetik deituta zegoen greba, bertan behera geratu da.

LAB sindikatuak akordioaren nondik norakoak oso garrantzitsuak direla aitortu arren, langileek azken aste hauetan erakutsi duten adorea eta indarra azpimarratu nahiko genuke batez ere. Lan toki ezberdinetan lan egin, kategoria ezberdinak eta lan baldintza zeharo desberdinak dituzten langileen artean sortu den elkartasuna nabarmentzekoa da. Azken aste honetan goiz, arratsaldez eta gauez lanean aritu dira greba aurrera ateratzeko, eta helburua lortzea ere, lortu dute.

Gatazka honetatik atera dezakegun ondorioa hurrengoa da: Ausardiaz, antolakuntzaz eta borrokaz, langileriak markatzen dituen helburuak lortu ditzakeela.

Beste alde batetik, instituzioei mezua helarazi nahi diegu ere: frogatu da borondatea egotekotan, langileen eta administrazioaren azpikontraten artean sortzen diren gatazketan, instituzioak inplikatu daitezkeela. Administrazioak ezin du beste alde batera begiratu gatazka hauek sortzen direnean. Ez da egia politikarien aldetik askotan entzun dugun mezua: “kontraten eta langileen arteko gatazkak, haien artean konpondu behar dituzte”. Atzo, Gasteizko Kirol Udal Sailaren egoitzan, hiruko bileran jazo zenak erabat gezurtatzen du mezu hori.

LAB sindikatuak sektore honetan lan egiten dituzten langileak zoriondu nahi ditu aurrera eraman duten borroka eredugarriagatik.

 

 

Enplegu duina, kalitatezko eta bermeekin aldarrikatu dugu Araban, iruzurra ekiditeko

0
LABek kontratazio inguruko dinamika zabalduko du hurrengo hilabeteetan Araban kalitatezko enplegua bultzatzeko eta iruzurrezko kontratazioa ekiditeko. Ekimena enpresetara eramango dugu eta gako nagusiak eragile sozialekin partekatu eta herrialdeko erakunde nagusietan aurkeztuko ditugu.

Aurreko astean benetako industria politika garatzeko 10 neurri proposatu genizkion Eusko Jaurlaritzari eta horien artean lan merkatu prekarioari aurre egiteko beharra azpimarratzen genuen. Bada, enplegu duina lortzeko enpresetara eramango dugun ekimena abiatuko dugu, kontratazioaren eremuan.
Izan ere, Araban zabor kontratuak nagusi dira “errekuperazio garaia” deitu den honetan. Hortaz, langabezia eta okupazioaren inguruan emandako portzentai-datuen gainetik, iaz sinatutako kontratuetatik %93,82a behin behinekoak izan ziren, eta aldi berean, %35,29a aldi baterako sinatu ziren. Datuok ondo baino hobeto adierazten dute Arabako lan merkatuaren errealitate prekarioa.

Errealitate horretatik abiatuta, LABek berresten du behin-behineko kontratazioan iruzurra handia dagoela, batez ere ebentualitate eta obrako kontratuetan. Hortaz, Arabako 2 enpresa pribatu handienetan, Mercedes eta Michelinen, Lan Ikuskaritzak ebatzi du iruzur hori, bi enpresei ehunka kontratu mugagabe bihurtzera derrigortuz. Argi dago bai enpresa hauetan, baita beste enpresa txikiagoetan ere, behin-behineko kontratuak erabiltzen ari direla langileen egoera prekarizatzeko, kontratazioa eta prekarietatea erabat lotuta egonik.

Beraz, langile berriek prekarietate handia pairatzen ari dira, etorkizunari begirako ziurgabetasunari gehitu behar baitzaizkio soldata baxuagoak eta lan baldintza okerragoak -lan istripuen %30a lehen urtean gertatzen dira-. Hori gutxi ez eta zenbait kasutan diskriminazioa sufritu behar dute genero, arraza, ideologia, dibertsitate funtzionaleko eta abarreko arrazoien kontura.

Horren guztiaren aurrean, LABen honako gakoak planteatzen ditu kontratazioaren arloan:

– Kontratazio mugagabea bultzatzea, behin-behineko kontratuek aldi bateko lanak betetzeko erabili behar baitira, zenbait baldintzak betez, ez lanpostu estrukturalak betetzeko. – Iruzurra ekiditeko, enpresak bermeak eman behar ditu behin behineko kontratuak eginez gero, zehazki zeintzuk diren aldi bateko lan horiek.

– Behin-behineko kontratuen inguruan, Europako jurisprudentzia zuzenean aplikatzea, zeinaren ondorioz enpresak behin-behineko kontratuak (iruzurrezkoak ez direnak) bukatutzat emanez gero 20 eguneko indemnizazioa ordainduko luke. Gure ustez, horrek ere kontratazio mugagabea bultzatu dezake. – Langileak kontratatzean eta kontratu mugagabeak egitean, inor diskriminatua ez izatea, inongo arrazoiengatik.

– Langile berriei lan baldintza eta eskubide berdinak aplikatzea.

LABek uste du gako nagusi hauekin Araban enplegu duina, kalitazteko eta bermeekin bultzatu dugula, behin- behineko kontratazioaren iruzurra oztopatuz. Horregatik, ekimena Arabako enpresetara eramango dugu, Mercedes eta Michelin behinik behin, eragile sozialekin, nagusiki gazteriaren arlokoak, partekatuko dugu eta Arabako erakunde nagusietara eramango dugu, Gasteizko Udalera eta Biltzar Nagusietara.
 

 

 

Telelaguntzako langileek kalitatezko zerbitzu bat aldarrikatu dute berriro

Euskal Autonomia Erkidegoko Telelaguntzako zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkartea alegia, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea urritzen ari da, beti ere, haren irabaziak handitzeko helburuan. Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da; hark erabaki zuen azpikontratatuko zuela aipatu zerbitzu publikoa, lehiaketara atereaz. Hori dela eta, erantzukizunak eskatu dizkiogu gaur Bilbon, Jaurlaritzaren beraren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzearekin eta gaurko greba egunarekin.

Euskadiko Telelaguntzako Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da; hark erabaki zuen azpikontratatuko zuela aipatu zerbitzu publikoa, lehiaketara atereaz.

Telelaguntzako euskal zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkartea alegia, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea urritzen ari da, beti ere, haren irabaziak handitzeko helburuan. Horrela, terminalak instalatzeaz arduratzen direnen langile-kopurua ez da handitu azken lau urtean, ez eta erabiltzaileen jarraipenaz eta balorazioa egiteaz, bisiten bidez, diharduten langileak ere. Bien bitartean,aipatu aldian, erabiltzaile kopurua 15.000 lagunetan handitu da. Honez gain, azpimarratu behar da langile kopurua, 2011ko uztailaz geroztik, 85 langile izatetik 105 langile izatera igaro dela bakarrik, aldiz, zerbitzuaren erabiltzaile kopurua 21.000 izatetik 45.000 izatera igaro da.

Hau guztia are larriagoa da, kontuan hartzen badugu zerbitzua Tunstall Televida-GSR- IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteari esleitu ziotela duela 9 hilabete, gutxi gorabehera, 15.000.000 euroren truke; esleipenaren munta aurrekoa baino milioi bat eurotan areagotu zen. Horrela, enpresa horrek diru publikotik lortu duen irabazi-marjina ia 5 milioietakoa izan da.

Ahalik eta mozkin gehien lortzeko, zerbitzua kudeatzen duen Aldi Baterako Enpresa- elkartea, lehenengo eta behin, erabiltzaileen lesiorik eragin gabeko erorketen protokoloa aldatu du, enpresako langileek joan baino (urte askoan halaxe egin zen, eta hura erabiltzaileek eta senideek estimuan zuten) senideak noiznahi deitzen dituzte erabiltzaileak jaso ditzaten, eta ondorioz, maiz atzeratzen da laguntza. Jokabide berri horrek ekarri du senideen eta erabiltzaileen hamaika kexu; kexuok zerbitzua kudeatzen duen enpresatik ez dira ateratzen, ez dira ezagutzera ematen. Honen bidez enpresak bere langileen parte hartze kopurua murriztu nahi izan du, eta justifikatu nahi izan du laneko txandak ezabatu izana eta horiek azpikontratazioaren bidez ordezkatu izana.

Hau guztia gutxi balitz ere, eta ekipamenduak instalatzeko epe berriak bete daitezen, alta berriak eman direlako, eta era berean, erabiltzaile berrien balorazioa egiten duten langileek bisitak egin behar dituztenez, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak langile kopurua handitzearen hautua egin baino, zerbitzu beraren muina erabat aldatu nahi du, egun arte eskaintzen zen zerbitzu teknikoari dagokionez. Horretarako, erabiltzaileen etxebizitzetara ekipamendua bidaltzea azpikontratatu du, eta bide batez, teknikariek instalatu beharrean, haiek dagokielako aipatu eginkizuna, urte askoan egin den antzera, gizarte lanak betetzen dituzten langileek egin ohi dute. Enpresak jarduteko modu berriaz diharduenez, nozituko da telelaguntzako zerbitzuaren kalitatea urrituko dela: geroago, behin baino gehiagotan joan beharko dutelako teknikariek, gizarte lanetaz arduratzen direnak gauza izango ez direlako tresneriaren instalazio zuzena egiten; horrek eragingo du senideek beste egun bat bertan egon behar izango dutela, zegokion unean ezin izan delako ekipamendua instalatu.
Honen guztiaren gaizkidea Eusko Jaurlaritza dugu, gaur gaurkoz ez duelako ezer egiten egoera zuzen dadin, are gehiago, haren esku dagoenean egoera zuzentzeko gaitasuna, zerbitzuaren titularra izanik.

Honengatik guztiarengatik, zerbitzuan dihardugun langileok erabaki dugu mobilizazioei ekingo diegula egoera hau salatzeko; era berean, jasotzen den zerbitzuaren kalitatea urritu izanak eragin senideak eta erabiltzaileak animatzen ditugu kexuak luza ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako zerbitzura deituz (012) edo bestela, Eusko Jaurlaritzara joz.
 

 

 

UPNk ezarri zituen ia erdi mailako koadro guztiei eutsi zaie Osasunbidean

0
Bi urte igaro dira Geroa Bai Osasunbidea kudeatzen ari dela. LAB sindikatuaren balorazioaren arabera, langileak eta erakunde-egitura kudeaketari dagokionez, UPNren garaian egindakoaren jarraipena da oraingoa ere.

LABen balorazioan agertzen denez, Geroa Baik Osasunbidean egin kudeaketaren ezaugarri nagusiak lirateke:

1- Langileak eta erakunde-egitura kudeaketari dagokionez, UPNren garaian egindakoaren jarraipena da. Langileak kudeatzeko staffean (eta gainerako ataletan: ekonomikoan, kontablean, lanetan, azpiegituretan, mantentze-lanetan, zerbitzu juridikoan) ia ez da aldaketarik suertatu. Horretxegatik, nahiz eta Osasunbidearen Gerentziak ildo berriak ezarri, hauek ez dira betetzen, edo bestela, hutsaltzen dira. Horren ondorioz, langileek osta-osta sumatu dituzte lan baldintzak hobetu zaizkiela.

Gordetzen diren egitura organikoen buruzagitzak zeharo atrofiatuak daude, sorospenari nahiz administrazio arloari dagokienez. Erakundetzar hura prebendak banatzeko sortu zuten, eta edukirik gabeko buruzagitzei eusten die. Harrigarria bada ere, aipagarria da, kudeatze arloan, egiazko prestakuntzarik gabeko eta eskakizunak betetzen ez dituzten (batez ere, lan-taldeetan) langileak daudela.

2- UPNk ezarri zituen ia erdi mailako koadro guztiei eutsi zaie (nahieran aukeratuak). Konfiantza postuei eutsi diete UPNk egin murrizketa-politikaren egiazko babesleak izan zirenek. Horren adibide, Lehen mailako Atentzioaren Langileri Zerbitzuen eta Ospitaletegiaren Buruzagitzak, Osasun Mentalaren Zuzendaritza, Lizarra-herriko Zuzendaritza,… Baina, batez ere, azpimarratu, Cristina Ibarrolari (Marta Veraren agindupean, Osasunbidearen aurreko Osasunaren Zuzendari Nagusia eta Gerentea zena) utzi zaion Zerbitzuaren Zuzendaritza.

3- Elite profesional txiki batzuen interes korporatiboak betikotu eta gailentzen zaizkie langileen interes orokorrei eta oro har, sorospen zerbitzuari. Aurreko puntutik eratorrita, hirugarren hau daukagu, UPNk oinarritu baitzuen osasungintzan erabili zuen murrizketa politika Osasunbidean, nonahikoak diren erakunde korporatiboen onespenean, sindikatuekin (SATSE edota SMNrekin) edota elkargoekin. Izate edo erakunde horiek kolektibo batzuen ordezkaritza osoa beren gain hartzen dute, lanbideko gainerako lankideen lan baldintzen kontura edota gainerako talde profesionalen kontura. Langile guztien lan baldintzak eta sorospenaren kalitatea baino, buruzagitzen eta gainsoldaten (produktibitateak, zaintzak edo bisita-baimenak) banaketa lehenesten da. Azpimarragarria da erizaintzako buruzagitzetan dagoen hipertrofia, batez ere CHNn, non zuzendaritza zereginak bateratu baino lehen, hura bi zuzendarien artean egiten zuten, asko jota, laguntzako zuzendariordetza batekin; gaur egun, aldiz, 18 pertsonen artean betetzen dute zeregina: zuzendari bat, 3 zuzendariorde, 14 arloko buruzagitza.

4- Goi-kargudunen arteko dikotomia, batez ere SNS Osasunbidearen Gerentzia eta CHN-ren Gerentziaren artean ematen da. Goi-zuzendaritzako blokea ez da trinkoa eta ez du behar besteko kohesiorik osasunaren sistema publikoa eraldatzeko eta indartzeko proiektu baten inguruan.
Zuzendaritzen arteko tira-birek, batez ere, CHNkoaren eta Zerbitzu Zentraletakoen artekoak, ageri baino agerikoak dira. Egin dugun analisian, gure ustez, CHNk eragozpen gehien paratu dizkie kontratazioa nahiz langileen antolamendua hobetzeko neurriei.

5- Plantilla egonkortzerakoan epeltasuna.Osasunbidearen behin-behinekotasuna %40koa baino handiagoa izaki, enplegu publikoa sor dadin, politika ausartagoa erabili behar da; horren xedea aipatu behin-behinekotasunaren %40a, plantilla osoaren bataz bestetzat harturik, ikaragarri gainditzen diren mailetan lanpostu finkoak indartzeak izan behar du.

Ondorioak: ondoriozta daiteke Gero Baik, lau alderdiak bazter utzirik, negoziatu dituela SNS Osasunbidearen politikak eta kudeatzeko erak. Oposizioaren alderdien kideak diren pertsonek (UPN, PP edo PSN) ardura postuak betetzeak adierazten digu osasungintzaren sistema publikoaren kudeaketan parte hartu ohi duten aktoreen (interes orokorrak baino, partikularrak lehenetsiz) eta kudeatzeko era horiek errotik aldatzeko eskatzen duen eskari politiko eta sozialen artean oreka arriskutsuari eustera jolasten ari direla.
 

 

 

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu berehala indargabetu dezala Eztabaida Sozialerako Nafarroako Kontseilua

Servicio Navarro de Empleo – Nafar Lansarearen Gobernu Kontseiluan, gaurko egunez, 2017-2020. urteetarako Nafarroako Enplegu Planaren Politika Aktiboen agiriaz burututako bileraren harira, LAB sindikatuak, prentsa-ohar honen bidez, ezagutarazi nahi ditu gure sindikatuak haren aurka azaltzeko dituen arrazoiak. Baina, aipatu agiriari buruzko ondorioak eta arrazoiak adierazi baino lehen, berriro salatu behar ditugu Nafarroako Gobernuak, SNE-NL esparruan, erabili dituen moduak 2017-2020 urteetarako Nafarroako Enplegu Planaren Politika Aktiboak onartzeko.