Proposamenaren xedea 2008-ko legea aldatzea da. Proposatutako aldaketek prestazioak eskuratzeko modua gogortzen dute kasu gehienetan, Hego Euskal Herriko bazterketa soziala eta pobrezia maila kezkagarriak diren testuinguruan. 2008 eta 2016 bitartean, %62 gehitu artatutako pertsona kopurua da.
Amiantoak hildako langileak gogoan izan ditugu Beasainen
Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren harira mobilizatu gara, CAFeko enpresa batzordeak deituta.
Egun markatua dugu apirilaren 28a CAFen, urteak daramatzagu ekintza desberdinak burutzen egun honen harira. Protestak, asanbladak … ekintza interesgarri eta beharrezkoak egin direla deritzogu.
Azken urteetan ordea egun honen benetako helburua betetzen ote genuen galdezka genbiltzan, hau da, egun honek salaketarako ere izan behar du, garrantzirik kendu gabe asanblada eta lan osasunean hobetzeari begira egin daitekeen guztiari baina ahaztu gabe ezin dugula gaur egun enpresaburu batzuen aldetik eta administrazioetatik lan osasunari ematen zaion garrantzi ezaren aurrean beste aldera begiratu. Lan gaixotasunen ondorioz eta lan istripuz hiltzen diren langileen kopuruak oso altua izaten darrai.

Eta noski CAFen ere ez gaude hortik salbu, urtea hasi zenetik 4 lankide hil zaizkigu amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz, eta beste horrenbesteri gaixotasuna atzeman diete. Munstroa bizirik dago, zerrenda beltza luzea da eta erantzuleak eta erantzukizunak ditu. Ezin dugu onartu zure bizitza lanerako eman ondoren, horrek berak heriotzara eramatera, eta gainera laneko gaixotasuna dela onartzeko, trabak besterik ez izatea; epaiketa luzeak, galera ekonomikoak, gaixoek eta bere inguruak bizitzen duten egoera zaia ahaztu gabe.
Nahikoa da! Administrazioari eta CAFeko Zuzendaritzari zuzenean eskatzen diogu, jar ditzatela bere esku dauzkaten neurri guztiak lankide hauei eta familiei laguntzeko, lehen egunetik laneko gaixotasun bezala onartuz eta beharrezko proba guztiak bere gain hartuz.
Hau guztia aldarrikatzeko eta salatzeko, mobilizatu gara gaur Beasainen.
Lan heriotzek sortutako odolustea irudikatu dugu kale eta iturrietan
Euskal Herriko hainbat txokotan mobilizatu gara, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan.

Apirilaren 28a da bihar, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna. Bada, egun horren bezperan, LAB kalera irten da lan istripuak eta lan gaixotasunak salatzeko. Hain zuzen ere, lan instripuek eragindako osasun galera eta heriotzak salatzearekin batera, arreta jarri dugu aurten lan gaixotasunetan, ikusezinak eta ahaztuak izaten jarraitzen baitute. Hala, Mobilizazioak egin ditugu hainbat lekutan: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Arrasaten, Urretxu, Hernani, Beasain, Vianan… iturriak gorriz tindatu ditugu zenbait lekutan, eta Lan Ikuskaritzaren eta patronalaren aurrean protestak egin ditugu.
Iruñean, esaterako, 12 minutuz blokeatu dugu Lan Ikuskaritzako sarrera, iaz Nafarroan hildako 12 langileak gogoratzeko. Vianako Printzearen iturria tindatu dugu ere Nafarroako hiriburuan. Donostian, berriz, Bilbo plazako iturria gorriztatu dugu, eta elkarretaratze bat egin dugu bertan. Arrasaten ere tindatu dugu iturri bat, Bilbon ere bai, Plaza Eliptikoan dagoena, Confebasken bulegoen eraikinaren sarreran protesta egiteaz gain. Elkarretaratze honetan buzo gorriz jantzitako 19 lagun bildu ditugu, iaz Bizkaian hildako 19 langileen lan heriotza salatzeko. Gasteizen, Lan Ikuskaritzan elkartu eta gero, Fremapeko bulegoa okupatu dugu.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazpenak egin ditu Donostiako mobilizazioan, buzo gorriz jantzitako 15 lagunen aurrean, iaz Gipuzkoan hildako langileen isla: "Laneko gaixotasunen inguruko errealitatea agerrarazi nahi izan dugu, hauek baitira, lanean gaudela jasaten ditugun osasunaren galeren aurrean, izkutuen geratzen direnak. Hor badaude datu batzuk oso esanguratsuak direnak, iturriak gorrituz irudikatu nahi izan ditugunak".

Datu horietako batzuk aipatu ditu LABeko idazkari nagusiak: "Lan istripuz hildako langile bakoitzeko 18 langile hiltzen dira laneko gaixotasunez. Honek esan nahiko luke iaz 1.000 langile hil zirela lanean izandako osasun galerengatik. Hala, iturrien gorriarekin irudikatu nahi izan dugu langile klasea isurtzen ari den odola".
18 bider gehiago
Esan bezala, lan gaixotasunei eman diegu garrantzia aurtengo Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren harira.
Hain justu, lan istripuek eragindako laneko heriotz bakoitzeko 18 langile hiltzen dira lan gaixotasunagatik, baina, berehalako ondorioak ez dituztenez, behar baino gutxiago deklaratzen dira eta jatorrian dauden arriskuei aurre egiteko beharra alde batera uzten da.

Gaixotasun profesionalak ezkutatzeak zer ikusi handia du bajei loturiko planteamendu ekonomikoekin. Gaixotasuna laneko gaixotasun gisa aitortu ala ez, mutuak ala osasun sistema publikoak, batak ala besteak, hartzen du bere gain. Mutuek kontingentzia profesional gisa ez aitortzeko irizpidearekin dihardurte, gaixotasuna artatzea eta hari dagokion prestazio ekonomikoa osasun sistema publikora bideratzeko.
.jpg)
Mutuak dira egoera larri honen erantzuleak, eta patronala, egoeraren onuraduna, gaixotasunen laneko jatorria ukatzea aitzakia bihurtzen baita prebentziorik ez egiteko.
Lanean jarraitu behar dugu lakra sozial honen aurkako borroka egin eta gaurko lan osasuneko ereduaren alternatibak garatzeko. Osasunaren babeserako sistema alternatiboa aldarrikatzen dugu, pertsonen bizitza eta osasuna erdian jarriko dituena.
Euskal Herriko kale eta iturrietan lan heriotzek sortutako odolustea irudikatu dugu #urretxu #hernani #beasain @labcaf #prekarietateaHiltzailea #izenaDuenaBada pic.twitter.com/UqkvuRFvdI
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) 27 de abril de 2018
[ALBISTEA] Amiantoak hildako langileak gogoan izan ditugu Beasaien
[ELKARRIZKETA] Lanak ez omen du gaixotzen
[IRAKURKETA] Izena duena bada
Osasunbideko B, C, D eta E mailetako langileek buruzagitza eta kooordinazioetara sarbidea izatea babesten dugu
Atzo, apirilak 26, Osasungintzako Mahai Sektorialaren bilera egin zen. Honetan, beste gai batzuen artean, B, C, D eta E mailetan dauden pertsonak buruzagitza eta koordinazio lanpostuetara sarbide izatea ahalbidetuko duen araudia onartu da.
LABek aurkeztutako testua babestu du, nagusiki arreta unitateko zuzendaritzara sarbidea ahalbidetzen diolako B, C, D eta E mailetan dagoen edozein langileri, koordinatzaile ez medikuaren figura arautzeagatik, eta gardena bihuartzen duelako aldi baterako barne-promoziorako prozedura. Honekin, jende askok sarbidea izan lezakeela koordinazio lanpostuetan eta hauek betetzen ari denak honezkero dagokion ordainsaria jaso ahal izango du, orain arte Nafarroako Ospitaleetako zuzendaritzak ordaintzeari uko egiten diona.
Aurkeztu zaigun Berkokatzeen inguruko Foru Dekretuari dagokionez, Osasunbidean arautzen dituen behinbetiko testua aurkeztu zaigu. LAB bi arrazoirengatik abstenitu da: ez zaio langile kontratatuei ezarriko (langileen %51 dira) eta ez du jasotzen Gizarte Segurantzaren Instituto Nazionalak Desgaitasun Orokor Iraunkorra aitortzen dieten langileak Osasunbide barruan berkokatzeko aukera jasotzen, hortaz, egoera honeta legokeenak bere lanpostua galduko luke. Gogora arazi nahi dugu sektore pribatuan berkokatzeko betebeharra dagoela.
Zuzendaritzak gauetarako borondatezko exentzio proposamen bat aurkeztu du 55 urteko gorakoentzat. Ona izan daitekeen proposamen bat da, baina, erredaktatuta zegoen moduan, anbiguo eta zehaztasunik gabekoa zen. Zuzendaritzak aitortu digu helburua gaiari buruzko eztabaida bat irekitzea dela eta ekarpenak egitera gonbidatu gaitu. Informazio eta datu gehiago eskatu ditugu lanketa hori egiteko.
Azkenik, estatalizaziorako Enplegu Publikorako Eskaintza aurkeztu digute, eta hau birjartzerako Enplegu Publikorako Eskaintzari gehituko litzateke. LABen ustez, oso eskaintza eskasa da; oso urruti geratzen da behin behineko kontratazioa %8ra murrizteko helburutik. Madrilgo Gobernuaren inposizioa eta esku hartzea kritikatu dugu, Europako alderdi iruzurgileenaren esku dagoen Gobernuarena, eta Nafarroaren autogobernu ahalmena baldintzatzen duela esan dugu, eta, ondorioz, Enplegu Publikorako Eskaintzen bitartez plantilla publikoak eta euren postuen estaldura kudeatzeko ahalmena. Era berean, Nafarroako Gobernuari egiten diogun kritikaren berri eman dugu. Iruditzen zaigu menpekotasun jarrera erakusten duela eta ez diola kontra egiten Madrilen esku hartze zentralizatzaileari.
Data zehatzei dagokienez, aurreikusita dago prozesuaren deialdia 2018ko ekainetik aurrera egitea eta frogak 2019. Urtean izatea.
Sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal honek kondenatu nahi dituen emakume guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu #gukSinistenDizuegu
Amorrua, nazka, tristura, beldurra, harridura, sinesgogortasuna, haserrea, gorrotoa… une hauetan ezin dugu besterik sentitu. Ez dugu justizia honetan sinesten. Ez dugu justizia hau nahi. Ez da bidezkoa. Patriarkala da.
Euren logika patriarkalaren menpe jarri nahi gaituzten instituzioetaz nazkatuta gaude, beti gure ekintzak epaitzen, gure keinuak aztertzen, baietz edo ezetz esan dugun erabakitzen, nahiko erresistentzia azaldu dugun edo EZETZ nahiko argi ahoskatu dugun ala ez zelatatzen!. Ea begiak itxi ditugun edo ez. Oihukatzen dugun edo isiltzen garen. Egiten dugun mugimendu bakoitzaren zuen logika misoginoaren interpretazioaz aspertuta gaude. Zuek boterean eroso, infantilizatzen, inbizibilizatzen, hitza kentzen digun justiziaren izenean, zerbait indarkeria den ala ez erabakitzen duzuen epaile gorenak bezala…

Indarkeria eta larderia da zuena, begien bistakoa dena aitortzen duzue gaitasunik gabeko sententziekin. Gertaera guztiari garrantzia kenduz, gure lekukotasunak ukatuz eta gure hitzak zalantzatan jartzen.
Gure bizitzak baliogabetzen dituzten indarkeririk gabe eta askatasunean bizi nahi dugula aldarrikatzera emakume guztiak kalera irteten bagara ere, berdin zaizue. Bortxatu egiten gaituzte, hil egiten gaituzte, erail egiten gaituzte, jo egiten gaituzte, iraindu egiten gaituzte,…eta hau gertatzen zen bitartean modu obsesibo eta zentzugabe batez, gu zer egiten ari ginen aztertzen duzue. Eta gu menperatuak mantentzeko, boterean mantentzen zarete, zuek elikatzen duzuen sistema kapitalista eta misogino honi begiratuz.
Baina ez duzue lortuko. Antolatuak gaude. Asko gara. Elkarrekin gaude. Indartsuak gara. Ez dugu zuen sisteman, zuen autoritatean ezta zuen justizian sinisten. Zuen bidegabeko gezurren aurrean, guk gure ahizpei, gure kideei, gure lagunei sinisten diegu.
LABetik sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal honek kondenatu nahi dituen emakume guztiei gure elkartasuna adierzi nahi diegu. Guk sinisten zaituztegu.
Gora borroka feminista! Justizia patriarkalik ez!
Bizkaiko bulego eta langeletako langileak berriro irten dira kalera
Atzokoaren ostean, bigarren greba eguna egin dute gaur. Mobilizazioak ez dira falta izan; Bilbon egindako manifestazioa, kasu.
Gaur, apirilaren 26an izan da Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileen lehen greba eguna. 23.000 langile zeuden grebara deituak eta jarraipena atzokoaren antzerakoa izan da, %75 ingurukoa.
Hitzarmenaren negoziazioaren mahaia ordezkaritza duten lau sindikatuek (ELA, COO, LAB eta UGT) deitzen zuten eta CGT, ESK eta CNTk ere babestu dute.
Gaur, atzoko antzean, mobilizazioak egin dituzte goizean sektoreko enpresa nagusietan. Ondoren, pikete mugikorra egin dute 10:00etatik aurrera Zabalburun hasita. 12:00etan manifestazioa egin dute Arriaga Plazatik Bilboko udaletxeraino. Eserialdia egin dute manifestazioaren amaieran.
Blokeatuta dago hitzarmenaren negoziazioa eta CEBEK patronalak lan- baldintzak okertu nahi ditu. Langileek ezetz esan diete murrizketei, gutxieneko bermea eta aintzinakotasunaren galerari, modu mugagabean soldata izozteari eta langileen prekarietatea zabaltzeari. Guztia, enpresak diru asko irabazten ari diren sektore batean.
Deitzaileek, erantzun zabala nabarmendu dute, erantzun duten langileak zorionduz. Espero dute azken bi egunotako greba eta mobilizazioek patronalaren jarrera aldatzea.
Okupazioari dagokionez, gizon eta emakumeen artean dagoen arrakalaz ohartarazi dugu
Emakumea lan mundura sartzearen prozesua lan-arrakala txikitzen ari da okupazioari dagoionez. Prozesu hau alde batetik, sistema produktiboaren beharrizanengatik egin da eta prekarietatea areagotzearen kontura. Honen erakusgarri dira aldibaterakotasun tasa handiagoak, behartutako partzialitatea, soldata-diskriminazioa, segregazio okupazional…
2017an %54,6koa zen gizonezkoen okupazio tasa, emakumezkoena baino ia 9 puntu altuagoa, %45,7koa baitzen hau. 2008tik, krisian egonda ere, murrizten jarraitu zuen gizon eta emakumeen arteko okupazio tasaren aldeak. Enplegu arrakala krisia zehar gizonezkoen lan egoera kaltetzearen kontura murrizten da. 2014an hasi zen enplegu berreskuratzen (kuantitatiboki, baina kalitate txarragokoak() baina galgatu egiten da arrakalaren murrizketa. Arriskua dago lan-arrakalaren hobekuntza gelditzea diskriminazio forma anitzak zuzentzen ez badira.
Azken hiru hilabetekoan langabeziak gora egin du. LABetik hiru gauza azpimarratu nahi ditugu:
Ez dago lan merkatuaren bilakaera positiborik gobernuek eta patronalak hori esan arren. Langabeziak gora egin du aurreko hiru hilabetekoari begiratuz gero. Urtez urteko datuak begiratzen baditugu, langabeziaren jeitsiera orokorra eten egin dela esan behar dugu.
Biztanleria Jardueraren Arabera azterketak eman dituen datuen sexuaren arabera aztertzen baditugu argazkia guztiz salagarria da. 1.800 langabetu gehiago daude bai, baina emakumeen langabeziak gora egin duen bitartean gizonen artean langabeziak behera egin du. Hots, 5.600 emakume gehiago daude langabezian, 3.900 gizon gutxiago daude bitartean. Datu hauek argi eta garbi adierazten dute segregazioak zenbateko indarra duen oraindik lan munduan:
1. Enplegua industrian eta eraikuntzan sortu da zerbitzuetan suntsitu den bitartean. Emakumeak sektore horietatik kanpo jarraitzen dugu, zerbitzu sektorearen gora beheretara lotuak jarraitzen dugun bitartean.
2. Gabonetako kanpainaren amaierak uzten dituen datuak direla esan dute askok baina egoera askoz ere
kezkagarriagoa da gabonetako kanpaina urtero bukatzen delako, ez horrela datu hauek.
3. Azpimarratu behar dugu ere suntsitu den enplegua behinbetikoa izan dela bereziki. Beraz ez gara momentuko gora beheraz ari, emakumeon enplegua suntsitu da bereziki azken hilabeteetan, gizon eta
emakumeen arteko arrakala handituz.
Bilakaera honek argi eta garbi uzten dute lan munduan ez dagoela aukera berdintasunean aurrera urratsik emateko benetako politikarik. Berdintasun planak porrota dira, ez dute gizonentzat gordetzen dituzten sektoreetan emakumean aukera berdintasunean sartzeko aukerarik sortu. Ez dute soldata arrakala murrizteko balio izan. Ez dira eraginkorrak izan emakumeon lan baldintzak hobetzeko.
Datu hauek ikusita derrigor salatu behar ditugu patronalaren buru den Larrañaga jaunaren hitzak. Lan merkatua ez da horrela emakumeok ez dugulako jakin ikasketak ongi aukeratzen. Oraindik orain, emakumeontzat lanbide eta sektore zehatzak gordetzen dira, lan baldintza askoz ere kaxkarragoetan, eskubide sozial eta laboraletara iristeko aukera txikiagokin. Horrela da gure prekarietateak egiten duelako sistema hau bideragarri, horrela empresariak etekin gehiago ditzan gure kontura. Horrela da instituzioek patronalaren hitzak eta jarrerak babesten eta zilegiztatzen dituelako.
Datu hauek ez dute momentuko egoera bat erakusten, egoera estrukturalaren adierazle dira. Emakume langileak langabezira, aitortua ez den lana egitera eta prekarietatean lan egitera kondenatzen gaituen sistemaren argazkia dira.
Martxoan 8an esan genuen indarra argazki hau goitik behera aldatzeko behar dugun indarra da. Indar guzti hori aktibatzea eta patronalaren politikak aldatzeko baliatzea da LABen erronka, mugimendu feministarekin konpartitzen dugun erronka hain zuzen ere.
Nafarroako suhiltzaileek Larrialdietako Garraio Sanitarioa eramateko habilitazioa galdegin dute
Suhiltzaileek elkarretaratzea egin dute Osasun Departamentuaren aurrean.
Gaur goizean suhiltzaileek elkarretaratzea egin dute Osasun Departamentuaren aurrean eskatzeko Larrialdietako Garraio Sanitarioan egiten duten lana egiten jarraitu ahal izateko eman diezaieten beharrrezko habilitazioa. Horren ezean, adierazi dute, kaos batean murgilduko ginateke.
LANGILE BATZORDEAREN ADIERAZPENA:
Nafarroako Babes Zibila eta Suhiltzaileok Nafarroako gizarteari dei egin nahi diogu Larrialdiko Osasun Garraioak duen arazoa dela eta. Hau da, suhiltzaileok anbulantziak gidatzeko behar dugun Habilitazioa ez aurreko gobernuak, ez eta oraingoak ez digutelako eskuratu bere erantzunkizunen utzikeriaz.
Nafarroako Suhiltzaileok gure sistemak dauzkan garraio sanitarioan baliabide publiko bakarrak kudeatzen ditugu eta gure kolektiboak hori defendatzeko sekulako ahaleginak egin ditu. Berriro aipatuko dugu: gure anbulantziak dira Garraio sanitarioko dauden baliabide publiko bakarrak. Edo berdina dena; gureak ez beste guztiak esku pribatuetan daude. Publikotasunaren defentsa neketsua izan da guretzako , izan ere, hainbat eraso egin zaizkigu pastel hau gustora banatuko zutenen aldetik. Defentsa horrek suposatu du derrigorrez egin behar ditugun lan egunez gain beste lan txanda batzuk egin izana, salatuak izan bitartean, gure promozio berriak gelditzeko ahaleginak medio, etabar. Halere, guk gurean segitzen dugu: kalitatezko anbulantzia publikoak suhiltzaileok gidatuta nahi ditugu.
Gure konpromezuak, baina, tamalez Administrazio Publikoarekin egiten du talka, nonbait. Osasunbideak,ezulergarri, harrigarriki, 2013an Agindu Foral bat kaleratu zuen legeztatzeko anbulantziako sektorean gaudenak baina, honen edukinagatik Nafarroako Suhiltzaileok inhabilitagarri bihurtzen gara. Sinestezina da Administrazioko arduradunek ez zutela erreparatu Nafarroan, arloan gabiltzan baliabide publiko garen bakarrak, hau da, 300 suhiltzaile baino gehiago, erregulazio honen kanpoan gelditu izana. Habilitazioa, edo iadanik egiten ditugun funtzioen errekonozimendua, ez dago legedi foralaren arabera suhiltzaileon esku enpresa pribatuetako langilegoa habilitatzen den bitartean.
Administrazioak guzti honen berri badauka urte asko dira. Aldiz, ez du ezer egin konpontzeko. Nafarroako Suhiltzaileen Zuzendaritza ezberdinek orain arte arazoa ez dute konpondu langile oro gure ekimen sanitarioa babesteko orduan.
Eta bereziki gaur Osasubideari zuzendu nahi diogu gure mezua aipaturiko 162/2013 Agindu Forala zuzendu dezan gure Habilitazioa ofizioz balia diezagun. Izan ere, behartuta daude langileon eskubideak eta hiritargoaren interesak bermatzera kalitatezko zerbitzu publiko sustengarriak interes pribatuen gainetik.
Gauzak honela, Osasunbideari zera exijitzen diogu: Konpondu dezala ahalik eta lehen arazo hau kontutan izanda gu habilitatzeko konpetentzia daukan organismo bakarra delako.
Era berean, Nafarroako lehendakaria den Uxue Barkos andereari bilera bat publikoki eskatzen diogu gure kezka helarazteko Larrialdiko Garraio Sanitarioaren inguruan.

