2026-07-11
Blog Page 875

Konponbidea ez dugu neurri judizial-polizialetan aurkituko, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistema justu eta sendo baten eraikuntzan baizik

Azken hilabete hauetan Bilbo handian gertakari bortitzak jazo dira. Hauen protagonista adin txikikoak izan dira, batzuk Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean daudenak. Gertakarien berotasunean, hainbat pertsonak, ordezkari politikok zein eragilek kolektibo hauen kontrako neurri zigortzaileak ezarri, zigor-sistema gogortu eta poliziaren jarduna gogortzeko eskatu dute. Lehenik eta behin, gure elkartasun beroena adierazi nahi diegu familia eta lagunei.

LABek ez du bat egiten segurtasunen oinarrituriko irtenbide faltsu horiekin. Izan ere, sistema penal eta polizial gogorrenen eredu diren herrialdeetan (Estatu Batuak, kasu) dagoen biolentzia eta delinkuentzia tasa altuari erreparatu besterik ez baitago sistema hauen porrotaz ohartzeko.

LABen ustez, horrelako gertakaririk ez izateko arazoaren muinari ekin, berau ondo diagnostikatu eta jatorrian dagoen arazoari konponbidea jarri behar zaio. Hori eginez gero, berehala ohartuko gara prekarietatea eta bazterketa soziala daudela gertatu denaren atzean, eta horiek konpontzeko neurriak hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistema sendo baten eraikuntzan topatuko ditugula. Aberastasuna modu ekitatiboan banatuko duen sistema sozioekonomiko justu bat gauzatzeaz batera, jakina.

Azken bolada honetan EAEn hazkunde ekonomikoa dagoelako, eta bazterketa sozialik ez dagoenaren fantasiazko diskurtsu politikoa zabaltzen ari dira; Bizkaiaren luze-zabalean gero eta gehiago hedatzen ari den prekarizazio eta bazterkeria esparruen aurrean ezikusiarena egiteraino.

Hortan, LAB bezala dugun eskarmentuaren arabera, ezin dugu esan Aldundia eta gai honetan ardura duten instituzioak eredugarria direnik inondik ere:

· Babesik Gabe Dauden Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Haurrentzako III. Planak (2016-2019) ez du argirik ikusten nahiz eta lehentasunez aurre egin behar diren erronkek duten garrantzia (Umeen Zerbitzuaren kudeaketa eta antolamendua hobetzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak gauzatuz, emandako zerbitzuaren kalitatea bermatzea eta mantentzea,…).

· Bestetik, babesgabe dauden adin txikikoei ematen zaien zerbitzuaren zati oso garrantzitsu bat pribatizatuta edo azpikontratatua dago. 2017koko urrian, haurrentzako egoitzen %15 besterik ez zen kudeaketa zuzenekoa. Pribatizazio prozesu horrek orain ikusten ari garen kalte handiak dakartza: Aldundiaren arduragabekeria eta kontrol falta, egoitza horietan lan egiten duen langileriaren baldintza gordinak,….

· Azkenik, babes gabe dauden adin txikikoen egoera behar bezala eta arintasunez antzemateko, eta gerora babesa, laguntza eta interbentzio sozial-afektibo-edukatiboa emateko, baliabideen falta itzela dago. Gogora ekarri nahi dugu LABek aspaldi salatu duela Aldundiko Haurren Zerbitzuan eta GUFEko Egoitza Harreraren Unitatean dauden giza-baliabideen falta. Behin eta berriro aldarrikatu dugu bertan egin beharreko inbertsioa, besteak beste zerbitzu horretako langileak (psikologoetatik hasi eta administrarietatik igarota kategoria guztietaraino) pairatzen ari diren lan karga eta presioagatik.

Beraz, esan bezala, gai honetan ardura duten instituzioei eta bereziki berau gobernatzen ari diren taldeei, polizia eta neurri judizialen gogortzea alde batera utzi dezatela, eta gogoeta sosegatu bat egin dezatela eskatzen diegu. Gogoeta horretan entzun diezaietela gai hauetan aritzen diren herri eragileei, eta bereziki etxe honetako arlo honetako profesionalei, eta politika sozialaren norabidea gogoeta horretan ateratzen diren ondorioetara egokitzeaz gain, behar den beste baliabide inbertsio egin dezatela.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi gure langilegoa. LABek azpimarratu nahi du Aldundian adin txikikoen kasuetan lanean diren hezitzaile, psikologo, terapeuta eta kategoria guztietako langileen lana, baliabide oso urriak izanda ere ordainezinezko lana egiten ari baitira. Era berean, gure erronka eta konpromisoa da langile horiek subjektu aktibo bihurtzea euren eskubideen aldeko borrokan eta sistema justu eta sendo bat eraikitzeko bidean.
 

 

 

Bilera eskatu diote Jon Darponi Asuncion klinikako langileek

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Tolosaldeko osasun zerbitzuaren egoera larriaren aurrean berehala esku hartzeko eskatu diote, gaur egindako agerraldi batean.

Hauxe da Asuncion klinikako langileek gaur igorri duten oharra:

Asuncion-eko langileek azken urteetan gure lan baldintzetan jasan dugun prekarizazio larriaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Tolosaldeako osasun zerbitzuaren egoera larriaren aurrean berehala esku hartzeko eskatzen diogu.

Langile guztien izenean eskerrak eman nahi genizkieke Tolosaldeako biztanle guztiei, eman diguten babesagatik eta gure mobilizazioen aurrean izan duten jarreragatik. Biztanleak kontziente baitira egoera honen erantzule Eusko Jaurlaritza eta Asuncion klinikako zuzendaritza direla.

Asuncioneko langileok 2017ko abendua eta 2018ko urtarrila bitartean 4 eguneko greba aurrera eramatea erabaki genuen. Mobilizazioak bultzatuta enpresak negoziatzera deitu gintuen, baina beren proposamena gure errebindikazioetatik oso urrun dago, beraz gure exijentziei erantzun gabe jarraitzen dute.

Asuncion klinikako langileok 2011. urtetik ez dugu inongo soldata igoerarik izan, ondorioz eroste ahalmenaren galera geroz eta handiagoa da. Gure urteko lan jarduna administrazio publiko langileek duten lan jardunetik oso urrun dago, eta 2010. urtetik ez du inongo murrizketarik izan, pertsonal falta eta kontratazioen irregulartasuna eta lan kargen handitzea eguneroko errealitatea dira azken urte hauetan. Zuzendaritza honek osasuna negozio bilakatu du eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila honen konplizea izan da, ez baitzaizkie batere inporta ez Tolosaldeko 65,000 biztanleak eta ezta ere Invizako langileak.

Honez gain, errealitatea gezurrekin estaltzen dute, traumatologiako trasladoak pazienteen onuragatik egiten direla esanez eta profesional faltaren arazoa dela ezkutatuz. Errealitatea ordea hau da, klinikako profesionalak joaten ari direla dituzten lan baldintza txarren ondorioz. Honek Tolosaldeko 65.000 biztanleren arreta zerbitzuan eragin larria du.

Egoera honen ondorioa azken urte hauetan jasaten ari garen prekarizazio sistematikoaren ondorioa da. Eta honen arduradun zuzenak PNV buru duen Eusko Jaurlaritza eta Montoya Jauna dira. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Sailburua den Jon Darponi, gurekin biltzeko eskatzen diogu, Asuncionekin gertatzen ari dena azaldu diezagun.

Tolosaldeako osasun zerbitzuak zergatik da gainontzeko eskualdeetako osasun zerbitzua baino prekarioagoa, baliabideak daudenean? Asuncion Klinikak urtean 20 milioi euro jasotzen baditu diru publikotik, Tolosaldeko osasun publikoaren gestiorako.

Azkenik, mobilizatzen jarraituko dugula jakinarazi nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak eta Asuncioneko zuzendaritzak gure eskualdean eragin duen arazoa sakonetik konpondu arte.

 

 

 

Mobilizaziora deitu dugu itsasoan hildako ATUNSA enpresako langilearen heriotzaren aurrean

Bermeoko ATUNSA enpresako arrantza-ontzi bateko langile bat hil zen atzo. Langilea zauriturik suertatu zen itsasoan izandako istripu batean, hiru egun lehenago. Kasu honetan, nabarmentzekoa da ATUNSA enpresak langile honen heriotzaren aurrean erakutsi duen gardentasun falta. LABek dei egiten du astelehenean, hilak 29, euskal gehiengo sindikalak deituta Bermeoko Lamera plazan egingo den kontzentrazioan parte hartzera. Mobilizazioa 12etan izango da.

LABek bere elkartasun eta babesa erakutsi nahi die hildakoaren senitarteko eta gertukoei, eta langile klaseari okorrean. Honekin, gutxienez 4 dira urte hasieratik lan-istripuetan hildako langileak, Euskal Herrian edo euskal enpresetan lanean ari zirela.
Gaur egungo krisi ekonomikoak lanpostuak inoiz baino gehiago prekarizatu ditu, itsasoko lanetan diharduten pertsonei dagozkienak ere. Beraien lan baldintzak, istripu bat gertatuz gero ezer ezin egina, ez medikurik, ez soroslerik, urruntasuna…
 

 

 

Bat egin dugu Bolibarren antolatutako elkartasun egunarekin, Hugo Chavezen heriotzaren 5. urtemuga dela eta

0

Venezuela Aurrera plataformak eta bertan dauden eragileetako ordezkariek, LABekoak barne, agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, Veneuzela plazan. Hain zuzen ere, Hugo Chavezen heriotzaren 5. urtemuga beteko da martxoaren 4ean, eta, horren harira, omenezko elkartasun egun bat antolatu dute Bolibarren. Egun horretan izango diren ekitaldien berri eman dute gaurko agerraldian.

Kontzeruak, herri bazkaria eta haurrentzako jarduerak egingo dituzte Bolibarren, martxoaren 4an, Hugo Chavezen heriotzaren 5. urtemuga dela eta. Ekitaldi nazional bat ere antolatuko dute, Venezuela Aurrera plataformak deituta.

Plataforma honen hitzetan, "Venezuelako proiektu sozialistak, ondo egindakoak zein gaizki egindakoak kontutan hartuta, beste hainbat borroka global zein lokalekin batera, mundu hobe bat nahi dugunontzako izar gorri bat izaten segitzen du; itxaropenez beterikoa, gainera. Horregatik zaigu ezinbesteko borrokan den Venezuelari, gaur inoiz baino gehiago, gure elkartasuna adieraztea".
 

 

 

EAEn kolektibitateen hitzarmen bat sortzeko eskatu dugu Gurutzetako ospitalean

0

Kolektibitateetako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Gurutzetako ospitalean. Hain zuzen ere, salatu dute lan bera egiteagatik lan baldintza kaskarragoak dituztela, eta horretarako “Estatalizaziorik ez! Hemen lan egin, hemen negoziatu” leloarekin egin dute protesta.

Gurutzetako ospitaleak, Eurest enpresaren bezero gisa, langileen lan eskubideak okertzea ahalbidetzen du, soldata okerragoa eta medikuntza bajengatik penalizazioak inposatuz.

Sodexo, Eurest eta Serunion enpresetako langileek sektoreko lankideekiko lan baldintza okerragoak dituzte, lan bera egiteagatik. Soldata zozkatu egiten dute, baita lanaldia, bajen osagarria eta lan hitzarmen kolektiboa ere. Hau guztia, Eurest, Sodexo eta Serunion enpresek irabazi gehiago atera ditzaten, langileen prekarietatearen kontura.

Ostalaritzako hitzarmen estatalaren aurrean, EAEn kolektibitateen hitzarmen bat sortzeko eskatu dugu gaurko mobilizazioan. Hemen lan egiten duten heinean, hemen erabaki behar dutela aldarrikatu dugu, azken batean.
 

 

 

Prekarietateak babes politikoa duela ikusi da Donostiako gaurko udal plenoan

0
Gaurkoan EAJ, PSOE eta PPk udal plenoan erabaki dute dirulaguntza eskatuko duten eraikinen obretan Gipuzkoako Lan Hitzarmena aplikatzea derrigorrezkoa ez izatea. Erabaki honek, hitzarmena ez betetzeari eta esplotazioari ateak zabaltzen dizkio. Alderdi hauek eraikuntzako sektorean prekarietatea zabaltzeaz gain, enpresariei gutxieneko lan arauak ez betetzeko deia egiten diete.

Gertatutakoa oso larria da. Onartezina. Hau tamalez, Donostiako Udalaren menpe dauden beste obretan gertatzen ari da, Anoetako estadioaren berritze lanetan bezala, LABek berriki Lan Ikuskaritzan salatu duen moduan. Eskandalugarria da. Horrela nahi dute kalitatezko enplegua sortu eta defendatu? Negoziazio kolektiboaren aldeko alderdi horien mezuak propaganda hutsa direla argi geratu da. Ze zilegitasunarekin eskatuko diete herritarrei arauak betetzea Udalak berak lan hitzarmenak betetzen ez dituenean? LABek Donostiako alkatea den Eneko Goia jaunari bilera urgentea eskatu dio euren jarrera aldatu dezan.

Prekarietatea, gaur egungo lan merkatuan langileen lan baldintzen kontura gutxi batzuk aberasteko tresna da. Baina argi salatu nahi du LABek: prekarietateak babes politikoa du Euskal Herrian. Azken adibidea Donostian gertaturikoa da.
 

 

 

Igorreko Talleres Negarrako langileek elkarretaratze bat egin dute bost nomina zor dizkietelako

0

Igorreko Talleres Negarrak 85 langile ditu gaur egun. 2014ko apirilean egoera ekonomiko txar baten aitzaki pean kaleratze kolektibo bat eraman zuen aurrera. Politika neoliberalak jarri zituen martxan, 30 langile kaleratu eta soldatak izoztuz. Orduz geroztik zorretan eduki ditu nominak, eta azken bi urteotan, 2 nomina etengabe atzeratzen ibili da. Gaur egun bost nomina zor dizkie langileei eta ez dago lanik tailerrean.

Honek argi erakusten digu politika neoliberalek ez dutela enpresaren egoera ekonomikoa hobetzen, baizik eta langileen bizkar bota egoera ekonomiko okerra.

Datu makroekonomikok aurkezten dizkigute egoera onean gaudela sinistarazteko. Errealitatea ordea beste bat da. Krisia deituriko honen ondorioz, langileen baldintzak okertu dituzte. Talleres Negarrako egoera, honen adibide argia da.

Horregatik, enpresak bere erantzunkizuna bere gain har dezala eta Eusko Jaurlaritzak benetako politika industriala martxan jar dezala eskatzen dugu, langileak hobeto bizi ahal izateko, eta ez soilik enpresen mozkinak bermatzen dituena soilik.
 

 

 

Prekarietatean oinarritutako kontratazioa oso errotuta dagoela erakusten dute Biztanleria Aktiboaren Inkestaren azken datuek

Langabeekiko babes sistemaren gabeziak are eta larriagoa egiten du egoera. Izan ere, ofizialki langabe dauden pertsonen %70ari ez zaie inolako prestaziorik eskaintzen.

2017. urtea %10,4ko langabezia tasarekin amaitu zen Hego Euskal Herrian, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Okupatutako biztanleen kopurua %1 handitu zen 2017. urteko azken hiruhilekoan. Hala, 1.196.1000 pertsona zenbatu zituzten okupatu gisa, aurreko hiruhilekoan baino 12.000 inguru gehiago.

Hala ere, nabarmentzekoa da urteko azken hiruhilekoan sortutako enplegua aldi baterakoa eta lanaldi partzialekoa izan dela.

Hain zuzen ere, mugagabe diren lanpostuen kopuruak behera egin du piska bat (-100), eta sortutako enplegu guztiak aldi baterako kontratuak izan ditu oinarri. 2017. urtean 1.330.000 kontratu sinatu zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik %93 aldi baterakoak izan ziren.

Bilakaera honek behin behinekotasun tasa %25,4 izatea ekarri du soldatapeko biztanleriari dagokionez. Emakumeen kasuan, tasa honek gora egiten du: %27,6koa da.

Lanaldi motari dagokionez, 2017. urteko laugarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoan baino 13.200 pertsona gehiago zeuden lanaldi partzialarekin, eta 1.200 okupatu gutxiago lanaldi osora.

Bestalde, azpimarratzeko beste datu bat badago: Hego Euskal Herrian, 399.500 pertsona daude harrapatuta langabezia eta aldi baterako enplegu baten artean; biztanleria aktiboaren %30, hain justu.

Gainera, langabezia tasak %10,4ra egin du behera, baina ekonomikoki aktiboa den gazteriaren %25,3 langabe dago; hau da, 16 eta 25 urte bitarteko lau gazteetatik bat.

Datu hauek guztiek erakusten dute oso errotuta dagoela prekarietatean oinarritutako kontratazioa; hots, gehiegikeria ardatz duen kudeaketa eredu hau bere egin dutela enpresek. Ondorioak begibistan daude. Lan baldintzak eta soldatak modu justu eta zentzuzkoan hobetzea ekiditen duen arazoaren erroa hemen aurki daiteke.

 

 

 

Lan hitzarmen duin bat eskatu dute Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileek

0

Borrokan dira Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileak, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Hala, elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta lan hitzarmen duin bat aldarrikatu dute berriro.