2026-07-16
Blog Page 844

Grebara deitu dugu Gipuzkoako hoteletan, Munduko turismo arloko goi bilera egingo duten egunetan

0

Patronalaren proposamena ez da nahikoa akordio batera iristeko, ez ditu gutxieneko edukiak jasotzen. Hala, Ostatuen Hitzarmen Kolektiboa blokeatuta dago, eta, hori dela eta, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok grebara deitu dugu Gipuzkoako hoteletan, maiatzaren 23, 24 eta 25erako. Agerraldi bat egin dugu gaur, Donostian, gatazka honi buruzko xehetasunak emateko.

Hauxe da sindikatuok kaleratutako agiria: 

Sindikatuen eskakizunak bi puntu nagusitan zentratu dira negoziazioan zehar:

-Soldata igoera: Sektoreak azken urteetan izan dituen gorakada eta irabaziak ikusirik, langileei pareko soldata igoera bat dagokiela uste dugu. Mahai gainean jarri genuen azken proposamenak KPI +1,5 2017-2018-2019 urteetarako batzen duen.

-Externalizazioa: Hoteletan , zerbitzuen externalizazioa, prekarietateari zuzenki lotuta dago. Gipuzkoako geroz eta hotel gehiagok erabiltzen dute, eta etorkizun hurbilean gehiago izango direla argi daukagu.

Geroz eta gehiago dira Gipuzkoan zerbitzuak externalizatzen dituzten hotelak, eta etorkizunean gehiago izango direla argi daukagu. Adibide moduan, hor dauzkagu externalizazioaren alde egin duten Hotel Londres, Hotel Barcelo Costa Vasca eta Hotel Mercure Monte Igeldo, eta externalizazioa muturreraino eraman duen Zenit hotela, harrera ez beste hoteleko jardun guztia externalizatu duena. Hoteletan ,externalizazioa, prekarietateari zuzenki lotuta dagoela ikusi dugu, externalizatuta dauden langileei ez zaie ostatuen hitzarmen kolektiboa aplikatzen, eta hauei ezartzen zaizkien baldintza ekonomikoak eta lanaldi amaigabeak prekarietatearen isla argia dira.

Egoera hau ikusita, beharrezkoa ikusten dugu, negoziatzen ari garen sektoreko hitzarmenean externalizazioaren gaia erregularizatzea beharrezko ikusten dugu, externalizatuta dauden langileen lan baldintzak duintzeko eta lanean egonkortasuna bermatzeko.

Egoera honi aurre egiteko 2017an mobilizazioei hasiera eman genien:

-Irailak 29 an, Kursaal parean zinemaldiaren bultzada baliatuz kontzentrazioa

-Urriak 12 an , Londres hotelaren parean kontzentrazioa, hotelak externalizazioaren aurrean duen jarrera salatzeko. (Hotel honek gelen garbiketa eta mantenimendua externalizatuta dituelako).

-Azaroaren 30 eta abenduak 7 an kotxekarabana eta kontzentrazioa .

Mobilizazio hauek negoziaketa mahaia reaktibatzerik lortu ez zutenez, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, langileekin hainbat asanblada egin ondoren eta hauek transmititutakoa kontutan izanik, sektoreko langileak datorren maiatzaren 23, 24 eta 25ean grebara deitzea erabaki dugu, Donostian egingo den munduko turismo goi bilerarekin bat eginez.
 

 

 

Lantegiaren itxiera salatu dute Productos Tubulareseko langileek

0

Bilbon erakutsi dute euren haserrea, Tubos Reunidos taldearen egoitza aurrean.

Trapagako Productos Tubulareseko langileek Bilbora eraman dute gaur euren haserrea, Tubos Reunidos enpresaren egoitzaraino. Hain zuzen ere, atzo jakin zuten Enplegua Erregulatzeko Espedienteak 157 kaleratze aurreikusten dituela eta gelditzen diren langileen soldata murrizketa, besteak beste.

Langileak greba mugagabean daude martxoaz geroztik, eta hainbat mobilizazio antolatzen ari dira azken asteetan. Gaur, Bilbon, protesta zaratatsua egin dute lantegiaren itxieraren aurka.

Hauxe da gaurko mobilizazioan banatu duten eskuorria:

Zer ari da gertatzen Productos Tubulares S.A.U.n?

Enpresako zuzendaritzak aldabakarreko neurri hauek aurkeztu ditu:

1.- Kaleratze kolektiborako espedientea: 157 lankide kaleratu nahi dituzte. Langileon %35 baino gehiago!

2.- Lan baldintzen funtsezko aldaketa: soldataren %25eko murrizketa, opor egun gutxiago eta lan ordu gehiago. Azken finean, prekarietatean oinarritutako lan eredua ezarri nahi dute.

3.- Hitzarmen kolektiboaren deuseztapena: Horrenbeste borrokatu dugun adostutako hitzarmen kolektiboa bertan behera utzi nahi dute.

4.- Altzairu-fabrikaren itxiera: Gure materialaren sorburuarekin bukatzeak kanpoko hornitzaileen mepne utziko gaitu, epe motzera lantegia osoaren itxiera ekarriko duena.

Azken urteotan, gure enpresak ehunka milioi eurotako irabaziak izan ditu, baina lapurretan oinarritutako eta akziodun zein zuzendaritzako taldeko kideen poltsikoak betetzeko garatutako kudeaketa lotsagarriak egoera honetara ekarri gaitu.

Eta orain zer?

Asko eta asko izan dira gure egoera berdinean egon diren enpresak eta, argi daukagu, borroka hau irabazteko herriaren aktibazio eta mobilizazio masiboa ezinbestekoa dugula. Horregatik, gure deialdi zein mobilizazioekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu. Zure elkartasuna ezinbestekoa da!

 

 

 

Bangladesheko sindikalista Kalpona Akter Euskal Herrian izango da

Zenbait hitzaldi emango ditu, Rana Plazako sarraskia gertatu zeneko 5 urtemuga dela eta.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak eta SETEM-ek, Nazioarteko Arropa Garbiaren Kanpainaren bitartez, Kalpona Akter sindikalistaren hitzaldi sorta bat antolatu dute datozen egunetarako:

-Apirilaren 12an, Gasteizen, Villasuso jauregian, 19:00etan.
-Apirilaren 13an, Donostian, Emakumeen Etxean, 19:00etan.
-Apirilaren 14an, Bilbon, Bidebarrietako liburutegian, 11:00etan.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren hitzetan, gaur egun emakume langileen esplotazioa sistematikoa da Hegoalde globalean sistema kapitalista eta kolonial honen biziraupenerako. Egunez egun, geroz eta emakume gehiago erail, esplotatu eta pobreziara kondenatzen ditu. Horregatik ditugu horrenbeste data gogoratzeko, eta zer esanik ez, milaka eraildako emakumeren izenak gure memorian.

Apirilaren 24an, 5 urte beteko dira Bangladesheko Rana Plazako sarraskia gertatu zenetik, ehungintza industrian inoiz izan den gertaera lazgarriena. Bangaldeshen 1.300 emakume langile erail eta 2.000 baino gehiago zauritu ziren enpresaren eraikina gainera erorita. Esan beharrik ez, baldintza oso txarretan eta soldata negargarrien truke ari zirela lanean bertan.

Hala, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak eta SETEM-ek ehungintza industrian lanean ari diren emakume langileen egoera latza salatzera deitu dute: 14 ordu baino gehiagoko lanaldiak, soldata negargarriak, segurtasun neurri minimorik ez fabriketan… eta, bien bitartean, enpresa multinazionalak esplotazio honi etekina ateratzen ari dira. Horixe da kapitalismoa: prekarietatea eta esplotazioa.

Elkarretaratzea, Arriagan
Bestalde, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren ekimenez ere, elkarretaratze bat egingo dute bihar, apirilak 6, Bilbon, "Gure bizitzek balio dute" leloarekin. Eraildako emakume guztiak izango dituzte gogoan, Arriagan, 18:30ean.
 

 

 

Justiziaren alde eta inpunitatearen kontra mobilizatzera deitzen dugu, Iñigo Cabacasen heriotzaren seigarren urteurrenean

0
Aste honetan sei urte betetzen dira 2012ko apirilean Ertzaintzak botatako pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuenetik.

LABek bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi die Cabacasen senide eta lagunei, kasu hau argitzeko eskatzearekin batera.

Urte guzti hauetan gertatutakoa argitzeko egondako oztopoak salatzeaz gain, justiziaren alde eta inpunitatearen kontra egunotan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi du sindikatuak.

Horrela bihar, apirilaren 5ean, “La cifra negra de la violencia institucional” dokumentala estreinatuko da Bilbon, 19:15ean Bilborocken eta ondoren solasaldia egingo da.

Ostiralean, ekitaldia egingo du 19:00etan Iñigo Cabacas Herri Ekimenak Bilboko Justizia Jauregian, gomazko balen herri-eskaintza batekin.

Larunbatean, 13:30ean omenaldia egingo dute Iñigo Cabacasen familia eta lagunek “Inpunitaterik ez, 6 urte justiziarik gabe” goiburupean. Kirruli plazan izango da.
 

 

 

Elkartasuna adierazten diegu gose greban dauden preso politiko sahararrei

0
Euren askatasunaren alde mobilizatzera deitzen dugu.

Saleko apelazio epaitegiak kartzela zigor gogorrak ezarri zizkien Saharako 23 independentistari Gdeim Izikeko epaiketa dela eta. Epaiketa horretan zigortutako presoek 25 egun baino gehiago bete dituzte gose greban.

Marokoko erreinuak modu arbitrarioan 25 pertsona atxilotu zituen, 20.000 pertsonak baino gehiagok Marokoren giza eskubideen aurkako eraso berria salatuz eginiko mobilizazioan parte hartu izana egotzita. Bi urte beranduago, 2012eko otsailaren 17an, inolako bermerik gabe epaituak izan ziren eta epaitegi militar batek kartzela zigor gogorretara kondenatu zituen: horietatik 9 bizi arteko kartzela zigorrera; 4, 30 urtetako kartzela zigorrera; 7, 25 urtetako kartzela zigorrera; 3, 20 urtetara eta 2, 2 urtetako kartzela zigorrera. Azkenik epaiketa hainbat alditan bertan behera utzi ondoren, epaileak 8 akusatuentzat bizi arteko kartzela zigorra, beste hamaikari 30 eta 20 urte arteko kartzela zigorra ezarri zien (3 pertsona 30 urtetara, 5 pertsona 25 urtetara eta 3 pertsona 20 urtetara). Azkenik, 4 akusaturi kartzela zigorra murriztu zion 4 eta 2 urteren artean eta jadanik beteta zituztenez libre geratu ziren.

Egoera honetan, preso politiko sahararrek gose grebari ekin zioten, haiei ezarritako zigor bidegabea eta Saharako herriak Marokoren eskutik jasaten duen zapalkuntza basatia munduari erakusteko asmoarekin.

Saharako preso politiko hauek gaur egunean oso egoera larrian aurkitzen dira, eta guztion inplikazioa eta elkartasuna behar beharrezkoa dute. Ezin ditugu Saharako preso politikoak gose greban hiltzen utzi eta Saharako herriak Marokoren eskutik pairatzen dituen giza eskubideen urraketa sistematikoak salatzea guztion betebeharra da.

Horregatik, LAB sindikatutik gure elkartasun guztia helarazi nahi diegu gose greban dauden preso politiko hauen senitarteko eta hurbilekoei eta baita ere Saharako herri guztiari ere. LAB sindikatutik Euskal Herriko saharar komunitateak ostiral honetan, apirilak 6an, eguerdiko 12etan Bilbon Marokok duen kontsulatuaren aurrean (Errekalde Zumarkalea 27) eginen duen kontzentrazioan parte hartzera deitzen dugu; hala nola Sahararekin elkartasunez hurrengo egunetan antolatu daitezkeen mobilizazio guztietan parte hartzera ere deitzen dugu, besteak beste, apirilaren 6an Donostiako Boulevarrean 19:00etan egingo den kontzentrazioan.
 

 

 

Productos Tubulareseko langileek euren eskubideak aldarrikatu dituzte

0

Tubos Reunidos taldeko Kapitalaren Kudeaketako Zuzendari Juana Maria Fernandezek deituta, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen mahai negoziatzailea eratzeko bilera egin dute gaur Barakaldon, Puerta de Bilbao hotelean. Bada, langileek elkarretaratze bat egin dute hotelaren kanpoaldean, euren eskubideen defentsan.
 
Bileran, enpresak 157 kaleratze planteatu ditu, eta gelditzen diren langileen soldata %25 jaitsi, urteko lanaldiari 24 ordu gehiago eransteaz gain.

Bada, Gaurkoan Productos Tubulareseko zuzendaritzak egindako jakinarazpenaren aurrean, LABek ondorengoa adierazi nahi du:
Guztiz onartezinak iruditzen zaizkigu zuzendaritzak planteatzen dituen 157 kaleratzeak, %25ko soldata murrizketa eta lanaldiaren igoera.

Tubos Reunidos Taldeak 214 milioi eurotako irabaziak izan ditu 2007 eta 2014 artean eta akziodunen artean 244 milioi euro banatu ditu. Gainera, 2017an Tubos Reunidoseko jarduerak etekinak sortu zituen, 11,8 miloi eurokoak (EBITDA). Beraz, ez dago kaleratzeak eta bestelako murrizketak egiteko arrazoirik.

Gainera, Eusko Jaurlaritzari posizio argi bat eskatzen diogu, neurri hauen kontra: nola liteke enpresari batek kaleratzeak egin nahi izatea eta gelditzen diren langileei lanaldia igo nahi izatea? LABek argitu nahi du ez direla 3 egun gehiago lanera joan beharko langileak, denera 10 egun gehiagoko lanaldi igoera inposatu nahi baitu enpresak. Erabat lotsagarria.

Proposamen hauek, enpresariek duten erabateko inpunitatearen eta babes instituzionalaren ondorio dira.

Amaitzeko, langileei egoerari buelta emateko borrokatzeko deia egiten diegu neurri hauek atzera botatzeko.
 

 

 

PPren lan-erreformatik sei urtera, orduan inposatutako prestazioen murrizketak berauek eskuratzea zaildu eta euren zenbatekoa murriztu du

Enplegu zerbitzu publikoek martxoan langabeziaren beherakada apala erregistratu dute Hego Euskal Herrian, aurrekoan baino 249 langabetu gutxiagokoa zehazki.

Bizkaia izan zen langabeziak gora egin zuen lurralde bakarra, 274 langabetu gehiagorekin.

Erregistratutako langabezia hilabeteko azken egunean altan dauden enplegu eskariak kontuan hartuta neurtzen da. Horrela, Aste Santuko oporrekin bat izan da. Hori dela eta zerbitzu sektoreari lotutako jarduera ekonomikoan aldi baterako kontratazioa indartu du, horrela langabeziaren urtaroko jaitsiera lagundu du prekarietatea handitzearen lepotik.
Hala ere, ditugun prekarietate mailak hain altuak dira zaila dela gainditzea. Izan ere, sinatutako kontratuen %91 aldi-baterakoa da, bai martxoko kontratazioari dagokionez baita urte hasierako datu metatuari dagokionez ere.

Beste alde batetik, enpleguaren zaurgarritasunaz gain, beharrezkoa da langabeziaren aurreko babesa gutxitu izana salatzea.

Jakina den bezala, langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen duten pertsona batzuk ez daude ofizialki langabezia egoeran, enplegu zerbitzu publikoek erabilitako irizpide estatistikoak ez betetzeagatik (aurrejubilatuak, EEE batean daudenak, lanaldi partzialeko enplegua konpatibilizatzen dutenak.

Hala ere, enplegu bulegoek emandako informazioaren arabera, ofizialki langabezian daudenen %30,4ak baino ez du jasotzen langabeziagatiko prestazioren bat. Honek esan nahi du Hego Euskal Herrian 113.610 pertsona daude langabeziaren zerrendan langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen ez dutenak eta beste 25.964 hilean batazbeste 430 euro gainditzen ez dituen prestazio asistentziala jasotzen dutenak.

Zentzu honetan, gogorarazi nahi dugu PPren lan-erreformatik sei urte pasatu direnean, orduan inposatutako prestazioen murrizketak berauek eskuratzea zailtzeaz gain, euren zenbatekoa ere murriztu du. Zehazki, %7,5 jaitsi da prestazio kontributiboen batazbesteko zenbatekoa.
 

 

 

Lehen lanuzteak egiten ari dira Alestisen, bajan zegoen langile baten kaleratzea salatzeko

0

Apirilaren 5, 11 eta 13an ere egingo dituzte lanuzteak.

Martxoaren 23an, Arabako Miñanoko teknologia parkean dagoen Alestis enpresako langile bat kaleratu zuten Langileen Estatutuko 52 d artikulua aplikatuta, hau da, bajan egoteagatik.

Alestiseko enpresa batzordeak adierazi nahi du lankide honi egindakoaren guztiz kontra dagoela. Era berean, adierazi nahi du enpresan lanera huts egiteko arrazoi asko dagoela (lan istripu zein laneko gaixotasunak, kasu) zeintzuetan enpresak zerbait egin dezakeen, baina ez dela ezer egiten.

Gertatukoaren larritasuna eta etorkuzunean izan litzakeen ondorioen aurrean, enpresa batzordeak lanuzteak egingo ditu Alestiseko atean. Lehen lanuzteak gaur egiten ari dira langileak, eta apirilaren  5, 11 eta 13an izango dira hurrengoak, txanda bakoitzean ordubetekoak: 11:00etatik 12:00etara, goizekoan; 16:00etatik 17:00etara, arratsaldekoan; eta 05:00etatik 06:00etara, gauekoan.
 

 

 

Igande eta jai egunetan irekierarik ez egotea aldarrikatu dugu berriro

Aste Santuko jai egunen etorrerarekin, protesta egin dugu Berriozarren, Decathlon aurrean.

Jaiegunetan lan egiteak lan baldintzak kaskartzen ditu, lanpostuak suntsitzen ditu, bizitza eta lana kontziliatzea ezinezko bihurtzen du, merkatari txikiak kaltetzen ditu eta gizarte kontsumista eredua inposatzen du. Arrazoi horiengatik guztiengatik berriz ere LAB sindikatua kalera atera da jaiegunetan eta igandeetan komertzioen 0 irekiera erreibindikatzeko.

Ez da lehenbiziko aldia LABek ekintzaren bat egiten duela Decathlon saltokian; izan ere, merkataritzako prekarietatearen fokua da Nafarroan. Oraingo honetan ekintza sinboliko baten bidez, LAB sindikatua mobilizatu da ikustarazteko zein ondorio pairatzen dituzten Nafarroako Merkataritza sektoreko langileek jaiegunetan saltoki handiak irekitzeagatik.

LABek adierazi nahi du kalean segituko duela, langileak babesten jarraituko duela, saltokiek jaiegun eta igandeetan irekitzeari uzten dioten arte.