2026-02-11
Blog Page 884

Desobedientziarik gabe ez dago askatasunik

Atzo, irailak 28, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko eguna izan zen. Gure irakurketa plazaratzeaz gain, Idazkaritza Feministako kide Arantza Vazquezek eta Elixabete Etxeberriak iritzi artikulu bat egin dute abortatzeko eskubidearen alde.

Emakumeoi, geure buruaz erabaki ahal izateko eskubidea etengabe ukatu zaigu mundu osoan zehar. Erabakitzeko eskubidearen aldeko emakumeon borrokak —mugimendu feministak zuzendua eta milaka emakumeek sustatuta—, 70eko hamarkadan, ordura arte pentsaezinak ziren ondorio sozialak izan zituen. 1976an 11 emakume atxilotu zituzten Basaurin, horietako bederatziri abortatu izana leporatu zitzaien, eta beste biri lagundu izana; izugarrizko elkartasun uhin geldiezina sortu zen. Mobilizazio haietan lortu zen, pitinka, hainbat urtetan, haurdunaldia borondatez eteteko legean aldaketak eragin ahal izatea.

1990eko irailaren 28an aldarrikatu zen, Latinoamerika eta Karibeko V. Topagune Feministan, Abortua Despenalizatzeko Eguna. Honen bidez gogoratzen da abortu ez-segurua eta klandestinoa dela inguru hartako herri askotako emakumeen heriotzen lehen arrazoia.

Gaur egun gurean, Hego Euskal Herrian, inposatutako lege batekin darraigu, haurdunaldia eteten «uzten diguna», lege horrek zehaztutako egoera eta baldintzetan. Gainera, ezin dezakegu ahaztu osasun publikora heltzen ez diren eta gure artean bizi diren emakume guztiek erabili ohi dituzten haurdunaldiak eteteko metodoak ezkutuan eta segurtasun urriko baldintzetan gauzatzen direla oraindik. Horrela, euren osasuna arriskuan jartzen dute, egoera irregularrean daudenek bide pribatura soilik jo dezaketelako. Geure buruaz erabakitzeko eskubideak klase-kontua izaten jarraitzen du; ezin dezakegu saihestu egoerak bere horretan dirauen bitartean borrokatu behar izango dugula, murrizketarik gabeko eta emakume guztiontzako eskubidearen alde.

Eta, era berean, gogorarazi nahi dugu askotan, desobedientziarik gabe, ez dagoela justiziarik. Geure buruez, geure bizitzez, geure herriez, geure nortasunez… erabakitzeko eskubidea ukatzen duten legeen adibideak ugariak izan dira azkenaldian.

Emakumeok geure buruari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan, funtsezkoak eta ezinbestekoak gertatu ziren Euskal Herriko emakumeen artean ehundu ziren elkartasun sareak; eta oso interesgarriak suertatu ziren Hegoaldeko eta Iparraldeko emakumeen artean sortu ziren aliantzak. Haurdunaldien etenaldiak egin ahal izateko, ezinbestekoa gertatu zen osasungintzako eta beste arlo batzuetako langile askoren lankidetza eta laguntza, jardunbide horiek gauzatze aldera.

Haiek (osagileak, erizainak, gizarte-langileak, psikologoak, psikiatrak…), anonimoki, euren lanpostua arriskuan jarriz eta espetxe eta gaitasungabetze mehatxuak ere jasoz eta elkartasuna erakutsiz, ahalbidetu zuten emakume asko behartuak ez egotea nahi ez zuten haurdunaldi batekin jarraitzera; emakumeak babestu beharreko objektutzat jotzen zituzten lege burugabe eta bidegabeak desobeditu zituzten. Gogoratu 1990ean Iruñean hainbat osasun-langileri epaiketa egin zietela, Bideko Ama Birijina ospitale publikoan abortua egin izana leporatuta.

Irailaren 28arekin, gogora ekarri, omendu eta eskertu nahi ditugu horrenbeste urtetan elkartasuna adierazi duten eta emakumeok geure buruez erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan ezagutza eskaini duten langile horiek guztiak.

Gogora ekarri nahi ditugu, eta gure elkartasuna adierazi, erabakitzeko eskubidea egikaritzeagatik gaur egun espetxeratuak izaten ari diren emakume guztiak ere. Haiei esker, borroka hau ere posible izan zen!
 

 

 

Rothenberger-eko langileek lanuzteak egingo dituzte, lan baldintza duinen alde

0
Abadiño eta Gasteizko Rothenberger-eko langileak lanuzteak egiten ari gara lan-baldintza duinak izateko dugun eskubidaren alde. Enpresa-batzordeak bere osotasunean deitutako lanuzteak dira (CCOO, LAB eta ELA), irailaren 25ean hasi zirenak egunean 4 ordutako paroekin. Bihar ostirala, irailaren 29an, 24 ordutako lanuztea egingo dute eta kontzentrazioa egingo dute Abadiñoko lantokiaren aurrean, 11:00etatik aurrera.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Azken 4 urteetan ezinezkoa izan da enpresarekin hitzarmen propio duina adoste. Enpresaren helburuak onartezinak dira, izan ere, bazterketa eta langileen arteko ezberdintasunak areagotzea besterik ez baitute nahi.

Akordio falta dela eta, enpresak ez ditu lehenagotik hartutako konpromisoak bete, errelebu kontratuak ez ditu bermatu adibidez, eta 30 urtez baino gehiagoz lanean egondako jendea lanean jarraitzera derrigortu dute, jubilazio aldia iritsitakoan. Horrelako eskubide urraketekin, enpresaren jarrera erabat mespretxagarria eta gaitzesgarria dela salatu nahi dugu. Argi baitugu, horrelako erabakien ondotik enplegu iraunkorraren galera, kontratazioetan prekarizazioa, aldibaterakotasuna edo ABLEak datozela.

Rothengerren 2011etik gaude enpresako hitzarmenik gabe eta laneko erreformaren ondorioak pairatzen. %5eko jaitsi ziguten soldata eta lan aldia luzatu; eta guzti hau, irabaziak dituen enpresa batek.

Gure aldarrikapenen oinarrian dago erreformaren aurkako klausulak onartzea, enplegu finkoa bultzatu eta babestea, soldaten eguneratzea eta lanaldia murriztea. Kontrara, enpresak, lotsagabe, eskubideak lapurtu dizkigu, langileon arteko ezberdintasuna bultzatu du eta laneko segurtasun eta prebentzio politika gabe, gure osasuna egunero arriskuan jarriko dugun makinak izatera kondenatu nahi gaitu.

Greba egun hauetan zehar, enpresako zuzendaritzak, eta beraien jarraitzaile eskirol zintzoek, grebalariak beldurrarazi nahi izan gaituzte. Batez ere, behin behineko kontratua duten edota ABLE bidez kontratatutako langileak grebarik egin ez dezaten. Eta gaurkoan, argi eta garbi salatu nahi dugu, horrelako jarrerek urratu egiten dutela grebarako eskubidea.

Argi dugu mobilizazioa eta borroka dela hitzarmen duina lortzeko bide bakarra.
 

 

 

Zerga erreforma Bizkaian, EAJren beste iruzur politiko eta sozial bat

BIzkaiako Ahaldun Nagusia den Rementeriaren hitzak argi erakusten dute EAJk ez duela inongo borondate politikorik benetako zerga erreforma bat burutzeko. Egingo duena ez da eragile soazialek aldarrikatu duguna, ez da euskal jendarteak behar duena.

Enpresei zergak murriztea, gai honetan dituzten eskumenak patronalaren mesedetan erabiltzen jarraitzea da. Enpresa handiak saritzea da eta kapital espekulatiboari laguntzea. Berriro ere. Txarrena, jendearen egoera soziala hobetzeko aukerak baztertzea suposatzen du. Aberastasuna modu zuzen eta solidarioan banatuz premia sozialak asetzeko eta egoera ekonomikoa hobetzeko dauden aukerak alboratuz hartzen den erabakia da.

Iruzur politiko eta soziala da. Politikoa, erreforma boterean dagoen alderdiaren eta boterea benetan duen patronalaren artean egiten ari direlako. Berriro lapurtzen digute gure bizi baldintzetan hainbeste garrantzia duten erabakietan parte hartzeko eskubidea. Iruzur soziala da, erreforma hau premia sozialak daudelako egin behar da. Kontrara, krisiarekin ezer galdu ez dutenen eta krisiaren gestioarekin asko irabazi dutenen mesedetan egingo dute.

Enpresen zerga murrizteko arrazoirik ez dago, ezta beti argudiatzen duten lehiakortasuna kontutan hartuz ere. EAEko presio fiskala txikiagoa da, bai Estatuarekin alderatuz, baita Europako batazbestekoari begiratuz ere. Borondate eta proiektu politiko kontua da. EAJk PPren proiektua konpartitzen du eta PSEren laguntza du politika hauek egiten jarraitzeko. Ados daude politikak nola egin eta norentzat egin erabaki behar denean.

LABetik benetako erreforma fiskalaren alde egiten jarraitzen dugu. Bada garaia abesrastasuna banatzeko eta politikak Herriaren mesedetan egiteko. Horrelako erreforma bat behar dugu eta posiblea izango da, alternatibak proposatzeko eta instituzioetan nagusiak bihurtzeko gai den gehiengo sendoa eraikitzen baditugu.
 

 

 

Jarraipen zabala izan du Asteasuko Siemens-Gamesako grebak

0

Asteasuko Siemens-Gamesako langileak greban daude. Irailaren 24an hasi zuten greba eta urriaren 1era luzatuko da, bajan zegoela kaleratu zuten lankide baten berronartzearen alde.

Jarraipenari dagokionez tallerrean ia erabatekoa izan da, atzo ez zen inor joan lanera. Bulegoetan, %40ko jarraipena gutxi gora behera.

Mobilizazio iraunkorrean daude langileak, piketeak, konzentrazioak, pankartak eta kartelak jarri… Parte hartzea oso handia izan da. Goizeko bost eta erdietan 40 lagun inguru bildu dira egunero.

Gaur Zamudiora joan dira Siemens Gamesako egoitza nagusiaren aurrean kontzentrazioa egitera. Bihar, egunero bezala 5:30etatik aurrera enpresa aurrean mobilizatuko dira Asteasun.

Enpresaren aldetik ez dago mugimendurik eta jarrera itxian mantentzen dira. Datorren astean beste asanblada bat izango da hemendik aurrerako dinamikak definitzeko.
 

 

 

“Ziur gaude euskaldunok ere egunen batean bozkatuko dugula”

0

Bilboko elkarretaratzea, Moyua plazan.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesteko irten gara gaur kalera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bilbon, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza; Iruñean, berriz, Imanol Karrerak. LABeko ordezkariek argi dute: "Mobilizatua dagoen herri bat gauza handiak lortzeko gai da".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "testuinguru politiko oso garrantzitsuan bizi dugu gaurkoa. 78Ko errejimena dago jokoan, handik eratorritako lurralde eredua eta eredu ekonomiko eta soziala dago jokoan. Katalanek, erreferenduma egiteko eskubide eta zilegitasun osoa dute. Erreferendum hori salbuespen egoera batean egingo da. PPren gobernuak PSOE eta Ciudadanos-en laguntzarekin erreferenduma oztopatzeko erabaki irmoa du. Inork zalantzarik bazuen, argi geratu da Espainiako Estatuak ez duela herrien erabakitzeko eskubidea errespetatzen. Oztopatu egiten du horretarako errepresioa erabiliz. Demokrazia bera jokoan dago".

Gasteizen ere elkartu gara, Gobernu azpiordezkaritzaren aurrean.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "Kataluniarekin elkartasuna adierazi eta aldi berean erabakitzeko eskubidea ukatzen duen PPrekin akordioak ez dira bateragarriak. EAJk erabakitzeko eskubidearen benetako defentsa egin nahiko badu, PPrekin dituen akordioak apurtu behar ditu. EAJk oso ondo daki PPrekin ez dagoela nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula jasoko duen marko juridiko berri bat adosterik. PPrekin dagoen tarte bakarra, momentu honetan gobernuan duen ahultasunaz baliatuz, herri honi iruzur berri bat egitea da".

Geroa Bairi ere deia
LABeko ordezkari Imanol Karrerak hartu du hitza Iruñeko elkarretaratzean: "Langileon aldetik, Geroa Baiko Gobernuarentzat eskaera bat egiten dugu: Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala, eta errepresioaren aurkako jarrera argia azaldu dezala".

Iruñeko protesta, Gobernuko ordezkaritzaren aurrean.

Karreraren esanetan, "ziur gaude katalanek urriaren 1ean bozkatuko dutela. Eta ziur gaude euskaldunok ere egunen batean bozkatuko dugula. Ilusionatu, motibatu, aktibatu eta mobilizatu gaitezen. Mobilizatua dagoen herri bat gauza handiak lortzeko gai delako, badugulako indar nahikoa estatuari bigarren fronte bat irekitzeko".

 

 

 

Abortua oraindik ez da eskubide normalizatu bat Osakidetzan

Irailak 28 da gaur, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko eguna. Beharrezko baliabideak ditugu abortuaren eskubidea ingurune normalizatu batean gauzatu ahal izateko, Osakidetzako edozein pazientek gisa, osasungintza publiko eta kalitatezko batean. Eta ez dezagun ahaztu: legezko eskubidea dugu.

Idazkaritza feministak iritzi artikulu bat egin du abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko egunaren harira. Zerbitzu Publikoetako ordezkariek, bere aldetik, ondorengo irakurketa egin dute:

Irailak 28, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko egunaren harira, LABek salatu nahi du aborto eskubidea oraindik ez dela eskubide normalizatua Osakidetzan.

Gripea edota hipertentsioa izanez gero zer egin behar dugun esaten digu Osakidetzak , baina abortuaren inguruan ez dago informazio esanguratsurik. Nahiz eta abortua eskubide gisa onartua dagoen, aukera hau ezkutatu, estali, egiten da eta, ondorioz, eskubide hau gauzatzea oztopatu egiten da.

Osasungintza Publikoak ez du lortu abortatu nahi duen emakumea epaitua ez sentitzea. Egiazki, babesik gabe sentitzen da. Izan ere, abortuaren praktika lohitu asmoz hainbat elkarte, alderdi eta elizak egin dituzten kanpainei gehitu egin behar zaie abortuaren inguruko Kontzientzi Eragozpenak izan duen oihartzun mediatiko handia. Ondorioz, legeak arautzen duen lehen asteetako abortua zentro pribatuetara desbideratzen da.

Egoera hau Osakidetzak pribatizazioaren bidean egiten ari denaren erakusgarri bat gehiago da. Beharrezko baliabideak ditugu abortuaren eskubidea ingurune normalizatu batean gauzatu ahal izateko, Osakidetzako edozein pazientek gisa, osasungintza publiko eta kalitatezko batean. Eta ez dezagun ahaztu: ESKUBIDE LEGALA DUGU.

 

 

Hitzarmen berri bat aldarrikatu dute Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek

LAB, ELA, Steeilas, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu, ikasturte honetan abiatuko dugun mobilizazio zikloaren lehenengo pausu bezala, baina bidea egiten jarraituko dugu hitzarmen berri bat lortu arte. Hain zuzen ere, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak Zumaiako Maria eta Jose ikastetxearen atarian bildu gara, hitzarmen berri bat aldarrikatzeko.

2009. urtetik daramagu hitzarmena berritu gabe, denbora honetan guztian gure soldatak izoztuak egon direla, eta ez bakarrik hori. 2010. urtean patronalek soldatetan %5eko murrizketa ezarri ziguten eta, mobilizazioaren eta hasitako bide judizialaren ondorioz atzera egin behar izan zuten. 2013. urtean hitzarmen estatala aplikatzen hasi ziren, gure lan baldintzak nabarmenki okertuz, eta abiatutako mobilizazioei esker gure hitzarmena berreskuratzea lortu genuen.

Hitzarmena berritu gabe 8 urte pasa diren honetan eta 33 hitzarmen mahai pasa diren honetan, argi gelditu da sektoreko patronalek nagoziatzeko borondaterik ez daukatela. Ez, behintzat, gure lan baldintzetan eta hezkuntzaren kalitatean hobekuntzak suposatuko luketen edukien inguruko eztabaidan sartzeko. Izan ere, behin baino gehiagotan argi utzi dute dirua suposatuko lukeen ezer negoziatuko ez dutela.

Eta gure ustez, ez da onargarria. Aipatu bezala, soldatak izoztuak urteetan zehar egon direnean. Urte hauetan guztietan hainbat kolektiboren (heziketa bereziko langileen eta 0-3ko langileen) bazterketan sakondu izan denean. Ordu osagarriak bahitu dizkigutenean eta lan kargak igo direnean, eta denboran gehiago iraun ezin daitekeen beste hainbat egoera mantentzen diren honetan ez gaude prest geldirik mantentzeko.
 

 

 

LABek Urkullu interpelatu du lan istripuen aurrean erabaki politikoak hartzeko

0

Gaur INDUSTRIA 4.0 jardunaldia burutzen ari da EUROPA Jauregian eta bertan LABek protesta ekintza egin du lan osasunarekin lotuta dagoen sarraskia salatzeko. Izan ere, URKULLU Lehendakariak hitza hartu behar zuenean, LABeko kideek hitzartzea eten eta interpelatu dute zuzenean propaganda gutxiago egiteko eta erabaki politikoak behingoz hartzeko langileon osasuna, eta bizitza, bermatzeko.

LAB-ek argi eta garbi utzi nahi du jardunaldi hau propaganda hutsa dela, gure ustez propaganda 4 industria 0, deitu beharko litzateke. Are gehiago, Jaurlaritzak eta Patronalak bultzatzen duten ereduan prekarietatea 4 eta lan osasuna 0 baino ez dizkigute eskaintzen.

Horrelako propaganda ekitaldietan, errealitate gordina izkutatzen dute: 2017an Hego Euskal Herrian 43 langile hil dira, Industria sektorean 18 dira hildako langileak, 3 Araban; 22916 lan istripu eta 2586 lan gaixotasun erregistratu dira (hauek estatistika ofizialak dira, baina badakigu lan istripu asko ezkutatzen direla eta datuak makilatzen direla.)

Beraz, datu horiekin Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari galdera zuzena egiten diegu: ze industria aurreratu saldu nahi digute, industrian 2 astero langile bat hiltzen denean?

LABek argi du lan istripu eta gaixotasun profesinalen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla. Patronalak prekarietatea zabaltzen du (langile berriak diskriminatzen, azpikontraten bidez, ETTen bidez, zabor kontratuekin, kontratazioan iruzurra eginez, formazioa ukatuz, segurtasun neurriak hartu gabe,…) eta Jaurlaritzak eta PNVk erabateko babes politikoa eskaintzen diote, eta ezagutzen ditugu horren ondorioak.

Pertsonengan apustua egiten dutela diote baina sarraski etengabe honekin bukatzeko borondaterik ez dago. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari exijitzen diegu propaganda eta marketing gutxiago eta konpromiso zehatzak har ditzaten langileon osasuna bermatzeko, erabaki politikoak hartu behar baitira arazo hau konpontzeko. Lan osasuna bermatzea industria aurreratu baten ezinbesteko osagaia izan behar da.

LABek heriotza eta lan istripuen atzean dauden erantzule zuzen nahiz zeharkakoak salatzen jarraituko dugu, prekarietatea eta lan istripuak borrokatzen jarraituko dugu.

 

Euskal erakundeek Kataluniari babesa eskain diezaiotela eskatu dugu Gasteizen, Iruñean eta Baionan

0

LABek idatzi bat erregistratu du gaur Euskal Herriko hiru instituzioetan: Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan; Iruñean, Nafarroako Gobernuan; eta Baionan, Euskal Elkargoan. Erakundeek erreferendumaren mesedetan joka dezatela eskatu dugu dokumentuan.

Idatziaren bidez Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoarengana zuzendu gara, honakoa eskatzeko:

-Katalunian gertatzen ari dena oso larria da, eskubide zibil eta politikoak, askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Demokrazia bera dago jokoan.

-Kataluniako gobernuak zilegitasun osoa du urriaren 1eko erreferenduma deitzeko. Herriari hitza eman eta hitza errespetatzea demokrazia kontua da.

-Urriaren 1ean kataluniako herriak bozkatzeko duen eskubidea urratua izaten ari da. Espainiako gobernuak auzi politiko bati errepresioarekin erantzun dio. Momentu honetan salbuespen egoera dago Katalunia.

Gertatzen ari dena kontuan hartuz, honako eskaerak zuzentzen ditugu:

-Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala eta errepresio bidearen aurkako jarrera argia azaldu dezala.

-Espainiako Gobernuari exijitu diezaiola Urriaren 1eko erreferendumaren antolaketa eta gauzapena errespetatzea bertatik ateratako emaitza onartzea.

-Erabateko eta baldintzarik gabeko babes politikoa eman diezaiola urriaren 1eko errefendumari eta bertatik ateratako emaitzak zilegitzat har ditzala ondorio guztietarako.

-Laguntza logistiko eta juridikoa eman diezaiela Kataluniako instituzioei eta kataluniako herriari erreferendum hori ahalik eta berme gehienekin egin dadin, besteak beste:

-Instituzio honetako zerbitzu juridikoak Generalitatearen behar izanetarako eskainiz.

-Begirale moduan arituko litzatekeen ordezkaritza instituzionala bidaliz.

-Boto paperak inprimatu nahiz bozka kutxak jartzeko, edo behar denerako beharrezkoa den laguntza logistikoa eskainiz.