2026-01-16
Blog Page 850

CENek argudio juridikoak erabili ditu aitzakiatzat, lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzeko

Nafarroako patronalak jakinarazi die ELAri eta LABi ez duela nahi Lanbidearteko Akordio bat, baldin eta horren helburua estatu-hitzarmenetako baldintza anitzez apalagoak Nafarroatik kanpo uztea bada.

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Hori horrela, UGT eta CCOO ari dira estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzen (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritza kolektiboan…), zenbaitetan soldatak erdira jaitsiz.

2017ko ekainean ELAk eta LABek proposamen bat helarazi zieten CENi eta UGT eta CCOO sindikatuei, Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenesteko, Madrilen sinatzen direnen aitzinetik. Ez dago beste helbururik langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzea uztea baino, Madrilgo esku-sartzerik gabe.

CENek ezetza eman dio gure proposamenari, legezkotasuna auzitan jarriz. ELAn eta LABen ez dugu uste benetako arrazoia hori denik. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da aurtengo urtarrilean ELAk, LABek, UGTk, CCOOek eta Confebaskek tankera bereko akordio bat sinatu zutela EAEn, eta ez du inork zalantzan jarri haren legezkotasuna.

ELAren eta LABen iritziz, benetako arrazoia da CEN guztiz bat datorrela azken lan-erreformekin, negoziazio kolektiboa ahultzea eta langileria pobretzea ekarri dituzten erreformekin.

ELAk eta LABek deitoratzen dute CENen jarrera hori, zeren horrela langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatu baitiete, eta negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu baitute.
 

 

 

Kutxabank eta PSOEren arteko akordioa, azken honen zorra barkatzen duena, mesede-tratua da

Kutxabank kasuko herri-akusazioak EAJ, PP eta PSOEri exijitzen die izan daitezkeen ustelkeri kasuak argitzeko, arduradunak epaitu eta zigortzeko, eta euskal herritarron beharrizanon alde, Kutxabanken pribatizazio eta bankarizazio prozesuan atzera egiteko. Euskal sistema finantziero publikoa osatu beharra dago, era horrela bakarrik ekidingo dira aurrean dauzkagun iruzur kasuak.

Kutxabank kasuko herri-akusazioaren oharra:

Kutxabanken Cabieces auzian, herri akusazio bezala agertu ginenetik, argi izan dugu, eta horrela azaldu dugu, Kutxabankek Cabieces lanik egin gabe soldatapean izatea alderdien arteko mesede tratua izan zela, Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuan aurrera egiteko. Denbora guzti honetan ordea, argi izan dugu eta horrela azaldu dugu, azaleratu genuen kasua ez zela bakarra. Atzetik beste hainbat egon behar zirela, eta Kutxabanken pribatizazioa bultzatu zuten alderdiek bultzatzaileek, erantzule izanda, pausu bat aurrera eman beharko luketela, eta ikertuak eta zigortuak izan beharko zirela egon zitezkeen mesede tratu, ustelkeri eta ate birakari kasu guztiengatik.

Beste behin ere, zuzen egon gara, eta beste ustezko mesede-tratu batekin aurkitu gara. Martxoan, PSOEko zuzendaritza eta Kutxabankeko ordezkari Xabier de Iralaren arteko akordioa sinatu zuten, PSOEri 21 milioi eurotako zorra barkatzeko. Zor hori PSOEk 80ko hamarkadatik zuen, eta oraingo zuzendaritzak gaia konpondu nahi omen zuen. Argi dago, gainontzeko herritarroi bankak ez dizkigula gure zorrak barkatzen, eta kobratzeko, gure etxeetatik kaleratzera iristen dira. Momentu honetan, gaia Senatuan dago, PPk alderdien ustezko finantziazio irregularra argitzeko osatu duen batzordean. Bestalde, Kontu Auzitegiak ere,azalpenak eskatu dizkio bai PSOEri eta bai Kutxabanki.

Kutxabankek, Eusko Jaurlaritzako kontrolerako batzordean ordezkaria dauka, eta PPk, Senatuko alderdi batzuen ustezko finantziazio irregularraren batzordea, bere ustelkeria kasuak zuritzeko asmatu zuen. Beraz, herri akusazio honek, esperantza gutxi dauka mesede tratu hau argitzeko. Jakina da, sarritan salatu dugun bezala, PPk PSOEk eta EAJk bankuekiko duten menpekotasuna. Kasu honetan, Kutxabankekiko duten menpekotasunak bultzatu ditu pribatizazio eta bankarizazio prozesuan hartu zituzten erabaki politikoak hartzera. Mesede-tratu gabe, ustelkeria gabe eta ate birakari gabe, bankarizazio eta pribatizazio prozesua ez zen posible izango.

Herri akusazio honek, EAJ, PP eta PSOEri exijitzen die izan daitezkeen ustelkeri kasuak argitzeko, arduradunak epaitu eta zigortzeko, eta euskal herritarron beharrizanon alde, Kutxabanken pribatizazio eta bankarizazio prozesuan atzera egiteko. Euskal sistema finantziero publikoa osatu beharra dago, era horrela bakarrik ekidingo dira aurrean dauzkagun iruzur kasuak.
 

 

 

EAEko 2017-2020 Enplegu Plana aurkeztu zenean egindako kritikak berresten ditugu

Askotan mediatikoki horrela saldu arren, ezin da izkutatu aurtengo aurrekontua enpleguari dagokionez ez dela BPGaren hazkundearen portzentaira ere iristen, ezta horrela saltzen dutena ez dela enplegu plan bat ere.

Urtez urte programa berdinak errepikatzen dituzte, autoenplegua, renove plana, mikroenpresen sorrera edo kontratazio prekario eta aldi baterakoa.

Enplegua sortzeko funtsezkoa dena da produktibitatean ematen diren hobekuntzak inbertsio produktibora eta enpleguaren sorrerara bideratzen direla, ez patronalaren irabazietara. Gainera, administrazioek bitarteko finantzarioak bideratu beharko lituzkete kalitatezko enpleguaren sorrerara, ehun produktiboan zuzenean inbertituz eta zerbitzu publikoak unibertsalizatuz. Hau da EAEko gobernuaren enplegu planean agertzen ez dena, hain zuzen ere.
 

 

 

“Gero eta gehiago estutzen gaituzten enpresen esku utzi gaitu Jaurlaritzak”

Ekimen Ibiltaria Zamudioko teknologia parkera iritsi da gaur, Eusko Jaurlaritzaren politiken "adierazgarri argia" den enpresagunera. Hitza hartu dugu Ide enpresaren aurrean, eta multinazionalen jokabidea gogor salatu dugu: "Soldatak izozten dizkigute, Estatuko hitzarmenak aplikatu, lana eta bizitza uztartzea ezinezkoa egiten dituzten ordutegiak ezarri, malgutasuna inposatu, eta, bitartean, irabaziak metatzen dituzte egunez egun", nabarmendu dugu.

Eusko Jaurlaritzak ardura handia duela salatu dugu, "txeke zuria eskaintzen dielako patronalari eta enpresei, inongo eskakizun sozialik egin gabe", enpresak erosten dituzten atzerriko taldeei ere ez. "Gero eta gehiago estutzen gaituzten enpresen esku utzi gaitu Jaurlaritzak", berretsi dugu.

Zamudiora iritsi aurretik, Lezaman izan gara "Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltariarekin, ekintza sindikaleko tailer bat egin baitugu bertan. Bihar, berriz, Zallan izango gara, 10:00etatik 13:30ak bitartean, Madres Irlandesas plazan. Enkarterrin bizi eta lan egiteko eskubidea aldarrikatuko dugu.
 

 

 

Urondo eta Urertza ontzien salmentak 25 lanpostu suntsituko lituzkeela ohartarazi dugu Ondarroan

0

Elkarretaratze bat egin dugu Ondarroan, Urondo enpresako bi arrantza ontzi horien salmentak ekarriko lituzkeen ondorioen berri emateko. "Ondarroako portuari eta herriari buelta ezina den galera lazgarria datorkio gainera berriro", adierazi dugu.

25 arrantzaleen lanpostu zuzenen galerak, berorrek ekarriko dituen beste hainbat zeharkako lan eta aberastasun galeraz hitz egin beharrean gaude (saregileak, mantenimendukoak, deskargatzaileak, garraiolarirak, enpakatzaileak,…), hau da, lanpostu eta aberastasun zuzenaren galera sortuko du Urondo eta Urertzaren salmentak beste herrialde batetara.

Gai traumagarri honez gain, ontzien salmenta honek gure herriari eskubideak kentzea dakar. Arrantza baimenak, arrantza eskubideak saltzen ditu Urondo enpresak Galiziara, eta behin saldu ostean ezin izango ditugu berreskuratu, saldu egingo dira armadore lapurren patriketara diru mordoa joanaz, ze diru hori, arrantzatzeko eskubideak saldu osteko dirua, armadoreen patriketara doa soilik.

Zergatik eduki behar du armadore batek arrantza egiteko eskubidea bere menpe? Eskubidea unibertsala da, eskubideak eta baimenak publikoak behar dituzte izan publikotasunetik lortu baitzituzten enpresek eskubide horiek, Europar Gobernuak doan emana bere garaian, arrantzatu ahal izateko Europako uretan.

Jaurlaritzak, Gobernuek, Urkulluren Industria 4.0 Plan ospetsuak, zer egiten dute kontrol publiko hori bermatzeko? Zergatik ez dugu Euskal Herrian kontrol publikoa egiten unibertsalak eta publikoak izan beharko liratekeen eskubideak defendatzeko? Zer egingo dute guztiek lanpostu horien galeren aurrean?

Hitz asko eta ekimen gutxi lanpostuen defentsan, bermerik ez eskubide galeren aurka.

Gauza asko ditugu egiteko:

– Arrantza eskubideak eta baimenak berton mantendu orain eta gerorako.
– Langileen lanpostuak bermatu.
– Euskal Herrian ditugun arrantza eskubideak bertotik ez direla aterako/salduko ziurtatu.
– Itsasoko lan arautu, Lan Hitzarmenak arrantzaleentzat, soldatak eta nominak bermatu, lan atsedenak, oporrak, kaladeroen zaintzak, … eta abar luzea, guzti hori dago egiteko.

 

 

 

Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez duela langileontzat aldaketa handirik ekarri adierazi dugu Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta, dinamika horietan gauden eragile sozial, politiko eta sindikalok aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko ekitaldi bat egin dugu gaur, Iruñean, Labrit pilotalekuan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza bertan, besteren artean, eta salatu du Nafarroako aurrekontuak ez direla burujabeak eta ez dutela aldaketa sozialean sakontzen. Ekitaldia amaituta, manifestazio bat egin dugu Iruñeko kaleetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Nafarroan 2015ean, erregimena instituzioetatik bota eta eman zen aldaketa politikoa. Sekulako aurrera urratsa izan zen. Gehiengo sozialak aldarrikatzen dugun aldaketa sozialerako ezinbestekoa da erregimenarekin amaitzea. Asko aurreratu da demokratizazioan. Azken astean, urrutira joan gabe, beste urrats bat eman da. UPNk ezabatu zuen irakasleen Zerrenda Bakarra berreskuratu egin da. Irakasle euskaldunen diskriminazioari amaiera eman zaio. LABek lan handia egin du azken bi urteetan norabide horretan eta ospatzeko moduko albistea iruditzen zaigu. Aurreratu da, bai, demokratizazioan. Baina motz geratu da aldaketa soziala. Motz lan harremanetan eta eredu sozioekonomikoan, Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez du aldaketa handirik ekarri langileontzat".

Hain zuzen ere, aldaketa soziala motz geratuko dela esan du aurrerantzean ere aurkeztu duten aurrekontu proiektua bere horretan, hobekuntzarik gabe, aurrera ateratzen bada. Aldaketaren gobernuak bi muga nagusi izan ditu, LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera:

-Burujabetzarik eza.
-Geroa Bairen gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren mugak. Etengabe CEN patronalarekin aurrez aurre jartzea ekidin dute Ayerdi jaunaren politikek.

"Azken urteak, inboluzio urteak izan dira. Inboluzio bikoitza, soziala eta politikoa, eta beste hainbat neurriren artean konstituzioaren bi artikulutan jarri behar dugu arreta, 135.ean eta 155.ean. Biak ala biak erabaki ahalmena, burujabetza mugatzeko neurriak; inboluzio sozialaren adierazle nagusiena lehena eta inboluzio politikoaren adierazle nagusiena, bigarrena. Krisiaren ekonomikoaren aitzakiarekin, erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu zaizkigu azken urteetan. Konstituzioaren 135. artikulua era erreformatu dute, zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko eta zorpetze mugak ezartzeko. Hitz potoloak, sarri ulertzeko zailak diren kontzeptuak, hitz xaloetan esan daiteke. Nafarroak duen dirua, berak nahi duenerako ezin duela erabili esan nahi du eta politika sozialetarako diru gutxiago dagoela", azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Inboluzio politikoari dagokionez, estatua 155.en artikuluarekin urrats bat harago joan dela esan du; birzentralizazioaren aldeko apustu argia, alegia. "Estatu espainiarrak erabakitzeko eskubidea ez du onartzen, ez du errespetatzen. Guk erabakitzeko eskubidea nahi dugu, erabakitzeko eskubidea behar dugu. Eraldaketa sozialik ez dago, erabakitzeko eskubiderik gabe, Nafarroako Gobernuak inboluzio eta mugapen hauen guztien barruan planteatzen du aurrekontuen eztabaida, dagoen markoan egin dezakeguna egitera mugatzen da. Nafar langileek zilegitasuna eta eskubidea dute nahi dituzten aurrekontuak eta nahi duten eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko", adierazi du LABeko ordezkariak.

Hala, Garbiñe Aranbururen hitzetan, "ezinbestekoa iruditzen zaigu, Nafarroako gizartearen erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua. Ezinbestekoa da markoaz hitz egitea. Ezinbestekoa da joko arauak auzitan jartzea. Zergatik ezarri behar du Madrilek Nafarroako aurrekontuen zenbatekoa? Zergatik eman behar zaio lehentasuna zorraren ordainketari? Zergatik ezin zaizkie administrazioko langileei soldatak igo, estatuak finkatutakoaren gainetik? Argi eta garbi esan beharra dago: Nafarroako autogobernua erabat mugatua dagoelako. Eta horixe da ireki beharreko eztabaida politiko eta soziala".

Hitzaurreak hitzaurre, Labriten ere bozkatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde ote dauden galderari erantzun baitiote. 

Ekitaldia eta gero, manifestazio bat egiten dute, Nafarroako Parlamentua helmuga.

 

 

 

Administrazio Auzitegira jo dute Labo-APSP elkarteko langile ohiek

Baiona, Biarritz eta Angeluko barrutiko elkarte horretako 33 langile kaleratu dituzte, eta LAB sindikatuko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur Baionan, euren egoeraren berri emateko.

Kaleratutako langileak ekonomikoki ondo zegoen elkarte baten parte ziren, bi urtean elkarteak berak legezko likidazioan bukatu duen arte. Formakuntza, elbarriei laguntza eta karrikako heziketa lantzen zuten, baina erakundeek aplikatutako murrizketek kalera eraman dituzte hezitzaileak. Legezko likidazioaren ondorioz izandako kanporatze ekonomikoak Lan Zuzendaritzak onartu ditu; hezitzaileek, orain, Administrazio Auzitegira jo dute onarpen hori bertan behera gera dadin.
 

 

 

Landa eremuko haurreskola txikien inguruan hausnarketa egin eta hauen biziraupena ziurtatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatzen dugu

0
Haurreskolak Partzuergoari bideratzen zaion aurrekontua handitzeko eskatzen dugu, aukera berdintasunean oinarrituko den administraziopeko Haur hezkuntzako lehenengo ziklo duina, doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatezkoa lortzeko.

Haurreskolak Partzuergoa bi urtera arteko hezkuntza-aldiaz arduratzeko jaio zen, familia eta lana uztartzeko helburuarekin eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko, bereziki landa eremuetan.

Landa eremuko haurreskolen egoerak urtez urte okerrera egin du eta urtez urte haur-eskola hauek irekita mantentzeko irizpidea aldatu egin da, hainbat kasutan berauen biziraupena kolokan jarriz, herri txikietan ematen den hezkuntza zerbitzua ukatuz eta kasu askotan, hezkuntza zerbitzua mugatuz.

Zuzendaritza batzordeak landa eremuko haurreskola txiki hauekin zorrotz jokatzea erabaki du. Hezitzaileen jarduna 7 ordukoa izanik, 7 orduz zabalik mantenduko dira 5 haur matrikulatuta egon arte, familiei ematen zaien ordutegia mugatuz, nahiz eta 8 orduko zerbitzua ordaindu.

Azken urteetan udal batzuek ahalegin handiak egin dituzte 0-3 hezkuntzako ziklo hau eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen baldintzetan instalazio egokiak finantziatzen, eta ez daude prest, Haurreskolak Partzuergoaren erabaki honengatik, haien haurreskolak itxita ikusteko. Horretarako, kasu batzuetan Haurreskolak Partzuergoaren erabakiekin bat etorri ez, eta bereak eta bi egiten ari dira Haurreskolak zabalik mantentzeko. Txarrena da Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza, horren jakitun direla eta erabaki ausartak hartu beharrean, beste aldera begira daudela.

Azkenengo adibidea, Arteako Haurreskolan gertatu da. Bi hezitzaile zeuden premia bereziak zituen haur bat matrikulatuta zegoelako. Haurreskolak Partzuergoa, 8 orduko zerbitzua eskaintzen ari zirela konturatu denean (bi hilabete beranduago), haurreskola 7 orduko hezkuntza zerbitzua ematera derrigortu du, familia eta Udalean ezinegona sortuz. Partzuergoaren jarrera itxia ikusirik, Udaletxeak ordubeteko zaintza zerbitzua jarri behar izan du, bi ume ondoko herriko haurreskolara ez joateko eta haurreskola irekita mantentzeko.

Horrez gain, Gipuzkoan azken bi urteetan 3 haurreskola txiki itxi dira eta beste batzuen biziraupena kolokan dago. Araban ere ikasturtero kolokan dago hainbat haurreskolen biziraupena, udal ezberdinetatik Zuzendaritza Batzordeari kezka eta kexa azalduz.

Hau da Eusko Jaurlaritzak Haur hezkuntzako lehenengo zikloarekin egiten duen apustua? Aplikatzen den politika honek ez ditu haurreskola txikiak babesten, askotan familiak hurbilen dagoen herrietara joaten dira eskaintzen den hezkuntza zerbitzua 8 ordukoa delako. Horrelako egoerek kolokan jar dezake haurreskola batzuen etorkizuna eta biziraupena.
 

 

 

Galletas Artiacheko langileek lanuzteak hasi dituzte kaleratzeen kontra

0

Atzo, azaroaren 27an, hasi ziren lanuzteak, Enpresa-batzorde osoak deitutakoak UGT kenduta. Jarraipena arrakastatsua izan zen, zuzendaritzak zenbait langile presionatu arren. Lanuztea egin zuten bitartean, lantokiaren kanpokaldean kontzentrazioa egin zuten Orozkon kokatuta dagoen enpresa honetako langileek. Hurrengo lanuztea biharko dago deitua, azaroaren 29rako, eta txanda bakoitzeko ordubetekoa izango da, 9:00etatik 10:00etara eta 17:00etatik 18:00etara.

Duela urtebete, gutxi gora-behera, Galletas Artiacheko langile bat kaleratu zuten kontratu amaiera batekin. LABek gertatutakoa salatu eta Lan Epaitegiak ebatzi du kaleratzea ez zela bidezkoa izan.

Azaroaren 9an epaia jaso eta hurrengo egunean, Enpresa-batzordearen gehiengoak (LAB, ELA, ESK eta CCOOek osatua) bertan behera utzi zuen negoziazio kolektiborako mahaia, mahai-gainean kaleratze bat izanda lantegian dagoen behin-behinekotasunaren inguruan hilabetez hizketan egon ondoren, ez delako posible akordio hau momentu hauetan.

Enpresa-batzordearen gehiengoak hartu zuen erabaki hau langileen asanbladak berretsi zuen azaroaren 15ean. Asanblada honetan lanuzteei ekitea erabaki zen, txanda bakoitzeko ordu betekoak, progresiboki gero eta luzeagoak egiteko. Helburua, kontratazio politika salatzea eta kaleratutako langilearen berronartzea eskatzea.