2026-01-14
Blog Page 884

Nafarroako Itunpeko Akordioaren sinatze kritikoa egin dugu

0

Urtebete baino luzeago izan den negoziazio eta mobilizazio prozesuaren ostean, eta abuztuaren hondarrean egon diren aurrerapausoei esker, LABek Nafarroako Gobernuarekin akordio berriaren sinatze kritikoa egin du. Ez da LABek nahiko lukeen akordioa, baina azken txanpan hainbat puntu garrantzitsu bermatu ondoren, aurrera egiteko moduko akordioa dela iruditzen zaio.

LABek baloratu du azken egunetan Hezkuntza Departamentuak erakutsitako borondatea eta emandako pausoak. Aintzat hartu ditu hainbat lorpen, horietako batzuk aurretik ezinbestekoak zirenak LABentzat: %1 2017an ez irakasleentzat, 2018 eta 2019ko igoerak bermatuta, ordezkapenak lehenengo egunetik lau kasu berezietan eta gardentasunean lortutako aurrerapausoak, oraindik nahikoak ez izan arren.

Aldiz, sindikatuak aitortzen du ez dela akordio zoragarria: langileek 57 urterekin bi ordu lektiboen murrizketa izanen dute, gerora lau izanen direnak; formazioan eta langileen birkokapenean ez da lehengo egoera mantentzen eta ez da lortu 2016ko igoera.

Afiliatu eta delegatuekin kontsultatu ondoren, LABek arduraz jokatu nahi duela adierazi du eta sinatze kritikoa egitea erabaki du. Akordioaren alde positiboa bermatuta, LABek ez dio uko egiten 2016ko igoera eta beste eskubide batzuk berreskuratzeari. Sindikatuak azpimarratu du Hezkuntza Departamentuaren ardura dela langileek jasandako UPNren murrizketekin ahalik eta azkarren bukatzea batetik eta langileek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea bestetik. Sindikatuak horren alde borrokatzen jarraituko du.

Gainera, LABek patronalak, uda baino lehen beraiei interesatzen zitzaiena ziurtatu ondoren, garai hartan langileentzat kaxkarra zen proposamena sinatzeko prest azaldu zirela salatu du. LABek argi dauka patronalek zuzenean inplikatu behar direla beraien langileen lan baldintzen hobekuntzan. Sindikatuaren iritziz orain arte, patronal batzuek, dirua jaso duten bitartean, beste aldera begiratu dute inongo lotsarik gabe langileen lan baldintzen arazoa Nafarroako Gobernuari pasaz.

LABen ustez patronalek, zerbitzu publikoa emateko Administrazioaren dirua jasotzen duten heinean, orain arte erakutsi ez duten gardentasuna adierazi behar dute diru horren erabileran eta kontratazio prozesuetan. Irakaskuntzarekin zuzenean lotutako langileen formazioa ziurtatu behar dute eta horretarako erabil dezaketen diru publikoa behar den bezala justifikatu. Akordiotik Haur Hezkuntzako patio zaintza garai lektibotzat jotzen zuen puntua desagertu da. ANEG eta CECE patronalak negoziazioan prest azaldu dira behin baino gehiagotan bere gain hartzeko. LABek dio orain dela momentua emandako hitza betetzeko.

LABen ustez garaia da ere, Ikastolek duten antzera, Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako langileen lan baldintzak hobetuko lituzkeen lan hitzarmen propioa izateko. LABek patronalei beraien langileekiko ardura hartzeko galdegiten die. Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea bere osotasunean garatu behar da.

Azkenik, LABek azken urte eta erdian, langileek burututako mobilizazioak eta erakutsitako inplikazioa goraipatu ditu. Horri esker lortu da, lortu dena eta ez dira ontzat eman aurreko hilabeteetan mahai gainean zeuden proposamen onartezinak.
 

 

 

Osasunbidea: Kontratazio Akordioa Jarraitzeko Mahaia zentzugabekeriaz beterik

0
LABek ez du parte hartuko langileen kontratazio-baldintzak hobetzeko balio ez duen hau bezalako erakunde ez-eraginkor batean. Kontratazio-zerrendetan dauden pertsonen bermeetan aurrerapentzat jotzen zena, aldi urria igaro ondoren, zentzugabekeria bilakatu da.

LABek sinatu zuen azken kontratazio-akordioa (martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Agindua), zerrendetan zeudenei hobekuntzak eta berme juridikoa izateko aukera handiagoak aurreikusten zizkielako. Hala ere, esparruetako zuzendaritzek galdu dute akordioaren funtsa, hobekuntzak desabantaila edo eragozpen bilakatuz.

Hobekuntza horietako bat zerrenda berezietan sartzeko prestakuntzari zegokion. Gai horren ezarpenean egiaztatu genuen Ospitaletegiko Zuzendaritzak bere gogora egin zuela etxea. Langileak zerbitzu jakin batzuetan egonkortzeko baliabidea burugabekeria bilakatu du, zeinak zerbitzu horietan dihardutenen zeregina oztopatu duen.

Langileak “borondatez” prestatzeko eskaintza, zerrenda berezietan, ez da egin jarraitutasun irizpide argiekin, non zerbitzuan hezten ari direnen fidelizazioa ziurta zedin ez delako garapen egitasmorik erabili.
“Prestakuntza”-kontratu gehienak ez dira ezertan hartu, heziketa burutu duten langile gehienek beste kontratu batzuk onartu behar izan dituztelako, zerbitzuetatik at, zerrenda bereziekin.

Horrela, CHN-ren zuzendaritzak milaka euro xahutu zituen, oraindik dagozkion ardurak garbitu ez direla.
Hauxe dugu, besteak beste, zerbitzu zentraletako zuzendaritzen eta CHN-ren zuzendaritzaren arteko bat etortze ezaren adierazgarri argia. Horrek baieztatzen digu Sektore Mahaian adostu daitekeena, aurreko erregimenak kudeatzeko zerabiltzan irizpideei eusten dieten zuzendaritza guztientzat, paper erre (edo higieniko) bilakatzen dela. Irizpideok, batez ere, prestakuntza pribatuan egon daitezkeen interes korporatiboekin eta etekinekin bat datoz, beti ere, Osasunbidean lan egin nahi dutenen kontura.

LABek zerrendak kudeatzeko sistema berria sostengatuko zuen, beti ere, Osasunbideak, Funtzio Publikoarekin batera, tramitatuko balu kontratazio administratiboaren Foru Dekretuaren aldaketa (FD 68/2009); horrela, lehentasun agindua beteko ez luketen kontratuen baliogabetze/deuseztapena berma dadin. Ez betetze hori Osasunbidearen Zuzendaritzak agertu duen konpromiso ezaren adierazgarri da, eta kontratazio zerrendetan dauden pertsonen eskubideak babestearren egiazko aurrerapena zena amaitzen du.

Honengatik guztiarengatik ez dugu parte hartuko eraginkortasun txikiko eta Osasunbidean kontratazio baldintzak hobetze aldera, batere erabakigarria ez den organo batean.
 

 

 

Borrokan jarraituko dugu gardentasuna, informazioa eta etorkizun industrial baten alde, merkaturatzearekin batera

0
CNA Fagorreko langileen asanbladak uste du iritsi dela momentua kartak mahai gainean jartzeko eta jasaten ari garen xantaia itzela publiko egiteko.

Hauxe da Fagor CNAko Langileen Asanbladak gaur argiratatutako oharra:

CNAko zuzendaritzak proiektu bat aurkeztu digu. Bere helburu estrategikoa, kanpoan ekoiztutako produktuak merkaturatzea da. Arazoa da FAGOR marka erabili nahi dutela, eta horretarako markaren jabeak Fagor S. Coop.-ek duten akordioa bernegoziatzea behar dute, langile gutxiagori enplegua ematea onartuz. Baina eurek bakarrik lortu ez dutenez, gu tartean sartzea espero dute.

Prentsan esaten dute, edo euren plana onartzen dugu edo ez dugula planik gero jarraian, bai ala bai, itxierako EEE bat aurkeztu langile guztientzat, gure posizioa edozein izanda ere. Hau da, heriotza edo heriotzaren arte erabakitzea.

Gero, esaten dute 160 laguni egindako EEEa kenduko luketela ondorengo eztabaidak nola jango zirenaren arabera.
Onartu dugu merkaturatzean apustua egitea, baina fabrikazio proiektu osagarri bat aurkezteeko baldintzarekin, eta erantzun bezala plan industrialik ere ez digute eskatu, balio erantsi handiagoa duten eta hemen ekoiztu ahal diren produktuak, labeak eta plakak ekoiztea ahalbideratuko lukeena.

Zein proiekturi nahi dute guk baiezkoa ematea? Eurek nahi dutenari, ez dakigu ezer. Uste dugu akordio bat dutela honezkero sektoreko multinazional handi batekin euren produktuak merkaturatu ahal izateko, baina ez digute horren inguruko inolako informaziorik ematen.

Nahi dutena da itsuan onartzea 167 lankideren “soberakina”, eta gero ikusiko dutela zer egin nahi duten. Txeke zuria da 167 irteera bermatzeko, eta hemen ekoizteko apustuaren amaiera sendotzeko. Txeke zuria da, progresiboki eskoizpena desagertaraziz Fagor markarekin merkaturatuz “pelotazoa” ematea ahalbidetuko diena. Norbaitek zuzendaritzaren benetako asmoen inguruko zalantzarik badu gazteen alde egindako apustua ikustea baino ez dauka: 50 urtetik gorako langile guztiak lanik gabe uztea planteatzen dugu.

Ez dakigu zein den multinazionala, ze salmenta bolumen suposatuko duen edo zein produktu gama hornituko diguten. Jakinaren gainean egonda izkutatzen digute gu xantaiatzeko momentua dela jakinda eta itxiera eta kaleratzeekin mehatxatuz.
Ez dakigu zein den planteatzen duten egitura sozietarioa, ia bi sozietate planteatzen den. Zein izango den euren arteko harremana? Ze berme egongo da batak bestea deskapitalizatu ez dezan?

Badakigu Garagartzan ez ekoizteko erabaki politikoa hartu dutela, baina ez dakiguna da non ekoiztu nahi dute edo hobe esanda, muntaia egin. Eta politikoa izan dela diogu, badakigulako higiezinaren jabeak alokairuaren baldintzak birnegoziatzea ahalbidetzen duen galdetuz gero, eurek erantzuten du Enpresak Garagartzatik ateratzea erabaik duela, bestela, multinazionala sartuko ez delako. Ze produkturekin hornituko ez gaituzten ere ez dakigu, adibidez.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera zein den jakitea gustatuko litzaiguke, eta markaren jabearena, Fagor S. Coop.-ena ere bai. Proiektu honek babestua izateko aukerarik ba al dauka? Zein de bere iritzia honen inguruan?

Badakigu bake soziala nahi dutela, eta guk ere bai. Baina horretarako gardentasuna, informazioa eta etorkizun industrial baten aldeko apustutik pasatzen dira, merkaturatzearekin batera. Horrela izan dadin borrokan jarraituko dugu.

FAGOR CNA EZ ITXI!
 

 

 

Abenduaren 12rako grebara deitu dugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu datozen asteetarako aurreikusitako mobilizazioen berri emateko. Hainbat ikastetxetan itxialdiak egingo ditugu urrian zehar, familia eta herritarrekin manifestazioak ere, abenduaren 12ko greba gauzatu aurretik. Era berean, borroka asteak antolatuko ditugu azaroan, sektore bakoitzeko aldarrikapenak gizarteratzeko.

Hauxe da LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek gaur irakurritako agiria:

Pasa den ikasturtean EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta haurreskoletan greba eta mobilizazio garrantzitsuak egin genituen, ikastetxeak, langileak, ikasleak eta familiak azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu asmoz eta egoerari buelta emateko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak plazaratu asmoz. Eusko Jaurlaritzak, ordea, oraindik ez die gure aldarrikapenei erantzunik eman. Sektore ezberdinetako Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du ezarri mahai gainean.

Azken hilabetetan plazaratu moduan, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez ondorengoak dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.
-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
-Ikasle-ratioak %10 murriztea.
-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.
-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Hau dela eta, uste dugu ikasturte honen hasieran ere, Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten.

Irailetik aurrera elkarretaratzeak burutuko ditugu lurralde ezberdinatako Hezkuntza Ordezkaritzetan eta ikastetxeetan. Irailaren 20an Gasteizko Ama Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko solasaldi irekia (world-kafe) dugu. Irailaren 28an ikastetxe, sektore ezberdinetako langile, ikasle eta familiek sufritzen duten egoera salatzeko ekimen bereziak egingo ditugu ikastetxeetan. Urrian zehar lurralde ezberdinetako hainbat ikastetxeetan itxialdiak burutuko ditugu batzar, mahainguru, solasaldi, kontzertu, antzezlan, errezitaldi eta antzekoak gauzatuz. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazioak burutuko ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Azaroko aste bakoitzean sektore jakin bateko egoera eta aldarrikapenak plazaratzeko “borroka asteak” antolatuko ditugu, aste bakoitzeko ostegunean dagokion sektorean greba eguna deituz. Azkenik, abenduaren 12an sektore guztietan greba deituko dugu.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak eraginda egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailari dei egiten diogu sektore ezberdinetako aldarrikapenak (irakasleak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbiketa eta Haurreskolak) aintzat hartu eta benetako negoziazio prozesu bat abia dezala lan-baldintzak hobetu eta egungo gure hezkuntza publikoak dituen behar eta erronkei modu egokian erantzuteko.
 

 

 

Sarek aurkeztutako dokumentuari babesa eman diogu

Presoen eskubideen aldeko plataformak datozen hilabeteetan gauzatuko duen lanaren ardatzak aurkeztu ditu gaur Aieteko jauregian, norbanako eta zenbait eragileren babesarekin. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Exekutiboko kide Edurne Larañagak ordezkatu dute LAB agerraldian. Hain zuzen ere, Sarek dokumentu bat aurkeztu du, bake eta normalizazioan ekarpena egiteko eta presoen auzia konpontzeko helburuarekin.  

Salbuespen legeriarekin bukatzeko garaia dela nabarmendu dute Sareko ordezkari Bego Atxak eta Joseba Azkarragak. Larri dauden presoak askatzea, torturatuak izan diren presoen sententziak berrikustea eta zigorra osorik betetzea ezartzen duen araudia deuseztea dira Sareren dokumentuan jasotzen diren eskaeretako batzuk.

Era berean, 0 Km kanpaina indartuko dutela aurreratu dute, Bilbon urtarrilaren 13rako deitutako manifestazio erraldoia iritsi bitartean.

 

 

 

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dute Misericordia zaharren egoitzako langileek

Iruñeko Casa Misericordia zaharren egoitzako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur enpresak erakutsitako jarrera salatzeko. Hain zuzen ere, enpresak langileen eskaerak ez ditu aintzat hartu eta Nafarroako KPI kontutan hartzen ez duen proposamena mahai gainean jarri du berriro. Are eta gehiago, hitzarmena bermatzeko konpromisoa bera ere ez du hartu.

Casa Misericordia zaharren egoitzako enpresaren jarrera dela eta, LAB, ELA, UGT, CCOO, SATSE eta USO sindikatuek mobilizatzeko deia luzatu dute. Gaur goizeko elkarretaratzearen ondoren, langileak gaur arratsaldean eta ostegunean elkartuko dira berriro. Elkarretaratzeak 17:30etik 18:30era izango dira: gaur, zaharren egoitzaren atari nagusian; eta ostegunean, zezen plazaren etxartean.

Egoera berdin jarraituz gero, mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.
 

 

 

Plan bera aurkeztu du CNA Fagor enpresako zuzendaritzak, 167 langile kaleraturekin

0
Gaur, hilak 5, CNA Fagor enpresako zuzendaritzarekin bilera izan du enpresa batzordeak, eta honek zuzendaritzakoek “bideragarritasun planaren bigarren bertsioa” aurkeztu dietela salatu du.

Hauxe da CNA Fagoreko enpresa batzordeak egin duen irakurketa, bileraren harira:

Benetan aurkeztu digutena, lehenengo planaren bigarren bertsioa da, eta aurkeztu duten aldaketa bakarra, labeak montatzeko proposamena da. Honek 160 langilerentzako enplegua sortuko luke gehienez, hau da, gehienez, hasierako planeko gehienezko zifrara helduko litzateke. Gainera, %10ko soldata jeitsiera proposatzen dute.

Zuzendaritzak enpresako buruek Garagartzan ez ekoizteko “erabaki politikoa” jakinarazi digu, guretzat proiektu industrialari uko egitea suposatzen du honek.

Azken finean, Enpresa Batzordeak ez dio alternatibarik eman hasierako planari eta CNA FAGOReko zuzendaritzak, merkatal jarduera ekoizpenaren osagarri moduan ulertu beharrean, merkaturatzean planteatzen dute proiektuaren oinarria.

Drama sozial bat dela uste dugu, eta horretaz eragile ezberdinen inplikazioa beharrezkoa dela. Hortaz, hurrengo egunetan Eusko Jaurlaritza, Fagor eta Ekimen Berri-rekin bilerak eskatuko ditugu.

Bihar, irailaren 6an, batzarra burutuko dugu Garagartzan 11:00tan, eman beharreko urratsak erabakitzeko asmoz.
 

 

 

Prekarietateak indartsu jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Abuztu bukaeran, Hego Euskal Herrian dauden enplegu zerbitzu publikoek erregistratutako langabezia 169.161 pertsonatakoa zen. Datu honen atzean geroz eta prekarietate handiagoa topatzen dugu. Hala nola abuztuan sinatutako kontratuen %94,4a aldi baterakoa izan zen eta langabeziagatiko babesari dagokionez, herena baino gutxiago dira langabeziagan daudenetatik prestazioren bat jasotzen dutenak.

Abuztu bukaeran, Hego Euskal Herrian dauden enplegu zerbitzu publikoek erregistratutako langabezia 169.161 pertsonatakoa zen. Hauetatik, %56,7 emakumezkoak dira eta %43,3 gizonezkoak. Igoera honen ondorioz, langabezia %12,7a baino piskat gorago kokatzen da (biztanleria aktiboaren portzentaiareko 2. sehilabetekoko Biztanleria Aktioaren Inkestern arabera), bien bitartean, Europar Batasuneko batazbestekoa (uztailari dagokiona), %7,7koa da.

Sei hilabete generamatzan jarraian langabezian zeudenen kopurua murriztuz, %1,3 aurreko hilabetearekiko. Gainera, bereziki negatiboa izan da bilakaera Gipuzkoa eta Araban, %2,9 eta %2,5eko igoerarekin, hurrenez hurren. Nafarroan soilik jaitsi da puntu erdi (-%0,5).

(Aurreko urtearekiko, erregistratutako langabezia 12.852 pertsonetan murriztu da, %7,1 gutxiago).

Baina are negotiboagoa izan da Gizarte Segurantzari afiliazioak izan duen bilakaera, izan ere abuztuan hilabeteko batazbatekoa 11.959 afiliaziotan egin du behera lau herrialdeak kontutan hartuta.

Prekarietateari dagokionez, aipatzekoa da abuztuan sinatutako kontratuen %94,4a aldi baterakoa izan zela (%92,9 urtarriletik metatutako kontratazioa kontutan hartzen badugu).

Langabeziagatiko babesari dagokionez, herena baino gutxiago dira langabeziagan daudenetatik prestazioren bat jasotzen dutenak, ordaindutakoaren araberakoa eta asistentziakoak kontuan izanik. Gainera, langabeziagatiko babesgabetasuna askoz handiagoa dalangabetuen babesgabetasuna zenbat eta altuagoa izan eta are eta gehiago luzatu denbora bere enplegu-bazterketa egoera. Egoera hau zentzugabekeria bat da, egungo enplegu politika pasiboen diseinuak sortua.

 

 

 

LABek eta ELAk aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde egiten dugu

0

Garbiñe Aranburu eta Txiki Muñoz, LAB eta ELAko idazkari nagusiek, hurrenez hurren, burujabetza prozesua bultzatzeko bi sindikatuek egiten duten irakurketa eta hartuko dituzten konpromisoak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu dute. Aranbururen esanetan “erabakitzeko eskubidea dugun herria gara, baina herrien eta langileen erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatu antidemokratiko baten parte ere bagara. Aurrera egin nahi badugu beraz Euskal Herriak bere burujabetza prozesua diseinatu behar du eta zentzu honetan, ELA eta LABek, gure ekarpena egin nahi dugu”.

 
ALDEBAKARREKO BURUJABETZA PROZESU SOZIAL BATEN ALDE
 
POR UN PROCESO SOBERANISTA UNILATERAL Y SOCIAL

Ezinbestean, “bide hau aldebakarrekoa izango da” ziurtatu du Aranburuk. Hala ikusten ari gara Catalunyan azken aste eta hilabeteetan. PPren Gobernuak, PSOE eta Ciudadanosen konplizitatearekin, edozein modutara zapuztu nahi du erreferenduma. Esanguratsua eta adierazgarria da ere Eusko Jaurlaritzaren elkartasun keinu falta eta distantzia hartu nahia Catalunyako prozesuarekiko. Gainera erabat antidemokratikoa den gobernu bati egonkortasuna ematen dio. Aranbururen aburuz “Catalunyako prozesuarekiko erakusten duten jarrera epelaren atzean burujabetzaren aldeko apustu eza dago”.

Euskal Herriak bere prozesua egin behar du baina ez nolanahikoa, "prozesu sozialaz ari gara". Hain zuzen ere bizitzaren prekarizazioak ez du etenik, langileontzat ez dago errekuperazio ekonomikorik, desoreja sozialak handitzen ari dira…Egoera hau aldatzeko ezinbestean Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki behar dugu. Aranbururen iritziz “herritar guztiei bizitza duina bermatzeko ahalmen politiko eta tresna instituzionalak izatea izan beharko luke autogobernuaren funtsa”.

Argi eta garbi dio LABeko idazkari Nagusiak: “Herri bat garela aitortu behar da, euskal herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea aitortu behar da”. Enplegu eta babes sozialeko gaietan ahalmen legegile osoa behar dugu, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraiki nahi dugulako. Euskal herritar guztiek bizitza duina izan dezaten nahi dugulako. LAB eta ELAk ezaugarri horiek dituen burujabetza prozesua abiatzeko konpromisoa dugu eta bide hori jorratzek prest dauden ezkerreko eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko aliantzak eraikitzea dugu helburu.