2026-02-14
Blog Page 824

Estatalizazioaren aurka protesta egin dugu Gorlizen

0

EAEko Kolektibitateen sektoreko langileak elkartu dira gaur Gorlizko ospitalearen aurrean, Sodexo enpresaren bezero delako ospitale hori. Hain zuzen ere, salatu dute enpresa horrek, Eurest eta Serunion enpresekin batera, sektoreko gainontzeko enpresetako langileen lan baldintzak baino okerragoak aplikatzen dizkietela langileei, lan bera egiteagatik.

Gorlizko ospitalearen aurrean egindako protestan, langileek nabarmendu dute ez dutela hitzarmen estatalik nahi, CCOO eta UGT sindikatuek Estatuko ostalaritzako patronalarekin sinatutako hitzarmenarekin soldataren %1,4 galdu dutelako, langileek eurek igorritako oharrak salatutakoaren arabera. 
 

 

 

Soldata arrakalaren arazoari seriotasunez heltzeko garaia da

0
M8ko greba erregistratu genuenean adierazi bezala, soldata arrakalarekin amaitzea lehentasunezko borroka bat da eta LABen agendan lehentasunezko tokia du.

Otsailaren 22an, Emakume eta Gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna izango dugu. Mugimendu Feministak urteetan eginiko borrokari esker, eta LABek egiten duen sindikalismo feministari esker, soldata arrakalaren arazoa bolo-bolo dabil azkenaldi honetan.

1999az geroztik, LABek soldata diskriminazioaren inguruko azterketa espezifikoa egiten du; lan munduan agendan gaia kokatzen genuen bakarrak ginen orduan. Gutxinaka gutxinaka, zorionez, gero eta eragile gehiago batu dira aldarrikapen horretara eta eztabaida asko indartu da. Gai hau lehen lerrora ekartzea lortu dugu.

Testuinguru honetan, Lan eta Justizia Sailak bilera batera deitu gaitu otsailaren 21erako. Orain arte ez da inolako lanketarik egon Sailaren aldetik gai honetan, eta bilera justu orain, nazioarteko egunaren bezperan, kokatu izana ez da kasualitatea, zer pentsa ematen du. Oportunismo handia ikusten dugu deialdi horren atzean, propaganda usaina du.

Bada ordua gaiari seriotasunez heltzeko. M8ko greba erregistratu genuenean adierazi bezala, soldata arrakalarekin amaitzea lehentasunezko borroka bat da eta LABen agendan lehentasunezko tokia du. Hala, borroka horretan aurrera egiteko otsailaren 19an ekimen berriak iragarriko ditugu, agerraldi baten bidez. Lan eta Justizia Sailaren deialdia tartean sartu bada ere, LABek bere aurreikuspenei eusten die.

Beraz, eta laburbilduz, otsailaren 19an, agerraldian izango duzue LABen ekimen berriak ezagutzeko aukera; bertan argituko dugu ere 21eko bilerarekiko zer jarrera hartuko dugun.

 

 

 

Berriro salatu dugu Gamesan emandako enplegu suntsiketa

0

Otsailaren 15 honetan, LABetik Gamesa Mirandako lankideei gure elkartasuna adieraziz Zamudion eguerdiko 14:00etan egindako elkarretaratzean egon gara. Hala, Miranda de Ebroko kideei elkartasuna adierazi eta Gamesan emandako enplegu suntsiketa salatu dugu berriro. Langileek borrokatzen duten edonon egongo da LAB, eta hori da Zamudioko elkarretaratzean parte hartu izanaren arrazoi nagusia.

Asteasuko elkarretaratzea.

Zamudion egoteaz gain, ordezkaritza dugun lantokietan elkarretaratzeak gauzatu ditu LABek, mezu argi eta zuzen batekin: ez Mirandan, ez inon, Gamesan ez dago inor soberan. Mungian eta Asteasun egin dugu protesta, esaterako.

Argazki eta adierazpen puntualez harago, sindikatu guztiek enplegua irmotasunez defendatzeko unea dela deritzogu, baita lan baldintza duinen aldeko jarrera izateko ere. Horretarako, Gamesa osorako industria plan serio bat exijitu behar dugu eta lanpostuen defentsa sendoa egin behar da. Mirandako lankideei laguntzeko erarik eraginkorrena Gamesako zuzendaritzari EEErik ez onartzea da, are gehiago gaur langileok ezagutzen ez dugun enpresaren plan estrategikoa publikoki aurkeztean ari denean.

Prentsaren bidez jakin izan dugunaren arabera, plan estrategikoa zera da: dirua aurreztu nahi dute 6.000 kaleratzeen kontura, akziodunek dibidendotan etekinen %25 poltsikoetara eramateko. Hori, etekinek %8-10eko hazkundea izango dutela aurreikusten dutenean. Hau da, gutxi batzuk diru gehiago poltsikora eramango dute 6.000 lanpostu suntsitzen dituzten bitartean, eta hori idatzi dute inongo lotsarik gabe. Plan estrategiko hori neoliberalismoaren aurpegirik basatiena da.

Lanpostuen suntsiketari aurre egiten jarraituko dugu, bai deitutako mobilizazioetan, baita aurrera begira deitu daitezkeenetan ere. Gamesan etorkizun duin baten aldeko borrokarako tresna izaten jarraituko dugu, eta, bide horretan, orain arte bezala, jarrera irmoa eta koherentea mantenduko dugu. Gamesan ez dago inor soberan, ez Miranda de Ebron, ez beste inon.

 

 

 

Prebentzio neurriekiko utzikeriaren ondorio da Santurtziko portuan gertatutako istripua

0
LABek argi du Euskal Herrian gertatzen ari diren lan istripuen atzean erantzuleak badaudela: eskrupulurik gabeko enpresariak, gero eta gehiago irabazi nahi baitute gero eta denbora gutxian. Erakundeei eskatzen diegu neurriak har ditzatela, enpresek lan osasun arloan dituzten betebeharrak bete ditzaten.

DEME-Tideway konpainiaren jabetza da “living stone” ontzia. Santurtziko portuko bigarren nasan dago amarratuta, eta eraikitzen ari dira egun. Bada, lan istripu bat gertatu da bertan, eta bost langile intoxikatuta bukatu dute gasa arnasteagatik. Honen aurrean, LABek honako hau adierazi nahi du atzoko istripuaren harira:

Baieztatu dezakegu enpresa eraikitzailea utzikeriarekin ari dela jokatzen prebentzio neurri oinarrizkoenei dagokienez, lan erritmoa azkartzen ari baita epeak betetzeko.

Aurrekariak badaude. Igandean, gas-oil isurketa baten ondorioz, ontziaren zati batek gainezka egin zuen, eta, ondorioz, astelehenean, soldadura eta sopleteekin egin beharreko bero lanak gelditu behar izan zituzten. Era berean, salatu nahi dugu altzairu herdoilgaitz gaineko lanak egin dituztela beste langileen aurrean, horrek osasunean dakarren arriskuarekin.

Horrenbestez, aurrekari hauekin, ezin dugu esan istripu hutsa izan dela bost langileren intoxikazioa.

Santurtziko portua gune ilun bat bilakatu da lan istripuei dagokienez. Bilboko Portuko Agintaritzari eskatu diogu jakinarazi gaitzala enpresa aktibitateen gaineko koordinazioari buruzko dokumentazioa. Izan ere, enpresa desberdinen arteko elkarlanerako koordinazio bat egon behar du, beharrezkoak diren neurriekin, Lan Arriskuen prebentzioari buruzko araudiari dagokionez.
 

 

 

Emakumeok pairatzen dugun errealitatea salatu dugu Sestaon

0

LABek bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako deitutako greba feministarekin, "Emakumeok* planto!" lemapean. Hala, egun horri itxaron beharrik gabe, sindikatuak ekimen bat egin du Ezkerraldean, martxoaren 8ari eta emakumeek pairatzen dituzten urraketei ikusgarritasuna emateko. Sestaoko Kasko plazan bildu gara, eta emakumeok prekarietatea eta indarkeria matxista pairatzen ditugula salatu dugu, besteak beste.

Bilbon egindako batzarra.

Sindikatua martxoaren 8a antolatzeko batzarrak egiten ari da egunotan, eskualdez eskualdez. Sestaon, aipatutako ekimena gauzatu aurretik, Ezkerraldeko emakumeok asanblada egin dugu; Bilbon ere gaur elkartu gara, greba feminista prestatzeko.
 

 

 

Inposaketen kontrako eta negoziazio prozesu bat bultzatzeko mobilizazio berriak egin ditugu Osakidetzako Larrialdiak zerbitzuan

Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko protestak Vitoria-Gasteizera heldu dira. “Emergentziak, negoziazioa orain!” lelopean, zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean elkarretaratu dira gaur.

Haien haserrea adierazteaz gain, langileek negoziazio prozesu bat irekitzea eskatu diote Osakidetzari. Langileek borrokatzen jarraitzen dute Osakidetzak lan-baldintzen akordioa bete dezan. Akordio horren azken urraketa lan- karteldegi defizitarioen inposaketa izan da eta, ondorioz, urteko lanaldiaren zati bat finkatu gabe gelditu da.

“Emergentziak zerbitzuko zuzendaritzak, aldebakarrez, bere irizpideak inposatu ditu hartutako hainbat neurritan, langileekin zein sindikatuekin negoziatu gabe”, salatu dute sindikatuek. Hori guztiagatik, Emergentziak zerbitzuko langileek zerbitzuren kudeaketarekin duten ezinegona salatzeko mobilizazioak abiaraztea erabaki dute. “Emergentziak zerbitzua ezinbestekoa da eta, horregatik, jarrera negoziatzaile batekin eta herritarren segurtasuna babesten duten profesionalen premiei erantzunez kudeatu behar dela uste dugu”.

Elkarretaratzeekin zuzendaritzaren jarrera aldatzea espero dute sindikatuek. Inposaketen aurrean, Langileen Batzordeak zerbitzuan dauden arazoei konponbidea emateko eta negoziatzeko prest dagoela gogorarazi du. “Gure oinarrizko lan-eskubideak negoziatzeko prest gaude. Zuzendaritzak bere jarrera mantendu eta gure aldarrikapenei entzungor eginez jarraitzen duen bitartean, mobilizazioekin jarraituko dugu”, azaldu dute sindikatuek.

Bilboko eta Vitoria-Gasteizko elkarretaratzen ostean, protestak Gipuzkoara hedatuko dira datorren otsailaren 26an.
 

 

 

Konponbide bat aurkitzeko prestutasuna azaldu dugu berriro, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren gatazkarekin amaitzeko

0

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan martxorako iragarritako bi greba egunak erregistratu ditugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hain zuzen ere, greba egun horiek martxoaren 14 eta 15erako deitu ditugu LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok, urtarrilean egindako agerraldian iragarritako mobilizazio egutegiaren baitan. Erregistroaren harira egindako agerraldian, LABeko ordezkari Aner Petralandak adierazi du orain arte egindako bost greba eta mobilizazioekin egoera aldaraztea lortu dugula, Administrazioak bere jarrera aldatu duelako, nahiz eta eduki gutxi batzuk mahai gaineratu dituen, nahikoa ez direnak. Hala, LAB bukaerarainoko negoziaketetan sakontzeko eta konponbidea lortzeko prest dagoela esan du, beti ere EAJk eta Eusko Jaurlaritzak dagokien erabaki politikoa hartuz gero.

Sindikatuok mobilizazioak abiatu genituenean, administrazioak ez zuela negoziatzeko borondaterik ekarri du gogora Aner Petralandak, baita administrazioak murrizketa gehiago egingo zituela aurreikusia zuela ere. "Bost greba eta mobilizazio ugariren ostean, egoera aldarazi dugu. Administrazioak bere jarrera aldatu du eta eduki gutxi batzuk mahai-gaineratu dituzte; nahikoa ez direnak, hala ere. Horregatik, gaur berriro kalera ateratzeko deia egin nahi dugu", azaldu du LABeko ordezkariak, martxoko bi greba deialdien zergatia azalduz.

"EAJ eta Eusko Jaurlaritzari dei egin nahi diegu gatazka honi irtenbidea emango dion erabaki politikoa har dezan. Behin hori hartuta, LAB prest dago bukaerarainoko negoziaketetan sakontzeko, baina ezinbestekoa da erabaki hori hartzea. Borondate onarekin ez da dena konpontzen", erantsi du Aner Petralandak.

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan ordezkaritza handiena duen sindikatua da LAB.
 

 

 

EAEko udal eta foru administrazioan deitutako lanuzteak erregistratu ditugu

LAB eta ELAko EAEko udal eta foru administrazioko ordezkariek otsailaren 28rako iragarritako lanuzteak erregistratu dituzte gaur, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Sindikatuotako kideek adierazpenak egin dituzte Jaurlaritzaren atarian, eta 30.000 langileei egin diete dei lanuzte eta mobilizazioetan parte hartzeko, joan den urtarrila bukaeran egindako agerraldian egin bezala. Ondoren, Arriagara abiatu dira, eta elkarretaratze bat egin dute bertan.

  
Lanuzteen erregistroa egin eta gero, Arriagan elkarretaratze bat egin dugu, EAEko udal eta foru administrazioko langileen aldarrikapenak jakinarazteko.

 

 

Itxieraren kontra eta enpleguaren alde mobilizatu dira Edesako langileak

0

Basauriko Edesako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur, lantegiaren aurrean; arrazoia, termoen plantako makinariaren balizko erosle batzuen bisita aste honetan bertan. Balizko erosle hauen helburua produkzioa Basauritik ateratzea litzateke. Langileek ulertzen dute jarduerarekin jarraitzeko ahaleginak egin behar direla, eta Catak ezin badu egin, beste batzuei erraztu beharko litzaiekeela hori egitea. Enpresak, administratzaile konkurtsalak, instituzioek eta Fagor S. Coop-ek inplikatu beharko lukete honetan. Langileak prest daude norantza horretan egon daitezkeen konponbideetara iristeko, baina ez dute aurkako norantzan doan ezer onartuko; hau da, desmantelatu, likidezia lortu eta langileen kaleratzea gauzatu.