2026-01-16
Blog Page 855

Santi Brouard eta Josu Muguruza, gogoan

0

Hainbat ekitaldi daude aurreikusita gaurko, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urtemuga dela eta. LABek bat egin du ekitaldiokin. Goizean, lore sorta eta omenaldia egin zaie Bilbon, Amezolan eta Errekalden; arratsaldean, Sortuk deituta, manifestazio bat irtengo da Arriagatik, 19:00etan, "Zuen ametsen alde borrokan darraigu. Euskal Errepublika!" leloarekin.

33 urte bete dira Santi Brouard hil zutenetik; 28 urte, berriz, Josu Muguruzaren hilketatik.

Urtero bezala, heriotza hauen urtemuga baliatu nahi dugu bi militante historiko hauek omentzeko eta Euskal Herriaren askatasunaren alde egindako ekarpena gogora ekartzeko.
 

 

 

Borroka asteari ekin diote Heziketa Bereziko hezitzaileek

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok mobilizazio ugari deitu ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Urrian zehar hiru lurraldeetako hainbat ikastetxetan itxialdiak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu genituen Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Aurreko bi asteetan, Haurreskolak Partzuergoko Hezitzaile eta Kudeatzaile eta Sukaldari-Garbitzaileek izan dute borroka astea eta greba eguna. Bada, aste honetan, azaroaren 20tik 24ra, Heziketa Bereziko Hezitzaileen borroka astea egingo dugu eta datorren ostegunerako, azaroaren 23an, greba deitu dugu. Honen harira, agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, aste honetako protesten berri emateko.

Sektore honetan lan egiten dugun fisioterapeutok, lan terapeutok, gizarte langileok, transkriptoreok, zeinu hizkuntzako interpreteok eta hezkuntza laguntzako espezialistok agerian utzi nahi dugu administrazioaren aldetik pairatzen dugun utzikeria.

Heziketa Bereziko langileok, eskoletan, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen gara: zeinu hizkuntzako interpreteek eta hezkuntza laguntzako espezialistek gelan bertan jarduten, eta itinerantzian, berriz, fisioterapeutek, banakako saioetan, eta transkriptore eta lan terapeutek, gelako zein ikastetxeko materiala egokitzen.

2003tik hitzarmenik gabe gaude kolektibo honetan. Lehendik egoera larrian bageunden ere, azken urteetako murrizketek are egoera larriagoan utzi gaituzte, bai langile, bai ikasle, baita familiak ere.

-Hezkuntza Sailak hezkuntza premia bereziak izendatzeko eta baliabideak esleitzeko irizpideak gogortu ditu, lanpostuak murriztuz eta kasu batzuetan lanaldi partzialak bihurtuz: lanpostu guztien %19a, 150 lanpostutik gora. Ondorioz, hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasle askok ez dute behar besteko arreta jasotzen. Azken urteetan, behar bereziak dituzten ikasle gehiago matrikulatu badira ere, langile kopurua eta baliabideak ez dira, inolaz ere, proportzio berean handitu.

-Hezkuntza Laguntzako Espezialistok ez daukagu asteko jarduna zehaztuta, urteko ordu kopurua baizik. Horren ondorioz, hainbat kasutan gure asteko jardunak 40 orduak gainditzen ditu.

-Egiturazko 400 lanpostutik gora Lanpostu Zerrendatik kanpo daude. Eta behin-behinekotasuna %58koa da, hau da, 600dik gora langilek behin-behineko kontratua daukagu.

-Irakaskuntzan lan egin arren, Hezitzaileon soldatak, administrazioko maila bereko kategoria berdina daukaten langileen soldatak baino baxuagoak dira.

-Horri gehitu behar zaio soldaten murrizketa eta eros-ahalmenaren galera %12tik gorakoa izatea.

-Ordezkook, ikasturte osoan zehar lan egin arren ez dute uda kobratzen, ez puntuatzen ere.

-Bajak hartzea zigortuta dugu. Izan ere, 2012tik aurrera, sektore publiko osoan gertatzen den moduan, bajak hartzean soldatak osorik ez ordaintzea erabaki baitzuen administrazioak.

-Erretiroa hartzeko gero eta baldintza okerragoak ditugu, eta 2019tik aurrera erretiro partziala hartzeko aukera ere airean dugu.

Eta hau guztia, heziketa laguntza berezia behar duten ikasleei laguntza hori ematen dieten langileen kasuan, lan baldintzak bereziki zaindu beharko liratekeen esparru batean, hain zuzen.

Hezkuntza Sailak ez dio inola ere erantzuten egoera larri honi. Izan ditugun bi negoziazio mahaietan, gure oinarrizko aldarrikapenek ez dute erantzunik izan. Antza denez, Jaurlaritzak ez du lanpostu kopurua handitu nahi, horrek lan-kargak gutxitu eta heziketa arreta hobea bermatuko balu ere. Administrazioak 268 lanpostuko EPE bat baino ez du proposatu behin-behinekotasuna jaisteko, eta horrekin, kasurik onenean %36an geratuko litzateke. Hezkuntza Laguntzako Espezialiston asteko lanaldia 37,5 ordutan utzi nahi dute eta soldatetan, gradu titulazioa behar duten lanpostuen homologazioa soilik eskaintzen du administrazioak (60 langile inguru, ia 1.000 langileren soldata diskriminazioari aurre egin gabe).

Eusko Jaurlaritzak, sektoreetako Negoziazio Mahaiak deitzeko tramitea egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du jarri mahai gainean. Hori dela eta gure aldarrikapenak jasoko dituen negoziazio mahaia deitzea eskatzen diogu administrazioari. Pasa den astean heldu zaigu biltzeko deia, baina ordua eta lekua baino ez digute jakinarazi, eta ez zertaz hitz egingo den.

Ondorengo hauek dira LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon iritziz, egungo egoerari irtenbidea emateko adostu beharreko neurriak:

-2003tik berritu gabe dagoen hitzarmena negoziatu eta berritu, hau da funtzio publikoko lan hitzarmen zaharrena.

-Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak zabaldu eta ondorioz plantilla behar beste handitu. Lan-kargak arindu heziketa lana egoki egin ahal izateko.
Hezkuntza Laguntzako Espezialisten asteko jarduna murriztu, mugatu eta zehaztu.

-Lanaldi partzialak mugatu eta posible diren guztiak lanaldi oso bihurtu.

-Lanpostu Zerrendak benetako beharretara egokitu eta handitu.
Behin-behinekotasuna %6ra jaitsi, horretarako 400 lanpostutik gora egonkortu.

-Murrizturiko soldata eta galdutako eros-ahalmena berreskuratu.

-Hezitzaileok egiten dugun lanaren garrantzia aitortu soldatetan ere.

-165 egunetik gora lan egiten dugun ordezkoentzat, uda kobratzeko eta puntuatzeko eskubidea bermatu.

-Bajak bere osotasunean ordaindu, gaixotzen garen langileok zigortzeari utzi.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.

Hau guztia aditzera emateko, salatzeko eta egoera larri honetarako irtenbidea exijitzeko hainbat ekimen antolatu ditugu:

-Lehendabizikoa, gure egoeraren eta aldarrikapenen berri emateko egiten ari garen prentsaurreko hau bera.

-Jarraian Bilboko ordezkaritzara joango gara gure aldarrikapenak entzun arazteko.

-Asteartean Donostiako ordezkaritzara joango gara, bertan ere entzun gaitzaten.

-Asteazkenean Gasteizko Gorbeialde ikastetxean komunitate osoa batzeko aukera izango dugu antolatu dugun world-txokolatean. Bertan giro musikatu eta alai batean gure errealitateaz hitz egin ahal izango dugu.

-Ostegunean, sektoreko greba egingo dugu eta Lakua inguratuko dugu gure aldarrikapenak zuzenean entzun ditzaten.

-Ostiralean, ikastetxetako ohiko elkarretaratzeetan parte hartuko dugu, ostiral beltza.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urteetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Saileko arduradunei eskatzen diegu, orain arteko jarrera aldatzeaz gain, egoera larri honi heldu eta irtenbidea emateko proposamen zehatzak mahai gainean jarriz negoziatzeko borondatea ager dezatela.

Honela ez bada, iazko ikasturtean bezala ikasturte hasiera honetan gauzatzen ari garen mobilizazio eta grebei jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 
 

Osakidetzako itxaron-zerrendak murriztea ezin da aitzakia izan negozio pribatuak eta eskandaluzko aparteko orduak justifikatzeko

0
Osasun Batzordean izan da Darpon kontseilaria “Itxaron zerrendak murrizteko Plana” aurkezteko. LABetik salatu nahi dugu Plan honek jasotzen dituen neurriak eta suposatzen dutena. Darpon jaunak, hain sentibera den itxaron zerrenden gaia erabili du osasun pribatura diru gehiago desbideratzeko eta aparteko orduak gehitzeko. Hau da, Osasun Sailak bultzada berria eman nahi dio osasun publikoaren pribatizazioari.

Alde batetik, Darponek azaldu digu Osakidetza oso ondo dagoela Espainiako datuekin alderatzen badugu (zergatik ez konparatu Europako herrialdeekin?). Hala ere, dirutza gastatu behar dela itxaron zerrenda “on” horiek murrizteko, zelan eta osasun pribatua eta kategoria batzuen gain-soldatak bultzatuz.

Darpon jaunak kontatzen ez diguna da gaur egungo itxaron zerrenden atzean beste zergati batzuk ere badaudela: urte hauetan guztietan ezarritako murrizketak, kontratazio falta eta arlo batzuetan errotuta dauden praktika okerrak, inertziak eta antolakuntza arazoak.

Itxaron zerrendak arintzeko ahalegina nahitaezkoa da, baina ezin da aitzakiatzat hartu batzuen poltsikoak betetzeko. Beraz, guk proposatzen ditugun neurriak honakoak dira:

• Kirurgia eta bestelako probak ere arratsaldez egitea, baina ez aparteko orduekin, baizik eta lan txanda arruntetan eta soldataren barruan. Horretarako guardien sistema bertan behera utzi beharko genuke eta medikuentzat ere hiru txandako lana ezartzea, gainontzeko langileok bezala.

• Klinika eta ospitale pribatuei egiten diren deribazioetan gastaturiko dirutza Osakidetzaren azpiegitura eta pertsonal propioetan inbertitu. Adibide bat: Osakidetzak urtero IMQri 700.000 euro ordaintzen dizkio bertara desbideratzen PET probengatik (medikuntza Nuklearra). Osakidetzan bertan beste PET aparatua ipintzeko hasierako 2.500.000 euroko inbertsio beharko genuke gehi 120.000 urtean mantentzeko. Hau da, 4 urtean amortizaturik egongo litzateke inbertsioa, eta urteko gastua, soilik mantentzekoa izango litzateke, hau da 120.000 euro, oraingo 700.000 horien ordez. Zergatik xahutzen dugu orduan diru publikoa? Nork ateratzen du etekina?

• Zerbitzu batzuen antolakuntza aldatu eta okerreko praktiken kontrako kontrola areagotu: ordutegiak errespetatu, kirurgiaren programazioa, goizeko eta arratsaldeko ebakuntza-gelen erritmoa ezberdinak bateratzea eta protokoloak egokitzea…

• Lehen Arretako zerbitzu kartera, eskumenak eta inbertsioak handitu.

• Fakultatiboen kontratuen egonkortasuna sustatu, Osakidetzan bertan geldi daitezen.

Ezin dugu onartu erabiltzaileon aldetik dagoen itxaron zerrenden inguruko kezka negozio pribatuak eta aparteko ordu eskandalagarriak hauspotzeko.

Gainera, Darponek proposaturiko neurriak martxan egon dira aspalditik eta, hala ere, itxaron zerrendak bere horretan daude. Zergatik? Egoera mantentzeko interesik ba al dago? Darponek proposatzen duen bide horretatik ez dugu itxaron zerrendekin amaituko, eta ahuldu baino ez dugu egingo gure osasun publikoa.
 

 

 

Garbiñe Aranburuk antolakuntza eta borrokaren beharra azpimarratu du Zipren, PEO sindikatuaren biltzarrean

0

LABeko Idazkari nagusia buru duen ordezkaritza bat Zipren aurkitzen da, azaroaren 16 eta 18 artean egiten ari den PEOren 27. biltzarrean parte hartzen. Bertan, Garbiñe Aranburuk hitza hartzeko aukera izan du eta “esplotazio sistemaren aurrean antolakuntza eta borrokaren beharra” azpimarratu ditu.

Langileek gaur egun pairatzen duten egoera zaila gogoratuz hasi du bere hitzartzea: “Elite ekonomikoek, botere politikoen laguntzarekin, geroz eta aberastasun eta botere gehiago biltzen dute. Kapitalismoaren aurpegi basatiena ikusten ari gara eta gehiengo sozialarentzat ezinezko bilakatzen ari da era duinean bizitzea. Gainera, milioika pertsonek beren familia, etxe eta herriak atzean utzi eta ihes egin behar dute”.

“Baina bada alternatiba”, adierazi du Garbiñe Aranburuk. Bere hitzetan, “antolaketa eta borrokatzeko gaitasunean dago langileon indarra”. Zentzu honetan, LABen lau lan ildo nagusi zehaztu ditu: “Kontrabotere sindikalismoaren aldeko apustua egiten dugu; eredu sindikala berritu dugu, langile klasearen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko; nazioarteko aliantzak josten ari gara; eta ekonomia demokratizatu eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari gara”.

Amaitzeko, esplotazio basatiaren aurrean elkarlanean aritzeko beharra azpimarartu du: “Egoerari buelta eman eta gure herrietan gure sozialismoa eraikitzeko ordua da”.
 

 

 

Eibarko ospitale berrian azpikontrataziorik ez dugula onartuko ohartarazi dugu

Ekimen Ibiltaria Eibarren izan da gaur, hainbat aldarrikapen zabaltzeko, beti ere “Lan duina, bizi duina” leloarekin. Hala, Untzaga plazan, elkarretaratze bat egin dugu azpikontratazioa salatzeko. Hain zuzen ere, Eibarko ospitalean zerbitzuen azpikontrataziorik ez dugula onartuko jakinarazi dugu.

Gaurko protesta eta aldarrikapenei ekin aurretik, LABeko hainbat delegatuk ekintza sindikaleko tailer bat egin dute goizean, Ekimen Ibiltariak bisitatu dituen gainontzeko herrietan egin bezala. Prekarietatearen aurkako borrokari buruz aritu dira gogoetan, lan taldeka. Hainbat ekarpen jaso ditugu horrela.

Etorkin langileei, ongi etorria
Ondarroara iritsiko da "Lan duina, bizi duina" dinamika, astelehenean. Hauxe da aurreikusitako egitaraua:

-10:30ean, Itsas Aurren, ongi etorria egingo zaie etorkin langileei. Ondoren, bideoak eta argazkiak egongo dira ikusgai, gaurko eta atzoko arrantzari buruz.

-12:30ean, kalejira ibiltaria portuan zehar.

-17:00etatik 19:00ak bitartean, prekarietatea borrokatzeko gunea eta tailerra, Alamedan.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lanuzteak egingo dituzte abenduan

Lanuzte partzialak izango dira, abenduaren 1, 15 eta 22an; 2, 3 eta 4 ordukoak izango dira, hurrenez hurren. LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok gaur bertan egin dugu lanuzteen erregistroa.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lan baldintza duinen defentsan egingo dituzte abenduko lanuzteak, sindikatuok gaur azaldutakoaren arabera. Sektoreak bizi duen egoera larria salatu dute, eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko lan baldintzak duinak ezinbestekoak direla aldarrikatu dute.
 

 

 

Rafa Diezek hitzaldi bat emango du, bihar, Iruñean

0

LABeko idazkari nagusi ohi Rafa Diezek solasaldi bat eskainiko du bihar, azaroak 18, 12:00etan, Iruñeko Katakrak liburudendan. Ipar Hegoak antolatutako jarduera honen izenburua "Askapen borrokaren ibilbidea sindikalista baten bizipenetik" izango da, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatuko du.

 

 

 

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde mobilizatuko gara, asteartean, Gasteizen

Politikaren lehentasunak aldatzeko mobilizazioa ezinbestekoa da. Horregatik, azaroaren 21ean, Gasteizen bilduko gara berriro Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartan gauden eragileak, “Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde!” leloarekin. Ekitaldia Mendizorrotzako kiroldegian izango da, 10.00etan, eta ondoren manifestazio bat egingo dugu. Honen guztiaren berri emateko agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, eta LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu du hitza bertan, sindikatuaren izenean.

Eusko Jaurlaritzak 2018ko aurrekontu proiektua aurkeztu du. Euskal instituzioek Rajoyren gobernuarekin “gastu araua” errespetatzea hitzartu zuten; hots, 2018ko aurrekontuetan gastuaren igoera %2,4 baino gehiago ez izatea, eta, diru sarrera gehiago balego. Zorra ordaintzea lehenesten da, eta zerbitzu publiko eta prestazio sozialetan murrizketak mantendu edo areagotzen dira.

Karta Sozialak beste eredu sozial bat aldarrikatzen du. Pertsonak zein natura erdigunean jarri behar dira, ez kapitalaren interesak. Politika publikoak, aurrekontuak eta zerga politika, politika publikoen norabidea markatzeko tresna nagusiak dira.

Bada, Bea Martxuetan adierazi du 2018ko aurrekontu proiektuan ez dutela hau guztia babesten: “Sindikatu eta eragilek anitzok Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sortzea erabaki genuenean, pertsona guztiek duten babes sozialerako eskubidea kokatu genuen. Eskubide hau, esaten genuen eta berresten dugu, bizitza duin eta aktiborako beharrezkoa da. Esaten dugu ere, noski, botere publikoei dagokiela eskubide horren erabilera ahalbidetzea, diru-sarrerak bermatzearen bidez, kalitatezko zerbitzu sozial eta zaintzen sare publiko eta unibertsalaren bidez, kalitatezko enplegu baten bidez edo eta etxebizitzarako eskubidea bermatuz. Hau guztia, euskal instituzio publikoek bermatu behar dute. Eta horretarako, baliabide ekonomikoa nahikoak beharrezkoak dira. 2018ko aurrekontuei begiratuta ez dugu hau ikusten”.

Martxuetaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren titularretatik harago, zenbaki ez nahikoak dira dauden beharrei aurre egiteko: lehenik eta behin, azken urteotako murrizketei ez zaielako buelta ematen; eta bigarrenik, zor publikoa amortizatzeko erabiliko dutena kenduz, oso gutxi geratzen delako politika publikoak bermatzeko.

Hau horrela izanik, beste gauza batzuen artean, hurrengoak aldarrikatzen ditugu:

-Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) eta Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioa %8ko igoera aplikatu, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) 2017an izan duen igoera.

-Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.

-Pentsio sistema publikoaren bidean urratsak ematea.

-Alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu eta etxebizitza hutsen gaineko zerga ezarri.

-0-3 urte artean eta gainerako hezkuntza etapetan, goi mailako irakaskuntzan barne, dauden plaza eskaera guztiak sare publikoan estaltzea, doan.

LABeko ordezkariaren esanetan, “Eusko Jaurlaritzak ez du hau egiten, zorra lehenesten duelako. Hau da bere hautu politikoa eta horregatik, alde bozkatzen du. Zor hau ez dugu guk sortu, horregatik ilegala deritzogu eta horregatik eskatzen dugu zorraren auditoria”.

Amaitzeko, LABek aurrekontu parte hartzaileak aldarrikatzen dituela nabarmendu du Martxuetak, baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren eskubidea erabaki ekonomikoak era soberanoan hartzeko.
 

 

 

Eudel Madrilen agindupean dagoela salatu dugu

Gaur bildu da Udalhitzeko mahaia, berriz ere hitzarmen honen inguruan hamaikagarren buelta emateko eta 2008. urtean sinatu zena oraindik ere bete gabe dagoenean, beste bat negoziatzeko. Zertarako? Gerora ere beteko ez bada? Eta zergatik ez da beteko? Bilera egiten zuten bitartean, elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, Eudelen egoitzaren aurrean, gure haserrea adierazteko.

Aipatutako galderei erantzuteko pasa den irailean LABek eta ELAk publiko egin zuten adierazpenaren pasarte bat ekarri nahi dugu gogora: “(…) Aldebikotasunetik urrun, argi dago Espainiako Estatuak erabakitzen duenarekiko menpekotasuna uneoro dagoela.(…)”

Salatu behar dugu EUDEL zuzentzen duen EAJ alderdiak inoiz ez duela kudeatzen dituen udaletan hemen sinatu duena bete. Salatu nahi dugu azken urteotan hipokresia osoz aipatu dituela maiz Espainiako legeak hori ez betetzeko, eta gogorrago salatu nahi dugu aurten murrizpenak bermatzen dituen legea ere sinatu egin duela, babesa eman diola.

Salatu nahi dugu hemen aspaldi aplikatzen dela 155. artikulua, gastua eta zerbitzu publikoen kudeaketa de facto Madrilek erabakitzen eta mugatzen duela, eta PNVk babesa ematen diola.

Herritar guztiek hurbiletik jasotzen ditugun Zerbitzu Publikoak bermatu behar dira eta horretarako lan baldintza onak egon behar dira. Ezin da kalitatezko zerbitzu publikorik eman ia langile erdiak prekarietatean daudenean, hau da, behin behinean beren lana noiz bukatuko den ez dakitelarik.

Eta udal eta aldundietako langileek, behin-behinekotasunean egoteaz gain, %12 eta %20 arteko galera izan dugu gure ordainsarietan. Azken urteotan urte beteko soldata galdu dugu. Zerbitzu Publikoak garatu eta indartu behar dira eta aldi berean gure lan baldintzak hobetu. Egunero borondatea dutela esaten dute, baina gero sinatutakoa ez dute betetzen eta gainera lekuz leku negoziazio guztiak blokeatzen dituzte eta haiek sinatutako mugetan gatibu izaten dituzte.

Baina EUDELen ez dago bakarrik PNV, alderdi gehienak daude bigarren maila batean eta beraiei ere eskatu nahi diegu beren jarrera argitu dezaten. Esan dezatela PNVk EUDELen duen jarrerarekin ados dauden edo aurre egingo dioten, zerbitzu publikoak eta langileen eskubideak bermatuko dituzten edo murrizpenak bermatuko dituzten.

LABen Zerbitzu Publikoak eta Langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu.