2026-01-17
Blog Page 836

Greba mugagabeari hasiera eman diote Bilboko TAOko langileek

Udaletxearen aurrean egindako elkarretaratze batekin eta Bilbon egindako kalejira batekin ekin diote protestari. Hain zuzen ere, zazpi langile kaleratu ostean hartutako erabakia da greba mugagabea egitearena, eta, bide batez, pairatzen dituzten lan baldintzak salatzeko baliatuko dituzte mobilizazioak.

Lan baldintza berriak inposatu nahi ditu enpresak zein udalak, langile batzordearen esanetan: "Gure eskubideen zapalkuntzarik ez dugu onartuko", adierazi dute langileek.
 

 

 

Galletas Artiach-eko langileek mobilizaziora deitu dute urtarrilaren 3rako

0

Bizi proiektu duin eta egonkor bat bermatuko duen enplegu baten alde egiten du enpresa batzordeak. "Jakin badakigu beste langile askok apustu bera egiten dutela, eta, honengatik, langile guztiak gonbidatu nahi ditugu guztiok batera urtarrilaren 3an Bilboko Kale Nagusia zeharkatuko duen manifestazio batean kalera ateratzeko", adierazi dute. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da, Plaza Eliptikotik.

Hauxe da Artiacheko enpresa batzordearen oharra:

Joan den azaroan Lan-arloko Epaitegiko epaileak bidegabekotzat jo zuen Adams Food-ek kontratu- azkentze baten bitartez ezkutatu nahi izan zuen gure lankide baten kaleratzea.

Enpresa-batzordeak lan garrantzitsu bat egiten dihardu enpresa honetan dagoen behin- behinekotasun handiari irtenbide bat emateko eta honekin, Galletas Artiach-en enplegu egoera egonkorra sustatzeko. Hau dela eta, duela hilabete batzuetatik, Galletas Artiach-eko Hitzarmen Kolektiborako irekita dagoen negoziazio-mahaian gai hau lehen lerroko aldarrikapen bat da.
Enpresarekin sententzia atera ostean izandako ondorengo batzarretan enpresa-batzordearen gehiengoak zuzendaritzari, langilearen berrartzerik egongo ez balitz, negoziaketa albo batera uztera behartuta egongo zela adierazi zion, baita langileon asanblada bat deituko zuela esparru honetan erabakitzeko zein izan beharko litzatekeen erantzuna lanpostu finko baten suntsipenaren aurrean, berau behin-behineko bihurtzeko.

Asanbladara bertaratu ginenen gehiengo batek hausnarketa honekin bat egin genuen; enpresaren jarrera behin-behinekotasuna sustatzea baldin bada, arlo honetan aurrera pausoak emateko inongo borondaterik ez duela uler dezakegu eta beraz, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatzen duela.

Aurreko beste une bezala, Artiacheko langileok ikusten genuen kaleratze honek erantzun bat eduki behar zuela gure partetik eta horregatik lanuzte eta mobilizazio egutegi bat zehaztu genuen.
Behin-behinekotasunaren alde egindako lanpostu finkoen suntsipena ez da soilik Galletas Artiach-eko arazoa.
Euskal Herrian, salagarria baita kontratuen %93a behin-behinekoak direla, eta honek prekarietatea arazo kroniko bihurtzen du. Gainera kontratu, hauen iraunaldia oso laburra izaten da; ia-ia kontratu hauen erdia ez da hilabete bat baino gehiago luzatzen, eta heren batek ez dauka iraupen zehatzik sinatzerako orduan.

Datuak kezkagarriak dira, Hego Euskal Herriko langabetu kopurua 163.514 pertsonakoa izatera heldu da, eta gainera pertsona hauen %56a emakumeak direla azpimarratu beharra dago.

Desegonkortasun honek larritzen gaitu, eta Galletas Artiach-eko langileok bizi proiektu duin eta egonkor bat bermatuko duen enplegu baten alde egiten dugu. Jakin badakigu beste langile askok apostu bera egiten dutela eta honegatik langile gaztiak gonbidatu nahi ditugu guztiok batera urtarrilaren 3an Bilboko Kale Nagusia zeharkatuko duen manifestazio batean kalera ateratzeko. 12:00etan abiatuko da Plaza Eliptikotik.

Gure indarrak biltzeko kaleratzean aurrean 0 tolerantzia erakusteko eta enplegu egonkor eta duin bat aldarrikatzeko.

Honetaz gain, lanuzteekin jarraitu dute. Abenduaren 18an, 19an eta 20an, ordubeteko lanuzteak egin zituzten txanda bakoitzean, 05:00etatik 06:00etara, 09:00etatik 10:00etara eta 17:00etatik 18:00etara.
 

 

 

Bilboko Udalak ez du langileekin hitzartutakoa betetzeko diru-sailik gorde

Gaur, abenduak 29, LAB sindikatuak 2018ko Udal Aurrekontuen 1. Kapituluari egindako emendakina tratatzeko Udal Batza bildu da. Udal Gobernuaren (EAJ-PSE) bozeramaileak (Ajuria anderea) berriro 10/2003 Foru Arauko 17.2 artikulua aitzakiatzat erabili du sakoneko eta benetako eztabaida saihesteko. Gure ustez guk aurkeztutako emendakina guztiz bat dator Foru Arauko artikulu horrekin: Sarrerak ez izatea nahiko aurrekontuko gastuei aurre egiteko, edo gastuak ez izatea nahiko beharrizanetarako.

Alkateak negoziazioaren bidez akordioetara eta desadostasunetara iristen dela esan digu, baina ez du azaldu adostutakoa gauzatzeko nola egingo duen aurrekontu ez nahikoa izanez:

Hau da, nola lortuko dugu Eros Ahalmena errekuperatzea (%5’3a 2014ko akordioan eta 2017ko akordioan adostuta) honetarako diru partidarik ez baldin badago?

Are gehiago, beste beharrei aurre egiteko, langileen kopurua ez gutxitzeko eta ordezkapenak egiteko, Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako Plana eta Berdintasun Plana garatzeko beharrezkoak diren kontratazio berriak egiteko, egiturazko bakanteak estaltzeko, egitura berriak sortzeko…?

Udal langileen %43ak soldatan eta kotizazioetan pairatzen duen diskriminazioari buruz Negoziazio Kolektiboan onartu dela eta aldaketa Negoziazio Kolektiboaren bidez etorri beharko dela esan du.

Oso adierazgarria izan da Ajuria andereak Estatuko Aurrekontuen legea aipatzea. Gogoratu nahi diogu 2017ko Estatuko Aurrekontuak EAJk sinatu zituela.

Lege horren ondorioz, Udalak aurten 218 plazekin EPE atera duela esan du, aldiz, langile interinoen %50a EPE horretatik kanpo geratu dela lege horrek berak horrela agintzen duelako aipatu ez.

Beste behin ere, Udal Gobernuak (EAJ-PSE) gure emendakinaren kontra bozkatu du. Emendakinaren alde EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao (iaz bezala soldata-kotizazioetan diskriminazio gaiari ñabardurak egiten). PP abstenitu egin da.

2018an ere Negoziazio Kolektiboa guztiz baldintzatuta geratuko da Aurrekontuen 1. Kapituluan aurreko Lan Hitzarmenetan adostu dena eta hurrengoan balizko adostasunak betetzeko nabarmen ez nahikoa izango delako.
 

 

 

Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileek kalejira batekin agurtu dute urtea

0

Urrian ekin zieten mobilizazioei eta, egoera aldatu ezean, greba egitea ez dutela baztertzen nabarmendu dute. Ikastetxe eta unibertsitateko garbikuntza kontraten hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik bi urte eta erdi igaro dira dagoeneko, eta hitzarmenik gabe daude oraindik. Hala, Bilboko kaleetan egin zuten atzo protesta, kolektiboak bizi duen lan gatazka ikusgarri egiteko.

LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta, borrokan dira Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileak. Hain zuzen ere, ikastetxe eta unibertsitateko garbikuntza kontraten hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik bi urte eta erdi igaro dira jada; eta egoerak hasieran bezain blokeatuta jarraitzen du. Ez dago hitzarmenik eta ez dirudi hurrengo hilabetetan akordiorik lortuko dutenik.

Hala, kalejira bat egin zuten atzo Bilbon, abenduaren 28aren etorrerarekin, eta Inuzente Egunari keinu bat egin zioten: "Ez gara horren inuzenteak", adierazi zuten bildutakoek, eta borrokan jarraituko dutela aurreratu zuten.
 

 

 

Eskoletako jantokietako langileek murrizketak eta kaleratzeak salatu dituzte Iruñean

Gaur, jantokietako 200 langilea baino gehiago Hezkuntza Departamentuan kontzentratu gara, lanaldi jarraiaren ondorioz jasaten ari garen kaleratze eta murrizketak salatzeko.

Jantokietako langileak Hekuntza Departamentuan kontzentratu gara gure lan egoera zein den jakinarazteko, lanaldi jarraiako planteamenduak gure lan zentroetan suposatzen dituzten aldaketak ikusle bezala ezin garelako egon uste baitugu.

Hezkuntza Departatuak lanaldi jarraia ezartzeko onartu zuen ebazpenean, eta ondoren eskoletan aurrera ateratzen ari diren proiektuetan, langile askotaz ahaztu dira.

Lanaldi jarraia ezarri den zentroetan ordutegiak aldatu dira, jantokien denbora murriztu da, zerbitzua okertu eta kaltetu egin da, eta ondorioz, kaleratzeak, lanaldi murrizketak eta soldata jeitsierak jasan ditugu. Hori horrela izan arren, Departamentu honek proiektuak onartu ditu.

Murrizketa guzti hauen arduraduna den Hezkuntza Departamentuari, neurriak hartzea eskatzen diogu. 1500 langile baino gehiago gara, gehienak emakumeak, beraz, ezin ditu murrizketa guzti hauek onartu.

Honetaz gain, jantokiak hezkuntza arloko zati bat izateko hausnarketa egin dezan eskatzen diogu Departamentu honi. Jantokietan janaria zerbitzatzeaz gain, ohitura osasuntsuetan eta elkar bizitzan hezitzen ditugu umeak. Baina egiten ari diren ordutegien murrizketekin helburu hauek lortzea oso zaila izango da; txanda bakoitzerako ordu bat izatea gutxi bazen, 45 minutu baino gutxiago izateko planteamenduarekin, ezinezkoa izango zaigu umeak ongi elikatu eta hezitzea.

 

 

 

Jai egunetan irekitzearen kontra protesta egin dugu Hego zein Ipar Euskal Herrian

Jai egunetan irekitzeak ez du enplegua sortzen, langileen lanaldia luzatu baino ez du egiten. Irekiera hauekin ezinezkoa da bizitza laborala familiarekin edo aisiarako denborarekin uztartzea. Gabonen etorrerarekin, merkataritza guneek oso ohikoa dute jai egunetan ere irekitzea. Bada, horren aurka irten gara kalera egunotan. Igandean, esaterako, Donostiako Amara auzoko Arcco merkataritza gunearen kanpoaldean egin genuen protesta, ELA eta CCOO sindikatuekin batera. Ipar Euskal Herrira ere eraman dugu "jai egunetan jai" aldarria; hain zuzen ere, igandean ere, Amikuze eskualdeko LAB Donapaleuko merkataritza guneen aurrean mobilizatu zen.

Jai egunetan irekitzea merkataritza gune handien onurako baino ez da. Merkataritza txikia kaltetu eta saltoki txikien itxieran eragiten du. Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko.

Honengatik, erosleei ere egiten diegu dei jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egitera behartuak gauden langileen prekarietatean eragin zuzena baitu honek.
 
 

 

 

Nafarroarentzat beharrezkoa den albistea

Nafarroako eta Espainiako Gobernuen arteko hitzarmen ekonomikoaren eguneraketaren harira, bi gobernuen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren eguneraketaren zertzelada guztiak jakin gabe, tekniko zein politikoak, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu beharrezkoa den albiste baten aurrean aurkitzen garela. Eguneraketarik gabe, Estatuari Nafarroak ematen dion dirua bidegabeko handitze batean kokatuak izatera derrigortzen gintuen eta.

Nafarroako Gobernuaren jarreran aldaketa bai, baina hitzarmen ekonomikoaren negoziaketaren inguruan lausodura ikusten dugu.

Nafartar guztion kalterako eta zinezko lapurreta suposatzen zuen Espainiako Gobernuaren negoziazio borondate ezaren aurrean, Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera aldaketa egoerari aurre eginez, positibotzat jotzen dugu. Hala ere eta lehen adierazi dugun bezala, negoziazio eta ondoren lortutako hitzarmenaren zehaztasun guztiak jakin gabe, tentuz ibiltzea eskatzen digu. Horrela izanda eta zuzen den bezala, Nafarroak Estatuari ordaintzen dizkion zerga zama gutxituko du eta 2015 eta 2016 urteetan ordaindutako gainerakoak berreskuratuko ditu. Diru kopuru osoa, 215 milioi hain zuzen, Nafarroako gizartean ditugun premiak betetzera bideratua izan beharko zirela uste dugu.

Hala ere, eta lehen adierazi dugun bezala, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioaren inguruko lausodura kritikatzen jarraitzen dugu. Zer negoziatu den ez dakigu, ordainketan zergatik eta zeintzuk izan diren kontzeptuak ezta. Beharrezkotzat jotzen dugun gardentasun faltari argi eta garbi kritika egiten diogu.

UPN-PP eta PSNren erregimenaren iruzurraren aurrean burujabetza eta justizia soziala aldarrikatzen dugu. Berriro ere, UPN-PP-PSN erregimenak langileriari iruzur soziala egin dietela agerian gelditu da. Elkarlanean aritu dira Estatuarekin, inongo lotsarik gabe eta urteetan zehar 250 milioi euro baino gehiago suposatu duen lapurretak Nafarroako langileriak murrizketa sozialak sufritzera kondenatu ditu. Horren haritik, UPN-PP-PSNk ezagutzen duten gozarre bakarra Espainiako Gobernuaren Mariano Rajoyri eta Felipe VI erregeari diote.

Ondorioz, Estatu Espainolak Nafarroako morroien laguntzarekin, larrutzearekin bukatzeko aukera bakarra burujabetza dugu. Ustela den Estatu Espainolak bere gain hartu duen bidegabeko kanpo zorra ez ordaintzeko dugun aukera bakarra burujabetza dugu. Frankismoaren oinordea den erregetzak suposatzen dituen gastuak ez ordaintzeko eta Guardia Zibila indar okupatzaileak kanporatzeko, burujabetza aukera bakarra bezala aurkezten zaigu. Gure ondareak guztiak gizarte politiketan eta zerbitzu publikoetan erabiltzeko eta justizia soziala lortze aldera, burujabetza bide bakarra bezala aurkezten zaigu.
 

 

 

Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren akordioa guztiz ez-nahikoa da

Madriletik inposatzen den miseriaren aurrean, Estatus politiko berriak behar dira, enplegu eta babes sozial gaietan eskuduntza guztiak izango dituztenak, besteren artean, gutxieneko soldata arautu eta ezartzeko aukera emango duen marko juridiko politiko berria. Horren alde lan egiten jarraituko dugu.

Madrilgo gobernuak eta CCOO–UGTk Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata eguneratzeko lortutako akordioak bi ondorio argi uzten ditu guretzat:

1.- Erabat motz geratzen den igoera da, guztiz ez-nahikoa. Azken urteetan desoreka sozialak izugarri handitzen ari dira, sortzen den aberastasunaren zati gero eta txikiagoa bideratzen da soldatetara, gero eta handiagoa kapitalaren errentetara. Igoera honek ez dio tendentzia horri amaierarik jarriko. Beraz, bazterkeria eta prekarietatea betikotzen lagunduko duen beste erabaki bat da.

Gainera, onartezina iruditzen zaigu Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igoera BPGren igoerari edota lanpostuen sorrerari lotua egotea. Igoera handiagoa behar da eta inolako baldintzarik gabe. Sortzen da horretarako nahikoa aberastasun. Kontua da ekonomiaren errekuperazioa prekarizazioaren kontura egiten ari dela; hau da, gutxi batzuen irabaziak bermatzen jarraitzen direla gehiengoaren bizkar gain.

2.- CCOO -UGTren noraeza eta saldukeria. Madrilgo gobernuak bi sindikatu hauen babesa jasotzea horrelako akordio baterako oso adierazgarria da. CCOO-UGTren eredu sindikalaren porrotaren beste adierazle bat da. Langileen interesak bigarren maila batean kokatzen dituzte hauek, aspaldi utzi zioten langileen alde borrokatzeari eta aspaldi beraien biziraupenerako borrokan dabiltza.

LABek ez du erreferentzia hori kontuan hartuko, eta, Europako Karta Sozialaren irizpideak erreferentzia moduan hartuta, 1200€ko soldata garbia aldarrikatzen eta defendatzen jarraituko dugu.
 

 

 

Arabako esku-hartze sozialaren hitzarmenaren defentsan irten gara kalera

Arabako Esku-hartze Sozialaren Hitzarmen Kolektiboa kolokan dago. Hitzarmen Kolektiboa aurre-akordioaren puntuekin sinatzeko eskatzen dugu sektorean ordezkaritza dugun 5 sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT), eta, helburu hori bultzatzeko, hiru greba-eguneko deialdia egin dugu abenduan. Hilaren 13 eta 20ko mobilizazioen ostean, gaur hirugarren greba egunari heldu diogu.

Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkartu gara gaur, eta protesta zaratasua egin dugu atari aurrean. Aurretik, manifestazio bat egin dugu Gasteizko kaleetan zehar, Provincia Plazatik abiatuta.