2026-01-15
Blog Page 857

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitako zerbitzuen murrizketak salatu dituzte autobus gidariek

0

Hainbat autobus gidarik eta erabiltzailek elkarretaratze zaratatsu bat egin dute Donostian, Antiguako Trafiko Delegaritzaren aurrean. Hain zuzen ere, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu bat aldarrikatu dute.
 
"Lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde, Murrizketarik ez!” lema zuen pankartarekin, autobusetako gidariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Trafiko delegaritza aurrean protesta zaratatsua egin dute: alde batetik, hauek planteaturiko murrizketen aurrean salakera egiteko eta planteamendua bertan behera uzteko eskaera egiteko; eta, beste aldetik, langile, erabiltzaile zein sindikatuekin planteaturiko neurrien inguruko negoziazio bilera bat eskatzeko.

Tentsioa handitzen doa kalean eta autobus enpresetan, eta eragile ezberdinen bitartez alegazioak entregatu zaizkien arren, aldundiak ez du langileekin edo erabiltzaileekin biltzeko asmorik erakutsi inongo momentuan.

Autobus gidariek esan dutenez, aldundiak murrizketen inguruan eurekin biltzeko eta bereziki lanpostuen zein zerbitzuen mantentzearen inguruan negoziatzeko asmoa erakusten duen arte, mobilizatzen jarraituko dute.
 

 

 

Donostiako Udalak eskubideak deuseztatzen jarraitzen duela salatu dugu

LABek salatzen du udal gobernu talde neo-liberalak eta eskuindar honek (PNV-PSE), alkatea buruan eta Viles jauna ariete gisa, Zerbitzu Publikoen kudeaketan agindu behar duten berdintasun eta inpartzialtasun oinarrizko printzipioak desegiten ari dela.

Langileen ordezkaritzarekin dituen harremanetan dinamika inposatzailea eta despotikoa erakusten du. Etengabe eta akordiorik gabe legealdi osoan zehar burutzen ari diren erabaki arbitrarioek argi eta garbi uzten dute eskuineko gobernu honekin ez dagoela edukizko akordiorik hartzeko aukerarik.

Lanpostuen baloraziorako araudiaren inposaketa, lan poltsen kudeaketan araudiaren aldaketak, horren aplikazioan erabaki arbitrarioak (orain irizpide hau, orain kontrakoa), probisiotan inpartzialtasun kontzeptoen desegitea, diru-osagarrien banaketa “graziosoa”, negoziatu gabe eta sozioa duten Madrilgo PParen esanetara gure ordainsari igoeren inposaketa, eta abar, zerbitzu publikoaren kudeaketarako duten ereduaren adibide batzuk dira. Eta eredu horrek antz handia du edozein enpresa pribatuarekin, non adiskidekeria eta entxufea ohizkoak baitiren. Gobernu honek administrazio publikora ekartzen ditu kudeaketa pribatu neoliberaleko enpresen eredu merkantilistak.

Hau guztia diskurtso “modernista” batez mozorrotzen dute, kalitate eta bikaintasun bezalako kontzeptu subetiboak eta Trumpen molde amerikarraren tankerako “bla, bla, bla” luze bat erabiliz. Hau ez da batere modernoa, jauntxoen praktika zaharra besterik ez baita: “nik nahi dudana egiten dut”.

Dinamika honen azken adibidea Lehendakaritza Zuzendaritzari laguntzeko Unitatearen Buru lanpostua zerbitzu eginkizunetan betetzeko egingo dutena da. Berriro ere, Viles jaunak sustatzen du zuzendari batek, kasu honetan Lehendakaritzakoa, lanpostua beteko duen pertsona lotsagabeki aukeratu ahal izatea.

Igaro den azaroaren 8an aurreratu zigutenez, zerbitzu eginkizunetan hautaketa prozesua irabaziko duen langilea “probetxugarriena” izatea “ziurtatu” nahi dute eta, horretarako, langile horrek beteko ez balitu dituzten itxaropenak aldatzeko aukera izatearen bermeak nahi dituzte. Adierazpen hau ohizko hitzontzikeriaz janzten dute: eraginkortasun handiena bilatu nahi dutela… eta abar. Funtsean oso sinplea da: lanpostua betetzen duena nire gustokoa ez balitz, nik agindutara ez balego… alde!

LABen denbora asko daramagu politika inposatzaile hau salatzen eta haren aurka mobilizatzen, eta horrelako mugimendurik dagoeneko ez gaitu eskandalizatzen. Egoera hau ez da apartekoa, legealdi hasieratik aplikatzen ari dira.

Behin eta berriro, eta elkarrizketaren bitartez, saiatu gara edukizko akordioetara iristen, baina ezinezkoa da. Horregatik, azken hilabetetan mobilizatzen aritu izan gara.

LABek iragartzen du, gobernu talde honek negoziatzeko eta akordioa lortzeko asmorik ez duenez, gure konfrontazio neurriak areagotuko ditugula.
 

 

 

Bizkaiko hirugarren adineko egoitzetan klausula sozialak ezartzeko eskatu dugu

LABek elkarretaratze bat egin du gaur du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, hirugarren adineko egoitzen harira. Hain zuzen ere, hainbat langilek idatzi bat erregistratu dute sindikatuaren ekimenez, gutxienekoak jasotzen dituena administrazioak azpikontratatutako zerbitzuen baldintza agirietarako. Hirugarren adineko egoitzetarako pleguak ateratzear daude, eta, hori dela eta, LABek plegu hauetan klausula sozialak eta ratio nahikoak egon behar dutela aldarrikatu du gaurko mobilizazioan.

Kalitatezko eta publiko diren zerbitzuak behar ditugula argi eta ozen esan nahi dugu, denontzako onuragarriak diren zerbitzuak izan daitezen bermatzeko modu bakarra baita.

Behin eta berriz, ostera, zerbitzuak pribatizatzen ari dira. Hau da adinekoentzako egoitzen kasua, ia guztiak pribatizatuak daudenak. Bizkaiko erresidentzien mapan agerikoa da: Foru Aldundiaren kudeaketaren menpean dauden egoitzak urri-urriak dira, Aldundiaren utzikeriaren gerizpetan, pribatuak onddoen antzera sortzen diren bitartean.

Hau guztiarengatik, errealitate gordin honen ardura har dezan eskatzen diogu Aldundiari, gure erresidentziak publifikatuz, horrelaxe prestazioen zerbitzuak bere gain hartuz eta pertsonen ongi izateaz arduratuz eta horixe gauzatzen ez den bitartean honakoa exigitzen diogu aldundeari: sektorearen kalitatearen berme diren klausula sozialak kontzertazio pleguetan sartzea. Eta pleguek erantzun behar diote pertsonal faltari, lan gainzamari, diru publikoaren kontrola bermatzeari, zerbitzuaren enpresa kudeatzaileen mozkinei muga jartzeari eta erresidentzietan lan eta bizi duten pertsonen bizitza kalitatea lehenetsiz.

Horretarako sektorearen errealiatearekin bat egiten duten ratioak ezarri behar dira. Erabiltzaileen bizitzaren duintasuna eta kalitatea helburu duten ratioez ari gara. Horrela pertsonal gehiago lortuko genuke beren funtzio sozialak betetzen duten ardurarekin arrazoizko lan zama orekatuz.

Hala, gaurko mobilizazioaren bitartez, baldintza pleguetan agertu beharko liratekeen ezinbesteko gutxienekoak jasotzen dituen agiria erregistratu dute hainbat langilek. LABetik argi daukagu erresidentzien kudeaketa eredua aldatu behar dela, ezinbestekoa den zerbitzuak gure gizartearen aitortza jaso behar du.
 

 

 

Inplikazioa exijitzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Arcelor Mittalen desindustrializazioaren aurrean

0

Gaur, azaroak 15, Euskal Herriko Arcelor Mittaleko lantoki guztietako ELA eta LABen ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratu gara Gasteizen. Elkarretaratze honekin, batetik, lantoki guztien etorkizuna defendatu dugu eta, bestetik, Arcelor Mittal Euskal Herriko lantokiekiko burutzen ari den desindustrializazio prozesuaren aurrean, inplikazioa ere exijitu diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Arcelor Mittaleko lantoki guztietan inbertsiorik zein kontrataziorik eza orokorra da. Azpikontratazioa eta prekarietatea, aldiz, gero eta handiagoa da. Egunotan, multinazionalak Bergarako lantokian 41 langileak kaleratzeko EEEa aurkeztu berri du. Egoera bera iraganean ere jasan zuten Sestao eta Zumarragako langileek. Etorkizunean edozein lantokiak jasan dezake. Ez dugu antzematen multinazionala ezer egiten ari den Euskal Herriko lantokien alde. Bien bitartean, aurten multinazionalak 3 mila milioi €-tako etekinak izan dituela iragarri du, iaz baino %156 gehiago.

Eta, hau guztia, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren isiltasun eta konplizidadearekin egin du. Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat erakunde hauen jarrerarekin. Noiz arte jarraituko du ixilik Arantxa Tapiak garapen sailburuak? Zer gehiago gertatu behar da Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua erreakzionatzeko? Ez badute esku hartzen, langileek jasoko dutenaren erantzule ere izango dira. Gure iritziz, isiltasun honek agerian uzten ditu bere menpekotasuna multinazionalekiko eta benetako industria politikarik eza. Ez dugu antzematen Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat altzairuaren sektorea babestu eta bultzatu beharreko sektore estrategikoa denik. 
 

 

 

Erabaki demokratikoa proposatzen dugu Lemoizen etorkizunarentzat, arrantzaren babeserako neurriekin batera

Eusko Jaurlaritzari Lemoizko eremu horretan zer egin behar denaren erabakia herritarron eskuetan uzteko exijitzen dio LABek. Iberdrolak eragin dituen kalteak konpon ditzala, eta eremu horretako proiektu horren kudeaketa eta kontrola publikoa izan daitezela, eta kalitatezko enplegu publikoa sortuz. Agerraldi bat egin dugu gaur honetaz guztiz hitz egiteko.

Pasa den astean, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako Sailburuak, AZTI arrantza laborategiko zuzendari orokorra den Rogelio Pozorekin batera, bi arrain haztegi proiektu iragarri zituzten. Bata, Mendexan kokatua, datorren urterako martxan egongo da, eta bigarrena, Lemoizko zentral nuklearra dagoen eremuan epe luzeago batean.

Herriak determinazioz erantzun zuen ingurumena eta osasunaren alde, eta energia nuklearrak Euskal Herrian tokirik ez zuela argi geratu da urteetan zehar. Berrogehi urte hauetan zehar, herritarrok behartuta egon gara Iberdrolari zentralaren eraikitze gastuak ordaintzera, eta urte guzti hauetako aldarrikapena izan da Basordako eremu horretan, porlan puska erraldoi hori kendu eta edo euskal kostaldeak eremua berreskuratu zezala, gune natural bat sortuz, edo herritarron onurarako instalazioaren bat jartzea bertan. Instalazioa jartzea erabakiko balitz, kudeaketa eta kontrol publikokoa izan beharko lituzke, kalitatezko enplegua sortuz eta herritarrok modu demokratiko batez erabaki behar dugularik.

Arrainen haztegia aukera bat izan daiteke, eta LABek ez du horren aurka egingo, baina marra gorriak jarri nahi ditugu. Euskal herritarron onurarako izan behar du, erabakia herritarrek izango dute, zerbitzu publikoa izango da, kalitatezko enplegu publikoak sortuko ditu eta herritarron osasunarekiko eta naturarekiko errespetagarria izango da.

Basordako lur eremua Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da, eta horrela izan behar du, baina euskal kostaldeari egindako kaltea erreparatzearen kostua ordaintzea exijitzen diogu Iberdrolari.

Dakigunez, itsasotik ura hartzeko dauden tomak baliagarriak dira. Proiektua martxan jartzeko lur eremua egokitzeak 18 milioitatik gora kostatuko litzateke, eta faktoria 25 miliotik gora. Kapital pribatuak interes handia omen dauka ganbak, langostinoak, rodaballoa, salmoia, arrankariak.. hazteko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak arrantza sektorea bultzatu nahi badu, fokoa ez dezala oraingoz arrain haztegietan jarri. Ez dezatela arrantza hiltzen utzi, egin dezatela behar bezalako arrantza politika eta egin beharrezko inbertsioak sektorean. Eta haztegi bat jartzekotan, haztegi horren kudeaketa Euskal Herriko kofradiek egin behar dute, eta bertan hazten diren arrainak, Kantauri itsasoan galdu diren arrain espezieak berreskuratzeko izan daitezela.

 

 

 

Siemens-Gamesako sei mila langilek pairatuko dute gutxi batzuen diru gosea

0

Siemens-Gamesak ez du garrantzitsuena azaldu. Nola liteke bi enpresa erraldoik bat egin eta 6 hilabetera Gamesaren kasuan salmenta, errentagarritasun eta irabazi errekorrak egin ostean, orain 6.000 langile kaleratzea mundu osoan?

Atzo Siemens-Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuek izandako bileraren ondorenean, honakoa adierazi nahi du LABek:

Atzoko bileran Gamesa-Siemenseko zuzendaritzak langileak eta iritzi publikoa lasaitu nahi baldin bazituen, ez zuen inondik inora bere helburua lortu. Espainiako estatuan kaleratutako langileen kopurua orotara 408 izango dela jakinarazteaz gain, ez zuen zehaztu zer langile kaleratu nahi dituzten, ezta zer lantokitan egin nahi dituzten kaleratzeak. Hauek burutzeko prozedura ere ez zuten azaldu, ezta zer arrazoi argudiatuko duten kaleratze hauek egiteko.

Gainera, salatu nahi dugu komunikabideek bileraren aurretik jakin zutela gero bileran langile ordezkariei jakinarazitakoa. Onartezina da.

Zuzendaritzak era orokorrean aipatu zuen kaleratzerik ez zela egongo lantoki “produktiboetan”. Hortaz, ulertzen dugu beste lantokietan kaleratzeak egingo dituztela, I+G eta bulegoetako lan zentroez gain, zerbitzu enpresak deitzen dituzten horietan, adibidez, logistikaz arduratzen den Arazuriko lantegian (Nafarroan).

LAB gainera oso kezkatuta dago Siemens-Gamesako langile guztien etorkizunarekin. Enplegu zuzenean izango duen eragina publikoki azaldu da, baina azpikontratazio kate osoan izango duen eragina ere handia izango da.

Nola baimentzen da horrelakorik Europako legeriaren baitan? Zergatik ez da dimisiorik egon? Dakigun bakarra da gutxi batzuk 1.047 miloi euro banatu dituztela eta aldiz, 6.000 langile kalera joango dela momentuz.

Azkenik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu, biek bat egin baitute eraginak gutxiesteko diskurtsoarekin. Ez gara ari krisian dagoen enpresa batetaz, hazten ari ziren bi enpresa erraldoietaz baizik. Eta instituzio horiek, duela hilabete gutxi batzuk, txalotu egin zuten bategitea “hazkunde handiagoa ekarriko baitzuen”. Krisi baten aurrean gaude bai, baloreen krisia hain zuzen ere, milaka langileren langabeziaren kontura aberasten direnean, instituzioen babes inplizituarekin. Eta langileok, beste behin, bakarrik gaude eraso honen aurrean.

LABek ez du kaleratzerik onartzen eta berauen aurrean borroka egingo du.

 

 

EAJk eta PSEk langileekiko duten politika salatu dugu Erandion

LAB, ELA eta UGT sindikatuok bat egin dugu Erandiko Udalaren jarreraren aurka egiteko. Hain justu, hainbat mobilizazioetara deitu dugu arrazoi horrengatik. Azaroaren 10ean, Herritaren Arreta Bulego berria irekitzeko ekitaldian egon ginen gure salaketa kaleratzen.

Hauxek dira gure LAB, ELA eta UGT sindikatuon sakaleta:

-Ez dutela negoziazioaren oinarrizko araurik errespetatzen, eta Negoziazio Mahaia euren interesak inposatzeko tresna bilakatu dutela.

-Ezegonkortasuna sustatzen eta lanpostu finkoak, banaka-banaka suntsitzen ari direla: azkena, administrari lanpostu bat ezabatu dute Lanpostuen Zerrendatik eta bitarteko programa egin dute beste administrari bat hartzeko.

-Zerbitzuak etengabe pribatizatzen doazela: arkitektoa jubilatu eta enpresa batek darama hirigintzako plangintza, obretako brigadako lanpostuak bete ez, eta haien lanak enpresei ematen dizkiete…

-Lagunen txokoan bezala jarduten dutela gobernatzen: adiskidekeria nagusi, lanpostuetarako sarbidea nahierara moldatzen lagunentzat prestatzeko.

-Ez dutela Udalhitz hitzarmena betetzen.
 

 

 

Hiru orduko lanuzteak egingo ditugu, azaroaren 22an, EAEko Administrazio Orokorrean

Oso egoera larria bizi dugu EAEko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileok (EUSTAT Lanbide, Osalan, Emakunde…). Ez digu mobilizazioa indartu beste biderik uzten Jaurlaritzak. Hau horrela izanik, LAB eta ELA sindikatuok hiru orduko lanuzte bat deitu dugu datorren azaroaren 22rako, 11:00etatik 14:00ak bitartean. Protesta honen berri Bilbon eman dugu gaur, eta gure aldarrikapenak zehaztu ditugu.

Jaurlaritzak egoera honekiko agertzen duen arduragabekeria eta egoera aldatzeko langileen ordezkariokin negoziaziorako  borondate falta berriz onartezina.

Lanpostu publikoen galera nabarikoa da Administrazio honetan. Lehen ere nahiko urria zen plantilari 200 lanpostutik gora kendu dizkio Jaurlaritzak 2010etik hona. Jaurlaritzak jubilazioak probesten ditu lanpostu asko hutsik uzteko edo ezabatzeko, zerbitzu publikoen zerbitzu egokirako duten garrantziari erreparatu gabe.

Administrazio Orokorreko Langileen %40 inguru behin behinekoa da, lanpostu zerrendan jasotako lanpostuak betetzen ari direnak: LEPik ez da gauzatu azkenengo urte luzeetan, zenbait kidegotan/kategoriatan 27 eta 17 urte daramatzate LEPik gabe. Honen ondorioz, 7.000 langileko plantilan 2.700 behin behineko inguru gaude. Honi, lanpostu zerrendatik kanpo dauden egiturazko 100 lanpostu inguru gehitu behar zaizkio.

Zerbitzu publikoak Administraziotik kanpoko enpresetara bideratzen ditu, hau da, zerbitzu publikoak pribatizatu egiten ditu. Jaurlaritzak etengabe, kontrol publikoari ihes egiten dioten negozio pribatuak elikatzen ditu diru publikoarekin, eta lan baldintza kaskarrak sustatzen ditu, kalitatezko enplegua sustatu eta lan baldintza duinak bermatu ordez.

Bitarteko langileak kaleratze arriskuan gaude une honetan. Jaurlaritzak alde bakarrez lekualdatze lehiaketa bat deitu du, honek beren titularitzakoa ez den lanpostu bat betetzen ari diren langile finkoengan eta bereziki bitarteko langileengan izan ditzaken kalteak aurrikusi eta enpleguaren inguruko diseiñu egoki eta integral bat gauzatu gabe.

Gaixorik jartzea, bajak hartzea zigortua dugu. Izan ere, 2012tik aurrera, bajak hartzerakoan soldatak bere osotasunean ez ordaintzeko erabakia hartu zuelako Jaurlaritzak.

Soldatetan aldebakarrez ezarri dizkiguten murrizketek %15etik gorako eros ahalmenaren galera eragin digu langile publikooi.
Eusko Jaurlaritzan langile publikook ez daukagu garapen profesionalerako inongo aukerarik.

Erretiroa hartzeko pizgarrirk ere ez dugu eta Itzarri Pentsio planerako ekarpenak etenda ditugu. Lan legepeko langileek gainera, 2019tik aurrera erretiro partziala hartzeko aukera airean dugu.

Ehundaka ekimen
Sindikatuok urteak daramatzagu enpleguaren inguruko egoera larria salatzen eta enplegua egonkortuko duen diseinu integral eta bat aldarrikatzen. Baita 2010etik langileek beren lan baldintzetan pairatzen ari diren murrzketa guztiak atzera bota eta lan baldintzak hobetzea ekarriko duen negoziaketa erreal bat eskatzen ere. Bide horretan, ehundaka kontzentrazio eta hainbat ekintza desberdin gauzatu ditugu: sinadura bilketak, langile batzarrak, idatzi anitz etab.

Mahai negoziatzaile desberdinetan ere etengabe aldarrikatu ditugu eduki hauek, baina Jaurlaritzak ez dio inolako erantzunik ematen aldarrikapen hauei. Are gehiago, aldarrikapen hauei muzin egin eta langileen lanaren eta lan baldintzen kalterako diren alde bakarreko erabakiak hartzen ditu maiz. Honen adibide garbienetakoa abian jarri duen lekualdatze lehiaketa, ehundaka langileren kaleratzea suposa dezakeena.

Azken hilabete honetan idatziz eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoari benetako negoziazioari ekiteko eta murrizketetan atzera egiteko. Eta horri ere entzungor egin dio, ez du ingongo borondaterik erakutsi.

Aldarrikapenak
Egoera honetara iritsita, ez digu mobilizazioa indartu beste biderik uzten Jaurlaritzak. Hau horrela izanik, ELA eta LAB sindikatuok 3 orduko lanuzte bat deitu dugu datorren Azaroak 22rako, ondorengo aldarrikapenekin:

-Negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea.

-Enpleguari dagokionez, behin behinekotasuna %6ra jeitsiko duen enpleguaren egonkortze eta kontsolidazio prozesu integral bat, sindikatuokin adostua, eremu honetako langileen egoera kontuan hartuz.

-Zerbitzuak kanporatzeari uztea Mahai Orokorreko akordian jasotakoa betez.

-Lanpostu zerrendak benetako beharretara egokitu eta handitu

-Murrizturiko soldata eta eros ahalmena berreskuratu

-Bajak bere osostanuean ordaindu.

-Garapen profesionalerako bideak adostu (etengabeko lekualdatze lehiaketa, barne sustapenarako aukerak,…)

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu (erretiro pizgarriak, Itzarrira ekarpenak, jubilazio partziala)

 

 

 

Kaleratzeak salatu ditugu Araiako Nestle-Froneri enpresaren aurrean

Arabako Lautadan dabil gaur Ekimen Ibiltaria; Araian eta Agurainen, hain zuzen ere. Araba agurtu eta Gipuzkoara itzuliko da ondoren, Arrasatera bihar iristeko. Hori gertatu aurretik, protestak egin ditugu Lautadako industriaguneetan barrena. Mobilizazioetako bat Araiako Nestle-Froneri enpresaren aurrean egin dugu, kaleratzeak salatzeko.

Eskualdeko ehun produktiboaren suntsiketa salatu dugu Lautadan, auto karabana baten bitartez, “Lan duina, bizi duina” leloarekin.

Biharko egunari dagokionez, honako egitaraua prestatu dugu Arrasaterako:

-9:30ean, prekarietatearen aurkako tailerra delegatuentzat, Kultur-Ate aretoan.

-12:30ean, giza katea, “Merkataritzan lan baldintza duinen alde”. Arrasateko Eroskitik abiatu eta LIDL eta BMra iritsiko da protesta.

-17:00etan, Gune Antiprekarioaren irekiera. Sebero Altube plazan, prekarietatearen aurkako materiala banatuko dugu eta EDESA Industrialeko langileek azken berriak azalduko dituzte.

-18:00etan, hitzaldia Gune Antiprekarioan, “Hezkuntzan, kalitatezko zerbitzua orain” leloarekin.