2026-05-06
Blog Page 874

Lanuzteei ekin diete La Asuncion klinikako langileek

0

Aurreikusitako mobilizazioak abiatu dituzte, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, Gaurko egunari dagokionez, lau orduko lanuzteari ekin diote 8:00etan. Hain zuzen ere, elkarretaratze bat egin dute klinikaren atarian, eta, ondoren, auto karabana bati ekin diote. Arratsaldean, elkarretaratze bat egingo dute, 15:15etik 16:15era, zentroan bertan.

Tolosako La Asuncion klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren. Hori dela eta, gaurko lanuzteaz gain, ondorengo mobilizazioak deitu ditugu LAB eta ELA sindikatuok:

-Abenduak 20: Egun bateko lanuztea.

-Abenduak 27: Auto karabana, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

-Urtarrilak 8 eta 9: Bi eguneko lanuztea.
 

 

 

Hitzarmen duin baten alde irten dira kalera Bizkaiko Aspaceko langileak

Aspace Bizkaiko enpresa batzordeak salatu du enpresako zuzendaritzak negoziatzeko gogo urriz diharduela. Hori dela eta, atzo, Aspacek Deustuko Julio Urquijo kalean duen bulegoaren aurrean elkarretaratzeak egin zituzten goiz eta arratsaldez, baita beste egoitzen aurrean ere.

Hauxe da Aspace Bizkaiko enpresa batzordearen oharra:

Gure kolektiboan arreta espezializatu eta nabarmena behar duten pertsonekin egiten dugu lan. Langileoi eskatzen zaigun titulazioa eta berariazko prestakuntza ez da aintzakotzat hartzen egungo hitzarmenaren edukian.

Enpresarekin 2016. eta 2017. urteetan zehar hainbat bilera egin ostean, egun bizi dugun blokeo egoera horren handia da, ezinbestean irten behar dugula kalera egiazko edukiz beteriko benetako negoziazioa aldarrikatzera.

2011. urteaz geroztik egin ditugun ahaleginak ahalegin, duela 7 urte etengabe txirotzen ari garela (soldatak izoztuak, antzinatasunak murriztu eta izoztu, bideragarritasun plana,…).
Aspace-Bizkaia Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “azpikontrata” da. Gure ustez, administrazioak nahiz Aspace-Bizkaiak jasaten ari garen egoera honetan dute ardura .

Horrengatik Aspace-Bizkaiari eta administrazioei eskatzen diegu erakundearen langileen eskubideei eta baldintzei eusteko erronkari eutsi diezaiotela, eta ez daitezela berriro atzeratu 21. hitzarmen kolektiboaren negoziazioak.

Elkarretaratze hauek egin ostean, sindikatuak ez ditu baztertzen beste ekimenak, egungo egoera lehengoratu ezean.
 

 

 

Interinoak errespetatzeko aldarrikatu dute Bilboko Udaleko langileek

Enplegu Publikorako Eskaintzan (EPE) irizpide orokorrak zein deialdi bakoitzaren irizpideak ezartzen direnean, zentzuz eta interinoekiko sentsibilitateaz aritzea eskatu dugu gaur Bilboko Udaleko LAB eta ELA sindikatuok. Hain zuzen ere, mobilizazio bat egin dugu gure aldarriak kaleratzeko.

Bilboko Udaleko LAB eta ELA sindikatuok EPEn negoziazioarekin zerikusirik duen guztiarekin zera hau adierazi nahi dugu:

– Deialdi guztietan orokorki eragina izango duten aspektuetan irizpide globalak aplikatzea galdegiten dugu, deitutako kategoria desberdinen artean diskriminaziorik ez egoteko.

– Deialdi bakoitzaren oinarriak langileon ordezkaritzarekin negoziatzea galdegiten dugu.

– Deialdien (oposaketak) egutegiak ELA eta LAB sindikatuek Negoziazio Mahaian behin baino gehiagotan aipatutako irizpideak, interinitatearen kopurua, barne promozioak ematen dituen aukerak, azken oposaketaren data, lan poltsen egoera, besteak beste, kontutan hartzea galdegiten dugu.

– Giza Baliabide sailaren jarrera negoziatzailean aldaketa galdegiten dugu helburu bakarrarekin: enpleguaren egonkortasuna.

– Gora behera guzti hauek negoziatzean, oposaketak egin barik pasatu den denbora luzea kontutan hartzea ere galdegiten dugu, langile interinoek inolako errua izan ez dutelako. Egoera hau oposaketak ez egiteko aurreko kudeatzaileek hartu zuten erabakian datza. Honetaz gain, kontutan hartu behar da Espainiar Estatuak, aurten EAJren oniritziarekin, inposatzen dituen birjartze tasak, guztiz ez nahikoak direla Bilboko Udalean daukagun akordioa, gehienez %6aren interinitate tasa, betetzeko.
 

 

 

Siemens-Gamesan ez dago inor soberan

0

LABek zoriondu nahi die Siemens Gamesako langile guztiei enpresaren aurrean beren lanpostuen defentsan erakutsitako tinkotasunagatik. Honek ahalbidetu du enpresak iragarritako EEE erretiratu izana. Zalantzarik gabe, albiste pozgarri bat.

Gainontzeko sindikatuen (UGT, CCOO eta ELA) jarrera aldaketarekin, ordea, kezkatuta gaude, publikoki Siemens-Gamesan inor soberan ez dagoela defendatzetik enpresak dioen bezalaxe enpleguan murrizketa beharrezkoa dela onartzera pasatu baitira, nahiz eta murrizketa hau adostasunaren bidez izan.

Gainerako sindikatuen jarrera aldaketa dela eta, LABek inor soberan ez dagoela defendatzen jarraitzen du, zergatik?

1.- Siemens Gamesa ez dago krisian. Gamesak iaz izan zuen urterik hoberena, bai fakturazioari dagokionean baita emaitzari dagokionean ere, zehazki, 300 milioi € baino gehiago.

2.- Emaitza horretan oinarrituta, Gamesak apenas duela 6 hilabete argi berdea eman zion Siemensekin bat egiteari, Siemens dagoen merkatu berrietara heltzeko eta hazteko helburuarekin. Enpleguan inongo murrizketarik ez zela emango ziurtatu ziguten, alderantzizkoa gertatu da. Siemensekin salerosketa dela eta, Gamesako akziodunek 1.047 miloi € eraman dituzte euren poltsikoetara.

3.- Ez dugu enpresako plan estrategikoa ezagutzen. Enplegua kaltetuko dituen neurriak hartzeaz hitz egiten ari gara Siemens-Gamesak hurrengo otsailean ezagutaraziko duen plan estrategikoa ezagutu gabe. Langileok plan hau ezagutzeko eskubidea daukagu eta berau ezagutu baino lehen neurriak hartzea ez zaigu bidezkoa iruditzen.

4.- Hainbat lantokitan langileen beharra dago. Egungo lan zamari aurre egiteko, ezinbestekoa da langile gehiago kontratatzea, adibidez, 11 langile kaleratzeko asmoa duten Arazuriko lantokian, besteak beste.

Langileok ezin dugu ordaindu akziodunen arteko botere lehiak edota konfidantzarik ezak.

Lanpostuak soberan daudela onartuko bagenu, hau adostuta izan arren, etorkizunean enpresak planteatu ditzakeen kaleratzeak erraztuko genituzke, baita lan baldintzen prekarizazioa ere. Beraz, ezin diogu garrantzirik kendu egungo egoerari. Siemens-Gamesan ez dago inor kaleratzeko arrazoirik. Siemens- Gamesan norbait soberan egotekotan, agian egoera honetara ekarri gaituzten edota langileak eta instituzioak engainatu dituzten goi-mailako karguak lirateke.

Azkenik, asteburu honetan komunikabide batean azaldutako Tapia kontseilariaren deklarazioak errotik gaitzesten ditugu. Tapiak esan zuen “ez zuela zalantzan jartzen irteerak eman behar direla”. Hau da bere “Basque industry 4.0”? Bi enpresen batuketa txalotu ondoren, 6 hilabete beranduago kaleratzeak justifikatzen dute. Lotsagarria eta onartezina da agintari baten ahotan.
 

 

 

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko bosgarren grebak %75etik gorako jarraipena izan du kolektibo guztietan

0

Pasa den ikasturtean hasi eta ikasturte honetan irailetik abendura bitarte deitutako mobilizazioei jarraiki, EAEko irakaskuntza publikoko sektore ezberdinetako milaka langilek babestu dute gaurko greba eguna eta mobilizazioa, murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatu asmoz.

Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan ia 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200dik gora langile zeuden deiturik gaurkoan grebara.

Aurreko ikasturtean burututako 3 greba egunek oso jarraipen zabala izan zuten lurralde, eskualde eta kolektibo guztietan; Orain, ikasturte honetan Iraila eta Azaroa bitartean kolektiboka deitutako greba eta mobilizazioek izan duten babes zabalari (%65-90 bitartekoa kolektibo ezberdinen arabera), gaurko honetan burututako greba eta mobilizazioen jarraipen aparta gehitzen zaio, %75etik gorakoa kolektibo guztietan ( %90ekoa Haurreskoletan, %85 Heziketa Berezian, % 80 Sukalde eta Garbiketan, eta %75etik gora Irakasleetan).

Horrela, milaka izan dira gaurko deitutako mobilizazioetan parte hartu duten langileak. Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea exijitu dute beste behin ere. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea eta, LOMCE eta Heziberri zein hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea ere aldarrikatu dute gaurkoan.

Hezkuntza Sailburuak adierazitakoaren kontra, milaka langile, ikasle eta familiek bere egiten dituzten aldarrikapenek, hezkuntza sistemaren diagnostiko larri bati erantzuten die eta premia larrienei irtenbideak eskaintzen dizkiete.

Orain arte ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruan benetako negoziazio asmorik agertu, eta are gehiago, propagandaz bildurik plazaratu duen aurrekontu egitasmoak ez du egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hau horrela, Hezkuntza sailak aldarrikapen hauei erantzungo dioten neurri zehatzak mahai gainean jartzen ez dituen bitartean greba eta mobilizazio dinamika indartu beste biderik ez zaigu geratuko.
 

 

 

Inboluzio sozial eta politikoaz hitz egin dugu Podemosekin

0

Sindikatuak lantzen dituen interlokuzioen baitan, Podemos alderdiarekin bildu gara gaur Donostiako egoitzan. Egoera sozioekonomikoaren eta testuinguru politikoaren azterketa elkarbanatu dugu.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du "adostasunak" izan ditugula egoera sozioekonomikoa eta testuiguru politikoari buruzko diagnostikoan: "Inboluzio bikoitzaz hitz egin dugu, inboluzio sozialaz eta politikoaz, eta azterketa horretan koinzidentzia batzuk izan ditugu".

Garbiñe Aranburuk berretsi ditu sindikatuaren erronkak: "Bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko, estatus politiko berriari eskatzen dioguna da eskuduntza osoa edukitzea enplegu eta babes sozial gaietan. Esparru sozioekonomiko propio bat egituratzeko aukera izateko, estatus politiko berri bat behar dugu, eta guk beti kritikatu duguna izan da indarrean dagoen Autonomia Estatutuak hasieratik izan duela defizit estruktural bat. Guretzat ezinbestekoa da defizit estruktural hori gainditzea; bestela, berriro ere langileei iruzurra egingo litzaiekeelako".

Bileran ere desadostasunak izan dira. "Erabakitzeko eskubideari dagokionez, momentu honetan ez dugu inolako aukerarik ikusten Espainiako Estatuarekin akordio bat iristeko. Zentzu honetan, desadostasun batzuk ditugula argi geratu da. Guk defendatu dugu burujabetza prozesu bat martxan jarri behar dela herri honetan", zehaztu du LABeko idazkari nagusiak.

 

 

 

[IRITZIA] Inposizioaren kode etikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko delegatu Amaia Arrutik eta Nadet Arrizabalagak “Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea” izenekoari buruz idatzi dute.

“Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea” Gipuzkoako Foru Aldundia zuzentzen duten PNV eta PSEko arduradunek langile mugimenduaren eskubide sindikalak gutxitzeko eta sektore publikoa desarautzen jarraitzeko azken asmakizuna da. Nola ez, beren negozioen eta enpresarien mesedetan egindako ekarpen berria da.

Sektore publikoaren pribatizazioa eta lan prekaritatea bultzatzen duen klase politikoak Enplegu Publikoaren Etikaz eta Kudeaketa Onaz Kode Etikoa idaztea eta proposamenak inorekin adostu gabe onartzea, langile mugimenduaz eta sindikalgintzaz trufatzea da. Gainera, ez dugu inolako zalantzarik PNV eta PSEk GFAn hasita bide horrek bere jarraipena izango duela gainerako EAEko instituzio publikoetan.

Gipuzkoako Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea kode etiko bat baino askoz ere gehiago da. Prozedura eta egitura berriak ezartzen ditu. Bi hitzetan esanda, langile mugimenduaren lana eta sindikalismorako aukerak mugatzen dituzten egitura eta prozedura berriak sortzen ditu, Aldundiaren barruko gaurko egitura eta lan prozedurak aldatuz ala zapuztuz.

Izan ere, dagoeneko Foru Administrazioak baditu antolakuntzaren egituran batzordeak (Segurtasun eta Osasun Batzordea, Negoziazioko Batzordea eta Langile Batzordea), baditu bere lan taldeak eta prozedurak balio publikoak indartzeko eta balioesteko. Indarrean dauden egitura hauetan zalantzak, dilemak edo jokabide arauei buruzko arazoak adierazi eta bideratu daitezke. Zertara dator orduan Kode Etikoa? Indarrean dauden egitura horiek indartu eta hobetu beharko lirateke eta ez lan mundua desarautzen duen Kode Etiko batez ordezkatu.

Onartu den Kode Etikoaren prozeduraren arabera, gaur egun indarrean dauden batzordeen zenbait eskumen Batzorde Etikoak bereganatzeko aukera du, gaur arte dinamika horietan izan den langileen ordezkari kopurua eta erabakitzeko eskubidea murriztuz. Horretan datza Kode Etikoaren benetako helburuetako bat.

Kode Etikoaren barruan printzipio bezala azaltzen dena, batzuetan ez da printzipio etiko bat, langileen garapen profesionala baizik, eta horretarako baditu GFAk lan prozedurak eta egiturak. Garapen profesionalaren eredu konkretu bat bultzatu nahi dute Kode Etikoan azaltzen diren ustezko printzipio etikoekin, garapen eredu horren inguruko eztabaidak ekidin nahian eta funtzionamendu berrian langileen ordezkarien presentzia eta negoziazioa gehiago mugatuz.

Nahikoa ez balitz, egitura paralelo hau garatzeak inbertsio ekonomikoa dakar berarekin. Ez gaude ados inbertsio ekonomiko hori horretan bideratzearekin, ez baitu zerbitzu publikoen benetako garapena eta kalitatea indartzeko balioko eta ezta langile publikoen lan baldintzak hobetzeko ere. Helburu bakarra, GFA barne lan harremana klase politikoaren interesen arabera desarautzea da.

Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren proiektua ordezkari sindikalekin alderatzeko erabilitako prozedura ere ez da egokia izan, ez baita benetako parte hartzeko eta negoziatzekorako prozedurarik erabili. Ez da gaia lantzeko eta alternatibak proposatu eta adosteko biderik egin ordezkari sindikalekin. Ezin izan da ezer negoziatu dokumentua helarazi zaigunean bukatua zegoen, eta kitto!. Lan Hitzarmena bezala, Kode Etikoa ere langileoi inposatu digute GFA zuzentzen duten PNV eta PSEk. Horrelakoa da beraien demokrazia eredua.

Euskal jendartearen aurrean Administrazioak oro har duen irudi txarra, instituzio horietan nagusi diren indar politikoen kudeaketa okerraren eta pribatizatzailearen ondorio zuzena da. Onartezina dena da, Administrazioaren irudi txar hori orain langileei bizkar jarri nahi izatea, Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodeak egiten duen moduan. Agintean dagoen klase politikoaren ardura da Administrazioaren egungo egoera tamalgarria, beraiek baitira EAEko eta Madrilgo aurrekontuak eta normak finkatzen dituztenak, beraiena baita aplikatzen den pertsonal politika, beraiek baitira etengabe desregularizazioa eta pribatizazioa zein prekaritatea inposatzen dutenak, ez Administrazioko langileak eta sindikatuak.

Administrazioaren irudi txarra zuritzeko eta beraien administrazio eredua inposatzeko Kode Etikoa sortu dute. Kode Etikoaren garapenean ez da kontuan hartzen langileen lan egoerak nolako eragina duen herritarren arretan. Ez da kontuan hartzen, lan egoera hobetzen bada hobekuntza hori zerbitzu publikoan ere igarriko dela. Kode Etikoak kontrako norabidean doa, jarduera profesionalaren atalean jarritako arauak ondo betez gero, langileen lan-zama handituko baita zerbitzuaren kaltean. Lan-zama horri aurre egiteko ez da Kode Etikoan aurreikusten lanpostu berriak sortzeko inolako proposamenik eta ezta gaur egun dagoen interinitate tasa izugarriarekin (heren bateko media EAEko Administrazio Publikoan) bukatzeko asmorik ere. Horrelako proposamenik ez Kode Etikoan, hori ez omen da etikoa… Etikoa da Kode Etikoa inposatzeaz gain, GFAk aldebakarrez Hitzarmenaren negoziazio mahaia inongo akordiorik gabe itxitzat ematea.

Bide batez, PNVk PPrekiko duen morrontza politikoa salatu nahi dugu, PNVek PPrekin Madrilen izenpetzen dituen akordioak baitira zerbitzu eta enplegu publikoaren defentsa ezinezkoa bihurtzen dutenak eta ez GFAtik kanpo omen dagoen sindikatu batzuen aldetik bideraturiko konspirazioak. GFAn ditugun lan baldintzak langileek urteetan egindako borroken ondoren lortutakoak dira eta ez GFAko gobernuak borondate onez emandakoak. Onartezina dena da sindikatuok aurkezturiko puntu bakarra onartu gabe, beraien hitzarmena sindikatu eta langile guztiei inposatzea, Kode Etikoarekin egin duten moduan.

LABen aldetik beti esan izan dugu zerbitzu publikoen balioak bermatu eta indartu behar direla… Baina hori ez da marketin komertzialean sustraituriko Kode Etikoa sortuz egiten, baizik eta laneko arriskuen prebentzioa indartuz, kalitateko enplegua egonkortuz, prekaritatea desagerraraziz eta zerbitzu zerbitzu publikoak zabalduz eta indartuz. Hori da bultzatzen ari garen ildoa. Bitartean, inposizioaren Kode Etikoari EZ, ez GFAn eta ez inon!
 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu Basaurin, Gorsalva Holding enpresaren aurrean

Abenduaren 1ean lan istripu larri bat gertatu zen Basauriko Gorsalva Holding enpresan, eta zauritutako langilea abenduaren 3an hil zen. 57 urte zituen. Lan heriotza berri honen aurrean, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu Basaurin, lan istripua izan zen enpresaren aurrean.
 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute Alfako langileek

0

Atzo igandea, abenduak 10, Alfa taldeko langileen arteko asanblada egin zen, eta, bertan, azken egunetako gertaeren berri eman zen. Behin informazio hori zutela, langileek abenduaren 4ko azken asanbladan bozkatutako eta onartutako planteamenduarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten; greba mugagabeari hasiera ematea, alegia. Hala, mobilizazioen harira, Eibarko udaletxearen aurrean elkarretaratze bat egin dute gaur, eta alkatearekin eta bozeramaileen batzordearekin bildu da greba komitea.

Bihar asteartea, abenduak 12, 10:00etan, elkarretaratze bat egingo dute Gasteizko Eusko Jaurlaritza parean. Ondoren, 10:30ean, greba komitea Industriako arduradunekin bilduko da.