2026-02-14
Blog Page 822

Confebaskek eta EAJk ez dute proposamen bat bera ere egin soldata arrakalaren arazoari aurre egiteko

0

LABek elkarretaratze bat egin du gaur, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Bilbon, “Gure lanak balioa du, 7680 euro gutxiago. Emakumeok planto!” leloarekin. Hain zuzen ere, mobilizazio hau Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan Departamentuak emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari buruz hitz egiteko deitutako bilera egin bitartean gauzatu dugu. Bileran, LABeko bi kide izan dira, Batzorde Exekutiboko Arantxa Vazquez tartean, eta Gasteizko Legebiltzarrak egindako legez besteko proposamenaren inguruko irakurketa eta soldata arrakalari aurre egiteko neurriak proposatu ditugu. Confebaskek eta EAJk, berriz, ez dute ezer proposatu. Are eta gehiago, patronalak esan du soldata arrakalaren arazoa ez dela bere erantzukizuna, eta ez duela diskriminaziorik ikusten; EAJk, bere aldetik, patronala ez duela interpelatuko adierazi du. Martxoaren 12rako deitu dute hurrengo bilera, eta LABek egunotan baloratuko du bertara joan ala ez.

"Iragan otsailaren 1ean genero desparekotasuna eta lan merkatuaren inguruko Legez Besteko Proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak alderdi politiko guztien aldeko botoarekin. Besteak beste, honako proposamena onartu zen: Eusko Jaurlaritzak dagokion foroetan eztabaida sakona sustatzea eragile sozialekin batera emakumeen eta gizonen artean dagoen soldata jauzia gainditzeko neurriak hartze aldera, eta neurriok berdintasun-planetara hedatzea, batik bat enpresa ertain eta txikien planetara. Neurri horiak ekintza-planaren partea izango dira."
 
Hauxe da Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan egindako bileraren gonbidapenak dioena. Bada, LAB sindikatuak 1999 urtetik darama emakume eta gizonen arteko soldata arrakala salatzen. Ez gara lehenengoak izan. Mugimendu feministak orokorrean, baita lan munduan ere, mendeak daramatza diskriminazioak salatzen, soldata arrakala ageriena izanik.

Beraz, hau ez da ezer berria, eztabaida soziala aspaldi zegoen piztuta, baina boteretik ez da entzun izan nahi. Eta eztabaida ez da soldata arrakala bere horretan eta modu isolatuan aztertua. Arazoa arrakala sortzen duen sistema da.

Aurten Martxoaren 8ko greba feministaren iragarpenarekin eta Islandiak arrakalaren kontrako legea onartuz eztabaida asko indartu da eta gaia agenda politiko eta mediatikoan kokatu da.

Horregatik, gaur egin den bilera deialdia guztiz oportunista ikusten dugu.

Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Legez Besteko proposamena guztiz eznahikoa ikusten dugu:

• Ez du lan munduan eta soldaten alorrean eragin dezaken neurririk aurreikusten. Izatez, ez dago interpelaziorik egoeraren ardura zuzena duen patronalari begira
• Jaurlaritzak bete beharko lituzkeen konpromisoak jasotzen ditu.
◦ Emakumeak animatzea soldata arrakala salatzera. Hau da, instituzio publikoak ez du zuzenean esku hartuko, emakume langilearen bizkarrean jartzen du urratsa emate. Eta noski, ez du jartzen salaketak izango duen bideaz.
◦ Zaila da soldata arrakala salatzea enpresa bakoitzean ematen den benetako egoera bere osotasunean ezagutzen ez bada. Egoeraren informazioa enpresak daukatu, ez plantillako emakumeek.
◦ 6 hilabetetan ekintza plana aurkeztuko duela dioa akordioak. Eragile sozialekin batera arrakalaren inguruko eztabaida sakona sustatzeko konpromisoa bereganatuz.

Politika publikoek porrot egin dute diskriminazio egoerekin amaitu eta berdintasunaren aldeko urratsak ez dira eman eta Lan eta Justizia Sailak ez du inolako iniziatibarik hartu egoera hauek bideratzeko. Beraz orain eztabaida soziala pil pilean dagoenean Legez besteko proposamen hau Lan eta Justizia Sailarentzat gaurko bilera erabat oportunista deitzeko aitzakia ederra bilakatu da.

Ez da kasualitatea otsailaren 21ean, soldata arrakalaren aurreko egunean eta greba feminista baten testuinguruan, horrelako bilera bat deitzea.

LABeko ordezkariek soldata arrakalaren egunaren testuinguruan ordezkaritza duen enpresa guztietan soldata arrakala aztertzeko eskaerak erregistratuko ditugu. Estatistikek bistakoa egin dute arrakala dagoela eta handia dela, gure helburua atzean dauden arrazoietara jotzea da. Arrakalaren arrazoiak zeintzuk diren aztertzea, azalaratzea eta borrokatzea izango da helburua. Hauek dira eskatu ditugun datuak:

• Nola dagoen banatua langile multzoa sexuen arabera enpresaren antolakuntzan.
• Zenbat den gizonen soldataren batazbestekoa eta zein emakumeena.
• Kontratu partzialak, emakume eta gizonen bataz bestekoa.
• Behin behineko kontratuak, emakume eta gizonen bataz bestekoa.
• Adin txikikoak eta menpekotasunak dituzten pertsonak zaintzeko baimenak eta lanaldi murriztuen eskaerak: gizon eta emakumeen batazbestekoa.
• Zeintzuk dira kontziliatzeko eta ardurak partekatzeko neurriak enpresan.
• Zuzendaritza karguetan dauden gizon eta emakumeen batazbestekoa.
• Lanbide talde bakoitzean dauden gizon eta emakumeen batazbestekoa.
• Kontratatzeko eta promozionatzeko sistemak.
• Azpikontratuak diren enpresekin dagoen soldata arrakala kategoria berdinen arteko soldata arrakala enpresa azpikontratatuak daudenean.

Testuinguru honetan eta arrakalaren kontra benetako neurriak hartzeko bidean, LAB sindikatutik eskakizun hauek egiten ditugu:

• Confebaskeri enpresetan soldata arrakalaren ikerketa bermatu dezala. Azterketaren ondorioz arrakala gainditzeko egiten diren neurriak sustatzeko konpromisoa bereganatu dezala.
• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• Kontziliaziorako eta korresponsabilitaterako* benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak
• Zaintzarako sistema publikoa
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko bermatuko diren neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak
• Haur eskolak doakoak izan daitezela
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.
*korrespontsabilitatea: ez ulertuta soilik gizonen eta emakumeen artean, baizik eta familia, komunitatea eta zerbitzu publikoen artean.

Bukatzeko, eta Martxoaren 8aren bezperetan gaudela kontutan hartuz, Confebeskeri eta Jaurlaritzari eskatzen diogu ziurtatu dezatela EAEko lan zentroetan emakumeon greba eskubidea errespetatuko dela.

 

 

Greba mugagabe bati ekin diote ST3 elkarteko langileek

Joan den otsailaren 15ean, EDE taldeak ST3 elkartearekin lehenbailehen eta ahalik eta erarik traumatiko eta definitiboan amaitzeko asmoen aurrean, ST3ko langileek eurek asanblada bat egin zuten. Greba mugagabea egitea erabaki zuten bertan, gaurtik abiatuta. Hala, elkarretaratze bat egin dute elkartearen egoitzaren aurrean, bizi duten egoera jasanezina salatzeko: zenbait hilabete daramatzate kobratu gabe eta lanean jarraitu dute euren lanpostuekin zer gertatuko zen jakin gabe. EDE Taldeko arduradunek ST3 likidatzea eta bertako langileen kontratuak amaitzea eskatu dutela joan den otsailaren 12an jakin zuten langileek.

Gertaerek hartu duten abiadurarekin, informazio faltaren eta EDE taldeko arduradunek ST3 itxi eta kontratatutako langileak etxera bidaltzeko duten asmoen aurrean, ST3ko langileek ikusi dute greba dela geratzen zaien aukera bakarra. Honekin ikusarazi nahi dutena da euren lanak zein garrantzitsuak diren EDE taldea osatzen duten beste entitateetako langileentzat.

LAB, ESK, CNT eta ELAko atal sindikaletatik gure babes osoa ematen diegu ST3ko langileei, bat egiten dugu greba deialdiarekin eta langileekin egongo gara antolatzen dituzten mobilizazio guztietan.
 

 

 

Pasaiako Porturako hiru plaza berriren aukeraketa prozesua bertan behera utzi dute

0
Ricardo Peñaren kudeaketa negargarriaren ostean, PNVk izendatutako kudeatzaile berriak, portuko zein langileon egoera penagarriari entzungor eginda, aurrekoaren nagusikeria berdinarekin egin du harrera. Hain justu, portuak behar duenaren kontrako jarrera erakusten du. LABek behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela portuko eragile ezberdinen arteko elkarrizketa, lan baldintza duinak errespeturik eta noski, ordezkaritza sindikalarekin harremanak eginik.

Pasaiako Portuko LABeko Sail Sindikalak, Estatuko Portuak, 2017an Pasaiako Porturako onartutako eskaintza publikoa (Erosketa eta Portu Zerbitzuetan 3 lan postu finko) bertan behera utzi izana salatu nahi du.

2017ko abenduan tribunala eratu zen eta dagoeneko publiko egin da deialdia. Batetik, otsailaren 9an PPAko webgunean eta bestetik, otsailaren 11ean 3 prentsa ezberdinetan. Gainera, dagoeneko dozenaka pertsona apuntatu dira.

2018ko Otsailaren 20ean, PPAko lehendakari berriak, Felix Garciandiak, langile eta portuko eragileen aurrean oraindik aurkeztu ez denak, bere lehen ebazpena sinatu du: ezarritako baldintza oro betetzen dituen 3 lan postuen eskaintza deuseztatzea.
 

 

 

Donostiako autobus geltokiko BM supermerkatuaren aurrean egingo dugu protesta igandean

Donostiako autobus geltokiko BM berria jai egunetan irekitzen ari da. Supermerkatuko arduradunek hala iragarri zuten inaugurazioa aurretik eta hala egiten ari dira ateak zabaldu zituenetik. Horregatik, berriro mobilizatzea erabaki dugu, urtarrilean egin bezala. Hala, igande honetan, otsailak 25, elkarretaratze bat egingo dugu supermerkatuaren aurrean, 11:30ean, "Jai egunetan, denok jai" leloarekin.
 

 

 

Mobilizaziora deitu dugu Fundiciones Garbin izandako beste lan-istripu baten aurrean

0
Atzo gauean Abadiñoko Fundiciones Garbin izandako lan istripu larri baten berri izan dugu. Azpikontrata batentzat lanean ari zen langile batek besoa galdu du. LABek babestu egiten du datorren ostegunerako, otsailaren 22an, Garbiko enpresa-batzordeak deitu dituen lanuzteak. 04:00etatik 06:00etara eta 12:00etatik 14:00etara izango dira. 12:00etatik aurrera, bi orduko kontzentrazioa egingo dute leku horretan bertan.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, gure babes osoa erakutsi nahi diogu larri zauritutako langileari, eta gertatutakoa guztiz baztertzen dugula eta horren aurrean gure amorru guztia adierazi.

Azken urtean bi sute izan ditugu enpresa honetan, eta duela bi hilabete, beste lan istripu batek besoa moztu zion langile bati. Horregatik segurtasun eta osasun arloan Fundiciones Garbin lanean ari diren 150 langileen lan-baldintzak salatzen ditugu eta konponbide bat eskatzen dugu berriz horrelakorik gertatu ez dadin. Gaurko istripuaren arrazoiak ikertzea ere eskatzen dugu.

Ordezkaritza sindikalak salatu du enpresan ez direla segurtasun neurriak betetzen, Lan Ikuskaritzan zein Gizarte Segurantzan, baina enpresak ez du ezer egin. Salaketa hau egin genuenetik bi langile egon dira lanean istripu larriak izan dituztenak, hortaz, enpresa erruduna da beharrezko neurriak ez hartzeagatik.

Fundiciones Garbik, historikoki nahiago izan du irabaziak gehitzea langileen laneko segurtasunean inbertitzea baino. Prekarietatea egunerokoa da lanean eta honen ondorioz, gaur izandakoa bezalako istripu larriak daude. Ez da posible lanera joatea bizitza jokoan jartzearen sinonimo izatea.

Eusko Jaurlaritzan egiteko garrantzitsua du Eusko Jaurlaritzak. Bere zeregina, besteak beste, lan-segurtasuneko neurriak betetzen direla ziurtatzea izan beharko luke. Errealitatean, bestela gertatzen da. Imanol Pradalesek, Aldundiko Ekonomia eta Lurralde-Garapeneko arduradunak, duela 5 hilabete lantegia bisitatu ondoren, titular polita utzi zigun, “gizakientzako arriskua zero da”. Zertara etorri zen benetan, argazkia ateratzeaz gain? Ordua da Jaurlaritzak langileon segurtasun eta osasunaren inguruko erantzukizuna har dezan.
 

 

 

Garbialdiko langileek Bizkaiko aldundiaren aurrean erakutsi dute berriro euren ezinegona

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, aldundiaren aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute berriro. LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deitu dugu mobilizazioa, eta abenduaz geroztik antolatutako protestekin dator bat.
 

 

 

CENen aitzinean salatu dugu Nafarroako soldata arrakala altua

Heldu den otsailaren 22an “Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna” izanen da, Bilbon atzo iragarri genuen bezala. Jakin badakigu aipaturiko berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala eta hori dela-eta, gaur LAB sindikatuko emakume afiliatu nahiz delegatuak CEN-en egoitzaren parean elkartu gara Nafarroako lan eremuan ematen diren diskriminazio nahiz soldata arrakalak patronalak nahiz administrazio publikoak azter dezaten eskatzeko; Nafarroako soldata arrakala baita Estatuko altuena eta Europako batezbestekotik goiti dago.

Iruñerria-Pirinioak eskualdeko LABeko arduradun Rosa Iriartek azpimarratu duen bezala, gizonek eta emakumeek ez dituzte oraindik eskubide berdinak. “Ez ditugu aukera berdinak eskubideetara iristeko legeek (Estatukoak zein nazioartekoak) eta adierazpen instituzionalek horrela esan arren. Eskubide berdintasuna oraindik ez da lortu eta hori ez da bidezkoa”.

Iriartek esplikatu du nola emakumeak modu progresiboan lan-merkatura sartzeak ez duen ekarri bere lan-baldintzen parekatzea; eta generoagatiko soldata arrakala kroniko bihurtu izanak agerian uzten duela berdintasun politika publikoen porrota. “Gizon eta emakumeen artean dagoen soldata ezberdintasuna emakumeok lan munduan pairatzen dugun diskriminazioaren adierazpiderik argiena da, baina ez bakarra”.

Hego Euskal Herriko emakumezko langile batek gizon batek baino 7.680 euro gutxiago irabazten du batez beste, INEk argitaratutako azken Soldata-Egituraren Inkestaren arabera (2015eko datuak). Nafarroaren kasuan, emakumeek batez beste 8.164,29 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz.

Eurostat-en arabera, %13,9koa da soldata arrakala Hego Euskal Herrian, Europar Batasuneko batezbestekoa %16,3koa den bitartean. Azpimarratzekoa da, Nafarroan handiagoa dela soldata-arrakala, %18koa hain zuzen ere. Izan ere, estatu mailan gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarik handiena Nafarroako da.

Ondorioz, Hego Euskal Herrian emakumezkoen batezbesteko soldatak %33,6 egin beharko luke gora gizonenekin parekatzeko.

Goizean, elkarretaratzearen aurretik, emakumeok batzarra egin dugu martxoaren 8ko mobilizazioak antolatzeko.

Soldata-arrakalaren atzean dauden faktoreen artean batzuk zuzenak dira (soldata ezberdina lan berdinagatik, legez “debekatua” baina ordainketa modu ezberdinen praktika enpresarialen bidez estalitakoa). Beste batzuk ordea, faktore ez-zuzenak dira (lanbideen segregazioa, sektore feminizatuetako enpleguari balio gutxiago ematea, kontratazio partzialak emakume aurpegia du, zaintza lanen ardura ez partekatzea…).

Jakina da eta frogatu egin daiteke emakumeek lanbide bateko gehiengoa osatzen dutenean soldatak apalagoak direla eta kontrakoa gertatzen dela gizonezkoen kasuan, orokorrean, emakumeek egindako lanak gutxietsiak baitaude. Adibidez, egun Hego Euskal Herrian enplegu partzialeko lanpostuen hiru laurdenak emakumeek betetzen dituzte eta lanaldi partzialeko enpleguak, modu logikoan, berarekin dakar soldata baxuagoa.

Horrengatik guztiarengatik, LAB sindikatuak eskatzen du botere publikoek berdintasuna sustatzearen betebeharra betetzea, eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteari zehazki eskatzen dio koka dezan betebehar hori bere politiken eta agendaren erdigunean. “Uste dugu garaia dela egoera honen aurrean benetako konpromisoak hartzeko”, gaineratu du Iriartek. “Baina, noski, horretarako behar-beharrezkoa da egoera zein den ongi ezagutzea. Neurri eraginkorrak hartu ahal izateko errealitatea ezagutu behar dugu”.

Zentzu horretan, gaur, LABeko zenbait emakume ordezkarik eskaera formala erregistratu dute CENi eskatuz berak egin dezan Nafarroako soldata arrakalaren inguruko azterketa. Halaber, datozen egunotan ordezkaritza sindikala dugun hamaika enpresatan soldata arrakalaren azterketa egin dezaten eskatuko dugu. Eta datu horiekin guztiekin, zuzendu beharreko egoeren aurrean neurriak proposatuko ditugu tokian toki.

Azkenik, Iriartek azpimarratu nahi izan du diskriminazio ororen aurrean emakumeak ahaldundu eta borroka indartu behar dutela. “Heldu den martxoaren 8ko greba feministan eta mugimendu feministaren deialdiekin bat eginez parte hartzeko deia egiten dugu. Emakume langileon lan eta bizi-baldintza duinak aldarrikatzeko kalera joateko ordua baita. Gure arteko ezberdintasunak errespetatuz, sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka borrokatzeko”.

 

 

 

Elkartasuna eta babesa eskaini ditugu “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuteneko 15. urtemugan

0

"Itxia bai, baina ez isildua". Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean entzun den esaldia da hori, "Euskaldunon Egunkaria" itxi zuteneko 15. urtemugaren harira esandakoa. LAB sindikatuaren ordezkaritza bat Andoainen izan da urtemuga ekitaldian, Garbiñe Aranburu buru. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak elkartasuna adierazi die euskarazko egunkari nazionalaren proiektuari segida eman diotenei zein duela 15 urte itxiera pairatu zutenei. Era berean, babesa luzatu dio Berrialagunak lortzeko "Geroa zugan" kanpainari, LAB sindikatuak berak duela egun gutxi egin bezala.

 

 

 

Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegile bat bultzatuko du Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eskubide sozialen aldeko ekimen bat aurkezteko; pobrezia eta bazterketa sozialaren aurka eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko baten alde Hain zuzen ere, datozen egunetan, Herri Ekimen Legegile bat jarriko du martxan Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, eskubide sozialak bermatze-aldera. Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarreetan erregistratuko dute. LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak hartu du hitza agerraldian, eta burujabetza eta erabakitzeko eskubidea ezinbestekoak direla berretsi du, egungo sistema eraldtzeko bidean.

Hauxe da Herri Ekimen Legegilearen nondik norakoak azaltzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak igorri duen oharra:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan hainbat eragile daude bilduta: euskal gehiengo sindikala, mugimendu sozial esanguratsuenak eta ekonomia soziala eta elkartasuna ardatz dituzten erakundeak (REAS eta Olatukoop, kasu). Bada, datozen hilabeteetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kanpaina bati ekingo dio Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, Legegintzako Herri Ekimenen (LHE) bitartez. Hain zuzen ere, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitu eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko bat aldarrikatzea izango da LHE hauen helburua.

Zer da LHE bat?

Jendarte zibiletik bultzatutako lege proposamenak dira. Erakundeek eskaintzen dituzten tresnak dira, partaidetza soziala sustatzeko xedearekin. 10.000 sinadura behar dira, Eusko Legebiltzarrean LHE bat eztabaidatua izan dadin. Nafarroan, berriz, hautes errolda autonomikoaren %1 behar da (5.000 sinadura inguru). Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kopuru hauek soberan gainditzea espero du.

Legebiltzarren mahaien izapidea beteta, sinadurak biltzen eta ekimenaren azalpenak ematen hasiko ginateke; apirila eta ekaina bitartean, gure aurreikuspenen arabera.

Tresna honek mugak ditu, baina, hala ere, uste dugu erabilgarria izan daitekeela eztabaida politikoaren erdigunean diru sarrerak bermatzeko sistema hobetzeko neurri zehatzak eta etxebizitzarako eskubidea kokatzeko.

Zer diogu LHE hauetan?

Bermatutako gutxieneko diru sarreren politiken errealitatea hobetu eta etxebizitza duin baterako eskubidea bermatu nahi dugu, ekimen honetan jasotako neurri zehatzen bitartez.

Bermatutako diru sarrerei dagokienez (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bermatutako Errenta, Nafarroako kasuan), Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia gisa hartzea planteatzen dugu berriro. Honela, bakarrik bizi diren pertsonei Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren pareko %100 bermatuko litzaieke diru sarrera moduan. Gainera, eskalaren hobekuntza nabarmen bat planteatzen dugu, bi pertsonek osatutako elkarbizitza unitateek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %150 bermatuta izateko, eta diru sarrera horiek %200 izan daitezen hiru edo pertsona gehiagok osatutako elkarbizitza unitateentzat. Modu honetan, azken urteetan izandako murrizketei egin nahi diegu aurre, Euskal Autonomia Erkidegoan emandakoak bereziki. Hala ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren desindexazioak ere izan du eragina Nafarroan, murrizketa orokorrak eraginez.

Etxebizitza arloari dagokionez, LHE hauen bitartez, asmoa da herritarrei erakundeen bitartez alokairu sozial bat jasotzeko eskubidea dutela modu eraginkorrean aitortzea, eta eskubide hori ezin dela inoiz eta inongo kasutan laguntza ekonomiko baten bitartez ordezkatua izan.

Pobrezia errealitate bat da, gero eta nabarmenagoa, eta gero eta kolektibo gehiagori eragiten diena. Egoera horren arrazoietako bi etxebizitza duin bat izateko ezintasuna eta gutxieneko diru sarreren falta dira. Euskal Herriko erakundeek eskumenak badituzte herritarrak babesteko politikak gauzatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eskaera bat egiten die gorbernu buruei: gehiengoaren bizitza kalitatea hobetzeko zerbitzura jar dizatela erakundeak. Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako.