2026-07-16
Blog Page 842

Eibarko epaitegiak Alfa Precision Casting zigortu du greba eskubidea urratzeagatik

0

Epaiaren arabera, enpresak greba komitearen eskubideak urratu ditu, haren lana oztopatu eta askatasun sindikala urratuz.

Alfa Precision Castingeko enpresa-batzordearen oharra:

Alfa Taldeko langileek 134 egun bete dituzte greba mugagaben. Egoera luze eta gogor hau azaroan hasi zela gogorarazi nahi dugu. Orain dela 4 hilabetetik borrokatzen dabiltza langileak lanpostu eta jarduerak Eibarren iraun dezaten.

Aspaldi hasi ginen esaten enpresak ez zuela langileen greba eskubidea errespetatzen, grebalarien lanpostuak eskirolen kolaborazioarekin ordezkatuak izaten ari zirela, grebalariak mehatxuak jasaten zituztela, greba batzordearen lana oztopatzen zebiltzala modu egonkor batean, opor epean eskirolek lan egiten zutela…

Guzti honengatik, urtarrilaren 30ean demanda sartu genuen Eibarko epaitegian eta hilabete bat beranduago, martxoaren 2an, epaiketa burutu zen. Gaur izan dugu sententziaren berri. Eibarko epaitegiak Alfa Precision Casting (APC) kondenatu du greba eskubidea urratzeagatik.

Albiste honek berretsi egiten du orain arte esan dugun guztia, APC eta Alfa Taldeko zuzendaritzaren jarrera anti-sindikala izateaz gain, greba eskubidea urratu duela. Hauek izan dira sententziaren arabera enpresak bete dituen urraketak:

• Lanean zeuden langileak (eskirolak) hilabeteetan zehar lanpostuz aldatu dituztela grebalarien lanpostuak ordezteko eta grebaren eragina zapuzteko helburuz.
• Egutegiaren arabera opor egun direnetan lan egin izana.
• APCko greba komitearen eskubideak urratu ditu, bere lana oztopatu eta askatasun sindikala urratuz.

Hori dela eta, APC eta Alfa taldeko zuzendaritzari sententziak esaten duena betetzera eta jarrera guzti hauek alde batera uzteko eskaera egiten diogu.

Epaia baliatu nahi dugu Eibarko alkate den Miguel de los Toyosek, orain dela hilabete bat egin zituen adierazpenak mahai gainean jartzeko. Bertan, enpresak zituen asmoen eta eskirolen aldeko jarrera irmoa azaldu zuen. Horregatik, azken gertaerak kontuan hartuta, zuzenketa publiko bat eskatu nahi diogu Greba batzordetik, Alfa taldeko zuzendaritzak, eskirolen laguntzarekin burutu duen greba eskubidea onartuz.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, erderaz esaten den bezala “Ni está, ni se le espera”. Arantxa Tapiak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak zuzenduriko Industria Saila eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera guztiz lotsagarria izaten ari da prozesu honetan. Langileak sentitu duten utzikeria eta ardugabekeriak ez dauka izenik. Hau bada Eusko Jaurlaritzak langileentzako duen konpromezu eta etorkizuna, erabat beltza izango da hau.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dizuegu Enplegu Erregulazio Espedientearen barruan, 131 lanposturen iraungitzea mahai gainean dagoela. Gainera, kontsulta epea martxoaren 20an amaitu zen. Egun Administrari Konkurtsalek egiten duten planteamenduak ez dituzte langileen eta komitearen eskakizunak betetzen eta horrez gain, inbertsorearen inguruan helarazi diguten informazioak zalantza ugari sortzen dizkigu

Horregatik Administradoreei planteamendua moldatu eta inbertsoreekin kontaktu zuzena izatean eskatzen diegu. Proiektu industrialaren inguruko informazio zehatz eta gardena izateko.
 

 

 

EITBko zuzendaritzak negoziazio kolektiboaren estatalizazioa defendatu du Euskal Telebistan bertan ere

0
Gaurko epaiketatik langileon aldeko epaia irtenez gero, tresna garrantzitsua edukiko dugu ETBn prekaritateari eta iluntasunari aurre egiteko.

Gaur oso epaiketa berezia egin da Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, forman eta fondoan. Fondoan epaitzen dena sindikatuok dugun hainbat informazio jasotzeko eskubidea da, eta epaia oso garrantzitsua izango da alde honetatik. Nolabait esateko, 37 informazio mota ezberdin jasotzeko eskubidea aldarrikatu du Langile Batzordeak. Kontratazioen datuak, azpikontraten eta ekoiztetxeen inguruko informazioa, datu ekonomikoak… esan bezala, langileon aldeko epaia irtenez gero tresna garrantzitsua edukiko dugu ETBn prekaritateari eta iluntasunari aurre egiteko. Kontran ateraz gero, txiringito publikoa nahieran kudeatzea errazago izango du Sabin Etxeak.

Halere gaur behintzat garrantzia handiagoa hartu du formak. Izan ere EITBko zuzendaritzak erabaki onartezina hartu du, EAEko Auzitegiaren eskuduntzak baztertu eta hemendik aurrera lan gatazka kolektibo guztiak Madrilgo Entzutegi Nagusiak epaitzearen aldeko apustua egin baitu. Aitzakia Madrilen eta Barzelonan dauden korrespontsalietan oinarritu dute, hots, lan zentruak EAEtik kanpo izateagatik, herrialde horretan ordezkaritzarik ez duen sindikatuak ezin duela gatazka kolektiborik aurkeztu dio.

Orain ez gara xehetasunetan sartuko eta epaileek ebatziko dute gaia. Salatu nahi duguna da gaur egun, lan hitzarmenen estatalizazioaren arriskuaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzaren ETB jokatzen ari den papera. Hasteko, programak grabatzeko azpikontratatzen duen Aldi Baterako Lan Enpresari kontratua etetea erabaki berri du, adostu berri den ikusentzunezko hitzarmen markoa de fakto bertan behera botatzeko helburuz. Gaurkoan ETBk bere lan hitzarmenaren zaintza euskal sindikatuen eskuetatik urrundu nahi du. Langile Batzorde honek Administrazio Kontseiluko kideei gai hau formalki lantzea eta norberaren jarrera adieraztea ekatzen die.
 

 

 

Kataluniaren askatasunaren kontrako beste eraso bat

0
Espainiako Estatuak erakutsi du berriro ez duela proiektu demokratikorik Euskal Herria edo Kataluniako herriak beraien etorkizun politikoa erabaki nahi dutenean.

Guardia Zibilak Errepublikaren Defentsarako Komiteen kontrako polizia operazioa egin du gaur, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren arabera, “terrorismoa eta matxinada” delituak egotzita. Operazio honetan pertsona bat atxilotua izan da eta bertze pertsona bat ezin izan dute atzeman. Bitartean, mossoek, operazio ezberdin batetan, 6 pertsona atxilotu dituzte, jadanik aske gelditu direnak.

Bertze behin ere, Kataluniako herria izu-ikara batekin esnatu da Guardia Zibilak eta Mosso d’Escuadra-k egindako polizia operazioaren harira, zeinean 7 pertsona atxilotuak izan diren. Mossoek atxilotu dituzten 6 pertsonei desorden publikoa egozten diete eta jadanik, karguekin bada ere, aske geratu dira. Guardia Zibilak atxilotutako pertsonari, ordea, terrorismoa egozten diote eta Madrilera eraman dute.

LAB sindikatutik atxiloketa berri hauek gaitzetsi egiten ditugu eta pertsona hauekin nahiz haien senide eta hurbilekoei, eta baita Kataluniako herriari ere, gure elkartasuna adierazten diegu, salbuespen egoera hau pairatzen ari diren momentu hauetan. Espainiako Estatuak berriro ere bere alde anti-demokratikoena erakutsi du, erakutsiz Kataluniarekiko daukan eskaintza politiko bakarra errepresioa eta bere proiektu politikoaren inposaketa dela.

Estatuaren aldetik Kataluniako herriaren kontrako probokazio baten aurrean gaude. Errepresioan jauzi berri bat da, Kataluniako herriaren eskubide eta askatasunaren aurkako eraso berri bat. Katalunian egin duten gauza bakarra herri borondatea gauzatzea eta Kataluniako herriak urriaren 1eko erreferendumean eta abenduaren 21eko hauteskundeetan bozkatu zuena modu baketsuan defendatzea izan da. Guztiz demokratikoak eta pazifikoak diren aldarrikapen hauen aurrean Estatuaren aldetik jaso den erantzun bakarra errepresioa, kartzela eta erbestea izan da, erakutsiz beste, behin ere, Espainiako Estatuak ez duela proiektu demokratikorik Euskal Herria edo Kataluniako herriak beraien etorkizun politikoa erabaki nahi dutenean.

Horregatik guztiagatik, Kataluniako preso politiko guztien askatasuna exijitzen dugu, konstituzioaren 155. artikulua indargabetu dezatela, erbesteratutako guztiak askatasunean bueltatu ahal izan daitezela, eta, batez ere, Kataluniako herriak urriaren 1eko erreferendumean eta abenduaren 21eko hauteskundeetan erabaki zuena errespetatua izan dadila.

 

 

 

Productos Tubulareseko langileek bigarren bileraren aurrean ere egin dute protesta

0

Leioan mobilizatu dira, NH La Avanzada hotelaren aurrean, EREaren bilera dela eta.

Trapagarango Productos Tubulares enpresako langileak Enplegua Erregulatzeko Espedientearen (ERE) lehen bileran erakutsi zuten mobilizazioaren bideari eusteko prest direla. EREaren bigarren bileran izan dira gaur, eta ondorengo egunetan beste mobilizazio batzuk iragarri dituzte:

-Ostegunean, apirilak 12, enpresaren egoitzaren aurrean elkartuko dira, 11:00etatik 17:00etara, Bilboko Maximo Agirre kalean.

-Ostiralean, apirilak 13, Bilboko Gran Viako BBVAn egingo dute elkarretaratzea. 

-Larunbatean, apirilak 14, manifestazio bat egingo dute Trapagarango altzairutegietatik Barakaldoko udaletxeraino.
 

 

 

Poliziei soldata igotzen dieten bitartean gainontzeko langile publikoei huskeria ematea kritikatu dugu Nafarroan

Azken zortzi urtean PSOEren eta PPren gobernuek ezarri dizkiguten murrizketak administrazio publikoetako langileoi urte bateko soldataren baliokidea den kopurua kostatu zaizkigu.

Orain esaten digute dagoeneko ez dagoela krisialdirik, eta Estatuko gobernuak (alderdi popularra) CCOO, UGT eta CSIFrekin sinatu duen hiru urteko akordioan jasotzen den soldata-igoera, gutxieneko %5,75a eta gehiengo %8,55a bitartean dago. Baina itunean, inflazioa soldata-igoera baino txikiagoa balitz ere, ez da eros ahalmenari eusteko klausularik jasotzen. Aurtengo 2018ko urterako %2 inguruko inflazioa aurreikusten da, eta aldiz, soldata-igoera, asko jota, %1,75ekoa da; horrek soldata-galera handiagoa izatera zigortzen gaitu.

2018 urterako soldata-igoera handiena, 20.000 bat euro gordineko soldata batean, hileko 25 eurokoa izango litzateke. 2019 urterako, igoera 35,71 euro hilekoa izango litzateke. 2020 urterako soldata-igoera handiena 32,86 euro hilekoa izango da. Beraz, Gobernuaren aurreikuspen guztiak beteko balira, hiru urteko soldata-igoera 93,57 euro hilekoa izango da.

Aldiz, Alderdi Popularraren gobernu berak Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin sinatu duen itunean jasotzen den soldata-igoera, Poliziari dagokionez, 7.854 € urtekoa da, hots, 561 € hilekoa; eta Guardia Zibilari dagokionez, 10.080 € urtekoa, hots, 720 € hilekoa.

Begi-bistakoa da gobernuak irakasleen, sanitarioen, suhiltzaileen… soldata-eskakizun zuzenak baino nahiago duela estatuaren segurtasun kidegoak zaintzea. Ondorio argia da, nahiago dute gaixo eta ezjakina den gizartea eskubideen alde mobilizatzen dena baino.

 

 

 

Grebara deitu dugu Tubacex-en

0
24 orduko lanuztea egingo dugu ostiralean; elkarretaratze bat egingo dugu, 12:00etan, Laudion, enpresaren bulegoen aurrean.

Langilegoak martxoaren 22an burututako bozketan parte hartu eta gero, gehiengoak hitzarmenerako akordioari EZezkoa eman zion. Orduan, STAT, USO eta LABek premiazko bilera bat eskatu genion Zuzendaritzari, hobekuntzak aurkeztuz eta ordurarte landu ez ziren gaiak jorratuz, aurrera egiteko nahiarekin. STAT, USO eta LABek eskatu izan ez bagenu ez litzateke bilera burutuko, Zuzendaritzak ez bait zuen intentziorik.

Bilera horretan Zuzendaritzak negoziaketekin jarraitzeari uko egin zion eta gainera akordioa onartzeko emandako ultimatuma mantentzen zuen.

STAT, USO eta LAB azkenengo unera arte negoziatzen saiatu ginen, baina Zuzendaritzak darabilen jarrera dela medio eta honaino iritsi eta gero, neurri zorrotzagoak hartzera behartuak aurkitu gara. Neurri hauek ez dira inoren gustoko, baina lan baldintzek jasan duten atzerakada dela eta, langilegoak garrantzia ematen dien gaiak jorratzeko aukera bakarra greba da. Gehitu behar dugu greba ekiditeko giltza eta irtenbidea Zuzendaritzak daukala.

STAT, USO eta LAB ezinbesteko garrantzia duten gaiak jorratzeko eseri nahi dugu negoziatzera, hala nola:

• Egun arrosak
• 2.7 artikulua
• KPI negatibotik babestu
• Mugikortasuna erregulatu
• Aintzinatasunaren defentsa, bai promozioetan eta baita finkotasunetan ere
• Ebentualentzat enplegu duina, gutxieneko iraupena kontratuetan, irizpide objektiboak kontratazioetan.
 

 

 

Abrasivos Texajax enpresak emakumeak diskriminatzen dituela salatu dugu epaitegien aurrean

Epaiketa egin dute gaur Bilbon, amatasun baimena hartu zuen langile batek jarritako salaketa dela eta.

Bere egunean Zornotzako Texajax enpresak debekatu egin zion langile bati, haurdun geratu zenean, haurdunaldi arriskutsu bat zeukan jakiteko burutu beharreko frogak egitea.

Amatasun baimena eta gero, enpresara bueltatu zenean, bertako jabeak, Juan Carlos Zarandona Esquibelek, bera kaleratzeko zuen asmoa eta beragan zeukan konfiantza galdu egin zuela azaldu zion, eta hori dena ama izateko eskubidea aldarrikatzeagatik eta bere lanpostua defendatzeagatik. Gainera, hori gutxi ez balitz, kaleratzea honela justifikatu nahi dute: bere ordez egon den pertsonak, gizon batek, askoz ere asti gehiago izango duela lanari eskaintzeko, ez baititu fabrikako lana eta seme-alaben zaintza lana uztartu beharko.

Hala ere, langileak ama izateko eskubidea eta bere lanera bueltatzeko aukera egikaritu zituen, eta enpresaren erantzuna ondorengoa izan zen: langilea gutxiestea, mobbing-a egitea, lehen egiten zituen funtzioak kenduz eta lan egiten zuen bulegotik botaz bakarrik dagoen gela batera baztertuz. Eta hori, zertarako? Bera izan dadin lana uzten duena, enpresaren aurka etorkizunean ezarri daitezkeen salaketa zein erreklamazioak ekiditeko asmoz.

Gaur egin da epaiketa, eta LABek elkarretaratzea egin du langilea babesteko eta emakumeek jazaten duten diskriminazioaren kontrako neurriak eskatzeko.

Egun, horrelako diskriminazioak zigortzen
dituzten legeak existitzen diren arren, errealitateak erakusten digu ama izateko aukera egikaritzen duten emakume asko kaleratuak izaten direla.

Ez daukagu zalantzarik egoera hau instituzioen borondate politiko faltak ahalbidetzen duela; izan ere, horrelako gertakizunen aurrean paso egiten dute eta ez dute neurririk hartzen diskriminazio mota horiek egi- karitzen dituzten enpresen aurka. Guk, aldiz, argi daukagu: mobilizatzen eta salatzen jarraituko dugu, arazo larri hau desagertzen den arte.

LAB sindikatukook emakumeenganako eraso guzti hauen aurka borrokan jarraituko dugula garbi daukagu, eta Zornotzako bizilagunei gonbita luzatu nahi diegu langi-le honen egoera salatzeko deituko diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko, enpresaren jarrera onartezina dela erakutsi nahi dugulako eta langileari gure elkartasuna adierazi nahi diogulako.

Zentzu honetan, mugimendu feministak deituta, elkarretaratze bat egingo dute apirilaren 14an, 12:00etan, Zornotzako udaletxe aurrean.
 

 

 

Aoizko Siemens-Gamesako langileek elkarretaratze bat egin dute hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren kontra

0

Salatzen dute enpresaren eskaintza lanaldi eta soldatari dagokionez ez dela nahikoa.

Siemens-Gamesak Aoizen duen lantokiko langileek kontzentrazioa egin dute gaur hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko. Pasa den ekainean Enpresa-batzordeak eta Zuzendaritzak bilerak berrartu zituen greba mugagaberako deialdia bertan behera geratu zen, lantokiko lan-baldintzak arautuko zituen hitzarmen propioaren negoziazioan aurrera egiteko helburuarekin. Ordutik hona, hainbat bilera egin da eta aurrerakada batzuk eman diren arren, Batzordearen iritziz lortutakoa ez da nahikoa eta enpresa ohartarazten du lanaldia eta soldataren inguruan mugimendurik ez badago, aurrera jarraituko dutela mobilizazioekin.

Agoitzeko langokian egindako kontzentrazioa lehenengoa da negoziazioan emandako blokeo berriaren ondoren. Enpresa-batzordeak eta langileek ulertzen dute enpresak nekez aldatu duela bere jarrera pasa den urtarrilaren 25ean negoziazioa berrartu zenetik. Egun horretako aktan, sindikatu eta enpresak konpromiso bat onartu zuten: batzordeak bertan behera uzten zuen greba deialdia hitzarmen blindatu eta indarraldi mugagabea izango zuenaren negoziazioa hasteko. Langileen ordezkariek ulertzen dute euren zatia bete dutela, greba bertan behera utzi dutelako baina enpresari leporatzen diote ez duela berdina egin. “Ostiral gau, larunbata eta igandeetan lana araututa utzi nahi du, hori baita benetan interesatzen zaiona eta ez du ia ezer eskaintzen lanaldia, soldata edo hobekuntza sozialei dagokienez. Zentzu honetan, Batzordeak ulertzen du enpresak aukera duela eta oroitarazten dute Agoitzeko lanaldia, kimiketako estatu mailako hitzarmenak jasotzen dituen 1.752 orduekin, altuenetakoa dela eta sektoreko beste enpresa batzuenaren gainetik dagoela.

Hori dela eta, Enpresa-batzordeak asanblada informatiboak egin zituen pasa den apirilaren 5ean eta langileen babesarekin, erabaki du mobilizazioei ekitea enpresari negoziazioetan duen jarrera birplanteatzea eskatzetko eta soldata eta lanaldiari dagokionez eskaintza “serioa” egiteko. Bihar (apirilak 11) eta ostiralean (apirilak 13) kontzentrazioa egingo dute berriro negoziazioan aurrerapenik ez badago.
 

 

 

Enpresarien ordezkaritza egiaztatzeko prozedura bat ezartzea eskatu dugu Gipuzkoako eraikuntzako bileran

0

Patronalen arteko liskarrak arriskuan jartzen du hitzarmenaren negoziaketa.

Patronal ezberdinek ordezkaritzagatik dituzten liskarrak Gipuzkoako hainbat hitzarmenen negoziazioak blokeatzen ari dira negoziazio mahaia eratu ezinik, esate baterako, bulego eta langeletan, elikagaigintzaren merkataritzan eta, gaur arte, eraikuntzan. Beste hitzarmen batean, ehunaren merkataritzako sektorean, Garen enpresari elkartearen eta sindikatuen arteko akordioa inpugnatu berri du Adegi patronalak.

LABen ustez, egoera hau oso larria eta onartezina da. Hau dela eta, elkarretaratze bat egin dugu gaur Donostian, Lan Harremanetarako kontseiluaren egoitzaren aurrean, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzeko bilera zela eta.

Bilerari dagokionez, Eraikuntza sektoreko Gipuzkoako negoziaketa mahaia eratzeko hirugarren saiakera izan da gaurkoa. Gaur, berriro ere, ADEGI eta GAREN patronalen arteko liskarra errepikatu da, sektorean duten ordezkaritza mailaren inguruan. ADEGIk, orain arteko jarrera aldatu du, eta negoziazketa mahaia osatzearen aldeko jarrera hartu du, baina argudiatuz sektore osoaren ordezkaritza berak duela, eta hortaz, GAREN patronala kanporatu nahi izan du negoziaketa mahaitik. Honen ondorioz, ELAren aldeko jarrerarekin, negoziaketa mahaia eratu da.

GARENek, bere aldetik, enpresen %30a ordezkatzen duela jakinarazi du. Horren ondorioz, gaurko mahai osaketari helegitea auirkeztuko diola jakinarazi du, eta hortaz, ziurgabetasuna da nagusi egon litezkeen negoziaketen inguruan. LABek, bilera aurrretik, kontzentrazio batean patronalak negoziaketa kolektiboari egiten dion boikota salatu du. Esan bezala, ez da eraikuntzan soilik ematen den zerbait, estrategia bat dago.

LABek enpresarien ordezkaritza egiaztatzeko prozedura bat ezartzea eskatu du gaurko bileran, eta aurrera egin eta hitzarmenen negoziaketak desblokeatzeko beharra aldarrikatu du. Hurrengo bilera apirilaren 20an izango da. Sindikatuen aldetik, sektoreko ordezkaritza ondorengoa da: ELA: %59,60, LAB: %25,17, CCOO: %9,27 eta UGT: %5,96. Patronalaren argitzeke dago.